Edukira joan

Ezkongaietan

Wikitekatik
Ezkongaietan
Jose Maria Iparragirre

Ezkongaietan


1
Ezkongaietan zerbait banintzan,
ezkondu eta ezer ez;
ederzalea banintzan ere
aspertu nintzan ederrez:
nere gustua egin nuen ta
orain bizi naiz dolorez.

2
Nere andrea andre ederra zan
ezkondu nintzan orduan
mudatuko zan esperantzakin
ere, batere ez nuan;
surik batere baldin badago
maiz dago aren onduan.

3
Zokoak zikin, tximak jario,
aurra zintzilik besoan;
adabakia desegokia
gona zarraren zuloan;
iru txikiko botila aundia
dauka berakin alboan.

4
Nere andrea alperra dago,
ez da munduan bakarrik;
gauza gozoen zalea da ta
ez du egin nai bearrik;
sekulan ere ez da ondo izango
alakoaren senarrik.

5
Larunbatetik larunbatera
garbitzen ditu zatar bi,
bere aietxek berotutzeko
erretzen egur zama bi;
belaun bietan bana artuta
ez da ixiltzen kantari.

6
Nere andrea goiz jeikitzen da
festara bear denean;
buruko mina egiten zaio
asi baino len lanean.
zurekin zer gertatu bear zen
nik bildurrikan ez nuan.