Euskara bide berrien bila
Euskara bide berrien bila (2022) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Euskara bide berrien bila
[aldatu]Euskararen eguna ospatu genuen gaur zortzi. Egun honen zein Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legearen 40. urteurrenaren bueltan egindako diskurtsoen harira hainbat apunte: Bat: Adostasuna da euskalduntze prozesuaren aurrebaldintza. Bai eta ez: Euskalduntze prozesuak arnas luzeko estrategiak behar ditu eta horrek adostasun zabal, sendo eta iraunkorrak eskatzen ditu. Eta hori bezain egia da euskararen aldeko borroka botere harremanak iraultzeko ahalegina dela, bi nazio-estatuen supremazismoari eta neoliberalismoaren homogeneizazioari aurre egitea, eta hori ezin daiteke bake santuan egin. Inteligentzia politiko handia beharko da: pragmatismo eraldatzaile dosi handiak, baina pragmatismo dogmatikoan erori gabe, Edu Apodakak esango lukeenez.
Bi: Edozein kasutan, adostasunak behar ditugu, bai: adostasun berriak. Eta esango nuke euskalduntze prozesuaren zein euskararen aldeko mugimenduaren egoeraren gaineko diagnostikoan nahikoa adostasun egon badagoela. Nahikoa adostasun ikusten dut, baita ere, aurrerabideen inguruan:
Euskararen lurraldea zabala da eta egoera soziolinguistiko eta soziopolitiko oso desberdinetan aurkitzen gara batean zein bestean. Iñigo Urrutiak duela egun batzuk idatzitakoa aintzat hartuz, esango nuke, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian euskal hiztunen hizkuntza-taldea garatzeko espazioak ahalbidetzeko araubidea borrokatzeko momentuan gaudela, gutxiengoak babestea helburu. Zentzu horretan, euskararen ofizialtasuna ekarriko duten urratsak planteatzeko garaia da.
Eta EAEn, Iñigok berak esaten duen gisan, norbanakoak euskalduntzetik eremuak ere euskalduntzera igarotzeko garaia da, herritar guztien hizkuntza eskubideak kaltetu gabe baina modu integratuago batez: Euskara lehenetsiko duen itun sozial eta politiko baten beharrean gaude. Orain 40 urte osatutako adostasunak behar du buelta bat, beraz: Zume berriekin osatutako ahalegin bateratzaile bat jauzi kualitatibo bat ekarriko duena. Horren aurrerapena behar du hezkuntza legeak, hizkuntza ereduen paradigma gaindituko duen hizkuntza esparru baten alde eginez, euskara gutxiago duenari euskara gehiago emango diona.
Hiru: Adostasuna ikusten dut, baita ere, hizkuntza politika era integralean birpentsatu beharraren inguruan. Mundua eta gizartea zeharo aldatu dira eta guztiak behar du pentsaldi sakon bat: hezkuntzak, komunikazio sistemak, aisialdiak, lan munduak eta abar. Ados gaude jauzien beharrarekin. Jauziak behar ditugu eremu bakoitzean, estrategia berriak martxan jarri.
Lau: Hizkuntza politika berriez harago, euskararen aldeko herri mugimendua biziberritzea falta da. Honek ere behar du beste pentsaldi bat. Hedatuegi dago euskalgintza despolitizatu beharraren ideia, justu kontrakoa behar dugunean: euskararen aldeko mugimenduaren birpolitizazio bat. Euskarak hiztun komunitate trinko bat izango badu datozen garaietan, jende horrek hautu kontziente bat egingo du nahitaez, hautu bat guztiz politikoa. Eta horretarako, tresneria ideologiko indartsu bat beharko du eskura, krisi-aro global honetan norberatasuna eraikitzeko baliagarria izango zaiona, eta gutasun baten parte egingo duena. Uste dut hemen daukagula hutsunerik larriena.
Normalizazioaren diskurtsoak ez digu balio, eta hizkuntzen arteko bizikidetzarenak balio ahalko liguke Espainiaren eta Frantziaren azpian ez bageunde. Azken 60 urteetako ibilbidea emankorra izan bada zentzu askotan, egin dezagun genealogia eta azter dezagun zerk elikatu duen euskararen aldeko bulkada soziala. Idurre Eskisabelen hitzetan, euskararen aldeko erresistentziaren ibilbide hau aspalditik da hizkuntza jakin bati eustetik haragokoa: eraldaketa soziala bere egiten duen konstante bat dago.
Bost: Gerrara ohitu gintezke, baina gerra egon badago. Supremazismo linguistikoaren aski adibide izan ditugu azken urteetan epaitegien eta estatuko beste botereen eskutik. Eta joera historikoa da, datozen urteetan okerrera egin dezakeena nabarmen. Gure indarren eta mugen kontziente behar dugu, inteligentzia politiko handia beharko da, baina bestaldera begiratzea ez da aukera ona, inondik ere.