Laugarren liburua
KAPITULUAK
[aldatu]1. HILKORREI ARGI GARDENA ERAKUSTEN DIENA OSO ATSEGINA DELA NORBERETZAT
29. SIMULAKROEZ
98. IRUDIEZ
116. ANIMALIAK ZEIN TXIKIAK DIREN
127. HANDIAK ERE BADIRELA
131. HODEIEN ETA SIMULAKROEN SORRERAZ
176. ABIADURAZ
230. UKIMEN IKUSTEA
269. ISPILUAZ BESTE ALDEAN ZERGATIK IKUSTEN DEN
312. ILUNPETIK ARGITAN DAGOENA IKUS DAITEKEELA ETA ARGITATIK ILUNPEAN DAGOENIK EZIN IKUSI
326. ZERGATIK SORTZEN DEN IRUDI MORDOA
353. DORREEZ
364. GIZA GERIZAZ
387. IKUSMENAZ
476. SENTIMEN EGIAZKOTIK ZERGATIK EZAGUT DAITEKEEN
513. SENTIMEN FALTSUAZ
524. ENTZUMENAZ
525. AHOTSA GORPUZTUNA DELA
572. AHOTSAREN IRUDIEZ
595. AHOTSAK ZERGATIK ZEHARTZEN DUEN IKUSMENAK EZIN DUENA
615. ZAPOREAZ
633. ZERGATIK ZER BATZUK BESTE BATZUEN KONTRAKOAK DIREN
673. USAINAZ
722. GOGOAREN MUGIDAZ
779. ZERGATIK PENTSATZEN DUGUN LAKET ZAIGUN HARTAN
836. BEGIAK, MIHIA, BELARRIAK, EURON ERABILERA BAINO LEHENAGO SORTUAK DIRELA
877. LOHADARREN MUGIDAZ, HOTS, IBILTZEAZ
907. LOAZ, NOLA GERTATZEN DEN
962. AMETSEZ
1030. MAITE KONTUEZ
LAUGARREN LIBURUA
[aldatu]Pierideen bazter lekuak, aurretik inor ibili gabeak, oinkatzen ditut. Maite dut iturri ukigabeak aurkitu eta bertatik zurrut egitea eta maite dut lore berriak jaso eta haiekin Musek sekula inor estali ez duten koroa bikainez neure burua janztea; lehenik, zer gurenak irakasten ditudalako eta gogoa erlijioen korapilo estuetatik askatzen saiatzen naizelako; gero, hain gai ilunari buruz hain bertso argitsuak paratzen ditudalako, denak musen gozotasunez zipriztindurik. Ez dirudi, gainera, arrazoigabea denik, zeren medikuek ere, haurrei asentsio belar higuingarria eman nahi dietenean, edontzi ertzak ezti-likore gozoz eta beilegiz gantzutzen dituzten bezala, haurren adin xaloa ezpainetan bada ere engainatzeko, asentsio ur mingotsa edaten duten bitartean, engainuz baina ez kalterako, erremedio horrekin berri eta sendo daitezen baizik, halaxe nik ere orain, hartan aritu gabeei gehienean gure doktrina garratzagoa iruditzen zaienez eta jendea beldurturik atzeratzen denez gero, gure doktrina Pierideen hizkuntza ahogozoan azaldu eta Musen ezti gozoz gantzutu bezala egin nahi izan dizut, ea horrela zure gogoa nire bertsoei atxikita eduki ahal dudan, gauzen izaera guztia ikus eta horren balioa atzeman dezazun arte.
Eta gogoaren izaera nolakoa den eta zer gaiz osaturik gorputzarekin batera hazten den eta nola, desegitean, lehenkietara itzultzen den irakatsia dizudanez gero, orain, auzi hauekin estuki loturik, gauzen simulakroak deritzegunak badirela azaltzen saiatuko natzaizu; hauek, gauzen gainazaletik jareindako mintzak bezala, airean hara-hona hegan dihardute, eta eurok izutzen dituzte, bidera irtenik, gure gogoak, itzarrik zein lotan gagozela, irudi txundigarriak eta argigabetuen simulakroak ikusten ditugunean, zeintzuek lo ahuletik izularrian ateratzen gaituzten; ez dezagun pentsa arimek Akerontetik ihes egiten dutenik, edo haien gerizak bizien artean hegatzen direnik, edo heriotza ondoren zerbait gurea gera daitekeenik, gorputz-arimak, batera deseginik, birrindu eta euren lehenkietara itzulitakoan. Gauzek, beraz, euren gainazaletik euren buruen efigieak eta irudi xumeak igortzen dituztela diot. Hau gogorik kamutsenak ere uler dezake honako honetatik.
[Baina, gauza guztien lehenkiak nolakoak diren eta zein forma ezberdinetan bereizturik hegatzen diren euren kabuz, mugida eternalak eraginda, eta nola zer bakoitza lehenki haietatik sortua izan daitekeen irakatsia dudanez gero, orain, auzi hauekin estuki loturik, gauzen simulakroak deritzegunak badirela azaltzen saiatuko natzaizu, mintz edo azal antzeko deitu behar zaienak, zeren irudi bakoitzak, gero deslai ibiltzeko, bera kanporatu den gorputzaren itxura eta forma berdina baitaroa.]
Lehenik, arlo sentikorrean gauza askok gorputzak jaulkitzen dituelako, batzuk libreki zabaltzen direnak, egurrak kea edo suak beroa jaulkitzen duenez, eta beste batzuk ehunduagoak eta trinkoagoak, halanola udan txitxarrek tunika xumeak uztean eta txahal jaioberria gorputza inguratzen dion mintzetik jareitean, baita suge labainak sasitzan soinekoa uzten duenean ere; sasiak maiz ikusten baititugu haien uzkin hegakorrez jantzita. Honelakoak gertatzen direnez gero, gauzek irudi xume bat ere igorri behar dute euren gainazaletik. Ez baitago esplikatzerik zergatik gorputz haiek beste xumeok baino aisago jareiten eta jausten diren; batez ere gauzen gainazaletan gorpuzño asko baitagoz, zegozen ordena berean igorriak izan daitezkeenak eta formaren irudia kontserba dezaketenak, eta hainbat bizkorrago, gutxi eta lehen lerroan kokaturik, askoz traba gutxiago aurkitzen baitute. Izan ere, gorputz asko ikusten dugu dariola eta jaurtitzen, ez barru-barrutik bakarrik, gorago esan dugunez, gainazaletik baizik, sarritan kolorea bera bezala. Horixe egin ohi dute kandela beilegi, gorri eta purpurek, antzoki handietan zabaldurik, mastetan eta habeetan dardaraz flotatzen dutenean; eta azpian mailetako ikusleria eta eszenaren apaindura guztia eta senatore talde gurena euren kolore mugikorrez tindatzen eta kulunkatzen dira; eta antzokiaren barrutia zenbat eta itxiagoa izan, barruko gauza guztiek hainbat xarmatsuago barre egiten dute, egunaren argia bildurik. Beraz, oihalek gainazaletik kolorea igortzen badute, beste gauzek ere irudi xumeak igorri behar dituzte, bitzuak gainazaletik jaurtiak baitira. Badira, beraz, noranahi hegatzen diren formen adibide ziurrak, hari fin-finez eginak eta bereiz banan ikusi ezinekoak.
Gainera, usain, ke, kolore eta horrela hedatzen diren antzeko beste zer guztiak gauzetan ugari badira, barruan sortu eta handik goranzko zador bihurrietan banatzen direlako da, ez baitaukate denek batera alde egiteko irteera zuzeneko biderik. Aitzitik, ordea, gaineko kolorearen mintz xumeak, igorria izatean, ez du bera apurtzeko moduko ezer aurkitzen, kanpoan eta lehen lerroan kokatua baita.
Hitz batez, ispiluetan, uretan eta distira orotan ageri diren simulakroek, gauzen itxura bera daukatenez gero, eurok igorritako irudiak izan behar dute. Ez baitago esplikatzerik zergatik gorputz haiek beste xumeok baino aisago jareiten eta jausten diren. Badira, beraz, formen efigie xumeak eta euren antzekoak, banan inork ikustekoak izan ez arren, ispiluaren lautik islada etengabean birjaurtiak izanik, ikusmena eragiten dutenak, eta bestela ez legoke ulertzerik nola zer bakoitzari bere irudi berdina emateraino kontserba daitezkeen.
Ikus orain simulakroa zer izate xumekoa den. Eta, lehenik, ikus lehenkiak gure sentimenen zer azpitik dagozen eta zer txikiagoak diren gure begiak ikusi ezin izaten hasten diren gutxien hura baino, eta bihoaz berbatxo batzuk, hauxe berau nabarmentzeko, gauza guztien lehenkiak zer fin-finak diren alegia. Lehenik, badira hain animalia niminoak, ezen euren herenik ez baitago inola ere ikusterik. Hauen edozein heste nolakoa izango dela uste duzu? Nolakoa bihotza edo begiak? Nolakoak lohadarrak? Nolakoak giltzadurak? Norainoko txikiak? Nolakoak direla esan behar da haien arima eta gogoa osatzen duten lehenkiak? Ez al dakusu zein subtilak eta mendreak izan behar duten? Gainera, bere gorputzetik usain bizia botatzen duen edozer, panazea, asentsio higuingarria, errosta gogorra edo astuzker mingotsa, hauetariko edozein bi [hatzen artean estutzen baduzu, ikusiko duzu nolako usaina ateratzen duen]
* * *
Orduan ez al duzu onartuko gauzen simulakro asko dabilela era askotara deslai, sentimenei eragiteko batere indar gabe? Baina ez uste hor deslai dabiltzanak gauzetatik jareiten diren gauzen simulakroak bakarrik direnik; badira euren kabuz sortzen eta eurenez osatzen direnak ere airea deritzogun zeru honetan, era askotako formetan goraino jasoak direnak, tarteka goi-goian handitzen eta, airea hegan laztanduz, ortziaren aurpegi barea apurtzen ikusten ditugun lainoak bezala.
Horrela sarritan digante aurpegiak hegan eta lekutarainoko gerizaz ikusten dira, edo baita mendi handiak edo mendietatik erauzitako haitzak ere eguzkiari aurrea hartzen edo alboan joaten, atzean beste hodei batzuk arrastatzen eta gidatzen dituen hiena daramatela. Eta, hala ere, etengabe dihardute, urtuz, itxura aldatzen eta formarik eta soslairik ezberdinenak hartzen.
Ikus orain irudiok zer aisa eta arin sortzen diren eta gauzetatik betiro erioten eta jareiten diren (...).
Zeren gainazalean geratzen dena beti jaulkitzen eta jaurtia izaten ari baita. Eta beste gauza batzuetara iristean, zeharkatu egiten ditu, beira bezalakoak batez ere. Baina harri zakarra edo zura jotzen badu, bertan puskatzen da, inolako simulakrorik eragin ezinik. Ostera, zer distiratsuak eta trinkoak jarkitzen bazaizkio, ispilua bezalakoak batik bat, ez da horrelakorik gertatzen. Ezin baitu beira bezala zeharkatu, ez bere burua apurtu; horrek erakusten du leuntasunak salbatzen duela. Horrela simulakroek handik gure begietara jauzi egiten dute. Eta zeozer denik azkarren eta noiznahi ispiluratzen baduzu ere, irudia hantxe dukezu beti; hortik dakizu gorputzaren gainazalari ehundura xumeak eta figura xumeak etengabe jareiten zaizkiola. Denbora laburrean simulakro asko sortzen dira, beraz, eta zuzen esan daiteke gauza hauetan bat-bateko jaiotza gertatzen dela.
Eta, dena argiztaturik egon dadin, eguzkiak denbora laburrean errainu asko igorri behar duen bezala, halatsu behar dute gauzek une batean simulakro asko igorri, era askotan eta alde guztietarantz; zeren, ispilua noranahi itzultzen dugula, gauzak euren forma eta kolore berdinez islatzen baitira bertan. Gainera, lehen garbi-garbi zegoen ortziko eguraldia tanpez itsusten eta nahasten denean, ilunpe guztiek Akerontetik alde eta ortziko harpe handiak bete dituztela esan zenezake, hain ikaragarria baita gainera datorkigun izuaren aurpegia, hodeien gau lazgarritik hara agertzen dena; ez dago inor gauza hauen irudia zein niminoa den esan eta haren neurria hitzez adieraz dezakeenik.
Adi orain, simulakroek zer mugida azkarrean diharduten eta nolako abiadura emana zaien, auretan zehar igerian, zer denbora motzean egiten duten bide luzea, euren bulko ezberdinek noranahi jaurtitzen dituztela, hori dena azalduko baitizut bertso ugari baino gozoagoetan; zisnearen kantu laburra hobea den bezala kurriloek austroaren eter-hodeietan barreiatzen duten arrabotsa baino. Lehenik, noiznahi ikus daiteke gauza arinak eta gorputz xehe-xehez eginak bizkorrak direla. Honelakoxeak dira eguzkiaren argia eta beroa, lehenki txiki-txikiz eginak direlako, zeintzuek, tiriki-taukian bezala, aire artea zeharkatzeko nagirik ez duten, atzekoen talkek eraginik. Argia argiari etengabe baitarraio eta izpiari ondorengo izpiak bultz egiten. Simulakroek ere horrelaxe behar dituzte espazio neurrigabeak une batean kurritu, lehenik, atzean urrun, aurrerantz sakatzen dien printzipio txiki bat badagoelako eta, gainera, hain arintasun hegakorrez eramanak direlako; baita igorriak direlako hain ehundura mehatzez eginda, ezen edozein gorputzetan aisa sar eta, nolabait esateko, aire bitartetik lerra baitaitezke. Gainera, gauzen barren-barrenetik kanporatuak diren gorpuzñoak, halanola eguzkiaren argia eta beroa, une batean ortzialde guztian zabaltzen eta itsas-lehorrak hegatzen eta ortzia irrigatzen ikusten baditugu, zer ez dute egingo lehen lerroan prest dagozenek, jaurtiak direnean eta igorrera ezerk atzeratzen ez duenean? Ez al dakusu askoz bizkorrago eta urrunago joan behar dutela eta berdenboran askoz ibilbide luzeagoa egin behar dutela, eguzki izpiek zeruan zehar egiten dutena baino? Gauzen simulakroak zer mugida azkarrean doazen adibide argia dirudi beste honek ere, hots, oskarbian ur gardena paratu deneko, munduko izar bare argitsuak berbertan islatzen dira urean. Ikusten irudia zer denbora laburrean jausten den eter goienetik lur barrenera?
Behin eta berriz onartu beharra dago, beraz, begiak zauritzen eta ikusmenari erasotzen dioten gorputzak igorriak direla. Halako gorputzei etengabe darizkie usainak, nola ibaiei freskura, eguzkiari argia, itsas uhinei kosta inguruan hormak jaten dituen baporea; eta airean zehar ahots ezberdinak etengabe hegan. Azkenik, itsaso inguruan gagozenean, hezetasun gazia datorkigu ahora, asentsio belarra nahasten ikusita, berriz, mingostasuna nabari dugu. Gauza guztiei horrelakoxe jarioak dagozkie, alde guztietarantz zabaltzen direnak, eta jario horrek ez dauka inolako atzerapenik ez etenik, etengabe ari baikara sentitzen eta etengabe baitezakegu zernahi ikus, usain eta hotsa senti.
Gainera, ilunetan eskuz haztatu dugun forma, argiaren gardentasun garbian ikusten dena bera dela ezagutzen baitugu, ukimena eta ikusmena kausa berak mugiarazi behar ditu. Orain, ordea, karratu bat haztatu eta hark ilunetan hunkitzen bagaitu, zer izango da gure begietara argitan datorren karratua, haren irudia besterik? Hortik ageri da ikusteko printzipioa irudietan dagoela eta eurok barik ez dagoela ezer ikusterik.
Esaten ari naizen simulakro horiek, bada, nondinahi datoz eta noranahi igorriak dira; baina guk begiekin bakarrik ikus dezakegunez, horregatik gertatzen da, norantz begiratzen dugun, hango zer guztiek formaz eta kolorez jotzen gaituztela. Eta zer bakoitza guregandik zenbatera dagoen bere irudiak ikus eta bereizarazten digu. Zeren, igorria izatean, berbertan indar eta bultz egiten dio bere eta gure begien artean dagoen aireari, eta berau den-dena gure begietan zehar lerratzen da, eta begininiak garbitu bezala egiten ditu eta handik pasatzen. Horrelaxe ikusten dugu zer bakoitza guregandik zenbatera dagoen. Eta zenbat eta aire gehiagori aurrerantz eragin eta zenbat eta aura handiagoak jo gure begiak, gauza urrunago dagoela iruditzen zaigu. Esan nahi baita dena guztiz arin gertatzen dela, aldi berean gauza bakoitza zer den eta zenbatera dagoen ikus dezagun.
Honetan, ez dugu inola ere harrigarritzat jo behar nola, begietan jotzen gaituzten simulakroak banan ikusgaitzak izanik, gauza berak ikusten ditugun. Zeren, haizeak ere gogorrago jotzean edo hotz zorrotzagoa sartzean, ez dugu haizearen eta hotzaren partikula bakoitza banan sentitzen, dena batera baizik, eta gure gorputzean kolpeak nabari ditugu, gauzaren batek kanpotik joko bailuen eta sentimenarentzat gorpuztuna bailitzan. Gainera, hatz batez harria jotzen dugunean, harriaren kanpoko eta azaleko kolorea bera ukitzen dugu, baina ez dugu berau ukimenez sentitzen, harriaren barruko gogortasuna baizik.
Adi orain eta entzun zergatik ikusten dugun ispiluaz handik; benetan oso barru urrunean ematen baitu. Egitan kanpoko gauzak ikusten ditugunean bezala da, ate irekiak ikusmena pasatzen eta etxe barrutik kanpoko hainbat gauza bereizten uzten digunean. Ikusmen hau ere aire bikoitzez eta errepikatuz gertatzen baita. Lehenbizi airea ateburutik honantz ikusten dugu, ondoren atea bera ezker-eskuin, eta gero kanpoko argia eta beste aire kolpe bat eta ateaz handik benetan ikusten ditugun gauzak begietaratzen zaizkigu.
Honela, ispiluaren irudia proiektatzen denean, gure begietara datorren bitartean, bere eta begien arteko airea bultzatu eta astindu egiten du eta berau ispilua baino lehenago sentiarazten digu. Baina ispilua sentitzen duguneko, guregandik irtendako irudi bat ispiluratzen da, eta handik berriro, atzera jaurtirik, gure begietara itzultzen da, bera baino lehenago ikusarazten digun beste aire kolpe bat aurrean bultzaka dakarrela: horrexegatik ematen du ispilutik hain urrun dagoela. Horregatik berriz diot ez dagoela harritu beharrik ate bitartetik bezala, gauza bera gertatzea ispiluen leuntasunetik irudia bidaltzen dutenekin, bi gauzak aire bikunari esker gertatzen baitira.
Hona, ostera, gure gorputzaren eskuin aldeak ispiluan ezkerrean ematen duela, zeren, ispiluaren laurantz datorren irudiak bera jotzen duenean, ez baita bere hartan itzultzen, baizik atzerantz zuzen egotzia da, norbaitek habe edo zutabe baten kontra, gogortu aurretik, leherturiko klerazko mozorro batek aurrez irudi zuzen bera gordeko balu bezala, kolpearen ondorioz aleranztu eta gero ere. Gertatuko da ezen lehen eskuin zena orain ezker izango dela eta, alderantziz, ezkerra eskuin.
Gertatzen da baita irudi bat ispilutik ispilura bidaltzea eta bospasei simulakro bilakatzea ere. Hala, barruan gordetzen ziren gauzak, denik ezkutuen eta alboren egon arren, ispilu mordo baten bitartez bihurgune guztietan zehar aterata, etxe barruan dagozen modu-moduan ikus daitezke. Horrelaxe islatzen da irudia ispilutik ispilura, eta ezker ageri zena eskuin bilakatzen, berriro alderanzten eta lehenera itzultzen da. Areago oraindik, ispiluaren ertzak, gure gorputz hegalak bezalatsu, kurboak direnean, irudiak zuzenetara itzultzen dizkigute, dela ispilutik ispilura jaurtia eta guregana birritan islatua hegatzen delako, dela honantzean bere baitan biratzen delako eta ispiluaren eite kurboak gureganantz itzultzen irakasten diolako. Baita esan daiteke simulakroak geugaz batera ibiltzen eta oina ipintzen dutela eta keinuak imitatzen dituztela, zeren, izan ere, ispiluaren zati batetik alde egiten baduzu, handik ez datorke orain irudirik; naturak gauza guztiak euron bihurdura berdinen arabera itzul eta islarazten dituelako.
Bestalde, begiek zer distiratsuei ihes eta albo egiten diete. Eguzkiak ere itsutu egiten du, zuzen begiratzen tematuz gero, bere indarra oso handia delako eta haren irudiak altutik aire garbian zehar bortxaz oldartzen eta begien ehundurak jo eta mintzen dituztelako. Areago oraindik, distira bizi orok begiak erre ohi ditu, su hazi asko baitauka, begietan sartzean, min egiten duena. Laruendunek ere dakusten guztia laru bihurtzen dute, euren gorputzetik hazi laru asko erioten baita gauzen irudien bila, eta euren begietan ere halako asko baitago zabaldurik, ukitzean dena horiztatzen duena. Ilunetatik argitan dagoena dakusgu, zeren, gugandik hurrago dagoen aire beltza begietan lehenago sartzen eta bere iluntasunez hartzen baditu ere, bat-batean aire garden eta distiratsua darraio, nolabait begiak garbitzen eta beste airearen gerizak uxatzen dituena; aire garbia sarritan higikorrago eta askoz zeheago eta indartsuago baita. Honek begi bideak argiz bete eta lehen aire [ilunak] oztopatzen zuena ireki duenean, argitan zegozen irudiak jarraian datoz eta begiei erasotzen diete, hala ikus dezagun.
Hori ezin dugu egin argitik ilunera begiratzean, zeren aire iluna, eta gizenagoa, ondoren baitator, zulo guztiak betez eta begi bideak itxiz, oldartzen zaien ezeren simulakroek begirik mugi ez dezaten. Urrunean hiri bateko dorre karratuak hautematen ditugunean, maiz gertatzen da biribil ikusten ditugula, urrunetik angelua kamustu egiten baita; angelurik ikusi ere ez da egiten eta haren kolpea hil egiten da gure begietara heldu aurretik, irudiek aire handia igaro behar dutenez gero, honek, kolpe eta kolpe, haiek makaldu egiten baititu. Horregatik, angelu guztiek sentimenari ihes egiten diotenean, harri eraikina torneaturik ikusten da, ez hurretik hala ikusten eta benetan biribil direnak bezala, baizik era lanbroan hauen antza dutela. Eguzkitan geriza mugitzen, oinatzak jarraitzen eta keinuak imitatzen dizkigula dirudi; baldin argi gabeko airea mugi daitekeela uste baduzu, gizakien mugida eta keinuen atzetik; geriza deitu ohi dugun hori ez baitaiteke argi gabeko airea besterik izan. Gertatzen dena da ezen, ibilian eguzki izpiak moztu ahala, lurreko toki jakinak erreskan argi gabe gelditzen direnez, libratzen duguna argiz betetzen dela, eta horregatik gorputzaren geriza izan dena atzetik datorkigula ematen du, beti berdin. Eguzkitik argi izpi berriak erioten baitira eta lehenengoak hil egiten dira, su aurrean irundutako artilea bezala. Horregatik da zorua hain aisa argi gabe gelditzen eta berriro betetzen eta geriza beltzetatik garbitzen.
Ez dugu, hala ere, begiek ezertan huts egiten dutenik aitortzen. Euroi baitagokie argi-gerizak ikustea, dagozen lekuan dagozela; argia lehengo bera denetz, edo hemen zegoen geriza orain hara pasatu den berdina denetz, edo areago arestian esan duguna gertatzen denetz, hori adimenak bereiztu behar du, begiek ezin baitute gauzen izaera ezagutu; ez, beraz, gogoaren okerrik begiei erants. Garamatzan ontzia joan doa, geldi dirudiela; portuan dagoenak, berriz, badoala dirudi. Mendiak eta zelaiak poparantz iheska ikusten dira, ontzia haien aurrean bogatzen eta belak airatzen ditugunean. Izarrek geldi-geldi, eter sabaian josita dirudite eta etengabe mugitzen ari dira, sorreratik sarrera urrunetara ortzia gorputz argiz kurritzen baitute. Eguzkiak eta ilargiak ere geldi dagozela ematen dute, errealitateak badoazela esan arren. Urrundik ikusita, bitartetik ontziak pasatzeko tarte handia utziz, itsasoaren erditik goratzen diren mendiak batu eta irla bakarra egiten dutela dirudi. Umeek, bira-biraka ibiltzeari uzten diotenean, atariak biraka eta zutabeek inguruka dihardutela pentsatzen dute, nekez sinesteraino etxe osoa ez zaiela gainera jausiko. Natura eguzkiaren distira gorria, sutan dirdir, goian altxatzen eta mendien gainetik goratzen hasten denean, eguzkiak gar goriz goitik berbertan ukitzen dituela diruditen mendiok, beharbada apenas dagozen guregandik bi mila gezikadara, apenas bostehun txabalinakadako bidean; eta horra haien eta eguzkiaren artean itsas lautada eskergak dautzala, eterraren bazter neurrigabeetan hedaturik, eta giza eta pizti mota ezberdineko milaka lur dagoela bitartean. Ostera, hatz bat baino sakonago ez den ur potxingo batek, bide galtzadetako harri artean gelditzen denak, zeru-lurren arteko bitartea altua den bezain ikusmira sakonak eskaintzen ditu lurperantz; hala bertan, lurpean miragarriro ezkutaturiko ortzian, hodeiak eta ortziko gorputzak ikusi uste dituzu. Azkenik, zaldi suharrak ibai erdian toton egiten badigu eta uhin bizkorrei begiratzen badiegu, abere geldiaren gorputzari indar batek daragoiola eta ibaiaz kontra arrastatzen duela dirudi; eta begiak nonahi jarri, dena antzera doala eta dariola begitantzen zaigu. Arkupea ere, dena maila berdinean egina eta alderik alde zutabe berdinez euskarritua izan arren, mutur batetik bere luzera osoan ikusita, apurka-apurka konoaren punta zorrotzeraino estutzen da, sapaia zoruarekin eta eskuina ezkerrarekin elkarturik, konoaren mutur ilunean denak bat egin arte. Itsasoan olatuetatik sortutako eguzkia olatuetan hiltzen dela eta argia ezkutatzen duela iruditzen zaie marinelei; ez baitute, izan ere, ura eta zerua besterik ikusten; ez dezazun arinki pentsa sentimenek denean huts egiten dutela. Eta itsasoan ezjakina denak portuko untziak herren ikusten ditu, popak uretan hautsita. Zeren bits gazitik gora irteten diren arraun zati guztiak artezak baitira eta lemaren goi aldea ere arteza baita; urpean murgilduek, ostera, hautsirik eta okerturik dirudite, berriro gorantz bailetozen, ur azalean ia flotatzeraino. Gauez zeruan zehar haizeek hodei banakak arrastatzen dituztenean, izar argitsuak euronganantz lerratzen direla eta benetan doazen aldeaz oso besterantz doazela dirudi. Inoiz eskua azpian jarri eta begiari sakatzen badiogu, dakusgun guztia bikoiztu egiten dela iruditzen zaigu: bikoitza da kriseiluaren garrean loratzen den argia eta bikoitzak etxe guztian diren haltzariak eta bikoitzak gizakumeen aurpegiak eta bikoitzak gorputzak. Azkenik, loak gorputzadarrak bere logura gozoz lotu dizkigunean eta gorputz osoa atseden sakonean datzanean, itzarrik gagozela eta geure gorputzadarrak mugitzen ditugula iruditzen zaigu eta gauaren ilunpe itsuan eguzkia eta egun argia ikusi uste ditugu eta, leku itxian ere, zeruz, itsasoz, ibaiz, mendiz aldatzen garela eta zelaiak oinezkatzen eta hotsak entzuten ditugula ematen digu, nahizta gauaren isiltasun guztizkoa denean izan, eta, isilik egonik, berbetan dihardugula.
Honelako hainbat gauza harrigarri ikusten dugu, sentimenen fedea haustera bezala doana dena, alperrik noski, hauetako gehienen okerra geure gogoak eransten dien ustetik baitator, sentimenek ikusi gabea ikusitzat emanik; ez baitago gauza errazagorik gertakari nabariak eta gure gogoak bere kabuz arinegi eransten dizkien aieruak bereiztea baino.
Azkenik, inork uste badu ezer ez dakigula, ez daki hauxe ere jakin daitekeenetz, ezer ez dakiela aitortzen baitu. Ez naiz, beraz, teman hasiko burua hanken lekuan ipintzen saiatzen denarekin. Baina, hori jakitea aitorturik ere, galdetuko diot ezen, gauzen inolako egiarik aurrez ikusi ez badu, nola dakien zer den jakitea eta ez jakitea, nondik atera duen egiazko- gezurrezkoen ezagutza eta zerk irakatsi dion ziur-dudazkoak bereizten. Egiaren ezagutza lehenik sentimenetatik sortzen dela aurkituko duzu eta sentimenak ezin direla gezurtatu. Sinesgarritasun handiagoko zeozer asmatu beharko bailitzateke, beste gabe egiak gezurra gainditzea eragingo lukeena. Zer daiteke, ordea, sentimenak baino sinesgarriago? Gezurrezko sentimenetik harako arrazoia, dena sentimenetatik sortua izanik, eurok baino gehiago izan ote daiteke? Hauek gezurrezkoak badira, arrazoi oro ere gezurrezkoa da. Ala belarriek begiak edo ukimenak belarriak zuzen ditzakete? Ala dastamenak ukimena salatuko, ala sudurrak gezurtatuko, ala begiak nagusituko? Ez da horrela, nik uste. Bakoitzak bere barrutia, bakoitzak bere egitekoa daukanez gero, batak zer den biguna eta hotza eta beroa, eta besteak gauzen kolore ezberdinak sentitu behar ditu eta koloreekin bat datorren guztia ikusi: ahoak bereiz dihardu bere egitekoan, usainak bereiz sortzen dira, hotsak bereiz.
Honela sentimenek ezin dute elkar errefutatu. Eta euren burua ere ezin dute gezurtatu, beti berdin sinesgarritzat jo behar baitira. Beraz, sentimenek noiznahi atzemana egia da. Eta arrazoiak ezin badu kausarik argitu, ea hurretik karratu dena urrundik ikusita zergatik biribila den, hobe da arrazoi erratuak itxura bien kausak oker eman ditzan, ezen ez ebidentziari eskutik alde egiten uztea eta lehen sinespidea haustea eta gure bizia eta salbamena bermatzen dituzten oinarriak desegitea. Zeren, arrazoiak erabat lur jo ez ezik, bizitza bera ere bat-batean hondatuko bailitzateke, sentimenei sinesten eta, honetan sortzen diren amildegi eta arriskuetatik ihesi, alderantzizko bide segurrari jarraitzen ausartuko ez bazina. Alfer-alferreko berriketa duzu, beraz, sentimenen aurka prestatzen eta bideratzen den guztia. Azkenik, nola etxegintzan, hasierako erregela okerra bada, eta eskuaira gezurtiak elkarzuta zaintzen ez badu eta berunak apur bat albora egiten badu, nahitaez denak gaizki eta oker gelditu behar duen, itsusi, aurrerantz edo atzerantz okertua eta sapai trabeska, zati batzuek jausi guran diruditela, baita jausi ere, hasierako kalkulu okerrek traditurik, halaxe behar du gauzen arrazoiak ere okerra eta gezurrezkoa izan, sentimen gezurtietatik sortua bada.
Orain azal dezagun nola beste sentimenek bakoitzari dagokiona sentitzen duten; geratzen den bidea ez da batere malkarra.
Lehenik, deneriko hotsak eta abotsak entzuten ditugu, belarrian barrura gure sentimena euren gorputzez jotzen dutenean. Hotsak eta ahotsak ere gorpuztun izan behar dutela onartu behar baita, sentimenei eragiten dietenez gero. Bestalde, abotsak sarritan eztarria mintzen eta, oihuak kanporatzean, zintzurrestea garrazten du, bistan denez,hotsen lehenkiak pilo handiagoan estugunetik kanporatzen hasi direlako eta, berau beteegi eginik, ahoaren atea urratzen dutelako. Ez dago dudarik, beraz, ahotsak eta berbak printzipio gorpuztunekoak direla, min egiten baitute. Baita ondotxo dakizu egunsentiko distira jaioberritik gau beltzaren gerizaraino diharduen etengabeko hizketak zenbat gorputz jaten eta nolako nerbioen eta indarren ere makaltzea dakarkien gizakiei, batez ere harrabots handiz jardun izan bada. Ahotsak gorpuztuna izan behar du, beraz, hiztun handiak gorputzaren zati bat galtzen duenez gero. Ahotsaren garraztasuna printzipioen garraztasunetik dator eta leuntasuna ere haien leuntasunetik. Ez baitira forma berdineko lehenkiak belarriratzen, tronpak murmurio lodiz urruma astuna egiten duenean eta inguru barbaroak, aztoraturik, hura burrunda erlats bihurtzen duenean, eta hegaztiek gauez, Helikonen baratze izoztuetatik, ahots goibelez auhen gardena jasotzen dutenean.
Honela, gure gorputz barrenetik ahotsak esprimitzen eta ahotik zuzen kanporatzen ditugunean, mihi higikor hitzen artisauak artikulatzen ditu eta ezpainen egokierak halaber forma damaie. Honegatik, ahots hura sortu den lekura distantzia luzea ez badago, hitz bakoitza argi entzun eta banan bereiztu behar dugu: bere egokiera eta eitea kontserbatzen baititu. Bitarteko distantzia handiegia bada, ostera, aireak nahitaez hitzak nahastuko eta ahotsa aldrebestuko du, auretan zehar hegan datorrela. Hotsa, beraz, senti dezakezula gertatzen da, baina ezin duzu hitzei dagokien esanahia bereiztu: hain nahasirik eta trabaturik baitator ahotsa. Sarritan, gainera, hitz bakarrak herri guztiaren belarriak jotzen ditu, pregoi-jolearen ahotik hara. Ahotsa bat-batean ahots askotan banatzen delako da, denen belarrietara zabaltzen baita, hitzei forma eta hots garbia emanez.
Baina belarrietara iristen ez den ahotson zatia, aurrera alferrik jorik, auretan ezabaturik hiltzen da; beste zatiak, gauza gogorren kontra jo eta ezetsia izanik, hotsa itzultzen eta batzuetan engainatu egiten du, hitz tankeran. Hau ulertzen baduzu, zeuretzat eta besteentzat azal dezakezu zergatik haitzek mortuetan hitzak forma berdinean eta ordenan errepikatzen dituzten, mendi ilunetan deslai dabiltzan lagun galduen bila oihuka dihardugunean. Ikusiak ditut ahotsak sei eta zazpi bider errepikatzen dituzten lekuak, bakarra igorri duzula: mendiek, hitzak elkarri jaurtiz, esanak berritzen jarraitzen dute. Herritarrek uste dute inguru horietan ninfak eta satiro ahuntz-hankadunak bizi direla eta ba ei dagoz faunoak, gaueko zarata bihurri eta jostarian isiltasun mantsoa hausten dutenak, eta kantarien hatzek jotako xirulen korda hotsa eta aiene gozoak entzuten ei dira, eta nekazariek urrundik nabaritzen ei dute nola Panek bere buru erdi basatia jazten duen, pinu adarrak astinduz, nola kainabera zulatuak bere ezpain okerrez korritzen dituen, xirulak bere basa Musa etengabe isur dezan. Honelakoxe mirariak eta ikusgarriak mintzo dira, ez dezaten pentsa basamortuetan bizi direnik, jainkoek ere bertan behera utzita. Horrexegatik kontatzen dituzte mirakuluak, edo beste arrazoiren batek bultzaturik, gizateria oro entzungai gozoen egarri baita.
Bestela, ez da harritzekoa, begiak gauzak argi ikusterik ez daukan tokietan, ahotsak tokiotan zehar belarriraino jotzea. Sarritan mintzo gara ate itxian barna, eta ez da mirari, hotsa minik gabe pasa baitaiteke gauzen poro bihurretan zehar, simulakroei ukatzen zaiena, hauek urratu egiten baitira, irudi oro bertatik zehar-hegatzen den beira bezalakoaren poro zuzenetatik pasatu ezik. Gainera hotsa alde guztietarantz banatzen da, hots batek beste bat baitaragi, behin bat sorturik, askotan bidertuz, su txinparta hainbat izpitan zabaldu ohi denez. Toki ezkutuak, beraz, hotsez betetzen dira, inguruak astinduz eta hotsarekin dardaratuz. Simulakroek, ostera, behin igorriak izanik, lerro zuzenari darraiote denek; horregatik inork ezin du hesian zehar ikusi, baina bai handiko hotsak entzun. Hots hauxe ere, ostera, etxe baten hormak zeharkatzean, kamustu egiten da eta nahasian belarirratzen, hitzak baino areago zarata dantzugula.
Dastamena deritzogunak, mihiak eta aho-sabaiak, arrazoitze handitxoagoa behar dute, ahalegin handiagoa. Lehenik, ahoan zaporea sentitzen dugu, mastekatzean jana esprimitzen dugunean, norbaitek belaki urtsua eskuan estutu eta lehortuko balu bezala. Gero esprimitu duguna aho-sabaiko zirrituetan eta mihi apatzeko poro bihurretan zehar hedatzen da. Honela, zuku jariakor honen gorputzak leunak direnean, xuabeki ukitzen eta xuabeki estimulatzen dituzte mihi inguruko sapai heze jariotsuak; ostera, zenbat eta gorputzok laztasun handiagokoak izan, hainbat gehiago dute sentimena ziztatzen eta talkekin kolpatzen. Gero dastamenaren atsegina aho-sabairainokoa da; behin ahutzetan behera amildu denean, ez dago inolako atseginik, lohadarretan zabaltzen den bitartean. Ez dio ardura gorputza zer gaiz elikatzen den, jaten duzuna, digeriturik, gorputzean zabaltzen eta urdailaren hezetasun jarraitua gordetzen ahal duzuno.
Dakusgun orain zergatik izaki bakoitzak janari ezberdina behar duen eta zergatik batzuentzat kiratsu eta mingots dena beste batzuei ezin gozoago irudi dakiekeen; honetan hain distantzia eta diferentzia handia dago, ezen batzuentzat janari dena beste batzuentzat pozoin gogorra baita; halakoa da, esaterako, sugea, gizakiaren listuak ukituz gero, bere burua janez hiltzen eta akabatzen dena. Otsababa guretzat pozoin gogorra da, ahuntzak eta eperrak, ostera, loditu egiten ditu.
Hori nola den jakin ahal dezazun, lehenik arestian esana gogoratu behar duzu, haziak era askotara nahasiak dagozela gauzetan. Gero, jana hartzen duten bizidunak, kanpotik diferenteak direnez eta espezieen arabera gorpuzkera ezberdinetan sartuak dagozenez gero, horrelaxe dagoz figura ezberdineko haziz eginak. Eta, haziak ezberdinak izanez gero, poroak deritzegun tarteek eta hodiek ere ezberdinak izan behar, lohadar guztietan, baita mihian eta aho-sabaian ere: txikiagoak eta handiagoak izan behar, batzuek triangeluarrak, beste batzuek karratuak, askok borobilak eta asko era askotako angeluanitzak. Zeren figuren kokaera eta mugidak nolakoak izan, halaxe behar dute poroen formek diferitu, eta hodiak ere ehunduren arabera ezberdindu. Horregatik, batari gozo zaiona besteari mingots bazaio, gozo zaionarengan oso gorputz leunak sartzen dira aho-sabaiko poroetan, suabe-suabe: gauza bera besteari garratz bazaio, ostera, hodietan gorputz latzak eta amukarak sartzen direlako da, noski. Oinarri hauetatik, aisa ulertzen da kasu bakoitza. Horrela, behazun larrak sukarra ematen dionarengan, edo beste edozergatik gaixotasun gogorra nagusitzen denarengan, gorputz osoa perturbatzen da eta lehenkien parakera guztiak hankazgoratzen dira; horrela gertatzen da sentimenari lehen ondo zetozkion gorputzak orain ez datozkiola eta, sartzean, zapore mingotsa daukaten beste batzuk egokiago direla. Bi zaporeok batera baitagoz eztian nahasturik, arestian maiz erakutsi dizugun bezala.
Adi orain, usainak sudurrari nola daragion azalduko baitut. Lehenik gauza askok egon behar dute, eurotatik usain korronte aldakor bat uhinka erioteko modukoak, eta eriote hau denerantz igortzen eta zabaltzen dela pentsatu behar da; baina usain batzuk bizidun batzuei hobeto egokitzen zaizkie, forma ezberdinak bide. Horrela, auretan zehar, erleek ezti usaina denik urrunenetik hartzen dute, eta saiek, hilotzena. Piztia baten apatx erdibituak utzitako oinatzaren atzetik bidalitako txakur aldrak beraganaino garamatza, eta ahate zuriak, Erromulotarren gotorlekuaren zaintzaileak, giza usaina urrundik somatzen du. Honela animalia bakoitza berari dagokion usainak larreratzen du eta pozoin kiratsuak atzerarazten, eta horrelaxe diraute piztien espezieek.
Usaimena jotzen duten usainotan eurotan, beraz, batzuk beste batzuk baino urrunago igorriak izan daitezke; bat ere ez daiteke, ordea, hotsa, ahotsa baino urrunago igor, eta ez naiz niniak mintzen edo ikusmena zauritzen duten irudiez mintzo. Zeren usaina noragabe eta geldo baitabil eta aisa hiltzen da, apurka-apurka zatikaturik, airearen auretan, lehenik, gauzen barrenetik nekez igorria delako: usaina gauzen barrenetik sortzen eta irteten dela argi erakusten du ikusteak zernahi usaintsuago dela, hautsia, zehatua edo suak suntsitua denean. Bestalde, soinuarenak baino lehenki handiagoz eginda dagoz, ahotsa eta soinuak pasatu ohi diren harrizko hormarik ez baitu zeharkatzen. Horregatik halaber dakuskezu ez dela hain erraza usaina botatzen duena non dagoen aurkitzea. Auretan zehar astirotzean, kolpea hozten baitzaio eta haren mezua ez baita sentimenera bero heltzen. Honela txakurrak maiz erratzen dira eta oinatz bila dihardute.
Hau ez da, hala ere, usain eta zaporeetan bakarrik agitzen, bai baitagoz gauza motak eta usainak ere denen sentimenei ondo ez datozkien eta zenbaiten ikusmenari errekorrago zaizkienak. Lehoi bortitzek ezin dute jasan ez ikusi oilarra, hegoak astinduz, gaua uxatzen eta bere abots gardenez egunari deitzen: bat-batean ihesari damaiote, segurrenik oilarren gorputzean badagozelako haziren batzuk, lehoien begietan sartzean, niniak zulatzen eta, euron basatasunean ere, jasan ezineko min zorrotza egiten dietenak; horiek, ostera, gure begirik ez dute ezertan mintzen, edo ez direlako barruratzen, edo barruratzean ibilbide librea daukatelako, astiro joanda ere, ninirik inola ez mintzeko moduan.
Entzun orain zertzuek mugitzen duten gogoa eta ikas hitz gutxitan gogora datorrena nondik heldu den. Lehenik, zera diot, alde guztietarantz deslai dabiltzala deneriko simulakro xumeak, airean topo egitean, aisa elkartzen direnak, amaraunek eta urre xaflek dagitenez. Hauek, izatez, gure begiek atzematen eta ikusmena daragitenak baino ehundura askoz finagokoak dira, gorputzaren poroetatik sartzen eta barruan gogoaren izaera xumeari eragiten eta sentimena kinatzen baitute. Honela zentauroak, Eszilen lohadarrak, zakur zerberoen aurpegiak eta euren hezurrak heriotza ondoren lurrak besarkatzen dituenen simulakroak ikusten ditugu; era guztietako simulakroak hara-hona eroanak baitira, batzuk airean bertan berez sortuak, beste batzuk zenbait objektutatik jareinak eta beste batzuk figura horiexen elkartzez eginak. Zentauroaren irudia ez da, noski, zentauro bizitik egiten, halako animaliarik sekula ez baita izan, baina zaldi eta giza irudi batek halabeharrez topo egiten badute, berbertan itsasten dira, gorago esan bezala, euren izaera subtila eta ehundura xumea bide. Horrelaxe sortzen dira gainerako besteak. Irudi subtilotariko edozeinek, arintasun izugarriz azkar mugitzen denez gero, aurrerago erakutsi bezala, kolpe bakarrez aisa hunkitzen du gure gogoa: adimena bera ere xumea eta miragarriro mugikaria baita.
Hau diodan bezala dela aisa dakuskezu honetatik. Gogoarekin eta begiekin dakusguna antzekoa denez gero, biek antzera gertatu behar dute. Orain, lehoia, adibidez, begiak jotzen dituzten simulakroei esker dakusgula erakutsia dudalarik, gogoa ere antzeko kausak joa dela atera behar da eta lehoien eta enparauen simulakroak ez dituela begietatik ezertan ezberdin ikusten, zer xumeagoak bereiztean izan ezik. Eta ez dago beste arrazoirik, loak gorputza bertan behera daukanean, gogo-adimenek itzarrik segi dezaten, gure gogoa itzarrik gagozeneko simulakro berek jotzen dutela baizik, hala nola egitan ikusi uste dugun, bizia utzirik, heriotzaren eta lurraren mende dagoena. Naturak hau guztiau eragiten du, gorputzaren sentimen guztiak, geraturik, lohadarretan zehar atsedenean daudelako, eta okerra egiarekin aldaratu ezin dutelako. Gainera, oroimena lozorro nagian datza eta ez du tematzen gogoak bizirik ikusi uste duen hura aspaldi bereganatu zuela heriotzak. Bestalde, ez da miragarri simulakroak mugitzen aritzea eta besoei eta gainerako lohadarrei suabeki eragitea. Irudiak ametsetan horixe egiten duela baitirudi; izan ere, lehenengoa ezabatu deneko, beste bat sortua da egoera ezberdinean eta lehenengoa aldatu egin dela ematen du, eta hau, noski, oso bizkor gertatzen da: hainbestekoa da mugikortasuna, hainbestekoa irudi kopurua eta hainbestekoa une sentigarri bateko partikula multzoa, ezen ez baitago agortzerik.
Arlo honetan gauza asko dago eta gauza asko argitu behar dugu, osoki azaldu nahi badugu. Galdetzekoa da, lehenik, zergatik gogoak, zeozeren apeta datorkigunean, hura berehalaxe pentsatzen duen. Simulakroek gure nahimena jagoten eta irudia geuk nahi izanez batera bila ote datorkigu, dela itsasoa, dela lurra, edo dela zerua desio dugula? Giza batzarrak, segizioak, oturuntzak, guduak, dena hitz baten arabera sortzen eta prestatzen ote du naturak? Batez ere eskualde eta inguru berean gogo bakoitzak guztiz gauza ezberdinak pentsatzen dituela.
Gero nola azaldu ametsetan simulakroak patxadan aurreratzen eta lohadar bigunak mugitzen ikustea, beso malguak txandaka bizkor zabaltzea eta keinuari oinen mugida egokiak laguntzea? Bistan da simulakroak artean jantzirik eta trebaturik dabiltzala, gauez halako dibertsioak burutzeko. Ala beste zerau ote da egia? Alegia, sentitzen dugun denbora ale batean, hots, soinu bat igortzen dugun unean, arrazoiak badirela aurkitzen duen denbora asko estaltzen direla, eta horrexegatik da edonoiz eta edonon dagozela atzemanak izateko prest diren simulakroak: hainbestekoa da mugikortasuna eta hainbestekoa irudi kopurua. Honela, lehenengoa ezabatu deneko, beste bat sortua da egoera ezberdinean eta lehenengoa aldatu egin dela ematen du. Eta, xumeak direnez gero, gogoak ezin ditu, saiatu ezik, argi ikusi; beste guztiak galdu egiten dira, beraz, gogoak bere baitatik atondu dituenak izan ezik. Berak bere baitatik prestatzen ditu eta zer bakoitzari zer darraion ikusi ahalko duela itxaroten du; halaxe gertatzen da. Ez al dakusu begiak ere, gauza xumeei begira jarritakoan, galdu egiten dira, gogoak bere baitatik atondu dituenak izan ezik, nola saiatzen diren eta prestatzen duten eta nola, hori barik, ezingo genukeen argi ikusi? Eta gauza agerietan ere hauteman dezakezu nola, gogoa ernai egon ezik, aldi oro apartaturik eta urrunean aldendurik bezala dagozen. Zer dauka, bada, harritzekorik gogoak berak arreta jarri dienaz beste irudi guztiak galdu izanak? Gainera, aztarren txikietatik sarritan zerik handienak irudikatzen ditugu eta geure burua geuk lerratzen dugu okerrera.
Sarritan gertatzen da baita hurrengoa ez izatea mota bereko irudia, lehen emakume zena esku artean gizon bilakatzen zaigula baitirudi, edo aurpegi edo adin ezberdinak elkarri jarraitzea. Loa eta ahanztura arduratzen dira txundi ez gaitezen.
Honetan, gartsuki opa dizut oker batetik aldendu eta artaz ekidin dezazun, zeren ez pentsa begien argi gardenak ikusi ahal genezan sortuak izan zirenik, ez bernak eta izterrak, oinetan bermatuak, urrats handika gailurrak harrapatu ahal genitzan tolestuak izan zirenik, ez beso indartsuekin bat eginiko besaurreak eta alde bietatik balio diguten eskuak dauzkagunik, bizitzako premietarako erabili ahal ditzagun. Honelako interpretazio guztiek dena hankaz goratzen dute arrazoi makurrez, gure gorputzean ezer ez baita erabili ahal dezagun jaio, aitzitik jaio izan denak berak sortzen baitu erabilera. Ez zen ikusmenik izan begiak jaio aurretik, ez hitz egiterik, mihia sortu aurretik, aitzitik mihiaren sorrera hitza baino askoz lehenagokoa izan zen eta belarriak hotsik entzun baino askoz lehenago sortu ziren, eta, hitz batez, lohadar guztiak lehenagokoak dira, nik uste, eurokin egingo zen erabilera baino; ezin izan zuten, beraz, erabiltzeko xedez sortuak izan. Aitzitik, eskuz-eskuak, burrukak, guduak eta lohadar urratzeak eta gorputz odoleztatzeak azkon distiratsuen hegatzea baino askoz lehenago izan ziren, eta naturak zauriak ekiditen lehenago irakatsi zuen beso ezkerrak artoski ezkutuari aurre egin baino. Argi dago baita gorputz nekatuari atseden ematea koltxoi bigunak baino askoz zaharragoa dela eta egarria kentzea edontzia baino lehenagokoa. Erabilerak eta bizibeharrak erakutsitako zer guztiok, bada, erabiltzeko helburu jakinetik harakoak direla sinets daiteke. Baina badagoz baita lehenago sortu ziren eta euren erabileraren ezagutza gero eman zuten guztiak ere. Mota honetakoak lehen-lehenik sentimenak eta lohadarrak ikusten ditugu; berriro esanda, beraz, lekutan gagoz baliagarri izateko xedez sortu zirela sinestu ahal izatetik.
Ez da miragarri animalia bakoitzaren janaria gorputzaren izaerak berak bilatzea ere. Irakatsia baitut gauza guztiei hamaika lehenki hamaika eratan erioten eta eskapatzen zaiela, baina animaliei askoz gehiago; hauek, beti mugitzen ari baitira, lehenki asko galtzen dute, barrutik hertsaturik, izerdi bidez, asko jariatzen dute ahotik, ahuldurik arnasestu egitean, eta honela gorputza xumetu eta izaera osoa gainbehera dator; horri mina darraio. Horregatik janaria hartzen da, lohadarrak sendotzeko eta han-hemengo indarra berritzeko eta, lohadar eta zainetan zehar, jangura bizia ematzeko. Ura ere ur eske dagozen toki guztietan zabaltzen da; eta gure urdailean pilatzen eta hura sutzen duten bero-gorputz ugariak ere, ura etorkeran, ezabatu eta sua bezala itzungitzen dira, bero larrak lohadar idorrak igar ez ditzan. Honelaxe itzungitzen da egarri bizia gure gorputzean, honelaxe asetzen gose irritsa.
Orain esango dut zerk egiten duen, nahi dugunean aurrerantz urrats egin dezagun, zergatik eman zaigun lohadarrak mugitzea eta zer den gure gorputzaren pisu hain handi honi bultz egiten ohitu dena: jaso esanak. Lehenik gure gogora mugimenduaren simulakroak datozela eta gogoa kinatzen dutela diot, lehen azaldu bezala. Hortik dator nahimena; inor ez baita ezer egiten hasten, gogoak zer nahi duen aurretik ikusi gabe. Aurreikusten duena, harexen irudia dago gogoan. Gogoak, beraz, joan eta ibili nahiak eraginda, gorputz guztiko lohadar eta organo guztietan zehar zabal dagoen arimaren izatea ziztatzen du; eta egin erraza da, hain baturik baitagoz. Aldi berean, arimak gorputza ziztatzen du eta honela puska guztia da apur-apurka bultzatua eta mugiarazia. Gainera, orduan, gorputza xumetu egiten da eta airea, beti mugitzen ari denak egitea bidezko denez, bitarteetatik sartzen eta poro ugarietan barneratzen da eta gorputzaren zatirik txikienetaraino hedatzen. Bateko eta besteko kausa biok egiten dute gorputza mugi dadin, ontzia arraunez eta haizez bezala. Eta honetan ez gara harritu behar hain gorpuzño txikiek hain gorputz handiari eragiteaz eta gure pisu guztia biratzeaz. Gorputz fineko haize xumeak ontzi handiaren masa itzelari bultz egiten dio eta esku bakarrak daroa, indartsuen badoa ere, eta lema bakarrak biratzen du, nahi duenean, eta makinak, palanken eta txirriken bitartez, pisu handiko gauzak mugitzen eta bultzada koxkor batekin jasotzen ditu.
Orain loak nola isurtzen duen atsedena lohadarretan eta askatzen dituen gogoaren kezkak bularretik, ugari baino areago esakera gozoko bertsoz azalduko dut; zisnearen kantu laburra austroaren hodei eterrezkoetatik zabaltzen den kurriloen marmarra baino hobea den bezala. Jardazu belarri fina eta arreta zolia, ez dezazun nik esana setaz uka eta nigandik alde egin, bihotzean egiazko doktrinari muzin eginez, bereiztu ezin izatearen errua zeurea izanik. Lehenik, loa dator, arimaren indarra lohadarretan barreiaturik dagoenean eta zati bata kanpora jaurtia izan denean eta bestea hondoratu denean, sakaturik nolabait; orduan lohadarrak askatu eta laxotu egiten dira. Ez baitago dudarik arimaren lana dela gure gorputzaren sentimena, zeina loak eragoztean, gure arima nahastua eta kanporatua dela pentsatu behar baita; ez osorik, noski, orduan gorputza heriotzaren betiko hotzean murgildurik bailetzake. Izan ere, lohadarretan arima zatirik bat ere geratuko ez balitz, ilindia hauspean ehortzirik ezkutatzen denez, zertatik liteke sentimena bat-batean lohadarretan isio, garra hausberotik bezala?
Baina azalduko dut nobedade hau zerk daragien eta zertatik arima nahasten eta gorputza ahultzen den: egizu hitzok haizeari jaurti ez diezazkiodan. Lehenik, airea jotzen eta ukitzen dagoen gorputz azalak haren etengabeko kolpez astindua eta inarrosia izan behar du, eta horregatik ia izaki guztiak dagoz edo larruz edo maskorrez edo oskolez jantzita. Arnasa hartzaileei haizeak berak barrua astintzen die, hartzean eta botatzean. Gorputza honela barru eta kanpo zehaturik, eta kolpeak poro txikietatik gure gorputzaren lehen zati eta elementuetara datozenean, gure lohadarretan apurka-apurka hondamena bezalakoa gertatzen da. Gorputzeko eta gogoko lehenkien kokaera aldrebesten baita. Gertatzen da arima zati bat handik jaurtia dela eta beste bat barrurantz ezkutatzen dela, beste zati batek, berriz, lohadarretan zabaldurik, ezin duela besteekin baturik jarraitu ez elkarmugidarik burutu; naturak elkarren arteko biltze eta bideak eten egiten baititu; sentimena, beraz, mugidak aldaturik, hondorantz gordetzen da. Eta, organoak nolabait euskarrituko dituen ezer ez dagoenez gero, gorputza ahultzen eta lohadar guztiak moteltzen dira, besoak eta betazalak jausten eta, etzanda ere, belaunak tolesten eta giharreak bertan-beheratzen. Janak ere logura dakar, honek ere, zain guztietan zehar zabaltzean, airearena bera eragiten baitu. Eta askoz ere lo sakonagoa da aserik edo jota zagozenean, orduan lehenki gehienak aldrebesten baitira, lan handian mailaturik. Arrazoi beragatik, arimaren atzerakuntza gogorragoa eta bere kanporakuntza ere handiagoa da, eta elkarren artean banatuago eta aldenduago dagoz.
Eta bakoitza zein zaletasuni gogotsuago atxikita egon den eta iraganean zeintzuk gauzatan gehien geratu garen eta gogoak zeintzuei gehien begiratu dien, haiexek dira gehien amets egiten bide ditugunak: abokatuek auzigintza eta legegintza, jeneralek burruka eta gudugintza, itsaslariek haizeekin hasi gudua burutzea, geuk ere geure lanari ekitea eta natura etengabe aztertzea eta aurkitu duguna aberri hizkuntzan azaltzea. Honela, gainerako zaletasun eta arteak gizakien gogoetara engainakor etorri bide dira gehienean ametsetan.
Hainbat egunetan jarraian zirku jokoak arretaz ikusten ari zirenek, euren sentimenak hartan ipintzeari utzi diotenean, hala ere, ikusi ohi dugu gogoaren bideak zabalik uzten dituztela, gauzen simulakro berdinak etor daitezen; honela, egun askotan zehar, irudi haiexek begietaratzen dira eta, itzarrik ere, iruditzen zaie dantzarien lohadar bigunak mugitzen ikusten dituztela eta zitararen kantu gardena eta kordelen hotsa entzuten eta ekitaldi bera eta eszenako apaindura ezberdinak distiratzen direla. Halakoxe eragina daukate zaletasunak eta gozamenak eta bakoitza zertan aritu ohi izanak, gizakietan ez ezik, animalia guztietan. Zaldi bizkorrak, euren gorputza lo datzala ere, izerditzen eta arnasestu etengabean ikusiko dituzu, giharre guztiak atezatuz, palmadarraren bila edo ukuilu irekietatik [lasterka oldartzean] bezala. Sarritan ehiza-txakurrek, lo gozoan, bat-batean hankei eragiten eta ahausi egiten dute eta sudurretatik arnasots bizian hasten dira, ehiziaren arrastoa aurkitu eta segika bailihoazen, eta batzuetan, itzarturik, oreinen simulakro funts gabeei segitzen diete, iheska ikusiko bailituzten, okerra ezabaturik seneratu arte. Etxe txakurren enda baketsua ere aztoratu eta lurretik gorputza altxatu guran hasten da bat-batean hankei eragiten eta ahausi egiten dute eta sudurretatik arnasots bizian hasten dira, ehiziaren arrastoa aurkitu eta segika bailihoazen eta batzuetan, itzarturik, oreinen simulakro funts gabeei segitzen diete, aurpegi eta itxura ezezagunak ikusiz bezala. Eta zenbat eta enda gaiztoagokoak izan, hainbat basatiago agertu behar dute ametsetan. Hegazti koloretsuek, ostera, ihes egiten dute eta gauez haien hegoek jainkoen oihanak bat-batean zalapartatzen dituzte, euren lo bigunean gabiraiak burrukara eta hegan atzetik segika datozkiela uste badute. Gainera, ibilera handietan gauza handiak egiten dituzten gizakiek halakoak maiz berritzen eta burutzen dituzte ametsetan: erregeek konkistatzen dute, atxilotuak dira, guduak gidatzen dituzte, oihu egiten dute, berbertan lepoa moztuko baliote bezala. Askok burrukan eta minez aieneka dihardute eta, panterak edo lehoi ohilak haginka jango balitu bezala, dena ulu beldurgarriz betetzen dute. Askok ametsetan gauza garrantzitsuak kontatzen dituzte eta sarritan euren egiteen aitorpena dagite. Askok heriotzari aurre egiten diote. Asko, mendi altutik gorputz osoan lurreratzen direlakoan, izuturik eta zoraturik bezala irteten dira lotatik eta nekez oneratzen dira, gorputza halako dardaran. Batzuk, egarriz, ibai edo iturri alai baten ondoan esertzen dira, datorren ur guztia irentsi beharrean. Batzuetan haurrek, ametsetan, upel edo treska baten aurrean soinekoa jasotzen dutelakoan, gorputzeko txiz guztia barreiatzen dute, tapiz babiloniar distiratsuak blaituz. Gero, denborak lohadarretan heldurik, semena hodi gazteetan lehenengoz sartzen denean, halako gorputz baten irudiak datoz kanpotik, aurpegi bikain eta azal eder baten iragarle, semen ugariz hanpaturiko organoak mugitzen eta kinatzen dituztenak, eta sarritan, egiteko guztia eginda balego bezala, jarioa parrastan zabaltzen dute eta soinekoak lixibatzen.
Arestian aipatu semena guregan bizitu egiten da, helduaroak lohadarrak sendotzen ditueneko. Gauza bakoitza gauza ezberdinak hunkitzen eta jotzen baitu; eta giza haziari gizakiaren indarrak bakarrik eragiten dio. Egoitza daukan tokitik jaurtia izanaz batera, semena, lohadar eta organoetan zehar, gorputz osotik erretiratu eta nerbioen toki jakinean biltzen da eta gorputzaren alde genitalak berehala kinatzen ditu. Hauek pizturik, semenez hanpatzen dira eta desio bortitzak tiratzen dionaren kontra jaurtitzeko gogoa sortzen da semen ugariz hanpaturiko organoak mugitzen eta kinatzen dituztenak eta gorputzak maitasunaren arimak zauritua duen beste hura bilatzen du.
Zeren gehienean zauriaren alderantz jausten baitira denak eta odola kolpeak jo gaituen alderantz borbortzen da eta turrusta gorriak etsaia ere harrapatzen du, hurbil badago; honela, Venusen gezien kolpea hartzen duenak, dela geziok andre gorpuzkerako mutiko batek dela gorputz osotik amodioa darion emakumeak jaurti, zauritzen duen harenganantz tiratzen du eta harekin bat egiteko eta gorputzeko humorea haren gorputzean husteko irrikaz dago; desio mutuak atsegina iragartzen baitio.
Hau guztia Venus da guretzat; hortik dator maitasunaren izena, hortik hasten da Venus gure bihotzean samurtasun tanta distilatzen, gero ardura bizia darraiona. Zeren, maite duzuna ez badago, haren irudiak eskuar dituzu eta haren izen gozoa belarrian hoska. Baina komeni da irudioi ihes egitea eta maitasunari bide damaiona saihestea eta gogoa beste zer batzuetara itzultzea eta gorputzean pilaturiko humorea edozein gorputzen kontra jaurtitzea, eduki eta maitasun bakarrarentzat gorde beharrean, kezkak eta nahitaezko mina norberaganatuz; zauria, elikaturik, bizitu eta zoldu egiten baita, eta berotasuna egunez egun gehitzen eta nahigabea handitzen, lehen zauriak ez badituzu beste kolpe batzuekin ezabatzen eta aurretik, berri direno, han-hemen Venus edonorkoiarekin sendatzen, edo gogoaren mugidak beste zerbaitera bihurtu ezin badituzu.
Maitasuna saihesten duena ez da, ordea, Venusen fruitu gabe gelditzen, aitzitik nahigabe gabeko atseginak hautatzen ditu; atsegina sanoentzat puruago baita, noski, gaixoentzat baino. Zeren posesio unean bertan ere, maitaleen sugarra zalantzan eta noraezik fluktuatzen baita, lehenik eskuz ala begiz gozatu ez dakiela. Desio zutena estutzen eta gorputzari min egiten diote eta sarritan hortzak ezpainetan itsasten eta musuka zauritzen dituzte, ez baita atsegin purua, eta badira azpi-eztenak, sugar hozien sorburu den zernahiri min egitera kinatzen dutenak. Baina Venusek mina apur bat eten egiten du maitaketan, eta bertan nahasturiko gozamen bigunak haginkadei eutsi egiten die. Itxaropena baitago sugarraren sorburu izan den hark berak ere bere gorputzeko garra itzungi ahal izango duela. Naturak, ostera, guztiz kontrakoa gertatzen dela protestatzen du; hauxe da gauza bakarra, edukiago eta bihotza sutzenago dena desioz. Zeren jana eta edana gorputz barruan absorbatuak dira, eta, han toki jakinak betetzen dituztenez gero, aisa asetzen da ur edo ogi galea. Gizakumearen aurpegitik edo kolore ederretik, berriz, ez zaigu ezer gozatzekorik gorputzean sartzen, irudi xumeak besterik; itxaropen errukarriak sarritan aireari osten dizkionak. Ametsetan edan nahi duen eta gorputzaren sugarra itzungi diezaiokeen urik aurkitzen ez duen, baizik iturrien simulakroetara oldartzen eta edan nahi duen ibai nahasiaren erdian alferrik tematzen eta egarritzen den egartia bezala, halaxe engainatzen ditu simulakroekinVenusek maitaleak, eta ez begiak ase daitezke gorputzak aurrez ikusten, ez eskuek, gorputz guztian zehar deslai eta zalantzan dabiltzanek, erauz dezakete lohadar samurren ezer. Gero, lohadar trabatuetan adin loreaz gozatzen dihardutela, gorputzek atsegina bidean somatzen eta Venus emakumearen soroa ereiten ari dela, gorputzak irrikaz estutzen eta ahoko listuak batzen dituzte eta elkar arnasten dute, hortzak ezpainetan hertsatuz; alferrik, ezin baitute handik ezer erauzi ez bestearen gorputzean sartu eta harenarekin bat egin; horixe nahi dutela eta horretantxe dihardutela baitirudi: halakoxe irritsez katigatuak dagoz Venusen lakioetan, lohadarrak gozamenaren indarra ahiturik zimeltzen diren bitartean. Azkenik, nerbioetan baturiko irritsa kanporatu denean, sugar bortitzaren pausa laburra egiten da; ondoren grina eta berotasun bera itzultzen da, desio dutena eurenganatu guran, gaitza menperatuko duen trepetxurik ezin aurkituz: halakoxe noraezean ahitzen dira zauri ezkutuan.
Erants indarra xahutzen dutela eta nekean ahitzen direla, erants bizitza bestearen apetaren mende daramatela; bitartean dirua babiloniar tapizetan doakie, eginkizunak bertan behera eta ospea kaxkartzen eta zalantzan; ukenduek eta sizioniar oinetako ederrek dizdiz dagite eta argi berdeko esmeralda handiak urrean kokatzen dira eta purpurazko jantziak etengabe estutzen eta Venusen izerdia edaten dute; gurasoen ekarpen zintzoak diadema, mitra, edo mantu eta alindar eta kiar oihal bihurtzen dira; zamau eta janari bikaineko oturuntzak, jokoak, edontziak gainez, lurrinak, koroak, girlandak prestatzen dira: alferrik, zeren atsegin iturritik bertatik sortzen baita halako zer garratz bat, loretzan ere nahigabea daragiena, dela kontzientzia alatzen delako, bizitza alferkerian eta handikerian xahutzearren, dela maiteak hitz dudazkoren batzuk jaulki dituelako, irritsak, bihotzean josirik, sua bezala pizten dituenak, dela begiak gehiegi zehartu dituela eta beste bati begiratu diola uste duelako eta aurpegian harenganako irribarre zantzuak ikusten dituelako.
Eta gaitz hauek maitasun zintzo eta dohatsuan aurkitzen dira; maitasun dohakabe eta agorrean, berriz, amaigabeak dira, begiak itxita ere ikusteko modukoak; hobe da, beraz, aurretik kargu hartzea, esan dudan moduan, eta lakioan ez jausten saiatzea. Zeren maitasun sarean jausteari albo egitea ez baita jausitakoan sare beretik libratzea eta Venusen korapilo sendoak haustea bezain zaila. Eta, hala ere, trabaturik eta estekaturik egon arren, okerrari ihes egin ahalko zenioke, zeuk zeure buruari eragotziko ez bazenio eta nahi eta maite duzunaren gorputzeko eta gogoko akats guztiei ez-ikusi egingo ez bazenie. Horixe egin ohi dute irritsean itsuturiko gizonek, eta berez inondik ez dauzkaten dohainak ikusten dizkiete. Horrela, emakume erabat gaizto eta itsusiak ederretsiak eta ohore osoz tratatzen dituztela dakusgu. Eta batzuek besteei barre egiten diete eta Venus ematzeko aholkatzen,amodio zatarrean sufritzen dutelako, eta gaizoek ez dute euren gaitz sarritan askoz handiagorik ikusten. Beltza eztilorea da, hitsa eta kiratsua jareina, beturdina Palasen irudi, haritsua eta zurezkoa gazela, txatxarra eta nanoa ene grazia, gatz-harri purua, handia eta kankailua miragarria eta maiestatez betea. Totela eta berbabakoa bada, zizipazaduna, mutua lotsorra; eta berritsu gaizto gogaikarria tximistargia. Anemikoa ene koskortxoa da, argalez bizi ezin badu ere; eztulka ia hilean dagoena makaltxoa. Gizena eta titi-haundia Ceres bera da Bakorekin, sudurzapala Silena, Satira emea, ezpaintsua musu-lorea. Honelako guztiak esaten hastekotan, ez genuke sekula amaituko. Baina demagun zeuk nahi bezain aurpegi ederra daukala eta Venusen xarma lohadar guztietatik dariola: izango dira, noski, bera bezalakoak; artean bera gabe bizi izan gara, noski; berak ere itsusiaren zer berdinak egiten ditu eta badakigu egiten dituela, eta gajoa kirats nazkagarriz usaintzen da, otseinek ihes eta ezkutuan barre egiten diotela. Eta bitartean kanpoan utzi duen maitale negartiak atalburua lorez eta girlandaz jazten du eta atezango harroak lurrintzen, eta gizarajoak ateorrietan musuak inkaturik uzten ditu; onartua izanik, ostera, sudurrera letorkiokeen lehen bafadan, hanka egiteko arrazoi jatorrak bilatuko lituzke eta luzaz entseiaturiko elegia panpoxa behera letorke eta bere burua ergeltzat joko luke, maiteari hilkor bati dagokion baino gehiago esleitu diola ikusirik. Eta gure Venusek badakite hori; horrexegatik saiatzen dira euren bizitzaren eszena ostea ezkutatzen maitasunaren zerrendan katigatu nahi dituztenei; alferrik, ostera, zeure gogoan dena atera baitezakezu argitara eta barre haiek guztiak azter eta, bihotz onekoa bada eta ez gorrotobera, zeuk ere ez-ikusi egin eta giza akatsak barka.
Baina emakumea ez da beti maitasun fingituz hasperentzen, gizonarekin besarkaturik, gorputza gorputzarekin bat egiten eta ezpain hezeak musuka xurgatzen dizkionean: sarritan benetan dihardu eta gozamen komunaren bila tiratzen du maitasunaren lasterketa kurritzera. Bestela animalien emeek ere, hegaztiek eta abereek, basokoek zein etxekoek, eta behorrek ere ezingo lukete arrengana makurtu, euren izaera ere argose jorian sutuko ez balitz eta gainekoaren desioari pozik jarraituko ez balio. Ez al dakusu nola sarritan elkar-atseginak lotzen dituenak kate komunetan oinazetzen diren? Hamaika bidegurutzetan txakurrek apartatu guran eta indar osoz kontrako alderantz tiraka jardun ohi dute, Venusen lokarri indartsuek atxikitzen dituztela; horrelakorik ez lukete inoiz egingo, lakioan jausarazteko eta loturik edukitzeko moduko elkar-atseginik ezagutuko ez balute. Behin eta berriz, beraz, diodanez, atsegina komuna da.
Eta, haziak nahastean, emakumeak kolpeko indarrez gizonaren indarra menperatu eta beragantzen badu, orduan umeek amaren hazitik amatara ematen dute, aitarenetik aitatara bezala. Baina bien antza hartzen diezunak, aurpegian guraso bien nahasketa dakartenak, aitaren gorputzetik eta amaren odoletik datoz, elkarrekiko berotasunak Venusen estimuluek kinaturiko haziak bata-bestearen aurka oldarrarazi dituenean, eta ez batak bestea gainditu duenean, ez gainditua denean. Baliteke umeek aititaren antza edukitzea, baita birraititaren itxura ekartzea ere, gurasoek euren gorputzean askotariko lehenki ugari nahasturik gordetzen baitute sarritan, lehen jatorritik hara aitatik aitara datorrena; hortik Venusek itxura ezberdineko figurak moldatzen ditu eta asaben hazpegiak eta ahotsa eta ileak berritzen; zeren hau guztia ere hazi jakinetik baitator, aurpegia eta gorputza eta lohadarrak bezalaxe. Andrezkoak aitaren hazitik datoz eta gizonezkoak amaren gorputzetik sortuak dira. Erditze oro bietariko haziz osatzen baita, eta sortzen dena zeinen antzekoago den, harengandik zati handiagoa dauka halaber; hau aisa ikus dezakezu, ondorengoak gizonezkoak zein andrezkoak izan.
Eta ez dira jainkoak gizonei ahalmen ernaltzailea kentzen dietenak, seme-alaba gozoek inoiz aita dei ez diezaioten eta bizimodua Venus antzuan igaro dezaten; gehienek horixe uste dute eta, tristerik, sakrifizio-harriak odoleztatzen dituzte eta aldareak opariztatzen, emazteak semen ugariz haurdun uzteko; alferrik ekiten diete jainkoen ahalari eta orakuluei. Antzutasuna, izan ere, semen lodiegiak eragiten du eta, bestela, behar baino likido meheagoak: meheak ezin du dagokion tokian inkatu eta berehala lerratzen da eta fruturik utzi gabe itzultzen; lodiagoa, berriz, trinkokiegi igortzen da, edo ez du behar besteko indarrez aurrera egiten edo ezin du behar den tokian sartu, edo, sarturik, hazia nekez nahasten da emakumearen haziarekin. Venusen harmoniak oso ezberdinak direla ikusten baita: gizon batzuek emakume batzuk gehiago betetzen baitituzte eta hauek beste gizon batzuengandik hobeto hartzen dute ernal kolpea. Eta askok, hainbat himeneotan lehen antzu izanek, gero lortu dute norekin umeak izan eta norekin haurtxo gozoz aberastu. Eta lehenengo emazteek, ernalkorrak izan arren, umerik sortu ezin izan zutenen gizon askok gero aurkitu dute natura egokia, zahartzaroa seme-alaben babesean igaro zezaten. Hain axola handikoa da haziak haziekin egoki nahastea era ernalgarrian, lodiak arinekin eta arinak lodiekin bat eginez. Zerikusi handia dauka, halaber, nolako jakera daroagun bizitzan: janari batzuek semena ugaldu egiten baitute gorputzean eta beste batzuek ahitu eta eskastu. Oso garrantzitsua da maitagintza gozoa nola burutzen den ere: emakumea piztien eta lauhanka koen moduan hobeto ernaltzen dela uste da gehienbat, horrela hazia hobeto iristen baita, bularrak beherantz eta ipurdia goian.
Eta emakumeak ez du mugida lizunik ezertarako behar. Berak eragozten eta zapuzten baitu ernaltzea, ipurdiari eraginka gizonaren irritsa jostakor suspertzen eta, gorputza zauliturik, jarioa erakartzen badu: ildoa goldearen bide zuzenetik ateratzen eta semenaren kolpea lekutik apartatzen baitu. Julisak euren onerako mugitu ohi dira horrela, hain maiz beteak eta ernalduak ez izatearren, baita gizonari Venusen ekintza laketago egitearren ere; gure emazteek ez bide dute honelako ezer behar.
Eta ez da jainkoen edo Venusen gezien ondorio inoiz itxura exkaxeko andretxoa ere maitatua izatea. Sarritan emakumeak berak zertzen baitu bere portaeraz eta aldarte bigunez eta gorputz zainduz eta garbiz, eta aisa tiratzen du berarekin bizi izatera. Gainerakoan, ohiturak amodioa sortzen du; zeren, arinki bada ere, kank eta kank kolpatzen denak luzera amore ematen du eta gainbehera dator. Ez al dakusu haitzean jausten diren tantek ere luzera zulatu egiten dutela haitza?