Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra

Wikitekatik

EUSKAL ESTATUAREN ESTATUTU OROKORRA

1931KO EKAINAREN 14AN EUSKAL UDALEK LIZARRAN EGINDAKO BILTZAR NAGUSIAN ONARTUA

AZALPENA[aldatu]

Usadioz eta historiatik datorkio askatasuna gure Herriari. Herria osatu duten estatuek zaindu egin dute Herriaren berezko askatasuna, igaro garaietan ezarri nahi izan dizkioten uztarri guztiak gainetik kenduz, garaile. Eta arrazaren aiurriaren kemenari jarraituz, komeni zitzaien araubidea eman zieten beren buruei, usadiozko beren erakunde legegileetan adierazitako nahia kontuan hartuta, ez beste inolako iradokizunik.

Gure historia, XIX. mendera arte, herri aske baten historia da, gehien maite duenak beste bere askatasuna maite duen herriarena, foruetan, usadioetan eta ohituretan jasota dagoen bere bizitzaren zaindari arduratsuarena.

Espainiako Gorteek onartu eta 1839ko urriaren 25ean, 1841eko abuztuaren 16an eta 1876ko uztailaren 21ean aldarrikatutako legeak Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeetara Espainiako konstituzio-batasuna zabaltzera bideratu ziren. Baina, lege bereziak izateak, 1841eko legearen prestaketak eta bere xedapenek, eta 1876koan gobernuentzat gorde ziren ahalmen bereziek, denek ere Euskal Herriaren nortasun berezia sendetsi baino ez dute egiten. Guztiarekin ere, Euskal Herriak inoiz ere ez zion onespenik eman lege horiekin sortu nahi izan zuten zuzenbide-araubideari.

XIX. mendean zehar eta oraingo mende honen egundainokoan, behin eta berriz errepikatzeaz gain orokorra izan da Euskal Herriko foru-erakundeek eta erakunde publikoek, antolakunde politikoek eta Herriko iritzi orokorrak Espainiako Monarkiaren konstituzio-batasuna zabaltzearen kontra egindako protesta.

Horregatik, bada, beti bezala, Euskal Herrian mugimendu unibertsal bat dago lege haiek indargabetzea eskatzen duena, haien aurretiko egoerara bihurtzeko, hori baita gure Herriak foruak berreskuratzea esaten duenean ulertzen duena.

Eskubide historikoen errebindikazio honi bizirik eutsiz, eta Espainiako Errepublika bere Konstituzioa prestatzen ari den garaian hura sendotzen zailtasunik ez jartzeko borondatea adieraziz, Euskal Herriak Errepublikako Konstituzioko Lege berean sendetsi nahi izan du Euskal Herriaren nortasuna, “bakoitzaren autonomiaren errespetua oinarri dela” euskal batasuna egituratu eta “Euskal Herriaren oparotasuna, askatasuna, eta bertako biztanleen ongizate materiala eta espirituala bermatzeko”.

Espainian Diktadura erori zenean, Euskal Herria, Estatuko gainerako herrien antzera, Herriaren borondatetik aginpidea jasota zuen erakunderik gabe aurkitu zen. Azken aldietan Monarkiak eraikitako gobernuek ez zioten botoa emateko aukerarik utzi herriari 1931ko apirilaren 12ra arte; egun horretan egin ziren, hain zuzen, Estatuko lurralde osoan udal korporazioetarako kideak izendatzeko hauteskundeak.

Hauteskunde horiek Estatuaren araubidea aldatzea ekarri zuten, Errepublika ezarri zutelako. Eta Euskal Herriak herriaren borondateak aukeratutako bidezko ordezkariak eraman zituen udal korporazioetara eta tokian tokiko batzarretara.

Euskal Herriak zuzeneko bototik sortutako beste ordezkaritzarik ez zuenez, euskal udalek bere gain hartu zuten Herriaren eskubideen eta nahikarien bozemaile izateko erantzukizun larria, Espainian Errepublika bakez eta ordenaz ezartzeko eragozpen izan gabe.

Gure herriaren eskubide eta nahikari horiek euskal udalen biltzar nagusi bat egiteko proiektu batean gauzatu ziren, bertan Euskal Herriaren autonomiarako proiektu baten oinarriak eta artikuluak onartzeko. Udalek erabateko aho batezkoarekin onartu zuten ideia hori; udal bakoitzak bere bilkuretan onartuta, laurehun eta laurogeita bost izan ziren Biltzarrerako proiektuari eta Herriaren gurariak bilduko zituen estatutua idazteko proiektuari gogotsu atxiki zitzaizkionak.

Alkateek, antolatzaile zirenez, hasitako lanarekin aurrera jarraitzeko nahikotzat jo zuten udalek emandako berronespen hori, herriaren konfiantza zeukatelako alde. Eta estatutua guztien errespetua jasoko zuen lana izateko deliberaturik, Eusko Ikaskuntza ospetsuari eskatu zioten estatutua idazteko, lana amaitu ondoren, udalen eskuetan onarpenerako jartzeko. Euskal Herria osatzen duten bostehun eta hogeita zortzi udaletatik ia laurehun izan ziren Eusko Ikaskuntzara jo zutenak alkateek ordezkari moduan egindako eskaera bera egitera.

Eusko Ikaskuntzak Euskal Estatutua idatzi ondoren, Iruñean bildu ziren mugimendua hasi zuten lau probintzietako alkateak, Nafarroako Aldundian, Bianako Printzearen aretoan, eta, besteak beste, Euskal Herriko Udalen Biltzar Nagusia 1931ko ekainaren 14an Nafarroako hiriburuan egitea erabaki zuten.

Iruñeatik Lizarrara Biltzarra aldatu ondoren, esandako egunean egin zen Biltzarra azken aipatutako hirian. Ez gara zehaztasunetan sartuko, ezabatu ezineko moduan zizelkatuta baitago Biltzar hura guztion bihotzetan. Ametsetan baino pentsa ezin zitezkeen batasun eta gogaidetasun pozgarrienak bete ziren han.

Herriaren ordezkariei esker berronetsia atera zen handik honi erantsita doan Estatutua, gure nortasun historikoak errespetatu eta elkarren oparotasuna eta onurak eraginkor lotzen dituen Estatutua.

Gure Herriarentzat 1931ko ekainaren 14a egun seinalea da, gure errebindikazioak lortzeko bidean azken aldiotan emandako aurrera pausorik ikaragarriena baita.

Historiaren gorabeherek luzaro bananduta eduki dituzten neba-arreben besarkada izan zen, barkamen-besarkada, neba-arreben arteko ulertezinak agian sortutako laidoak garbitzeko; gure Herriaren arrazaren eta nortasunaren batasuna ez ezagutzeak are sakonagoak izateko arriskua baitzekarren. Hori guztia Lizarran amaitu zen, argi-garai berri bati hasiera emanez, hainbeste denbora itxaron izandako askatasun-eguzkiak zabaldutako berotasunak bizkortuta, eta gure Herrian zorionaren distira argitzen ari da.

Lizarrako Estatutuak hori baino gehiago esan nahi du. Arrazaren benetako arimaren adierazpena da, bere gurari espiritual eta materialekin batera. Ahalmenak eskatzen ditu arlo materialerako, baina, aldi berean burujabetasun-nahiez, askatasuna eskatzen du arlo espiritualerako, gure Herriak bere izaerarekin ondoen datorrena eman diezaion bere buruari.

Horregatik, Lizarrako Estatutuak Euskal Estaturako gordetzen du, besteak beste, Elizarekiko harremanak askatasunez arautzeko ahalmena, konkordatu bat itunduta. Lizarrako Estatutuak arlo horretan antzerako konstituzio federalen joera berrienak jarraitzen ditu, bakoitzak bere estatuari ahalmen hori onartzen dion heinean.

Horrela ari da gertatzen Bavarian eta Prusian (Alemanian), Friburgon (Suitzan), eta Mexikoko Errepublikako zenbait estatu federaletan.

Antzerako xedapenak jaso dira beste arlo batzuetarako ere, herritartasun-eskubideak eskuratzeko, gizarte-legediari dagokionean, irakaskuntzari buruz, eta abar. Gure nortasuna indartu eta sendotzeko bideratu dira xedapen horiek guztiok, gure izpirituaren barne-muineko senari erantzuten ez dioten legeek arrailduxe utzia dute eta; hala, bizirik dirau oraindik orain nortasun horrek, azken aldiotan eten gabe eraso badute ere.

Estatutuak Euskal Herriarenbere izpiriturik kutunena adierazten duela uste izan duelako Herriak, Konstituzio Gorteetarako azken hauteskundeetan, behin betikotzat jo daitekeen plebiszituarekin, Euskal Herriak sendetsi egin du Lizarran onartutako Estatutuaren edukia. Herriaren iratzarkundea ospatzeko ekintzak antolatu dituzten udalerrien poza ezin, bada, biziagoa izan.

1839ko urriaren 25ean hasi zen gure Herriaren zoritxarra. 1931ko ekainaren 14an, aldiz, justizian dagokiguna eraginkor errebindikatzeko aldi bat hasi da.

Jainkoak gorde dezala gure Herria, eta behar duen hatsa eman diezaiola, egun idatzi hila dena, laster errealitate bizigarri izan dadin.

Zangoza, Getxo, Azpeitia eta Laudioko alkateak, Lizarrako Biltzarrean aho batez hartutako akordioaren arabera, euskal udalek handikiro aldarrikatzen dute Estatutu hau onartzearekin ez diotela uko egiten foruak osorik berreskuratzeari, 1839 urriaren 25eko Legea, 1841eko abuztuaren 16ko Legea, eta egun horiek baino lehenago eta geroago Herri honen eskubide sakratuak nola edo hala hautsi dituzten lege guztiak erabat eta osorik indargabetzeko irrikak adierazten duen moduan.

EUSKAL ESTATUKO ESTATUTU OROKORRA[aldatu]

Atariko aldarrikapena[aldatu]

1. artikulua.- Hemen aldarrikatzen da Euskal Herria, egungo Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko probintziez osatuta, berezko nortasun politikoa duen izaki natural eta juridikoa dela, eta halakoa denez, Espainiako Estatu osoaren baitan Estatu autonomo moduan bere burua eratu eta eraentzeko eskubidea aitortzen zaiola, eta Estatutu honetan itundutako Harreman Legeko arauekin bat etorriz harekin giltzatuta biziko dela.

Aipatutako probintzia horietako bakoitza autonomiaz eratu eta eraenduko da bera ere, Euskal Herriaren batasunaren baitan.

Estatutu honen xedea, Espainiako Parlamentuarekin bat etorriz, adierazitako nortasun naturala legean sendesteko arau juridikoak ezartzea da, bakoitzaren autonomiarekiko errespetua oinarri hartuta euskal batasuna egituratuz, Euskal Herriaren oparotasuna bermatzeko eta bertako herritarren askatasun eta ongizate materiala eta espirituala ziurtatzeko.

Lehenengo titulua[aldatu]

Lurraldea, eskubideak eta betebeharrak

2. artikulua.- Euskal Estatuaren lurraldea egungo Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko probintzien mugen barruan biltzen den guztiak osatzen du gaur egun.

Euskal Estatuaren parte osagarri izateko onartu ahal izango dira aurrerantzean beste lurralde batzuk ere bertako biztanleek hala eskatzen badute, hauteskunde orokorretarako hautesle-erroldako hautesleen %80k plebiszituz adierazitako botoaren bidez, baldin eta Espainiako Parlamentuak, Euskal Kontseilu Nagusiak, eta Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko biltzar legegile bakoitzak lurralde hori sartzea onartzen badute. Ezinbestekoa izango da, halaber, Euskal Herrian biltzea eskatzen duen lurraldea jarraitua izatea, eta euskal lurraldearen mugakide perimetro osoan nahiz zati batean.

Aipatutako lurralde hori osorik euskal lurraldearen barruan badago, aski izango da sartzeko eskabidea bertako biztanle gehienek egitea.

Euskal Estatuan bil daitezen lurraldeak, probintzia oso bat ez badira, berek aukeratutako euskal probintzia mugakideari gehituko zaizkio.

Artikulu honetan xedatutakoaren arabera Euskal Estatuari gehitutako lurralde orok bertatik bereiztea lor dezake, gehitzeko erabilitako baldintza berberetan.

3. artikulua.- Estatutu honetan ezarritako eskubide eta betebeharrak hauei aplikatuko zaizkie:

a) Politikari dagokionez, Euskal Herrian jaioak direnei, bertan urtebeteko egoitzaldia badaukate. Arau berbera aplikatuko zaie bertan jaiotako aita eta ama daukaten seme-alabei, berdin aita edo ama bada berton jaiotakoa, baldin eta urtebeteko egoitzaldia badaukate. Hala aplikatuko zaizkie Euskal Herrian jaio ez direnei ere, gurasoak ere bertokoak izan ez arren, gutxienez hamar urtez berton egoitzaldia izan ondoren, auzotasuna lortu badute. Hautagarritasunari dagokionez, Estatutu honetan xedatutakoari lotuko zaio Kontseilu Nagusirako bada; eta estatu bakoitzeko karguetarako denean, bakoitzaren estatutuan ezarritakoari. Paragrafo honetan jasotako eskubideak aldatu egin daitezke elkarrekiko arrazoiak tarteko.

b) Zuzenbide zibilari dagokionez, euskal lurraldean benetan hamar urtez legezko egoitzaldia daukaten pertsonei, baldin eta, bakoitzak berak zuzenean edo beren legezko ordezkarien bidez, jatorrizko izaerari eusteko eskabiderik egin ez badute legeetan ezarritako eran. Berdin euskal lurraldean benetan urte biko legezko egoitzaldia daukaten pertsonei ere, euskal izaeraren eskubidea lortzeko aukera legez egiten badute.

c) Gai sozialei dagokienez, Estatutu honetan sendetsitako autonomiaren indarrez ezarritako guztia aplikatuko zaie herri honetako biztanle guztiei, beren jatorria edo egoitzaldia edozein izanda ere, baita Euskal Herriko erregistroetan matrikulatutako edo izena emandako garraioetan diharduen ugazaba zein langile orori ere.

Bigarren titulua[aldatu]

Euskal Estatuaren botereak

4. artikulua.- Euskal botere legegilea Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurari dagokio gai orokorretarako eta bere erregelamendu organikoan zehaztutako beste guztietarako, edo Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzar Legegileei eta Nafarroako Gorteei, horietako bakoitzaren gai zehatzetarako, Kontseilu Nagusiari egotzitako muga berberekin.

Botere betearazlea Euskal Herriko Kontseilu Nagusiko Batzorde Betearazleari dagokio Euskal Herri osoko gaiei buruzkoa denean, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundiei, estatu bakoitzaren gai bereziei buruzkoa denean.

Botere judiziala Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak eta euskal Epailetzako magistratu, epaile edo agintariek beteko dute, bere antolaketa eta eginkizunetako erregelamenduan zehaztutakoaren arabera.

Hirugarren titulua[aldatu]

Euskal Herriko organo artezkariak[aldatu]

LEHENENGO KAPITULUA[aldatu]

Kontseilu Nagusia eta Batzorde Betearazlea

5. artikulua.- Euskal Herri osoa ordezkatzeko eta Espainiako Estatuarekiko harremanetan, probintzien arteko harremanetan, eta Euskal Herria osatzen duten erakunde autonomoen baterako gai, lan eta zerbitzuetan bere jarduera eraentzeko, Euskal Herriko Kontseilu Nagusia sortzen da, Estatutu honetan zehaztutako ahalmen eta eskumenekin.

6. artikulua.- Kontseilu horrek laurogei ordezkari izango ditu, hogeina ordezkari gorago aipatutako lau erakundeetako bakoitzaren izenean, eta erakunde bakoitzeko batzar edo biltzar legegileek izendatuta. Ordezkarien jarduna lau urtekoa izango da eta berriro hautatu ahal izango dira.

7. artikulua.- Kontseiluaren barruan Batzorde Betearazle bat egongo da zortzi ordezkariz osatuta. Kideoi kontseilukide iraunkor esango zaie, eta beren agintaldiak besteenak beste iraungo du eta berriro hautatuak izateko eskubidea izango dute. Goian aipatutako batzar edo biltzar legigileek 20 ordezkariak hautatzen dituztenean ordezkari horietako bi bereizi behar diztuzte kontseilukide iraunkorren postuok betetzeko, eta beste kide bi, ordezko izateko.

8. artikulua.- Kontseiluko lehendakaria izango da Batzorde Betearazleko lehendakari ere. Laurogei ordezkarien gehiengo osoz egin behar da hautaketa, eta, lehenengo bozketan gehiengo osorik lortzen ez bada, lehenengo txanda horretan boto-kopururik handiena lortu duten bi kideen artean egingo da hautaketa.

Lehendakari-kargua bi urtetik behin berritu behar da, eta berritzen den bakoitzean erakunde partikular bakoitzak izendatutako ordezkari bati egokitu behar zaio hurrenkera hau kontuan hartuta: Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa; hau da, lehenengo lehendakaria nafarra izango da, bigarrena bizkaitarra, hirugarrena arabarra, eta laugarrena gipuzkoarra, eta horrela hurrengoetan ere.

9. artikulua.- Batzorde Betearazleak Iruñean izango du egoitza; bertan egingo ditu bere bilerak eta bertan kokatuko dira bere bulegoak, Kontseiluarenak eta Idazkaritza Nagusiarenak ere.

Kontseilua lau hiriburuetako batean bilduko da biurteko agintaldi bakoitzean, aurreko artikuluan ezarritako hurrenkerari jarraituz.

10. artikulua.- Kontseiluak askatasunez izendatuko du idazkari nagusi bat, soldata eta guzti, eta aldi berean Batzorde Betearazleko idazkari ere bera izango da.

11. artikulua.- Kontseiluak erregelamendu bat egingo du bere araubide eta jarduerarako. Bertan zehaztuko dira bere eskumenak, 5. eta 20. artikuluetan ezarritako arau orokorraren barruan, baita bere lana eraginkortasunik handienaz betetzeko egoki iritzi ditzan sailak edo atalak finkatu ere, eta bertan azalduko dira Kontseiluaren jarduerarako beharrezko baliabideak izendatzeko modua, Kontseiluaren bileretarako deialdiak, aholkuak, gai-zerrendak eta kopuruak zehazteko arauak eta Kontseiluaren helburuetarako gainerako gaiak. Erregelamendu hori, indarrean sartu aurretik, lau probintziek onartu beharko dute bakoitzak bere aldetik.

12. artikulua.– Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen akordioak bilera bakoitzean dauden ordezkarien botoen gehiengoaz onartuko dira. Hala ere, adostutako dena delako akordioa lau probintzietako bati bakarrik badagokio edo berari gehien batean, Kontseiluan probintziak dauzkan ordezkarietako edozeinek Kontseiluaren sendespena jasotzeko jar lezake akordio hori, Batzorde Betearazleak hartutakoa bada, eta, Kontseiluak sendetsitakoa bada nahiz Kontseiluak hasieratik hartutako akordioa bada, bitariko batzorde baten esku jarri beharko da gaia, bi aldeetatik kide-kopuru berdina izendatuta, erdiak Kontseiluaren izenean eta beste erdiak erreklamazioa egin duen probintziaren izenean. Bitariko batzorde horren lehendakari aurre-aurreko biurtekoan Kontseiluko lehendakari izan den berbera izango da, edo biurteko bi lehenagokoa, baldin eta azkeneko lehendakaria kasuan sartuta dagoen probintziakoa izan bada.

13. artikulua.- Biurteko bakoitza amaitzen denean, Kontseilu Nagusiak oroitza bat idatziko du aldi horretan berak egindako kudeaketa azaltzeko, eta, ezarritako kontuen egoera-orriarekin eta ezarketen frogagiriekin batera, Kontu-hartzeko osoko batzordeari aurkeztuko dio hurrengo hiruhilabetekoan, aztertu eta onar dezan, edo gaitzetsi, hala bada. Kontu-hartzeko batzordea Euskal Herriko lau aldundietako kide guztiekin osatuko da, eta hilabeteko epean emango du bere irizpena. Irizpenean onarpena jasotzen bada, Kontseiluari eta aipatutako lau aldundiei bidaliko die irizpena, horren berri izan eta gorde dezaten. Irizpenean gaitzespena jasotzen bada, beste hainbesteko denbora emango zaio Kontseiluari gaitzetsitako puntuko edo puntuetako jarduera azaldu edo zuritu dezan. Ondoren, Kontu-hartzeko batzordeak beste ebazpen bat emango du, eta gaitzespena jasotzen bada berriz ere, Euskal Herriko lau biltzar legegileek hiruna kidez izendatuko dituzte, eta hamabi ordezkariz osatutako Epaimahaiaren esku utziko da behin betiko erabakia.

BIGARREN KAPITULUA[aldatu]

Euskal Epailetza eta Fiskaltza

14. artikulua.- Euskal Herriko botere judiziala eta eginkizunak Estatu Autonomoaren Epailetzaren eta Fiskaltzaren esku egongo dira, eta askatasunez antolatu eta bideratuko du eskumen hori. Ondorengo oinarrizko printzipio hauei lotuko zaie antolaketa, nahiz eta 15. artikuluko hirugarren idatz-zatiaren indarrez aldatu ere egin ahal izango diren.

Lehenenegoa.– Udal-epaitegiak ezabatu egingo dira, eta Erregistro Zibila udaletara pasako da; epaile letraduen esku egongo diren eskualdeko epaitegiek egingo dute udal-epaitegien ordezkoa, udal-epaitegiek aginduta dituzten gainerako eginkizunetan; idazkariak ere letraduak izan behar dira. Epaitegi horietako fiskalek ere ezaugarri berbera eduki behar dute.

Erregelamenduz zehaztuko dira:

a) Epaitegi horien kopurua.

b) Epaitegi bakoitzari dagokion eskualdea edo barrutia.

c) Epaileek, fiskalek eta idazkariek izan behar dituzten ezaugarriak, besteak beste, abokatu-titulua izatea, Euskal Herrian jaioak izatea, edo Euskal Herrian hamar urte baino gehiago bizi izatea.

d) Ordainsaria.

e) Horiek guztiok izendatzeko era, Euskal Herrian egindako lehiaketa bidez osatutako kidegoa oinarri dela.

f) Epaitegi horien jarduteko era, ez baitute herri edo egoitza finko bakarrean jardungo, baizik eta bakoitzaren eskualdeko herrietan, txandaka edo egun egokietan herri horietara joanez, beti ere beren eginkizunen premien arabera zehaztutako moduan.

Bigarrena.- Egungo Lehen auzialdiko eta instruzioko epaitegiak aldatu egingo dira, arau hauen arabera:

a) Lehen auzialdiko eta instruzioko bitariko epaitegiei lehengoan eutsiko zaie, biztanle-kopuruak eta bertako bizitza juridikoak garrantzi gutxiago daukaten barrutietan.

b) Lehen auzialdiko epaitegietatik bananduta, instrukzio-epaitegiak ezarriko dira garrantzi gehiago daukaten barrutietan, beharrezkoa denean.

c) Hiriburuetan lau epaitegi edo auzitegi sortuko dira probintzia guztiko merkataritza-gaietarako; hala ere, zenbatekoak txikiak direnean, eskualdeko epaitegiei egotziko zaizkie, interesatuei kalterik eta galerarik ez sortzeko.

d) Industria-gaietako Auzitegi bana jarriko da lau probintzietako hiriburu bakoitzean, nahiz eta eskualdeetako zenbait epaileri egotzi ahal izango zaien jurisdikzio hori langileei buruzko gaietan.

e) Probintzia bakoitzeko hiriburuan administrazioarekiko auzien auzitegi bat egongo da.

f) Izaerari edo egoitzari dagokionez eskualdeetako epaile eta idazkarientzat finkatutako ezaugarri guztiak bete behar dituzte Epailetzako eta Fiskaltzako funtzionario guztiek.

Hirugarrena.- Lurralde Auzitegi bat jarriko da Bilbon Bizkaia eta Arabako epaitegietako apelazioetarako Zibileko sala batekin, eta eutsi egingo zaio Iruñekoari, Gipuzkoa eta Nafarroaren gainean jurisdikzioa izateko.

Laugarrena.- Eutsi egingo zaie egungo Kriminaleko auzitegiei; hala ere aldatu egingo dira langile-lanpostuak betetzeko erak eta horretarako baldintzak.

Bosgarrena.- Euskal Herriko Auzitegi Nagusia sortuko da, eta hiru sala izango ditu, Zibilekoa bata, Administrazioarekiko Auzietakoa bestea, eta Erreforma Sozialekoa hurrena. Zibileko Salak Zuzenbide Zibila eta Merkataritza-Zuzenbidea aplikatzeko kasazio-errekurtsoak hartuko ditu, baita lau probintzietako jabetza-erregistratzaileen kalifikazioen kontra jarritako gobernuaren errekurtsoak ere; Administrazioarekiko Auzietako Salak administrazio-auzietako epaitegien apelazioak hartuko ditu; eta Erreforma Sozialeko Salak, azkenik, Laneko Kodeak eta gainerako lege sozialek araututako gaiei buruzko deuseztasun-errekurtsoak eta kasazio-errekurtsoak. Auzitegi Nagusiak Iruñean izango du egoitza.

Seigarrena.- Euskaltzaindiak izendatutako epaimahai baten aurrean erakutsi eta Euskaltzaindiaren ziurtagiri baten bidez egiaztatuta, aipatutako epaitegi eta auzitegietako epaileek, magistratuek, fiskalek, idazkariek, ofizialek, habilitatuek eta gainerako laguntzaileek beren karguak betetzeko, euskaraz nahitaez jakin eta erraz hitz egin behar dute; salbuespen dira, ordea, bai lurralde auzitegia eta Auzitegi Nagusia, eta bai gaztelania hutsez hitz egiten den lurraldeetako eskualdeko, instrukzioko eta lehen auzialdiko epaileak.

Zazpigarrena.- Eskakizun berbera notarioentzat eta antzerako funtzionario guztieentzat, salbuespen berberarekin.

Zortzigarrena.- Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak egingo du Epailetzako kargu guztien izendapena. Auzitegi Nagusikoak, eta bertako lehendakariarena, aldiz, auzitegi horretako kide guztiek eta Euskal Herriko abokatuen eta notarioen elkargoetako dekanoek egingo dute.

Laugarren titulua[aldatu]

Ahalmenak[aldatu]

15. artikulua.- Euskal Estatuak, bere organo azterkari orokorren bidez eta probintzietako estatutuek ezarritakoen bidez, bakoitzak bere eskumenen arabera jardunez, legeak egin, administrazioa burutu eta epaitzeko eskumena du, baita bere legeak eta dekretuak eta auzitegien eta epaitegien epaitzak betearazteko ere zenbait gaitan. Hona zerrenda:

Lehenengoa.- Euskal Herriaren eraketari eta bere araubide autonomikoari buruzkoak, eta Estatutu orokor hau eta probintzietako estatutuak interpretatu eta aplikatzeari buruzkoak.

Bigarrena.- Toki-administrazioa, udalen antolaketa eta araubidea, bertako zerbitzuetarako atxikitako funtzionarioak barne; hau da, idazkariak, kontu-hartzaileak, medikuak, osasun-ikuskatzaileak eta beste titular batzuk.

Hirugarrena.- Justiziaren antolaketa eta administrazioa era eta maila guztietan, eta erregistro zibilak, merkataritzakoak, jabetzakoak eta notaritzakoak antolatzea.

Laugarrena.- Elizaren eta Euskal Estatuaren arteko harremanak; Euskal Estatuak konkordatu bat egingo du Aulki Santuarekin.

Bosgarrena.- Espetxeak, eta espetxeen antolaketa eta araubidea.

Seigarrena.- Zerga-araubidea eta ekonomia-araubidea, zergak, kontribuzioak, jesapenak, aurrekontuak eta kontuak barne hartuta.

Zazpigarrena.- Euskal Herriko ekonomia-bizitza eta ekonomia-politika, industriaren, merkataritzaren eta nekazaritzaren antolaketa, korporazio-antolaketa, ekonomia-kontseiluak, merkataritzako eta nekazaritzako ganberak, ontzijabeen elkarteak, banku-elkarteak, merkataritzako ontzidia, militarretik bereizita; itsas gizonen heziketa eta babesa; mea-ganberak; landa-lurreko eta hiriko jabetza higiezinen araubidea, eta jabetzako eta industriako ganberak; herri-lurrak; jabetza nahitaez kentzea; eta, oro har, Euskal Herriko ekonomiarekin zerikusia duten erakunde eta gai guztiak.

Zortzigarrena.- Herriaren segurtasuna eta defentsa, polizia, armada eta itsasoko armada barne. Euskal Herriko armada-taldeak, Espainiako armadaren parte izanik, nortasun bereziko izaki izango dira haren baitan, eduki daitezkeen giza baliabideak utzitako mailarik goreneko talde organikoak eta multzoak eratuta; Euskal Gudaroste deituko zaie, eta Euskal Herriko soldadu-taldeak izango dira bake-garaian; ezin izango dira kanpoan erabili, maniobra militarretan izan ezik, edo ordena publikoa larri nahasten denean, gorteek hala aldarrikatuta, edo gerra-garaian izan ezik. Euskal Estatuak ordaindutako instrukzio-egileek emango dute hasierako heziketa, eta izendatu Gerra Ministerioak egingo ditu Euskal Estatuak proposatuta. Euskal Estatuaren eskumen osokoa da soldaduskarako deia egiteko era, eta soldaduak gai diren jakiteko Errepublikak emandako legeak izango dira muga bakarra. Lege horiek izango dira arau, halaber, aipatutako euskal taldeen antolaketa eta aginteari dagokionez, baita zerbitzuaren iraupena zehazteko ere.

Bederatzigarrena.- Osasuna eta higienea.

Hamargarrena.- Hilerrietako araubidea, beti ere udalen jurisdikzioaren menpe.

Hamaikagarrena.- Maila eta espezialitate guztietako Irakaskuntza, Hizkuntza eta Kultura, eta Arte Ederrak.

Hamabigarrena.- Gizarte-gaietako eta laneko legedia, nazioarteko hitzarmenen bidez eta Nazioen Elkartearen akordioen bidez langileak babesteko agindutako printzipio orokorrei lotuta, eta Espainiako legediak dagoeneko sendetsitako langileriaren konkistak gutxieneko oinarri moduan hartuta.

Langileen Erretirorako finantza-araubidea, langabeziako eta amatasuneko asegurua eta aurreikuspeneko gainerako erakundeak.

Hamahirugarrena.- Ongintza publikoa eta pribatua, Euskal Herrian dauden ongintzako nahiz ongintza eta irakaskuntzako iraskunde eta erakundeekiko patronatua eta ikuskaritza.

Hamalaugarrena.- Herri-lanak, meategiak, urak, ur-jauziak eta trenbideak, tranbiak, portuak, ubideak, bideak eta mendiak, Estatuak Euskal Herrian dituen mendiak eta meategiak barne; azken horiek dagozkien udal, erkidego nahiz probintziei itzuliko zaizkie.

Bilboko eta Pasaiako portuak arautzeko hitzarmen berezi bat egingo da Espainiako Errepublikaren eta Euskal Estatuaren artean.

Hamabosgarrena.- Basogintzako, nekazaritzako, abeltzaintzako, industriako, meagintzako, ehiza eta arrantzako, ibaietako, itsasoko eta arrain-industriako aberastasun publiko eta pribatua sortu eta sustatzea.

Hamaseigarrena.- Barruko komunikabideak: airetikoak, telegrafikoak, telefonokoak eta haririk gabekoak, baita aireko, lurreko eta itsasoko garraioak ere.

Hamazazpigarrena.- Turismoa, Herriko arte eta naturako edertasunak zaintzea eta horien zabalkundea egitea, eta joko eta ikuskizun publikoak.

Hamazortzigarrena.- Legedi zibila, hipoteketakoa, prozesukoa eta notaritzakoa.

Ahalmen horiez baliatzean arau hauek izan behar dira kontuan:

Oinarrizko printzipioa[aldatu]

Euskal Herria burujabea dela aitortzen da, Espainiako Estatuari Estatutu honetan zehazki utzitako eskumenek Euskal Herriaren burujabetasuna mugatzen ez duten beste puntu guztietan. Beraz, beregain hartuko ditu Espainiako Estatuaren boterearentzat Estatutu honetan gorde gabeko eskubide eta ahalmen guztiak, eta indarrik eta osotasunik gehienaz beteko ditu.

Ondorio horietarako eta Euskal Estutuari dagokionez, gai hauek Espainiako Estatuarentzat gordeta gelditzen direla aldarrikatzen da:

1.Errepublikako Konstituzioan Gobernua eratzeko moduari, norbanakoen eta gizartearen eskubideei, sindikatuetan parte hartzeko eskubideari eta norbanakoaren ekonomia-jarduera askatasunez burutzeko eskubideari dagokion guztia. Eskubide horiek guztiok Estatu nazionalaren babespean egongo dira, eta azken buruan beregana jo ahal izango dute Euskal Herriko bai herritarrek zein elkarte, udal nahiz probintziek, hain zuzen agintariek nahiz partikularrek egindako arau-hausteen kontra erreklamazioak jartzeko.

2.-Espainiako Errepublikaren nazioarteko bizitza; kanpo-harremanetan eta harreman horiek sendesteko, bera izango da Euskal Estatuaren ordezkaritza izango duena.

3.-Aduanak eta muga-zergen politika.

4.-Dirua, pisuak eta neurriak.

5.-Espainiako Estatuaren zorra.

6.-Posta eta telegrafoak, Estatutu honetan Euskal Herriko barne-zerbitzuetarako ezarritako salbuespenekin.

7.-Gerra eta Itsas-armada, aurreko puntuan aipatutako salbuespen berberekin.

8.-Espainiako Parlamentuan Euskal Herriak izan beharreko ordezkaritza, eta hori eratzeko hauteskunde-prozedura.

9.-Jabetza industrial eta intelektuala.

10.-Merkataritzako Zuzenbidea eta Zigor Zuzenbidea.

11.-Estatuen arteko arazoak erabakitzeko ahalmena.

12.-Nazioarteko trafiko eta komunikaziorako baliabide diren heinean, nazioarteko portu handiak sustatu eta bultzatzea, baita itsasketa eta aireko trafikoa eta komunikazioa ere baldintza berberetan, eta ontziak eta aire-aparatuak eraikitzea.

13.-Estatuen arteko ekimenetan parte hartzea, dagozkien estatuekin ekonomia-lankidetzarako arauak finkatu ditzan.

Bermeak[aldatu]

Euskal Herriak, Espainiako Errepublikaren Konstituzioaren bidez, bermatuta izango ditu bere lurraldea, bere burujabetasuna (aurreko paragrafoetan ezarritako mugen barruan), bere barruko Konstituzioa eta Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko konstituzioak, Euskal Herriaren askatasuna eta eskubideak, bertako herritarren konstituzioko eskubideak, eta herriak bere agintariei eman dizkien eskubideak eta eskumenak.

Berme horiei eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da: a) Euskal Herriko Konstituzioak edo Estatutuak eta bertako Gobernuak bertako herritarren eskubide politikoak une oro demokrazioaren arabera betetzeko berme izatea; b) Euskal Herriko Konstituzioak ez dezala Espainiako Konstituzioko xedapenen kontrako ezer jaso, Espainiako Estatu osoan orokorrrean aplikatzekoak badira; eta c) herriak onartu izatea, eta ez dadila aldatu edo berritu bertako herritarren gehiengo osoaren botoekin ez bada.

Bosgarren titulua[aldatu]

Hizkuntza[aldatu]

16. artikulua.– Euskara da euskaldunen hizkuntza nazionala. Bera ofizialtzat onartuko da, gaztelaniaren baldintza berberetan.

17. artikulua.– Euskaraz hitz egiten den lurraldeetako eskoletan euskara erabiliko da irakaskuntzako hizkuntza moduan, eta maila guztietan emango da gaztelania ikasgai moduan; gaztelaniaz hitz egiten den lurraldeetako eskoletan, aldiz, gaztelania erabiliko da irakaskuntza emateko, eta maila guztietan emango da euskara irakasgai moduan.

Lehenengo aipatutako lurraldeetan zerbitzua betetzen duten administrazioko funtzionario guztiek eta funtzionario judizial guztiek euskaraz jakin behar dute.

Aldundi bakoitzak zedarrituko ditu euskararen lurraldeak, artikulu honen ondorioetarako.

Seigarren titulua[aldatu]

Espainiako Estatuaren ordezkaritza[aldatu]

18. artikulua.- Kontseilu Nagusiko lehendakariari dagokio euskal lurralde osoan Espainiako Estatuaren ordezkaritza egitea. Espainiako Gobernuak lehendakariari emango dizkio eskuordetzan lurralde horretan dagozkion ahalmenak, bai ordena publikoari dagokionez, Espainiako Errepublikaren lege orokorrak eta bere gobernuaren dekretuak argitaratu eta betearazteko, euskal lurraldean eskumenekoak dituen eginkizunen eta gaien gainean, dekretuen kasuan. Espainiako Estatuaren ordezkari izateak ez dio lehendakariari inola ere baimenik emango Euskal Herriari Estatutu honen arabera dagozkion eskumenak eta ahalmenak zapaltzeko, ez aurrerantzean onar dakizkionak zapaltzeko ere, guztiak errespetatu eta errespetarazi behar ditu eta.

Zazpigarren titulua[aldatu]

Euskal Estatuaren eta Errepublikaren arteko gatazkak[aldatu]

19. artikulua.- Estatu bien ordezkari diren agintari edo erakundeek zuzeneko izapideen bidez erabaki ezin dituzten gatazkak bitariko batzorde baten irizpenera jarriko dira. Batzordeko kide erdiak Euskal Herriko Kontseilu Nagusiak izendatuko ditu eta beste erdiak Espainiako Parlamentuak, eta Espainiako Errepublikako lehendakaria izango da batzordeko lehendakari. Baldin eta Parlamentua jardunean egon ez eta arazoa presakoa bada, Errepublikako Ministroen Kontseiluak izendatuko ditu bitariko batzorde horretan Espainiako Estatuaren izenean izan beharreko kideak.

Zortzigarren titulua[aldatu]

Probintzietako estatutuak[aldatu]

20. artikulua.- Atariko aldarrikapenean ezarritakoarekin bat etorriz, Arabak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Bizkaiak bakoitzak bere estatutua egin eta onartuko du askatasunez barne-araubiderako, eta mugapen hauek izango dituzte bakarrik:

a)Bakoitzaren biltzar legegilea guztien botoaz aukeratuko da, demokraziaz edo ohiko eran emanda; hala ere, udalen zeharkako botoa ere onartuko da, baldin eta udalak guztien zuzeneko botoarekin aukeratu badira.

b)Probintzia bakoitzaren estatutuetan ezin izango da jaso Estatutu honen kontra edo aurka dagoen inolako xedapenik.

c)Errespetatu egin beharko da udalen autonomia.

d)Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian Batzar Nagusiek beteko dute botere legegilea, eta Nafarroan, Gorteek. Botere betearazlea aldundiek beteko dute lau probintzietan. Eta botere judiziala Euskal Epailetza eta Fiskaltzak beteko du lauretan.

e)Euskal Estatuari orokorrean egotzitako ahalmenen artetik Kontseilu Nagusiaren eskumenekoak izango dira Estatutu honetan berariaz izendatutakoak eta probintzia guztien erabakiz mankomunatuta betetzea komeni direnak. Gainerakoak probintzia bakoitzean beteko dira bertako erakunde berezien bidez.

f)Kontseilu Nagusiari eta Errepublikako Gobernuari igorri beharko zaizkie probintzietako estatutu horiek, bertan Euskal Estatuaren Estatutu Orokor honen kontrako ezer dagoen aztertu ahal izateko.

Bederatzigarren titulua[aldatu]

Zerga-harremanen araubidea[aldatu]

21. artikulua.- Euskal Herrian Euskal Probintzietako Ekonomia Ituna eta Nafarroako Hitzarmena daudenez indarrean, bata 1925eko ekainaren 9ko Errege Dekretuaz eta bestea 1927ko abuztuaren 15eko Errege Dekretuaz onartuak, Estatutu hau onartu eta Euskal Estatuko erakunde zuzendariak ezarri eta gero, Euskal Estatuak, udalek duten ordezkaritzaren bidez Euskal Herriari kontsulta egin eta horrek onartu ondoren, gehienez ere hamar hilabeteko epean zerga-harremanetarako araubide berri bat proposatuko dio Errepublikako Gobernuari, egungo kupoei eustea oinarrian dela, Estatutu honetan ezarritako eginkizun, zerbitzu eta ahalmenei darizkien zuzenketak sartuta.

Hamargarren titulua[aldatu]

Estatutu hau aldatzea[aldatu]

22. artikulua.- Estatutu Orokor hau aldatzeko, Espainiako Errepublikako Konstituzioa aldatzeko eskakizun eta berme berberak eskatuko dira, eta Kontseilu Nagusiaren eta lau probintzietako biltzar legegileen adostasuna beharko da nolanahi ere.

Aldi baterako xedapenak[aldatu]

Lehenengoa.- Estatutu hau onartzeko, Euskal Herriko udalek hartu beharko dute parte.

Bigarrena.- Estatutua onartu eta “Gacetan” argitaratu ondoren, pauso hauek emango dira bera ezartzeko:

Aipatutako argitalpena egin ondorengo 20 egunen barruan, Udalen Batzordeak Udalen Biltzarrei egingo die dei probintzia bakoitzetik hogei lagun izenda ditzaten, Estatutu honen arabera kargua betetzeko gaitasunarekin, Kontseilu Nagusian probintzien ordezkoa egin dezaten, Euskal Herriko eskumen guztiak bereganatu behar ditu eta behin-behinean. Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko barne konstituzioa zuzendu eta sustatzeko ahalmena izango dute, probintzia bakoitzak bere estatutua onartu ondoren, eta biltzar legegile bakoitzerako hauteskundeak egin eta hori bideratzeko beharrezko gainerako izapideak egiteko, estatutuen arabera eta probintzia bakoitzean herriak onartutako xedapenen arabera; zailtasunik izanez gero Kontseilu Nagusiari eskatu behar diote aholkua.

Lan hori bi hilabeteko epean egin behar da, Kontseilua behin-behinean eratzen denetik aurrera.

Arabak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Bizkaiak bakoitzak bere biltzar legegilea onartu ondoren, biltzar legegile horiek aukeratuko dute behin betiko Kontseilu Nagusia, eta berehala jabetuko da karguaz, Estatutu honetan ezarritako moduan eratuta geratzeko; eta behin-behineko Kontseiluak ipso facto utziko du kargua.

Hirugarrena.- Kontseilu Nagusiak askatasun osoz egingo du Auzitegi Nagusiko kide guztien izendapena, eta horrek Justiziaren antolaketa autonomoari ekin beharko dio. Auzitegiak, Abokatu eta Notarioen elkargoetako dekanoen laguntzaz, Epailetza eta Fiskaltza osatu behar dituzten funtzionarioak izendatuko ditu; Epailetzak eta Fiskaltzak antolaketa autonomoari ekingo diote, aurrez Kontseilu Nagusiak onartutako oinarrien arabera.

Xedapen osagarriak[aldatu]

Behin betiko Kontseiluak, bere karguaz jabetu ondoren, erregelamendu edo lege-testu osagarri hauek idatziko ditu denborarik galdu gabe.

a)Kontseilu Orokorraren antolaketa, eginkizun eta jarduteko moduari buruzko erregelamendua, Estatutu honetan Euskal Estatuarentzat gordetako eskumenen artetik Kontseiluari bakarrean dagozkionak zehazteko, eta lau probintzien ordezkari diren erakundeen egintza koordinatu eta lotzeko agintutako eskumenak zehazteko.

b)Euskal Epailetza eta Fiskaltzaren erregelamendu organikoa, zehazki, funtzionarioen independentzia ziurtatzeko beharrezko bermeak, funtzionarioen mugiezintasuna, sartzeko modua, oposizioetarako prozedura, izendapenak, erretiroak, kategoriak, lerrundegiak eta gainerako baldintzak finkatzeko. Aldi berean erregistro Zibila, Merkataritzakoa eta Jabetzakoa arautuko dira, baita notaritza eta espetxeetako araubidea ere.

c)Prozedura zibileko eta administrazioarekiko auzietako prozedurako erregelamendua, gai bion inguruan sortutako eztabaidetan horretara lotu behar baitira alderdiak eta Epailetza eta Fiskaltza osatzen duten epaileak, fiskalak eta epaitegiak,. Besterik xedatzen ez den artean, Euskal Estatuak bere egiten du 1882ko Prozedura Kriminaleko Legeak penalerako ezarritako prozedura.

d)Hezkuntzako eta kulturako erregelamendua. Bertan, irakaskuntza-gaietan udalentzat, lau estatuetako erakundeentzat eta Kontseiluarentzat gordetako eskumen bereziak zehaztu ondoren, Euskal Herriak hezkuntzako maila guztiak antolatzeko bete beharko dituen arau komunak finkatuko dira, Unibertsitatekoak, lanbide-eskoletakoak eta eremu guztietako zabalkunde, ikerketa eta kulturako erakundeetakoak barne.

e)Ordena publikoa zaintzeko, soldadutza antolatzeko, eta itsasoko matrikulak Euskal Herrian arautzeko jarraibidea.

f)Toki-administrazioaren erregelamendua.

g)Ongintzako erregelamendua.

h)Osasuneko erregelamendua.

Erregelamendu horiek, Kontseilu Nagusiak onartu ondoren, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko aldundiei bidaliko zaizkie onar ditzaten.

Estatutu honetan jaso ez arren, Gorteek edo Errepublikako Gobernuak beste estatu federatu batzuen alderako ezarritako lege eta ahalmen guztiak aplikatuko zaizkio Euskal Estatuari, Euskal Estatuak berak onartzen baditu.