Gaur da bihar
Gaur da bihar (2021) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Gaur da bihar
Umore politikoari buruz aritu naiz solasean asteon hainbat kiderekin eta Mikel Zubimendiri duela bi aste orriotan irakurria etorri zait gogora. Zera zioen Mikelek: faltan sumatzen duela kontakizun politiko on bat, eta uste duela jendearen umore politikoa aldatuko bada, pasioa berreskuratu eta arrazoi puruak baino gehiago asmo emozionalek argitu beharko dutela gure bidea. Emozioek politikan duten garrantzia azpimarratzen zuen Mikelek, estrategia baino lehenago horizontea, ikuspegia, bisioa dagoela sinisten duela.
«Tiempo suspendido» kategoria proposatu du Alvaro Garcia Linerak garai hau deskribatzeko. Denbora horizonte bat dagoenean mugitzen dela dio, nora goazen imajinatu dezakegunean behintzat. Bere ustetan, egun, globalizazio neoliberalaren ixte luze eta agonikoaren ondorioz, hegemonia neoliberalaren optimismo historikoa galdu egin da, neoliberalismoak imajinarioa eta kontakizuna sortzeko ahalmena galdu du; garai hau gainbehera dator («ocaso de época»). Eta bistan da ezkerra ere ez dela gai imajinario eta kontakizun alternatibo bat sortzeko, neurri batean, XX. mendeko ideologia modernoak ilustrazioan bota zituztelako sustraiak, eta zibilizazio krisi hau, neoliberalismoaren krisia baino areago, modernitatearen krisia ere badelako.
Zein da etorkizunik gabeko garai honetan indar mobilizatzailea sortzeko gai den kontakizuna, gogo-bihotzak piztu ditzakeena, politikaren zentzu noblea berreskuratu dezakeena, sendagarria dena; Mikelek zioen moduan, elkarrizketa heldua, egiazkoa, ahalbidetuko duen kultura politikoa eskuratzeko gai izango dena.
Ez naiz ni gai halako erantzunik emateko. Baina asteon bueltaka darabilt agian etorkizunik gabeko orainaldian harrapatuta bagaude, etorkizuna irudikatzeko indarge, oraina bihar balitz bezala bizitzea dagokigula. Eta bat nator Mikelekin Euskal Herriaren etorkizuna orain ari dela forma hartzen uste duela esaten duenean. Eta hor bai okurritzen zaizkit mila aukera nondik ekin. Esperantza ziurrik gabe, ezkerrak ilusioaren erregai izan duen optimismo historikorik gabe, baina ekin.
Komunitatearekiko zerbitzu bokazioz ekin. Lekuan leku, independentismoak gizarte sektore desjabetuen ondoan egon behar du, babesa eskainiz eta arazoen erroak azalaraziz. Ekintzaile komunitarioen gerrilla bat, udalgintza herrigilean saiatuz, tokian toki, eraikuntza komunitarioan ari dena; halakoa nahiko nuke nik euskal independentismoa.
Garai honen potentzial politikoa askatzeko gai den herrigintzan ekin: badago gaitasuna Berlinen egin den etxebizitzaren kanpainaren antzeko zerbait Donostian egiteko; oso transbertsala izan daitekeen euskal mugimendu ekologista bat antolatzeko, erradikalki eraldatzailea, antikapitalista; mugimendu feminista tokian toki errotzeko; euskalgintzaren garai berriari arnasa emateko; kultur bilguneak herriz herri antolatzeko; euskal hezkuntza fase historiko berri batera eramango duen mugimenduari giharra eskaintzeko, eta abar. Herri mugimendu zeri deitzen zaion eta halako herrigintza batek zein talante eta zer talentu eskatzen dituen galdetu beharko genioke geure buruari.
Euskal Herriaren geroa geure bizkar gainean sentituz ekin. Nazio gisa, gizarte gisa zer izango garen gaur baitago jokoan. Gaurko erabakiek goitik behera baldintzatuko dute Euskal Herriaren etorkizuna eta ondorengo belaunaldien ongizatea. Ez dira lirikarako garai onenak, kexatu izan gara maiz. Herri baten zamak asko pisatzen du, baina hor dugu beste belaunaldi batzuek sentitu izan duten ardura historikoa. Bada ekiteko nahikoa motibo.
Bada nahikoa epikoa herri zahar honi etorkizun bat emateko ahalegina. Ekinez sortuko dugu kontakizun berri bat, eta badago zertan ekin. Zauriak elkarlanean sendatzen dira, helburu komunen aldeko ahalegin zintzoan. Bakoitzari erosoen zaion lekuan, badago zertan ekin.