HISTORIA. Gizartea eta ekonomia aztertu ditu batez ere Euskal Herriko historia orokorraren hirugarren liburukian
Euskal historiako aro garrantzitsua jorratu du Manex Goienetxek.
XVI eta XVIII. mendeak bitarteko gizartearen eta ekonomiaren bilakaera ikertu du.
Egilea: Manex Goienetxe
Izenburua: 'Evolution economique et social du XVleme au XVllleme siecle' (Gizartearen eta ekonomiaren bilakaera XVI eta XVIII. mendeak bitartean). 'Histoire generale du Pays Basque'-ren (Euskal Herriko historia orokorra) hirugarren liburukia
Argitaletxea: Elkarlanean
Orri kopurua: 400
Nora Arbelbide. DONOSTIA.
XVI eta XVIII. mendeak bitarteko Euskal Herriko gizarte eta ekonomiaren historia du hartu gai gisa Manex Goienetxek atzo aurkeztu zuen liburuan. Euskal Herriko historia orokorraren hirugarren liburukia da, hain zuzen. Lan horrekin, aitzineko ekin bezala, «denei irekia izateko gisako historia» idatzi nahi izan duela azpimarratu zuen. «Irakurleria ahal bezain zabal batentzat», hain zuzen.
Hala ere, ikertzaileek ukanen dute materiala liburu horretan. «Ikertzaileentzat baliagarriak diren estatistika eta taula anitz eraiki ditut». Historialariaren arabera, «liburua ez da bururatua, ikerketa pista batzuk ireki ditut». Duela bi urte, XVI eta XVIII mendeen arteko Euskal Herriko instituzioak aztertu ondoren, orain gizarteari hurbilagotik begiratzen saiatu da. «Bi liburuak lotuak dira». Idazleak azaldu zuenez, «bigarren liburukiaren segida da, osagarria».
Ekonomia eta gizartea aztergai
Historialariak zehaztu zuen «alde ekonomikoa eta soziala ez direla anitz aztertzen, instituzioei buruz lan ugari eginak direlarik». Hain zuzen, hori da liburu horren xedea, eta aspalditik zuen egiteko asmoa, eta «absolutuki egiteko nahiarekin» zegoen. Hain zuzen, azaldu zuen beharrezkoa zela ikerketa sakonak egitea horri buruz. «Garai hori ikertzea beharrezkoa da, Euskal Herriaren historia markatzen baitu», azaldu zuen Manex Goienetxek.
Historialariak gehitu zuen gaur egungo egoera garai hartan jadanik jartzen ari zela. «Esan daiteke gaur egungo desberdintasun zenbait jadanik ageri zirela». Izan ere, «Gipuzkoak garai hartan industria indartsua jarria zuen. Bertako haranak goizik industrializatu ziren. Garai hartan jadanik ikus zitezkeen Gipuzkoako haran industrializatuen eta Iparraldeko zelai handien arteko ezberdintasuna».
Demografia oinarritzat
Garapena aztertzeko, demografia hartzen du oinarri gisa historialariak. Izan ere, hori baita «gizartearen eta ekonomiaren miraila», azaldu zuenez. Besteak beste, parrokietan aurkitu dokumentuak baita biztanleen kontatzeak biltzen dituzten dokumentuak ere hartu ditu abiapuntutzat.
Demografiari lotuak diren baliabide naturalen gorabeherak ere hurbiletik landu ditu. Horiek «elkarri lotuak baitira». Hiru baliabide ikertu ditu: «Itsasoak dakarrenak, lurrak eta meategiei lotuak daudenak». Horren bidez, galdera batzuei erantzun batzuk aurkitzen saiatu da. Arto berriaren funtzioa zein den, edo oihanaren galera noiz hasten den ere begiratuz, besteak beste.
Etxe zahar eta etxe berrien arteko harremanak
Baliabideen gorabeheren ikerketatik, garai haietako gatazketara pasatu da. Hain zuzen, etxe zahar eta etxe berrien arteko harremanak nola bideratuak diren aztertu ditu. Bien arteko «espazioan, agertzen diren elkarren arteko guduak» nondik norat doazen entseatzen da ikusten. «Horren lortzeko tauletatik aurreratuz» ari izan zela zehaztu zuen ikertzaileak.
Bigarren zatian, Iparraldearen egoera aztertu du batez ere. Lan monografikoak egin ditu. Gizarte klaseak, lur jabegoaren inguruak, lurraren erabilpena, legeak zein diren eta abar jakiteko. Garai haietako zerga agiriak hartu ditu oinarritzat.
Hortik abiatuz, mapa zenbait eraiki ahal izan ditu. Besteak beste, Santa Grazikoa. Bertan jarri ditu non zuzen aurkitzen ahal ziren etxe zaharrak eta etxe berriak. Honela erakusten du nola etxe berriek leku berezi batzuetan bakarrik eraikiak izaten ahal ziren, kode eta lege berezi batzuen bidez erabakiak hartuta.
Hori egiteko, estatistika eta taula anitz egin ditu ikertzaileak. «Artxiboetan ibiliz Pauera joanez, han baitira gordeak artxibo anitz». Ipar euskal Herrian, ikerketa munduan ez baita ekoizpen anitz. Hegoaldean ez bezala. «Lan moldeak ez dira berdinak. Hegoaldean, ikerketarako erakundeak badira, Eusko ikaskuntza bezalakoak, edo unibertsitateetan eginak. Oro har produkzio handi bat da». azaldu zuen ikerlariak.
DESOREKA
Gaur egungo Euskal Herria, XVI. mendean ageri
XVI. mendean, Iparraldean eta Hegoaldean aurki daitezkeen iturrien aldetik desoreka handia da. Hala ere, XVI eta XVIII. mendeak bitartean, «esan daiteke gaur egungo desberdintasun zenbait jadanik ageri zirela». Izan ere, «Gipuzkoak garai hartan industria indartsua jarria zuen. Bertako haranak goizik industrializatu ziren. Garai hartan jadanik ikus zitezkeen Gipuzkoako haran industrializatuen eta Iparraldeko zelai handien arteko ezberdintasuna», zehaztu zuen Manex Goienetxek. Arrasate aipatu zuen adibidetzat. «Arrasateko kooperatibak 1940an hasi baziren ere, XVI. mendean industria azkartua ageri zen, Udalaitz mendearen ondoko oletan oinarritzen zena. Garai hartan ere, gaur egun bezala, Arrasate hiri handi bat zen», azaldu zuen historialariak.
DEMOGRAFIA
«Demografia gizartearen eta ekonomiaren miraila da. Baliabideak zein gatazkak aztertu ditut»
ESTATISTIKA ANITZ
«Ikertzaileentzat baliagarriak diren estatistika eta taula anitz badaude liburukian»
DENENTZAKO LIBURUA
«Historia orokorra egin nahi izan dut, gizarte osoari irekia izateko gisakoa»