Ez-nahikoa
Ez-nahikoa (2022) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Ez-nahikoa
[aldatu]Nahiko nuke nik ere berdina esan. Aurrerapauso handia litzatekeelako estatu ardurak izan dituen norbaitek torturaren erantzukizuna bere gain hartzea, edo GALek eragindako mina. Zeinen positiboa litzatekeen herri honentzat bakarren batek «ez zukeen gertatu behar» esango balu dispertsioak eragindako biktimei zuzenduz. Nola aldaraziko lukeen halako keinu batek jende askoren aldartea, begirada, eta zelako baldintzak sortuko lituzkeen lubaki ezberdinetan egon garenon arteko elkarrizketa berriak abiarazteko, etorkizuneko herri bisio partekatua eraikitzeko. Hitzok ez-nahikoak lirateke askorentzat, baina ez-nahikotasunaren dialektika horrek lurzoru emankor bat ekarriko luke, zarata baino egon ez den lekuan melodia hari bat sortuko luke, bakoitzari bere instrumentua afinatzeko gonbita egingo liokeena, melodia hauskor hori gorpuztu, sendotu eta aberasteko bideak irekiz.
EH Bilduk abstentzioa emango du de facto onartuak zeuden Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen hobekuntza adierazgarrien truke. Esango nuke nahikoa direla Osakidetzako lehen arretara, ikerketa eta garapenera eta trantsizio energetikora zuzendutako diru baliabide gehigarriak abstentzioa justifikatzeko. Kontuan hartu behar baita, kasu honetan EH Bilduren abstentzioak ez dituela gehiengoak aldarazten; alegia, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartuak zeudela lehen momentutik.
Beste gai batzuk ere izan dira, ordea, negoziazio mahaian. EH Bilduk, proposamen ekonomikoez gain, sei akordio politiko jarri ditu mahaiaren gainean: gutxieneko soldata, etxebizitzen alogera prezioa, zerga politika, ikerketa eta garapena, Lanbide eta ikus-entzunezkoak. Horietatik bakarrari heldu dio Gobernuak: ikerketa eta garapenari. Badu zentzurik proposamen politikoen planteamendu honek eta badago sintoniarik europar funtsen aferan koalizioak egin izan duen gogoetarekin: aurrekontu hauek ez dira nolanahikoak, aldaketa handien garaian (energetikoa, digitala, soziala), eraldaketa norabide bat finkatu eta ibiltzen hasteko momentua da, eta aurrekontuek horretarako tresna behar dute. Europar funtsetatik datorren inbertsioa zein aurrekontu politika palanka izan behar dira. Baina horretarako, botere publikoak ekonomiari eta gizarte garapenari norabidea eman behar die. Akordio politikoak behar dira baliabide ekonomikoak ondo norabidetu eta eraginkortzeko. Gobernuaren jarrera proaktiboak zuzendutako lidergo publikoa behar da hainbat funtsezko arlotan.
Ez da posible izan europar funtsei dagokienez: EH Bilduk hiru aldiz luzatu dio eskua Gobernu honi urte honetan zehar, proposamen zehatzekin eta batzuen eta besteen ikuspegiak erkatzen saiatuz. Ez du erantzunik jaso. Eta ez da posible izan aurrekontu hauen negoziaketan ere aipatu funtsezko sei arloetatik bostetan. Aukerak galtzen ari gara herri gisa egoerei aurre hartu eta politika publiko eraginkorrak egiteko.
Gutxieneko soldataren zein etxebizitzaren gaineko akordioak, adibidez, badira urratsak, baina ez-nahikoak. Harago joan zitekeen, eta harago joan behar zen, baina Gobernuak jokabide pasiboa hobetsi du bi arlootan. Nafarroan EH Bilduk horixe bera sinatu duela esaten da, baina Nafarroako indar korrelazioa eta mendebaldeko hiru probintzietakoa ez da berdina: UPN lehen indarra da Nafarroan, mendebaldeko hiru probintzietan eskuin espainolista minoritarioa. Beste hainbat oinarrizko arlotan, Eusko Jaurlaritzak ez du urrats adierazgarririk eman nahi izan: badatorren fiskalitatearen gaineko eztabaidari aurre hartu eta zerga politika herri ikuspegiz pentsatzea, adinekoen egoitzetan pandemian pasatu denaren auditoria publiko bat egin eta neurri zuzentzaileak sustatzea, ikus-entzunezko sektorea artikulatzeko politikak garatzea, Lanbideren administrazio kontseiluak, kooperatibei jartzen zaien betoa bertan behera utziz, herri honetako enpresa errealitatea ordezkatzea.
Ez-nahikotzat joko dute aurrekontuen gaineko akordio hau hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk ere. Halakoa baita, ez-nahikoa. Galdera da, milioiak gorabehera, honetan ere, ez-nahikotasunaren dialektika emankorra zaigun ala ez. Zer negoziatu den eta negoziazioak zer eman duen esplikatzeak asteazkenean kaleratu ziren aldarrikapen sozioekonomiko berdinzaleen aukerak kamustu ala indartzen dituen, indar harreman berriak eraikitzeko bideak zabaltzen ote dituen.