Euste-hormak eta zutoinak
EAJren bestondoa (2023) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Euste-hormak eta zutoinak
Egoera politiko eta sozialak errotik eraldatu nahi dituenak egoera horiek mantentzeko interesak dituztenek jarriko dizkioten oztopoak topatuko ditu etengabe. Hau esatea ez da gauza handia, jakina da bizitzan eskarmentu txikiena duenarentzat. Botere-harremanek osatzen dute edozein giza-talde, politika botere-harremanen kudeaketa da, eta botere-harremanak aldatu nahi dituenak korrontearen kontra egin beharko du. Eta gauzak aldatzeko gero eta aukera gehiago izan, bere ideiak zentzu komunetik gero eta gertuago egon, orduan eta indartsuagoa izango da kontrako oldarraldia.
Ezker independentistak proiektu eraldatzaile bat ordezkatzen du. Euskal Herriaren burujabetzaren aldarria inpugnazio erradikala da, ez soilik Espainiaren nazio izaera inperialari, baita elite estraktibisten interesei ere. Eta zaintzak, eraldaketa ekosoziala, zerbitzu publikoak, lurraldean errotutako ehun produktiboa edo euskararen eta euskal kulturaren garapena erdigunean jartzen dituenak gauza asko inpugnatzen ditu.
Korrontearen kontra ari denak, gutxienik, hiru zutoin behar ditu bere burua ondo oinarritzeko. Lehena, epe ertain-luzeko estrategia bat, eta horrekiko konfiantza sendoa. Emaitza batzuk ez baitira epe laburrean ikusiko. Horixe izan zen, irlandarren esperientzian oinarrituz, Declan Kearney Sinn Feineko presidenteak Aberri Egunean utzi zigun mezu nagusia. Argi luzeak, epe luzeko begirada, pazientzia estrategikoa: turbulentzia handiko garaian ezinbestekoa.
Bigarrena, pasioa: pazientzia estrategikoak ez dezan tentsio galerarik ekarri. Momentu bakoitzean zirrikituak, abaguneak, tira egiteko hariak bilatzeko ezinegon bat. Aukerak espero ez direnean sortzen baitira gehientsuenetan, hondoko korronteak badirauelako eta inoiz ez baitago jakiterik noiz eta non urratuko duen lurrazala. Ekin egin behar da. Aukera-leihoek ekinean harrapatu behar gaituzte, ernai, abaguneak probesteko erreflexuekin.
Eta hirugarrenik, mundualdia bizitzeko filosofia bat. Aldaketak zailak baitira, proiektu kolektiboak konplexuak, eta garaia, nahasia. Ni, horri dagokionez, Pepe Mujicak limurtzen nau. Gure ekimen politikoaren funtsa, mugitzen gaituena, bidean jarraitzera bultzatzen gaituena eta agenda erreakzionarioari aurre egiteko indarra ematen diguna nolabait azaldu beharko banu, honela laburbilduko nuke: parean tokatzen zaigun aukera bakoitza baliatzen saiatzea etorkizun hobea, herri hobea, eraikitzeko.
Eta, era batera edo bestera, egunero agertzen dira gauzak hobetzeko aukerak, norberak bere burua hobetu eta horrela jendearen bizitzak hobetzeko bideak. Pepe Mujicak dioen bezala, geure buruaren epaile izatea da kontua. Egunero, oheratzen garenean, balantze bat egin: ondo egin dugun, erdizka egin dugun edo gaizki egin dugun. Ez dugu inoiz mundu hoberik izango geure burua hobetzeko borrokatzen ez badugu. ppY lo imposible cuesta un poco máspp.
Pepe Mujicaren beste ikasgai bat: gorrotorik ez erein, naturak aurrealdean jarri zizkigun begiak eta asko dago egiteko. Iraganetik ikasi behar da aurrean dauden oztopoak gainditzeko, bai, baina ezin dugu ontzat eman herri hau etorkizunik gabeko iraganera kondenatzea, ez. Eta eraldaketari muga jarri nahi diotenek iragan beltzera kondenatu nahi dute herri hau. Euste-hormak altxatuko dituzte bata bestearen atzean. Batzuetan indarrak bildu beharko ditugu hormak eraisten saiatzeko, beste batzuetan hormatzarrei iskin egin beharko diegu, saihesbideak hartuz; eta beste batzuetan hormak adreiluz adreilu deseraikitzea tokatuko zaigu, nahiz eta lan nekeza izan.
Baina, orduan ere, zutoinak sendo badauzkagu, beti sortuko da aukerarik etorkizun hobe bat eta herri hobe bat sortzeko imintzio txikietarako. Eta nago baietz, zutoinak sendoak direla.