1/
Ez beza iñork dudarik,
ditu Gipuzkua'k
alkate jaunak larogei t'amar
zorionekuak.
2/
Nai ditugula oitura
txit antziñakuak,
senideak ditugula euskaldun
Naparrua'kuak.
3/
Euskeraz erakutsi
lenbizi aurrari,
deabruaren atzaparretan
ez dediñ erori.
4/
Jakin bear du nola
ogiya irabazi,
zabarkeriyan ibilli gabe
txukun dedin bizi.
5/
Milla beatzireun berrogei ta
amargarren urtian,
Euskal Festa ederrak izandu
dira Donostia'n.
6/
Abenduak ogei ta bat
zituan eguna,
merke lukainka-muturra ta ogi
txuriya biguña.
7/
Gros deritzen diogun
pillota-tokira
inguraturik, pozak txoratzen
jende asko begira.
8/
Txartelak ziradela
diruaren ordaiñ,
ori gabe festarikan iñun
ez da ikusten oraiñ.
9/
Ttunttuna eta txistua
ta filarmonika,
ta kantariyak solfeua ta
lasaia birika.
10/
Bertsolariyak iñun
ez bezelakuak;
dudarik gabe, gera euskotarrak
buru argikuak.
11/
Neska-mutill gaztiak
dantzan ondo egiñ,
txepetxak Maiatzian bezela
oiñak ariñ-ariñ.
12/
Bederatzi pareja
onak ziran, baña
lenbiziko premiyua eraman
dute Andoañ'a.
13/
Dudarik gabe zala
juezen baimena:
txistularietan Bergara'kua
bandarik onena.
14/
An ziran bertsolari
danetan onena,
juzgatu zutena oiartzuarra
Jose Mitxelena.
15/
Jesus eta Gabriel,
juez asko jakiñak,
ochotes edo kantari onenak
ziran kaxkariñak.
16/
Neska gazte politak
estimaziyua,
zartxuaguak zuten begira
murmuraziyua.
17/
Merkia ez arren gauzak
duten preziyua,
indi-oillarrak bezin dotore
ostentaziyua.
18/
Ezkontzeko izan arren
askok desiua,
ezin billatu dutela iñun
abitaziyua.
19/
Jartzeko esaten diote
agintari jauneri
kontribuziyua Euskal-Erriko
mutill zar daneri.
20/
Ezkondu nai al duten
dituzte orain galdez,
zapateruak Xeledonio
eta Joxe Andres.
21/
Igandian mozkortu,
jai astelenian,
zintzotuko zerate ardua
merkatzen danian.
22/
Ardua erango degu
iñun bada matsik,
zuek eskuan dezuten poltsa
geienian utsik.
Bertso-papera, «Imp. Macazaga. - Renteria.;
Fernando Artola "Bordari", Ondarrabia.