Unamuno'tar Mikel, yaun argiari,
gure ausardi gorriaz yabetu dedin.
Heuskara, ialgiadi kanpora!
Heuskara, habil mundu guzira!
(Etxepare'k, orain lareuntsu urte).
BIDAZTIAR-DEI
Aberriaren abots eztia,
gogamenaren ezkon xuria:
ekatzan esku guria,
atorkit geldi-geldia,
uztagun, aldikoz, Euskalerria.
LARRE-LORE
Eder aunagu, mintzo yoria,
eder, benetan, garoz yantzia:
larre-loretik eztia,
basotik euskal-mamia,
laister sortzen aal-duk, Olerkaria!
Ta, ala Yaunaren gogo baledi
nik gogo dudan bezin gartsuki,
euskotar azal ta mami,
gure erriaren olerki
garaia, norbaitek lenbait-leen begi!
ORO-MINTZO
Baiña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soiña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa.
AMETS-BIDEETAN BARNA
Ez adi beldur, nere Maiteder:
baserriz landa nai aunat ager-
arazi, bazterrik-bazter,
arroki; ezpaitun ezer
lurbiran ederrik i bezain eder!
Gogamenaren ezkon ez-antzu,
eztei-ondoko bide diñagu.
Otoi, Yauna, ibilgo-buru,
maitasun-edermin-zitu,
aur begi-argirik anitz bekargu.
* * *
Itxaso bare, zelai urdiña,
muga-biribil, belar-berdiña:
goizaldea duk sorgiña!
Dirdaiez ikus egiña
mende-neurle dugun kurpil ariña...
* * *
Iguzkipean ugartedia...
Ur zabalean oial zuria...
Zuaitz arrotzen azpia,
eun oztiñek itzalia!
Or bide-zetzan Gerbault bakartia...
* * *
Lekaro zabal lurraren gerri,
ondardi kixkal eriogarri:
bidazti-begiek sarri
aidean baso ta iturri:
bertaraiñokoan ondarra gorri!
* * *
Dagigun arraun Izotz-errira,
zaarren aztarrik danentz begira:
amaika yoan ta bira
egiñik igaz baitira,
eskuan arpoia, soiñean zira!
Legorra zuri, beltz itsasoa:
izotz bat untzi gure ibilgoa...
Bakarte yaungoikozkoa!
Xoil, egazti bat diyoa
odeien senide, zabal egoa...
Kanta ditzagun ango gau luze,
ango illun-nabar su gorriz bete;
gizonek elurra aterpe;
lurralde gizenik gabe;
gure Euskalerriaz ain guziz beste!
* * *
Iri nagusi, giza-erlauntza:
zorapenezko aruntz-onuntza,
sumabearra, yakintza,
sal-eros ekurugaitza,
gure elkar-indarrak itzuli bitzal
Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-ala, ta abes gozoro...
Apaindu zernaitarako:
agi gai adierazteko
gizaki guzien alderdi ta asmo.
GURENTZA
Ta, beeko gaiok agor-ezkeroz,
Iguzki'k ezin urtuzko egoz
(Ikar'ek ez bezelakoz)
goazeman zerura igoz,
izar urdiñetaraiñoko asmoz!