Euskara bidegurutzean. Berritze ideologikorako gakoak
Euskara bidegurutzean. Berritze ideologikorako gakoak (2020) |
Errian argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Euskara bidegurutzean. Berritze ideologikorako gakoak
Azken urteak noraez garaiak izan dira herrigintzaren esparru zenbaitetan. Ordurarteko paradigmak agorbidean zeudenaren sentipenak indarra hartzeaz batera ipar garbirik ez izateak ezinegona sorrarazi du. Esango nuke halakoxe egoeran egon dela euskalgintza azken urte luzeetan.
Bidegurutzean zein bide hartu erabaki ezinik batzuen iritziz, errotondan bueltaka besteen ustetan. Gaur oso jende gutxik ukatuko du euskalduntze fase oso bat agortu dela, orain arteko hizkuntza politikek goia jo dutela, jauzi kualitatibo bat behar dela, erreakzio azkar bat. Nahi den moduan esan daiteke baina antzerako zerbait esaten ari gara denok. Ezbairik gabe ETAren zikloaren itxierak erdiz erdi gurutzatu du euskalgintzaren krisia. Garai politiko berriaren onuradun handietako bat izan ahalko zitekeen euskara. Ordurarte posible izan ez zen akordio soziopolitiko handi baten objektu, euskarak XXI. mendean behar dituen politikak diseinatzeko orube komuna jarriko zukeena. Ez da hala izan. Aldaketa aroaren –edo aro aldaketaren– zurrunbiloan murgilduta iragan ditugu azken urte luzeak, ezagutu dugun mundu bat urtzen eta beste bat gorpuzten ari zela geroz eta argiago genuela. Eta mundu berri horretan euskara gure proiektu politikoan nola kokatu erabat asmatu ezinda.
2015ean Jakin eta UEUk Kata-kraken antolatu zuten “Euskara, naziogintza eta estatugintzaren erdian” ikastaroan isladatu zen ikuspegi ezberdinen arteko talka. Ikastaro hartako sarrera hitzaldian esandakoak liburu batean bildu zituen ondoren Joxe Azurmendik –Hizkuntza, nazioa, estatua, Elkar 2017–. Euskara eta burujabetza prozesua, zer eta nola: horixe eztabaidaren funtsa. Igaro dira urte batzuk ordutik eta esango nuke ikuspegi argiagoa dugula dagoeneko. Gogoetagai nagusien kondentsazio moduko bat gertatu dela eta ipar bat finkatzeko moduan egon gaitez-keela ireki berri den hamarraldi honi begira.Beharra ere bai baitago. Beharra baino gehiago, urgentzia. CO-VID-19aren krisiak ageri-agerian jarri du euskara zein zaurgarria den. Josu Amezagaren hitzak dira: “Beste halako bi eta euskararenak egin du”.
Gaur oso jende gutxik ukatuko du euskalduntze fase oso bat agortu dela, orain arteko hizkuntza politikek goia jo dutela.COVID-19aren krisiak ageri-agerian jarri du euskara zein zaurgarria den. Josu Amezagaren hitzak dira: “Beste halako bi eta euskararenak egin du”.
Ez gaude beste hamarraldi bat galtzeko, eta euskalduntze prozesuaren biziberritzeak ezkerreko inde-pendentismoaren arnasa behar du. Horri erantzun nahi dio, hain zuzen, Plaza Hutsan egiten ari den gogoeta prozesuak. Otsailaren 22an, Gasteizko Europa jauregian, urte honen bukaera aldera itxi nahi den gogoeta prozesu ireki baterako oinarrizko dokumentua, “Euskalduntze fase berri baterako gogoetak” izenekoa, eztabaidatu zen. Dokumentu horrek orain arteko euskalduntze fasearen balantzea egiten du lehenik eta behin, euskarak egun bizi duen egoeraren analisia ondoren, eta bulkada berri baten beharraz mintzo da azkenik.
Azken hau da dokumentuaren atal nagusia, zeina euskalgintzaren biziberritzea pentsatzeko ekarpena den funtsean. Euskalgintzak berrikuntza ideologiko baten premia duela planteatzen du eta hizkuntz-ideologia ezker independentismoaren corpus ideologikoan ondo txertatzea ezin-bestekoa dela. Zentzu horretan, dokumentu hau azken boladan egiten ari garen ahalegin za-balago baten parte da: askapen mugimenduaren oinarri ideologikoen eguneratzea. Honatx dokumentuaren muina: Berrikuntza ideologikoa.
Zailtasunak ditugu euskararen gorpuzte sozialerako eta euskal hiztunen eskubideak berma-tzeko beharrezkoa den aterki ideologikoa gaur egungo mundura egokitzeko, berritutako eta egokitutako diskurtsoen bidez. Diskurtsoa berritzeko, bi ildo dira bereziki interesgarriak, itxura batean kontraesankorrak eman dezaketenak, baina, sakonean osagarri direnak: batetik, hizkuntza gatazka identitate auzi hutsetik ateratzen duen diskurtso eta praktika lerroa. Hau da, euskaldun/ez-euskaldun parametroetatik jauzi egin eta herritar/hiztun eskubideetara eraman; hots, demokrazia eta justizia sozialaren terminoetara.
"Ametsa barreiatuko duen mugimendua behar du garai honek, euskal hiztun kontzienteak sortzeko gai diren praktika diskurtsiboak. Feminismoak egiten duen bezala, hizkuntza gatazka azaleratuko duen lan-molde eta forma askotariko praktika politiko euskaltzale baten premia dugu"
Feminismoak edota erabakitze eskubidearen gaineko diskurtsoak egin duen bezala, aldez aurretik identitarioak liratekeen auziak herritar/ez-herritar, eskubide osoko/eskubiderik gabeko, demokrata/ez-demokrata parametro unibertsalizatuetara eramatea. Hizkuntza eskubideen aldeko borroka botere-harremanak eraldatzearekin lotzen da beraz, justizia sozialean eta demokrazian oinarritzen den beste jendarte eredu baten aldeko ekimena da.Horren osagarri litzatekeen ildo diskurtsiboak, berriz, herri/kultur identitatearen aldarrikapenaren ezkerreko irakurketa positiboa berreskuratu beharko luke: pertsonen eta kolektiboen nor izatearen, burujabetzaren (erabakimenaren) esparruan kokatu.
Kultur homogeneizazioa da neoliberalismoaren lanabes eragingarrienetako bat, desira eta espektatiba berdinak dituzten pertsonak nahi ditu munduko edozein lekutan. Esan bezala, euskal egitasmoak homogeneizazioaren kontrakoa, berdintasunaren eta askatasunaren aldekoa behar du.Identitatearekin egiten dugu topo hemen eta horrekin lotutako sentimendu eta ideiekin. Auzi hau ez da iraganeko kontua, partikulartasunera kondenatzen gaituena balio unibertsalen aldean. Aitzitik, globalizazioaren krisiaren garai honetan funtsezko aldagaia bilakatu da. Izan ere, globalizazioaren arrakastaren ospakizunak atzean utzita, burujabetzaren aldeko diskurtsoak indarrez datoz bueltan.
Neoliberalismoak taldetasuna hausten du, kolektiboa, komuna, publikoa dena pribatizatuz nor banakoa bakar-bakarrik nahi du merkatuaren aurrean. Jendarte hauskor eta fragmentatuak dira gaurkoak, talde baten parte sentitzeko premia bizia dutenak. Identitatearen eraikuntzari, nor izateari (nortasunari), edo, nahi bada, nazio kontakizunari etorkizuneko proiekzio eraldatzailea emateaz ari gara. Berritze ideologiko hau ezkerreko independentismoak fase politiko honetan behar duen berrikuntza ideologikoaren parte da, eta, beraz, erabat txertatuta behar du askapen egitasmoaren corpus ideologikoan. Euskarak askapen egitasmoan izan duen erdigune sinbolikoa birdefinitzea da proposatzen ari garena.
"Hizkuntza eskubideen aldeko borroka botere-harremanak eraldatzearekin lotzen da beraz, justizia sozialean eta demokrazian oinarritzen den beste jendarte eredu baten aldeko ekimena da"
Euskalgintzaren biziberritzea Euskalduntzearen gisako erronka bat herri-mugimenduaren bultzadaz baino ezin gauza daiteke. Esan bezala, premiazkoa deritzogu mugimendu euskal-tzalearen biziberritzea. Ametsa barreiatuko duen mugimendua behar du garai honek, euskal hiztun kontzienteak sortzeko gai diren praktika diskurtsiboak. Hain zuzen, proposatutako berri-tze ideologikoaren bidetik, hizkuntza eskubideen eta justizia sozialaren aldarria herri-egitasmo emantzipatu batekin josiko duen praktika diskurtsiboa faltan dugula deritzogu, euskal-tzaletasuna garaiko mugimendu sozial emergenteekin (feminismoa, ekologismoa, arrazakeria-ren kontrakoa) sintonizatu eta artikulatuko duena.
Euskalgintzaren biziberritzerako hiru bide proposatuko ditugu hemen:
Lehena urte luzeetako borroka-jarioa eguneratzea da. Lutxo Egiak mugarri bat jarri zuen 2015ean. Donostiako Egia auzoak hartu zion lekukoa, Lasarte eta Agurainek ondoren, hasierako ekintza performatiboa ekimen kolektibo berritzaile bihurtu zen. Euskal hiztunak ahalduntzearen bidez hizkuntza gatazka esplizitatu eta izendatzea zen helburua. Errekasto hura emari handiko ibai bilakatu da Euskaraldiari esker. Euskaraldiaren onurak zerrendatzeak luze joko luke. Potentzial handiko ekimena da, aldaera ezberdinak izan ditzakeena eta tokian tokiko errealitatera egokitzeko aukerak ematen dituena. Ekimen honek ez-euskalduna modu abegikorrean interpelatzen du, eta horrela behar du. Baina, aldi berean, interpelazio hori bera beste maila batzuetara eramango duten ekimenen faltan ere bagaudela deritzogu. Feminismoak egiten duen bezala, hizkuntza gatazka azaleratuko duen lan-molde eta forma askotariko praktika politiko euskaltzale baten premia dugu, hizkuntzaren auzia problematizatu eta hizkuntza politiketan aldaketak beharrezkoak direla ikusaraziko duena.
"Hizkuntza batek ez du etorkizunik kultur sistema beregainik gabe. Egun, euskaldunok, ez dugu aukera sendorik komunitate gisa identifikatzeko, haserretzeko, pentsatzeko, pozteko, irakurketa sentikor bat adierazteko"
Intersekzionalitatearen bidea jorratzen duen elkargunearen ideia da bigarrena. Feminismoaren, ekologismoaren edota arrazakeriaren kontrako mugimenduaren eta euskaltzaletasunaren arteko gurutzaketak bilatzea. Hizkuntza praktika kontziente bat egiten dugun euskaldunon azpiratzea bestelako menderakuntzekin gurutzatu dadin. Horrela, menderakuntza-sistema ezberdinetako botere-harremanak esplizitatu eta elkar ahalduntzeko guneak sortuz. Euskara feminismoaren, ekologismoaren edota arrazakeriaren kontrako mugimenduaren hizkuntza izan dadin, mundu berri baten ametsaren gogoeroale bihur dadin. Globalizazio neoliberalaren tota-litarismo berriari aurre egiteko lekune bat, praktika bat, politika eta estetika bat (ez hori bakarrik, baina hori ere bai).
Talde feminista euskaltzaleak, ingurumenaren zaintza sustatzen duten mendi-talde euskaltzaleak, herri hezitzaileen filosofian txertatutako esperientziak eta abar. Euskal kulturgintza sistema indartzea da hirugarrena. Hizkuntzaren jabekuntza hutsetik landa, komunikazio sinbolikoan, afektiboan eta kultur komunikazioan jarriz lehentasuna. Hizkuntza batek ez baitu etorkizunik kultur sistema beregainik gabe. Egun, euskaldunok, ez dugu aukera sendorik komunitate gisa identifikatzeko, haserretzeko, pentsatzeko, pozteko, irakurketa sentikor bat adierazteko. Kultur eredu burujabea eskala lokaletik sustatzeaz ari gara. Arte eszenikoak, literatura eta zinemagintza oinarri gisa hartuz, eskala lokala eremu estrategiko kontsideratu eta esperimentazio guneak sortzea izan liteke etorkizuneko politika kultural orokorrago baten zutabe bat.