Euskalduntzea eta burujabetzea elkarrekin pentsatzen
Euskalduntzea eta burujabetzea elkarrekin pentsatzen (2021) |
Errian argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Euskararen Plaza Hutsa jardunaldiak ospatu dira egunotan. Bi urteko gogoeta prozesu baten helmuga ezarri dute jardunaldi hauek. Bertan, “Euskalduntze prozesuari begirada bat, ezkerretik eta independentismotik” dokumentua eman da argitara gogoeta prozesuaren azken faseari ekiteko.
Orain, eztabaida irekirako aukera zabaltzen da, eta askotariko ekarpenen bidez azken proposamena osatzekoa. Lau aztergai ekarriko nituzke eztabaidaren erdigunera: Euskal Herriaren burujabetzearen eta euskalgintzaren arteko harremana, euskalgintza nola ikusten dugun, hizkuntza politikaren auzia eta euskalgintza arnasberritzeko bideak zeintzuk izan daitezkeen.
Burujabetzea - Euskalgintza
[aldatu]Gogoeta ariketa hau kongresu-aldian bukatuko da. Momentu ona da, azken hilabete luzeetan hausnartutakoa kongresu prozesuetan baliatu baitaiteke. Ezker soberanismoari tokatzen zaio hamarraldi hain berezi honi begirako estrategia eta ildo politikoa doitzea, horixe da kongresu hauen ariketa politikoetako bat. Bigarrena da nola eraginkortu organizatiboki geure buruak.
Ez dago berrikuntzarik esatean independentismoak artikulazio handi bat garatu behar duela. Ahalbait sektore sozial bildu behar dituela burujabetzaren narratibara. Horretan ibili gara iragan hamarraldiaren hasieran ezkerreko soberanismoaren espazio politikoa artikulatzen hasi ginenetik. Eta badira kalitatezko aurrerapausuak, ezbairik gabe: Iparraldean, Nafarroan eta baita erkidego autonomoan ere, non ezkerreko soberanismoa bigarren indar politikoa den. Esango genuke, hasi berri dugun hamarraldi honetan, ezkerreko soberanismoa ondo lekutua dagoela bloke historiko berdinzale-errepublikazale baten eraikuntzari begira.
Orain tokatzen dena da ondo hausnartzea, batez ere, bi gako nagusi:
- Garai historikoa ondo irakurtzen asmatu behar dugu, zibilizazio krisiaren garai historikoa ondo hautematen.
- Artikulazio berdinzale-soberanista hori herri-eraikuntzaren motor nola bihurtzen dugun.
Tentsio bat dago, eta tentsio gisa bizi behar dugu, Euskal Herriaren burujabetzeak eskatzen dituen artikulazio sozial zabalen eraikuntzaren eta Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesuaren artean. Euskal Herria eskala demokratiko gisa definituz ahalik eta herri-sektore gehien bildu behar ditugu proiektu demokratizatzaile batera. Burujabetzeaz ari garenean ez gara soilik burujabetza formalaz ari, burujabetza materialaz ari gara lehenik eta behin: funtsean, euskal herritarren arteko harremanak sendotu eta euskal kohesioa lantzeaz. Hau da, komunitate-pertenentzia zentzu indartsu bat eraikitzeaz, ezinbestekoa dena burujabetza formalean ere urratsak emateko.
Tentsio hori sortzailea, emankorra izan daiteke. Baina hala izan dadin tentsio hori pentsatu egin behar da. Eta ondo pentsatzeko oinarri bat behar da, konfidantza bat geure buruarekiko. Hemen denok gara euskaltzaleak eta independentistak, inork ez du Irlanda izan nahi hizkuntzari dagokionez. Oinarri horren gainean pentsatu dezagun tentsio hori nola bilakatu dezakegun ahalik eta emankorren. Badugu urgentzia lan-eskema berri bat mahaigaineratzeko. Izan ere, euskal lurraldeek burujabetza politikoaren behar larria izango dute garaiko erronka sozial kolosalei aurre egiteko. Eta, bestalde, euskalduntze prozesua ataka batean dago: 30 urte atzera egiteko arriskua erreala da.
«Tentsio bat dago, eta tentsio gisa bizi behar dugu, Euskal Herriaren burujabetzeak eskatzen dituen artikulazio sozial zabalen eraikuntzaren eta Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesuaren artean»
Euskalduntzea burujabetza prozesuaren logikatik (honek eskatzen dituen artikulazio sozial zabaletatik) kanpo planteatzea ez da aukera bat, euskarak burujabetza behar baitu. Estatu bat bai, baina horra iristeke komunitate nazional kohesionatu bat, burujabetza materiala, hain zuzen.
Euskalduntze prozesuak, globalizazio kulturalean, aro digitalean eta inoizko euskal gizarte kulturalki askotarikoaren garaian bere alde behar du nazio-komunitate kohesionatu bat, gutxien-gutxienik euskara hurbil sentituko duena. Hori ez da aski, jakina, baina bai ezinbesteko baldintza. Eta, bestalde, euskalduntze prozesua estatu garen balizko etorkizun batera geroratzea ere ez da aukera bat geure hizkuntzaren berreskurapenean atzerapausu larriak eman nahi ez baditugu.
Tentsio sortzaile gisa pentsatu behar dugu honako hau, bi norantzatan eman baitaitezke elkar-elikatze prozesuak. Adibide konkretuak jarri asmoz: Euskal eskala demokratizatzaile baten aldeko proiektuek, eta ondorioz, euskal eskala oinarri duen marko kognitibo autozentratu bat lantzen dutenek, funtzio bat bete dezakete euskalduntzean? Adibidez, euskalduntze prozesuarekin konprometitutako komunikabide elebidunek? Erakarri ahal ditzakete gizarte-sektoreak euskal eskala demokratizatzaile baten markora eta hortik euskarara? Bete dezakete paper bat horretan? Zalantzarik gabe, bai. Baina hasi al gara eztabaida hauek egiten? Eta, adibidez, hasi al gara pentsatzen Adimen Artifizialak zer inpaktu izango duen hizkuntza-erabileran eta zer mehatxu dakartzan baina, aldi berean, zer aukera irekitzen dizkigun euskal komunikazio-sistemari artikulatzeari begira?
«Tentsio sortzaile gisa pentsatu behar dugu honako hau, bi norantzatan eman baitaitezke elkar-elikatze prozesuak»
Edota, demokratizazioaz ari bagara, ez ote gara aukera galtzen ari hizkuntza-eskubideen urraketa demokrazia arazo gisa planteatzen duen diskurtsoa beste tonu eta intentsitate batez lantzeko (beste menperakuntza ardatzetan egiten den bezala), eta horrela hizkuntza eskubideen aldeko borroka agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko? Eta kontrako norantzan, inoizko euskal gizarte kulturalki askotarikoena izango dugularik hurrengo urteetan, ari al gara behar beste pentsatzen euskara nola izan daitekeen kohesio sozialaren eraikuntzarako tresna? Zer estrategia eta zer tresna beharko ditugu horretarako? Egin dugun gogoetaren funtsa hauxe da: ezkerreko independentismoaren begiradatik, bere estrategia politikoan eta ildoaren parametroetan, nola ulertzen dugun berreuskalduntzearen borroka, eta zeintzuk diren, gure ustez, euskalduntze fase berri baten garapenerako ildo nagusiak. Gure tesia da: jauzi bat behar dugula hizkuntza politikan eta euskalgintza (herri mugimendu gisa) arnasberritzeko bide berriak behar ditugula.
Euskalgintza nola ikusten dugun
[aldatu]Kezkaz ikusten dugu euskalgintzaren dinamika soziopolitikoa. Ez goaz bide onetik. Batetik, diskurtso liberal-samar bat indartzen ikusi dugu azkenaldian: “Euskararen etorkizuna euskal hiztunon esku dago”. Eta hortik nahiko erraz iradokitzen da euskal hiztunona (geuretariko bakoitzarena modu indibidualean) dela euskalduntzearen ardura. Desplazamendu bat ikusten dugu ahalduntzearen diskurtsotik kutsu neoliberala duen diskurtso baterantz. Gauza bat da hizkuntza-ohiturak aldatu edota berrestea helburu duen ahalduntze ariketa bat, norbanakoa interpelatzen duena baina beti ere talde-ariketa baten baitan planteatzen dena: euskahaldunen kolektibo hori artikulatu nahi duena, Korrikak plazaratu zuen mezuari jarraiki.
Eta beste bat da ardura indibidualari gorazarre egitea ardura komunitarioari (publikoari) uko egiteko. Hau ideologia neoliberala da eta oso presente dago gaurko gizartean. Ikusi besterik ez dago nola osasun krisi honetan instituzio nagusiek beren ardura publikoa herritar norbanakoen bizkargainean jartzen duten. Datuak txarrak badira herritarrek beren ardurak zintzo bete ez dituztelako da, ez zerbitzu publikoak hobetu ez direlako edota instituzio publikoek ardura komunitarioa beren gain hartu ez dutelako (adibidez pedagogia sozial zorrotza eginez horrek kostu politikoa ekarrita ere).
«Kezkaz ikusten dugu euskalgintzaren dinamika soziopolitikoa. Ez goaz bide onetik. Diskurtso liberal-samar bat indartzen ikusi dugu azkenaldian»
Bide hori egiten ari ez ote garen euskarari dagokionez ere. Izan ere, euskaraldiak gorpuztu duen lankidetza garai honetan iritsi dira urte luzeetan ikusi ez diren arduragabekeria instituzionalak euskararekiko: Pandemian zehar euskara bazterrean utzi da. Momentu gakoetan gaztelera hutsez komunikatu dute Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak. Eta mezu hori hilgarria da euskararentzat: “Momentu inportanteetan gauza serioetaz hitz egiteko sobera dugu euskara”. Hori da euskal instituzio gorenek euskarari eman dioten posizio sinbolikoa pandemian zehar. Auzitegi Gorenaren edozelako ebazpenek baino kalte handiago egiten dio horrek euskarari. Izugarria da, eta ez da antzeman tamainako erreakzio sozial eta politikorik euskarari halako kaltea egin dion arduragabekeria instituzionalaren aurrean.
Adibide bat ematearren, baina gehiago jar daitezke: abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next dokumentua argitaratu zuen, gaztelera hutsez. Hilabete pasa da eta oraindik ez dago euskaraz eskuragarri. Halako garrantzia politikoa duen dokumentu bat euskaratzeko beharrik sentitzen ez duen gobernua zertan ari da?
Pandemian euskarari eman zaion tratu instituzionalaren ondoren iritsi da Euskaraldia, eta ondoren urtearen balantzea egiteko momentua. Irakurketa bat izan da Euskaraldiak balio izan duela euskara berriro agendara ekartzeko. Eta nola ulertu behar dugu mezu hau? Euskaraldia behar dugu instituzioek hartzen ez dituzten ardurek sortzen duten egoera larria konpentsatzeko? Konpentsazio mekanismo bat da? Geure bizkar gainean jarri behar dugu euskalduntzearen zama guztia? Ez dago ardura komunitario-publiko-instituzionalik? Eta hori eskatzerik/exigitzerik? Dinamika antzu samarrean erori garela deritzogu, herritarrei instituzioek hartzen ez dituzten ardurak eskatzeraino, zeinak frustrazio handi bat sor dezakeen epe laburrean euskal hiztun komunitatearen baitan. Eta halakorik ez dugu behar, behar ez dugunez.
Hizkuntza politika berria
[aldatu]Sarri irudi luke eztabaidari beldur zaiola. Eta horrek izan dezake erro bat, iragan zikloan gatazkak dena zipriztindu baitu, onerako eta txarrerako. Eta badago trauma moduko zerbait, agian hurrengo belaunaldiek gaindiko dutena, aurreko zikloa bizi ez zutenek. Eta gero, batzuk eta besteok, baditugu askotariko dependentzia moralak; eta badira dependentzia ekonomikoak ere, euskalgintza mugimendu erakundetua baita, feminismoa ez bezala.
Gatazkari ez zaio beldurrik izan behar baldin eta kultura politiko bat badago gatazka hori kudeatu eta herri terminoetan errentabilizatzea posible egingo duena. Demokrazia, hain zuzen, gatazkaren kudeaketa posible egiten duen dispositibo multzoa da. Normala (demokratikoa), ezinbestekoa eta gizarte osasuntsu baten adierazle da euskararen inguruko diskurtso eta proposamen ezberdinak egotea, eta lehia ideologikoa egotea. Afera da alderdigintzak ala herrigintzak gidatzen gaituen. Eta hor estatu paktu bat behar da: herria alderdiaren gainetik, denok ala denok, eta beti.
Politika hizki larriz egiteko garaiak dira hauek. Guk estatu seneko eztabaida poli(s)tiko bat proposatzen dugu, mugarik gabea: Orain artean aurreratu duguna (euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez) eta gaur euskarak gizartean duen atxikimendua oinarri hartuta, hizkuntza politika berri baten inguruko eztabaida egin behar dela deritzogu. Hizkuntza politika hizki larriz idatzita.
«Gatazkari ez zaio beldurrik izan behar baldin eta kultura politiko bat badago gatazka hori kudeatu eta herri terminoetan errentabilizatzea posible egingo duena»
Eta hori hizkuntza politikaren berrikuspen egiturazkoa eta integrala egitea da. Diagnostikoa argia da eta partekatua da euskalgintzan: euskalduntze faseak sabaia jo du, edo agortu egin da, edo nahi den bezala esan. Eta arriskua dago 30 urte atzera egiteko. Orain diagnostiko horrekiko koherentea den politika bat adostu eta gauzatzeko ordua da. Eta ez dugu beste hamarraldi bat galtzeko.
Eta berrikuspenak egiturazkoa eta integrala behar du. Batetik, orain arteko euskalduntze fasea agortu egin delako, gaurko hizkuntza politikak ez duelako gehiagorako ematen. Eta bestetik, aldaketa-aro sakon baten aurrean gaudelako, mundu berri batera goazelako, estrategia eta tresneria berriak eskatzen dituena. Horregatik, ez dugu uste eremu batzuk bigarren mailan uzteko moduan gaudenik. Lan mundua eta eremu ez-formala badira erronka, zalantzarik gabe, baina baita komunikazio sistema, hezkuntza formala, administrazioaren euskalduntzea, helduen alfabetatze eta euskalduntzea eta abar. Are gehiago, garaiko gizarte hain konplexuak zer nolakoak diren ikusita: bereiz ahal daitezke hain modu estankoan, adibidez, hezkuntza formala eta komunikazio sistema? Edota eremu ez-formala eta hezkuntza formala?
Bestetik, ez dirudi datorren mundu berri honen inguruko prospektiba sendo samarrik maneiatzen ari garenik: Adimen Artifizialak hizkuntza erabileran oro har eta komunikazio sisteman zehazki zein inpaktu izango duen, edota lan munduan datozen aldaketen aurrean euskara planak (orain arte ezagutu ditugun moduan) non geratzen diren, adibidez.
«Euskaraldian lortu den lankidetza beste estadio batera eramateko momentua da»
Azkenik, Auzitegi Gorenak Lasarte-Oriako euskara ordenantzaren kontura ateratako ebazpenak argiro jarri du mahai gainean euskalduntze prozesuak ezin dezakeela burujabetza politikoaren aldagaia bazterrean utzi. Badago jurisprudentzia bat kontra, euskalduntzearen eremu guztietan eragingo duena, eman beharreko jauziak ezindu edo galgatuko dituena. Euskaraldian lortu den lankidetza beste estadio batera eramateko momentua da, hizkuntza politika berriaren deliberazio ariketa partekatu eta publiko batera. Gobernantza kolaboratiboa ezin daiteke eslogan hutsala izan; kasu honetan, instituzio publikoen eta euskalgintza antolatuaren arteko lankidetza ez-hierarkikoa esan nahi du. Eta horrek euskalgintza beregain bat eskatzen du. Autonomoa eremu politiko-instituzionalarekiko edonor dagoela ere gobernuan. Uste dugu euskalgintzaren lana ez dela gaur posibletzat jotzen diren adostasun politiko-instituzionalen araberako planteamenduak egitea. Nork bestela jarri behar du mahai gainean (eta indarrez defendatu) murgiltze eredua Erkidego Autonomoan? Eta nork ofizialtasuna Nafarroan ez bada euskalgintzak?
Euskalgintza arnasberritu
[aldatu]Euskalgintza arnasberritzeko bide berriak landu behar dira. Estatu ikuspegiko hizkuntza politikak izanda ere, euskalduntzeak herri mugimenduaren bultzadaz baino ez du aurrera egingo. Eta euskalgintza ahul dago mugimendu bezala, mugimendua lausotu egin da. Ez gabiltza behar besteko euskarri ideologikorik ematen hiztun kontzienteak sortzeko. “Dena” euskararen kontra egongo den garaian euskalduntze prozesuak beharko du hiztun-komunitate ahaldundu bat, eta momentu honetan ez gabiltza hiztun komunitate ahaldundu hori birsortzen.
Guk, berriro diogu, ezkerretik eta independentismotik begiratzen diogu euskalduntzeari. Eta uste dugu dugun erronka handienetako bat dela aterki ideologikoa gaur egungo mundura egokitzea, berritutako eta egokitutako diskurtsoen bidez; hain zuzen, hiztun komunitate ahaldundu bat ekarriko duena, euskalduntze fase berriaren eragiletza gorpuztuko duena. Askotan azpimarratu dugunez, euskarak diskurtso asko behar ditu, herritarrak euskalduntzeko eraginkorra den diskurtso bat ere ez dago soberan. Baina uste dugu euskaldunei euskarri sendoak emango dizkion aterki ideologiko berrituak lekua irabazi behar duela euskalgintzan.
Bada zer hausnartu eta zer eztabaidatu. Inertziak hautsi eta bide berriak saiatzeko beharra sentitzen dela esango genuke. Denbora gure kontra egon daitekeela ere bai. Une polita pentsamendutik ekintzara ere salto egiteko.