Edukira joan

Gero

Wikitekatik

Gero
page 2

GUERO

BI PARTETAN

partitua eta bereicia

LEHENBICIKOAN

EMAITENDA, ADITCERA,

cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, egitecoen gueroco utzteac.

Bigarrenean quidatcenda, eta aitcinatcen, luçamenduac utciric, bere hala, bere eguin bideari, lothu nahi çaicana.

Escritura Saindutik, Eliçaco Doctor etariç-eta liburu debocinozco etaric. Axular Sarako errotorak vildua.

Ne tardes converti ad Dominum, et ne differas de die in diem, Eccles 5.

BORDELEN,

G. Milanges Erregueren Imprimaçaillea baithan

M. DC. XLIII.



NOLA GEROTIK GERORA IBILTZEAZ GALTZEN DUGUN DENBORA KAP. XII

101 Gerotik gerora zabiltza; urthe hunetan gaixto izanik, dathorkeienean onduko, eta prestutuko zarela diozu. Bada biz hala, zuk diozun bezala, eta gogoan darabillazun bezala, gertha dakizun, eta urthe hunetan gaixto, izanik, zure gero horretan, ethorkizunean prestu zaitezin. Hori horrela baliz ere, non da bataz, urthe, hunetan egin ahal zendukeien irabazia eta aitzinamendua? Zeren giristino onek, urthe batez anhitz obra on egiten dute, eta bai meritu ere erdiesten: giristino onak urthe batez, aitzinatzen dira, baiña zu nola aitzinatuko zaren ezen gibelatzen zara, anhitz bekhatu eta gaixtakeria egiten duzula. Eta berriz bertzea, non da halaber bitartean, urthe hunetan zure Gero horretara hel arterainokoan galtzen duzun denbora? Fili, conserva tempus (Eccli 4). Ene seme, begira ezazu denbora, dio Espiritu Sainduak. Aitzinean duzuiño, zakitza. Zeren behin ioanez gero, ezta bihurtzerik, eta ez erdiesterik. Fronte capillata est, et post occasio calva (Auson.) Okhasinoa kopetan, belarrean, aitzin aldean, illetsu da, eta xerlotsu, baiña garhaitean, garzetan, gibel aldean, motz, soil, garbal, karsoil, eta ille gabe. Aitzinean badu nondik lot, baiña ez gibelean. Beraz aitzinean duzuiño, probetxa zakitza. Zeren gibeleraz gero, eztu esku-tokirik, eta ez lotzeko girthainik. Bada okhasinoa bezala da denbora ere. Beraz hunelatan: Quodcumque potest facere manus tua instanter operare. Quia nec opus, nec ratio, nec sapientia, erit apud inferos quo tu properas (Eccl. 9). Orai, denbora aitzinean, duzuiño, egizu ahal dagizuna: eta orai ere, Instanter, fite, presenteon. Zeren iakin behar duzu ezen eztela gero, zuk ioan behar duzun lekhu hartan, arrazoin alegatzerik, eta ez iakintasunaz probetxatzerik izanen. Utzten baduzu, nola eztakizula, orai eskuen artean duzun denbora iragaitera, egin da, galdu da, ezta gehiago bihurtzerik. Hargatik erraiten du Iondone Paulok: Dum tempus habemus operemur bonum (Gal. 6). Denbora duguiño dagigun ongi. 102 Erran beza Aristotelek nahi duena denboraz («Tempus est numerus motus, secundum prius et posterius». Arist. 4 Physic.). Baiña gure kontuko, denbora da lehen, orai eta gero, gauzeen ibiltzea, iragaitea eta iragaitearekin batean higatzea eta akhabatzea. Denbora bethi doha. Neque quod futurum est meum neque quod fuit, dio Senekak (Senec. lib. 6 Natur. quaest.). Iragana, eta ethorkizuna eztira gure. Ioana ioan, ethorkizuna ethorkizun, presentekoa da gure, eta ez bertzerik. Eta presenteko haur, hain da guti ezen erraiten baitu San Tomasek: De tempore nihil est accipere in actu, nisi nunc (S. Thom. 1 p. q. 66 art. ad 4 et 5). Denboratik eztugu deus ere, orai bat baizen, iraute aphurra, pontutsu bat, eta ez gehiago. Egia da ordea, nola pontutsu hunek, orai hunek iuntatzen eta iosten bezala baititu elkharrekin iragana eta ethorkizuna, ioste hunek orhoitzen gaitu iraganaz eta ethorkizunaz ere esperantza emaiten. Eta halatan orhoitze hunekin, eta esperantza hunekin batean, iragana, eta ethorkizuna presentekoarekin lothurik, eta bat eginik, etzaiku presentekoa hain labur iduritzen. Zeren guztiak elkharrekin bezala, eta bat baillira bezala hartzen baititugu. Hala erraiten du Senekak: Longam illi facit vitam, omnium temporum in unum collatio (Senec. de brevitate vitae. cap. 13). Ordea den bezala, eta behar den bezala denboraren hartzera, edirenen dugu, deus guti dela, mehar dela eta labur. Presentekoa goza dezakegu, ethorkizunekoa desira, eta iragana lauda edo auhen eta deithora. Iraganak eztu erremediorik, hura ioan da: ethorkizunekoa eztakigu emanen zaikunz: presentekoa hain da guti, labur eta ez deus, ezen orai ere, bigarren hitza hasi dudaneko, iragan baitateke lehenbizikoa, eta lehenbizikoaren denbora. 103 Izatu da erran duenik denbora eztela deus, hartzaz orhoitzapenik eta pensatzerik eztenean. Eta halatan lo datzanari, etzaikala orduko denbora deus iduritzen, eztuela sentitzen, ezpailliz bezala iragaiten zaikala. Zeren orduan ezpaitu hartan pensatzen, eta ez gogorik edukitzen. Urarekin nahi nuke konparatu denbora. Zeren denborak eta urak elkharren idurika handi baitute. Ura bethi doha, bata bertzeari darraika. Iragana aitzina da, ethorkizunekoa gibela dago, eta aitzinekoak aitzinean guti irauten du. Eztu nehork iragan den uretik hartzen, eta ez ethortzeko dagoenetik ere: aitzinekotik, iragaitean, presentean denean behar da atrapatu. Hala da, bada, eta hala egin behar da denboraz ere, presentekoari lot zakitza, hari probetxa zakitza. Zeren bertzela, haize ona denean, bela egin gabe gelditzen den untzia bezala, geldi ahal zindezke zu ere. 104 Denboratik gauza aphurra, orai haur dugu, eta ez bertzerik. Ordea nork erranen du zenbat balio duen orai hunek? Iraute, iraupe, eta bitarte ttipi, aphur, labur hunek? Hanbat balio du, non baldin orai ifernuan dagoen bati, eman balekio hautatzera, ea zein lukeien nahiago bere eskuko, ala mundu haur guztior, bere on guztiekin, ala oren baten denbora, eta bitartea? Segur da ez oren baten denbora, baiña are begien goiti ailtxatxeko asko lukeien bitartea ere, lehen hauta lezakeiela, nahiago lukeiela, eta bai hobeago ere, mundu guztia baiño. Zeren denbora aphur hura, den aphurrena ere, ongi enplegatzen duela, asko bailluke anarteraiñoko falta guztien erremediatzeko, eta zeruko loriaren erdiesteko. Erraiten da, gauza bat preziatua dela, hartarik puska ttipia, bertzetarik handiak baiño gehiago balio duenean, eta halatan erraiten da gauza preziatua dela urrea. Beraz zinez da gauza preziatua, eta baliosa denbora. Zeren den gutiena, bihotzezko urrikimendu batekin, asko baita salbamenduaren egiteko. Eta ezpere galdegiozu, bere azken orenean, hain laburzki parabisua irabazi zuen ohoiñari, ea zer iduri zaikan denboraz? Ea gauza estimatzekoa, eta ezertan edukitzekoa denz? Eta hark, frogatuak bezala, erranen deratzu baietz, ezertan edukitzekoa dela, baliosa dela, eztuela munduan bere parerik. 105 Hain da gauza handia, eta aberatsa, orai eskuen artean dugun denboraren orai haur, ezen purgatorioetako penak, mundu hunetako pena guztiak elkharri iratxekirik baiño handiagoak direlarik, guztiarekin ere erraiten baitu doktor batek: Plus valet hic in patientia dies unus, quam in purgatorio annus (Lodolphus ex Saxonia 1 p. cap. 20). Gehiago balio du eta gehiago egiten du, orai hemen egun batez obra onetan enplegatzeak, gero purgatorioetan urthe batez penatzen egoiteak baiño. Oraiko egunak balioko du urthea. Hala emaiten du aditzera Ezekiel profetak: Diem pro anno dedi tibi (Ez. 4). Eman neratzun eguna urthetzat. Erran nahia du: eman deratzut, eta emaiten deratzut anhitz egun, hain aberatsik, baliosik, eta prezio handitakorik, non hetarik batek balio baitu, eta balioko baitu urthe bat. Zeren gero urthe batez egin ditekeiena eta eginen dena, egin baititeke orai egun batez. Eta arrazoiña. Zeren gero izanen eztena, orai baita merezitzeko eta ontasunean aitzinatzeko ahala, indarra eta libertatea. Eta halaber, zeren bi pena suerte baitira, bata da, poena inflicta (Vide Dion. Chartus. De iudicio animae cap. 15). Bertzek emaiten derakuna, bertzetarik heldu zaikuna, nola baita purgatorioetako pena, eritasun batetakoa. Bertzea da, poena assumpta, gerok geure borondatez hartzen duguna, nola baita egiten dugun penitenzia, barurtzea, orazinotan egoitea, erromerian ibiltzea. Eta pena hark, gerok geure borondatez hartzen dugunak, eramaiten dio aitzin aldea bertze penari, bertzek emaiten derakunari, pazientki errezibitua izanagatik ere. Zeren purgatorioetan dagoenak nahi luke handik libratu, eta bai eriak ere sendatu. 106 Baiña orai gerok geure borondatez egiten dugun penitenzia, eta hartzen dugun pena, alde guztiz da borondatezkoa, baliosa, eta Iainkoari eder zaikana. Eta halatan hunek eramaiten deraue purgatorioetako penari, eta eritasunekoari ere, urreak, bertze diru guztiei eramaiten derauen abantailla. Zeren Iainkoak behatzen badu ere iragaiten dugun penara, ordea areago behatzen du hartako borondatera. Beraz orai pena, orai barur, zilizioa har. Zeren oraiko pena ttipiak gerok libreki, geure borondatez hartzen dugunak, gehiago balioko du, purgatorioetako edo eritasuneko pena handiak baiño. Eta hala badirudi ezen purgatorioetan daudenek, eztutela deusez ere hanbat damu, eta atsekabe izanen, nola denboraren galduaz, gaizki enplegatuaz, eta bere buruen bere borondatez, aphur bat bedere, ez penatuaz. Arrazoiñekin erraiten du San Krisostomok: Neque intelligis omnia potius esse amittenda quam tempus; aurum amittis, potest recuperari; amissum tempur difficulter. (Chrys. Hom. 57 in cap. 9 Io. tom. 3). Eztuzu aditzen, bertze gauza guztiak lehen utzi behar direla galtzera, denbora baiño. Zeren urrea, eta zilharra kobera ditezke, galduagatik, baiña ez denbora.

§ 2

107 Nihil proetiosius tempore et heu nihil eo vilius invenitur, dio San Bernardok (Bernard. ad Scolast). Ezta munduan gauza preziatuagorik denbora baiño, ordea ai, ezta egungo egunean gauza eztheusagorik edireiten. Eztugu deusez ere hain kontu guti egiten, nola denboraz. Quem mihi dabis qui aliquod praetium tempori ponat, qui diem aestimet? Nor emanen derautazu —galdegiten du Senekak—, denborari prezio dioenik? Eguna merezi bezala estimatzen duenik? Fitsaren berdin, ez deusen pare dadukagu denbora. Badirudi trabatzen gaituela anhitzetan ere, ezpagendu nahi gendukeiela: ez iakinez zertan iragan gabiltzala. Oren batean garenean, bigarrenean bagina desiratzen dugula. Erran behar da aberats garela, munduan den gauzarik aberatsena eta baliosena, hain frankoki derabillagunean. Bada ala zuk eta nik ere, denboraren galtze hunetzaz, probetxu gabe iragaitera utzteaz, kontu hertsia eman beharko baitiogu Iainkoari. Hirur moldez erran ahal diteke galtzen dela denbora. Lehenbizikoa, bekhatu egiteaz eta bekhatutan egoiteaz. Bekhatu egiten hari zarela, eta eginez gero hetan zaudela, iragaiten zaitzun denbora, emazu galdutzat. Denbora hark eztu deus balio zuretzat. Aitzitik hartan zeure arima eta arimako on guztiak, eta komunzki gorputzekoak ere galtzeintutzu, ura behera bezala, egotzteintuzu. Denbora hura da denborarik galduena, eta galgarriena. 108 Bigarrena, galtzen da denbora, gogoeta erho, bano, deus balio eztuten batzuetan egoiteaz. Zerori bakharrik alfer, aise, egitekorik gabe, ongi iana eta hobeki edana zaudenean, eta guztiz ere ohean loz aserik, ardurarik gabe, zauntzanean, egiten duzu zeure baithan barrena, milla pensu eta gogoeta, milla dorre eta gaztelu. Egiten zara Aita Saindu, egiten zara Errege, aberatsten zara, egiten duzu anhitz balentia. Ethortzen zaitzu ioko eder bat, irabatzen duzu. Finean, erabiltzeintuzu zeure gogoan, hala balira nahi zendukeien gauza batzuk. Eta sekulan hala izanen ezpadira ere, eta eztirela izanen badakizu ere, guztiarekin ere, hala pensatzeaz beraz ere, gogoeta erho hetan egoiteaz, atsegin hartzen duzu. Eta bitartean eztuzu konsideratzen, zuk handik atheratzen duzun probetxua denboraren galtzea dela, eta ez bertzerik. Hirurgarrena, galtzen da denbora gorputzaren plazeretan ibiltzeaz. Erraiten duzu: dezagun denbora iragan, gaitezin ioka, gaitezin dantza eta dosta. Eta etzaitzu gogoratzen bitartean denbora galtzen duzula. Bada erraiten du San Bernardok: Omne tempus in quo de Deo non cogitas, hoc te computes perdidisse (Bernard. in medit. cap. 6). Iainkoa baithan pensatzen eztuzula, iragan zaitzun denbora guztia, egizu kontu galdu duzula. Hala erraiten du San Ieronimok ere: Omne tempus in quo meliorasse non senseris, aestima perdidisse (Hieron. ad Eusthoch.). Hobetu zarenz sentitu gabe eta zerbait ontasun egin gabe iragaiten zaitzun denbora, estima ezazu galdu duzula. Ezta asko gaizkirik ez egitea, ezta asko ez gaixtatzea, baiña ondu behar da, eta ongi egin behar da; ez aitzinatzea, gibelatzea da. Zeren bitartean bertze kalterik ezpada ere, denbora galtzen eta probetxatu gabe iragaiten baita. 109 Kontu egizu ezen orai ditutzula berrogoi urthe. Eta egizu halaber kontu eta gogoeta, zenbat ongi eta obra on egin ditutzun berrogoi urthe horietan. Eta edirenen duzu, baldin zinzinez, fintki eta debotki manaiatu eta enplegatu bazina, berrogoi urthe horietan egin ditutzun ongiak, ontasunak eta obra guztiak, egin zinituzkeiela urthe batez. Beraz hunelatan galduitutzu bertze urthe guztiak, berrogoietarik hogoi eta hemeretziak. Zer kontu emanen duzu bada urthe galdu hetzaz? Hitz alfer guztiez eman behar da kontu, zer izanen da bada hanbat denbora galduz eta alfer iraganez? Arrazoiñekin erraiten du Ieremias profetak Vocavit adversum me tempus (Thren. 1). Deitu zuen ene kontra denbora. Denborak berak, guk galtzen dugunak, akhusatzen gaitu, hura bera iaikitzen da gure kontra. Omnia mi Lucile aliena sunt, tempus autem nostrum est, dio Senekak (Senec. Epist. 1). Bertze gauza guztiak, bertzerenak dira, baiña ez denbora, hura gurea da. Orai eskuen artean dugun denbora, prestatzen deraku geure Iaungoikoak, utzten deraku geure eskuko. Eta nahi du probetxa gakitzan, obra onetan enplega dezagun, eta hala enplegaturik ere, eskatuko zaiku kontu: baldin meza enzun badugu, ea ongi eta hartan pensatzen dugula, enzun dugunz. Baldin barurtu bagara, orazinotan egon bagara, probeari erremusina eman badiogu (hauk obra onak baitira), hautzaz guztioz eskatuko zaiku kontu, edergaillu, munduagatik, ala Iainkoagatik eta intenzione onez, banaloriarik gabe egin ditugunz. Hala erraiten du profeta Davitek Iainkoaren partez mintzo dela: Cum accepero tempus, ego iustitias iudicabo (Ps. 74). Denbora neuregana dezadanean, heriotzeko orenean, hain herstuki eskatuko naiz kontu, non obra onak ere, ea ongi, iustuki eta behar bezala eginak direnz, examinatuko eta iulgatuko baititut. Obra onak ere baldin ongi, eta intenzione onez eginak ezpadira, gaixtotzat emanik kondenatukoitu Iainkoak.

§ 3

110 Baldin presenteko denbora haur, orai eskuen artean duguna, enplegatzen ezpadugu ongi, peril da edeki dakigun ethorkizunekoa. Eta alabaiña haur da gure erhokeria edo itsutasuna, uste baitugu geure lehenekoa gaizki enplegatu guztiarekin ere, aitzinerat ere orobat emanen zaikula denbora. Baldin merkatari batek eman baliazo bere semeari diru suma bat bere eskuko, manaia lezan, enplega lezan, tratuan eta merkatalgoan erabil lezan. Eta halatan, tratua ikhasirik, berak bere buruz zerbait irabaz lezan. Ordea, baldin seme hark bere aitaren eman hek guztiak, iokoan, ian edanean eta arloterian gasta balitza, arrazoiñekin lizateke seme hura beldur, ez liazon bere aitak aitzinarat gehiago eman eta ez fida. Eta are lehen emanak ere edeki liatzon. Hala bada, arrazoiñekin izanen gara gu ere beldur edeki diazagun geure Iaungoikoak ethorkizuneko denbora, iragana hain gaizki enplegatu dugunaz geroztik. Hala Noeren denboran ehun eta hogoi urthe bizitzeko prometatuz gero, edeki zerauzten azkeneko hogoiak, zeren leheneko ehunak gaizki enplegatu baitzituzten. Haur emaiten du aditzera Errege Davitek ere erraiten duenean: Viri sanguinum et dolosi non dimidiabunt dies suos (Ps. 54,24). Gizon gaixto, odol-isurle, gerlati, maliziati, eta enganatiek eztituzte bere egunak erdizkatuko, eztira halakoak bertzela biziko zirenaren erdia biziko. 111 Batzuek bere gazte denboran, odola bero dutenean, bizitzen dira Iainkorik, heriotzerik, edo kontu errendatzerik ezpailliz bezala, libertate handian, milla bekhatu, malizia, eta enganamendu egiten dutela: gorputzari ahal bezanbat plazer emaiten diotela. Baiña gero, zahartzean, odola hotzten hasten zaienean, hasten dira halaber ethorkizunaz orhoitzen, hil behar dutela, eta hil ondoan kontu errendatu behar dutela ohartzen eta pensatzen. Eta handik harat, hala bere buruei ohartuz gero, itzultzen dute plama eta orria bertze aldera: eta lehen gaixto bezain egiten dira gero on eta prestu. Halakoek, dimidiant dies suos, bere egunak erdizkatzeintuzte, bi erdi egiteintuzte. Zeren erdi bata, gaztetasuna, gaizki enplegatu bazuten ere, bertze erdia, zahartzea, ongi akhabatu baitzuten. Eta haur da azkenekotz ongi erdizkatzea, gaixtoa utzirik, onaren hartzea, Iondone Paulo batek bezala egitea. Baiña berriz bertze batzuk gazten dira on, prestu eta debozinotsu, eta zahartzean gaixto, eta maliziatsu. Hastean on, eta akhabatzean gaixto, Iudas izan zen bezala. Halakoek, dimidiant dies suos, erdizkatzeintuzte bere egunak, bi erdi egiteintuzte, zeren zahartzean gaixto badira ere, gaztean on izan baitziren. Ordea hura da gaizki eta gaixtoki egunen erdizkatzea, zeren onetik gaixtora aldatzen baitira. Eta hanbatik hanbatean gaixtoago eta perilosago da zahartzean gaixto izatea, gaztean baiño. 112 Baiña finean berriz bertze batzuek: Non dimidiant dies suos. Eztituzte nehoiz ere erdizkatzen bere egunak. Zeren hala zahartzean nola gaztean, arront baitira bat, bethi ere baitira maliziaz, eta gaixtakeriaz orobat. Eta halako hek ikhusten dutenean bere egunak laburtu hurran zaiztela, heriotzera hurbiltzen direla, kontu eman behar dutela: orduan, pagatzaille gaixtoek egiten dutena, eskatuko dira ephe eta luzamendu gehiago. In die redditionis postulabit tempus (Eccli. 29). Ordea nola iraganaz kontu xarra eman baitukete, eztira enzunak izanen: etzaie heken promesei sinhesterik emanen, ezta heken erranetan nehor gehiago fidatuko. Hala erran zuen Aingiruak ere, gaiñekoaz zin egiñik, etzela izanen gehiago denborarik, akhabatuko zirela geroko gero guztiak. Iuravit per viventem in saecula, quia non erit tempus (Ap. 10). Egin ahal dezakegu nahi bezanbat, edo ahal bezanbat enseiu, eta itzul-inguru, baiña azkenean ere, ezin ihesik daidikegun denborara eta pontura herstu eta bildu beharko dugu. Hala kontatzen du San Gregoriok, ezen Krisaorio zeritzan gizon gaixto batek, bere azken orenera zenean, munduan egin ahal zitzan othoitz guztiak eginagatik, ezin erdietsi zuela, biharamuneko luzamendua. Coepit magnis vocibus clamare, inducias vel usque mane, inducias vel usque mane: sed cum clamaret, in istis suis vocibus, de habitaculo suae carnis evulsus est (Greg. hom. 12 super Evang. et lib. 4 dialog. cap. 38). Herstu zenean, nahi zukeien aphur bat luzatu, nahi zukeien biharamun arteraiñoko denbora irabazi: anhitz hitz eder ahotik athera zuen, anhitz othoitz eta oihu egin zuen: anhitzetan egun baten tregoaren, ephearen eta espatioaren eskatu zen. Baiña guztiak alferrik. Oihuz, eta othoitzez zegoela, bere egunak akhabatu zeitzan, arimak egin zeraukan, eta sekulakotz kondenatu zen.

§ 4

113 Beraz hunelatan, bat ere sentimendurik badugu, eztugu gerotik gerora ibili behar; eztugu aitzinerat gehiago denborarik galdu behar. Aitzitik lehen galdu duguna, behar dugu orai koberatu, eta erremediatu. Ordea nola edo zer moldez erremedia ahal diteke eta kobera? Zeren ioana ioan da, ezta haren bihurtzerik, eta ez eskuetaratzerik. Ihardesten du San Gregoriok hitz gutiz eta laburzki: Tempus redimimus, quando ante actam vitam, quam lasciviendo perdidimus, flendo reparamus (Greg. lib. Moral. cap. 28). Denbora iragana reskatatzen, eta geuretakotzen dugu noiz eta bizitze gaixto iragana, irriz eta plazerez galdu genduena, nigarrez eta desplazerez koberatzen eta erreparatzen baitugu. Erran nahi du: denbora iragana, gaizki enplegatu genduena, eskuetarik ioan zeikuna, erdietsten dugu, orduko plazeren ordain, orai desplazer dobleak hartzen ditugunean. Orduan egin behar ginituen ongiak, eta orai egin behar ditugunak, orai egiten ditugunean. Haur da San Tomasek ere satisfazioneaz mintzo dela erraiten duena: Quamvis homo non possit tempus praeteritum recuperare, potest tamen recompensare illud quod in praeterito fecisse debuisset (S. Thom. in addit. q. 15 art. 1 ad 4). Gizonak denbora iragana ezin kobera badezake ere, eta ez bihur, ordea erremedia dezake, iraganeko falta, iraganean egin behar zuen ongia, egiten duela ethorkizunean. Baldin iraganean meza bat enzun behar bazenduen, eta ez hura enzun, kofesa hartako bekhatua, eta gero ethorkizunean dobla, enzun bia. Baldin iraganean egun batez barurtu behar bazenduen, eta ez barurtu: lehenik kofesa hartako bekhatua eta gero ethorkizunean dobla, barur bi egunez. Halatan denbora iragan gaizki enplegatua egin ahal ditekeien moldean reskatatzen, koberatzen eta erremediatzen da. 114 Bi orenen bidea iragaiteko duzunean, eta oren hetarik bata, alferkerian, ian edanean, eta arloterian iragan duzunean, zer erremedio zeure bidearen mugaz, eta ilhundu gabe erdiesteko? Gerthatu zaitzun faltaren estaltzeko? Zer? Gelditzen zaitzun oren hartan, hain zinez, eta laxter abiatzen zara, non bi orenen bidea, batez egiten baituzu, eta halatan erremediatzen eta estaltzen zeure leheneko falta eta alferkeria. Bada molde hunetan berean guk geure denbora, hunerainokoan alferkerian eta gaixtakerian gaizki enplegatu duguna, orai ontasunean doblatuz eta laster eginez behar dugu koberatu eta erdietsi. Hala erraiten da ardiak ere arratsaldean, fitetzago ianez, bere goizeko guti iana erdiesten duela. Halatan mahastiaren iabeak ere, arratsaldean trabaillatzen hasi zirenei eman zerauen hanbat iornal eta alokairo, nola goizetik trabaillatu zirenei. Zeren arratsaldean hasi zirenak, hain zinez eta gogotik harizan ziren, non hek denbora gutiz, bertzek anhitzez bezanbat egin baitzuten. Bada haur beror egin behar dugu guk ere orai arratsaldeon, zahartzeon, geure egunon akhabatzeon. Orai baitakusagu ezen ia adinaren arauz, heriotzeko portura hurbiltzen garela, hemengoaz, egin hurran dugula. Orai bada, orai behar dugu permatu; orai behar derauegu eskuei eragin. Orai nori berea errenda, orai etsaigoatik iltki. Orai ethorkizunean pensa. Orai zinzinez, bihotzezko urrikimendu batekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, aitzinetik konzientzia ongi iratiorik, eta examinaturik, osoki, eta egiazki kofesa: kofesatu ondoan, leheneko okhasinoetarik aparta, ez gehiago hetara, eta ez bertze halakoetara itzul. Halatan denbora iragana, hain gauza handia eta baliosa, gerotik gerora ibiltzeaz galdu duguna, erremedia ahal ditekeien moldean, erremediatuko, koberatuko eta erdietsiko dugu.

__________

GAZTETIK ZAHARTZERA PENITENZIA LUZATZEN DUENAZ KAP. XIII

115 Erraiten du Spiritu Sainduak: Memento Creatoris tui in diebus iuventutis tuae, antequam veniat tempus afflictionis tuae et appropinquent anni de quibus dicas, non mihi placent (Eccl. 12). Orhoit zaitezi zeure Iaungoikoaz zeure gazte denboran, zahartzeko peneetara baiño lehen, eta hurbildu gabe urthe hek, zeiñengatik datozinean erranen baituzu: eztira ene gogarako. Gazte zareiño, ahala eta indarra duzuiño, trabailla zaite, orduan eskuei eragiezu. Zeren zahartuz gero, zahartzeak berak emanen deratzu egitekorik asko. Hanbatik hanbatean, ederrago zaitza Iainkoari gaztetasuneko obra onak, zahartasunekoak baiño. Zeren gaztetasunekoak bere egitez hobeago eta ederrago baitira. Manatzen zuen Iainkoak Lege Zaharrean, fruitu guztietarik primizia eman ziazotela, guztietarik parte bat, eta parterik hoberena, prinzipalena eta estimatuena, nola komunzki ohi baita lehenbizikoa, oferenda ziazotela. Manatzen zuen halaber Iainkoak berak, usoetarik, ez uso handiak, baiña usakumeak ekhar ziatzotela. Gazteak nahi zituen, eta ez zaharrak. Zeren usoak zenbatenaz gazteago, hanbatenaz dira hobeago, gozoago eta zaporetsuago. Hala dira bada halaber gaztetasuneko obra onak ere, zahartasunekoak baiño gaiago, eta baliosago. Eta haltan da gure Iainkoa ere hetarik gutiziosago, desirosago, eta zaleago. Hala erraiten du Mikeas profetaren zazpigarren kapituluan: Praecocas ficus desideravit anima mea (Mich. 7,1). Goiz ontzen diren fikoak, desiratzen zituen ene arimak. Presuna gazteen lehenbiziko obra on hek nahi nituzke, hetarik naiz zale eta gura, hek zaizkit on, gozo eta ezti. Hargatik da Teologoen errana, gizona adimendura heltzen den bezain sarri, pontu berean, obligatu dela bihotzaren Iainkoagana ailtxatzera, haren manamenduen konplitzeko gogo hartzera, eta arrazoiñ naturalaren arauaz bedere bizitzera. 116 Pintatzaille batek egin baleza imajina eder bat alde guztiz konplitua, eta abantaillatua: imajina hark, baldin ezagutzarik balu, nori lehenik behatu behar othe leraukaio? Segur da pintatzailleari berari, bere egilleari. Beraz hunelatan, gizonak ere, Iainkoak berak bere imajinara eta idurira, hain ederki egina denaz geroz, adimendura heltzen den bezain fite, bere egilleari berari, iduria eman dioenari, behar dio behatu, haren zerbitzuan behar du bere ahala enplegatu. Hunen arauaz erraiten du Iondone Paulok: Laborantem agricolam, oportet primum, de fructibus accipere (2 Thim. 2). Arrazoin da, trabaillatzen den laborariak, berak lehenik bere fruituetarik dasta dezan. Eta Iondone Paulok berak dioen bezala, Dei agricultura estis (1 Cor. 3). Zuek zarete, eta gu gara Iainkoaren laboraritasuna: gu gara Iainkoaren lur landua, aphaindua eta trabaillatua. Arrazoin izanen da beraz halaber, Iainkoak berak laborari onak bezala, bere trabaillua lehenik goza dezan: eta adimendura edo endelegamendura heltzen garen pontu beretik, gure obren primizia, eta lehena dasta dezan. Baiña ai, ai, eta millatan ai. Non da bere lehen fruitutik, bere obren hastetik, Iainkoari dasta arazitzen deraukanik? Non da giristino goiztiarrik? Goiz ontzen denik? Gaztedanik Iainkoa zerbitzatzen duenik? Vae mihi quia factus sum sicut qui colligit in autumno racemos vindemiae, non est botrus ad comedendum (Mich. 7). Ai ene urrikalkizuna (dio Mikeas profetak), zeren ni egin naiz udaren finean, bertzeren bil ondoan mahats hondar-mondarren bilha dabillana bezala. Hoberenak bertzek eramaintu. Ezterautate morkoxta ere eta ez bikhor bat, ahoan eman ahal ditekeienik utzi. Bada haur beror erran ahal dezake gure Iaungoikoak ere. Zeren gure gaztetasuna bertzek ioaiten du, lehenbiziko obrak bertzek biltzeintu. Deus gelditzen bazaika ere, bilondoak, hondarrak, zahartzekoak gelditzen zaitza. Eta gaixtoeneko kontuan, aillekitza hek ere, edo hek bedere geldi.

§ 1

117 Badirudi ezen desohore eta laido zaiela oraiko presuna gaztei prestuki bizitzea eta bekhaturik egin gabe egoitea. Bere eginbidea, Iainkoari zor dioten zerbitzua, geroko, zahartzeko ordenatzen dute, erraiten dutela: Berdin oraino ezta hiltzeko perilik, sendo naiz, gazte naiz, eta gazteak gazte antzu, gazte bezala behar du bizi eta gobernatu. Zer lerrake munduak berak ere, baldin oraidanik parti banengio? Hor heldu da zahartasuna, denbora pausatua, umoa, erhokerien utztekoa. Orduan bai, orduan onduko naiz: orduan munduari gibela emanen diot, eta debozinoan sarthuko naiz. Baiña anarteraiñokoan dezadan atsegin har, dezadan mundua zerbitza: nakion goza: nakion behin, berriz bihurtzeko desirarik eztukedan bezala, ase, eta asper. Haur da oraiko presuna gazten deliberamendua, haur da hekhen gogoa: eta haur da adinean bezala, gaiñerakoan ere gazte izaitea, eta azken finean, fin gaitz egiteko perilean iartzea. Baldin bazina esperantzatan hemendik urthe baten buruan erdiesteko iaun handi batenganik zenbait kargu edo errenta, ez lizateke erhokeria handia, bitartean, anarteraiñoko denboran, iaun haren kontra ibiltzea? Bada are da handiagoa zuk egiten duzun erhokeria. Zeren zuk nahi duzu hemendik urthe baten buruan, edo gehiagoren, zeure zahartzean ondu, zuk nahi duzu orduan Iainkoarekin adiskidetu, eta harenganik anhitz fabore eta garazia erdietsi; eta alabaiña bitartean, anarteraiñoko denbora guztian, zeure gaztetasunean, Iainko haren kontra zabiltza, harekin etsai zara, eta etsai bezala anhitz bidegabe egiten diozula, bizitzen zara. Ha zer bidea eta moldea, zer lausengua eta balakua, harenganik zahartzean, endrezu izaiteko, nahi duzunaren erdiesteko! Zahartzean anhitz balioko duenak, gaztetik behar du ezagun eta ageri. Fruiturik izanen duen zuhaitzak, aitzinetik behar du loratu. Doktor handi izanen denak, haurretik behar du eskolatu. Gaztean harmarik utkitu eztuena zahartzean nola kapitainduko da? Quae in iuventute non congregasti, quomodo in senectute invenies? (eccli 25). Gaztean biildu eztuzuna, nola edirenen duzu zahartzean? Gaztean luzaro gaixto izatu dena, nola kolpe batez eta laburzki onduko da zahartzean? Zeren bertzeak bertze direla (lehen erran den bezala), gazteko usantzak jarraikitzen ohi zaitza nehori zahartzean ere: eta are orduan kargatzenago, iauntzenago eta lehiatzenago zaitza. Bada badirudi ezen deabrua ere orduan permatzenago dela. 118 Hala emaiten du aditzera Iondone Ioanes ebanjelistak, erraiten duenean aditu zuela zerutik mintzo bat, zioela: Vae terrae et mari, quia descendit ad vos diabolus, habens iram magnam, sciens quia modicum tempus habet. (Ap. 12). Begirautzue, lurra eta itsasoa, gaizki doha zuetzat: zeren iautzi da deabrua zuetara kolera handian, iakinik ezen denbora guti duela. Guztiak tentatzeintu deabruak, baina zintkienik, eta fintkienik, zaharrak. Zeren nola hek, luzenaz ere ezin anhitz iraun baitezakete, denbora guti baitute, akhabatu hurran baitzaie: eta akhabatze hartan, baitago sekulakotz ongi edo gaizki izaiteko pontua, eta gora beherà: halatan deabruak ere akhabatze hartan, eskuei eragiten daraue: orduan bere artea, antzea, maiña, eta ahal guztia enplegatzen du: orduan zakukoak atheratzeintu, dakizkien iokoak iokatzeintu: eta ikhusirik denbora guti duela tentatzeko, guti hari ahal dagien guztia balia arazitzen derauka. Beraz hunelatan, peril handian iarri nahi du, zahartzeraiño bekhatutan egon gogo duenak. Zeren arrazoiñ haur ere eman dezadan, zer izanen da anhitzi gerthatzen zaikana, zahartu ustea zahartu gabe, bere adinik hoberenean hil badadi? Eta hil ezpadadi ere, zer ahal daidike, zahartzean, adin flako hartan? Eta orduko ongi egitea zer balia ahal dakidikaio? 119 Izigarri da San Basiliok pontu hunen gaiñean erraiten duena: Temperantia in senecta non est temperantia, sed potius incontinentiae quaedam impotentia (Basil. orat. 4 de poenit.). Zahartasuneko pairua eta pairatzea, ezina da eta ez pairua eta ez pairatzea: indarraren eskastea da, ahalaren faltatzea, ezin eginez egoitea: borxaz gelditzea, adinak urkho egitea, egin nahiaren ezin egina, bekhatuak berak aitzintzea; ez guk bekhatuen, baiña bekhatuak gure utztea. Eritasunean guti iatea ezta guti iate: orduko barurtzea ezta barurtze, zeren baliz aphetiturik, bada borondate. Hala da bada komunzki zahartzeko pairamendua, begiramendua, eta bekhatuetarik barurtzea ere: ezinezkoa da, eta ez borondatezkoa. Hunen arauaz erraiten du San Krisostomok ere: Qui modestus est in senectute, cum aetate plurimum iubetur, non magnam suae modestiae mercedem arbitror habiturum (Chrys. Hom. 50 in cap. 24 Mt. T. 2). Eztut uste presuna zaharrak, probetxu anhitz izanen duela bere zahartzean onhest, modest, pausatu eta sosegatu izaiteaz: zeren adina bera hartara laguntzen baitzaika, adinak berak hartaratzen baitu; nahiago badu ere, ezin baitaidike bertzela. Zer esker uste duzu izanen duela, edo irabazi eginen duela zahar ezinduak etsaiari bidera harmaturik ez ilkitzeaz? Arratsean etxerat goiz biltzeaz eta bihurtzeaz? Amorantiara gaztean bezala ez ioaiteaz? Dantzan eta iauzian ez ibiltzeaz? Pontu hunen gaiñean ere bertze guztietan bezala ederki erraiten du San Agustinek: Sed quidam sunt, fratres mei, qui in iuventute sua luxuriose vivere volunt, et si ad senectutem pervenerint, gloriantur dicentes se continentes esse; tunc enim eligunt servire castitati, quando libido eos servos habere contemnit. Numquid tales continentes dicendi sunt? Absit. Tales enim praemium non habebunt, quia laboris certamen non habuerunt (August. ad fratres herem. serm. 6. Tom. 5). Batzuek nahi dute, bere gazte denboran bizi bere gogara, anhitz bekhatu, eta desordenu, guztiz ere emazteekin egiten dutela. Eta gero baldin zahartzen badira, loriatzen dira, erraiten dutela: Gu iende kastoak, onhestak, garbiak, pausatuak eta begiratuak gara: eztugu, Iainkoari esker, desonheskeriarik akhometatzen, eta ez emazteetako bekhaturik egiten. Ordea nolatan eztuzue egiten? Ezin baitaidikezue. Beraz ezinari esker, eta ez zuen borondateari. Orai uste duzue zuek ezen iende garbiak, onhestak eta kastoak zaretela, eta kastitate horrengatik Iainkoaren aitzinean pagamendu handi izanen duzuela. Baina enganatzen zarete. Zeren pagamendua izanen duenak, utzi behar du bekhatua, bekhatu ahal daidikeien denboran, eta hartu berthutea orduan berean. 120 Zeren San Krisostomok dioen bezala: Neque enim omnis prorsus aetas omnibus vitiis est opportuna (Chrys. hom. 10 in cap. 3 Mt. tom. 2). Eztira ez adin guztiak bekhatu suerte guztietako on eta ez gai. Eztagoka zahartasunari amurusia, eta ez komunzki gaztetasunari abarizia. Badituzte gauza guztiek bere sasoiñak, trenpeak eta denborak. Bada eraiteko denbora, eta bai biltzekoa ere. Eta erho handia da, bildu behar den denboran eta mugan ereitera dohana. Gaztean behar da erein eta trabaillatu, eta zahartzean bildu, gozatu eta pausatu. Fin gaitz eginen duk, xoria, baldin gaztedanik ezpadagik kafia, dio errefranak. Zuk nahi baduzu gaztean alfer egon eta gero zahartzean trabaillatu eta obra onen egiten hasi, hori da ordenantzaren haustea, sasoiñik ez begiratzea, bildu behar denean, eta pausatu behar denean trabailluari lotzea. Ordenantza hobea begiratzen dute erleek bere artean. Erle gazteak, gazte direiño, kanpoan dabiltza, trabaillatzen dira. Baiña zahartuz gero, etxean daude, kofauean daude. Eztira bere plazerera baizen handik ilkitzen, han pausatzen dute. Zeren zahartzea hartako, pausatzeko ordenatua da.

§ 2

121 Egia da: Iainkoak prometatzen dio bere bekhatuen barkhamendua noiz nahi den, zahartzean ere, penitenzia egiten duenari. Ez ordea eztio nehori penitenzia egiteko biharamunik prometatzen, eta ez hartako segurantzarik emaiten. Hala erraiten du San Agustinek: Indulgentiam peccatorum promisit Deus, sed crastinum diem quo poeniteas non promisit (August. de verbis Domini serm. 16 tom. 10). Zahartzean penitenzia egiten baduzu on da. Ordea pontua da, ea zahartuko zarenz: eta zahartzen bazara ere, ea zahartze hartan penitenziarik eginen duzunz. Ea leheneko adin sendoan hasi eztuzuna, geroko adin flakoan, akhabatuko duzunz. Ea egundaiño baiño ongi nahiago, adinaren arauaz hobeki beharrago, eta plazerei ere emanagoa zarenean, zeure burua penatuko duzunz. Ea orduan leheneko aztura zahar gaixtoak utzirik, aztura berri on batzuk hartuko dituzuntz. Eztakit, nik duda egiten dut. Eta nork eztu duda eginen? Zeren sendoak iasaiten eztuena, flakoak nola manaiatuko du? Baldin bazinitu bi abre, eta bi karga, ez lizateke erhokeria kargarik pisuena abrerik flakoenari emaitea? Hala egiten du bada, penitenziaren karga zahartzerat egotzten duenak. 122 Gaztetasuna sendo da, indartsu da, ongi egiteko, trabaillatzeko, eta Iainkoaren zerbitzuan enplegatzeko gai da. Baiña zahartzea flako da, on behar da, berak du bere buruarekin, eta bere buruaren sostengatzen, egitekorik asko. Zaharra ezin barur diteke, belhauriko orazinotan ezin dagoke, erromerian ezin dabilke. Finean zaharrak, bere zahartasuneko eritasunekin eta arrazadurekin, penitenziazko obrarik ezin daidike. Nola izanen da bada orduan, bere eginbidearen egiteko on eta gai? Guti da zahartzean, gaztean baiño zalhuiago, arinago, eta iauzkalari handiago. Elefantak (animalia handi bat baita) bere gazte denboran belhaunak, eta gaiñerako bertze iunturak zalhuitu, erraxki doblatzen eta plegatzentu: baina zahartzean gogortzen eta osatzen zaitza, halako moldez, non baldin orduan eror, edo etzan badadi, ezin iaki baititeke. Eta halatan hartaraz gero, bere naturalezak berak hala erakutsirik, zuhaitzen kontra, hek sostengu harturik, zutik dagoela, bere loa ere egiten du. Bada Elefant zaharraren eta gaztearen artean edireiten den diferentzia, edireiten da presuna zaharraren eta gaztearen artean ere: gaztea zalhui, eta manaiukor bezain, da zaharra gogor eta zurrun.

§ 3

123 Baiña hunelako diferentziarik ezpaliz ere, ezta zahartzeko begira egon behar. Zeren zahar arteraiñoko denbora hartan ere, gazte zarenean ere, anhitz ongi eta ontasun egiten deratzu zeure Iaungoikoak: hazten, mantenatzen, eta bizirik edukitzen zaitu. Ez lizateke bada arrazoin, zuk ere bitarte hartan, zeure denboran, ontasunak errezibitzen ditutzunean, eskerrak errenda ziniatzon, zerbitza zenezan, lauda eta ohora zenegan? Zuri Iainkoak bethi egiten deratzu ongi, zergatik bada zuk ere eztiozu bethiere ezagutza eginen, eta esker emanen? Zure alderakotzat frantko da eta liberal Iainkoa, nolatan bada zara zu hain eskas eta hertsi, zeure gaztetasuna, adinik hoberena, sobera etsirik, gaixtoena, hondarra, zahartzea eman nahi baitiozu? Gaiñak, pikaiñak, eta hautuak bertzeren, hondarrak eta arbuioak Iainkoaren. Non enim tantum minimum in fundo, sed pessimum, dio Senekak (Senec. epist.). Gauza hondartuz gero, gutitzen da eta gaixtatzen. Hondarra guti da, eta guti hura ere gaixto. Florea, irina, hoberena, gaztetasuna, eramaiten du etsai gaixtoak, eta gero nahi duzu kontenta dadin Iainkoa zahiaz, eta zahartzeko hondarraz. Arrenkuratzen zen Iainkoa, zeren aniamalia itsuak, mainguak, eriak eta hebaiñak oferendatzen zerautzaten (Malach. 2): beraz arrazoiñekin arrenkuratuko da zutzaz ere. Zeren zahartzea baita itsu, eri, maingu, hebain, eta zuk hura oferendatu nahi baitiozu. Zahartzean begietako bista laburtzen da, beharrietan gorreria egiten da: belhaunetan hezueria iartzen da, indarra gutitzen da, aphetitua galtzen da, loa ioaiten da, ikhara ethortzen da, larrua zimurtzen da, illea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa khiratsten da. Finean, presuna zaharra, hotzberatzen, minberatzen, idurikortzen, haserrekortzen da, eta alde guztiz on-behartzen eta urrikalkizun egiten da: hain urrikalkizun, non baldin nehon ere gorputzak narriorik, arrazadurarik, edo falta estalirik baldin badu, orduan guztiak agertuko baitira. 124 Zertako du beraz Iainkoak halakoa? Munduak eta mundukoek beretzat on eztadukatena, bere artean ikhusi nahi eztutena, eta konpainietan ere narda zaiena, nahi duzu zuk har dezan Iainkoak bere bestale, maita dezan, besarka dezan? Bere konpaiñian eta lorian errezibi dezan? Hoberena behar duenari, eta onik baizen hartzen eztuenari, nahi zeneraukaio zuk gaixtoena bulkhatu? Eta gaixto hura, zahar, itsu, maingu, hebain, eri hura har baleza ere Iainko miserikordiosak, ez lizateke ez guztiarekin ere halakoa, egiteko gabe. Zeren non da bekhatuagatik egin behar den deskargua eta pagamendua? Nolatan zahartzean, hain denbora laburrean eta adin flakoan eta erbalean, pagatuko eta satisfatuko du, hanbat bekhaturen zorra eta obligazinoa? Hargatik erraiten du San Agustinek: Qui sero poenitet, non evadet ignem purgatorii (August. de vera et falsa poenit. cap. 18. Tom. 4). Beranduraiño penitentziarik egiten eztuenak, zahartzeraiño Iainkoagana itzultzen eztenak, peril du hoberenaz ere, purgatorioetan luzaro egon beharko duen, hara gabe eskapatuko ezten, lehenbiziko urthean zamarrik edo arropa forraturik beharko eztuen. Zeren Klimato sainduak dioen bezala, balentia handia da egunean eguneko deskarguaren egitea. (Climac. Scala 8 in fine). Eta badio San Mateok ere: Sufficit diei malitia sua (Mt. 6). Egunak berak du bere buruarekin egitekorik asko. Nola nahitutzu bada zuk, hanbat egunetako, eta denboratako, gaztetasun guztiko bekhatuak, zorrak eta egitekoak elkhargana bildu eta guztiak zahar denborako begiratu, eta eduki? Eztakusazu zahartzeko manaiua, manaiu aphurra dela? Eta adin hark bere denboran egiten dituen falten ere erremediatzen egitekorik asko izanen duela? Beraz hunelatan, gaztedanik behar da Iainkoa zerbitzatu, penitenziatan enplegatu, bekhatuetarik apartatu, eta ez gerotik gerora, gaztetik zahartzera, luzatu.

__________

ZAHARTZEAN ERE PENITENZIARIK EGITEN EZTUENAZ KAP. XIV

125 Erraiten du Eskritura Sainduak: Filius unius anni erat Saul, cum regnare coepisset, duobus autem annis regnavit super Hierusalem (1 Reg. 13). Urthe batetako haurra zen Saul, erregetu zenean, eta bi urthez izan zen errege Ierusalemeren gaiñean. Ordea nolatan ahal dateke haur hunela? Zeren segur da urthe bat baiño gehiago zuela Saulek erregetu zenean, eta halaber bi urthe baiño gehiago egon zela bere erregetasunean. Egia da, hala da. Ordea nola hastean baitzen malizia gabe, urthe batetako haurraren pare, eta egoitza hartan iraun baitzuen bi urthez, eta ez gehiago: eta Iainkoaren alderakotzat, ezpaitira kontutan hartzen ontasunean enplegatzen diren urtheak baizen, halatan erraiten da, urthe batetako haurra zela Saul, errege sarthu zenean, eta bi urthez egon zela barren hartan, eta ez gehiago. Zeren ezpaitzen, bi urthez baizen, bekhaturik egin gabe egotu. Erraiten du Senekak: Quidam tunc vivere incipiunt cum desinendum est. Si hoc iudicas mirum, adiiciam quod magis admireris: quidam ante vivere desierunt quant inciperent (Senec. epis. 23). Iende batzuk hasten dira bizitzen, bizitzetik gelditu behar denean: eta baldin hunetzaz miretsten baduzu, erranen deratzut are miretsikoago duzuna: bertze batzuk bizitzen hasi baiño lehen, gelditzen dira bizitzetik. Zeren obra onen egiten hasi baiño lehen akhabatzen baitzaie bere bizia. Quid est autem turpius quam senex vivere incipiens?, dio halaber Senekak (Senec. epis. 13). Zer da gauza itsusiagorik, bizitzen hasten den zaharra baiño? Lehen behar da lehen hasi, lehen behar da ikhasi. Eta nola zaharra ezin has baititeke bizitzen, segur da obrez mintzo dela Seneka lekhu hunetan, eta ez adinaz. 126 Itsusi da zahartzeraiño Iainkoaren zerbitzatzen ez hastea, itsusiago orduan ere ez hastea, eta guztietako itsusiena eta gaixtoena, orduan gaixtakeriari berriro lotzea eta malizian barrenago sartzea. Batzuk zahartzean hasten dira prestutzen, eta berthuteari iarraitkitzen: eta hobe da orduan ere, ez nehoiz baiño, ordea hura da, bidea iraganik, etxean egon behar lukeienean, abiatzea: handituegirik aprendizkoan iartzea, urdindurik eskolara ioaitea. Eta hauk guztiok dira itsusi, sasoiñetik kanpoan, eta muga gaitzean. Gazte denboran ibili zinen gazte antzu, arintki, debozino gutirekin, bethi prometatzen zenduela, eta gogoan erabiltzen, zahartzean mirakuillu eginen zenduela, orduan saindutuko zinela. Bada orai zahartu zara, zeure promesen eta hitz handien ephean eta mugan zara. Baiña zuk orai ere itzurpideak bilhatzeintuzu, luzamenduak edireiteintutzu, eta azken adinean zarela guti konsideraturik, lehenbizikoan baitzina bezala gobernatzen zara. Etzuen hala egiten Senekak, ientil bazen ere, erraiten zuenean: Ante senectutem curavi ut bene viverem, in senectute ut bene morerer (Senec. epis. 6). Zahartzeko aitzinean enseiatu nintzen ongi bizitzera, eta zahartzean ongi hiltzera. Gaztean bizitzeaz eduki nuen kontu, eta zahartzean hiltzeaz, zahartuz gero utzi behar da bizitzea, eta bizitzeko gogoa, heriotzearekin behar da iharduki, eta hartako bere ahal guztiaz prestatu.

§ 1

127 Zahartzea, sentontzea, urthe anhitzez bizitzea, bere egitez on da, Iainkoaren donua, eta dohaina da. Zeren Iondone Paulok dioen bezala, Licet is qui foris est, noster homo corrumpatur, is autem qui intus est, renovabitur de die in diem. (2 Cor. 4,16). Gure gorputz haur, arimaren kanpoko, eta gaineko estalki haur, zahartzeaz higatzen eta desegiten bada ere, ordea barrena, arima, hobetzen eta erraberritzen da. Presuna zaharrak nola ia berak frogatuz, eta esperientziaz ere baitaki munduko erhokerien eta ioan-ethorrien berri, ordu du gaztetasuneko maiñen eta tornuen utzteko, eta bere buruari akhordatzeko, eta ohartzeko. Baiña gaztea perilos da. Eta halatan errege Davitek erraiten zioen Iainkoari: Ne revoces me in dimidio dierum meorum (Ps. 101). Ez nazazula dei neure egunen erdian. Utz nazazu zahartzera, umotzera, urdintzera, eta azken adinera heltzera. Zahartasuna bertze anhitz gauzatako ere bai, baiña guztien gaiñetik emaiten da, gaztetasuneko falteen erremediatzeko. Eta hartarakotzat, hartaraz gero, leheneko odol beroa hotzten da, sosegua ethortzen da, eta bat ere adimendurik duena, ethorkizunean pensatzen iartzen da. Den presunarik lazoenak eta antsikabenak ere arratsean etxeko atheak hertsteintu: portaleen mugan hirietan munduak laster egiten du: ardiak ilhuntzerakoan fitetzago iaten du: zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du. Hala dagitela konseillatzeintu Iondone Paulok presuna zaharrak: Tanto magis quanto videritis appropinquantem diem (Hebr.10). Zenbatenaz eta ikhusten baituzue zeuen azken eguna hurbiltzenago zaitzuela, hanbatenaz lasterrago abia, hanbatenaz permago eta lehiago zaitezte. Begirautzue orduan zabartzetik, nagitzetik, eta ezansiatzetik. Zeren orduan da mena, orduan da mina, orduan da azken adina, eta peril guztien gaiñeko perila. Eta nola hanbatik hanbatean, ederrago baitzaitza Iainkoari gaztetasuneko zerbitzuak eta obra onak, zahartasunekoak baiño: hala bertze aldera, zaitza halaber itsusiago, eta gaitziago, zahartasuneko faltak eta huts eginak, gaztetasunekoak baiño. Zeren zahartasunekoak ezpaitira iakin gabez, inorantziaz edo esperientzia faltaz eginak, baiña bai maliziaz, gaixtakeriaz, eta gogoan deliberaturik, begiak itsuturik bezala akhometatuak eta obratuak. Ezta pontu hunetara gaixki heldu Spiritu Sainduak dioena: Tres species odivit anima mea et aggravor valde animae illorum: pauperem superbum, et divitem mendacem, et senem fatuum et insensatum (Eccli 25). Hirur bekhatu edo bekhatore suerte gaitzesteintut, eta zaizkit bertze guztien gaiñetik itsusi: probe urguillua, aberats gezurtia, eta zahar erho zentzugabea, edo zahar amurusa. 128 Konsideratzekoak dira hitz hauk, iakin dezagun ea zergatik daritzten Iainkoak hain gaitz hirur bekhatu suerte haui: probearen urguillutasunari, aberatsaren gezurrari, eta zaharraren erhotasunari. Baldinba bada hauk baino bekhatu handiagorik. Lehenbizikorik, probea urguillu izaitea, badirudi eztela bekhatu handi, lehen dirudi erhokeria, eta adimendu falta. Zeren probea zerk urguillutzen du? Halaber aberatsa ere gezurti izaitea, badirudi bekhatu arina dela, behintzat anhitz da handiagorik. Bada gizon zaharra ere banaloriatzea, eta gazte denborako zenbait erhokeriatara bihurtzea, gizonari gertha dakidikaiona da; anhitz da bekhatu handiagorik. Zergatik bada, hauk hunela direlarik, erraiten du guztiarekin ere Spiritu Sainduak hirur bekhatu hauk zaitzala gaitzienik eta itsusienik? Ezta gaitz ihardesten. Baldin hirur bekhatu suerte hauk konsidera baitzagu gaingiroki, azaletik eta kanpotik, bada hauk baino handiagorik, eta Iainkoz ere gaitzetsiagorik. Ordea baldin har badezagu barrena, mamia, Spiritu Sainduak hunetan erran nahi duena, edirenen dugu, maliziaz, premia gabe, golotoniaz, bere plazerera, kausarik, okhasinorik, eta tentamendurik gabe egiten diren bekhatuak direla gixtoenak, eta halakoak dira hirur bekhatu suerte hauk, zeinetzaz mintzo baikara presenteon. Probea gezurti izaitea, ezta hain miretsteko, zeren beharrak anhitz gauza eragin dezake. Aberatsa ere urguillu gerthatzea, komun da, ardurako gauza da, zeren nola nehoren men gabe, berak baitu bere dina eta behar duena, hark urguillutzen du, hark handitzen eta hantzen du. Bada presuna gazte bat bere obretan eta ioan ethorrietan arin, eta erho izaitea, ezta ongi, baiña badirudi aphur bat bedere, adinak desenkusatzen duela. Baiña probeak zer okhasino du urguillutzeko, aberatsak gezurti izaiteko? Eta presuna zaharrak gazte denborako tornuetara eta erhokerietara bihurtzeko? Bekhatu hauk eta guztiz ere zahartasunekoek, eztute desenkusarik, eztute estakururik, eta ez ederztatzeko biderik, eta halatan zaitza hain gaitzi eta itsusi Iainkoari.

§ 2

129 Egun batez permititu zuen Iainkoak desegin zezaten bere etsaiek Ierusalemeko hiri eder famatu hura, utzi zerauen hartzaz nahi zuten guztia zegitela. Eta nola Iainkoak ezpaitu behin ere nehor bidegabeki gaztigatzen, emaiten du arrazoina Ieremias profetak, ea zergatik Iainkoak hiri dura desegitera eta bilhakatzera utzi zuen, erraiten duela: Sordes ejus in pedibus ejus, nec recordata est finis sui (Jer. 1). Bere likitskeriak eta lizuntasunak zituen oiñetan, eta bere finaz ere etzen orhoitu. Erran baillu bezala: Oiñak zituen lohiak, satsuak, eta likitsak, haur da kausa eta eta arrazoiña zeren hiri hura hala galdu zen. Bada gauza komuna da, eta ardurakoa, oiñak likits izaitea, zeren lurrean baitabiltza. Zer antsia zen beraz hargatik? Baldin begitartea, bisaia izan balu likits, badirudi arrazoiña izan zukeiela egin zuenaren egiteaz, baiña oiñakgatik zer antsia zen? Eta alabaiña hargatik, oiñetako likitskeriakgatik, erraiten da galdu zela; zeren nola zahartzea baita azken adina, eta bizitzearen bazterra eta hondarra: hala dira oiñak ere gorputzaren fina, akhabanza. Eta halatan oiñetan likits izaiteak erran nahi zuen, zahartzean zela likits eta gaixto, eta etzela bere finaz ere orhoitu, eta halatan galdu zela. Zeren zahartzean gaixto dena, eta orduan bere salbamenduaz orhoitzen eztena, gaitz da galdu gabe eskapatzea. Erraiten du San Zipirianok: Sicut in lignis ipsa reproba arbor comparet quae post flores, fructus optimos cultori suo no exhibet; sic et in hominibus ipse reprobus est quem flos iuventutis deserit, et tamen in sui corporis senectute, bonorum operum fructus proferre parvipendit (Cyprianus de 12 abusio. 2). Nola zuhaitza baita zuhaitz alferra, fauna, idorra eta agorra, hostoaren eta lorearen ondoan fruiturik iasaiten eztuena: hala da gizona ere, gizon alferra eta guti balioa, bere gaztetasuneko lorea eta berdetasuna iraganez gero, obra onen fruiturik gabe dagoena. Gizonak, nehoiz ere izaitekoz, behar luke hogoi urthetan izan laster eta arin: hogoi eta hamarretan indar eta sendo; berrogoietan zentzu eta adimendu; berrogoi eta hamarretan diru eta hazienda, eta hirur hogoietan debozino eta konzientzia. Adin hartan, hirur hogoi urthetaraz gero konzientzarik eztuenaz, bere aphetitu desordenatuetarik gibelatzen eztenaz, eztagizula konturik. Eta are gutiago, orduan berriro gaixtakeria pensatzen, eta egiten hasten denaz: hartzaz etsi ezazu, hura emazu galdutzat. 130 Hainak, eta halakoak mehatxatzeintu Ieremias profetak hitz estali batzuen azpian, erraiten duela: Vae nobis, quia declinavit dies, quia longiores factae sunt umbrae vesperi (Jer. 6). Ai gure urrikalkizunak, galdu gara, egin du gureak. Zeren akhabatu hurran da eguna, beheititu da iguzkia, eta itzala ere luzatuago da arratsaldean. Zer erran nahi du minzatze molde hunek? Baldinba iguzkiak, bethiere ageri den bezala, luzeago egin behar du itzala, arratsaldean, eguerdian baiño. Zeren eguerdian gaindik behera artez, eta arratsaldean saihetsetik, soslai emaiten baitu. Ordea guztiarekin ere, zeren haur hunela gerthatzen den, erraiten zaiku begira dugula, galduak goazilla. Nola aditzen da bada haur? Aditzen da, galduak goazilla, ez zeren ikhusten dugun iguzki hunek egiten duen, arratsaldean, itzala handiago eta luzeago, baina zeren gure arratsaldean, zahartzean, adina irauliaz, eta beheitituaz dohanean, eta dihoakunean, mendekatzeko, enganatzeko, eta are bizitzeko nahia, eta desira ere, berretzenago eta luzatzenago zaikun; zeren zaharrago, eta gaixtoago egiten garen: hargatik erraiten du galduak goazilla. Badakigu parabisurako denak, eztuela behar bekhaturik, eta ez bekhaturen notharik, eta ez zimurdurarik. Non habentem maculam aut rugam (Eph. 9). Badakigu utzi behar direla aztura gaixtoak aitzinetik. Eta zuk gazte zinenean, erraiten zenduen, etzela orduan lekhurik, baiña zahartzean, guztiak falta gabe utziko zinituela. Bada orai han zara, bazterrean zara, zahartu zara, eta alabaiña egundaiño baiño barrenago sartzen zara, lehen bezain gaixto edo gaixtoago zara. Zer egin gogo duzu bada? Zertan pensatzen duzu? Zeren begira zaude? Zahartzearen? Han zara. Ephearen? Konplitu da. Konpli ezazu bada zuk ere, zeure hitza, eta promesa, zahar zindeziñeko eman zenduena. Erranen duzu: Badut oraiño bertze ephe bat ere: eztira oraiño denbora guztiak iragan. Egia da, erran nuen, zahartzean onduko nintzela, orduko zen lehen ephea. Baiña har dezaket bigarren bat ere. Zeren oraiño, zahar naizenagatik, bizi naiteke gehiago ere. Bada azken urthean, hiltzerako aitzinean, falta gabe, falta guztiak erremediatukoitut. Orduan neure hitzak edukikoitut, promes guztiak konplitukoitut. Anarteraiño ezta lekhurik, ezta zer mintzaturik. Haur da presuna galduen kontua, eta hurran, hurran, hunen ondoko, eta hurrenako kapituluan, ageriko den bezala, fin gaitz egiteko seiñale gerthua.

__________

HERIOTZEKO ORENERAIÑO BEKHATUTAN EGON GOGO DUENAZ KAP. XV

131 Erraiten du Senekak: Moriantur ante te vitia (Senec. epi. 27). Hil bitezi zu baiño lehen, zure faltak, eta bekhatuak: Hek lehenik, zu gero. Eztitzatzula heriotzeraiño zeurekin eduki. Zeren hartaraz gero, periletan iar zindezke, zerori hilagatik, hek bizirik geldi litezin. Zahartzeraino bekhatutan dabillana, ezta peril gabe. Zer izanen da bada, are aitzinago, heriotzeko oreneraiño, bethi barrenago sartzen dela, bethi hala dabillanaz, eta ibili gogo duenaz? Ez nuke erran nahi, zein peril handiak diren heriotzeko oren hartan. Zeren ezpaneraukaio nehori, izitzeko eta esperantzaren galtzeko okhasinorik eman nahi. Ordea ezin nagoke erran ere gabe. Zeren orduko esperantzak, anhitz galtzen baitu. Eta baitakusat ezen, nik orai hemen eman ahal dezakedan izialdurak, eta beldurtasunak baiño, orduko perilaren berririk iakingabeak, kalte gehiago egin dezakeiela. Baiña egiteko hunetan sarthu baiño lehen, nahi nuke iakin zenezan gauza bat, eta da: Nola egiazko penitenzia baita Iainkoaren donua, dohaiña eta emaitza, Iainkoak berak plazer duenean eman dezakeiena: hala egiazko penitenzia hura, noiz nahi den dela, heriotzeko azken orenean bada ere, salbatzeko asko sendo eta botheretsu dela. Eta halatan salbatu zen ohoiña, bere azken orenean, anarteraiño bekhatutan egona eta ibilia. Oraiño bideazkoak gara, eta hunela gareiño iragan gaitezke aitzinat, eta bai gibelat ere bihur, badaidikegu ongi, eta bai gaizki ere. Zeren borondatea libre eta geure eskuko baitugu. Halatan erraiten du San Agustinek: De nullo desperandum est, quamdiu patientia Dei ad poenitentiam adducit, nec de hac vita rapit impium. (Aug. serm. 11 de Verbis Domini. Tom. 10). Ezta nehortzaz ere etsitu behar, ezta nehor ere galdutzat eduki behar, Iainkoaren pazienziak penitenzia egitera igurikitzen dioeiño, mundu hunetan utzten dueiño. Halaber erraiten du San Agustinek berak: Poenitentia aboleri peccata, indubitanter credimus, etiam si in ultimo vitae spiritu admissorum poeniteat (Aug. de Ecclesiae dogmat. cap. 80 Tom. 3). Segur dadukagu, duda gabe sinhesten dugu, azken hatsaren aurthikitzean ere, penitenziak barkhatzen dituela bekhatuak. Eta Iainkoak berak errana da Ezekiel profeta baithan: Impietas impii non nocebit ei, in quacumque die conversus fuerit ab impietate sua (Ez. 13). Eztio bekhatoreari bekhatutik ilkitzen den egunetik harat, bere bekhatuak kalterik eginen. Konberti bedi, onera bihur bedi, nahiz dela arimak egiterakoan. Biz hats bakotxean dagoenean, eta orduan ere enzuna izanen da. Biziak diraueiño, hatsa sabelean deiño, arima gorputzetik iltki arteiño, baldin oraiño adimendua on badu, memorioan, eta akhorduan badago, nahasten ezpada, baduke bere bekhatuaz behar den urrikimendua, damua eta dolorea. Eta hanbatenarekin eztu bitartean zer etsiturik, eztu zer esperantza galdurik, zeren ezpaita oraiño orduan erremediotik kanpoan. 132 Bekhatuez barkhamendu erdiesteko, egin behar da penitenzia: eta penitenzia egiteko, asko da pontu bat, buru itzultze bat, begi herts-ideki baten bitartea. Zeren egiazko penitenzia, eta bertzerik ezin daidikeienean, salbatzeko asko dena, bihotzezko urrikimendua da, falta eginez barrenean, Iainkoagatik, damu eta dolu izaitea. Erraiten denean egin behar dela penitenzia, eta bertzela ezin salba ditekeiela, ezta ez aditzen bada eta ezpada behar dela konfesatu, barkhamendu eskatu, barurtu, orazinotan egon, erromerian ibili, eta hunelako bertze obra penatuetan penatu. Zeren egia da, gauza hauk guztiok penitenziak dira, eta penitenziazko obrak: ordea dira kanpokoak, eta egin ahal ditezkeienean zenbait bedere egin behar direnak. Baiña baldin ezin egin baditezke, ezin kofesa badadi, ez mintza, eta ez deusetan ere manaia: asko da orduan barren ona, borondatea, bihotzezko damua, dolua eta dolorea. Zein baita egiazko penitenzia, eta kasu hartan, bertzerik ezin daidikeienean, salbatzeko asko dena. Erremedio haur dute itsasoan edo handik kanpoan kofesatu gabe hiltzen direnek: barreneko penitenzia, bihotzezko damua eta dolorea kontrizionea. Eztute bertzerik, baiña haur dute asko, baldin behar den bidean izaiten badute. 133 Eta barreneko penitenzia haur, bihotzezko damu eta dolore haur (zein latinez deitzen baita contritio, a verbo contero, erran nahi baitu, xehatzea, zathitzea, porroskatzea. Zeren bekhatuz gogortu zen bihotza, damuaz, doloreaz, eta urrikiaz, xehatzen, beratzen eta zathitzen baita) baduke nehork laburzki, denbora gutiz, pontu batez. Zeren San Basiliok dioen bezala: Non enim temporis quantitate, sed animi proposito poenitentia iudicatur (Basil. orat. 4 de poenit.). Penitenziaren indarra eta balioa, borondatearen deliberamenduan dago eta ez denboraren luzetasunean. Hala dio San Agustinek ere: In actione autem poenitentiae, non tam consideranda est mensura temporis, quam doloris (Augus. in Enchyrid. cap. 6. T. 3). Penitenzia egitean, ezta hain konsideratu behar denboraren neurria, nola dolorearena. Urrikimendu egiazkoak, bihotzez konbertitzeak, dolore finak eta beroak, gehiago daidi denbora gutiz, dolore laxoak eta hotzak anhitzez baiño. Dolorea behar da neurtu, eta konsideratu, eta ez denbora. Haur beror emaiten du oraiño aditzera San Agustinek, erraiten duenean: Poenitentia vero non annorum numero censetur, sed amaritudine animi (August. serm. 67 de temp. T. 10). Penitenzia ezta ez urtheen kontuaz egiazko, eta balios egiten, baiña bai bihotzaren barreneko doloreaz, urrikiaz eta atsekabeaz. Nola bekhatuaren arimatik kentzeko eta atheratzeko, bi gauza behar baitira: bata Iainkoaren aldetik, haren garazia eta faborea, eta bertzea guretik, gure nahia eta borondatea, (Vid. S. Thom. 1. 2 q. 113, art. 7 in corp.) eta gauza hauk guztiok, are gure aldetik behar direnak ere, prinzipalki Iainkoak egiten baititu: halatan Iainkoak bere garaziaren emaitea eta gure garazia haren errezibitzeko, eta harekin batean bekhatuaren kentzeko prestatzea ere, egin ditezke laburzki, heriotzeko azken artikuluan. Zeren bekhatuaren egiteko asko da pontu bat, gogoaren egotzte bat, borondatearen deliberatze bat eta konsentitze bat: asko izanen da beraz halaber bekhatu haren beraren erremediatzeko ere, pontu bat, gogoaren bertze aldera itzultze bat, borondateak zintki eta fintki Iainkoagatik bekhatuaren utzte bat, eta gaitzeste bat. Zeren are miserikordiosago da Iainkoa, iustiziati baiño, barkhatzera prestago gaztigatzera baiño. Beraz hunelatan heriotzeko pontuan ere, azken orenean ere, egin diteke Iainkoaren faborearekin batean, egiazko penitenzia, eta erdiets bekhatuen barkhamendua. Haur da egia, eta egia hunetan ezta dudarik.

§ 1

134 Bai ordea, bada duda, eta duda ere handia, ea azken oren hartan, egiazko penitenziarik, behar den urrikimendurik izanen duenz bekhatoreak. Aitortzen deratzut, badukeiela orduan ere: ordea pontua da, ea izanen duenz. Eta ezta munduan, heriotzeko oreneraiño bekhatutan dagoenaren salbamenduaz dudatzen eztuenik, seguranzarik emaiten duenik. Aitzirik Eskritura Saindua, eta Elizako Doktor guztiak hain herstuki eta izigarriki mintzo dira, orduko penitenziaz, non baitirudi ezen heken erranen arauaz, hartaraz gero, eztela bat ere salbatzen. Erraiten du San Mateo ebanjelistak: Orate ut non fiat fuga vestra in hieme vel sabbato (Mat. 24). Egizue othoitz, eztadilla zuen ihesa gertha neguan edo larunbatean; zein baitzen orduan besta. Zeren nola negua baita linburi, leun, istilsu, eta lohitsu, ezta bidean ibiltzeko on. Eta besta egunean ere debeku zen, etzen sori, eta ez zilhegi bide luzerik iragaitea, urrun ioaitea. Bada heriotzeko orena da negu, eta besta. Negu, zeren guztia baita trabuz, trabailluz eta egitekoz bethea. Besta, zeren orduan behar baita pausatu, eta astelegunetako trabailluez, anarteraiñoko obra onez gozatu. Beraz hunelatan lehen behar da etsai gaixtoaren eskuetarik ihes egin eta eskapatu, eta ez anarteraiño egon eta luzatu. Arropa berriak bazkokotzat eragin nahi dituenak, aitzinetik behar du prestatzen hasi, aitzinetik behar du oihala ekharri, neurria hartu eta iostera eman. Erhokeria handia lizate goiz bereraiño, dendaria deitu gabe eta bertze gauzak xuxendu gabe egoitea. Bada are da erhokeria handiagoa heriotzeko oreneraiño, arimaren beztitzeaz konturik ez egitea, eta uste izaitea ezen herstura hartan, hain denbora laburrean, prestatuko eta aphainduko dela. Halatan Alexandro handiak egotzi zuen soldadu bat bere konpaiñiatik. Zeren etsaiarekin batzerakoan, konbat emaiterakoan, hasi baitzen harmen garbitzen eta prestatzen. 135 Denbora hertsia eta egitekotsua da, heriotzeko denbora: gaitz da orduan egiazko penitenzia egitea, eta izaitea, guztiz ere lehen debozinoan usatu eztenarentzat, edo anarteraiño bethi gaixto izatu denarentzat. Eta nola den gaitz, anhitz arrazoiñez froga ahal diteke. Lehenbizikoa: orduan munduko egitekoek, zor-hartzekoek, hartu-emanek, seme-alabek, sehiek, ondokoek eta guztien gaiñetik eritasunak berak, orduko oiñhaze miñ hek trabu handia ibeniko deratzute, nahasiko, desmordituko, zeri lot eztakizula, zeure buruaz eta egin bideaz ahantzirik, ibeniko zaituzte. Sukhar handi batekin, saihetseko punta batekin, edo bertze eritasun bortitz batekin dolorez zarenean, dolore hark berak, are eskapatzen zarenean ere, emaiten deratzu egitekorik asko, ezteratzu bertzetan pensatzeko ere astirik utzten. Zer izanen da bada, dolore guztien gaiñeko doloreak, arimaren gorputzetik atheratzeko asko denak, heriotzekoak har zaitzanean? Zer balentia egin uste duzu zuk orduan? Egiazko penitenzia, zein baita gauza handia, egitekotsua, eta osasuna duenari ere, lanik eta ekhairik asko emaiten dioena, nahi duzu zuk, den denborarik herstueneko, gaitzeneko, eri zareneko, eta are, heriotzearen azken oreneko luzatu. Horretan emaiten duzu aditzera, eztuzula nehoiz ere penitenziarik egin nahi. Zeren osasunarekin zaudenean, ahala duzunean, ezpaituzu egiten. Hala erraiten du doktor batek: Si non facis dum potes, manifeste ostendis quod non vis (Hugo. De Sacram. par. 4, cap. 5). Hargatik errraiten du Agustinek ere: Festinare debet ad Deum convertendo dum potest unusquisque, ne si dum potest noluerit, omnino cum voluerit, non possit (Augst. Serm. 17 ad fratres in eremo. Tom. 10). Bat bederak behar du konbertitu eta egin laster Iainkoagana, ahala duenean. Zeren ahala duenean, nahia eztuenak, benturaz gero, nahia duenean, eztu ahala izanen: behintzat iartzen bedere bada, ez izaiteko perilean. Beraz hunelatan lehen behar da prestatu. Zeren gaitz izanen da, heriotzeko orenean, eritasunez eta oiñhazez kargatua zaudenean, penitenzia egitea, behar den fintasunarekin eta berotasunarekin Iainkoari gomendatzea. Zeren orduan, bertzeak bertze direla, eritasunak berak, emanen baiteratzu egitekorik asko.

§ 2

136 Are gehiago, gaitz izanen da heriotzeko orenean, behar den bidean, penitenzia egitea. Zeren penitenziak eta edozein bertze obra on batek ere, egiazko eta balios izaitekotz, behar du gogotik, amorioz, borondate onez eta libreki egina izan, eta ez bortxaz, ez ezin bertzez edo beldurrez. Eta aken oreneko penitenzia hark badirudi, bortxazkoa, ezin bertzezkoa, edo beldurrezkoa dela, eta ez behar bezalakoa, eta ez behar bezain librea eta borondatezkoa. Halatan erraiten du San Agustinek: Poenitentia quae ab infirmo petitur, infirma est, poenitentia quae a moriente tantum petitur, timeo ne ipsa moriatur (August. serm. 57 de temp. Tom. 10). Eriaren penitenzia, penitenzia erai da; beldur naiz hil dadin, hiltzerakoan baizen egiten eztena. Lehen behar da lehen egin. Quoniam non est in morte qui memor sit tui (Ps. 6). Zeren Profeta Davitek dioen bezala, ezta nehor heriotzean Iainkoaz orhoitzen. Ordea zer erran nahi du, minzatze molde hunek: eztela nehor heriotzean Iainkoaz orhoitzen? Zeren gu orduko esperantzak bizi gaitu: eta esperantza harekin eztugu anarteraiñokoan gaixtakeriarik baizen egiten: ezkara ephe hartaraiño Iainkoaz ere orhoitzen. Baiña orduan diren gaixtoenak ere, hasten dira, bere konzientzien iratiotzen eta iraultzen, batari eta bertzeari barkhamendu eskatzen, eta bertze egiteko guztiak utzirik, ahalez Iainkoa bera baithan pensatzen. 137 Nolatan ahal dateke beraz egia, errege Davitek dioena: eztela nehor heriotzean Iainkoaz orhoitzen? Ezta gaitz ihardesten. Zeren bataz, lehen erran den bezala, orduan eritasunak berak, bere gorputzeko gaitzak, emaiten baitio bat bederari egitekorik asko: eta berriz bertzea zeren peril baita orduko orhoitzea, orhoitzen bada ere, ez orhoitzea bezala, beldurrezkoa, edo borxazkoa izanen den, eta ez behar bezalakoa. Zeren San Agustinek dioen bezala: Quia etiam hac animadversione percutitur peccator ut moriens obliviscatur, qui dum viveret oblitus est Dei (Aug. serm. 10 de sanct. Tomo 10). Bizi deiño Iainkoaz ahantzirik egon denak, merezi du, berari ere hiltzerakoan, ahantz dakion bere burua, eta orhoitzen bada ere, orhoitze hura, eztakion deus balia. Eta iduri ere badu etzaikala deus baliatzen. Zeren komunzki halakoa, eritasunetik eskapatzen denean, leheneko bekhatuetara bihurtzen ohi da. Halakoaz eta halakoez mintzo dela, erraiten du errege Davitek: In multitudine virtutis tuae mentientur tibi inimici tui (Ps. 65). Zeure berthutearen multzutasunean, gezur eginen deratzute zeure etsaiek. Zer erran nahi du minzatze molde hunek? Konparazino batez edo biaz adituko duzue. 138 Bi aitonen semek, edo zaldunek elkharren artean etsaigoa dutenean, eta elkhar dixidaturik, desafiaturik, konbatera eta gudura deiturik, kolpeka hasten direnean, komunzki sendoenak, edo anzatsuenak garaitzen du bertzea, bere meneratzen du, azpiratzen du, lurrera egotzten du, ezpataz iragaitera darama. Orduan lurrean datzanak, herstura handian baitago, erraiten dio bere etsaiari: Ha, iauna, othoi barkha iazadazu, bizia indazu. Ezagutzen dut orainokoan, zure alderakotzat faldatu dudala, gaizki egin dudala, baiña prometatzen deratzut ezen, hemendik aitzina, zure zerbitzari izanen naizela. Hunela minzatzen zaika, hunela othoitz egiten dio. Eta othoitz hauk gogoan harturik, bihotza hautsten zaika, urrikaltzen zaika, barkhatzen dio, utzten du iaikitzera. Ordea iaiki den bezain fite, bere eman duen promesaz eta egin zaikan garaziaz kontu guti eginik, bere leheneko tornura, eta etsaigoara bihurtzen da. Halakoari bere etsaiaren indarrak, bothereak, eta garaitiak gezurra erran arazi derauka, eta prometa arazi konplitzen eztuena. In multitudine virtutis tuae mentientur tibi inimici tui. Hala eriek ere bere eritasunetan, eta marinel tormentatuek bere tormentetan, anhitz promes eder egiten dute, saindutzeko gogo hartzen dute, debozino bat erakusten dute. Ordea nola hura guztia, beldurrez egiten baitute, eritasuna eta tormenta iragan direnean, iragan dateke heken debozinoa ere, eta handik harat lehen bezain gaixto, edo gaiztoago egiten dira. halakoei eritasunaren eta tormentaren indarrak gezurra erran arazi deraue, eta prometa arazi komplitzen eztutena. Garzelean dagoenak egiten duen ordenuak eta testamentuak eztuela deus balio dio legeak (Ff. de eo qui metus causa legat in carcere). Ez eta beraz eztu deus balioko eritasunaren eta heriotzearen garzelean eta hersturan dagoenak egiten duen promesak eta penitenziak ere. Zeren hek guztiek dirudite direla, bortxaz eginak, eta ez amorioz, eta ez borondatez.

§ 3

139 Erraiten du Eskritura Sainduak, Antioko errege gaixto hark, heriotzeko orenera zenean, urrikimendu handi bat erakutsi zuela, anhitz promes eder egin zuela; hanbat, ezen baitzirudien bere hitzetan saindu bat zela, eta saindu bat bezala mintzo zela, erraiten zuela bertze anhitz gauzaren artean: Iustum est subditum esse Deo, et mortalem non paria Deo sentire (2 Mach.) Iustu da eta arrazoin, Iainkoari errendaturik egoitea, eta gizonak Iainkoaren berdin bere buruaren ez edukitzea. Eta guztiarekin ere, hunela mintzo bazen ere, erraiten du Eskritura Sainduak berak, lekhu berean: Orabat autem hic scelestus Dominum, a quo non esset misericordiam consequuturus. Gaixto hura othoitzez zegokan Iainkoari, baiña alferrik, etzuen barkhamendu erdiesteko perilik. Zeren othoitz hek, eta Iainkoaz orhoitze hek bortxak, heriotzearen beldurrak eragiten baitzerautzan. Pontu hunen gaiñean erraiten du Soto doktor handi hark: Antiochus propterea non est veniam consequutus, quod poenitentiam non habuit; sed ob id nobis exemplo propositus est, ut admoneamur, dolorem peccatorum, qui ex cruciatibus mortis enascitur, fallacem esse saepissime (Soto in 4 sent. dist. 15 q. 3 art. 6). Etzuen errege Antiokok barkhamendurik erdietsi, zeren ezpaitzuen behar zen bidean penitenziarik egin. Ordea hark bere azken finean egin zuen enseiua, eta penitenzia itxurapena, ibentzen zaiku geure begion aitzinean exenplotzat eta miraill bezala: iakin dezagun, eritasunaren eta heriotzearen oinhazetarik eta hersturetarik sortzen den penitenzia, maiz dela alfer, faun, falso, gezurti, eta guti balio. Ikhusten duzunean bere mende guztian gaixto izatu den bat eritu denean, eta ia hiltzera etsitu duenean, hasten dela batari eta bertzeari barkhamendu eskatzen, beharrei bere haziendaren partitzen, eta hats-beherapen handi batzuekin, begiak zerura iraulirik, Iainkoari gomendatzen, eztezazula ez hargatik pensa, segur duela halakoak bere salbamendua. Aitzinetik, aitzinetik, eritu baiño lehen eta heriotzeko hersturan iarri baiño lehen, behar da bekhatua utzi eta debozinoa hartu. Zeren bertzela erituz gerozko debozinoan ezta zer fidaturik, ezta segurantzarik. Eritasuneko debozinoa, komunzki, heriotzearen beldurtasunetik heldu da, eta ez Iainkoaganako amoriotik. Eritu ezpazina, lehen bezala, zeure leheneko bekhatuen xisteran, etzauntzan eta tokian egonen zinen. 140 Baldin aitzinetik, eritu baiño lehen, bekhatua utzten baduzu, intenzione ona hartzen baduzu, eta ahalez zeure leheneko falten erremediatzen hari zarela, zeure azken eritasunak atrapatzen bazaitu, iakizu ezen orduan, munduko bekhatorerik handiena izan bazara ere, salbatzeko bidean zarela, eta salbatzeko esperantza handi bat ahal dukezula. Baiña bertzela, Iainkoak begira zaitzala, bekhatutan eta bekhatu egiteko gogoan eta borondatean zaudela, zeure azken eritasunak edireitetik. Zeren baldin hala edireiten bazaitu, peril da zeure eritasun hartako kofesatzeak, urrikimenduak, debozinoak, eta egiten ditutzun bertze enseiu guztiek ere, deus guti balioko duten, indar guti izanen duten. Ez naiz neure burutik mintzo. Hala erraiten du San Agustinek: Agens poenitentiam et reconciliatus cum sanus est et postea bene vivens, securus hinc exit. Agens poenitentiam ad ultimum et reconciliatus, si securus hinc exit, ego non sum securus, poenitentiam dare possum, securitatem dare non possum. Numquid dico, damnabitur? Non dico. Sed dico etiam liberabitur? Non. Sed quid dicis mihi? Nescio, non praesumo, non promitto, nescio (August. de vera et falsa poenitentia. Hom. 41). Osasuna duela, bere bekhatuen kofesa, eta penitenzia egiten duena, eta gero handik harat ongi bizitzen dena, ongi eta segur ilkitzen da hemendik. Baiña bere azken fineraiño, eta azken eritasuneraiño gauza hauken egitera igurikitzen duena, ez naiz segur, ongi eta segur ilkitzen denz. Segur naizenean erraiten dut segur naizela, eta ez naizenean, ez naizela. Ahal derraket, orduan ere badaidikeiela penitenzia, ez ordea eman segurantzarik. Eztut erraiten kondenatuko dela, eta ez salbatuko dela ere. Ez naiz fida, ez naiz segur, eztakit. Hunela dio San Agustinek, eta erraiten du oraiño gehiago ere: Vis te de dubio liberare? Vis quod incertum est evadere? Age poenitentiam, cum sanus es. Si sic agis, securus es. Quia egisti poenitentiam eo tempore quo peccare potuisti. Si autem vis agere poenitentiam tunc quando non potes, peccata te dimisserunt, non tu illa. Nahi duzu dudatarik iltki? Nahi duzu segurean iokatu? Egizu penitenzia sendo zareiño, bekhatu ere ahal daidizuiño. Zeren bertzela, baldin zuk egin nahi baduzu penitenzia eri zarenean, hiltzerakoan, bekhaturik ere ezin daidikezun denboran: eztitutzu orduan zuk utzten bekhatuak, baiña behatuek zu utzten zaituzte. 141 Zer esker edo merezimendu uste duzu izanen duzula, ia ezin gehiago daidizunean, eta hiltzera etsitu duzunean tratu gaixtoen utzteaz, eta batari eta bertzeari, zeure onen utzteaz eta partitzeaz? Zeren berdin ezin eraman zinitzakeien zeurekin. Baldin obra on horiek egin bazinitu osasuna zenduenean, eta zeure burua, hala oneko nola gaixtoko, zeure eskuko zenduenean, badirudi indar gehiago izanen zutela, baliosago izanen zirela, segurantza handi bat emanen zeratzutela, eta zutzaz ongi ioanean zela. Baiña zeure azken finean, ia ezin gehiago iraun dezakezula ikhusirik, eta etsiturik egiten duzun obra onean eta penitenzian; ezta zer sobera fidaturik. Zeren peril baita, ezten orduko obra on hura eta penitenzia behar bezain fin eta egiazko izanen. Eztagoela beraz nehor penitenziarik egin gabe, eta bekhatuak utzi gabe, bekhaturik ezin daidikeien denboraraiño, eztagoela bortxaren begira: begi bere egin bidea libreki, eta borondatez: begi mugaz eta goiz. Zeren San Agustinek dioen bezala: Multos solet serotina poenitentia decipere (August. de vera et falsa poenitentia). Anhitz enganatzen ohi du arratsaldeko urrikimenduak, penitentzia berantkorrak. Badira zuhaitz batzuk, udaren finean, sasoinetik kanpoan hasten baitira loratzen edo birloratzen. Baiña lore hetarik guti lotzen, eta itxatxekitzen ohi da: heken fruitutik guti umotzen eta ontzen da: nork nola eztakiela, ihartzen, eta iraungitzen ohi dira. Hala dira bada bere adinaren finean, eritasunean eta hiltzerakoan, desira onez bethatzen hasten direnak ere. Orduko desira on hek, nahikunde hek neguko loreak dira, denbora gaitzekoak, sasoiñetik kanpokoak, itxatxeki gabe, fruiturik ekharri gabe, desikundetan, ihartzen, eta iraungitzen direnak.

§ 4

142 Errege Faraonek, Israeleko semen ondotik, heken hil nahiz, zihoanean, ikhusirik ezen urak hartzera zeramala, erran zuen: Fugiamus Israel, Dominus enim pugnat pro eis contra nos (Ex. 4). Dagigun ihes, bihur gaitezin gibelat, eztaidikegu nahi dugunik. Zeren Iainkoa bere alde dute iende hauk. Abiatu zen bada gibelat, eman zioen ihesari, baiña alferrik, probetxu gutitan, berant orhoitu zen: hura laster, baiña ura lasterrago, han bere lagun guztiekin itho eta hondatu zen. Hala gerthatzen zaie bada komunzki heriotzeko orenean, bere gaixtakerietarik gibelat bihurtu eta ihes egin nahi dutenei ere. Abiatzen dira, egiten dute zenbait enseiu, baiña ez asko, flako dira, eta halatan atzemaiten eta atrapatzen dira. Ioab eta Abner, bi kapitain hek, gerla handia erabili zuten elkharren artean. Eta azkenean, ikhusirik Abnerrek, gaizti ziohakola, benzutu hurran zela, erran zioen Ioab bere kontrastari: Num usque internecionen mucro tuus desaeviet? (2 Rg. 2). Zer da haur, Ioab, kapitain famatua? Zer egin gogo duzu? Akhabatu nahi othe gaituzu? Asko egin duzu, garaitia baduzu, utzkuzu bizia. Orduan ihardetsi zioen Ioabek: Vivit Dominus si loquutus fuisses mane recesisset populus. Promes emaiten deratzut ezen, baldin goizean mintzatu bazina, iendea barraiatuko zela, eta enzuna izanen zinela. Erran baillio bezala: eta nola? egun guztian, orai arteiño, ene kontra ibilli zara, hartan zeure ahal guztiaz permatu, eta enplegatu zara, eta gero orai, arratseon, atrapatu zareneon, gehiago ezin daidizunean, nahi duzu baketu eta adiskidetu? Bada ez, ez, berandu duzu, alfer mintzo zara, orai ene aldia da, lehen zurea zen bezala. Huna non duzun klarki pintaturik bekhatore bati, bere mende guztian bekhatutan, Iainkoaren kontra gerlan ibilirik, heriotzeko orenean, ia atrapatu denean, Iainkoarekin gerthatzen zaikana. Halakoari eta halakoei erranen deraue Iainkoak, Abimelek erregeari, eta harekin ziren lagunei, Isak patriarkak erran zerauena: Quid venistis ad me hominem, quem odistis et expulistis a vobis? (Gen. 26). Zertara ethorri zarete orai enegana, lehen gaitzetsia, alferetsia, eta zeuenganik egotzia, erabili duzuen gizon batengana? Erranen deraue halaber halakoei Ebanjelioko borz birjina ergel hei erran zerauena: Amen dico vobis, nescio vos (Mt. 25). Zoazte hortik, etzaituztet ezagutzen. Clausa est ianua. Hertsi da athea, ezta idekitzerik, berandu duzue. Erranen deraue halakoei: Zuek, ahala zendutenean, etzenduten ontasunik egin nahi, zergatik bada orai, ahalik eztuzuenean, egin behar deratzuet nik zuei? Finean erranen deraue: Non dira oraiñokoan zerbitzatu ditutzuen iaunak eta nabusiak, erabili ditutzuen bekhatuak eta gaixtakeriak? Surgant et opitulentur vobis (Dt. 32). Zoazte hetara, eta hek lagun bekizkitzue: eta utz nazazue ni orai ere, oraiñokoan utzi nauzuen bezala. Zuek lehen egiten zenduten nitzaz irri, eta eskarnio; hala bada aldiz, nik ere orai eginen dut zuetzaz. Ego quoque in interitu vuestro ridebo. 143 Hunela erranen deraue, heriotzeko oreneraiño bekhatutan ibilirik, oren hartan bere bekhatuak erremediatu nahi dituztenei. Eta arrazoiñekin erranen deraue hunela. Zeren orduan bortxaz eta ezin bertzez hartaratzen baitira, eta borxazko ongi egiteak, deus guti balio baitu. Halakoek nahi dute, bizi direiño, deabruaren zerbitzuan egon eta gero hiltzerakoan Iainkoagana aldatu. Ordea hura da legearen kontra. Zeren erraiten du legeak, zuhaitz bat bere denbora guztian ondoz eta erroz, zure baratzean edo lurrean egon dena, azkenean bertzeren baratzera edo lurrera makhurtuagatik; eta ebakitzen dutenean bertzeren lur hartara eroriagatik, zure izanen dela, eta ez eroririk datzaneko lurraren iabearen (Lege Si plures in ff. novo lib. 5). Hala komunzki izanen da bada halaber, bizi deiño deabruaren zerbitzuan erroak eginik egon dena ere, hiltzen denean, deabruaren, eta ez orduan Iainkoagana makhurtuagatik Iainkoaren. Eta nola zuhaitza zutik dagoenean, makhurtua dagoen aldera, erortzen ohi baita, komunzki ebakitzen denean: hala zu ere bizi zareiño, norat baitzaude makhurtua, harat eroriko zara hiltzen zarenean. Eztezazula pensa, eztakizula iduri, baldin bizi zareiño, sendo eta osasunarekin zabiltzaiño, ezkerrerat makhurtua, eta alderditua bazaude, eritasunean eta heriotzean eskuiñerat iarriko eta xutxenduko zarela. Bizitzeari darraika heriotzea: nola bizi hala hil. Ur guztiak ilkitzen dira itsasotik. Ordea guztiarekin ere ur hetarik batzuk dira gazi, eta bertzeak geza: batzuk gogor, bertzeak bera. Eta arrazoiña. Zeren nolako baita lurra, zeinetarik iragaiten baita ura, halako gerthatzen baita ura ere. Urak lurraren gozoa eta zaphorea hartzen du. Ura, lurrak ontzen edo gaixtatzen du. Hala bada heriotzea ere, nola bizitzetik iragaiten baita, bizitzeak ontzen edo gaixtatzen du. Nolako baita ehaiten den ehuna, eta oihala, halako izanen da oihalaren albenia, eta bazterra ere. Beraz hunelatan, nolako baita bizitzea, halako izanen da halaber bizitzearen bazterra, eta akhabatzea ere, zein baita heriotzea. Ongi bizi, ongi hil; gaizki bizi, gaizki hil.

§ 5

144 Gertha diteke Iainkoaren zenbait sekeretuz eta ordenamendu estaliz, ongi eta prestuki bizi izatu dena, gaizki hiltzera, azkenean behaztopatzera eta galtzera; untzi anarteraiño ongi ibilirik, portuan sartzean, galtzen den bezala. Nola halaber bere mendean gaizki bizi izatu dena, azken finean erremedia baititeke, ohoin ona egin zen bezala. Baiña hunelakorik oraiñokoan gutitan gerthatu da, eta benturaz ez sekulan gehiago eginen. Komunzki ongi bizitzen dena, ongi hiltzen da: eta gaizki bizitzen dena, gaizki hiltzen da. Haur da bide zabala, erreala, plauna, eta segura. Bertze guztiak dira bidexkak, bide xidorrak, hertsiak, meharrak, malkhorrak eta perilez betheak. Male mori times, et male vivere non times. Non potest male mori qui bene viverit. (August. de disciplina christiana, libro unico Tom. 9). Gaizki hiltzearen zara beldur, eta ez gaizki bizitzearen. Bada ezin hil diteke gaizki, ongi bizi izatu dena. Eta iakiteko, duda guti dela egiteko hunetan, bada seiñale bat handia. Zeren bat bederak sendo zeiño zertan baitzedukan gogoa, hartan ohi daduka, eta hartzaz minzatzen ohi da eritasunean, eta hiltzerakoan ere: hartan edireiten da ametsetan, eta eldarnioetan ere: asko baita aditzera emaiteko, bizitzen bezala hiltzen ere dela. Quae seminaverit homo, haec et metet, dio Iondone Paulok (Gal. 6). Gizonak zer ere ereiten baitu, hura biltzen ere du. Eta galdegiten du S. Mateo ebanjelistak, ezetzko kontuan bezala: Numquid colligunt de spinis uvas, aut de tribulis ficus? (Mat. 7). Othe da nehor, elhorri-arantzetarik mahats, edo saphar-laharretarik fiko biltzen duenik? Bizi deiño gaixtakeria banatzen eta ereiten ibili denak, eta gero bere azken finean, saindu batek bezala, hil uste duenak, elhorri arantzetarik, mahats: saphar-laharretarik fiko, gaixtakerietarik ontasun bildu nahi du: ezin datekeien gauza desiratzen du. 145 Bere mende guztian errebelatua ibilirik, heriotzeko orenean, ilhuntzen hasterakoan, bide onera, eta arthezera bihurtuko dela uste duenak, huts egiten du. Lehen behar da, lehen. Zeren heriotzeko oren hura, oren ilhuna, nahasia, eta tormentatua da. Ezta tormenta kapitaiñik hanbat egiteko emaiten duenik. Orduan, lehen erraz zena ere, gaitz bihurtzen da. Untzia itsaszabalean, denbora ederrarekin aise erabiltzen da, alde batera eta bertzera errazki lemaz itzultzen eta gobernatzen da. Baiña bazterreraz gero, kosta ioz gero, ezta gobernatzerik, eta nahi bezala manaiatzerik. Denbora klar deiño, adin onean, eta osasunarekin, untzia itsas zabalean, denbora ederrarekin bezala, zeure gogara zabiltzaiño, eskuei eragiezu, orduan perma zaitezi. Zeren denbora gaitzak, eritasunaren oiñhazeak, eta heriotzearen tormentak hartuz gero, kostaraz gero, bizitzearen bazterra heriotzeak ukituz gero, egin da, mirakuillu izanen da salbatzea. Utzazu beraz burutik buruan darabillazun erhokeria hori, egunetik egunera, heriotzeraiño luzatuz eta ephe hartuz, orduan erremediatuko zarelako esperantzarekin, anarteraiño bekhatutan egoite hori. Zeren badakizu tormenta handiarekin, kostan ioitera dohan untzi kargatua, eztela peril gabe, aitzitik galdutzat dadukazu halako untzia. Hala edukazu bada halaber zuk ere galdutzat zeure burua, bekhatuz betherik eta kargaturik, heriotzearen kosta ioiten duzunean: bethi ere gero onduko zarela erraiten duzula: eta bekhatu egiteko gogoan, eta borondatean zaudela, zeure azken eritasunak edireiten zaituenean. Zeren hartaraz gero, gutiak dira ongi libratzen direnak, galdu gabe eskapatzen direnak. Beraz hunelatan, orai baituzu osasuna, indar, antze, adimendu eta zeure burua zeure eskuko: orai ezpaitzara oraiño eri, eta ez heriotzeko hersturan iarri: orai baitzara libre, eta nahi baduzu ongi, eta gaizki ere, daidikezun denboran. Orai bada, orai, men menean iarri gabe, sukharrak nahasi gabe, eta eritasuna iaundu gabe, egintzatzu gero egin gogo ditutzun ongiak eta deskarguak. Eta orai diot. Zeren nola orai egiten duzun guztia, eritu gabe, heriotzeko hersturan iarri gabe, eta nehork bortxatu gabe, libreki eta borondatez egiten baituzu: hura izanen da gauza handia, estimatua, indartsua, botheretsua, baliosa, Iainkoari eder izanen zaikana, eta merezient azken zeruko loriaren erdiesteko.

__________

ERREMUSINA EGITEAZ ETA HANDIK SORTZEN DEN PROBETXUAZ KAP. XVI

146 Erraiten du Espiritu Sainduak: Ignem ardentem extinguit aqua, et eleemosyna resistit peccatis (Eccli. 3). Urak iraungitzen du sua, eta erremusinak egiten deraue bekhatuei kontra. Urak sua bezala, erremusinak iraungitzen du bekhatua. Halaber erraiten du San Mateok: Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur (Mt. 5). Dohatsu dira miserikordiosak, zeren hek erdietsiko dute miserikordia. Hunen arauaz erraiten du errege Davitek ere: Beatus qui intelligit super egenum et pauperem, in die mala liberabit eum Dominus (Ps 49). Dohatsu da, beharraren eta probearen gaiñean enplegatzen dena. Zeren hura, egun gaitzean, heriotzeko orenean begiratuko eta libratuko du Iainkoak. Eta badio oraiño Spiritu Sainduak: Conclude eleemosynam in corde pauperis, et haec pro te exorabit, ab omni malo (Eccli 29). Gorde zazu erremusina probearen golkhoan eta hark eginen dio Iainkoari othoitz, gaitz guztietarik begira zaitzala. Finean hanbat gauza erraiten da erremusinaz, non baitirudi ezen, bat bederaren salbatzeko, eta arimaren seguratzeko, asko izanen dela, bertze gauzarik gabe, bihotz bera, eta erremusinalari izaitea. Zeren handia baita, erremusinaren indarra eta botherea. Egia da, hala da, handia da, eta Glosak dioen bezala, San Agustinganik atherarik: Sola misericordia comes est defunctorum (Glosa Lyrana in cap. 29 Eccli.). Miserikordia bera da eta ez bertzerik, defunktuak konpainiatzen dituena, arima ioanei laguntzen zaiena, erremusinak edukitzen du bethiere on. Ordea eztuzu ez pensatu behar erremusinak berak, sakramendu batek bezala, ex opere operato, bere indarrez eta botherez bekhatua iraungitzen eta barkhatzen duela. Eztu berak, hartarakotzat indarrik asko (Vid. S. Thom. 2 2ae q. 154 art. 3 ad 7). 147 Alde batetik duzun guztia probei emanagatik, baldin bertzetik, bekhatutan bazaude, eta hetan finatzen bazara, deus guti baliatuko zaitzu zeure erremusina, eta miserikordios izaitea. Hala erraiten du Iondone Paulok: Et si distribuero in cibos pauperum omnes facultates meas, et tradidero corpus meum, ita ut ardeam, charitatem autem non habuero, nihil mihi prodest (1 Cor. 13). Dudan guztia probei eman badiazet ere, eta neure burua erratzera utz badezat ere, etzaizkit hek guztiak deus baliatuko, baldin karitaterik ezpadut. Erran nahi du: erremusinak eta bertze obra miserikordiazkoak ere, deus guti probetxatzen zaitzala, bekhatutan dagoenari. Ordea guztiarekin ere anhitz, eta handiak dira erremusinari emaiten zaitzan ohoreak, laudorioak eta abantaillak. Eta arrazoiñekin, eta mereziturik emaiten zaitza. Zeren erremusinak berak indarrik asko ezpadu ere bekhatutik atheratzeko, bai ordea badu athera arazitzeko. Zeren badirudi ezen Iainkoak bere ontasunagatik, hartzeko duela okhasino, miserikordios denari, zeren miserikordios den miserikordia egiteko. Zure erremusinak, zure bihotz-beratasunak, beratzen, eta hautsten dio Iainkoari bihotza, eta emaiten okhasino zure faboratzeko. Zu miserikordios izaiteaz, gaitzen zara, disposizionean iartzen, eta prestatzen Iainkoaganik miserikordia erdiesteko, eta errezibitzeko: eta Iainkoa ere hartzaz iratzartzen eta ernatzen bezala da, zuri ongi egiteko, eta bere garaziaren emaiteko. Hunetakotzat, egia hunen frogatzeko, anhitz exenplo ediren ahal diteke, baiña nik orai presenteon eztut bat baizen ekharriko. Bonifazio martira denbora batez ibili zen emazte eder, noble, aberats batekin galdua, eta haragizko bekhatuan barrena sarthua. Eta bazuen Bonifazio hark bertzerik ere anhitz bekhatu: edale zen, iokari zen, arnegari zen, halakoak ohi diren bezala. Gauza bat zuen ona. Bihotz-bera zen, erremusinalari zen. Alde batetik bekhatu anhitz egiten bazuen, bertzetik probeak faboratzen zituen. Eta halatan bera ere Iainkoak faboratu zuen, bihotzean utkitu zuen, inspirazino saindu batzuk, gogoeta on batzuk eman zerautzan. Eta gero hekin batean konbertitu zen, aitzinerat obra onetan enplegatu zen, eta azkenean martir hiltzen. Ikhusazu zer egiten edo eragiten duen erremusinak, miserikordios eta urrikalmendutsu izaiteak. Hain zaika eder Iainkoari urrikalmendua, eta beharrari ongi egitea, non berari ere handik urrikaltzen baitzaika ongi egille hura, eta lehen edo gero erakusten baitio, eta emaiten bide onean iartzeko bidea. Bonifaziori eman eta erakutsi zioen bezala. 148 Esportza gaitezin beraz, eta enseia miserikordios eta erremusinalari izaitera: zeren anhitz baitira, eta handiak, handik eta hartarik sortzen diren probetxuak, ontasunak eta irabaziak. Eta bertze anhitzen artean hirur dira erremusinaren probetxu prinzipalak (Eleemosyna est meritoria, satifactoria et impetratoria). Lehenbizikoa: Eleemosyna est meritoria gloriae et augmenti gratiae, si fiat ab homine existente in gratia et propter Deum. Bekhaturik gabe dagoela, Iainkoagatik egiten den erremusinak, merezitzen du zeruko loria, eta berretzen Iainkoaren garazia. Bigarren probetxua da: Eleemosyna est satisfactoria pro poenis peccatorum dimissorum. Erremusinak satisfatzen eta pagatzen ditu bekhatu barkhatuen pena tenporalak, guztiak edo parte bat, hemen edo purgatorioetan pagatu behar zirenak. Eta haur da Eskritura Sainduak erraiten duena: Peccata tua eleemosynis redime. Hirurgarrena:Eleemosyna est impetratoria. Erremusinak anhitz ontasun erdiesten du Iainkoaganik. Beati misericordes, quoniam ipsi misericordiam consequentur (Mt. 5). Dohatsu dira miserikordiosak, zeren hek erdietsiko dute miserikordia. Eta hala zure erremusinak berretzen du zeruko loria, eta handitzen Iainkoaren garazia: gutitzen du purgatorioetako pena: eta erdiesten du Iainkoaganik anhitz fabore eta ontasun. Iakin dezagun ezen erremusinagilleari, bihotz bera, eta miserikordios denari eginen zaikala miserikordia. Eta zer ere emaiten baitiogu orai hemen probeari, edo bertze obra onetan enplegatzen baitugu, hura gero edineren dugula bertze munduan, eta ez bertzerik.

§ 1

149 Iakin dezagun, eztiogula probeari liskarrik edo eranzuterik egin behar, eta ez gaizkirik erran. Baldin emaiteko gaietan bagara, edo debozinorik badugu, eman diazogun, eta gaiñerakoan utz dezagun. Zeren probea, ongien dena ere, on behar da eta urrikalkizun. Biluz da: orthuz da: eztu aldatzeko athorrarik, eta ez etzateko oherik: eztaki othuruntza on baten berririk. Asko du bere lazeria, eskasia eta miseria. Beraz etzaika halakoari liskarrik, eranzuterik edo mehatxurik egin behar. Zeren hala egiteaz, batean ezpada bertzean, periletan iar zindezke huts egiteko: eta probearen bere probetasunaren gaiñera, bere gogoan eta bihotzean zaurtua, gaizkoatua eta tristetua igortzeko. Eztut uste, galdeginen derakula Iainkoak, ea probe onari ala gaixtoari eman diogunz, eman diogunz baizen. Dagigin ongi, eta eztezagula beha nori. Aberatsak bezala, probeak ere Iainkoak eginak dira. Aberatsa hain biluz-gorri sorthu zen, nola probea. Eta Iainkoak nahi izan balu, egin zukeien probea aberats, eta bai aberatsa ere probe. Eta hala orai ere anhitzetan heken zorthea, eta fortuna trukatzen du, probeak aberatsten, eta aberatsak probetzen baititu. Probeak pairatuz, pazienzia izanez, eta bere ongi egillez othoiz eginez, behar du salbatu, eta bai aberatsak ere, bere onetarik probeari emanez eta partituz. Eta ongi gehiago egiten deraku probeak guri, eskatzeaz, eta gureganik errezibitzeaz, guk hari emaiteaz egiten diogun baiño. Zeren guk hahi labore poxin bat, kornadu bat, edo hunelako zenbait bertze gauza aphur emaiten diogu, baiña guk handik zeruko loria irabazten dugu. Are gehiago probeari emaiteaz, geure deskargua egiten dugu. Zeren Iainkoak orai emaiten derauzkigun onak eta onhasunak, hetarik, geure maiñadaren mantenatzeko, eta estatuaren edukitzeko behar duguna hartu, eta ethorkizuneko kasuetako ere zerbait gelditu, eta gaiñerakoak probe beharrenak dira. 150 Eztu ez Iainkoak utzi probeak mundu hunetan haberik eta sostengurik gabe, aberatsen gomendioan utzitu. Eta halatan emaiten deraue, aberatsei beretzat behar duten baiño gehiago, gehiagoko hura probetara parti dezaten amoreakgatik. Eta handik, erraiten du San Krisostomok: Nam si pauperes esse permisit, etiam hoc divitum gratia factum est, ut per eleemosynam peccata possint abluere (Chrys. hom. 77 in cap. 15 Jo., tom. 3). Permititzen du Iainkoak munduan diren probeak, hei ongi eginez, salba ditezin aberatsak. Eta Iainkoaren ontasuna eta liberaltasuna hain da handi, non orai zuk ditutzun on horiek Iainkoarenak berarenak, eta Iainkoak emanak dituzularik, guztiarekin ere, zuk horietarik probeari emaiten diozunean, zeuretarik emaiten biatzinio bezanbat estimatzen baitu Iainkoak. Eta are handik bere burua zure alderakotzat zordun erakusten du: hain zordun, ezen erraiten baitu Spiritu Sainduak: Foeneratur Domino qui miseretur pauperis.(Prov. 19). Probeari emaiten dioenak, Iainkoari emaiten dio. Eta emaiten ere, nola? Foeneratur. Zensuan, interesean, irabazian, obliga arazirik bezala, prinzipala irabaziarekin bihurtuko dioela. Eta hemengo irabazia ttipi da, ezta seguraturik ehuneko bat ere, baiña Iainkoarena handi da, gehiago da ehuneko ehun baiño. Zer nahizu gehiago? Probeari emaiten diozunean Iainkoaren izenean, berari emaiten baitzinio bezanbat estimatzen du Iainkoak; hain ezertain edukitzen du. Eta haur ezta miretsteko, zeren orai hemen gure artean ere, ikhusten dugunean ezen gizon batek gure ahaide edo adiskide bati egiten dioela gure amoreakgatik, zenbait ongi, guk ere lehenbiziko okhasinoan, errendatzen derautzagu eskerrak gizon hari; bitartean eztugu onik, anarteraiño geure buruak zordun dadutzagu. Zer eginen deraue bada Iainkoak, haren amoreakgatik probeak faboratzen dituztenei? Zer esker, zer pagamendu emanen deraue? 151 Iondone Marthiek bere kaparen erdia probeari eman zioenean abiatu zen Iainkoa gau hartan berean, kapa hartzaz estalirik, erraiten zuela sendagaillaz: Martinus, hac me veste contexit. Ikhusazue, ikhusazue zer balentia egin duen Martinek, nola kapa hunez estali nauen, zer eman derautan. Bada Martinek kapa hura probeari eman zioen eta ez Iainkoari. Ordea guztiarekin ere Iainkoak, zeren haren izenean eman zioen, erraiten du berari eman zioela. Halatan erranen deraue azken iudizioko egunean ere, eskuinekoei dohazilla sekulako loriara, ezkerrekoei sekulako penetara. Zeren eskuinekoek gosetu zenean eman baitzioten iatera, eta egarritu zenean edatera. Baiña ez ezkerrekoek. Eta, Iauna, galdeginen diote orduan guztiek: noiz ediren zinitugun guk zu gose edo egarri? Ihardetsiko deraue: Probeak athera ethorri zeizkitzuenean. Orduan heken lekhuan ni nintzen han. Eta hala probea eskatzen zaitzunean, kontu egizu ezen probe hura dela Iainkoa bera, zeren haren izenean eskatzen zaitzu, haren izenean emaiten diozu, eta Iainkoak ere berari emaiten baitzinio bezanbat estimatzen du. Hala erraiten du San Krisostomok: Nihil nempe interest sive huic pauperi, sive ipsi Christo dederis (Chrys. hom. 89 in cap. 27 Mt. tom. 2). Ezta antsia, ala probeari ala Iesu Kristo berari eman, eztu batek baiño bertzeak gehiago monta, eta ez balio, guztia da orobat. Eta are San Krisostomok berak, aitzinetik abisaturik eztadilla nehor hargatik asalda, erraiten du: Nemo his verbis turbetur. Non est aequale, ipsum Dominum praesentem alere, cuius praesentia vel lapideum ad se animum attraheret, et propter ieus verba dumtaxat, pauperes, mendicos, aegrotos alere atque curare (Chrys. ubi supra). Ezta berdin baiña aldez gehiago da eta merituago, probeari Iainkoaren izenean emaitea, Iainkoari berari bere presunan baiño. Zeren presunak berak eta presunaren presentziak hobeki ukitzen du bat bedera, presuna haren beraren presentean ezteneko erranak eta manuak baiño. Eta hala, aldez gehiago da, zeren Iainkoak manatzen duen, probeari emaitea, Iainkoari berari emaitea baiño.

§ 2

152 Beraz hunelatan ezta probearen gabe egotzterik, eta ez athean oihuz edukitzerik ere. Zeren probearen oihuek, eta anhitzetan ere berariaz bere buruaren hebain, maingu, herbal, eta eri egiteak, gure bihotzaren gogortasuna eta hotztasuna akhusatzen dute. Gu bagina emaitera prest, erne eta bolondres, ez lezake probeak halako pensurik egin eta ez arterik bilha. Baldin probea bada maliziati, bere beharrez eta gure faltaz da maliziati: hark baiño, guk hartan falta gehiago dugu, bere bizitzearen atheratzeko hanbat enseiuren egitera behartzen baitugu. Hala erraiten du San Krisostomok: Nam si simulat ex neccessitate simulat et egestate, propter saevitatem, et inhumanitatem tuam, quae talibus personis supplicantibus ad misericordiam non flectitur (Chrys. hom. 37 ad populum Anthi. de eleemosyna et misericordia, tom. 5). Probeari emanen diozuna, guti edo anhitz, emozu berehala. Baldin doiez bazara, guti baduzu, emozu guti: eta baldin aberats bazara, giañez egina bazaude, emozu anhitz. 153 Ierusalemeko tenploaren egitean, eta eginez gero ere, bazebillan obraren eskea; eta bazen athearen aldean ere kutxa bat, erremusinaren edukitzeko untzi bat; hartan bat bederak debozino zuenaren emaiteko: orai ere gure elizetan, kruzifikaren aldean, dagoen bezala. Bada tenploko kutxa, untzi edo kopa hartan, zein iuduek deitzen baitzuten, gazophislatium, aberatsek emaiten zuten anhitz, batak hamar, bertzeak hogoi, bat bederak bere izanaren, ahalaren eta debozinoaren arauaz. Eta heken artean ediren zen emazte probetto bat, eta hark eman zituen bi kornadu. Eta gero haren gaiñean erran zuen gure Salbatzailleak, gehiago eman zuela emazte probe hark, aberats guztiek baiño. Zeren emazte hark beretzat behar zuenetik eman baitzuen, baiña aberatsei, emanak emanik ere, franko gelditu baitzeien. Emazu beraz duzunaren arauaz. Zeren hartzaz kontentatzen da Iainkoa; baldin ezpaduzu emaitekorik, euzu damu, zeren eztuzun: eta damu harekin batean, euzu borondate, baldin bazendu emaiteko. Zeren Iainkoak behatzen badu ere emaitzara, ordea areago borondatera. Eztuenak borondateaz konplitzen du, baiña duenak, borondatearekin batean behar du konplitu eta obratu. Eta obratu ere nola? Ez edergaillu, ez banaloriaz, eta ez munduagatik, baiña Iainkoagatik. Eta halarik ere, sekeretuki, ahalik eta ixilkiena, eskuiñak emaiten duena (Ebanjelioak dioen bezala), ezkerrak iakiten eztuela. 154 Eta are albaliz, erremusina errezibitzen duenak ere, ez luke iakin behar, nondik heldu zaikan ontasun hura. Zeren halatan Iainkoak berak, azken egunean guztiak, zure ohore handitan, mundu guztiaren aitzinean agertuko eta kanpatukoitu. Eta zuk ere orduan, orai duzun desira, nahi baitzenduke, zure erremusinak, eta egiten ditutzun bertze obra onak, munduak iakin litzan, konplituko duzu. Zeren orduan guztiak iakinen eta agertuko baitira. Eta ezta ez asko, eske ethortzen zaitzun probeari emaitea eta ez bertzeri. Baiña, Iainkoak emanik, gehiagoren ere ahala duzunaz geroz, behar duzu informatu, galdetu, eta iakin, ea nor den herrian probe-beharrik, gosez denik, sabel-uzkur dabillanik, ahalkez eskatzera ausartzen eztenik. Eta guztien buruan eduki behar duzu kontu, ea badenz probe-eririk. Zeren probetasuna eta eritasuna, bi eritasun dira. Halakoak dira alde guztiz on behar, ondikozko, eta urrikalkizun. Heken faboratzea da meritu handia, eta zeruko loriaren erdiesteko, eta are mundu hunetan ditutzun onen ere seguratzeko, berretzeko eta emendatzeko bide ona, zabala eta segura.

§ 3

155 Batzuek uste dute, ezen probeari emaiteaz probetuko direla: eta halatan erraiten deraueza eske ethortzen zaiztenei, Ebanjelioko bortz birjiñek bere lagunei bezala: Ne forte non sufficiat nobis et vobis, ite potius ad vendentes. (Mt. 25). Zoazte hortik, Iainkoa lagun dakizuela, emaiteak gutitzeintu gauzak, eztugu geuretzat ere sobera. Eztute konsideratzen, probeari emaiteak, ez probetzen baiña aberatsten, ez gutitzen baiña berretzen duela. Hala emaiten du aditzera Spiritu Sainduak: Qui dat pauperi non indigebit, qui despicit deprecantem sustinebit penuriam (Prov. 28). Beharrari emaillea, ezta beharrean iarriko, emaille eztena, azkenean behar izanen da. Gehiago dio Spiritu Sainduak: Alii dividunt propria, et ditiores fiunt; alii rapiunt aliena, et semper sunt in egestate (Prov. 11,24). Batzuek bere onak partitzen eta emaiten dituzte, eta guztiarekin ere, bethi dira aberats, eta berriz bertze batzuek, nola bereak emanen dituzten ezen bertzerenak ebatsten dituzte, eta halarik ere bethi dira errumes, noharroin, eta on-behar: baitirudi ezen hek hartuz probetzen, eta bertzeak emanez aberatsten direla. 156 Amak haurrari dithiaren emaitea bezala da probeari emaitea ere. Ama haurrari dithiaren emaiteaz esnatzen da, ez emaiteaz anzutzen da. Halaber ereitea bezala da probeari emaitea: Euntes ibant et flebant mittentes semina sua, venientes autem venient cum exultatione portantes manipulos suos (Ps. 125). Bihika ereiten zuten, eta eskumenka biltzen. Ereiten bihi bakhotxak, eta biltzen buru betheak, botean hirur laurak zituztenak. Halaber badira urputzuak, berariaz eginak, zimenduan ithurria baitute. Bada gauza frogatua da, putzu hetarik urik ez atheraagatik ere, eztela erraitekorik, ura handitzenago: eta atheraagatik ere, ongi atheratzera, ttipitzenago. Zeren atheratzen bezanbat sortzen baita. Hala dira bada beharrei emailleak ere: emaiten duten bezanbat emaiten zaie. Eta emaiten ezpadute, bihotz gogor badira, eztira hargatik aberatstenago, probetzenago baizen. Zeren haserretzen da Iainkoa berak emanetarik, eman nahi eztiozunean. Hala haserretu zen aberats abariziosaren kontra. Zeren aberats hartzaz erraiten badu ere Ebanjelioak: Induebatur purpura et bysso, et epulabatur quotidie splendide (Lc. 16). Beztitzen zela ongi eta othuruntzatzen hobeki, ezin erran diteke, ordea, hargatik ioan zela ifernura. Zeren ederki beztiturik ibiltzea, eta mahai onaren ere edukitzea, badirudi eztela bekhatu handi, behintzat munduak eztaduka hala. Bada Ebanjelioak eztu erraiten, bertze faltarik zuela aberats hark. Zergatik bada kondenatu zen? Aditzen da, kondenatu zela, zeren etxathera eske ethorri zeikan probe gose premian zegoenari, ezpaitzioen bere mahai asetik, asetzekorik eman eta ez are elikatzekorik ere. Handik bere burua eta onak ere galdu zituen. Handik probetu zen, eta hain probetu non azkenean, bere mihiaren hezatzeko eta freskatzeko, ur-xorta bat ere, ezin izanezko probetasunera ethorri baitzen. Nola egiten baitu galtzapen eta beheratzapen handia, probeari gibela emaiten dioenak: hala egiten du goratzapen miragarria probe beharrari, bere beharraren estaltzeko emaiten dioenak. Eta goratzapen hura, eta handik heldu den irabazia galtzen du bihotz gogorrak, erremusina egiteko gogorik eztuenak. Eta egiteko gogo duenak ere, baldin berak bere eskuz bizi deiño, egiten ezpadu, segur da, irabazi haren parte handi bat, edo parterik gehiena galtzen duela, hunen ondoko kapituluan ageriko den bezala.

__________

NOLA ERREMUSINAK, ETA BERTZE OBRA ON, BORONDATEZKOAK ERE, ZERORREK ZEURE ESKUZ, EDO BERTZERENEZ, ZERORI BIZI ZARELA, ONDOKOETARA UTZI GABE EGIN BEHAR DITUTZUN KAP. XVII

157 Gauza segura da, eta bat ere dudarik eztuena, probetxuago eta merituago izanen duzula, orai zerorrek, bizi zarela, eta osasuna duzula, zeure eskuz probeari emaiten diozunaz, ezen ez gero hiltzerakoan ordenatzen diozunaz. Ordea zuk oraiño eta geroko, franko duzularik, orai ez bat ere, baiña gero biziaz etsitu duzunean, egin gogoitutzu liberaltasun handiak. Aberats zara, on handiak ditutzu, eta baduzu bai borondate, on horietarik probetara partitzeko. Ordea noiz? Gero, hiltzerakoan. Bitartean erraiten duzu: Neure onak neurk nahi ditut gozatu eta manaiatu, eztut oraiño gabetu nahi: eztut ohera gabe biluzi nahi. Baiña gero, neure azken ordenuan eta testamentean, manatuko dut neure ondokoa, neure onekin utziko dudana, egin ditzala ene deskargu guztiak. Eta are gehiago, abisatuko dut suma bat, seiñalatuko baitiot suma hura probetara parti dezala. Eta benturan purgatorioetaratzen banaiz ere (zeren gaixtoeneko kontuan guztiok purgatorioetara uste dugu) berehala handik atheratzeko, hunenbat meza eta trentena eman arazi diatzadala, eta bertzerik ere anhitz obra on ene izenean, ene onetarik dagiela. Hunela diozu eginen duzula. Zure ongi guztiak, bertzek, zure ondokoak, eta zeurk ez bat ere. Bada etzatekeien hobe obra on horion guztion zerorrek bizi zinela, zeure eskuz egitea, eta horien bidez, purgatorioetara ioan gabe egoitea, ezen ez gero haratzen zareneko erremedioen egitea? Preso zareneko erremedioak bilhatzeintuzu eta ez preso sartzetik begiratzekoak. 158 Are gehiago, erremusinen eta bertze obra onen ondokoetara utzteaz, emaiten duzu aditzera gibeletik eta urruititik nahi duzula argi diazazuten. Zer zenerrake, baldin gau ilhunean, pausu hertsi, gaitz, perilos batean iragan behar duenak, erran baliaze bere muthilei, daudela gibelat, eta gibeleti eta urruititik dagiotela argi? Hala dira bada bere erremusina eta bertze obra miserikordiazkoak bereek bere eskuz egin ahal ditzaketelarik, bere ondotik, urruititik, eta hillez gero, bertzeren eskuz, bertzeri eragiteko gogo dutenak ere. Hura da, hurran hurran erran komuna den bezala: usoak ioan, sareak heda. Eta badio San Basiliok ere: Nemo post vitam, pietatis laudem, praemiumve capiet. Eztu nehork, hil ondoko erremusinaz, erremusinalari izan delako, laudoriorik izanen. Hobeki zeneidike, eta segurkiago ioka zindezke, baldin gero, bertzeren eskuz egin gogo duzuna, orai zeurez, zeurk ikhusten duzula, egin bazeneza. Zeren oraiño San Basiliok dioen bezala: Quis exitus tui tempus nuntiabit? Quis de mortis genere sponsor? Quot vides repentino ac vi casuve extingui, qui prae doloris et spiritus angustia, ne vocem quidem emittere potuerunt? Quot etiam febris, a sensu alienos fecit? Quid igitur, expectas tempus, in quo, saepe, rationis tuae compos non eris? (Basil. orat. 14 de mor. et Hom. 7 in divites avaros). Zuk baitiozu, ezen hiltzerakoan, zeure on guztiak, edo parte bat, probei ordenatuko deraztezula, orduan ongi handiak eginen ditutzula. Erradazu, nondik iakinen duzu, edo nork abisatuko zaitu noiz edo zer moldez hillen zaren? Nor duzu hartako fiadore? Zenbat ikhusten ditugu ustekabean, laburzki kolpez edo estropuz, mintzatu ere gabe, finatzen direla? Eta bai halaber sukharrak nahasirik, bere testamentak hasi, eta akhabatu gabe gelditzen direla? Zergatik bada nahi duzu zuk ere benturaz zeure adimenduan egonen etzaren denborako, eta astirik ere izanen eztuzuneko, zeure egitekoa eduki eta luzatu?

§ 1

159 Goazin aitzinago. Oraiño orduan, hiltzerako aitzinean, adimendu, memorio, eta asti bazendu ere, erran nezake zure orduko erremusinak deus guti balio duela. Zeren baitirudi ezen bortxazkoa dela, eta ez borondatezkoa: guztiz ere lehen ahal zeneidikeielarik, beraziaz, anarteraiño luzatu duzunean. Zeren orai zeure onak eztitutzu gutitu nahi, ezin delibera dezakezu, hartara; bada badirudi ezen gero ere, hil uste ezpazendu, etzenezakeiela delibera, edo ez hetarik eman. Are gehiago, zure orduko, azken oreneko onen emaite eta errepartitze hark, badirudi, deus guti balio duela zuretzat. Zeren zure onetarik, eta zure izenean egiten bada ere errepartitze hura, ordea anhitzetan ere, ezpaituzu zeurk egiten. Herioa hurbiltzen zaitzunean, nola athaka hertsian, eta pausu gaitzean iragan behar baituzu: eta bitarteko doloreak ere handiak baitira, orduan zeure onez kontu guti egiten duzu: zeren handiagoak ahantzarazitzen baiterauzkitzu. Orduan zeure ondokoei, eta han presentean edireiten direnei, zer ere nahi baitute, eta nola behar dela ikhusiko baitute, hala dagitela utzten derauezu. Hain nekez eta penaz bildu zinituen onak eta onhasunak, eta hain zuhurtki eta maiteki begiratzen zinituenak gero, hain laxoki eta antsikabeki largatzeintuzu: lehen zein hertsi eta itxekin baitzinen, gero hain franko eta liberal egiten zara. Orduan nork zer erraiten baiteratzu, hura laudatzen duzu: eta anhitzetan ere, zer erraiten duzun eztakizula, baietz erraiten duzu. Neure mendean anhitz ikhusi dut halakorik. Eta hala badiruri ezen, orduan egiten duzun guztia bertzek egiten duela; eta ez zuk. Ikhusazu bada ea zer probetxu eta merezimendu ahal dukezun, bertzek egiten duen ongiaz. Arrazoiñekin erraiten du Spiritu Sainduak: Ante mortem bene fac amico tuo, et secundum vires tuas exporrigens da pauperi (Eccli. 14). Heriotzera baiño lehen egiozu ongi zeure adiskideari, eta duzun indarraren arauaz heda iazozu zeure eskua probeari. 160 Egun batez egin zioen othoitz Santa Luziak bere amari, gero egin gogo zuena, geroko begira egon gabe, egun beretik egin zezala, eritasunaren eta heriotzearen hersturan iarri gabe, sendo zela berak bere eskuz bere onak probei parti ziatzela. Baiña ihardetsi zioen amak, orai usatzen den bezala: Ene alaba, igurikazu oraiño aphur bat, ni zahartu naiz, sarri hilen naiz, eta orduan guztiak zerorri geldituko baitzaizkitzu, zerrorek eginen duzu plazer duzuna. Errepuesta haur bere amak eman zeraukanean, lehiatu zeikan berriz alaba, erraiten zioela: Non est admodum gratum, o mater, Deo munus quod qui offert, ideo offert, quia illius usum suprema interdicit dies (Suri. tom. 10 die 13 septemb. in vita Stae Luciae). Ene ama maitea, badirudi ezen etzaikala Iainkoari eder eta ez plazent, presunak, berak ezin goza dezakeien gauzaren emaitea eta presentatzea. Da dum sana es, ne si moriens dederis, invita dedisse arguaris. Emazu beraz, ama, sendo zarela, eztiagizuten eranzute, edo erran eztiazazuten, hiltzerakoan emaiten duzuna, bortxaz emaiten duzula. Arrazoin hauk aditu zituenean amak, egin zuen alabak nahi zuen guztia: eta berehala, geroko begira egon gabe, berak bere eskuz partitu zituen bere onak probetara. Orai hemen benturaz erranen du zenbaitek: beraz hunelatan, eriek bere eritasunetan, eta azken ordenuetan egiten ditutzten legatek, emaitzek, eskentzek, erremusinek eta bertze obra miserikordiazkoek eztute deus balio. 161 Bada ordea, ordukoek ere balio dute. Ordea lehenekoek gehiago. Hala erraiten du San Krisostomok: Melius quidem fuerit, multumque afferens fiduciae, dum adhuc vivis, paupertati egentium succurrere. Si vero istud nolueris vel moriendo generosum quid facies; id enim, licet non multum habeat dilectionis, aliqua tamen est dilectio (Chrys. hom. 10 in cap. 81 ad Doma. tom. 4). Hobeago, merituago, eta bihotz esportzagarriago bazatekeien ere, zerorrek zeure eskuz bizi zinela eta sendo zinela probearen faboratzea; ordea guztiarekin ere, lehen faltatu baduzu ere, eztezazula, hiltzerakoan bedere falta, egizu orduan zenbait liberaltasun. Zeren orduan egiten denak ere, ez anhitz, baiña zerbait balioko du. Iainkoaz orhoitzen zarela aditzera emanen du. Gehienik osasuna duguiño, eta geure eskuz, baiña gero ondotik ere, eta bertzeren eskuz ere, dagigun ahal dagiguna. Mundu haur bideazkoen ostatua da, iragaitzaz gare hemen. Gure sekulako ostatua, herria eta etxea, bertze munduan da. Eta nehork bere herrira, eta bethiereko behar duen etxera igortzen ohi du aitzinetik ahal dagiena, eta bai gero deus gelditzen bazaika, bera dohanean, berekin ere eramaiten. Hala egin behar dugu bada guk ere. Orai sendo gareiño gehienik, baiña gero eritasunean, eta hiltzerakoan ere, egin behar dugu ahal dagiguna. Igor dezagun aitzinetik, eta daramagun geurekin ere. Baiña erremusinak, eta bertze obra on miserikordiazkoak, eta borondatezkoak utzirik, zeren ezpaita hetan hanbat peril, mintza gaitezin hurreneko kapituluan obra iustiziazkoez, eta obligazinozkoez, eta dakusagun nola guztien gaiñetik heken geure eskuz egitera, ondokoetara utzi gabe, garen obligatu.

__________

NOLA OBRA OBLIGAZINOZKOAK, KONZIENTZIAZ ZOR DITUTZUNAK, ONDOKOETARA UTZI GABE, ZERORREK EGIN BEHAR DITUTZUN KAP. XVIII

162 Baldin obra miserikordiazkoak, nola baitira probeen faboratzea, biluzen beztitzea, gose, eta egarri denari, iatera, eta edatera emaitea, bat bederak berak bere eskuz, bizi dela, irabazi handirik egitekotz, egin behar baditu: zenbatenaz berak bere eskuz ondokoetara utzi gabe, egin beharkoitu obra obligazinozkoak, iustiziazkoak, eta konzientziaz zor dituenak? Nola baitira ebatsien bihurtzea, zorren pagatzea, erauzi dituen falso testimonioen satisfatzea, eta eragin dituen kaltèn, eta gaixtakerien erremediatzea? Baldin obra miserikordiazkoak zerorrek zeure eskuz egiten ezpadituzu, eta ez bertzeri ere eragiten, egia da, eztuzu orduan merezimendurik izanen, baiña ez bekhatu mortalik ere. Zeren obra miserikordiazkoak, hargatik deitzen dira miserikordiazkoak, eta ez iustiziazkoak, zeren zenbait behar ordu herstutan, eta premiazkotan baizen, ezpaikara obligatu heken egitera. Baiña obra iustiziazkoetan, diferentki mintzatu behar dugu. Zeren heken konplitzera obligatu gara bekhatu mortalen penan. Eta eztuzu ez pensatu behar, ondokoetara utzteaz konplitzen duzula. Ez eta ondoko hei, zertzaz paga esleiturik, berezirik: eta seinalaturik utzten baderauezu ere. Zeren nola erran komuna den bezala, otsoak ian baitezake ardi kontatuetarik: hala zure ondokoak ere geldi dezake beretzat, zuk bertzerentazt seiñalatuetarik. Eta zertako ibili behar zara seiñalatzeketan, eta bertzeri kargu emanketan? Paga ezazu zerorrek, zeurk zor duzunaz geroztik. 163 Erranen duzu: Eztut ordea zertzaz paga. Baldin ezpaduzu, ezinak eztu legerik. Orduan etzara obligatu pagatzera, pagatzeko ahala dukezun arteiño. Ez eta etzara obligatu pagatzera, baldin hartzeko dunak berak kitatzen bazaitu edo barkhatzen baderatzu. Are gehiago, hartzeko dunak, ez ezin bertzez edo bortxaz, baiña bere nahiz eta borondatez, igurikitzen deratzunean, eta emaiten ephe, olrduan luza dezakezu pagamendua ephe hartaraiño, baiña ez gehiago. Paga ahal dezakezula, pagatu gabe, iabearen borondatearen kontra, onaren edukitzea, bekhatu da. Eta haur hain ongi aditzen da zor iakinaz, eta aithortuaz, nola gauza ebatsiaz, eta ixilik eramanaz. Hain ongi pagatu behar da bata nola bertzea. Eta, ezta ez asko, aithorraren emaitea, eta ez gero zeure ordenuan, eta hiltzerakoan, bihurtzeko eta pagatzeko, gogo eta borondate izaitea ere. Baldin ahal badezazu, zerorrek bizi zarela, eta ahalik eta fitetzena pagatu behar duzu zeure zorra, eta bai bihurtu ere gauza ebatsia, eta gaizki eramana. Ezta asko ondokoei, kargu utztea. Hala emaiten du aditzera doktor Navarrok: Decedentes et vita, cum possint et non restituunt, sed legant in testamento, non secure decedunt (Navar. in Manuali de restitut. cap. 17, num. 69) . Hiltzerakoan, berek paga ahal dezaketelarik, pagatzen eztutenek, baiña bere testamenteretara, ordeneretara, eta ondokoetara utzten dutenek, eztute ongi egiten, eztira halakoak bere konzientzietan mundu hunetarik segur partitzen. Gehiago dio Doktor Navarrok lekhu berean: Qui alienum iniuste retinet, et scit, illud se debere, si expectat donec condemnetur per iustitiam, peccat mortaliter. Zordun dela dakienak eta iustiziaz kondena dezaketen arteiño, pagatu nahi eztuenak, bekhatu mortal egiten du. 164 Batzuek bekhatu badaritzate ere, gauza ebatsien pagatu gabe edukitzea, ez ordea eztaritzate bekhatu, zor iakinari eta aithortuari luzatzea. Erraiten dute: Badakit, eta badaki zor dudala, aithortzen diot, eztiot ukhatzen, eta badut pagatzeko gogo, eta borondate. Iduritzen zaitzu ezen baldin aithorra emaiten baduzu, eta pagatzeko gogo baduzu, hain bertzez konplitzen duzula. Baiña enganatzen zara. Zeren bataz gogoa bera ezta asko, eta ez aithorra ere. Zeren zure gogoaz eta aithorraz ere probetxu guti du hartzeko duenak, pagamendurik eztenean. Eta berriz bertzea, sendo dela pagamendua egin ahal dezakeielarik, eri arteiño egin nahi eztuenak, emaiten du aditzera, baldin eritasunik ezpaliz, eta eritasunak ondorerik ezpalu, kontu guti leidikeiela. Eta hala frogatzen da halakoetan: zeren eritasunetik eskapatzen direnean, iduritzen zaie ezen aldi hartakotz, berriz eri arteiño segur direla eta kito.

§ 1

165 Nahi duzu zuk ezen egin behar zenduen deskargua eta egin eztuzuna zure ondokoak egin dezan. Bada uste duzu, zure dirua edo hazienda zuk zeure ondokoari, zeure zorraren eta obligazionearen pagatzeko utzten diozuna, etzaikala zure ondoko hari ere zuri bezain on, gozo eta eder idurituko? Eztuzu uste? Eztuzu pensatzen, zuk bezala, hark ere bere denboran gozatu nahiko duela? Eta erranen ere bai bere baithan: Niri neure aitzinekoak utzi derautan hazienda haur, nabaski, gaizki, eta bide gabeki beretakotua zuen, eta guztiarekin ere etzuen satisfatu, eta ez bihurtu. Bethi berekin eduki zuen. Bada ez naiz ni, hura baiño obligatuago. Egia da, hark, nola haren ondokoa bainaiz, manatzen nau bihur dezadala: hala bada manatuko dut nik ere neure ondokoa. Baiña bitartean ene aitzinekoak bezala, gozatu nahi dut nik ere, eta eduki neure denboran. Ikhusazu nola batak bertzeagana utziz, ezten deskargurik egiten. Eta nola halaber handik eta halatan zuk zeure burua galtzen duzun, eta zeure ondokoa ere galtzeko periletan ibentzen duzun. Zeren peril baita, zuk baiño gehiago eztuen hark ere deskargurik eginen. Ha zenbat trentena, zenbat arima-kari, zenbat deskargu dagoen egin gabe, batak bertzeaga utziz, eta guztiek utziz. 166 Ezta pontu hunetara gaizki heldu Pierres Damiano daritzan doktor batek kontatzen duena. Dio doktor hunek ezen behin gizon saindu batek ikhusi zuela bere espirituan, ametsetan bezala, ifernuko suaren erdian eskalera bat: eta eskalera haren lehen pausuan eta maillean zegoela konde bat, iaun handi bat. Eta gero ikhusi zituela halaber zazpi konde, ethorki berekoak, bata bertzearen ondoan, eskalera hartan berean zeudezilla. Zeren bata bertzearen heredero, ondoko, eta elkharren onen primu eta iabe izan baitziren. Eta lehenbizikoak gaizki eta bidegabeki beretakotu zuena, eta safisfatu gabe utzi; hala bigarrenak, hirurgarrenak, eta zazpigarrenak ere utzi baitzuen, ezpaitzuen batek ere deskargurik egin: eta halatan guztiak bata bertzeari zerraitzala kondenatu ziren (Petrus D. ep. 5 cap. 8 et refertur a S. Antonino 2 p. sum. cap. 1 § 5). Hala gerthatzen da bada, egungo egunean ere iende batzuen artean. Egiten ditutzu ohoinkeriak, goraturik eta bortxaturik dadutzatzu bertzeren onak: eta zuk, edo eztuzu kasurik egiten, edo utzten ditutzu pagatu gabe zeure ondokoaren esperantzan, eta bai hark ere berzerenean, eta hala hala bertzeak ere: eta handik, eta halatan, batak bertzeagana utziz, eta guztiek utziz, utzten dira deskarguak egin gabe. Etzuen hala egiten Zakeo aberats hark erraiten zuenean: Ecce dimidium bonorum meorum do pauperibus, et si aliquem defraudavi reddo quadruplum (Lc. 15). Neure onen erdiak emaiten derauztet probei, eta baldin nehor enganatu badut, bihurtzen dut laur doble. Eztu erraiten dabo, emanen dut, ezta geroko mintzo, presentean erraiten du, do, emaiten dut. Eta baldin deus gaizki eramaitera gerthatu bazait, hura ere neure eskuz, bizi naizela, eritu baiño lehen, neure ordeneretara eta ondokoetara utzi gabe, reddo, neurk bihurtzen dut. Hala borondatezko obrak nola obligazinozkoak berak bere eskuz egiten zituen. Eta hala egin behar ditu, nork ere nahi baitu merezimendu handirik erdietsi, eta bere konzientzia segurki seguratu. 167 Irakurtu izatu dut, ezen behin gizon batek zituela hirur aztore onak, eta famatuak. Eta bere azken finean, hetarik bata utzi zuela, zor bat baitzuen, haren pagatzeko; bigarrena, seme bat baitzuen, harendako; eta hirurgarrena, arima-kari, mezatan enplegatzeko. Eta gero handik fite, aztore hetarik bata ioan baitzen airaturik eta ez gehiago bihurtu: erran zuen semeak, ioan zen aztore hura zela, haren aitak arima-kari utzi zuena. Etzuen erran berarentzat utzi zuena zela. Etzaitezilla zeure ondokoaren esperanzan eta hark eginen duen deskarguan fida. Zeren baldin zerorrek bizi zarela zeure arimaz orai konturik egiten ezpadazu, eta zeurk egin duzun falta, zeurk erremediatzen ezpaduzu, eztezazula, pensa, eztakizula iduri, gero zure ondotik zure ondokoak, zuk zerorrek baiño hobeki eginen duela. Guztiok nahi dugu salbatu, guztiok nahi dugu ioan parabisura, eta guztiok dugu esperantza. Baiña esperantza banoa, alferra, eta iduriz probetxu gutitakoa du, deskarguak egiteko dituelarik, eta berak egin ahal ditzakeielarik, egin gabe, ondokoetara utzten dituenak. Bat dugunean, bia nahi ditugu; bia ditugunean, hirur. Ongi edo gaizki, zuzen edo makhur, plazer zaiku hartzea, eta berretzea, baiña gaitz, eta gaitzi gutitzea, eta bihurtzea: hartan min hartzen da. Bada min hartuko bada ere, bihurtu behar da, satisfatu behar da. Eta hobe da batekin zoazin parabisura, hamarrekin ifernura baino. Eta hobe da halaber utz diazozun zeure umeari edo ondokoari guti, eta on, ezen ez anhitz eta gaixto. Guti hek, ongi irabazi hek, deskarguak eginik, eta nori berea errendaturik geldituko zaitzan aphur hek, sumatuko dira, berretuko dira, gurenduko dira: baiña bertze guztiek fin gaitz eginen dute: hetarik hirurgarren belhaunekoek guti gozatuko dute. Ikhusazu bada, egizu gogoeta, ea, zorrik edo bertzeren onik, gaizki eramanik, baduzunz: eta hek obligazinozkoak baitira eta ez borondatezkoak, hek guztien gaiñetik, zerorrek bizi zarela, zeure eskuz, bertzeren peskizan, eta esperantzan utzi gabe, paga itzatzu, iraungitzatzu. Zeren halatan zeure umeak, primuak, eta ondokoak peril handi batetarik atherakoitutzu: eta zerori ere, aitzinetik deskarguak eginik, aisia handi batean, eta salbamenduko bidean, oraidanik iarriko zara.

__________

ZENBAT KALTE EGITEN DUEN IURAMENTUAK, ETA IURAMENTU EGITEKO USANTZAK, ETA NOLA BEHAR DEN LEHEN BAIÑO LEHEN USANTZA HURA UTZI KAP. XIX

168 Nola gure lehenbiziko aita hark, gure naturaleza haur, bere bekhatuaz narriatu, arrazatu, eta eritokitu baitzuen, handik gara hain arrenkuratsu, inzirinatsu, eta on behar. Handik gara, ontasunera baiño gaixtatasunera eroriagoak, isuriagoak eta emanagoak. Handik dugu adimenduan itsutasuna, borondatean malizia eta memorian flakotasuna. Handik heldu da halaber, gezur erraitea, elkharren ez sinhestea, eta fidantzia gabe, bethi gogan behartsu ibiltzea. Zein baita kalte handia, elkharren artean bizi behar dutenentzat: hain handia, non gogan behartsu, idurikortsu, eta fidantzia gabe bizitzea, ezpaita bizitze. Bada kalte handi hunen erremediatzeko, ediren zuen Iainkoak bide bat, zein baita iuramentua. Ikhusten duzunean, etzaituztela sinhetsi nahi, eta premia dela sinhets zaitzaten, dagizun orduan iuramentu, dagizun zin, ekhar dezazun zeure erranaren lekhuko Iainkoa, gezurrik ezin derrakeiena, eta gauza guztien berri dakiena. Eta halatan lekhuko harekin batean eman diazazuten zeure erranean fede eta sinheste. Hunetakotzat erran zuen Iainkoak berak : Dominum Deum tuum timebis, et per nomen eius iurabis. (Dt.6). Izanen zara zeure Iainkoaren beldur, eta eginen duzu haren izenaz iuramentu. Eztuzu eginen iuramenturik Iainko falsoez, zeren hartan bide gabe ezin ziniazaio egiazko Iainkoari, hari dagokan ohorearen, bertzeri emaiteaz. Zeren nola iuramentu egiten duzunean, ekhartzen baituzu Iainkoa zeure erranaren lekhuko (zeren hura da iuramentu egitea: Iurare est Deum in testem adducere; eta hartan emaiten baituzu aditzera, Iainko hura dela egiatia, eta gauza guztien berri dakiena, zein baita ohore handia Iainkoarentzat); ezta arrazoin eman dakion ohorerik bertzeri. Eta hala iuramenturik egitekotz, egiazko Iainkoaz egin behar da, eta ez bertzela, eta ez bertzez. 169 Egia da, egin diteke iuramentu, Zeruaz, Iurraz, sainduez, eta bertze kreaturez ere: ez ordea hei Iainkoari dagokan ohorerik emaiten zaiela, halako agurrik egiten zaiela, baiña Iainkoaren kreatura bezala eta Iainkoak hetan parte duen bezala: halatan egin diteke hetzaz iuramentu eta ez bertzela (Vide S. Thom. 2 2ae, q. 89, art. 6 ad 1). Ordea badirudi ezen orai lege berrion, ezin egin ditekeiela, neholatan ere, eta nehortzaz ere iuramenturik. Zeren Iainkoak berak erraiten du. Ego autem dico vobis non iurare omnino (Mt. 7). Erran bezate bertzek nahi dutena, baiña nik diotsuet zuei, eztagizuela neholatan ere iuramenturik. Hunen arauaz erraiten du Iondone Iakue apostoluak ere: Ante omnia autem, fratres mei, nolite iurare, neque per caelum neque per terram, nec aliud quodcumque iuramentum. Sit autem sermo vester est est, non non (Jac. 7). Guztien gaiñetik gomendatzen deratzuet, neure anaia maiteak, eztagizuen batere iuramenturik, ez zeruaz, ez lurraz, eta ez bertzez: baiña biz zuen hitzkuntza, solhasa, eta mintzaia: ez, ez, bai, bai. Beraz hunelatan, badirudi, eztela bat ere, eta neholatan ere iuramenturik egin behar. Egia da, hala dirudi, eta hala da. Ezta bat ere iuramenturik egin behar, premiarik eztenean, eta egia bertzela froga ahal ditekeienean. Baiña premia denean, eta egiaren frogatzeko bertze biderik eztenean, egin diteke eta egin behar da iuramentu. Zeren iuramentua bere ethorkiz, naturaz eta izanez Iainkoaren ohoratzeko; eta bere finez, eta intenzionez, egiaren balia arazitzeko eta hauzien eta diferentzien iraungitzeko eta erabakitzeko ordenatua da. Halatan erraiten du errege Davitek: Laudabuntur omnes qui iurant in eo (Ps. 62). Laudatuak izanen dira Iainkoaz iuramentu egiten dutenak. Eta badio Iondone Paulok ere: Homines per maiorem sui iurant, et omnis controversiae eorum finis, ad confirmationem, est iuramentum (Hebr. 6). Gizonék, berak baiño handiagoaz egiten dute iuramentu, eta heken diferentzia guztien fina, eta akhabatzea, iuramentua da. Zeren iuramentura emanez gero, zin eraginez gero, ezin dateke, gehiago hauzirik. Eta hala gauza ona, saindua, eta Iainkoak berak ordenatua da iuramentua. Ordea hargatik egin diteke bai iuramentuan bekhatu. Zeren gauza ona eta saindua da gorputz sainduaren errezibitzea ere, ordea aditzen da ongi eta sainduki errezibitzen denean, eta ez bertzela. Hala da bada gauza saindua, eta ona, iuramentua ere, ongi egiten denean.

§1

170 Iuramentuak ongi, zuzentki eta behar den bidean egina izaiteko, behar ditu hirur gauza, hirur lagun eta sostengu: egia, premia eta zuzena. Hala erraiten du Ieremias profetak: Iurabis vivit Dominus, in veritate, et in iudicio et iustitia (Jer. 4). Lehenbizikorik, iuramentua behar da egin, egiaz, eta segurki egiaz, eta ez dudan. Zeren bertzela egiten den iuramentua, den gauzarik eztheusenaren gainean izanagatik ere, bekhatu mortal izanen da. Gezurrez iuramentu baten egitea, munduak hala ezpadaduka ere, bekhatu handiagoa da, lagunaren onaren ebastea baiño, eta bai edozein emazterekin parte izaitea baiño ere, zeren iuramentuak Iainkoa bera bere presunan utkitzen du, baiña bertze bekhatu hauk, eztiote hain arras emaiten, etzaitza hala hurbiltzen. Iben baleza Errege batek legea, eztioela nehork ere biziaren penan nehori behar-ondokorik emanen, eta guztiarekin ere gertha balekio zenbaiti, emaitera zenbaiti, halakoak bide gabe liazaio Erregeri, zeren haren lege, eta manamendu hautsi baitu. Baiña areago egin liazaio, baldin Errege berari bere presunan eman baliazo. Hala da bada gezurrez iuramentu egitea: hartan Iainkoa bera bere presunan ukitzen da. Zeren Iainkoa izendatuki, gezurraren aithor eta lekhuto ekhartzen baita: zein baita bekhatu handia eta itsusia. Beraz hunelatan iuramentu egiten duzunean, lehenbiziko gauza behar duzu egin, ez gezurrez eta ez dudan ere, baiña ustez bedere egiaz, eta egiaren gaiñean. 171 Bigarrena, egiaz, eta egiaren gaiñean ere, ezta ez berehala banoan, premia gabe, eta aitzin-gibel behatu gabe egin behar iuramentua. Usatu behar da iuramentuaz, purgaz bezala. Purga ezin bertzez, eri zarenean, premia duzunean hartzen duzu: eta orduan ere ahalik eta gutiena, eta berantena: eta baldin gabe, iragan albazindezi, ez luke hark bere parerik, are hura hobeago. Hala egin behar da bada iuramentua ere, are hura hobeago. Hala egin behar da bada iuramentua ere, ezin bertzez, premiaz, zeure ohoreaz dihoatzunean, eta iustiziak hartara zuzentki behartzen, eta errekeritzen zaituenean. Zeren bertzela, baldin ez eta bai asko den lekhuan, egiten baduzu iuramentu, egiaren gainean izanagatik ere, bekhatu benial bedere eginen duzu. Ezta edireiten egin zuela egundaiño Iondone Paulok iuramenturik eskiribuz baizen. (Ita S. Thom. 2-2ae q. 89 art. ad 1). Zeren eskiribatzen den gauza, hobeki pensatzen eta konsideratzen baita, berehala solhasean erraiten dena baiño: eta bai halaber, halatan huts ere gutiago egiten. Ustez bedere egiaz eta premiaz behar duzu egin iuramentua. Hirurgarrena; ezta ez asko, egiaz, eta premiaz ere iuramentuaren egitea; baiña egin behar da gauza onaren eta iustuaren gaiñean, eta ez gaizki egiteko kontuan. Egiten duzunean iuramentu hautsi behar diozula presuna bati burua, edo bertze gaizki bat egin behar diozula, bekhatu egiten duzu halako iuramentuaren egiteaz, eta are bekhatuago haren konplitzeaz. Eta baldin uste baduzu edo sinhesten baduzu, obligatu zarela konplitzera, hirurgarren batez kargatzen zara. Halaber egiten duzunean iuramentu, zenbait ongiren ez egiteko, probeari ez deus emaiteko, nehori ez deus prestatzeko, edo elizaz obligatu zarenean baizen ez barurtzeko, bekhatu egiten duzu halako iuramentuen egiteaz, benial bedere, eta etzara obligatu heken konplitzera, eta hobe ez konplitzea. Halaber egiten baititutzu bertze iuramentu batzuk, deus balio eztuten gauza batzuen gaiñean, ezpaita heken hautsteaz kalterik eta ez konplitzeaz probetxurik, nola baita mahaian iartzean etzarela lehenik iarriko, etxean sartzean, etzarela aitzinean sarthuko: edatean eztuzula lehenik edanen. 172 Hunelako iuramentu hauken egiteaz, ezta bekhaturik, behintzat mortalik, eta ez, ez konplitzeaz ere. Iondone Petrik erran baitzioen zin zinez iuramentu eginik bezala, bere nabusiari: Non lavabis mihi pedes in aeternum (Jo. 13). Ezterauzkidatzu sekulan zuk niri oinak garbituko. Utzi zerautzan, guztiarekin ere, garbitzera, eta eztuen hartan bekhaturik egin, zeren hunelako iuramentu hautan emaiten da aditzera, geure aldetik denaz bezan batean kortesiaz, hala nahi gendukeiela. Ordea utz ditzakegu geure buruak, bekhaturik egin gabe, benzutzera, Iondone Petrik utzi zuen bezala. Eta zeren iuramentu batzuk baitira presenteko gauzez, bertze batzuk ethorkizunekoez, guztietan behar da egia. Eta ethorkizunekoak behar dira egin, gauza onaz, maliziarik gabe, enganamendurik gabe eta konplitzeko borondatearekin: baldin konplitzeaz, zenbait kalte, nehork lehen uste etzuenik, sortzen eta agertzen ezpada: nola agertu baitzen Herodesek egin zuen iuramentuan. Herodesek, benturaz gogoan gaitzik etzedukala, prometatu zioen, iuramentu eginik neskatxa dantzari bati, emanen zioela eska zedin guztia. Eta oraino orduan, on zen iuramentua. Ordea gero eskatu zeikanean Iondone Ioannes Baptistaren buruaren, galdu zuen iuramentuak indarra, etzen konplitu behar. Halaber badira bertze iuramentuak, batzuk mehatxuzkoak, eta bai maradizinozkoak ere, aita amek bere umei eta nabusiek ere bere sehiei, egiten deraustezatenak. Hek guztiak dira bekhatu. Eta anhitzetan ere mehatxuzkoak, konplitzeko borondaterik gabe egiten badituzte ere, eta maridizioneak ere ez hitzez baizen, zeren ezpailukete nahi halakorik, guztiz ere heken umei gertha lekien. Ordea guztiarekin ere, guztiak dira bekhatu. Zeren bataz, bertzeak bertze direla, handik ikhasten dute umek ere maradizino egotzten ete burho egiten: eta berriz bertzea, zeren burhasoen maradizioneak anhitzetan heltzen zaizte umei, eta gelditzen dira maradikatuak, Noeren semetarik bata maradikatua gelditu zen bezala.

§ 2

173 Iuramentuan den gauzarik gaixtoena, galgarriena eta perilosena da usantza. Premia gabe, egiaz ala gezurrez mintzo den behatu gabe, makillaren permatzeko eta pordoinkatzeko urrats guztiaz eskuan bezala iuramentuaren ere ahoan, hitz guztiaz minzatzeko, erabiltzea. «Ez» eta «ba»" asko den lekhuan erraiteaz eta enzuteaz «bai Iainkoaren Pasionea», «ez Iainkoaren Odola», nor ezta ikharatuko? Nori etzaitza buruko illeak latztuko? Behintzat badio Spiritu Sainduak: Loquela multium iurans, horripilationem capiti statuet, et irreverentia ipsius obduratio aurium (Eccli. 27). Iuramentu anhitz egiteak, bethi burhoz minzatzeak, latzteintu buruko illeak, eta iende prestuek, halakorik ez enzuteagatik, beharriak hersteintuzte, burua bertze aldera itzultzen dute. Iuramentu anhitz egitea, bethi burhoz, arneguz eta maradizinoz egoitea eta minzatzea, ifernuko usantza da, eta hitzkuntza ifernuan usatzen dena. Eta nola bat bedera bere hitzkuntzan baita ezagun nongo den: franzesez mintzo dena Franziako dela: eta espaiñolez mintzo dena Espaiñiako: hala da bada halaber bat bedera bere arneguetan eta iuramentuetan ezagun nongo den, ifernukoa dela. Eta nola Iondone Petriri bere nabusiaz ukhatu zuenean, erran baitzioten. Tu ex illis es. nam loquella tua te manifestum facit (Mt. 26). Eztuzu zer ukhaturik, zu hetarik zara, Iesu Kristoren dizipuluetarik zara, zure mintzaian ezagun zara: hala erran ahal dakidikaio arnegariari eta iuramentu egiteko usantza duenari ere: Tu ex illis es. Zu ifernukoetarik zara: zeure minzatzean, arneguetan, burhoetan eta maradizionetan ezagun zara. Zeren hori da ifernuko erdara, lengoaia, eta hitzkuntza, han eta hangoen artean usatzen dena. Ifernuan daudenak, hango dolore handiak direla kausa, hek ezin pairatuz, bethi daude arneguz, iuramentuz, burhoz eta maradizinoz. Hala erraiten du Iondone Ioannes Ebanjelistak: Blasfemaverunt Deum coeli prae doloribus et vulneribus (Ap. 8). 174 Eta nola parabisuratzen direnak, usatzen baitira eta hasten oraidanik, hemen lurrean, gero zeruan eginen duten ofizioaren egiten eta ikhasten, Iainkoaren laudatzen: hala ifernurako direnak ere, hasten dira, orai beretik, ifernuko ofizioaren egiten, arnegatzen eta maradizino egotzten. Ikhusiko duzu, burhasoek eta nabusi-etxekoandrek, bere semealaba, sehiak eta etxeko familia guztia, hargatik beltzuri bat ere egin gabe, eta hartan bat ere damurik hartzen dutela iduririk egin gabe, nahi duten iuramentu guztien egitera utzten dituztela. Hek eta halakoak dira eskriba fariseoak bezala, zeiñek konsentitzen baitzuten, egin ziazoten Iesu Kristo gure Salbatzailleari eta haren izen sainduari, heken etxekoek eta bertze guztiek hanbat irri eta eskarnio. Fin gaitz egin zuten hek, eta hala eginen dute, hala diren bertze guztiek ere. Zeren ifernura ioaiteko seiñale handietarik bat da iuramentu egiteko usantza izaitea. Usantza hura dutenek, agian badute zenbait ahalke bertze bekhatuen kofesatzeko, baiña ez bat ere iuramentu egin dutela erraiteko. Halakoak kofesatzera ethortzen direnean, eta galdegiten zaienean, ea zer bekhatu egin duten, berehala, sendagaillaz bezala eta ohore bailliz bezala, iuramentuak ibenzeintuzte brankan, lehnebiziko hastean. Ha Iainkoa, zuk ukitzatzu, zuk erremedia itzatzu halakoak, zeren bertzela egin du hekenak.

§ 3

175 Iainkoaren beraren ohorea, eta haren izen sainduarena hain dabiltza elkharganik hurbil, ezen baldin Iainkoaren ohoreaz ibentzen bada lehenbiziko manamendua, halaber haren izen sainduari dagokanaz, minzatzen baita bigarrena. Handia da Iainkoaren izen sainduari ekharrri behar zaikan ohorea, egin behar zaikan agurra, eta eman behar zaikan laudorioa. Beraz hunelatan, handia izanen da halaber, eta itsusia izen saindu haren, banoki, premia gabe, eta egiaz ala gezurrez mintzo den konturik egin gage erabiltzeaz egiten den bekhatua eta deskortesia. Baldin ikhus bazeneza ezen gizon batek, meza erraiteko kaliza, aldaretik harturik, hartan nori nahi den, ageri diren arlote, errumes eta bertze iende suerte guztiei emaiten derauela kantoin guztietan edatera, zer othe zenerrake? Gutienean bazenerrake hura dela luthertasun handia, gauza itsusia, eta eztakizula zer gaztigu ordena halakoari. Bada baldinba gauza handiagoa eta ohore gehiago merezi duena da Iainkoaren izen saindua, kaliza baiño. Eta guztiarekin ere, eztakizu, erran den moldean kaliza erabiltzen duenari, zer gaztigu ordena: zer ordenatuko diozu bada Iainkoaren izen saindua, hain deblauki, antsikabeki eta kontu guti eginik erabiltzeko usantza duenari? Iuramentu egitea da erraiten dugun gauzaren sinhets arazitzeko, Iainkoaren lekhuko deitzea, ekhartzea eta ibentzea. Eta baldin erraiten ditutzun hitz ergel guztietan, dei bazeneza errege bat edo iaun handi bat lekhuko, merezi bazenduke eman liazazuten edozein gaztigu, zeren hura baillizateke halako presunez kontu guti egitea. Zer mereziko duzu, eta zer gaztigu izanen da arrazoin eman dakizun, hartako bereko, aiphamen guztietako, Iainkoa bera, Errege guztien Erregea, eta Iaun guztien Iauna, lekhuko deitzen duzunean, nola deitzen baituzu iuramentu egiten duzunean? Ezin erran diteke, zein handia den hartan Iainkoari egiten zaikan bidegabea: eta bekhatoreak berak ere, bere buruari garraiatzen dioen damua eta kaltea. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Non assuescat iuramento os tuum, multi enim casus in illo (Eccli. 25). Begirautzu eztadilla zure ahoa iuramentura usat, zeren anhitz kasu, behatztopa eta peril da hartan. 176 Nola anhitz mintzo denak, peril baitu batean ezpada bertzean, bere hitzetan huts egiteko, eta errebelatzeko, hala iuramentu anhitz egiten duenak ere, du peril zenbait iuramenturen gaizki egiteko. Hain peril ezen iuramentu egiteko usantza duenak, behatu gabe eta konturik eduki gabe, noiz mintzo den egiaz eta noiz gezurrez, eta dagoenean deliberatua eta prestik, egiaren gaiñean bezala orobat gezurraren gaiñean ere iuramentu egiteko: halakoak, hala iuramentu egiten duen guztiaz, bekhatu egiten du eta ifernuko bidean bere burua ibentzen du. Handik Salomonek, ziakienak bezala, zenbat kalte zekharkeien iuramentu egiteko usantzak, erran zuen: Vir multum iurans replebitur iniquitate, et non discedet a domo eius plaga (Eccli. 23,12). Iuramentu anhitz egiten duena, betheko da bekhatuz eta gaixtakeriaz, eta ezta haren etxetik apartatuko plaga, han izanen da inkontru gaitza, edirenen da behar eztena. Eta hala baldin kontua ongi edukitzen badugu, edirenen dugu, ezen presuna arnegariak, are mundu hunetan ere, anhitz inkontru gaitz izaiten duela, eta arnegu hek direla kausa, anhitz bertze bekhatutan ere erortzen dela, eta azkenean, alde guztiz fin gaitz egiten duela.

§ 4

177 Bekhatu handia da, eta probetxu gabekoa iuramentua, eta iuramentu egiteko usantza. Oraiño ebastea edo emazte batekin parte izatea, ezta hain miretsteko, zeren hetan bada zenbait probetxu edo plazer. Baiña iuramentuan ezta probetxurik, eta ez plazerik. Halaber gauza desohorezkoa eta desohoragarria da iuramentua. Zeren hitz guztiaz iuramentu egiten duenak, emaiten du aditzera, gezurtia dela; eta haren erranei lekhukorik gabe, sinhesterik ezin eman dakidikeiela. Nola baldin gizon bati, erraiten dituen hitz guztietan nehor kontra balekio, eta erran baliazote; «etzaitugu sinhesten, ekhartzu zenbait lekhuko», desohore eman bailliazaoite. Hala hitz guztiaz iuramentu egiten duenak: eta iuramentuez bere erranak frogatu nahi dituenak ere, emaiten dio bere buruari desohore. Zeren ikhusirik eztela bera sinhesteko, ekhartzen baititu lekhukoak, zein baitira iuramentuak, hekin batean sinhets dezaten amoreakgatik. Iende prestuek damu hartzen dute heken hitz sinpleari sinheste emaiten etzaikanean, eta iuramentu egitera, nehork behartzen dituenean. Eta baldin zu hala behartzen bazaituzte, zeurk duzu falta, zerori zara kausa. Hala erraiten du San Krisostomok: Tu horum causa es, qui tam prompte et facile iuras (Chrys. hom. 9 in Act. Apost. tom. 3). Zeren hain prestki eta erraxki egiten baituzu iuramentu, halatan hain maiz behartzen zaituzte. Quod si hoc non esset, sed omnibus esset manifestum quod non iures, crede mihi dicenti, quod vel solo nutu plus crederetur tibi quam iis qui multa iuramenta dederant (Chrys. ibi, 5). Munduak balekusa eztuzula bat ere iuramenturik egiten eta ez gezurrik erraiten, baiña bethi egiaz mintzo zarela, eta fama hartan bazeneunde, sinhets nazazu, dio San Krisostomok, ezen orduan, zure hitz sinpleari eta bakhunari, eta are kheinuari eta aieruari ere sinheste gehiago eman lekidikaiola, anhitz arnegu eta iuramentu egiten dutenei baiño. Baiña nola baitzara gezurti era fama hartan baitzaude, halatan etzaituzte sinhesten: eta halatan zerorrek ere, zeure gezurrak sinhets arazi nahiz, hanbat arnegu eta iuramentu egiten duzu. 178 Baiña zenbatenaz eta zuk iuramentu gehiago, hanbatenaz nik gutiago sinhets. Zeren gezurraren erraitera herabe eztuenak, eztu gezurraren gaiñean iuramentu egitera ere herabe izanen. Eta behin gezurrean frogatuz gero (nola iende iuramentutsuak maiz frogatzen baitira), etzaie handik harat halakoei sinhesterik emaiten. Zeren haur da gezurtiaren gaztigua, egia erraiten duenean eztadin sinhets. Eta eztu merezi ere sinhets dadin. Zeren erran komuna den bezala, otharre bat egiten duenak egin ditzake ehun ere, gezur bat erraiten duenak, baderrake gehiago ere. Iondone Paulo Apostolua, munduak dakien bezain fintki konbertitu bazen ere, eta saindutasun handi batekin hasi predikatzen; guztiarekin ere Ierusalemera zen lehenbiziko aldian ihesi zihoazkon bere lagun Apostoluak, etzeitzan fidatzen, zeren uste baitzuten ezen lehena zela, eta lehen bezala, heken kontra zebillala. Hala da bada gezurtia, behin gezurrean frogatu dena, eta bai edozein bertze faltatan erori dena ere. Etzaika handik harat halakoari beranduraiño, aphur bat froga arteiño, sinhesterik emaiten, eta ez eman behar ere. Ez eta etzaika absolbazinorik, eta barkhamendurik eman behar behin, biatan, eta gehiagotan bere iuramentuen egiteko usantza gaixtoa utziko duela kofesorari prometatuaz gero, bat ere utzi gabe, bere leheneko usantzarekin berriz kofesatzera bihurtzen denean. Nola amorantearekin dagoena, edo bertzerena ebatsirik dadukana, ezin absolba baititeke amorantea utz arteiño edo bertzerena ahal badeza, bihur arteiño, hala iuramentu egiteko usantza duena ere, ezin absolba diteke, usantza harekin dagoeiño, haren utztera enseia ditekeien arteiño. Quia tunc est in statu peccati. Zeren orduan bekhatuaren egoitzan, estatuan, eta tokian baitago. Eta hala pensa bezate kofesorek zer hari diren halakoak belhaunetara ethortzen zaiztenean, zeren eztira egiteko gabe. Eta badirudi, hoberena lizatekeiela behin erakustea eta aditzera emaitea zein peril handian dauden: eta gero aphur bat absolbazinoaren luzatzea, eta erraitea dohazilla eta bihur ditezilla handik amorz egunen buruan; eta bitartean enseia ditezilla bere usantza gaixtoaren utztera. Eta gero bihurtzen direnean edireiten bada bat ere utzi dutela eta utztera enseiatzen direla, orduan absolba, eta ez bertzela.

§5

179 Ha Iainko handia, helas, zer izanen da bada nitzaz? Ene mihi guztia da iuramentu egiteko usantzan barrena sarthua, guztia da hartara emana, eztakit bertzela minzatzen. Zer eginen dut bada? Nola erremediatuko naiz? Adi ezazu zer erraiten duen pontu hunen gaiñean San Krisostomok: Malam iurandi consuetudinem ab ore nostro aufferamus, fraenum imponamus linguae. Nullo hic sumptu opus est, nullus labor exigitur, non indiget magna temporis mora exercitatio, sufficit velle et totum factum est, res enim haec a consuetudine pendet (Chrys. Hom. 26 ad popul. Anth. tom. 5). Iuramentu egiteko usantza ahotik khen dezagun, mihia brida dezagun: eta nahi badugu, badaidigu. Zeren ezta, hartakotzat, bat ere gasturik egin behar, ez trabaillurik hartu, eta ez denbora anhitz enplegatu. Asko da nahia, egin da hain bertzez, zeren egiteko haur usantzatik heldu da. Usatu zara anhitz minzatzen, hitz guztiaz iuramentu egiten, usat zaitezi bada orai, aldiz iuramentuen utzten. Nahi baduzu, badaidikezu, eta baldin egiten ezpaduzu, seiñale da, eztuzula nahi. Erranen duzu: «Nahi nuke bada, eta indazu zenbait erremedio». Lehenbiziko erremedioa da hartzea goizean gogo eta borondate fin bat, deliberamendu deliberatu bat, egun hartan iuramenturik ez egiteko, mihiaz kontu edukitzeko. Eta baldin halarik ere, gerthatzen bazaitzu huts egitera, eman zeure buruari zenbait pena: bulharrak io, erran Iesus, edo egin zenbait obra on. Eta orduan, hala enseiatzen zarenean, zeure nahigaberik, usantzak errekeriturik, zenbait iuramenturen egitera mihia linburtzen bazaitzu, eztuzu hartan bekhaturik. Zeren hura guztia dateke usantzarena, eta ez borondatearena. 180 Bigarren erremedioa, iuramentu egiteko usantzaren utzteko, da erraitea, iuramentuaren orde, iuramentuaren lekhuan: «bai segur», «ez segur», «hala da», «ezta hala», «egia erraiten deratzut», «sinhets nazazu», «ez nazazula gehiagotara behar». Hunela minzatzen zen gure Salbatzaillea: Amen amen dico vobis. Egiaz egiaz erraiten deratzuet. Hunela mintza zaite bada zu ere, eta zaude iuramenturik egin gabe. Eta bazeneundeke, baldin iuramenturik egiten eztuzun egunean, hamar ezkuturen irabazteko segurantza bazendu. Bada baldinba, zure arimak, hamar ezkutu baiño gehiago balio du. Bihoa beraz urrun iuramentua eta iuramentu egiteko usantza, ifernuko hitzkuntza, bekhatu idorra, gozogabea, arimaren galtzeko baizen deus balio eztuena. Eta bethor egun beretik, geroko luzatu gabe, egiaz minzatzeko, eta iuramentu guztiak utzirik, ez eta bai, es segur, bai segur, erraiteko usantza eta aztura. Zeren bertzela minzatzen zaren bitartean, iakizu ezen peril handian bizi zarela, ifernuko bide zabala daramazula, eta azken finean egiteko handitan izanen zarela.

__________

ZENBAT KALTE EGITEN DUTEN KOLERAK ETA ETSAIGOAK, ETA NOLA BEHAR DEN LEHEN BAINO LEHEN ETSAIGOATIK KANPORA KAP. XX

181 Bethi ere, lehenbizitik hartu dugun xedeari, ahal bezanbat, authikitzen dioguela, hari iarraikitzen gatzaitzala, hartara destatzen eta enkaratzen garela, edirenen dugu gure gero hunek presuna herratsuen, errietatsuen eta haserrekorren artean ere baduela bere ostatua eta iarlekua, hetan ere kalte handiak egiten dituela. Zeren adiskide batekin hautsten duzunean, baldin berehala osatzera eta bat egitera enseiatzen ezpazara, iakizu ezen, gero eta gero gaitziago izanen zaitzula, gibelatukoago, urrundukoago, eta ezantsiatukoago zarela. Halako moldez ezen San Agustinek dioen bezala: Sicut festuca crescit in trabem, sic ira inveterata fit odium (August. Homil. 5). Landarea zuhaitz bezala, haserretasuna ere egiten da gaitzerizkoa. Hunen arauaz erraiten du Senekak ere: Optimum est, primum irritamentum irae protinus spernere, ipsisque repugnare seminibus (Senec. lib. 2 de ira cap. 8). Gauza ona da koleraren lehenbiziko narritamenduari, mugidari eta abiadurari begiaren edukitzea, hazi haren hozitzetik, sorzetik eta bihitzetik begiratzea. Hargatik erraiten du Iondone Paulok: Sol non occidat super iracundiam vestram (Eph. 4). Eztadilla iguzkia eror zuen haserretasunaren gaiñean. Erran nahi du: Non duret usque ad occasum solis (Glosa interl.) Eztezala iraun iguzkia sar arteiño: etzoaztela oherat mendekatzeko desirarekin: akhaba diferentziak iguzkiz iguzki. Zeren berzela su ttipia handitzen den bezala, diferentziak ere aphur bana handituko dira, eta behin handituz gero, nekez ttipituko eta iraungiko dira. Nola geure gogarako gauzekin naturalki bozten eta alegeratzen baikara, hala desgogarakoekin eta kontrakoekin tristetzen eta haserretzen gara. Hain haserretzen, ezen ezin baikarateke orduan behintzat haragiaren arauaz, koleratu gabe, sentikortu gabe eta mendekatzeko desira gabe. Nola ardia otsoaren ikhusteaz latzten, larritzen, asaldatzen, izitzen eta ikharatzen baita: hala egiten gara gu ere etsaiarekin batzeaz eta inkontratzeaz. Orduan haragiaren arauaz ezin garateke haserretu gabe, min hartu gabe, eta barrenean irakitu gabe. Hunen arauaz erraiten du San Krisostomok: Caro quidem diligere inimicum non potest, quia dilectio vel odium carnis in sensu est, animae vero in intellectu. Propterea anima, quidem, secundum rationem vertitur; caro autem, invertibilis in passione tenetur (Hom. 13, tom. 2). Haragiak ezin onhets dezake bere etsaia, eta ez sentitu gabe utz, egiten zaikan bide gabea eta desarrazoiña. Bai ordea arimak onhets dezake, zeren arimak libertatea du, bere burua bere eskuko du. Baiña haragiak eztu libertaterik, eta ez bere burua bere eskuko.

§ 1

182 Nola baitira bi gaitzerizkoa, bata naturala, haragiarena, eta bertzea librea, borondatearena: hala dira halaber, bi onherizti eta amorio: bata naturala, haragiarena, eta bertzea librea, borondatearena. Gure Salbatzailleak izan zuen heriotzearen alderakotzat gaitzerizkoa naturala, naturalki gaitzesten zuen heriotzea, haragiaren arauaz etzuen hil nahi. Eta halatan egin zioen othoitz bere aitari, erraiten zioela: Pater, si possibile est transeat a me calix iste. Aita baldin posible bada, iragan bedi enegandik kaliza hori: eztezadala heriotzerik errezibi. Ordea, gaitzerizkoa natural hunekin izan zuen amorio librea. Zeren libreki, bere nahiz, eta borondatrez hiltzen. Eta hunetan da ageri badiratekeiela elkharrekin gaitzerizkoa naturala, eta amorio librea. Badukegu etsaiaren alderakotzat gaitzerizkoa, onherizkoarekin. Eta gaitzerizkoa librea, zein baita borondatearena, da komunzki bekhatu, eta ez naturala, zein baita haragiarena. Gaixto batek hil deratzu zeure aita, zerrori ere egin deratzu milla pensu, asmu falso eta malizia: heken arauaz ezin zarateke, gaitzerizkoa naturala gabe. Ordea gaitzerizkoa natural hark, ezteratzu amorio librea edekitzen, eztu borondatea gaitzestera bortxatzen, eta ez gaizki egille hari barkhatzetik, eta ongi egitetik debekatzen, hargatik libre da zure borondatea. Eta halatan anhitzetan ere egiten diogu geure gaizki egilleari ongi. Eta halatan, halaber, etsaiaren onhesteko manamendua, eman zioen Iainkoak arimari, eta arimaren bothere libreari, borondateari, eta ez haragiari eta ez haragiaren aphetituari. Eta hala bidegabe bat egiten deratzutenean, ethortzen baitzaitzu alde batetik mendekatzeko, eta ordaiñaren bihurtzeko mugida bat, gutizia bat, eta desirkunde handi bat. Eta berriz bertze aldetik, gauza ongi konsideraturik, eta aitzingibel behaturik, gibelatzen baitzara mendekatze hartarik: orduan haragia haserretzen da, eta ez arima. Hala erraiten du San Krisostomok: Quando ergo homo irascitur, et non vult facere quod ira compellit, caro eius irata est, animus autem non est iratus (Chrys. Hom. 13 tom. 2). Eta haur da arimaren, eta gorputzaren, spirituaren, eta haragiaren arteko gerla perilosa, eta biktoria loriosa, batak gaitzesten duena, bertzeak onhesten baitu. 183 Haragiaren gaitzerizkoa naturala, haragiaren lehenbiziko mugida —Primus motus—, haragiaren haserretzera eta mendekatzera laburzki, eta konsiderazinorik gabe oldartze eta abiatze hura, bera soilki eta bakharrik, ezta bekhatu. Bekhatu izaiteko arrazoiñak behar du lekhu eta parte, borondateak behar du deliberatu eta konsentitu. Are gehiago erran nahi deratzut, borondatearen deliberamenduarekin, eta konsentimenduarekin haserretzea, eztela bethi ere bekhatu. Aitzitik haserretzeaz bezala, ez haserretzeaz ere egin diteke bekhatu. Nola arazoiñaren kontra eta bidegabeki haserretzea, eta mendeku bilha ibiltzea, baita bekhatu: hala halaber haserretu behar denean, eta haserretzeko okhasinoa denean, ez haserretzea, da bekhatu. Hala erraiten du San Krisostomok: Itaque non solum non peccant qui cum causa irascuntur, sed e contra, nisi irascantur peccant (Chrys. Hom. 12 T. 2). Quoniam patientia irrationabilis, vitia seminat, negligentiam nutrit, et non solum malos, sed etiam bonos invitat ad malum. Ez haserretzeak, sobera pazient izaiteak, faltén disimulatzeak, ez ikhusi iduri egiteak, eta ez gaztigatzeak emaiten du okhasino, falta gehiago egiteko, eginetan laketzeko, eta gaixtoen bezala, onen ere gaixtakeriara konbidatzeko. 184 Haserretu behar denean, ez haserretzea, sentikortu behar denean, ez sentikortzea, bethi bat, bethi uli, lolo, malba, eta bare izaitea, eztheustasuna da, eta ez gizontasuna. Sicut excessus irae est malus et vitiosus, ita moderatae irae deffectus a iusta reprehensione et peccati labe non est immunis, dio San Tomasek (S. Thom. 2-2 q. 158, art. 8). Nola sobera haserretzea baita bekhatu, hala halaber gutiegi egitea ere, ezta hoben gabe. Arrazoiñarekin, intenzione onez eta iustiziaren arauaz haserretzea, eta hala haserreturik, hala gaztigatzeko desira izaitea, gauza ona da, eta saindua. Hain saindua, ezen erraiten baitu San Basiliok: Neque enim si contra nequitiam desit indignatio et ira, satis eam odio, quo decet, persequi poteres (Basil. Homil. 9 de ira). Haserretu gabe, aphur bat bedere koleran iarri gabe, eta bere baithan piztu gabe, eztira gaixtakeriak asko fintki gaztigatzen, eta ez obra onak ere asko zintki egiten. Neque damus aliter disciplinam filiis, nisi aliquamtum irascendo (dio San Agustinek) (August. de Verb. Dom. Hom. 16. T. 10). Eztu aitak bere semea, bere soseguan dagoela, gaztigatzen, eztio begia bihurtu gabe zer egin behar duen erakusten. Behar da behar, behar denean, khar aphur bat ailtxatu, behar da koleratu, eta haserretu. Halatan du aitak esku, eta bothere, semeari gogorki minzatzeko, eta bai kargudunak ere, bere kargukoen kontra, huts eginak dohazinean iaikitzeko, eta haserretzeko. Hala haserretu ziren Moisen eta Matatias, idoloak adoratzen zituztenen kontra (Ex. 31; 1 Mach. 2). Hala gure Salbatzaillea ere errezuzitatu zenean mintzatu zeien gogorki bere diszipulu batzuei, deitzen zituela adimendu gabeak, eta sinhets gogorrak. O stulti et tardi corde ad credendum (Lc. ultimo). Hala Iondone Paulok ere mehatxatu zituen Galaziago iendeak, erraiten zerauela: O, insensati galatae, quis vos fascinavit, non oboedire veritati? (Gal. 5 al 3,1). Ha galatar zentzu gabeak, nork erhotu, eta liluratu zaituzte, ezpaituzue orai, lehen bezala, egia obeditzen eta sinhesten? Hitz hauk desohorezkoak ziren galatarrentzat. Ordea zeren bihotz onez, eta intenzione sainduz erranak baitziren, etzen bitartean bekhaturik. 185 Haur da San Agustinek ere erraiten duena: Non irascitur fratri, qui peccato fratris irascitur (August. lib. 1 Rhetor, cap. 19. T. 1). Ezta anaiaren kontra haserretzen, anaiak duen bekhatuaren kontra haserretzen dena. Halakoak bekhatua gaitzesten du, eta ez bekhatorea. Eta hartan egiten du midiku batek edo barber batek eriarekin egiten duena. Barberak penatzen du, ebakitzen du, odol husten du, etsai bat bezala erabiltzen du. Ordea zeren hura guztia eritasunaren kontra egiten baitu, eta ez eriaren; ez intenzione gaixtoz, baiña amorioz, eta sendatzeko kontuan, halatan hark egiten duen guztia estimatzen da, eta hartzen da parte onera. Hala behar dira bada halaber arrazoiñaren arauaz, intenzione onarekin, faltén erremediatzeko, eta bekhatuen eritasunetik sendatzeko borondatearekin, egiten diren liskarrak, ahakarrak, mehatxuak, eta eranzuteak ere, estimatu eta parte onera hartu.

§ 2

186 Ordea begira beu bat bederak, bekhatuen kontra haserretzen denean, sobera haserretzetik, amorioz, eta borondate onez egin behar duena, koleraz, eta mendekuz egitetik. Zeren aita-amék, predikariek, nabusiek, eta bertzeren eskolatzeko eta gobernatzeko kargu dutenek, eztute kargu hartan halako moldez kexatu eta irakitu behar, non gaiñez egin dezaten, eta amorioa desamorio, eta gaitzerizkoa bihur dakien. Hargatik erraiten du profetak: Irascimini et nolite peccare (Ps. 4). Haserre zaitezte, eta eztagizuela bekhaturik. Haserre bai, ordea neurriz, pazientziaren xedea eta marra iragan gabe; faltari bai, baiña faltaren iabeari herrarik eta aiherkunderik eduki gabe. Zeure umea edo zerbitzaria, korrijitu, emendatu, eta zentzatu nahi duzunean, anhitzetan ere, zerori iartzen zara zenza beharreanago. Zeren zenzatze hartan, zeure umeari erakustean, hain haserretzen, koleratzen, eta zeure zenzutik eta pazientziatik ilkitzen zara, non anhitz arnegu eta iuramentu eginik, azkenean, zure umearen eta zerbitzariaren falta baiño, zurea handiago gerthatzen baita, eta zerori erremediakizunago, eta zentza beharrago iartzen baitzara. Bada ez bertzela, baiña arrazoiñaren eta iustiziaren arauaz, eta noren kontra haserretzen baitzara, haren ontasunagatik eta faltén erremediatzeagatik, neurriz haserretzea, gauza ona da eta saindua. Eta molde hunetan haserretzea, deitzen da: Ira per zelum, zelo onezko hira, amoriozko haserrea, onginahizkoa. Baiña bada bertze bat, borondate gaixtozkoa, mendekuzkoa, ez bekhatuaren erremediatzeko, baiña bekhatoreari berari gaitz eman nahizkoa. Zein deitzen baita: Ira per vitium, biziozko hira, bekhatuzko haserrea, arrazoiñaren kontrakoa, intenzione gaixtotakoa, soberaniazkoa, gaiñez egina. Hunetarik, hunela gaiñez egitetik, sobera haserretzetik, eta koleratzetik, sortzen dira kalte handiak, liskarrak, hitz gaixtoak, iuramentuak, diferentziak, hauziak, gaitzerizkoak, heriotzeak, eta bere buruen eta bertzeren galtzeak, eta egitekotan ibentzeak. 187 Anhitz gauzak egiten derauka giristinoari gaitz eta kalte, eta hetarik bat da, eta are buruzagietarik, hira, kolera, haserretasuna, mendekatzeko desira desordenatua. Hunek arima eta gorputza zaurtzeintu, hunek biak eritzeintu, egunak laburtzeintu, eta muga baiño lehen, illeak ere urdintzeintu. Hala emaiten du aditzera Spiritu Sainduak: Zelus et iracundia minuit dies, et ante tempus senectam adducet cogitatus (Eccli. 30). Hunen arauaz eta ereduz erraiten du Senekak ere: Vitanda est ira, non solum moderationis causa, sed sanitatis (Senec. ep. 18). Begiratu behar da sobera haserretzetik, alde egin behar zaika kolerari: eta ez, ez prestuki eta onhetski bizitzeagatik beragatik, baiña bai gorputzeko osasunagatik ere. Zeren haserretasunak, mendekatu nahiak, barreneko hegigoak, irakidurak, hudigoak, gorrotuak, korromioak, eta herrak, arimari eta gorputzari egiten deraue kalte, biei senti arazitzen deraue, biak eritzeintu. Eta halatan presuna hirosak, erreak, eta haserrekorrak, ez ohi du, begi orde anhitz higatzen, eta ez komunzki bere umén umerik ere bere ingurunean ikhusten. Zeren bere barreneko koleraren suak eta irakinak, errai guztiak erratzen, elkortzen, eta idortzen baiterautza. Eta hala ikhusiko duzu, bere egitez iauzkor, eta mendekos diren presunak, baldin berehala bere desiren arauaz mendekatzen ezpadira, egosten eta desegiten direla. Eta baldin halaber mendekatzera, eta eskuen odolztatzera gertha badakie, gero ondotik dolutuak, eta atsekabeztatuak dabiltzala. Halako suertez, ezen nola nahi den dela, nahiz mendekaturik, eta nahiz mendekatu gabe: nahiz bere gogoak histurik, eta nahiz histu gabe, ezta halakoentzat damurik, atsekaberik eta asaldurik baizen. Eta ezpere beha iazozu haserretua dabillan bati, nola mintzo den, nola ahotik habuiña darion, begietarik iharrak iauzten zaitzan, lurra ostiko ioiten duen, ethortzen zaitzan arartekoez eztuen kontutik egiten: eztioen nehori ere ohorerik ekhartzen (Vide Chrysost. 4 T. 3). Aitzitik erho batek bezala, aitzin gibel behatu gabe: ethorkizunaz konturik egin gabe, guztiak gezurztatzen dituen, desohoratzen dituen: bulkhatzen dituen: hil nahi dituen. Beha iazozu bada halako bati eta zentza zaite haren baithan. Zeren iakizu ezen zerori ere, haserre zarenean, hala zarela, erho zarela, itsu zarela, hordi bat bezala irrigarri zarela.

§ 3

188 Presunak, haserre denean, badirudi eztirudiela lehena. Hargatik abisatzen zituen Platonek bere diszipuluak, har zezatela, haserre zirenean, mirail bat bere aitzinean, eta hartan ikhus zitzatela bere buruak. Eta erraiten du Senekak ere: Quibusdam profuit aspexisse speculum, perturbabit eos tanta mutatio sui (Fulgent. lib. 7 cap. 2, Senec. li. 2 de ira cap. 36). Batzuei on egin izan deraue, haserre zirenean, bere buruen miraillean ikhusteak. Zeren han de ezagun, nola kolerak bat bedera muthatzen, eta lehen zena eztirudiela ibentzen duen. Eta badio San Krisostomok ere: Quod si iratus seipsum intueri posset, nulla alterius indigeret admonitione, nihil enim irato turpius (Chrysost. Hom. 25 in cap. 3 Joan. Tom. 3). Baldin presuna haserreak, haserre denean, ikhus albaleza bere burua, ez luke ez berriz haserretzeko, bertze abisuren beharrik: zeren orduan hain da itsusi, non itsustasun hark berak begira baillezake, aitzinerat gehiago haserretzetik. Koleran dagoenak hanbat erhokeria egiten du eta erraiten, non hari bere plazerera beha dagokana, ahalketzen baita erhokeria heken ikhusteaz eta enzuteaz. Eta halakoak berak ere, bere baithara dadinean (zeren koleran dagoena eztago bere baithan), nork erranen du, zenbat damu, eta atsekabe izanen duen? Zein ondore gaixtoa edirenen duen? Zein on-behar, eta triste geldituko den? Orduan gogoratzen zaika ikhusi dutela bere adiskidèk, eta bai etsaiek ere, guztiak beha egotu zaitzala. Eta hark bere koleran egin dituen desordenuez, eta erhotkeriez, adiskidèk hartu dutela damu, eta atsekabe, eta etsaiek atsegin eta plazer. Orduan erreko da bere baithan barrena, despitatuko da, tristetuko da, malenkoniatuko da. Eta guztiz ere, baldin bere haserre hartan kolperik egin badu, barber beharrean nehor ezarri badu, edo bere hitzetan nehork bahirik hartu badio. Han dira zinak, eta minak, han dira kexadurak, izerlekak, hats-beherapenak, intzirinak, eta maradizinoak. Orduan iartzen da bere buruarekin gogoetan, erraiten duela San Krisostomok dioen bezala: Et quid mihi pugna opus erat? Quid in iniuriis? Quid contentionibus? Haec et illa pereant, et his omnibus terrenis maledicunt, qua ipsis discordiae materiam praebuerunt (Chrys. Hom. 4 Tom. 3). Zer mengoa nuen nik, egiteko hautan sartzeko? Diferentziatan ibiltzeko? Hitz gaixtorik erraiteko? Kolperik emaiteko? Fin gaitz dagitela hunelako egitekoek, ni hunela egitekotan ibeni nautenek. Baldin ez nagoenean, banengo, begira bide nindeke, berriz hunela itsutzetik, erhotzekik, minzatzetik, eta egin naizen bezala iauztetik, eta koleratzetik. Hunela minzatzen da hotztu denean, hunela bere buruaz arrenkuratzen da, haserredura ematu denean. Haur da koleraren ondorea, ihardukitzearen fruitua: arimaren galtzea, gorputzaren desegitea, eta tristura handi baten azpian damuztaturik ibentzea, eta utztea. 189 Gizon koleratua, sukharra duenaren polsua bezala da, kexo da, eztu sosegurik. Halaber gau ilhuna bezala da. Zeren nola gau ilhunean dabillanak ezpaitu ezagutzen, zerk zer kolore duen: zein den berde, eta zein more; hala gizon koleratuak ere eztu ezagutzen, noiz mintzo den ongi, eta noiz gaizki: noiz dohan artez, eta noiz makhur. Nahasia, itsutua, haztamuka dabilla: ilhunbean dohana bezala, urrats guztiaz behaztopatzen da, errebelatzen da. Halatan deabruak ere orduan egitentu bere kolpeak, orduan bethatzeintu bere zakuak. Zeren nola ohoiñak desiratzen baitu gau ilhuna eta haizetsua ebasteko. Otsoak denbora gaitza, uritsua, eta igorziritsua, artaldeari oldartzeko: eta arranzaleak ur uherra arraiñaren atzemaiteko: hala deabruak ere, ohoin finak, otso goseak, eta arrantzale iakinsunak bezala, bilhatzeintu eta bere gaixtakerien egiteko, zelataturik edukitzeintu, koleraren, haserreduraren eta diferentzien ilhunbeak, tormentak, uherdurak, eta okhasinoak. Presuna haserretuen artean, bere gogara da Deabrua, han edireiten da ongi Demonio gaixtoa, han bide batez egiteintu bi mandatu. Zeren haserretzaillea eta haserretua, biak atzemaiten baititu. 190 Eta haur ezta mieretsteko. Zeren ezta bekhaturik, koleran itsutua dagoen batek, eztaidikeienik. Eta hala ezta zuhurtzia, halakoak eta halakoek dihardukatenean, heken artean ibiltzea, eta partitzera enseiatzea eta sartzea. Guztiz ere baldin dihardukaten hetan hordirik edo zure etsairik baldin bada. Orduan urruititik (egon, ez) hurbil, utztezu, beude, bihardukate, biz heken gaiñean, ethorriko den okhasinoa eta kaltea. Zeren bertzela peril izanen da, zure gaiñera ethor dadin. Hordiak eztaki zer hari den, eta etsaiak ere alea hark bertzeri eman nahi, zuri emanen deratzu. Beraz ez halakoen artean, ingurunera ongi behatu gabe, eta zeure buruaren begiratzeaz kontu eduki gabe, sar eta ez enplega. Zeren kolera itsu da, hordi da, eta etsaia ere okhasinoaz probetxatzen da. Bada baldin kolerak, eta mendekatzeko desira desordenatuak, arrazoinaz kanpokoak, hanbat kalte egiten badu: hala nehor itsutzen, zoratzen, liluratzen, eta adimendutik erauzten badu, eta deabruak ere orduan, koleratuen artean denean, bere iokoak iokotzen baditu, eduki behar zaika sendagarria, egin behar da laster midiku-midizinetara, ahal diratekeien erremedioetara. Eta noiz? Lehen baiño lehen, geroko luzatu gabe. Zeren suaren pare da kolera, eta badakizu, sua ttipi deiño, dela erraxenik iraungitzeko, eta hiltzeko.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO LEHENBIZIKO ERREMEDIOA DA BAT BEDERAK BERE KONDIZINO HASERREKORRA EZAGUTURIK, HARI BEGIAREN EDUKITZEA KAP. XXI

191 Nola gorputzeko medikuek, anhitz midizina eta erremedio bilhatu baitute eta ediren, gorputzeko eritasunèn sendatzeko: hala arimako midikuek ere, zer den kolera, eta koleraren ondorea dakitenek, zein baita arimako eritasuna, bilhatu dute, eta eman anhitz abisu, eta erremedio, arimako eritasun hunen sendatzeko, kolerak pitzten duen suaren hiltzeko, eta bai pitztetik, eta iratxekitzetik ere begiratzeko. Lehenbiziko erremedioa da, bat bederak bere buruaren eta kondizionearen ezagutzea: bere buruarekin gogoeta egitea, ea haserrekor denz, hiros denz, iauzkor denz. Eta baldin hala bada, perilos bada, kilika bera bada, pairu gutitako bada, ihes egin, eta begira diferentziarik ahal datekeien okhasino guztietarik: presentatzen diren periletarik, iendartera sobera ilkitzetik, eta bai egitekotan eta kargutan ere sartzetik. Batzuei den okhasinorik ttipienean, sua lotzen zaie: zeren sukhoi baitira, ihar baitira. Pontu hunen gaiñean ederki erraiten du Senekak: Non interest hic affectus, ex quem magna causa nascatur, sed in qualem perveniat animum. Sicut ignis non reffert quam magnus, sed quo incidat; nam, etiam maximum, solida non receperunt, rursum arida et corripi facilia, scintillam quoque favent usque in incendium (Senec. ep. 18). Egur hezeari, eta iunt denari, su handiak ere nekez eragiten dio, baiña iharrari eta arroari, inhar batek ere iratxekitzen dio. Zeren hartako egina eta prestatua edireiten baitu. Hala da bada koleran, eta haserretasunean ere. Ikhusiko duzu komunzki gauza xarrakgatik, okhasino ttipiakgatik, iendeak haserretzen direla, eta bai heriotzeak ere egiten eta gerthatzen. Zeren haserretzea eztago ez hanbat egitekoaren balioan, nola presunaren kondizinoan. Batak antsiarik eztuenaz, bertzea iauzten, eta enkoniatzen da. 192 Antioko sofista deitzen zen hark, bere kondizinoa ezaguturik, etzuen behin ere, konpaiñiatan ibili nahi, eta ez hartako bazen ere, herriko kargutan ere sarthu nahi (Theatrum humanae vitae fol. 93). Gizon gaizkin bat bezala, izi zen, beldur zen, ihizia bezala, basatua, eta ihes egina zebillan. Eta galdegin zeraukatenean ea zeren zen beldur edo zergatik ihes egiten zuen? ihardetsi zuen: egiten dut ihes zeren ezagutzen baitut neure kondizinoa, ez naizela iend’arteko gai, eztudala okhasinotan sarthuz gero, neure burua neure eskuko: ez naizela neure buruaren iaun, eta ez iabe, berehala linburtzen eta kilikatzen naizela, errea naizela, iauzkor naizela, den okhasinorik ttipiena, aierurik gutiena gorrotatzeko, eta muthurtua iartzeko asko dudala. Eznaduka, ez, bertzearen beldurrak ihes egina, neure beldurrak, neure buruaz fido izan gabeak naduka, hark karguak, eta konpaiñiak ere utz arazitzen derauzkit. Hunela ihardetsi zuen Antioko hark. Halatan erraiten du Platonek: Presuna haserrekorrak eta kolerak adimendutsu direla, eta anhitz ikhasteko on, ez ordea herrien gobernatzeko, eta ez eskola edukitzeko ere. Zeren hartarakotzat pazientzia behar da, sosegu behar da, eta anhitzetan ere ikhusia ez ikhusi, eta aditua ere ez aditu iduri egin behar da. Hala Kotys Traziako errege hark ere, ikhusirik, gauza hunetan flako zela, berehala lehenbiziko okhasinoan, kolera burura igaiten eta nabusitzen zeikala, pairurik batere etzuela, sentikorregi zela: eta bere baithan aitzinetik, pazientzia izaitera, deliberatuagatik ere, berehala, lehenbiziko inkontruan, behaztopatzen zela, eta erortzen: enseiatu zen, ahal bezanbat koleraren okhasino guztietarik ihes egitera (Carolus Stephanus verbo Cotys). Eta hala kontatzen du Plutarkok, ekharri zerautkatela egun batez errege Kotys hari present handi bat, baxera eder bat. Ordea hautskorra, lurrezkoa eta beirakizkoa (Plutar. in Aphothe.). Eta ekharri zeraukatenean, errezibitu zuela presenta ongi, eta bai eskerrak ere eman ekharlei eta igorlei. Baiña berehala ekharle heken berèn aitzinean, berak bere eskuz guztiak zathitu eta porroskatu zituela, erraiten zuela: Badakit berdin, present eder haur, egun hautarik batez, ene zerbitzariek hauts lezaketela: eta ni naizenarekin eta neure kondizino errearekin, orduan sobera haserre nindekeiela. Eta neurri gabe, eta behar baiño gehiago zerbitzari hek gaztiga nitzakeiela. Bada dezadan aitzinetik erremedio iben, dezadan okhasinoa aparta, ditzadan orai neure eskuaz diren guztiak, koleratu gabe, gero ez koleratzeagatik, zati eta desegin. Eta hala erran bezala egin ere zuen, irriz zegoela guztiak bere eskuz desegin zituen. Anhitzek laudatzen du errege haren kolpe hura, baiña gutik segitzen. Hura da zer gertha ahal dakidikaion aitzinetik pensatzea, bere buruaren ezagutzea, ethorkizuneko perilari begiaren edukitzea, koleraren kontrako eta iraungitzeko lehenbiziko erremedioa.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO BIGARREN ERREMEDIOA: DIRAKIEN ELTZEARI EGITEN ZAIKANA, KOLERARI ERE EGITEA KAP. XXII

193 Gizon haserretua dirakien eltzea bezala da. Eta irakin hartarik ilkitzen da khe bat, lanbo bat, zeinek, poetak dioen bezala, itsutzen baitu adimendua: Ira impedit animum ne possit cernere verum. Bada elzeari sobera dirakienean, gaiñez dohanean, hirur moldez emaiten ohi zaika erremedio. Lehenbizikoa, sutik aldaratzeaz eta urruntzeaz. Bigarrena, egurren edekitzeaz eta gutitzeaz. Hirurgarrena, ur hotz gaiñetik emaiteaz eta egotzteaz. Hala bada koleraz eta gaitzerizkoaz, bere etsaiaren kontra dirakienari ere, hirur erremedio hauk, bat baillira bezala, eta hautzaz bat eginik, eman behar zaitza, eta hauk behar ditu hartu eta bere koleraren iraungitzeko begiratu. Lehenbizikoa, sutik hastan: erran nahi du, bere etsaiaganik aldara, aparta eta ihes egin. Zeren nola ez erratzeko erremediorik hoberena baita sutik urruntzea, hala da ez ihardukitzeko eta ez haserretzeko ere, gizon haserrekorretarik eta etsaietarik apartatzea eta begiratzea. Presuna haserrekorrak, zuhaitz aranzetsuak bezala dira, eztira ferekatzeko on; nehork uki balitza zaurtzen dute. Harri mugerraren pare dira, barrenean dute sua, asko dute ukitzea. Halatan erran zioen Rebekak bere seme Iakobi: Ene seme, haserre da zure anaia Esau, zure kontra koleran dago, aldara zakitza, beraz, bidetik, etzaitzala zenbait egunez ikhus, eta agian bitartean hotztuko da eta ematuko. Zeren erran komuna den bezala, ikhusten eztuen begiak eztu miñik. Hala Iesus haurrak ere egin zuen ihes Herodesganik. Eta badio Iondone Paulok ere: Date locum irae (Rom. 12). Demogula lekhu, demogula amore hirari. Erran nahi du begira gaitezilla presuna haserrekorretarik eta haserretzeko okhasinoetarik, hauzitan sartzetik, liskartzetik, eta behaztopa guztietarik. Zeren behin behaztopatuz gero, zaldia bezala laur-oiñka, aldapa behera, koleran abiatuz gero, gaitz da baratzea, gaitz da aitzina iragan gabe, gaitzerizkoan sarthu gabe gelditzea. Beraz hunelatan, dirakien eltzeari, bere irakinaren gelditzeko, emaiten zaikan erremedioa, emozu zuk ere zeure buruari, zeure mendekatzeko desira desordenatuaren eta haserretasuneko irakinaren hotzteko. Sutik gibela, okhasionetarik aparta, etsaietarik ihes egin.

§ 1

194 Bigarren erremedioa eltzeari bere irakinaren geldiarazitzeko, da egurren edetea, sukhaien gutitzea. Hala da bada koleraren eta haserreduraren irakinaren hotzteko eta ematzeko erremedioa hitz gaixtoen eskusatzea, gogorki eta torpeki dagotzunari emeki egoitea, ixilik utztea. Zeren nola sua egurren berretzeaz, berretzen eta handitzen baita, eta edekitzeaz gutitzen eta ttipitzen: hala kolera eta haserretua ere alde batetik eta bertzetik hitz gaixtoen eta gogorren erraiteaz, handitzen eta pitzten da, eta ez ihardesteaz ttipitzen eta iraungitzen. Zuri zeure etsaiak bere koleran anhitz gauza erraiten deratzu: ohoin bat zarela, enganatzalle bat zarela. Finean San Basiliok dioen bezala : Sic durant donec convitia, sicut sagittae deficiant (Basil. hom. 9 de ira). Tragaza kolpeka hari dena bezala buirakan direnek dirauteiño, pensa ahalak, edo dakizkienak aurthiki arteiño, ezta ixiltzen. Eta orduan hura gaizki mintzo da, eta zuri ere, gaizki mintzo dela iduritzen zaitzu: eta alabaiña zuk ere hari hainbertze edo gehiago, eta gaizkiago, erraiten diozu. Bertzeren gaixki minzatzea zeure gaizkiago ihardesteaz, nahi duzu erremediatu. Baiña enganatzen zara. Zeren hori da harriak harriaren ioitea, bietarik suaren pitztea, zauriaren gaizkoatzea, eta etsaigoan barrenago sartzea. Zuri begia atheratzen deratzunari zuk ere atheratzeaz, ezta handik zurea sendatzen eta ez bere lekhura bihurtzen. Kolpe bat emaiten deratzunari, bertze baten bihurtzeaz, eztiozu halatan zeure buruari, eman deratzuna edekitzen. Ohoin bat zarela erraiten deratzunari, hordi bat dela ihardesteaz, eztakusat irabazi handirik egiten dela. Baldin bethi ere azkenarekin gelditu nahi bazara, eta ez behin ere amorerik eman eta ez amaiñatu, ezta gerlaren akhabatzerik. Aitzitik nola hordiak anhitz edanez egarritzenago baitira, zeren arnoak erratzen baititu: hala etsaiak ere, ihardukiz etsaitzenago dira. Nahi baduzu geldi dadin etsaia, geldi zaitezi; nahi baduzu ixil dadin, ixil zaitezi. Nahi baduzu sua iraungi dadin, egurrak edeki iatzotzu. Zeren haur da bigarren erremedioa, dirakien eltzearen irakitzetik geldi arazitzeko, koleraren iraungitzeko: egurren edekitzea, okhasinorik ez emaitea, ixilik utztea.

§2

195 Hirurgarren erremedioa, dirakien eltzearen gaiñez eginik dohanean gelditzeko eta beheititzeko, da, ur hotza. Hala bada koleraren iraungitzeko eta sosegatzeko ere, da, hitz ona, errepuesta emea eta eztia. Hala erraiten du Spiritu Sainduak: Responsio mollis frangit iram, sermo durus suscitat furorem (Prov. 15). Errepuesta emeak, eztiak, eta berak, ematzen, eztitzen, beratzen eta hausten du mendekatzeko desira desordenatua, baiña solhas gogorrak pitzten du kolera. Haur da gauza miretstekoa, berak beratzen baitu gogorra, emeki eta mantsoki minzatzeak ematzen eta sosegatzen baitu kolera. Mors et vita in manibus linguae (Prov. 16). Mihiaren eskuan daude heriotzea eta bizitzea, gerla eta bakea. Nahi baduzu, adiskide dezakezu zeure etsaia, eta bai etsaiago ere. Emozu ur, mintza zakitza emeki eta emero, sua iraungiko da, gaitzerizkoa iabalduko da. Mansuetus sibi ipsi dulcis, et aliis est utilis, iracundus vero et sibi insuavis eta aliis damnosus, dio San Krisostomok (Chrys. hom 7 tom. 3). Gizon bekezkoa, mansoa, sosegatua eta hitz onetakoa, gozo da beretzat, eta bertzerentzat atsegin eta plazent: halakoarekin guztiek dute lakhet, guztiet nahi dute ibili eta egon. Baiña haserrekorra, iauzkorra, bere eta bertzeren galgarri da: halakoaganik guztiak aldaratzen dira, guztiek ihes egiten dute. 196 Nik uste dut ezen munduko ararteko guztiek eztezaketela zure etsaia hala balaka, eta ez sosega, nola zerorrek. Ordea nola edo zertzaz? Hitz onaz, errepuesta emeaz, begitarte alegeraz, salutantzia arraiaz, ongi minzatzeaz, eta guztien gaiñetik okhasinoa presentatzen denean, ongi egiteaz. Hala erraiten du Iondone Paulok: Si esurierit inimicus tuus, ciba illum, si sitit, potum da illi, hoc enim faciens carbones ignis congeres super caput eius, (Rom. 12.20). Emozu zeure etsaiari gose denean iatera eta egarri denean edatera. Zeren halatan bildukoitutzu ikhatz biziak haren buruaren gaiñean. Erran nahi du: nola ikhatz biziek elkarganatzen ditutzunean, sua pitzten eta egiten baitute: hala etsaia baithan ere, egiten derautzatzun ongiek eta zerbitzuek pitzten dute eta egiten amorioaren sua, bakea, adiskidetasuna. Eta guztiz ere, baldin zerori salutatzera, minzatzera eta present igortzera aitzintzen bazara, hark etsaiari bihotza hautsten eta arrobatzen dio, hark begia arraitzen dio, hark inprentzuaz bezala bere mendekatzeko gogoa bertze aldera izultzen dio. Eta baldin faltak zureak badira, hobenduri zerori bazara, orduan zu zara obligatu aitzintzera eta hitz eske iarraikitzera. Eta faltak bertzerenak badira ere, ongi eginen duzu, eta iende prestuen eta deboten artean, ongi aiphatua izanen zara, heken alderakotzat ohore izanen duzu, eta zeure arimakotzat merezimendu aitzintzeaz, zerbait desenkusa bilhaturik, edo ahantz iduri eginik, gaitz ondorik erakutsi gabe lehen bezala minzatzeaz eta etsaiagana ioaiteaz. Handik gibelatzen eta iraungitzen dira etsaitasunak. Baiña hi handi ni handi hisikaturik egoiteak, handirasunetan ibiltzeak, amorerik ez emaiteak, gibelatzen du nehork egin nahi duen ontasuna, hersten eta trabatzen adiskidetzeko bidea.

§3

197 Orai hunen gaiñean erranen duzu. Baldin ihardetsi gabe utzten badut, ordaiñaren bihurtzera enseiatzen ezpanaiz edo neror agur egitera aitzintzen banaiz, erranen dute eztheus bat naizela, beldur naizela, egiak erran zaizkidala eta halatan neure buruaz fida izan gabez, hitz eske nabillala. Baiña baldin baten bia bihur badiatzot, egin zaitan baiño gogorkiago mintza banakio, erranen dute, gizona naizela, ohoreaz prezatzen naizela, ete balentki egin dudala. Sinhesten dut zenbaitek hala erranen duela. Baiña halakoa eta halakoak izanen dira giristino gaixtoak, Iainkoaz baiño munduaz kontu gehiago hari direnak. Eta munduko kontua ere eztute halakoek ongi atheratzen. Zeren mundukotzat ere, guztia ongi pensatzera, ohoreago da etsaiari ongi egitea, gaizki egitea baiño: ez ihardestea, ihardestea baiño. Zeren ez ihardesteaz, kasurik ez egiteaz, emaiten duzu aditzera eztuzula hobenik, baiña etsaia mintzo dela gaizki, eta gaixtoki. Hala dio San Krisostomok: Quare enim dives si pauper appelletur ridet? Quam id falsum novit. Item si nos injurias videbimus, magnum erit argumentum quod falso reprehendimur (Chrys. Hom. 48, tom. 3). Zergatik uste duzu ezen aberatsak egiten duela irri probe eta errumes deitzen dutenean? Zeren klar baita eztela hala, eztela errumes. Hala bada zuk ere etsaiaren erranei irri egiteaz edo ez deus ihardesteaz, emaiten duzu aditzera, eztakiela zer mintzo den, egiatik athean dabillala. 198 Eta are gehiago San Krisostomok berak dioen bezala: Nihil sic confusionem facit gerenti mala, sicut fortis tolerantia patientis, neque in verbis neque in opere reddere vindictam (Chrys. super epist.). Deusez ere eztuzu hala ahalketuko zeure etsai gaizki egillea, nola pairatzeaz, sentimendurik ez egiteaz, erastera utzteaz. Nola harri bati, edo sentimendurik eztuen bertze gauza bati, kolpeka darauntsanak, egiten baitio bere buruari kalte gehiago, eta hartan probetxu gabe unhatzen eta zathitzen baita: hala antsiarik eztuen bati edo konturik egiten eztuenari bere maliziaz darauntsanak ere, emaiten dio bere buruari gaitz gehiago. Egun batez galdegin zeraukaten Dionisio filosofoari, ea zertzaz egin ahal ziazaion gizon batek bere etsaiari damurik eta atsekaberik gehiena? Eta ihardetsi zuen hitz gutiz eta laburzki: prestu izaiteaz. Etsaiak nahi luke bethiere ediren zure baithan zenbait falta, eta edireiten duenean, atsegin hartzen du, eta edireiten eztuenean damu. Eta handik erraiten ohi da, gaizki gobernatzen denak, faltatan erortzen denak atsegin egiten dioela bere etsaiari. Beraz goberna ongi, bizi prestuki, ez zeure burua abantailletan hartzera utz, ez ihardets, ez konturik egin. Zeren nola ur hotza baita eltzearen irakinaren gelditzeko erremedioa, eta bai sutik apartatzea eta egurren edekitzea ere: hala da koleraren hotzteko eta iraungitzeko bigarren erremedioa, eltzeari dirakienean egiten diozuna, zeure kolerari ere egitea.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO HIRURGARREN ERREMEDIOA: EZ ORDUAN LEHIATZEA, KOLERA IRAGAN ARTEIÑO PAUSATZEA KAP. XXIII

199 Hirurgarren erremedioa ez haserretzeko eta koleraren iraungitzeko edireiten dena da, Livio filosofoak bere diszipulu Teodosio enperadoreari eman zioena, erraiten zioela: Badakit, Enperadore handia, zenbait aldiz, haserretuko eta koleran iarriko zarela. Bada ordukotzat eman nahi deratzut konseillu on bat. Hala zarenean, ez kexa, ez lehia, ez berehala abia, iguriki aphur bat: ez al baitzeneza deus egin, ez erran eta ez aitzina A.B.C. eta hei darraizten bertze letrak erran arteiño, edo hartako espatioa, bitartea eta denbora iragan arteiño, har al baitzeneza hainbertze asti eta pazientzia (Aurelius Victor, in vita Theod.). Hunetara dio Spiritu Sainduak: Ne proferas in iurgio cito (Prov.) Eztezazula liskarrean ahotik hitza fite athera. Konseillu haur beror eman zeraukan bere nabusi Atenedoro filosofoak ere, etxetik partitzerakoan, Oktavio Augusto enperadoreari. Eta konseillua, hain parte onera hartu zuen enperadoreak, non urthe bat gehiago eduki baitzuen etxean konseillaria. Anhitz bertzek ere egin du pensu haur, ediren du koleraren kontrako erremedio haur: erakutsi du hitzez eta obraz ere, on dela kolerak diotsanaren aphur bat luzatzea, balantzan bezala edukitzea, ez berehala deliberatzea. Zeren kolera eta lehia eztira konseillari onak. Eta badio Senekak ere: Magnum remedium irae est mora (Senec. lib. 2 de ira, cap. 34). Hiraren, mendekatzeko desira desordenatuaren, erremedio handia da, luzatzea, pausatzea, ez lehiatzea. Zeren Zizeronek dioen bezala: Nunquam iratus mediocritatem illas tenebit quae est inter nimium et parum (Cicero Li. 1 Offic.). Eztu behin ere gizon haserretuak behar den neurria begiratuko, peril da, gutiz edo soberaz huts egin dezan. Eta hala, haserre zarenean, zaren beldur, zaude gibela, eztagizula orduan gogoak diotsun gauzarik. Zeren orduan itsu zara, erho zara, nahasia zara, desarrazoiña ere arrazoiñ iduritzen zaitzu. Marinelak denbora eder denean, bela egiten du, baiña tormentan geldi dago. Hala bada zu ere, nola haserre zarenean, denbora gaixtoa baita, zaude geldirik, zaude portuan, zaude etxean, pausa ezazu, ez deus egin eta ez erran, denbora eder arteiño, koleraren tormentak diraueiño. Zeren Menandrok dioen bezala: Omnia quae iratus agis, postmodum errata invenies. Haserreturik egiten duzun guztia, edirenen duzu, ondoan, gaizki egina dela. Eta badio Senekak ere: Finis irae initium est poenitentiae (Senec. in pr.). Hiraren eta koleraren fina eta akhabatzea da, urrikimenduaren hastea. 200 Herodes izen unetako lehenbiziko errege ientil hark, hil zuen Mariamnes bere emaztea koleran, ielosiaz, gogan behar batez, eta hain arinki, laburki eta lehiatuki, non munduak iakin zueneko egin baitzen kolpea (Ioseph. liber antiquit. iudaicarum cap. 9). Baiña gero kolera hotzturik eta hobeki informaturik, iakin zuenean egia, eta izan segurantza hoben gabe hil zuela, hain dolutu eta atsekabeztatu zen, eta ethorri zoratzeko pontura, non gero bere etxeko zokho guztietan, bere izenaz deitzen zuela, bere emaztearen bilha, oihuz baitzebillan: hartan bere leheneko erhokeriaren gaiñera bertze bat, are handiagoa, egiten zuela. Koleran zarenean egiten duzu anhitz erhokeria, eta gero kolera hura ioan zaitzunean, ethortzen zaitzu, erhokeria heken urrikia, eta egin ezpazinitu nahia. Eta are lehen bertzeren kontra haserretzen zinena orduan (Senekak dioen bezala) zeure buruaren kontra haserretzen zara: Iratus cum irasci desierit, tunc irascitur sibi (Senec. in proverb.). Haserrearen obrak eztira behin ere konplituak, bethi dira zerbaiten eskas, hartzaren eta oraren umeak diren bezala. Zeren amak diren koleratsu, halatan dira umeak ere faltatsu: hartzarenak, tronko bat bezala, eta orarenak itsu sortzen baitira. Laudatzen da Arkhita Tarentino hura, zeren bere burua koleratua ezaguturik, erran baitzioen, bere lagun bati. Caederem te nisi irascerer (Lact. de ira cap. 18). Zeha intzaket, baldin haserre ezpainintz. Erran baillio bezala: esker emok ene koleran egonari, zeren bertzela, hartuko ituen egun heureak. Laudatzen da halaber Platon famatu hura, zeren bere adiskide bati, zeha arazi baitzeraukan bere muthila, beldurrez berak bere koleran, barrenegi sar zitzan eskuak. 201 Ikhusazu nola filosofo hek, gizon zuhur adimendutsu hek, begiratzen ziren bere haserreduretan: beldurtasun handi batekin gobernatzen ziren bere koleretan. Zeren baitziakiten gizon koleratua, erho baten pare zela, etzegoela bere baithan. Halatan dio San Basiliok: Momentanea quaedam insania est ira (Basil. hom. de ira). Erhokeria labur bat dela hira, kolera. Eta uste zuen Plat. ezen gizon haserrearen, eta adimendutik iauziaren erhokeriak, etzuela bertze diferentziarik batak gutiago eta bertzeak gehiago irautea baizen. Zeren haserretuari, fitetzago iragaiten baitzaika bere haserretasuna, erho erhoari, bere erhotasuna baiño. Baiña gaiñerakoan, bata haserre eta bertzea erho diren bitartean, hain ongi lot, uzkal, eta amarra ahal dezakete bata nola bertzea. Zeren orduan biak baitira berdin, biak baitira erho. Eta nola baita erhokeria handia, erhoari, adimendutik iauzia dagoenari predikatzea, konseillu emaitea, eta zuhurtziaz minzatzea: hala da halaber, erhokeria ez ttipia, kolera handi batean itsutua eta irakitua dagoenari, hala dagoenean, abenikoaz minzatzea, bere etsaiari barkha diazola erraitea. Zeren bere bero hartan, koleraren lehenbiziko apoderan, abiaduran eta indarrean, ezta bere buruaren iaun eta ez iabe. Nec ira consilii est repletus capax (August. ad fratres in eremo.). Koleraz betherik dagoena, ezta konseillu hartzeko gai. Aitzitik baldin orduan nehork halako gauzarik, abenikoazkorik, aipha badiazo: aiphatzeaz beraz ere errabiatzen da, erratzen da, arneguz eta iuramentuz hasten da. Eta hala baldin haserre direnen, eta hauzitan dabiltzanen artean, ongunderik, eta abenikoarik egin nahi baduzu, ez berehala lehenbiziko egunean ekhin, utzkitzu, baldin nahi baduzu kolpea segur egin, aphur bat hotztera, unhatzera, eta elkharren biphiltzera. Zeren midikuak ere eztio eritasunari, goren pontuan denean, ezin bertzez baizen purgarik emaiten. Beraz hunelatan on da Livio filosofoak eman zuen konseilluaren hartzea: haserre denean aphur bat igurikitzea, zenbait denboraren, deus egin gabe iragaitera utztea. Zeren Stazio poetak dioen bezala: Da spatium tenuemque moram, male cuncta ministrat impetus. Lehiak, kolerak eztu gauzarik ongi egiten, guztiak hasteintu gaizki, eta akhabatzen gaizkiago. Utzi behar da beraz aphur bat hotztera eta iragaitera. Zeren haur da koleraren iraungitzeko hirurgarren erremedioa: hark diraueiño ez deus egitea, pausatzera utztea.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO LAURGARREN ERREMEDIOA DA, KONSIDERATZEA, ETSAIEK EGITEN DERAUZKIGUTEN BIDEGABEAK IAINKOAREN GAZTIGUAK DIRELA KAP. XXIV

202 Laurgarren erremedioa koleraren iraungitzeko eta etsaiak egiten derauzkigun bidegaben ere pairatzeko, da Iainkoaren ordenamenduaren konsideratzea, eta pensatzea etsaiek egiten derauzkiguten atsekabeak, Iainkoaren eskutik heldi direla, hark permititzen dituela, haren purgak direla. Hunen arauaz erran zioen gure Salbatzailleak berak heriotze errezibitzerakoan, Iondone Petriri: Calicem quem mihi dedit Pater, non vis ut bibam illum (Jo. 18). Eztuzu nahi neure Aitak eman derautan kaliza edan dezadan? Heriotze errezibi dezadan? Hark ordenaturik dadutzan penak eta trabailluak paira ditzadan? Iainkoaren ordenamendu huni behatzen zioen errege David sainduak, Semei zeritzan batek maradizinoak egotzten zerautzanean. Eta hala erran zioen Abisairi, maradizino heken egotzlea gaztigatu nahi zuenari: Dimitte illum ut maledicat iuxta praeceptum Domini (2 Rg. 16). Utzazu maradika nazan Iaunaren manuaren arauaz. Zeren ez lezake ez gizon horrek, horrelako ausartziarik har, baldin Iainkoak permititzen eta esku emaiten ezpalio, utzazu beraz, berra nahi duen guztia, konpli beza Iainkoaren manua eta ordamendua. Etsaiak Iainkoaren azoteak eta zigorrak dira. Etsaiak Iainkoaren iustiziaren muthilak eta borreroak dira. Beraz ezkara heken kontra haserretu behar. Zeren zer hoben du azoteak? Zer kulpa du borreroak? Baldin presuna batek, hautsten baderatzu harri batez burua, zer falta du harri hark? Zergatik eman behar diozu harri hari kolperik? Orak egiten du hori, presuna utzirik, lotzen baitzaika harriari. 203 Erran ziotenean Iob sainduari haren ardiak, kameluak eta bertze onak ere ioan zituztela ohoiñek, etzen bat ere haserretu eta ez arrenkuratu ohoiñen kontra. Zeren baitziakien, ezen ohoiñ hek Iainkoaren iustiziaren muthilak zirela, eta zeren Iainkoak permititu baitzerauen, eta bere ardiak eta gaiñerako onak ere ioan zerautzatela. Eta halatan ohoiñez kontu guti eginik erran zuen: Dominus dedit, Dominus abstulit, sicut Domino placuit ita factum est, sit nomen Domini benedictum (Job 1). Iaunak eman, Iaunak edeki, Iaunak plazer zuen bezala egin da; biz bada Iaunaren izena benedikatu. Ikhusten duenean haurrak bere amaren eskuan zigorra eta hartzaz eman nahi dioela, behatzenago dio amari zigorrari baiño. Zeren baitaki ezen, baldin amak nahi ezpadu, eztioela zigorrak minik eginen. Hala bada guk ere etsaiak ditugunean, eta hek kalteak eta bidegabeak egiten, edo egin nahi derauzkigutenean, behatuago behar diogu Iainkoari, eta haren miserikordiari, etsaiei baiño. Zeren etsaiek, baldin Iainkoak permititzen ezpaderaue, eta gibelatu nahi baditu, ezpaiterakute kalterik eginen. Eta halatan erran zioen gure Salbatzailleak ere Pilatosi: Non haberes in me potestatem, nisi datum esset desuper (Jo. 19). Etzenduen ene gaiñean eskurik, eta ez bothererik izanen, baldin eman ezpailitzaitzu han goititik. Zeure etsaiek anhitz bidegabe egiten deratzute, eta ikhusteintu Iainkoak bidegabe hek, badakizki, eta nahi balu ezliazaizute halakorik egin, debeka litzake: ordea eztu debekatzen. Zeren San Agustinek dioen bezala: Cum Deus adversis rebus exagitat aut merita examinat, aut peccata castigat, aut mercedem mihi aeternam pro malis toleratis servat. Zeure etsaiek egiten derauzkitzuten bidegabe hetzaz, edo nahi ditu Iainkoak zure obrak eta merezimenduak, ea finak eta egiazkoak direnz frogatu, eta examinatu: edo zure bekhatuak hemen, bertzetan ez gaztigatzeagatik, gaztigatu: edo finean, heken pairamenduaz eta sofrimenduaz, hek pazientki pairatzen eta sofriten ditutzula, pagamendu handi bat, zeruko loria eman.

§ 1

204 Etsaiak, eta fortuna gaixtoak ditutzunean, bidegabeak egiten darauzkitzutenean: orduan behar diozu Iainkoari behatuz hartzaz orhoitu, harekin konsolatu, eta zeure baithan pensatu, hek guztiak Iainkoak igortzen derauzkitzula: eta noiz eta mundu hunetakotzat baitihoatzu gaizkienik, orduan baldin zerori nor bazara, dihoatzula bertze mundukotzat hobekienik: eta Iainkoak uste balu etzarela harentzat izanen, halako penarik eta atsekaberik ez liazaizula eman, baiña utz zinitzakeiela nahi duzun guztiaren egitera, eta zeure plazerera bizitzera. Midikuak etsituz gero, esperantza galduz gero, uzten dio eriari nahi duenaren egitera, nahi duen bezanbat, nahi duenetarik iatera eta edatera, eztio deus debekatzen, zeren etsitu baitu. Baiña duenean esperantza sendatuko dela, debekatzen derautza erdi gauzak, aphetitu guti utzten dio konplitzera. Hala bada gure Iaungoikoak ere bekhatore eriari, esperantzatan denean, sendatuko eta salbatuko dela, debekatzen dio anhitz gauza, ezterautza bere plazer guztiak konplitzera utzten, emaiten dio anhitz purga eta malenkonia; nahi du, dituen etsaiak, eta egin diatzoten bidegabeak. Eta hura guztia da seinale ona. Zeren hartan da ageri, eztuela oraiño Iainkoak hartzaz etsitu, eztuela gogatu, eta ez esperantza galdu. Eta haur da konsolamendu handia, etsaiak dituenaren eta bidegabeak errezibitzen dituenarentzat; iakitea eta konsideratzea hek guztiak Iainkoaren purgak, eta azoteak direla, eta guztiak haren probetxutan direla. Eta hala ez etsaiaganik, baiña Iainkoaganik, adiskide guztien gaiñeko adiskideaganik heldu direnak bezala, errezibitu behar dituela. Eta baldin hala errezibi balitza, eta baginitza, ezkindezke, egiten garen bezala, etsaiaren kontra kolera, eta ez geure baithan barrrena ere egos eta malenkonia. 205 Erranen duzu, etzarela ez haserretzen etsaiaren kontra, egiten edo erraiten derauzkitzun gaizkiakgatik, eztuzula hargatik gaitzesten, zeren badakizula hek guztiak Iainkoak permititzen dituela. Baiña gaitzesten duzula, bere intenzione gaixtoagatik, borondate uherragatik. Zeren zuk hari okhasinorik eman gabe, eta bidegaberik ere egin gabe, guztiarekin ere, hala darraitzun eta gaitz nahi deratzun. Hunela erraiten duzu, ez ordea ongi. Zeren zuk eztuzu behatu behar zeure etsaiaren borondate gaixtora, baiña behatu behar duzu zeure Iainkoaren borondate borondatetsura. Zeren haren borondatea, eta intenzionea da, etsaiak egiten derauzkitzun gaizki hetzaz zuri ongi egitea: hetzaz nahi zaitu orai hemen penatu, gero bertzetan ez penatzeagatik. Zauri gaixto bat, burdin goriaz io gabe, ezin senda ditekeiena duzunean, baldin-ba etzara burdin goriaren kontra, zeren erratzen zaituen, eta min egiten deratzun, haserretuko? Baldinba etzara hain erho izanen. Baiña pazientki pairatzen duzu, zeren baitakizu ezen burdina hura erabiltzen duen barberaren intenzionea eta borondatea ona dela, zein baita prinzipala. Hala da bada zure Iainkoaren intenzionea, eta borondatea ere ona, eta onera emana, zure etsaiarena gaixtoa eta nola-ahalezkoa izanagatik ere. Beraz Iainkoaren borondateari behatu behar zaika eta ez etsaiarenari. Eta baldin haur hunela estimatzen, eta pensatzen badugu, nola egin behar baitugu, zeren hala baita egia, zeure baithan sosegatzeko, eta etsaiak egiten derauzkigun kalteakgatik ez haserretzeko, eta koleraren iraungitzeko, erremedio handi bat edirenen dugu.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO BORZGARREN ERREMEDIOA DA KONSIDERATZEA ZER MOLDEZ DAGOEN ZURE ETSAIA, HASERRE DENEAN KAP. XXV

206 Koleraren iraungitzeko, etsaiaren kontra ez haserretzeko, eta mendekatzetik ere gibelatzeko, erremedio ona da konsideratzea nola, zer moldez, eta zer estatutan dagoen zure etsai hura, haserre denean, mendekatu nahiz koleratua, zutzaz gaizki erraiten duela dabillanean. Eta edirenen duzu (lehen ere aditzera eman den bezala), orduan zure etsai hura, itsu dela, erho dela, zentzutik eta adimendutik kanpoan dela. Beraz nola, baldin bazendu anaia bat erhoa, eta adimendutik iauzia, eta hark anhitz gaizki egin, eta erran baliazazu, eta bere buruari ere zenbait kolpe gaixto eman baliazo, damuago baitzenduke zeure anaia haren kalteaz, eta haren hala izaiteaz, egiten eta erraiten derauzkitzun bide gabe guztiez baiño; hala halaber behar duzu izan damuago zure etsai kolerak erauzirik dagoen hark bere buruari egiten derautzan kaltez, zuri egiten derauzkitzunez baiño. Haur batek, edo sukharrarekin nahasirik dagoen batek, edozein gauza erranagatik, etzara bat ere asaldatzen eta ez zeure sosegutik kantitzen. Zeren baitakizu ezen hek eztakitela zer mintzo diren, eta ez zer hari diren. Hala bada koleran dagoenak ere, eztaki zer mintzo den, eta ez zer hari den. Eta halatan halakoagatik, eta halakoakgatik, egin zioen othoitz gure Salbatzailleak bere Aitari, erraiten zioela: Pater, ignosce illis quia nesciunt quid faciunt (Lc. 23). Aita, barkha iazezu, eztakite zer hari diren. Zeren koleran baitaude. Cogita quod non est in se, qui vituperat, sed insanit, et non moleste feres contumelias ipsius, dio San Krisostomok (Chrys. Hom. 79. Tom. 2). Pensa ezazu eztagoela bere baithan gaizki erraiten hari dena, baiña adimendutik kanpoan dela, eta baldin hala pensatzen baduzu, erraxki pairatukoituzu egiten derauzkitzun bidegabeak. Presuna haserretuak eztu bere burua ezagutzen, etz ez nehor ikhusten, itsu da. Eta itsuak inkontru ioitea, eta iragaitean aurizkitzea, ezta miretsteko, etzara hargatik haserretu behar; eta haserretzekotz ere zeure buruaren kontra haserretu behar zara, eta ez itsuaren kontra, eta ez koleran dagoenaren ere. Zeren zu baitzara argi, eta hura itsu: zu zuhur, eta hura erho: zu zeure tentuan eta zentzuan, eta hura handik athean, eta kanpoan. Beraz paira beza zuhurrak erhoa, argiak itsua, eta kolerarik eztuenak, koleran dagoena. Haur da erremedio ona, etsaiari barkhatzeko eta pairatzeko, haren egin-erranez konturik ez egiteko: nola, eta zer moldez dagoen koleran dagoenean konsideratzea.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO SEIGARREN ERREMEDIOA: EZ BILHATZEA ZER DIOTEN GUTZAZ IENDEK KAP. XXVI

207 Bere soseguan egoiteko, asaldatu gabe, eta haserretu gabe bizitzeko, ezta bide gaixtoa, gutzaz iendèk zer erraiten duten ez bilhatzea eta ez galdegitea. Hala erraiten du Senekak: Non expedit omnia videre, omnia audire, multae iniuriae nos transeant, ex quibus plerasque non accipit qui nescit (Senec. lib. 3 de ira cap. 11). Ezta konpli, ezta on, gauza guztien iakitea, ikhustea, eta ez enzutea: iragan bedi anhitz gauza guk iakin gaberik, zeren eztakienak eztu damurik hartzen. Nahi baduzu sosegu onean, eta haserretu gabe egon, ez sobera galde, ez sobera bilha. Billa dabillanak edirenen du, eta batean ezpada bertzean, bere burua egitekotan ibeniko du. Ezta on barrendari izaitea, ezta on zelatan egoitea eta ez iragaiten diren gauza guztien iakitea. Anhitzetan ere ekhartzen derauzkigute elhaberriak, erran-merranak, enzuten dugu zer dioten urliak, eta sandiak, hunelakok eta halakok, eta gerok ere desiros gara iakitera. Baiña gero handik iauzten eta koleratzen gara. Eta are orduan anhitz gauza egin behar dugu, geure ohoreagatik ere, baldin iakin ezpagendu, ezpaikinen halako egitekotan izanen. Eta hala hobe da anhitz gauzaren ere ez iakitea. Eta are gehiago iakinagatik ere, on da disimulatzea, ez iakin iduri egitea, ez iabetzea, ez bere gaiñera hartzea, edo desenkusatzea. Errege Saulez erregetu berrian, mintzo ziren iende batzuk gaizki eta hain hurbil eta hagitz, non Erregek berak aditzen baitzituen. Ordea burua bertze alderat itzuli eta disimulatu zuen, ez aditu iduri egin zuen. Dissimulabat se audire (1 Rg. 10). Eta halatan, handik pitz ahal zitekeien su guztia iraungi zuen. 208 Egun batez Arkelao Erregeari, karrikan iragaiten zela, aurthiki zioten zenbait ur burutik behera. Eta eztakigu ala ustekabean, ala berariaz. Baiña konpaiñiakoak hasi ziren erraiten hura zela ausartzia handia, eta baldin gaztigatzen ezpazen, hurrenekoan gehiago eginen zutela. Ordea berehala Erregek berak sosega arazi zituen, erraiten zuela: Non me respersit (Plutar. in Aphoth.). Euzue bakea, ezta bidegaberik egin. Ur haur aurthiki duenak, ez nau ni busti, zeren etziakien ni nintzela. Etzuen bere gaiñera hartu, eta halatan hobekiago eta erraxkiago erremediatu zuen, eta iraungi, pitztera zihoan sua. Vespasiano Enperadoreak hain zuen kondizione ona, eta onera emana, ezen nahi etzuen bezala, edo haren presunari etzegokan bezala nehor minzatzen zeikanean, edo disimulatzen zuen, edo zenbait hitz iokolariz eta dostailluz, zenbait irri egiteko solhasez ederztatzen zuen, eta gero bere zegokan ohorearekin, deus galdu gabe gelditzen zen (Aurelius Victor. De vitis Imperator). Hala errege Antigonok ere, ediren baitzen egun batez hartaz gaizki mintzo ziren konpaiñia batetan, erran zerauen: Longius discedite, ne vos rex audiat (Senec. lib. 2 de ira, cap. 22). Zoazte urrunago, Erregek adi etzaitzaten. Beraren kontra mintzo ziren, eta berak aparta zitezilla erran zerauen: eta handik bera laudoriorekin, eta bertzeak ahalketuak gelditu ziren. Iakinez gero, enzunez gero, eta entzunari iabeturik, bere gaiñera hartuz gero, gaitz da koleratu gabe, mendekatzera enseiatu gabe, kolperik egin gabe, edo hauzitan edo egitekotan sarthu gabe, gelditzea. Zer erremedio bada hautarik guztiotarik eskapatzeko? Ez deus galde, ez bilha, ez iakin; eta iakinez gero ere, egin ez iakin iduri, disimula, ez egitekoari iabe, ez bere gainera har, egin bere burua itsu, mutu eta gor. Haur da erremedio ona koleraren iraungitzeko, bere buruari egitekorik ez emaiteko, diferentziatan nehorekin ez sartzeko, eta bakean eta soseguan koleratu gabe egoiteko.

__________

KOLERAREN IRAUNGITZEKO GAIÑERAKO BERTZE ERREMEDIOAK KAPITULU HUNETAN LABURZKI EZARRIAK KAP. XXVII

209 Pairu eta pazientzia izaiteko, bata bertzearekin ez haserretzeko, konsidera dezagun, ezen Adanen seme guztiok, eta guztik ere giristinok, gorputz bat garela, eta gorputz hunen buru Iesu Kristo gure Salbatzaillea dela. Hala erraiten du Iondone Paulok: Unum corpus sumus in Christo Iesu, singuli autem alter alterius membra. Gorputz bat gara Iesu Kristo baithan, eta bat bertzearen mienbro eta parte. Beraz hunelatan elkhar onhetsi behar dugu, gorputzeko mienbroek eta partèk elkhar onhesten duten bezala. Gorputzeko mienbroetan ezta inbidiarik, eta ez mendekurik. Oiñak zerbitzatzen du eskua, eta eskuak oiña. Oiñari behaztopatuagatik, eztio eskuak kolperik emaiten. Hortzek mihia autsikitzen dutenean, nork hargatik atheratzeintu hortzak? Begiak lekhu goragoan daude oiñak baiño, ordea hargatik begiek ezertan dadutzate oiñak, estimatzeintuzte, eztuzte arbuiatzen. Aitzitik ahal dagiten guztia elkharri laguntzen zaitza, eta baldin egiten ezpazaitza, bere kaltetan faltatzen dute: zeren baldin begiek argitzen ezpaderaueza oiñei, oiñak behaztopatuko dira, eta begiak iraziko. Sabelak iaten ezpadu, zangoak flakatuko dira, eta bai sabela bera ere ihartuko. Ez laguntzea, bat bederak bere kaltetan egiten du. Eta halatan haur ikhusirik, guztiek elkhar dadukate, elkharri laguntzen zaitza, elkhar onhesten dute. Eta batak bertzeari zerbaitetan huts eginagatik, elkharri pairatu eta barkhatu behar diogu, eta amorio eduki, zeren gorputz bat, eta gorputz batetako mienbroak eta parteak baikara.

§ 1

210 Halaber koleraren iraungitzeko on da zerbait lani lotzea, bertzetan pensatzea, gogoaren aldatzea. Hala erraiten dute egiten zuela Klimas zeritzan batek; koleraren eritasunaz ukitua sentitzen zenean, aldatzen zela bertze egitekotara, soiñuz eta kantuz hasten zela, eta halatan bere gaitza eta kolera ahantzten zeitzala, eta sosegatua gelditzen zela (Aelianus). Halaber erremedio ona da, koleraren gibelatzeko, konsideratzea zeurk ere anhitz huts eta falta egiten duzula, baiña hargatik eztuzula zeure burua zehatzen, eta ez penatzen. Erremedio haur ukitu zuen Senekak, erran zuenean: Poterit non irasci statim utique, si sibi tacitus ad singula, quibus offenditur, dixerit: Haec et ipse commissi (Senec. lib. de ira cap. 28). Badagoke haserretu gabe, bidegabeak errezibitzen dituena, baldin orduan berean, erraiten badio ixilik bere baithan bere buruari: Nik neronek ere egin nuen noizbait hunein bertze. Eta badio San Gregoriok ere: Quasi aqua ignis extinguitur, cum surgente furore animi, sua cuique ad memtem culpa revocatur. Quia erubescit, peccatis non parcere, qui Deo vel proximo saepe se recolit parcenda peccase (Gregor. in Moral. lib. 5). Ura suaz iraungitzen den bezala, iraungitzen da kolera ere bat bederak bere faltèn gogoratzeaz. Zeren ahalketzen da, edo ahalketu behar luke, bertzeri ez barkhatzeaz berak barkhakizun gehiago, edo hainbertze duenean. Ezta zuhurtzia, faltetan erortzen denak faltatan erortzen denaren gaitzestea, eta gaztigatzea. Zeren halatan berak ere bere burua, gaitzetsi eta gaztigatu behar bailuke.

§ 2

211 Halaber koleraren iraungitzeko, on da, adiskide baten, Mezenas baten aldakan izaitea. Hark linburtzera zohazinean, kolerak itsuturik erhokeria baten egitera zaramatzinean, kapatik thira zaitzan, abisa zaitzan, eta erortzetik begira zaitzan. Gizon bat zihoan behin bere gogoz bertze baten hiltzera, eta ikhusirik bere adiskide batek nola zihoan, galdegin zeraukan: Norat zoaz horrela harmaturik? Ihardetsi zioen: —Hunelakoren, urliaren hiltzera noha. —Eta zer izanen da, baldin hark zu hiltzen bazaitu? —Ez nintzen horretzaz orhoitzen. Adiskideak orhoitarazi zuen, eta orhoiturik, gibelat bihur arazi zuen. Anhitzetan egin zioen ofizio haur Mezenas bere adiskideak Augusto Zesar enperadoreari. Eta guztiz ere egun batez, enperadore hark, kolerak itsuturik eman baitzuen sentenzia gaixto bat, eta haren arauaz iende handia, baitzeramaten galtzera, eskiribatu zioen Mezenas bere adiskideak, eta igorri eskutik eskura, bera iend’artean urrun egonez, buthun labur bat erraiten zioela: Surge carnifex (Zonat. T. 2. Annal.). Iaiki adi karnazera, ikhusak zer hari aizen, borreroa. Enperadoreak buthun hura hain laburra, eta zinezkoa errezibitu zuenean, nork egina zen, izenik ezpazuen ere, ezagutu zuen bere adiskidearen letra eta eskua: hartu zuen parte onera, eta berehala, bere falta ezaguturik, kolerak eragin zeraukala ikhusirik, barkhatu zerauen guztiei. Anhitz balio du adiskide leial baten bere konpaiñian izaiteak, hark egiak erran diatzon, eta deus erran gabe ere, ukhondoaz utki dezan edo begiaz kheiñu egin diazon. Zeren batzutan gehiago egiten du kheiñuak, mihiak baiño. Gauza baten egitera zohazinean, eta zeure adiskideak eztagizula erraiten deratzunean, ez al baitzenegi, gibela al baitzindezi. Zeren komunzki orduan hobeki dakusa zure adiskide hark, zuk baiño. Zeren zu nola baitzaude deliberatua, eta bai batzutan pasionatua eta itsutua ere, eztuzu den guztia ikhusten. Baiña zure adiskeak eztu pasionerik, argi ditu begiak, hark den bezala, eta behar bezala ikhusten du. Etzait egundaiño neure adiskidearen abisuaren kontra egin dudan gauzarik ongi gerthatu. Midikuak ere, munduko hoberena bada ere, eritzen denean, bertze midikuen eskuetan utzten du bere burua, bertzeren abisuz eta ordenantzaz midizinatzen eta errekaitatzen da. Bada koleran dagoena eri da. Beraz nahi badu sendatu, beha bekio bere adiskideari, goberna bedi haren konseilluz, eta abisuz, zeren halatan edirenen da ongi, eta ez bertzela. 212 Finean, ez koleratzeko eta kolerak dioskun gauzarik ez egiteko, oraikotz azken erremedioa da konsideratzea, eta geure baithan barrena pensatzea, zein gauza ona, plazenta, eta ondore onetakoa den, ez ihardukitzea, mendeku bilha ez ibiltzea, bakean egoitea. Quis enim labor est fratri indulgere conturbanti? Labor quidem in remittendo nullus; in retinendo autem inimicitias, maximus; si quidem iracundia liberari, maximam reddit menti quietem, et valde hoc est facile volenti. Neque enim, necesse est maria transfretare; nec longi itineris peregrinationem subire, nec montium excelsa ascendere, nec pecuniam impendere, nec corpus intendere; sed sufficit velle tantummodo (Chrys. serm. 28, tom. 2). Zer trabaillu da etsaiari barkhatzea? Ez bat ere, dio San Krisostomok. Zeren ezta hartarakotzat itsasorik iragan behar, ez bidean ibili, ez mendian gora igan, ez dirurik gastatu, ez gorputzik higatu, eta ez bertze trabaillurik hartu; nahia behar da, eta ez bertzerik. Baiña egiteko handia da eta penagarria ez barkhatzea, ea nondik edo nola mendekatuko den bethiere gogoetan egoitea. Eta ezpere konparaitzatzu, eta komunzta elkharrekin, etsaitasunean eta mendekatzeko desiran ibili zaren denbora, eta etsaitasunik gabe, bakean egon zarena, edo zaudena: ikhusiko duzu zer diferentzia den bien artean, zenbat dohan batetik bertzera. Edirenen duzu, ezen lehen anhitzetan ere, konpaiñia batzuetarik aldaratu behar zenduela, zeren han gerthatzen baitzen zenbait zure etsai. Halaber edirenen duzu, lehen zinela gerlan, eta orai zarela, biktoria erdietsirik, bakean. Zeren San Krisostomok dioen bezala:Victoria contra iram est quidem maxima, non cum iniurias ulciscimur, sed cum eas aequo animo toleramus. Etsaitasuneko biktoria, eta garaitia, eztago ez mendekatzean, eta ez ordaiñaren bihurtzean edo doblearen: baiña dago barkhatzean, eta bidegabèn pazientki pairatzean.. Zeren orduan zeure etsaia, zeure burua, eta deabrua ere garaitzen baititutzu, eta arima, eta gorputza ere bakean, soseguan eta segurean ibentzen. Zein baita gauza handia, laudatzekoa, eta lehen baiño lehen geroko begira egon gabe, etsaitasunaren utzteko, lehenen gaiñera erremedio ona, eta konsideratzekoa.

__________

ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKHATU ETA AMORIO EDUKI. LEHENBIZIKO ARRAZOIÑA ZEREN IAINKOAK MANATZEN BAITU KAP. XXVIII

213 Erran dugu zenbat kalte egiten duen mendekatzeko desira desordenatuak, eta handik sortzen den gaitzerizkoak, ibeni dugu halaber zenbait erremedio eta konsiderazino ez haserretzeko, mendekuen utzteko eta koleraren iraungitzeko. Bada orai behar da iakin eta konsideratu, materia hunetako ponturik prinzipalena, ea nola behar dugun geure etsaiaren alderakotzat gobernatu: behar dugunz etsaia onhetsi ala gaitzetsi. Eta baldin onhetsi behar badugu, ea zergatik, zer kausaz edo arrazoiñez behar dugun onhetsi. Lehenago, Lege Zaharrean, legea gaizki aditurik, etzedukaten bekhatu etsaiaren gaitzestea. Zeren nola legeak manatzen baitzuen adiskideak onhets zitzatela, eta etsaiez ezpaitzuen deus erraiten eta konturik egiten, handik atheratzen zuten, beraz etsaiak gaitzets ahal zitzaketela. Baiña zerutik lurrera iautsi zenak erakutsi zuen zer egin behar zen hunetan ere, erraiten zuela: Si enim diligitis eos qui vos diligunt, quam mercedem habebitis, nonne et publicani hoc faciunt? (Mt. 5). Adiskidearen onhesteaz, zer irabazi, zer esker eta merizimendu uste duzue izanen duzuela? Ientilek, Iainkorik ezagutzen eztutenek eta iende gaixtoek ere egiten dute hori, hek ere onhetsteintuzte bere ongi egilleak. Diligite inimicos vestros. Etsaiak, etsaiak onhetsi behar ditutzue, gaizki egiten deratzuezanei egin behar derauezu ongi. Eta zenbatenaz eta hek zuei gaizkiago, hanbatenaz zuek hei ongiago. Vince in bono malum. Ongiaz gaizkia garaitu behar da. Ordea zergatik onhetsi behar dugu geure etsaia? Egiten derakunari gaizki, zergatik egin behar diogu ongi? Dugun iakin, dugun bilha zenbait arrazoiñ. Lehenbiziko arrazoiña, alde guztiz lehenbizikoa, ezetz ezin derrakegun bezala, oiñ-eskuetan lotzen gaituena, da, Iainkoaren manua eta borondatea: Ego autem dico vobis, diligite inimicos vestros. Nahi duenak berra nahi duena baiña nik erraiten deratzuet zuei, onhets ditzatzuela zeuen etsaiak. 214 Pytagoras filosofo handi haren diszipuluek, etzuten bertze manurik behar, eta ez arrazoiñik, iakitea baizen heken nabusiak erran zuela (Cicero de nat. deorum). Nabusiak erran du, nabusiak manatu du: beraz hala da, eta hala egin behar da. Haur zen heken hitzkuntza. Bada guretzat, guk geure etsaiaren onhesteko, ezta asko izanen, onhets dezagula Iaikoak manatzen duela iakitea? Presuna batek, bidegabe bat egiten deratzunean, gerthatzen da, enplegatzen baitira bitartekoak eta arartekoak, ongunden egiteko; lehenbizikorik ethortzen zaitzu zeure lagun bat, zeure adiskide-kide bat, eta hark erraiten deratzu: Badakit urliak bidegabe egin deratzula, baiña urrikitan dago, damu du, ezagutzen du bere falta, eta hala ene amoreakgatik barkhatu behar diozu, adiskidetu behar zarete. Hunela erraiten deratzu zeure lagun adiskideak. Baiña zuk hari erraxki erraiten diozu ezetz, eztuzula nahi, zeren ezpatzatzaitza ahalke, ezpaitadukazu zeure burua baiño gehiagoren. Zure lagun haren ondoan, hark deus ezin egin duenean, ethortzen zaitzu bertze ararteko bat, handiagoa eta ahalkesunagoa. Eta ez hain erraxki, nola lehenari, baiña zeren kolera handian baitzaude, hari ere emaiten diozu eza, erraiten diozu eztakizula othoi gauza hartzaz mintza, zeren sobera zaudela errea, zaurtua, eta giharran ukitua. Azkenean enplegatzen da errege bera, eta hark berehala hausten zaitu, beratzen zaitu, etzatzaitza ezetz erraitera ausarzen. Bada baldin lurreko parte baten Errege bati, egun baldin bada bihar izanen eztenari ausartzen ezpazatzaitza ezetz erraitera, mundu guztiko Erregeari, Iainkoari berari, nolatan ausartuko zatzaitza ezetz erraitera, kontratzera, eta manatzen zaituenean onhets dezazula zeure etsaia, eztuzula onhetsi nahi eta eztiozula barkhatu nahi erraitera?

§ 1

215 Erranen duzu komunzki etsaigoan daudenak bere etsaigoaren ederztatzeko eta estaltzeko erraiten dutena. Nik barkhatzen diot, eztiot gaitzik desideratzen eta ez ordenatzen. Aitzitik nik neuretzat nahi nukeien bezanbat ontasun demola Iainkoak. Baiña eznatzaika mintzatu nahi, eta eztut nahi mintza dakidan. Ezta bertze gauzarik, harekin deus eztudala nahi baizen. Hunela erraiten duzu, baiña, eztakit, ongi erraiten duzunz. Zeren badirudi ezen hunela elkharrekin minzatzen eztirenak eztirela borondate gaixto gabe. Ezagun dira bere hitzetan eta solhasetan. Zeren ezterrakete elkharrez ongirik, itxurapenez edo baizen: obretan ere elkharren behartzen eta meneratzen direnean, elkharri ahalez heltzen zaitza. Bada gogoaz eta borondateaz denaz bezanbatean, berak ibenzeintut lekhuko, zeren berek dakite zer borondate duten elkharren alderakotzat. Eta baldin ongi pensatzen eta konsideratzen badute, edirenen dute, badutela barren hartan, zenbait uherdura, zenbait herra eta gorrotu, eta ez dioten bezain bere gogoa eta bihotzak garbi eta klar. Errementaldegian, harotzaren sutegian, hauskoak haize emaitetik gelditzen direnean badirudi eztela surik. Zeren berehala ikhatzat ilhaunez estaltzen baitira. Ordea higitzatzu aphur bat hauskoak, eta ikhusiko duzu nola berehala berriz sua agertzen den. Hala agertzen da bada, elkharrekin mintzatzen eztirenen arteko borondate gaixtoaren sua ere, den okhasinorik ttipienean elkharren behartzen direnean. 216 Ordea borondate gaixtorik eztenean, ez minzatzea bera, ez salutatzea, edo ez konbersatzea, bekhatu othe da? (Vide Caiet. in Summa, verbo odium). Baldin komunzki, giristinoak giristinoekin, ahaideak ahaidekin, eta herrikoak herrikoekin bezala, bidean inkontratzean, deus galdegiten deratzunean, edo bertze kasurik gerthatzen denean, ihardesten badiozu, salutatzen baduzu, eta borondate gaixtorik ez izan, bertze gaiñerakoan laburzki utziagatik, adiskide mami batekin bezala harekin ez ibiliagatik: badirudi eztela orduan bekhaturik: guztiz ere baldin uste baduzu, maiz minzatzetik eta elkharrekin segitzetik ethor ditekeiela kalte, nola ethortzen baita batzutan. Zeren badira iende batzuk hain okhasinotsuak, arrunkide gaitzak, batkari ondikozkoak eta inkontru gaixtotakoak, non hobe baita halakoei alde egitea, eta heken bidetarik eta inkontruetarik ihes egitea, eta aldaratzea, igurikitzea baiño. Ordea zeren apartaturik ibiltzeak, elkharren inkontruetarik ihes egiteak, eta edergaillu baizen elkharrekin ez minzatzeak, erran nahi baitu, badela bitartean, zenbait etsaigoa eta borondate gaixto, erraite huragatik, etsai fama gatik, eta hartan emaiten den eskandaluagatik, baldin erraite hura, etsai fama hura eta eskandalua iraungitzen ezpaduzu, borondate gaixtorik ez izanagatik ere etzara peril gabe zeure konzientzian, zeren obligatu zara, eta obligatu gara, baldin barrenean giristino bagara, kanpoan ere giristino garela erakustera eta aditzera emaitera. Ezkara obligatu adiskidekin bezala, etsaiekin geure sekeretuez eta egitekoez minzatzera, ekin maiz ibilzera, eta ez hekengana, adiskidetara bezala ioaitera. Asko da salutatzea, munduak etsai eduki ezkaitzakeien bezala bizitzea, borondate gaixtorik ez edukitzea, eta eskandalurik ez emaitea. Gaiñerakoan nork bere egitekoak egin ditzala eta behar duena behar duenarekin solhasta dadilla. Egia da ordea, saindu izaiteko, girisino komunei abantail eramaiteko, ezta asko salutatzea, borondate gaixtorik ez edukitzea, eta ez eskandalurik ere ez emaitea: baiña guztiekin behar da izan orobat, guztiekin behar da izan solhasturi amoltsu eta arronter. Eta are gehiago ezta asko gaizki egiten derakunari gaizkirik ez egitea, baiña ongi egin behan diogu. Zeren hura da saindutasuna, perfettasuna, debozinoan konplitu izaitea, eta Iainkoak karitateaz eta amorioaz eman derakun manuaren konplitzea.

§ 2

217 Erran dugu barkhatu behar diogula geure etsaiari eta amorio eduki, zeren hala manatzen baitu Iainkoak. Ordea noiz manatu othe zuen? Orzegun Saindu arratsean, hil behar zuen bezperan, bere azken finean, kandela bere eskuan harturik bezala zegoenean. Emaztea orhoitzen da, bere senharrak hiltzerakoan erran zioen azken hitzaz, eta bai semea ere, orduko bere aitaren konseilluaz. Bada gure Iaungoikoak bere azken finean, mundu hunetarik bertzera partitzerakoan, erran zerauen bere diszipuluei eta hekin batean guri guztioi: Ene diszipuluak, ene giristino maiteak: badakusazue, nola nagoen, nola heriotzea hurbildu zaitan, sarri hil behar dudan, eta neure testamentaren eta azken ordenuaren egiteko ordu dudan. Bada ene azken ordenua, ene azken borondatea eta manua haur da: Ut diligatis invicem (Job. 15). Elkhar onhets dezazuela, etsaiari barkha diazozuela. Hunetan izanen zarete seiñale, hunetan izanen zarete ezagutuak, eneak eta ene eskolan eta konpaiñian haziak eta ikhasiak zaretela. In hoc cognoscent omnes quod discipuli mei estis, si dilectionem habueritis ad invicem (Job. 13). 218 Badakizue, zenbat bidegabe egin zioten Ioseph Patriarka handi hari bere anaiek: Nola gaitzetsi zuten eta saldu zuten. Eta nola gero halaber denboraren buruan, guti usterik, bere anaia salduaren beharrera eta menera ethorri ziren, herstura handian iarri ziren: hain handian, ezen gero bere Aita Iakob hil zeienean, hasi baitziren elkhargana bildurik, elkharri erraiten: zer izanen da bada orai gutzaz? Hil da gure aita prestua, ona eta saindua: eta hura bizi zeiño ongi ginen, segur ginen, zeren haren amoreakgatik, geure anaiak barkhatzen zerakun. Baiña orai, nor baliatuko zaiku? Norgatik baliatuko deraku? Gogoeta handi zuten bere baithan. Eta gogoetak, gogoeta eragiten zerauela, erran zioten elkharri: Lehen geure aitaren amoreakgatik barkhatu zerakun geure anaiak: bada orai ere, harengatik beragatik, barkhatu behar deraku. Eta hartarakotzat ioan behar gatzaitza aitaren partez minzatzera, eta erran behar diogu harketz molde hunetan: Pater tuus praecepit nobis antequam moreretur, ut haec tibi verbis diceremus: obsecro ut obliviscaris sceleris fratrum tuorum et peccati atque militiae quam exercuerunt in te. Nos quoque oramus, ut servo Dei, patri tuo, dimittas iniquitatem hanc. Quibus auditis, flevit Ioseph (Gen. ult.). Iauna, erraiten diote Iosephi bere anaiek, badakizu zure eta gure aita prestua hil dela, eta hil ere ongi eta sainduki, bizi bezala hil ere. Hiltzerakoan zure galdegin zuen, eta hats-beherapen handi bat egiñik, erran zuen: Non da Ioseph ene seme maite hura? Errozue haren ikhus min handi batekin hiltzen naizela, eta neure benedizionea badiodala. Errozue halaber, orainokoan seme onak bezala, bethi ene borondatea egin duela, eta orai ere egin behar duela. Eta ene borondatea, ene azken adioa eta othoitza dela, eztadin orhoit zuek egin zinioten bidegabeaz, eta maliziaz, baiña nahi deratzuen barkhatu, eta halakorik iragan ezpailliz bezala, anaiatasun on bat eduki eta erakutsi: haur gomendatzen diodala, eta ez bertzerik: haur dela ene azken adioa, eta hark ene amoreakgatik egin behar duena. Hunela bere aitaren partez bere anaiak Iosephi, mintzatu zeitzanean, begiak busti zeitzan, nigarra iauzi zeikan: eta nola mendekatuko zen, ezen besarka bere anaiei lothu zeien, erraiten zerauela: aitak manatzen nau barkha diazazuedala: bada halako aitaren manua, eta halako puntadan eta denboran, arimak egiterakoan emana, nork eztu konplituko? Konplitu zuen, guztiei barkhatu zerauen. 219 Hala bada guri ere Iainkoak, bere azken finean, hiltzeko denbora hurbildu zeikanean, erran zerakun: Iende onak, badakusazue nola nagoen neure azken pontuaren bezperan, nola bihar hil behar dudan: bada baldin orainokoan bat ere ontasunik egin baderatzuet, baldin deusetan ere ene alderakotzat zordun edireiten badidutzue zeuen buruok, gauza bat egin behar duzue enegatik, eta hartzaz kitatzen zaituztet. Ha Iauna, errazu zer, zeren bihotz gogorra eta ezagutza gutitakoa izanen da, zu bezalako aitaren manua, eta pontu horretan emana konplituko eztuena. Zer? Elkhar onhets dezazuela etsaiari ene amoreakgatik barkha diazozuela. Haur da ene azken borondatea, eta guztien gaiñetik gomendatzen deratzuedana. Beraz ezta ezetz erraiterik, barkhatu behar diogu geure etsaiari, egin ongi eta eduki amorio. Zeren hala manatu baikatu geure Iaungoikoak, eta manatu ere ez noiz nahi den, baiña bere azken finean, bat bederari, den hitzik ttipiena ere, bihotzean barrena sarthu behar litzaikaion denboran.

__________

BIGARREN ARRAZOIÑA, ZERGATIK BEHAR DIOGUN GEURE ETSAIARI BARKHATU, DA, ZEREN MENDEKATZEA BERETZAT BEGIRATZEN BAITU IAINKOAK KAP. XXIX 220 Nehork bidegabe bat egiten deratzunean, eztu nahi Iainkoak zuk ordaiñik bihur diazozun: berak hartzen du bere gaiñera mendekatzea eta iustizia egitea. Mea est ultio et ego retribuam eis in tempore (Dt. 32; Rom. 12). Etsaiak gaizki bat egiten deratzunean, zuri baiño gehiago egiten dio Iainkoari, zeren hartan haren manua hausten baitu. Ordea eztu hargatik Iainkoak berehala gaztigatzen, igurikitzen dio, eta igurikiagatik eztu desohorerik. Beraz eztuzu zuk ere desohorerik izanen, bertze munduraiño igurikitzeaz, hareraiño ez mendekatzeaz. Baldin orai pazientzia baduzu, Iainkoari berari, berak dagiela utzten badiozu, zaren segur, berak berari, egin zaikan bidegabea, eta zuri ere egin deratzutena, kolpe batez, eskas gabe, eta merezi bezala gaztigatuko dituela, eta behar den deskargua etsaiari eraginen deraukala. Zerori zeure eskuz mendekatu nahi bazara, penatu behar zara, eta anhitzetan ere deus ezin eginez gelditu behar zara. Zeren benturaz etsaia izanen baita, zu baiño indartsuago eta botheretsuago. Eta Liviok dioen bezala, Vana sine viribus ira (Livius dec. 1, lib. 1). Indar gabeko kolera, haserrea eta mendekatzeko desira, parrik ezin iragan dezakeienarena, bano da, alfer eta guti balio. Eta erraiten du Senekak ere: Ergo ab ira abstinendum est sive par est qui lacessendus est, sive superior sive inferior. Nam cum pari contendere anceps, cum superiori furiosum, et cum inferiori sordidum (Senec. lib. 2 de ira cap. 34). Nola nahi den dela, begiratu behar da ihardukitzetik eta etsaiaren akometatzetik, nahiz dela etsai hura zure berdin, nahiz handiago, eta nahiz ttipiago. Zeren berdinarekin ihardukitzea dudos da eta perilos, andiagoarekin erhokeria, eta ttipiagoarekin itsusi eta dosohore. Eta guztiarekin ere haur hunela delarik eta dela dakizularik ere, iharduki nahiz zabiltza, desira gaixtoz bethea zaude, eztiozu etsaiari barkhatu nahi. Eta hartan zeure burua galtzen duzu. Zeren hartan zeure buruari, etsaiari baiño kalte gehiago egiten baitiozu. Hala emaiten du aditzera errege Davitek erraiten duenean: Circumdederunt me sicut apes (Ps. 117). Inguratu nenduten etsaiek, erlek bezala. Erleak nehor autsikitzen duenean, autsikitzenago du bere burua. Zeren bere eztena eta bizia han utzten baititu. Hala gerthatzen zaitzu bada zuri ere, etsaiari autsiki egiten diozunean, barkhatu nahi eztiozunean, eta bidegaberik egiten diozunean, gehiago egiten diozu zeure buruari. 221 Eta pontu hunen gaiñean gauza bat erran nai deratzut: iakin behar duzu ezen zuk zeure etsaiari ez barkhatuagatik, eztela handik segitzen, baldin hark bere aldetik bere eginbidea egiten badu, eztioela hari Iainkoak barkhatuko. Orduan ez barkhatzeaz, zeure buruari egiten diozu kalte, eta ez zeure etsaiari. Eta hala bethiere bai, baiña guztiz ere zerori ezin mendeka zaitezkeienean, konsola zaite eta iakizu ezen, Iainkoa mendekatuko dela. Eta hark eztuela utzten, eta ez utziko ere, faltarik, gaztigatu gabe: eta zuk zerorrek eginen zinituen baiño, zintkiago, eta fintkiago gaztigatuko dituela. Eta nola anhitzetan ere, aita batek bere semea zehatu duenean, zathitzen baitu zigorra eta egotzten sura: hala zure etsaia, zure zehatzaillea, eta penatzaillea ere zathituko du Iainkoak, eta azkenean egotziko ifernuko sura. Beraz hunelatan presuna batek, bidegabe bat egiten, erraiten edo pensatzen deratzunean, erran behar diozu Iainkoari: Iauna, badakusazu zertan naizen, eta zer egin derautan: eta zuri, niri baiño gehiago egin deratzu. Eta zuk badakizu, nik baiño hobeki, zer gaztigu eta zenbat merezi duen. Ezta beraz arrazoin, zu zaren lekhuan, nik eskurik har dezadan. Eta hala, arrazoin den bezala, eta manatzen duzun bezala, zerorri utzten deratzut, zeurk egizu iustizia. Eta hunein bertzez, zeren fida bainaiz eginen duzula, oraidanik mendekatutzat dadukat neure burua, eta gelditzen naiz neure baithan sosegatua, eta etsaiari barkhatzera deliberatua.

__________

HIRURGARREN ARRAZOINA, ETA ORAIKOTZ AZKENA: BARKHATU BEHAR DIOGULA GEURE ETSAIATI, IAINKOAK GURI BARKHA DIAZAGUN AMOREAKGATIK KAP. XXX

222 Behar diogu geure etsaiari barkhatu, guri ere geure Iainkoak barkha diazagungatik. Zeren Iainkoak berak errana da, ezen baldin barkhatzen baderaukagu guk geure etsaiari, barkhatuko derakula hark ere guri, baiña ez bertzela (Mt. 6). Eta ezkara gaizki, guk geure etsaiari barkhatzeaz, Iainkoak guri barkhatzen derakunean: ezin erran diteke, zein irabazi handia egiten dugun hunetan. Zeren nola gauza aphurra baita guri egiten zaikun bidegabea, baiña handia, eta aldez infinituki handia, guk Iainkoari egiten dioguna, gure barkhamendua ezta deus Iainkoarenarekin konparaturik. Badira gauza batzuk, berak bakharrik, bere egitez gaitz baitira, baiña bertze batekin iuntaturik eta elkhar harturik erraz dira. Odol atheratzea, kopatzea, purga uher baten, edari min baten edatea gaitz da, penos da, baiña osasunarekin iuntaturik erraz da. Sendatzeagatik, gogotik errezibitzen eta pairatzen dira. Hala etsaiari ere egiten derauzkitzun falten barkhatzea, bera bakharrik bere egitez, gaitz da. Ordea iunta ezazu, hargatik zuri Iainkoak egiten derautzatzunak barkhatzearekin, eta errax idurituko zaitzu. Erraxki barkhatuko diozu zeure etsaiari, Iainkoak zuri barkha diazazungatik. Eta hala iende galduak eta adimendu gabeak izanen gara, baldin geure probetxuagatik bedere, geure etsaiari barkhatzen ezpadiogu. 223 Egizu kontu, ea zenbat ea zenbat bekhatu egin ditutzun orainokoan, eta zein handiak, eta nahi baduzu zuk barkha diatzatzun hek zuri zeure Iaungoikoak, barkha iatzotzu zuk ere zeure etsaiari, egiten derauzkitzunak. Presuna batek bidegabe bat egiten deratzunean, erraiten duzu eztiozula barkhatu nahi, ez behintzat hain fite. Zeren desohore ere badela, berehala barkhatzea. Hori da blasfemia handia, Iainkoaren kontra minzatzea. Zeren hori da Iainkoaren manuaren konplitzea, desohore dela erraitea. Barkhatu behar diozu beraz zeure etsaiari, eta barkhatu ere, ez edozein moldez, ez hitzez, itxurapenez, kanpotik eta edergaillu: baiña zin zinez eta gogotik, barrenetik eta bihotzetik. Zeren iakizu ezen bertzela ezteratzula Iainkoak barkhatuko. Kofesa ahal zaitezke, gorputz saindua errezibi, barur, orazinotan egon, eta duzun guztia probei eman, baiña hek guztiak etzaizkitzu deus baliatuko, baldin barrenean nehori herratik, hegigoarik, gorroturik edo borondate gaixtorik badiadukozu. Eztikete zauria senda, elhorria barrenean deiño, eztiteke bekhatua barkha borondate gaixtoak diraueiño. Barberek buruko zaurietan, lehenik haragia aldaratzen dute, eta hezur kroskoa agertzen, bitarten odol ustelik geldi eztadin. Zeren baldin geldi baledi, hark midizinari eta ezartzen den erremedioari, indarra flaka liazaio, eta berthutea edeki: hala arimako zauri hunetan ere lehenik behar da barreneko odol ustela, eta etsaigoaren uhertasuna athera eta garbitu. Zeren bertzela ezta sendatzerik, eta ez emaiten diren midizinek, eta egiten diren erremusinek, barurek, orazinoek eta bertze obra onek on egiterik.

§ 1

224 Bere etsaiari barkatu nahi ezteraukanak, eztu edirenen bere behar orduan arartekorik, eta ez othoitz egillerik. Zeren Spiritu Sainduak dioen bezala: In hominem sibi similem non habet misericordiam, quis exorabit pro peccatis illius? (Eccli. 29). Bere lagunaz, bera bezalakoaz, eztu miserikordiarik, eta ez urrikalmendurik, nork eginen du bada othoitz halakoaren bekhatuakgatik? Ez sainduk, ez aingiruk, eta ez are miserikordiaren amak ere. Zeren Iondone Iakuek dioen bezala: Iudicium sine misericordia, illi qui non facit misericordiam. (Jac. 2). Miserikordia gabeko iustizia egin behar zaika miserikordiarik egiten eztuenari. Etzaika barkhatu behar, barkhatu nahi eztuenari. Eta halakoak eztu berak ere nahi barkha diazoten. Zeren, Pater noster erraiten duen guztian, egiten dio Iainkoari othoitz erraiten duela: Dimitte nobis debita nostra, sicut et nos dimittimus debitoribus nostris. (Mt. 6). Iauna, barkha iatzagutzu geure zorrak, guk guregana zordun direnei barkhatzen derauztegun bezala. Erran nahi du: Iainko Iauna, barkha iatzagutzu zure alderakotzat egiten ditugun faltak, eta bekhatuak, guk geure etsaiei, gure alderakotzat egiten dituzten hutsak eta gaizkiak barkhatzen derauztegun bezala. Eta alabaiña ezterauztetzu zuk barkhatu nahi, zeure etsaiei egiten derauzkitzutenak, beraz eztuzu nahi barkha diatzatzun zuri ere zeure Iainkoak, egiten derautzatzunak. Zeren nola egiten baituzu zuk zeure etsaiarekin, hala egiten diozu Iainkoari othoitz, dagiela zurekin. Falta bat nehork egiten deratzunean, erraiten duzu duzun bothere guztiaz: Nik haur hari barkha, lehen bizia gal nezake. Eta eztuzu konsideratzen, eta ez pensatzen, zuk Iainkoari falta handiagoak eginagatik, nahi duzula guztiarekin ere, hark zuri guztiak barkha diatzazun. 225 Konsidera ezazu bada zuk, zeure etsaiari barkhatu nahi ezteraukazuna, barkhatu zerauela Iainkoak, bizia edeki zeraukaten etsaiei, eta are gehiago egin zeraukala bere aithari, hekengatik othoitz, eta oraiño zeure etsaiek ezteratzutela halako minik eta ximikorik egin. Konsidera ezazu halaber, zer erraiten duen Spiritu Sainduak: Memento novissimorum et desine inimicari (Eccli. 28). Orhoit zaitezi zeure azken fineko egitekoez, heriotzeko pontuaz, arimaren ilkitzeko denbora perilos hartzaz, eta orduan eman beharko duzun kontuaz, eta hetzaz orhoiturik, utzkitzu etsaigoak. Orhoit zaitezi nola nahiko duzun zuk orduan, azken oren hartan egin dezan Iainkoak zurekin: egizu bada zuk ere orai hala zeure etsaiarekin. Zeren haur da Iainkoaren manua; haur da hark nahi duena: haur da bethiere, eta guztiz ere bere azken finean gomendatu derakuna. Bihoa beraz etsaigoa, aparta bedi egun beretik, geroko luzatu gabe, mendekatzeko desira desordenatua. Zeren halatan izanen gara ezagun, eta seiñale, Iesu Kristoren eskolan ikhasiak garela, haren diszipuluak garela. Eta biziko gara bihotz ukhaldirik, asaldurik, eta ikhararik gabe; bakean dagoen bat, mendekurik gogoan eztuen bat, eta guztiekin adiskide, arronter, eta solhasturi den bat, bizitzen den bezala.

__________

ZENBAT KALTE EGITEN DUEN HARAGIAREN BEKHATUAK. LEHENBIZIKORIK ITSUTZEN DUELA ADIMENDUA, ETA NOLA BEHAR DEN HARTAN SARTZETIK BEGIRATU, ETA SARTHUZ GERO ERE, LEHEN BAIÑO LEHEN ILKITZERA, ENSEIATU KAP. XXXI

226 Baldin bertze bekhatuetan hanbat kalte egiten badu luzamendutan ibiltzeak, erremedioaren geroko utzteak, zer eginen du emaztètako bekhatuan? Haragiari hain plazer zaikan plazerean? Bat bederak naturalki desiratzen duenean? Eta baldin erroen egitera utz badadi, atheratzeko, eta kanporatzeko hain gaitz denean? Baiña zeren materia haur baita hain handia, eta luzea, perilosa, eta linburkorra; ditzagun lehenik egiten dituen kalteak, eta emaiten dituen egitekoak konsidera, eta konta: eta gero halaber eman behar zaitzan purgak, eta erremedioak bilha, eman eta ordena. Eta itsas hondar gabe hunetan sartzen naizela, eztut uste dela eztakienik gure arimaren etsaiak direla hirur: Mundua, deabrua, eta haragia. Eta hirur hautarik gaixtoena, perilosena, eta barrenkorrena dela haragia. Haur da etxeko ohoiña, barreneko etsaia, bethiere gurekin dagoena. Zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena, eta haragiari harra bezala, gau eta egun alha zaikuna; tentatzen, eta narritatzen gaituena, geureganik ezin egotz dezakeguna. Halako moldez ezen erraxago baita hartzaz minzatzea eta begiratu behar dela erraitea, begiratzea baiño. Hala erraiten du Valeriok: Luxuriam accusare facilius est quam vitare (Val. Max. lib. 9 cap. 1). Flako da haragia eta sendo. Flako defendatzeko, sendo tentatzeko, eta killikatzeko. Anhitz habe, fabore, eta sostengu behar du, on edukitzeko, erori gabe egoiteko, eta asko du deus guti, okhasino ttipi bat, linburtzeko, behaztopatzeko, eta erortzeko. Hargatik erran zuen San Agustinek: Inter omnia christianorum certamina sola duriora sunt proelia castitatis, ubi quotidiana est pugna et rara victoria (Aug. serm. 250 de temp. Tom. 10). Giristinoen arteko gerlarik handienak, eta gogorrenak, kastitatearen gerlak dira. Zeren han baita gudua, eta konbata egunoro, eta biktoria, eta garaitia, bakhan, eta gutitan. Halatan da San Agustinek berak errana: Nullo tot diabolus animas rete capit quod laqueo pessimarum mulierum (Aug. epist. 206 T. 2). Deabruak anhitz sare badu ere arimen atzemaiteko, eztu batez ere hanbat atrapatzen, nola emazte gaixtoez, eta hek hedatzen, eta paratzen dituzten artèz, sarèz, laxioez, eta segadez.

§ 1

227 Handiak dira haragiak, eta haragiaren amorio desordenatuak egiten dituen kalteak. Eta kalte pinzipalenetarik bat, prinzipalena ezpada ere, da adimenduaren goibeltzea, ilhuntzea, etra itsutzea. Presuna amurusak eztakusa, eztaki zer hari den: bere gogo guztia haragian daduka: iatean, edatean, ohean datzanean, hartan pensatzen du: bere solhasak, eta ametsak ere, hartzaz egiteintu: eztu nahi bertze gauzaz nehor mintza ere dakion: itsu da, erho da, zentzutik kanpoan da. Halatan lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amurusiaren Iainkoa, haur, eta itsu. Itsu, zeren ezpaitu ikhusten. Haur, zeren, ezpaitu adimendurik. Eta badio Plutarkok ere gaitz dela amurus izatea, eta zentzuan egoitea (Plutar. in Aphoth.). Halakoa ez desohoreak, ez iendèn erraiteak, ez onen gastatzeak, ez fama gaixtoan iartzeak, ez Ioaren galtzeak, finean deusek ere eztu gibelatzen. Onager assuetus in solitudine, in desiderio animae suae, attraxit ventum amoris sui; nullus avertet eam (Jer. 2). Basa-asto amurusa bezala, begiak itsuturik, ihiztarien artetik iragaiten da: edozein periletan sartzen da. Bere amorio desordenatuaz bai, bere amurusiaz bai, baiña gaiñerakoaz eztu konturik egiten. 228 Usoa bezala da halakoa. Usoak eztu, bertze hegaztinek bezala, edatean burua goiti ailtxatzen. Edan gogo duena, abreak bezala, hatsik hartu gabe, burua goratu gabe, kolpe batez edaten du. Bertze hegaztinek edateko kurka guztietan, ahatara bakhotxean, burua goiti ailtxatzen dute. Eta badirudi ezen naturalezak berak erakutsirik egiten dutela hala. Zeren nola orduan baitute perilik gehiena, zeren orduan baitaude geldienik urera beha: eta orduan baitira ihiztariez ere zelatatuak, barrendatuak, eta guardiatuak, halatan daude hek ere iratzarriak orduan: eta edaten duten ur-xorta guztietan ingurunera behatzen dute, eta burua goiti, guardia egiteko bezala ailtxatzen dute. Baiña usoak eztu halakorik egiten, ahoz-pez dago, ase arteiño, eztu bitartean bururik ailtxatzen, eta ez ingurunera behatzen. Eta hartan da ageri usoaren inozentzia eta ergelkeria, perilik gehien duenean baita erhoenik eta antsikabenik. Hala da bada bere gogo guztia emaztètan ibenia dadukana ere. Etsaia zelatan dagokanean, perilik gehien duenean, da galduenik eta erhoenik. Zeren bere edate hartzaz, eta plazeraz baizen, ezpaitu deusez ere bertzez, konturik egiten. Zyro enperadore handi hura, hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartzaz nahi zuen guztia egiten baitzuen (Ioseph de Antiq. lib. 11. cap. 3). Alde batetik, eta bertzetik beharondoka hari zeikan, batean bizarra, bertzean beharrik thiratzen zerautzan: haur batekin bezala, harekin dostatzen zen. Eta guztietan enperadore erhoa, hortzak hirriturik, irriz, beha zegokan: miraillean bezala hartan miratzen zen, haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristetzeaz tristetzen. Eta emazte gaixtoak batzutan bere burua, berariaz haserre iduri egiten zuen: eta orduan enperadore zoroak, ahal ziren asmuak eta enseiuak balakatzeko eta baketzeko egiten zituen. Amorantea zen nabusi: no zen tho; emaztea gizon, oilloa oillar. Erran behar da esku handia hartzen duela emazteak amurus itsutuaren gaiñean, halako enperadore bat, ema-eztheus batek, hala errendatzen duenean.

§ 2

229 Gizona delarik ordenatua, emaztearen iaun eta nabusi izaiteko, guztiarekin ere, amorio itsuak, haragiaren aphetitu desordenatuak, hausten du ordenantza haur: gizona egiten du emaztearen muthil eta azpiko. Ezta gauza preziatuagorik libertatea eta nabusitasauna den baiño. Bada hala bata nola bertzea galtzeintu amurus itsuak, emaztearen hitz ederrei, eta maiñei behatzen zaienak. Hala galdu zituen bere libertatea, nabusitasuna, eta bai azkenean bizia ere Asirioen errege batek, Semiramis, izen hunetako bigarren emazte eder famatu hura zela kausa. Eta izan zen kasua Eliano Greziako eskiribatzaille batek kontatzen duen bezala (Aelian. de varia hist. lib. 7). Enzun zuenean errege hark Semiramis haren edertasunaren fama, kilikatu zen, gutiziatu zen: erakharri zuen: ikhusi zuen, eta ikhusi zuen bezain fite, atzeman zen, sua pitztu zen, eta amorio bero itsu batez onhetsi zuen. Eta noiz, eta amorio hura baitzegoen gorèn pontuan, eta graduan, iduriturik ezen orduan zela okhasinorik eta paradarik hoberena nahi zuenaren egiteko, egin zioen emazte gaixtoak othoitz erregeri arren denbora aphur batez, bortz egunez, eman ziazola bere zuen eskua, eta botherea, bitartean utz zezala erresuman manatzera. Erregek aitzin gibel guti behaturik, eta Salomonen konseilluaz ere kontu guti eginik, zeiñek erraiten baitu: Non des mulieri potestatem animae tuae, ne ingrediatur in virtute tua et confundaris (Eccl. 9). Eztemozula emazteari zeure duzun eskua eta botherea, nahi ezpaduzu zeure burua ahalketan ikhusi. Baiña maliziarik edo enganamendurik ahal zatekeienz gogora ere gabe erran zioen deblauki erregek, baietz, deusetan ere dudatu gabe: eta are berak lehenik agur egin zioen; berak bere eskuz koroa buruan ibeni zioen: eta manatu zuen, biziaren penan, hurreneko bortz egunetan Semiramis hark manatzen zuen guztia egin zedilla. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikhusi zuenean emazte gaixtoak, nola zen obeditua, manatu baitzuen errege berari burua edeki ziazotela. Eta nik eztakit nola hartu zuen erregek egitekoa, baiña berehala manua konplitu zen, eta trufan, burlan burua edeki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina: eta errege itsua bere erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua. Ikhusazu zer egiten duen emazteak, eta emaztetako amorio desordenatuak, nola gizona itsutzen duen; nola zer hari den eztakiela, milla eerhokeria egiten duela, eta bere buruaren iaun eta iabe ezten bezala ibentzen duen. 230 Zaleuko Greziako parte batzuetako erregeak, ikhusirik ezen bekhatu hunek, bat bedera bere adimenduan barrena itsutzen zuela, kanpoan ere itsutasun hura ager zedin amoreakgatik, ordenatu zuen eta ezarri legea, nor ere eroriko baitzen adulterioan, eta nork ere behar etzen emaztearekin huts eginen baitzuen, halakoari eta halakoei, hainari eta hainei, hala gizonari nola emazteari, iustiziak begiak atherako eta iraziko zerauztela: barrenean, kulparen beldur gabe, itsutu zirenaz gero, kanpoan ere penarekin itsu zitezingatik (Alexander ab Alexandro lib. 4 cap. 1). Lege haur ibeni zuen Zaleuko errege hark. Eta hain herstuki begiratzen zuen, non ezpaitzen faborerik, ahaiderik eta ez urrerik, eta ez zilharrik hauts arazi ahal ziazaionik. Huts egiten zuenak ihes ahal zeidikeien al bazegien, baiña atrapatuz gero, etzuen barkhamendurik, begiak galdu behar zituen. Errege hunek lege haur hunein zinez begiratzen zuen denboran, gerthatu zeikan errege hunen beraren semeari, legearen haustera, eta behar etzen emaztearekin huts egitera. Erregek bere semearen falta hau iakin zuenean, Iainkoak daki zenbat damu harzen zuen: eta nola alde batetik bere aitatasunak, semeagana zedukan amorio naturalak gibelatzen zuen, eskuak lotzen zerautzan; eta etzela arrazoin aita batek bere semea kondena zezan, erraiten zioen. 231 Eta berriz bertze aldetik nola iustiziak alegatzen zioen legeak begiratu behar zirela, eta batari barkhatzeaz bertzeak ausartzia hartuko zuela. Eta iustiziaren arrazoin haur bortitzago iduriturik, semea galduko bazuen ere, deliberatu zuen eta manatu iustizia egin zedilla, bere semea atzeman ziazotela, eta begiak legearen arauaz athera ziatzotela. Erresumak iakin zuenean bere erregeren deliberamendua, bildu zen komun guztia eta ioan zeikan guztia batetan othoitz egitera arren nahi zioen bere semeari barkhatu. Zeren lege hura komunagatik egina zela eta komunak hain errege onaren eta iustuaren amoreakgatik, aldi hartakotz bere zuzena kitatzen zuela. Komunaren othoitzak, eta semeaganako amorioak anhitz gogoeta eragin zeraukaten, baiña gehiago legearen hautsteak. Zeren iduritzen zeikan, ezen etzuela bere koroa segur izanen, baldin ttipientzat bezala, handientzat ere iustizia egiten ezpazuen. Eta hala anhitz itzul inguru, pensu, eta gogoeta bere baithan eginik, azkenean ediren zuen bide bat bere kaltekoa, baiña semearen gaztiguaren arintzeko ona. Okher hobe, itsu baiño. Ordenatu zuen ezen halaz, eta legearen arauaz, halako hutsik egiten zuenari bi begiak irazi eta athera behar zeitzanaz geroztik, athera ziazotela aitari berari bere begietarik bata, eta semeari berètarik bertzea. Eta halatan bien artean kaltea iasanik, legea begira zedilla. Eta hala ordenatu bezala konplitu zen. Aitak eta semeak bere begietarik bana galdu zuten. Eta gero handik harat gelditu zen legea konfirmatua, semea gaztigatua, erresuma guztia ikharatua: eta halako faltatan erortzen zenarentzat barkhamendu erdiesteko esperanzaren athea hertsia. Laudatzekoa zen errege hura, eta bai ibeni zuen legea ere: zeren eritasunari zegokana baitzen. Halatan itsutasunaz itsutasuna, gorputzekoaz arimakoa sendatzeko, eta aitzinerat gehiago eritzetik, eta halakorik gerthatzetik begiratzeko. Zeren haur da haragiaren desira desordenatuak egiten duen lehenbiziko kaltea eta kolpea, adimenduaren itsutzea, liluratzea, nahastea eta zoraturik ibentzea.

__________

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN BIGARREN ETA HIRURGARREN KALTEAZ: EZTUELA DEN AHAIKOARIK HURKOENAZ ERE KONTURIK EGITEN, ETA EZ HARTAKO IURAMENTURIK KONPLITZEN KAP. XXXII

232 Haragiaren amorio desordenatua, hain da gauza itsua eta itsugarria, non halako amorioa duenak ezpaitu batzutan ahaikoaz ere konturik egiten. Ingressus est Absalon ad concubinas patris sui, coram universo Israel (2 Rg. 6). Sarthu zen Absalon mundu guztiak zekusala bere aitaren amorantètara edo emaztètara, eta han hekin segitu zuen, eta izan parte. Halatan mehatxatu zituen Iondone Paulok ere Korintiokoak, zeren bere ugazamarekin etzaten zen bat, bere artean sostengatzen zuten: Omnino auditur inter vos fornicatio, qualis nec inter gentes, ita ut uxorem patris sui aliquis habeat (1 Cor. 5). Hala erraiten da Neron gaixto hark ere, Erromako andre prestuen erdiak desohoratuz gero, eta iduri onetako muthil gazte bat ikhusten zuenean, harekin ere naturaleza bera ere narda den bezala, segituz gero, azkenean bere ama propioaz amurustu zela: bere ama bera, zeiñen sabeletik iltki baitzen, demandatu zuela. Eta hartaraz gero emaztea ere komunzki airatzen, kilikatzen, eta gogoetan lurrera beha iartzen da. Zeren materia hunetako pilotu on batek dioen bezala: Illa est casta, quam nemo rogavit (Ovid. El. 2). Nehork orhoitu, eta othoitztu eztuena, da kasta, garbi eta prestu. Anhitzetan hazteintu osoki oilloak bere xito guztiak, mirua oldartu gabez. Anhitz egur eder gelditzen da oihanean ekharlerik gabez. Iarraitunik izan eztuena, mandaturik edo salhorik egin etzaikana, nehork ernatu, orhoitu, eta behartu eztuena, erran ahal diteke segurki bere ohorean dagoela, eztela erori, eta ez linburtu. Baiña demandatuz gero, oldartuz gero, bulkhatuz gero, eta gai denak, gai denari, bere moldean, paradan, okhasinoan, denboran, eta sekeretuan nabarbentziarik gabe aditzera emanez gero, peril da baldin xoil gogor ezpada, bera dadin, linbur dadin, amora dadin: eta demandatua izaite hura, hartakoa dela, eta ederra dela enzute hura, eder iduri dakion. Bada Neronek bere amari mandatua egin zioen eta ama ere etzen munduko emazterik prestuena, beraz periletan izan ziren. Eta bada erraiten duenik biak karrozan edo kotxean ibili zirela, eta han bere iokoa iokatu zutela. 233 Hala Henriko, izen hunetako zortzigarren, Ingalaterrako erregeak ere, bere emazte prestua utzirik, bere alaba bastarta, bertzeren emazteaganik egina, hartu zuen emazte. Eta handik bere burua, eta bere erresumako giristinotasun guztia, galdu zituen (Petrus de Ribadeneira. Lib. 1, Hist. Anglica cap. 7). Bada bertzerik ere hunelako kasurik, eta exenplorik anhitz, gaitz baillizateke laurdenen ere kontatzea. Asko da iakitea, behin behar ezten amorioa iaunduz gero, eztela legerik begiratzen, eta ez den ahaikoarik hurkoenaz ere, konturik egiten. Zein baita haragiaren bekhatuak egiten duen bigarren kaltea. Hirurgarren kaltea da: ezta arnegurik, iuramenturik, eta ez falseriarik, emaztètan itsutua dagoen batek eztaidikeienik, eta ez gezurrik ere erran eztezakeienik. Handik harat hala itsutuz gero, lehen hitz onetako eta egiati zirenak, egiten dira gezurti, arnegari, eta iuramentutsu. Zeren bere desiren histeagatik prometatzen dute anhitz, egiten dute milla iuramentu: baiña gero nahi dutena iragan dutenean, eztute konturik egiten, eztute deus konplitzen, guztiak hautsteintuzte. Eta hala etzen lehenagoko ientilèn artean, halako eta hartako iuramentuez konturik egiten. Halako moldez ezen ethorri baitzen Platon erraitera, Iainkoek ere disimulatzen zituztela amurusen iuramentuak, eta promesak (Alexander ad Alexandro lib. 5. cap. 10. Plato lib. 5 de amore). Eta egungo egunean ere, ezta halako iuramentuetan zer sobera fidaturik. Zeren amurus itsutuak, bere plazerèn ondoan dabiltza, eta ez bere promesèn edo iuramentuen konplimenduaren: zein baita haragiaren bekhatuak egiten duen hirurgarren kaltea.

__________

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN LAURGARREN KALTEAZ: AMOLTSU ETA BAKEZKO ZIRENAK, EGITEN BAITITU KRUEL ETA GERLATI KAP. XXXIII

234 Amorio desordenatuak hanbat kalte egiten du, non behin hark itsutuz gero, amoltsu eta bakezko zirenak ere, egiten baititu anhitzetan bere desiren konplitzeagatik, traidore, bihotz gogor, kruel, eta erhaile. Errege David lehen, hain saindu, bihotz bera, eta miserikordios zena, eta bere etsaiei ere bethi ongi egiten, eta barkhatzen hari zeiena, egin zen azkenean hain diferent, non Urias bere adiskide maitea, eta kapitain leiala, haren emazteaz gozatzeagatik hilarazi baitzuen. Hala halaber Frai Ioan Guerin, hain saindu handiaren faman zegoen hark ere, Guifrapelos Barzelonako Kondearen alaba, gomendiotan eman ziotena, gorputzez izan zuenean hil arazi zuen (Historia Montis Serr. cap. 5). Hala gerthatu zeikan Iondone Iakue penitentzialea deitzen zuten hari ere, hanbat denboraz etsai gaixtoaren tentamenduak, ixilik eta agerriz garaituz gero, hanbat penitenzia eginez gero, azkenean hain itsuski erori zen, non sendatzeko ekharri zeraukaten neskato bati bere ona galarazi baitzeraukan, eta gero azkenean bere bekhatuaren estaltzeagatik, ura behera egotzi baitzuen (Metaphrast. in vita eiusd. die 28 Ianuar.). Hemen erran ahal diteke, gure Salbatzailleak bere Pasioneko egunean, Ierusalemeko alabei erran zerauena: Si in viridi ligno haec fiunt, in arido quid fiet (Lc. 23). Baldin errege David eta erran ditugun bertze presuna saindu hek, hanbat denboraz, haragiaren aphetituen benzutzen, orazinotan, kontenplazinotan eta penitenziatan, egon ziren hek, hain torpeki, haragiak itsuturik erori baziren, zer izanen da Iainkoz, munduz, eta konzientziaz konturik egin gabe lazoki eta antsikabeki bat ere krinarik gabe bizitzen direnez? Eta are bekhatu egiteko okhasino bilha dabiltzanez? Aita batek bere semeari diadukon amorioa, delarik handia eta naturala, guztiarekin ere, amorio desordenatuak hain flakatzen eta kordokatzen du amorio natural haur, non batzuetan erroetarik erauzten eta atheratzen baitu. 235 Katilina Erromako gizon gaixto hark, etzuen seme bat baizen, eta hura ere ia adinetara heldua, obedienta, bere manukoa, eta asko prestua; eta guztiarekin ere bere desira desordenatuak Aurelia zeritzan andre batekin konplitzeagatik, hil arazi zuen bere seme hura (Salust. in vita Catil.). Zeren hura bizi zeiño, haren beldurrez, ezpaitzeikan Aurelia behatu nahi. Hala eskiribatzen du Elianok ere Lenilla zeritzan andre handi batek, bere plazerak bere plazerera, bere zerbitzari batekin iragaiteagatik, akhusatu zituela bere seme propioak erregeren aitzinean, erraiten zuela ezen traidore zirela (Aelian. de histor. animal. lib. 1 cap. 6). Eta handik egiaz edo gezurrez frogantzak eginik galarazi zerauztela biziak. Eta gero nehoren beldur gabe gelditu zela, bere zerbitzariarekin bere amorio itsuan itsutua. Halatan erraiten du Aristotelek, ongi egin zutela lehenagoko poetek, Mars eta Venus elkharrekin ezkontzeaz: Mars gerla gizona eta Venus amurusiaren patroiña. Gerla eta amurusia ezkondu zituzten elkharrekin (Arist. lib. 2 Polit. cap. 1). Zeren komunzki amurusiatik sortzen baitira gerlak eta diferentziak. Halatan halaber lehenagoko ientilek erakusteko, zer aztura eta konplezino zuen emazte gaixtoak, pintatzen zuten lehoin bat emazte begitartearekin. Zeren emazte gaixtoak lehenbizian lausengatzen eta balakatzen badu ere, ordea azkenean, lehoin goseak bezala, larrutzen eta desegiten baitu. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Favus, enim, distillans labia meretricis, et nitidius oleo guttur eius. Novissima autem illius amara quasi Absyntium (Prov. 5). Eztemozula konturik emaztearen balakuari eta enganamenduari. Zeren eztia darion beraska bezala dira haren ezpaiñak, eta olioa baiño leunago haren lephoa, ordea ondorea, azken fina, abszintio belharra bezain min eta gozo gabe. Lehenbizian amorio handia, azkenean gaitzerizkoa errabiatua. Lehenbiziko egunean besarka, hurrenekoan kolpeka. Adiskidetasunetik etsaitasuna, amoriotik desamorioa sortzen da. 236 Erran behar da handia dela Satan gaixtoaren artea, bi gauza hain diferentak, nola baitira amorioa eta desamorioa, adiskidetasuna eta etsaitasuna, elkharrekin iuntatzen eta bata bertzeaganik atheratzen dituenean. Haragiaren plazeretan ez ohi da dantzarik, eta irririk baizen; iaterik, edaterik eta amoriorik baizen, eta guztiarekin ere etsai gaixtoak gauza hauk guztiok inprentsuaz bezala bertze aldera itzultzeintu: onherizkoatik gaitzerizkoa: bekekik gerla, irritik nigarra, eta dantzatik (Herodes baithan egin zuen bezala) heriotzea atheratzen du. Hunelatan athera dadin egiatan Salomonek dioena: Extrema gaudii luctus occupat. Atsegindasunaren fina eta ondorea atsekabea da, eta dolua: ezti-beraskatik absintioa, plazeretik desplazera sortzen da. Amorio desordenatua, bereaz egin duenean, desamorio bihurtzen da. Haur da, hazi hunetarik sortzen den bihia, amorio desordenatuak egiten duen laurgarren kaltea: bakezkoen gerlati, eta bihotz beren eta amoltsuen, amorio gabe eta bihotz gogor egitea, eta errendatzea.

__________

HARAGIAREN AMORIO DESORDENATUAK EGITEN DUEN BORZGARREN KALTEAZ: SOSEGURIK ETA PAUSURIK GABE IBENTZEAZ KAP. XXXIV

237 Haragiaren aphetitu desordenatuak egiten dituen desordenuez eta kaltez mintzo garenaz geroztik, goazin aitzinago, eta edirenen dugu, ezen emazte gizakoiak, eta gizon emakoiak, presuna putanerak eztuela deutsetan ere sosegurik eta ez pausurik. Nork erranen du zenbat atsekabe, zenbat gau eta egun gaixto iragaiten duen halakoak, hala gizonak nola emazteak? Nola konpaiñia prestuak utzirik, bere egitekoei gibela emanik, loa galdurik, bera bakharrik itzalgaizka, airatua, basatua eta idurikortua ibiltzen den? Eta erraiten duen bere baithan: ikhusi othe naute? Zer othe diote nitzaz? Eta deus enzuten badu diotela, haserretzen da, gaitzerizkoan batarekin eta bertzearekin iartzen da. Zeren nahi luke, hura bera bezala, bertzeak ere itsu liren, eta nehork ez lerran deus. Eta alabaiña ezta hartazko solhasik baizen. Guztiek, batak alde batetik eta bertzetik, saltsa nahasten eta iratiotzen dute, guztiak hartzaz mintzo dira. Bertzerik ezpaliz ere, bere amoranteak berak ekhartzen dio berri franko: nork zer dioen, nor nola mintzo den, direnak eta eztirenak garraiatzen derautza. Zeren halakoak, hartako dira on eta ez bertzetako. Han da munduko elha-berri, erran-merran eta nahasteka guztia. Nik uste dut ezen emaztetara emana den gizona hala deiño ezin datekeiela ongi eta guztiz ere baldin ezkondua bada. Ezkondu gabe baten erortzea, behar ezten emazte batekin segitzea, ezta ongi, bekhatu da. Baiña aldez ezta hain miretsteko munduko arauaz. Ordea ezkondu batek, emazte ederra eta prestua duen batek, hura utzirik, har dezala itsusi bat, begi-zeihar bat, ezkel bat, betheriatsu bat, finean eztheus bat: eta harekin iosia bezala egon dadilla. Erran behar da adimendua itsutu zaikala, memoria nahasi zaikala, eta borondatea behar ezten aldera itzuli zaikala. Halakoaren etxean ezta gerlarik, liskarrik eta bizitze gaixtorik baizen. Zeren emazte ezkondua eztu deusek ere hala giharran ukitzen, krozkan erauzten, eta ez bere tentutik eta pazientziatik atheratzen, nola bere senharra bertzerekin diabilkola iakiteak.

§ 1

238 Baiña gero nahi nuke iakin: gizon ezkondua bere emazte prestua utzirik, zerk hala, behar eztenaren hartzera itsutzen du? Zerk alda guratzen du? Hitz gutiz ihardesten du San Hieronimok: Quidquid non licet magis desideratur (Hier. in cap. 13 Oseae). Nehork debeku den gauza, sori eztena, desiratzenago du, hartara lehiago du. Aquae furtivae dulciores sunt, dio Salomonek. Ur ebatsiak eztiago eta gozoago dira. Halatan Plautok ere, hobekiago saltzeagatik egiten zuen oihu, emazte ebatsiak zekazkeiela. Eta poetek adulterioa deitzen zuten epaskoa, ohoinkeria. Haur da lehenbiziko arrazoiña, zeren gizon ezkonduak berea baiño bertzerik nahiago duen. Zeren berea ezpaitu debeku eta bai bere eztuena, eta nehork debekura lehiago baitu. Halaber bigarren arrazoiña emaiten du San Jeronimok bereak lekhu berean: Quod varietate dulce est, assiduitate vilescit. (Prov. 9). Bethierekoak, higuintza emaiten du, alda nahia ekhartzen du. Nola gizon ezkonduak bethi ere baitu bere emaztea bere eskuko, bereaz frankia, eta bertzerenaz eskasia, eta eskas den gauza maitaro eta iarraikiz izaiten dena, desiratzenago eta gozoago iduritzen baita, halatan presuna ezkondua berea utzirik, bertzerenera lehiatzen da, alda nahitzen da eta handik galtzen da. Zeren amorantea egiñez gero, harengana egotzten du bere gogoa, harekin gastatzeintu bere onak; handik harat bere emazteari eta harenganik izan dituen haurrei gibela emaiten deraue. Eta baldin on handiak ezpaitu, ezin dateke errumeztu gabe. Zeren amorantea, eta guztiz amorante miaüa eta eskalea, huntzadarra bezala da. Huntzak inguratzen du zuhaitza, besarkatzen du, edoskitzen du, eta azkenean ihartzen du. Hala bada amoranteak, biphiltzen du, larrutzen du, ariman eta gorputzean ihartzen du. Urrikalkizun da halakoa: eta bai amoranteaganikako haurra ere. Zeren nola ezpaita lejitimo, nola baita bastart, bort, ezkontzaz kanpoan egina, ezin mintza diteke libreki iend’artean, ezin bururik ailtxa dezake: berehala lehenbizito liskarrean, puta seme deitzen dute. Hargatik erraiten du Salomonek edo haren ahotik Spiritu Sainduak: De patre impio quaeruntur filii, quoniam propter ipsum sunt in opprobrio (Eccli. 41). Aita gaixtoaz errenkuratzen dira semeak, zeren hura dela kausa baitira desohorezko. Seme bastartak berak eztu hobenik, baiña bere aitarenagatik ekharri behar du burua behera. 239 Solon handiak Atenaskoen maestruak, umek bere aita-ametara duten obligazinoaz mintzo dela, nola ohore ekharri behar derauezan, eta bere behar orduetan, eta guztiz ere zahartzean, behar ditutzten faboratu, atheratzeintu obligazino hunetarik bastartak, ezkontzaz landan eta kanpoan eginak, lejitimo eztirenak. Eta arrazoiña, zeren aita ama hek, elkharrekin batzean eta iuntatzean, intenzione gehiago izan baitzuten bere plazer desordenatuen konplitzeko, seme eta alaba izaiteko baiño, eta nola heken borondatearen kontra eta hek nahi gaberik egiñak baitira, hala dutela merezi gaztigu hura eta gehiago ere. Ikusazu zein gaizki den gizon ezkondua, bere emaztea utzirik, behar eztenarekin dabillana, eta bai hetarik izaiten den haurra ere. Bada eritasun hunez kutsatua gerthatzen den Eliza gizona are da gaizkiago eta galduago. Peril da halakoak, ahaide probe guti ezkonduko duen, erremusinak bakhan eginen dituen. Zeren amorantea eginez gero, bere gogoa eta bihotza haren baithan ibentzen baitu, eta bere onak ere harekin gastatzen eta hondatzen baititu. Bi bekhatu suerte dira, begiz begi, eta artez Elizagizonari kontra dagotzanak. Elizagizonaren etsaiak eta galgarriak. Bata da emaztekin segitzea, eta bertzea etsaigoan egoitea. Nahi du Iainkoak, haren etxeko zerbitzariak, aphez ordenatuak dituen guztien gaiñetik bi abantail: bakea eta garbitasuna. Zeren sagaramendu garbi bat, eta bakezko bat erabiltzen baitu eskuen artean. Beraz hunelatan etsaigoan dagoena ere ez, baiña guztien gaiñetik emaztètan dabillana ezta aphezetako on. Eta hain da egia haur, non uste baitut ezen, emaztètan faltarik eztuen aphezari, bertzerik anhitz falta izanagatik ere, hek guztiak hobeki barkha, estal eta disimula dakiditzaiola; eta bertze guztiek eztutela hala desbistatzen, eta ez bere ohorean nothatzen, nola emaztekin ibiltzeak, eta kutsatzeak. Emaztetan eztabillan apheza, emazu saindutzat: eta dabillana, hala dabillaiño, emazu galdutzat. Beraz hunelatan, prinzipalki eliza gizonak eta presuna ezkonduak, baiña gero begira bitezi bertze guztiak ere haragiaren lohian sartzetik eta hidoiztatzetik. Zeren behin hidoiztatuz gero, iakin ahal dezakete ezen kaltiar eta sosegu gabe izanen direla: eztirela urriki gabe gerthatuko. Eta gero eta gero, zenbatenaz eta gehiago egonen baitira, hanbatenaz barrenago sarthuko, eta nekezago iltkiko, eta garbituko direla.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ETA HANDIK HELDU DIREN KALTÈN ERREMEDIATZEKO, LEHENBIZIKO ERREMEDIOA ETA BIDEA: ORAZINOA KAP. XXXV

240 Haragiaren plazerei, desira desordenatuei, eta egiten dituen kaltei, erremedio emaiten hasi baiño lehen, erran nahi dut gauza bat, eta ibeni pausatu egiazko zimendu bat. Emaztètarik eskapatzea, kastitatearen begiratzea, haragiaren bekhatuen erori bage eta kutsatu gabe egoitea, irautea eta perseberatzea, Iainkoaren donua, dohaiña, emaitza eta garazia dela. Eta garazia hura gabe, alfer direla, gure ahala, nahia, permatzea eta enseiu guztiak. Non est virginitas quae praetio emitur, non virtutis studio possidetur, dio San Anbrosiok (Ambros. lib. 5 ep. 31). Ezta ez birjinitatea, diruaren pisuz eta gure indarrez eta berthutez erdiesten den gauza, zeren haragiak haragiaren benzutzea, naturalezak naturalezaren azpiratzea, gaitz da. Hartakotzat bertzeren faborea, naturalezaren gaiñean esku duenarena behar da. Eta hala iakin ahal dezake bat bederak, eztezakeiela haragiaren kontra biktoria osorik erdiets, bere ahalean fidatzen deiño, berak eztuela defendatzeko indarrik asko, etsitua, gogatua, eta errendatua iar arteiño. Behar du ezagutu, bere etsai haur garai zaikala, eztirela indarrez berdin. Eta hala dela ezaguturik, behar du halaber lagun bilhatu, eta fabore eskatu, baldin nahi ezpadu kaltiar gerthatu eta benzutua gelditu. Haur da egia, haur ezaguturik erran zuen Salomonek: Ut scivi quoniam aliter non possem esse continens nisi Deus det, et hoc ipsum erat summa sapientia, scire cuius esset hoc donum, adii Dominum, et deprecatus sum illum (Sap. 8). Iakin nuenean, ezin nengokeiela erori gabe, Iainkoak edukiten ezpaninduen, eta hunen iakitea ere Iainkoaren donua zela, ioan nintzaikan berehala edireitera eta egin nioen othoitz: bere eskutik eduki nintzala, erortzetik begira nintzala, eta garaitiarekin gelditzeko indar eta antze eman ziazadala. Halatan egia hunen berri ziakienak bezala egiten zioen othoitz San Augustinek ere Iainkoari, erraiten zioela: Continentiam iubes, da quod iubes, et iube quod vis (Augus. 10 Conf. c. 24). Manatzen duzu, begira dezagula kastitatea, emazu bada manatzen duzuna, eta gero mana ezazu plazer duzuna: manua bezala, emazu manuaren konplitzeko eta begiratzeko indarra ere, zeren halatan bai, baiña bertzela ezta konplitzerik eta ez begiratzerik. 241 Bada haragiaren bekhatuan, lehen edo gero, aldez edo moldez, obraz edo gogoz, kutsatu gabe, edo linburtu gabe egoitea, eta irautea, Iainkoaren donua eta emaitza, geurok geure indarrez ezin erdiets dezakeguna denaz geroztik, erna gaitezin, iratzar gaitezin, eta erortzetik begiratzeko, ahal diratekeien habeak, sostenguak eta erremedioak bilha ditzagun. Eta lehenbiziko erremedioa eta sostengua da orazinoa, othoitza. Geureaz denaz bezan batean, errendatuak iarririk, garaita emanik, erauki erranik, eztugula indarrik asko ezaguturik, geure Iainkoari hel dakigula, eta bere eskutik eduki gaitzala othoitz egitea. Eta othoitz hunekin batean, Ama Birjinaren, kastitatearen patroin bezala ararteko ibentzea. Zeren baldin Elizako doktor batzuek dioten bezala, Ama Birjinak, are mundu hunetan zenean ere, nori ere, eta nork ere behatzen baitzioen, hari, haragiaren desira desordenatuak eta gogoeta lizunak iraungirik, heken lekhuan gogoeta garbi batzuk, eta garbiki bizitzeko nahikunde handi batzuk pitzten eta emaiten bazerautzan: zenbatenaz orai han goititik, loriatik, hanbat kredit eta esku duen lekhutik, bere debotei egiazki gomendatzen zaizkonei erdietsiko deraue, eta erdietsirik emanen deraue, haragiaren tendamenduen haizatzeko eta benzutzeko indar, bothere, eta garazia? (Ambros, de instit. Virg. c. 7. S. Thom. 3 sent. q. 1 art. 3 ad 1). Beraz dagiogun Iainkoari othoitz eta orazino, emaiten diogula ararteko bere Ama Birjina, begira gaitzala, fabora gaitzala. Zeren lehenbiziko erremedioa eta erremediorik hoberena, haragiaren lohian ez sartzeko, eta sarthuz gero ere, fite ilkitzeko, aratz eta garbi gelditzeko eta egoiteko, haur edirenen dugu: Iainkoari gogoz eta bihotzez othoitz egitea, Ama Birjinaren ararteko ibentzea eta enplegatzea.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO, BIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO GOGOETEI LEKHURIK EZ EMAITEA KAP. XXXVI

242 Bigarren erremedioa, eta erremedio ona eta hautatua, emaztèkin kutsatu nahi eztuenarentzat, da, hartako gogoetez begiaren edukitzea; heldu direla ikhusten direnean athearen herstea. Sua pitzten denean da erraxenik iraungitzeko, eta bai landarea ere ttipi denean bir landatzeko eta atheratzeko. Gogoetetarik, pensatzen egoitetik heldu dira bekhatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak: handik hasten dira, hek dira xertoak, hek dira landareak eta erroak. Hek beraz behar dira handitzetik begiratu. Soldaduak etxean barrena sarthuz gero, nahi duena egiten du: hala egiten du bada halaber nahi duena gogoeta gaixtoak ere, gogoan ostatu hartuz gero, han behin pausatuz gero. Suko inharra, suko xinda, bera ere bere buruz fite iraungitzen da; ordea zuk anarteraiño iguriki gabe, pausatzera ere utzi gabe, berehala, pontu berean, zeureganik egotzen duzu. Hala bada emaztetako gogoeta gaixtoa ere, berehala agertzen den bezain fite haizatu, urrundu, eta zeureganik egotzi behar duzu. Egun batez galdegin zeraukaten Frai Gil, San Franziskoren lagun saindu hari, ea zer moldez edo nola garaiten zituen haragiaren tentamenduak, gutiziak, kilikadurak, eta hartako gogoetak? Eta ihardetsi zuen: Ene borondatearen atheak ioiten dituzten gogoeta gaixtoei erraiten derauet: Ea tentagarriak, iragan aitzinat; ezta hemen zuentzat ostaturik, eta ez pausa lekhurik. Eztut etxean barrena sartzera utzten, ezterauet begitarterik egiten, ezterauet ostaturik emaiten, ez naiz hekin gozatzen, eta ez solhasean iartzen, berehala iauzi eragiten derauet: eta halatan, ez hek ni, baiña nik hek garaitzeintut. Ethortzen zaitzu gogora behar ezten emaztea, eta harekiko plazera, eta zuk gogoeta ura zeureganik, berehala egotzi behar bidean, nola egotziko duzun ezen hartan zaphoratzen zara, gozatzen zara, eta are obran baitzina bezala anhitzetan ere, zeure gogoan atsegin hartzen egoiten zara, eta hala egonez bekhatu mortal handitan erortzen zara. 243 Zeren ez obratuagatik, obratzeko gogoa, eta are obratzeko gogorik gabe ere, gogoeta hartan atsegin hartzea, bekhatu da. Hala erraiten dute teologoek: Non solum consensus in actum, sed etiam consensus in delectationem est peccatum. Hunen arauaz erraiten du San Jeronimok ere: Periit et mente virginitas (Hieron. ad Faustum). Galtzen da, gogoz ere, birjinitatea. Eta badio Kasianok ere: Mulierem ignoro et virgo non sum (Casian. lib. 6 cap. 19). Eztakit emaztearen berririk, eta alabaiña ez naiz birjina. Zeren San Mateok dioen bezala: Qui viderit mulierem ad concupiscendum eam, iam maechatus est in corde suo (Mt. 5). Emazteari, desideratzeko, eta desira hartan atsegin hartzeko kontuan, behatzen dioenak, egin duke ia bere gogoan, eta bihotzean bekhatu. Pontu haur konsideraturik, eta huni erremedio eman nahirik, erraiten zuen San Gregoriok: Celer ergo et facilis victoria, contra libidinem est circunspectio cogitationis, si quoties carnalia obviant, ad aliquid aliud recurramus, quo libidinis incitamentum non sit (Greg. in cap. 1 Reg.). Haragiari kontra egiteko, eta harenganik biktoria erdiesteko, bide ona da, eta lasterra, hartako gogoetei begiaren edukitzea, eta heken lekhuan bertze gogoetari lotzea. Gure gogoa ezin dagoke gogoeta gabe; ezin gauteke, zerbaitetan pensatu gabe. Pontua da ea zertan pensatzen dugun, nolako gogoetak ditugun; eta baldin gaixtoak baditugu, utz hek, eta har heken lekhuan onak. Begirautzu, etzaudela emaztètan pensatzen. Zeren pensatze hartarik ethorriko zaitzu atsegin hartzea: atsegin hartzetik, desiratzea, desiratzetik bidèn egitea, eta obratzea. Eta guztiak heldu dira, gogoaren lehenbiziko orhoitzapenetik, eta orhoitzapen hari lekhu eta ostatu emaitetik, erroen egitera eta handitzera utztetik. Beraz hartarik begiratu behar da. Zeren hura da emaztètako bekhatutan erortzetik begiratzeko bigarren erremedioa: hartako gogoetei lekhurik ez emaitea, agertzen direnean khentzea, baratzera ez utztea, eta ez sosegatzera: beltzuri bai, baiña begitarterik ez egitea.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO, HITURGARREN ERREMEDIOA: BORONDATEAREN DELIBERAMENDUA KAP. XXXVII

244 Ez erortzeko, eta eroriz gero ere, iaikitzeko, erremedio handia da gogoa, borondatearen deliberamendua: hain handia, non bertze guztiak alfer baitira, deliberamendu hura gabe. Iainkoaren aldetik, behar da haren garazia, eta faborea, eta guretik gure gogoa eta borondatea. Emazte batekin bekhatutan zaudenean, eta peril handian, hala zaudela, zeure azken egunak ediren zaitzan: zer bide izanen da, peril handi hartarik eskapatzeko? Emazte haren utzteko? Zer? Gogoa, borondatea, apartatzera deliberatuki deliberatzea. Ethortzen da iubilio bat, edo besta-buru bat, edo garizuma: eta hetarik batetan, ikhusirik ezen bertzela galdua zoazilla, egiten duzu urrikimendu handi batekin kofesione jeneral bat, zeure mendean egin ditutzun falta guztiez, harturik borondate fin bat, ez gehiago emazte harengana, eta ez bertze halakotara bihurtzeko. Eta handik harat hala konplitzen duzu, etzara gehiago bihurtzen. Haur da erremedio ona, eta hartu behar den bidea, itsutua eta berekotua zadutzan emaztearen utzteko.

§ 1

245 Ordea utzte haur, amoranteaganik apartatze haur, nola edo zer moldez eginen duzu? Onez onetara, etsaitu gabe, ala etsaiturik? Baldin etsaitzen bazara, horra non duzun berehala amorante harenganik milla burho eta maradizino: erran-merran, eta desohore: erasiko du, oihu eginen du, eztu nehork ixilduko. Bada etsaitu gabe, eta gaitzera ethorri gabe, onez onetara apartatzea ere gaitz izanen da, eta perilos. Zeren lehen trebatuak izan, eroriak izan: lehen bezala elkharrekin egoiten, ibiltzen, minzatzen: okhasinoak ere lehen bezala, edo maizago presentatzen eta gerthatzen: gogoa urri, aldatzen errax: eta emazteak ere behin gerthatuz gero, ez falta ekidin. Bada egiteko, bada zertan pensa. Badirudi hobe lizatekeiela gaitzerarik eta haserreturik, partitzea eta elkhar utztea. Pontu hunen gaiñean bi gauza nahi nituzke erran. Lehenbizikoa: baldin etsaitu gabe, adiskidetasuna hautsi gabe, ezin aparta bazaitezke, hauts ezazu, etsai zaitezi. Eta orduan emazte hura haserretzen dela, edo gaitzez iartzen dela ikhusiagatik, eztagizula konturik. Zeren haserretze hura eta gaitzez iartze hura haren gaiñean izanen da, eta ez zure. Eta halaber orduan, zutzaz gaizki erraiten badu ere, paira ezazu, zeren zeure merezia duzu. Halako ezteietan, halako zopak; halako egitekoek, halako ondorea, plazer iraganek atsekabea ohi dute. 246 Bigarrena erran nahi nuke: baldin emazte hari, zeure amoranteari adiskidetasuna hautsi gabe, etsaitu gabe, eta liskartu gabe, aparta ahal bazakitza, hala egin zakitza.«Ordea nola apartatuko natzaika etsaitu gabe?» Ezta gaitz, baldin partida biok, gaixtarekian izan zareten bezala, ontasunean akhort bazarete, nola izaiteko baituzue. Zeure gogoan deliberatu duzunean debozinoan iartzera, bekhatu suerte guztietarik eta guztiz ere emaztètakoetarik kanporatzera; orduan emazte hari, zeiñekin behar ezten ezagutza izatu baituzu, erran behar diozu onez onetara: Iainkoak daki, nola nahia baizen ezpaliz, nahi nukeien oraiño bezala, hemendik aitzina ere zurekin egon, ibili, bizi eta segitu. Baiña hunela izaitera badakusat ezen zu eta ni ere galduak goazilla, fin gaitz egiteko bidean garela. Eta hala geure arteko ezagutza gaixtoari alde egin behar diogu, apartatu behar gatzaitza: eta hemendik aitzina (gaiñerakoan adiskide gelditzen garela) halako traturik gabe, garbiki eta prestuki bizi behar dugu. Nik hala nahi nuke, hala deliberatu dut, gogo hartu dut, har ezazu bada zuk ere. Eta iakizu ezen eztela hemendik aitzina, halako egitekoz, enekin zer gehiago mintzaturik: eta oraidanik, nik hetzaz, adio erraiten deratzudala. Eta orduan bertzeak ere, zuk bezala erraiteko luke eta egiteko. Eta uste dut gutik falta lezakeiela, baldin alde batetik edo bertzetik, hunelako biderik, molde onez ideki baledi. Huna non duzun erremedio ona, hala arimako nola gorputzeko, eta bai munduko ere: elkharrekin akhordaturik eta mintzaturik, elkharganik apartatzea eta bereztea. Ordea lehen munduak dakiela bekhatutan egon direnek, eta bekhatuaz denaz bezan batean elkhar utzi dutenek, eztute handik harat, lehen bezala elkharrekin ibili, ian, edan eta solhastatu behar: eztute premiazko gauzètan baizen elkhargana behar. Bataz okhasinoak okhasinoa pitz eztezangatik; eta berriz bertzea eskandalurik eztengatik, eta munduari ere eztela ia heken artean, lehen bezalako bekhaturik aditzera emaiteagatik. Zeren obligatu zara exenplo onaren emaitera, eta munduari ere giristino bezala bizitzen zarela erakustera: halatan, ez zure saindutasuna ager dadin, baiña Iainkoa lauda dadin amoreakgatik. Eta halaber baldin bada nehor, zu zeneunden bezala, dagoenik, esportza dadin hura ere, zuk hartu duzun gogoaren eta borondatearen hartzera, eta zuk bezala bekhatuaren utztera.

§ 2

247 Emaztètarik apartaturik egoiteko gogoa, hain ongi hartu behar da zahartzean, nola gaztean. Zeren gogoaren aldetik denaz bezanbatean, bada hurran, hurran hanbat peril zahartzean nola gaztean. Presuna bat denean hordi, eta emakhoi, ian-edanera, eta emaztètara emana, erraiten ohi da komunzki halakoagatik, utziko dituela denborarekin emazteak, baiña ez edatea. Zeren emaztètako indarra flakatuko baitzaika, baiña ez edatekoa hala. Bada iakizu ezen gizon putanera, gaztean bethi hala izatu dena, zahartzean ere komunzki hala ohi dela: ez obraz, baiña bai gogoz. Zeren gogoa bethi da gazte, eta gaztetasuneko usantzek zahartzean ere, gogoa errekeritzen dute. Zaharrak bekhatu gutiago egiten badu ere obraz, ordea guti haren egiteko, gogoa bethi hartan daduka. Eta haur da San Gregoriok dioen bezala, deabruaren usantza, obraz ezin eragin dezakeienean, gogoz bedere, eragitea: Callidus adversarius noster, cum ab effectu operis expellitur, secreta cogitatione polluere nititur (Gregor. in Mt.). Zahar izanagatik, gogoa emaztètan badaduka, urrats guztiaz eroriko da, edo hobeki minzatzera, bethi eroria egonen da. Eta hala bekhatu hunetarik begiratzea, eztago ez guztia adinean, eta ez indarrean, baiña bethiere Iainkoaren faborea aitzinean hartzen dela, dago gogoan, eta gogoaren deliberamenduan. Eta dohatsu da emaztètako indarra ioaiten zaikanean, hartako gogoa ere ioaiten zaikana. 248 Egia da, zahartuz gero, adin batera helduz gero, odola hotzten da, naturaleza flakatzen da. Eta hala zahartzeko amurusia da gaixtoena. Senex amore captus ultimum malum (Menander). Zeren hura baita gogoarena, naturaleza bortxatu nahizkoarena, okhasino gabekoa, kondenatzeko seiñalea; eta Spiritu Sainduari lehen erran den bezala, itsusi zaizkon bekhatuetarik bat. Halakoari erran ahal dakidikaio, Udo zeritzan bati erran zeikana: Impone finem ludo, quia satis lusisti, Udo. Asko iokatu zara, zahartu zara, ez gehiago bihur. Akhaba iokoa, zerori akhabatu gabe: utz zuk hura, hark zu utzi gabe. Baiña Udo hark etzuen utzi: eta hala fin gaitz egin zuen, eta eginen duzu zuk ere, baldin zahartzean bedere gogoa hartarik aldaratzen ezpaduzu. Eta gogoa diot. Zeren egizu milla erremusina, eta obra on, eta zaren urthez kargatua. Baiña ezta probetxu, baldin bertze aldetik, gogoa emaztètan badadukazu. Sinhets ezazu ezen Iainkoarekin batean, guztia gogoan dagoela. Haur da hirurgarren erremedioa, emaztetarik begiratzeko, hekin ez kutsatseko, eta kutsatuz gero ere, garbitzeko, gogoaren deliberamendua, borondatearen bertze aldera deliberatuki itzulirik iartzea,eta egoitea.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO LAURGARREN ERREMEDIOA: EZ ALFER EGOITEA KAP. XXXVIII

249 Trabailla zaite, egitekotan ibil zaite, zerbaitetan enplega zaite, alfer egoitetik begira zaite, eta halatan begiratuko zara emaztèkin huts egitetik ere. Zeren alferkeriatik heldu da amurusia, emaztètako gogoa, orhoitzapena. Eta bai malizia pensatzea, eta nahastekamenduen egitea ere. Halatan erraiten du Aristotelek: Nekhazalerik, eta laboraririk baizen ezten herria, dela herririk hoberena (Arist. lib. 5 Politic.). Zeren nekhazaleak bere nekeaz eta trabailluaz baitaduka kontu, eta ez amurusiaz, eta ez nehoren nahastekatzeaz. Trabaillatzen dena, edo egitekotan dabillana, eztu haragiak tentatzen-handi. Aitzitik trabailluek, atsekabèk, eta egitekoek, bertze egitekorik emaiten diote. Egia hunen frogatzeko kontatzen du San Jeronimok (Hieron. ad Rusticum): Ejiptoko monasterio batean zela fraide gazte bat, haragiak bortitzki tentatzen zuena, bero hutsez bethi zirakiena, hain irakin ezen barurtuagatik, disziplinatuagatik, eta bertze anhitz enseiu eginagatik, ezin iraungi baitzezakeien su hura, eta ez egotz bereganik hartako gogoa. Monasterio hartako abadeak egiteko haren berri iakin zuenean, ikhusirik ezen fraide hura galtzeko periletan zela, egin zuen gogoeta, zer moldez atherako eta libratuko zuen peril hartarik. Eta iduriturik ezen tentamendu hek guztiak alferkeriatik, egiteko gabe, aise, bere gogara, plazerera eta atsekaberik gabe egoitetik heldu zeitzala, erauzarari zeraukan falso testimonio gaixto bat. Akhusatu zuten bi lekhukok abadearen aitzinean, abadearekin berarekin aditurik. Eta bazihardukaten elkharren artean. Akhusatuak ukha, oihu, falso zela, gezurra zela, etzela halakorik, etzuela hobenik. Baiña lekhukoek mantena, on eduki, hala zela. Hunela zebiltzala, eta abadea ere sentenzia emaitetik berariaz gibelatzen zela, iragan zen urthe bat. Eta gero haren buruan, galdegin zeraukan abadeak fraide hari, ea nola zihoakon bere haragiarekin? Ea lehen bezala tentatzen zuenz? Eta ihardetsi zioen: Papae, vivere non licet, et fornicari libeat? Zer tenta? Eztakusazu zertan naizen? Eztakusazu biziaz etsitu hurran dudala? Lorik ere ezin daidikedala? Ioan dira leheneko gogoeta hek, orai bertzek deraut gogeta eta egiteko. Ikhusazu zein artez eman zioen abade hark xedeari, eta nola atsekabearen emaiteaz, eta alferkeriaren eta aisiaren kentzeaz, kendu zerautzan haragiaren tentamenduak ere. Amor est animi vacantis passio (Chrys. Hom. 14 in cap. 1 Mt.). Amorio desordenatua, astia duena baithan, presuna alferrean edireiten eta ostatatzen da, hari dagokan arrotza eta bianda da. Hargatik pintatzen zuten Venus iarririk. Zeren amorioa edo amurusia, alferkeriaz, aise eta geldi egoiteaz hazten eta mantenatzen baita. Eta badio Ovidiok ere: Otia si tollas, periere cupidinis arcus (Ovid. lib. 2 de remd. amoris). Baldin ken baitzatzu alferkeriak, galdu dirateke Kupidoren arkuak, eztu nehor bere tragazèz zaurtuko.

§ 1

250 Komunzki alferrak ian edanean, eta emaztètan ohi daduka gogoa. Hala erraiten du Kasianok: Mens otiosa nihil aliud novit nisi de escis atque ventre (Casian. lib. 10 cap. 8). Alferraren gogoetak eta solhasak ian-edanaz eta sabelaz dira, eztu bertzetan pensatzen ere. Halatan erraiten zioen San Jeronimok Rustikori: Ama studia litterarum eta vitia carnis non amabis (Hieron. ad Rusticum). Onhets ezazu estudioa, eta eztuzu haragiaren bekathuan atseginik hartuko, eta ez gogorik edukiko. Hartzen baduzu estudioa fintki, utziko duzu emaztea laxoki. Haec fuit iniquitas Sodomae sororis tuae, superbia, saturitas et otium (Ez. 10). Ierusalem, zure aizpa Sodomaren bekhatua eta galgarria izan zen, urguillutasuna, asea eta alferkeria. Alferkeriarekin batean egin zituen Sodomako hiri hark hain huts handiak, eta bekhatu khiratsak, non igorri baitzeraukan Iainkoak, ez lur estaltzeko, eta ez ur garbitzeko, baiña bai su eta khar erratzeko eta xispiltzeko. Errege Davitek, trabaillatzen zenean, gerlan bere presunaz zebillanean, kontu guti egiten zuen emaztèz. Baiña astiari, eta aisiari iarririk, mandatariz eta bere ordaiñez egitekoen egiten hasi zenean, atzeman zen berehala, eta erori bertzeren emaztearekin. Salomon ere tenploaren egiten hari zen bitartean, eztugu edireiten enganatu zutela emaztèk, baiña tenploa akhabaturik, alferkeriari eman zeikanean, fite atrapatu zen. Bada Sanson ere gerlan zebillaiño, ezin egundaiño garaitu zuten bere etsaiek, baiña egitekoak eta gerlak utzirik, emazte baten altzoan bere plazerera etzan zenean, emazte hark berak enganatu zuen, eta gero etsaiek hartzaz nahi zutena egin zuten. Vigilate ergo, fratres mei, quia nec sanctiores Davide nec fortiores Sansone, nec sapientiores Salomone vos esse video (August. ad fratres in eremo. Sermo 17. T. 10). Zaudete beraz iratzarririk, ene anaia maiteak (dio San Agustinek), zeren eztakusat nik, zaretela zuek, David baiño sainduago, Sanson baiño balentago, eta ez Salomon baiño iakinsunago. Quaeritur Aegistus quare sit factus adulter? In promptu causa est, desidiosus erat (Ovid. lib. 1 de remedio amoris). Galdegiten da, zergatik erori zen Egisto adulterioan? Prest da arrazoiña: zeren alferra baitzen. Bada molde berean erran ahal diteke, Davitez, Sansonez eta Salomonez ere. Zeren hek guztiak, bertzerik anhitz bezala alferkeriak galdu zituen edo galtzeko perilean ibeni zituen. Beraz hunelatan zerbaitetan enplega zaite, trabailla zaite, alferkeriatik begira zaite. Zeren halatan emaztètarik ere begiratuko zara.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO BORZGARREN ERREMEDIOA: KONSIDERATZEA ZEIN TTIPIA ETA LABURRA DEN HARTAKO PLAZERA KAP. XXXIX

251 Emaztetarik begiratzeko hetara ez hain isuria, eroria, eta gogoa egotzia egoiteko, on lizateke, zenbait aldiz bedere, bakharrik zaudenean, gogoeta egitea, eta zeure baithan konsideratzea, ea nolakoa, handia ala ttipia, luzea ala laburra den emaztètako plazer hura. Zeren baldin ttipia, eta laburra baldin bada, erhokeria handia da hargatik presunak bere buruari hanbat atsekabe eta egiteko, nola anhitzetan ere emaiten baitio, emaitea. Bada frogatu duten guztiek batetan, eta boz batez, aithortzen, erraiten, eta kofesatzen dute, plazer hura, plazer aphurra eta laburra dela, hasi deneko akhabatu dela: eta are batzutan hasi gabe ere akhabatzen dela. Zeren plazer hartan berean ere, komunzki plazer baiño desplazer gehiago edireiten baita. Utzten ditut plazer haren aitzin-gibelak, anarteraiñoko, eta ondoreko egitekoak, eta atsekabeak, handiak baitira; baiña hartan zareneko bereko plazeraz mintzo naiz: eta diot ezen orduan ere, hartan zarenean ere, zerbait eskastasun, zerbait deskontentamendu izaiten duzula; eta hura dela kausa, orduan ere guztiak ongi kontatzera, plazer baiño desplazer gehiago izaiten duzula. Hala erraiten du San Basiliok: Oblectatio corporeae voluptatis, plus doloris habet quam voluptatis (Basil. in Ps. 33). Haragiaren plazer korporalak, dolore, eta desplazer gehiago du, atsegin eta plazer baiño. Arrazoiñekin galdegiten du Iondone Paulok ere: Quem fructum habuistis in iis quibus nunc erubescitis? Zer fruitu, zer irabazi eta plazer izan zenduten orduan, orai ahalkez ere bururik ere ezin ailtxatuz, zaudeten bekhatu hetan? Are orduan ere etzenduten plazer osorik hartu, etzineten aspertu, eta ez ase. Eta ezta miretsteko ez asetzea. Zeren sua bezala da haragiaren bekhatua: eta suak eztu behin ere erraiten asko duela. Ignis numquam dicit sufficit. Zeren Glosak dioen bezala, voluptates semper habent famem sui (Prov. 30. Glosa ordin. in cap. 7 Luc.). Haragiaren plazerak, bethi dira, plazer gose. Eta iduritzen bazaitzu ere, baldin behin zeure desira desordenatua konpli bazeneza, hainbertzez sosega zindezkeiela, enganatzen zara. Zeren San Jeronimok dioen bezala: Libido numquam satiatur, et cum videtur extincta, reaccenditur, usu crescit et deficit (Hieron. ad matrem). Haragiaren plazera ezta behin ere guztiz asetzen, eta ez osoki iraungitzen. Eta batzutan asetzen eta iraungitzen dela badirudi ere, berriz berehala gosetzen eta pitzten da. Eta are denbora gutiren barrenean, lehen baiño bizikiago iratzartzen da. Hala erraiten du Glosak: Luxuria etsi ad horam satiatur, postmodum tamen ad appetendum arctius inflammatur. (Glos. Lyrana in cap. 3 Prov.). Nola gizonak emazteari diadukon amorioa, bere egitez baita, natural, amorio hura aphur bat hotztuagatik ere, berehala naturalezak berak berotzen du, iraungiagatik, pitzten du.

§ 1

252 Erraiten du Alziatok: Heu miser in mediis sitiens, stat Tantalus undis; et poma, esuriens proxima, habere nequit (Alciatus, Emblem. 84).Tantalo on-behar hura gose eta egarri zen: eta bazuen oiñen azpian ur franko, eta buruaren gaiñean zuhaitz bat, fruituz bethea. Ordea edan nahi zuenean, urak ihes egiten zioen, eta iaterakoan, zuhaitz adarrak goititzen eta goratzen zeitzan, ezin erdiets zitzakeien. Ianhariz eta edariz inguratua zegoen, eta alabaiña goseak eta egarriak hilzera zeraman. Hala da bada haragiren atseginetan eta plazeretan dabillana ere. Gose da, egarri da eta emozu nahi duen bezanbat, sar bedi begietaraiño, baiña eztiteke ase, eztiteke osoki konpli eta ez kontenta. Libido lassari potest, satiari non potest (Destructor vitiorum). Unha ahal diteke eta nekha baiña ez ase. Hala erraiten da Erromako andre batez, hanbat ibili zela gizonekin non hetarik partitu baitzen nekhaturik, baiña ez aserik. Et lassata viris, sed non satiata recessit (Iuven. Satir. 6). Aitzitik edanago, egarriago; usatuago, nahiago. Haragiaren desira desordenatua, abarizia bezala da. Crescit amor nummi, quantum ipsa pecunia crescit (Iuvenal.). Zenbatenaz diru gehiago, hanbatenaz gutiziosago. Hala da bada haragiaren bekhatua ere. Segituago, nahiago; usatuago, barrenago; aseago, goseago. 253 Baldin uste baduzu, emaztetan anhitz usatzeaz, emaztètako gutizia gutituko zaitzula, enganatzen zara. Aitzitik nola bat bedera anhitz iateaz eta anhitz edateaz, ialeago eta edaleago egiten baita, hala emaztekin usatzeaz ere, egiten da emakhoiago, eta emaztètara emanago. Haragiaren aphetitua hobeki kiltzen da ez usatzeaz, usatzeaz baiño. Utzten ditut bertze erremedioak, baiña erremedio naturalik, haragiaren tentamendu guti izaiteko, ezta halakorik, nola ez usatzea. Zeren ez usatzeaz anzutzen da haragia, ez-ansiatua, eta ahantzia iartzen da. Baiña usatzeaz bethi ernatua, iratzarria eta orhoitua egoiten da. Hala edirenen duzu, ezen gizon bat alharguntzen denean, berehala haragiaren lehenbiziko orhoitzapenean ezkondu nahiz dabillala, ezin dagokeiela. Zeren leheneko usantzak errekeritzen baitu. Eta halakoak nola bera ezin baitagoke, uste du ezen bertze guztiak ere hura bezala direla, hark bezain igurikitza eta pairu guti dutela. Baiña bere buruaren baizen berririk eztakiena bezala mintzo da. Zeren usatzen eztuenari, haragia hildua, sosegatua, sorthua eta az ansiatua dagoka. Beraz ez usatzeaz, etsitua eta gogatua egoiteaz, eta guztien buruan haragiaren plazera, zein gauza aphurra eta laburra den konsideratzeaz, egizu. Zeren halatan zeure buruari sosegamendu handi bat emanen diozu, eta haragiaren bekhatutik begiratzeko ere borzgarren erremedioa edirenen duzu.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO SEIGARREN ERREMEDIOA: HARTAKO PLAZERAK ZEIN ONDORE GAIXTOA BERE ONDOTIK UTZTEN DUEN, KONSIDERATZEA KAP. XL

254 Haragiaren bekhatutik begiratzeko, seigarren manamenduaren konplitzeko erremedio handia bada ere, haragiaren plazera zein gauza aphurra eta laburra den konsideratzea: ordea ezta ttipiagoa, plazer ttipi labur hark, zein ondore gaixtoa bere ondotik utzten duen halaber konsideratzea, eta ongi gogoan edukitzea. Zeren plazera iragan den bezain fite, han da desplazera, han da berehala damua, urrikia, atsekabea eta egin ezpalu nahia. Kontatzen du Aulo Geliok Korintioko herrian zela Lais zeritzan emazte eder bat, famatua, amoltsua eta plazer egillea, eta bere ofizioaren baliatzen ongi ziakiena (Aulo Gelio lib. 1 cap. 3). Bada egun batez Demostenes filosofo handi hura emazte haren aldetik iragaiten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen: eta galdegin zioen Lais berari, ea zenbana saltzen zen fruitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zeikan suma handi baten, gehiago bortz ehun ezkuturen baiño: handiari handiki. Demostenek aditu zuenean, ema-muthiriaren demanda, ihardetsi zioen, ez uste bezala: Ego poenitere non tanti emo (Plutarc. in Aphothe.). Eztut nik urrikitzea edo urrikia horrein garastia erosten. Erran baillio bezala: Badakit, andrea, ezen baldin nik orai iragan baneza zurekin neure aphetitu desordenatua, urriki lekidikedala berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, eztut horrein kario erosten, eta ez hargatik hanbat diru emaiten. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua. Eta Demostenek eman zuen hartan aditzera bekhatuari bethiere bere ondotik urrikia darraikala. Munduko plazer desordenatu hautan aphetitua hillez gero, asez gero, gozatuz gero, higuintzen da bianda, ethortzen da urrikia. Ezin erran diteke zein erhotua ibili zen Amnon, errege Daviten lehenbiziko semea, bere arreba Tamarren ondoan, zenbat pensu, gogoeta eta itzul-inguru egin zuen, haren erdiesteko. Baiña gero, erdietsi eta gozatu zuenean, hain gaizetsi zuen, ezen berehala, ikhusi ere nahi gabez, etxetik egotzi baitzuen. Errege Lisimakok, egartsua iaundurik, behin edateagatik, errendatu zenean, erran zuen, edan ondoan, edanaz urrikiturik, tristura handi batekin: O dii: quam parvae voluptatis causa, meipsum ex rege servum effeci (Plutarc. in Aphothe.). Ha Iainkoak: ala ni plazer aphurragatik, behingo ur hotz edateagatik, errege eta libre nintzena, muthil eta gathibu egin bainaiz. Hala erran ahal dezake bada haragiaren plazer aphur batengatik, deabruaren azpiko eta gathibu egiten denak ere. Ala ni, deus gutigatik, hunetara bainaiz, Iainkoarekin adiskide nintzena, etsaitu bainaiz.

§ 2

255 Haragiaren plazerak zein guti irauten duen gogoeta egitera: plazer haren erdiesteko, zenbat trabaillu, gau eta egun gaixto iragan behar den pensatzera: eta guztien gaiñetik, plazer eztheus hark, hasi deneko edo hasi gabe akhabatzen den hark, zenbat pena eta atsekabe emaiten duen: eta zein ondore gaixtoa bere ondotik utzten duen konsideratzera, eztut uste, lizatekeiela bat ere egiteko hartan sar litekeienik; ez behintzat adimenduan dagoenik, zentzua buruan duenik, zoro eta itsu eztenik. Eta hartan dabiltzanek berèk ere ezagutzen dute, ezagutzen, huts eginak doazilla, anhitz kalte handik errezibitzen dutela, bai konzientzian, bai ohorean, bai osasunan eta bai haziendan ere. Eta hala uste dut, ezen, eztela bat ere, bere desira iragan duenean, tristetzen eztenik, urrikitzen etzaikanik, eta bere baithan eztuela gehiago bihurtu behar, zerbait gogoeta egiten eztuenik. Zeren orduan bere berri hartan aphur bat hotztua dateke, ematua dateke. Ordea nola gero berriz bere leheneko aphetitura bihurtzen baita: hala bihurtzen da halaber, bere leheneko tokira, tornura eta lohira. Eta nola uli-farfailla, ezpaita, hegalak erra arteiño, kandelaren ingurunetik urruntzen, hala amurus itsutua ere, ezta, arima, gorputza eta hazienda honda arteiño zenzatzen. Eta hunen arrazoiña da, zeren hala dabillanak, ezpaitu abreak baiño gehiago, ethorkizunera behatzen: eta ez plazer hark zein ondore hotza eta atsekabetsua bere ondotik utzten duen behar bezala konsideratzen.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ZAZPIGARREN ERREMEDIOA: BORZ ZENSUEZ, ETA LEHENBIZIKORIK BEGIEZ, KONTU EDUKITZEA KAP. XLI

256 Nork ere nahi baitu bere buruaz kontu onik eman, behar ditu borz zensuak (zein baitira, ikhustea, dastatzea, enzutea, usnatzea, eta ukitzea) guardiatu eta begiratu. Zeren hauk dira leihoak eta portaleak, zeiñetarik bekhatu guztiak, eta guztiz ere haragiarenak, ariman barrena sartzen baitira. Athe hauk behar ditugu hertsi, eta hautzaz eduki kontu, baldin etsaia geure arimako gazteluan sartzetik nahi badugu begiratu. Lehenbiziko athea eta portale prinzipala da begietako bista, Visus. Hunek bertze zensu guztiei eramaiten deraue abantail. Hunek denbora gutiz egiten du anhitz. Urruititik ikhusten du, eta ikhusten duena gogoan barrena sartzen du, eta gogoak ere errezibitzen du. Baldin begiari edukitzen ezpazaika begia, kalte handiak gerthatuko dira. Ebak ikhusi zuen sagarra, eta handik bere burua gurekin batean, penatan ibeni zuen. Davitek behatu zioen behar etzen emazteari, eta handik egiteko handitan erori zen. Komunzki amorioa begietarik sarzen da, handik hasten eta sortzen da. Ihiztari handiak dira begiak, eta bere gogarako ihizirik eraikitzen dutenean, eztira erdiets arteiño baratzen. Begietako bista batek, behingo behatzeak, eta are anhitzetan ere, iragaitzaz eta ustekabean behatzeak, arrobatzen du bihotza: zer eginen du bada behin eta berriz, berariaz eta luzaro beha egoite hark? Bigarren behatze hark, berriz bihurtze hark, gogoeta egiten duela, eta zer hari den dakiela, begiak finkaturik eta landaturik, emaztearen begiei, begitarteari, gorputzari, edertasunari eta ibilguneari beha egoite hark, sua pitzten du, aitzinatzen du eta azkenean erratzen du. Hargatik erraiten du Spiritu Sainduak: Ne respicias mulierem multivolam, ne forte incidas in laqueos illius (Eccle. 9). Eztiazozula beha, emazte arin, airatu, leihariari: behin ikhusiz gero, ne respicias, ez bir-ikhus, ez berriz bihur. Zeren bihurtzen bazara, haren saretan erortzeko periletan iarriko zara. Ahalke gabeki, muthiriki, kantoin guztietara begiak dabiltzala, dabillan emaztea, peril da eroria den, edo sarri eroriko den. Ne dicatis vos habere animos pudicos, si habeatis oculos impudicos, quia impudicus oculus, animi impudici est nuntius (August. in regula). Ezterrazuela (dio San Agustinek) bihotz garbiak eta onhestak ditutzuela, baldin begi desonhestak eta ahalke gabeak baditutzue. Zeren begi desonhesta, ahalke gabea, eta kanpoan sosegurik eztuena, barren gaixtoaren, sosegu gabearen eta desonhestaren mandataria da eta seiñalea. Emaztètarik begiratu nahi duenak, begiratu behar du halaber emaztei behatzetik, behintzat bai, aiherkunde gaixtoz, eta handik kilikatzen dela, sentitzen duelarik beha egoitetik.

§ 1

257 Gauza ederra da, eta arimakotzat probetxu handitakoa onhetstasun batetan begien beheititurik edukitzea. Kontatzen da Hugo Ipizpiku saindu hartzaz, hain zedukala kontu handia bere begien egin bideaz, non emazte batekin minzatzen zenean, bethiere burua ahal bezanbat, bertze alderat itzultzen baitzuen (Guidus Cartus, in vita Hugonis). Eta erraiten zuen ongi zela hala egitea, zeren bertzela gaitz zela bere gogarako gauza ikhusiz gero, haren ez desiratzea, edo hartzaz gogoetarik egin gabe, egoitea. Ziroren soldaduek hartu zituztenean Asirioen iendeak eta onak, ediren zuten bertze presoen artean Pantea ederra, errege Abradaten emaztea. Eta eman zioten berehala aditzera errege Zirori, emazte haren edertasuna nolakoa eta zein abantaillatua zen. Baiña zeren erregek ez aditu iduri egiten baitzuen, lehiatu zeikan bere adiskide mamietarik bat, trebèn zeikana, Arraspas zeritzan bat, erraitera: Errege, ezta egundaiño lurraren gaiñean hain emazte ederrik sorthu, merezi du hain bertze ohore eman diazozun, merezi du behin ikhus dezazun: eta prometatzen deratzut, ezen baldin behin ikhusten baduzu, eztuzula bigarrenean gonbidatzaillerik beharko, zerori egonen zarela errana (Rhodig. lib. 13 c. 3). Orduan ihardetsi zioen erregek, hala erraile hari: Bada arrazoin horren beronengatik, eztut ikhusi nahi. Zeren baldin behin libreki ikhusten badut, beldur naiz bigarreneko gathiba nadin, eta neure desira desordenatuak behar eztena eragin diazadan. Errepuesta eder haur eman zuen errege ientil hark. Zeren baitziakien, zenbat kalte egiten zuen, gauza debekuaren ikhusteak. Hala irakurtzen dugu Alexandro handiak ere biktoria famatu hura errege Darioren gaiñean izan zuenean, eta haren alaba ederrak bertze presoen artean hartu zituztenean, etzuela nahi izatu ekhar ziazoten hetarik bat ere bere aitzinera, beldurrez ikhusi eta gero, behar etzena eragin ziazoten. Edireiten da bertzerik ere anhitz hunelako exenplorik, zeiñetarik athera behar baitugu, baldin nahi ezpadugu, behar ezten amorioa gogoan eta bihotzean barrena sar dakigun, zenbait aldiz begiak beheititu eta hertsi behar ditugula: begietako bistaren portale hunez (zein baita lehenbiziko zensua), kontu eduki behar dugula. Zeren haur da erremedio ona haragiaren bekhatutik begiratzeko hartu behar dena.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO ZORTZIGARREN ERREMEDIOA: MIHIAZ KONTU EDUKITZEA KAP. XLII

258 Baldin bistaren portaleari eduki behar bazaika begia, eta egin guardia, segur da etzaikala gutiago egin behar gustuarenari. Hain ongi eduki behar da kontua bataz nola bertzeaz. Eta gustuaz mintzo naizenean, mintzo naiz ahoari ukitzen zaitzan gauza guztiez: hala mihiaz eta minzatzeaz, nola ianaz eta edanaz. Lehenbizikorik behar da banoki, ergelki, arintki eta desonheski minzatzetik begiratu. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Corrumpunt bonos mores, colloquia mala (1 Cor. 15). Solhas gaixtoek galtzen dituzte aztura onak. Eta erraiten dute filosofoek ere: Voces sunt signa conceptuum. Mihiak deklaratzen du zer dadukan bat bederak bere gogoan eta bihotzean. Nor nola mintzo baita kanpoan, hala ohi da barrenean. Zer baitaduka gogoan, hura aipha nahi du iendartean, mihia da bihotzaren mandataria, mihian da ezagun nor den bat bedera, eta bai nongo den ere. Iondone Petri ezagutu zen bezala. Eskusatu behar dira eta gibelatu hitz alferrak, arinak, iokolariak, dostailluak, eta guztien gaiñetik desonhestak, banoak eta ergelak. Zeren hek iratzartzen dute lo datzana, eraikitzen dute ihizia eta eragiten behar eztena. Hek dira su pitzgarriak, eta elkharrekin trebatzeko bideak. Halako hitzetarik behar duzu eskusatu zeure mihia, baldin nahi baduzu begiratu emaztètarik zeure burua.

§ 1

259 Halaber begiratu behar duzu emaztèkin sobera solhastatzetik, konbersatzetik eta hitztun izaitetik. Zeren heken konbersazioneak eta solhasak berekin du eztia, berekin du balakua, linburtzeko okhasinoa, eta bai elkharri lotzeko kola, biska eta lekeda ere. Emazten artean dabillanak, hekin solhastatzeaz atsegin hartzen duenak, eta guztiarekin ere eztela erortzearen beldur erraiten duenak, sinhets arazi nahi du, eztela haragiz egina, eztela gizona: edo sua golkhoan gorderik, arropei lothu gabe erabil dezakeiela: edo ikhatz bizien gaiñean orthusik, oin-zolak erre gabe, ibil ditekeiela (Vid. Basil. de constit. monast. cap. 4). Ordea erraiten du Spiritu Sainduak eztela posible hala egitea: Numquid potest homo abscondere ignem in sinu suo, ut vestimenta illius non ardeant? aut ambulare super prunas ut non comburantur plantae eius? Sic qui ingreditur ad mulierem (Prov. 6). Emaztèkin ibiltzea eta kalterik ez errezibitzea, suan erre gabe egoitea bezala da. Nor nahi den, eta nolakoa nahi den zarela: zaren handi edo ttipi: zaren debozinoz eta intenzione onez bethea; finean, zaren zeure ustez harria baiño gogorrago eta urrea baiño finago, baiña emazteak bere hitz leunaz, solhas garaziatsuaz, eztiaz eta emeaz, beretakotuko zaitu, zentzutik atherako, liluratuko eta bertze aldera itzuliko zaitu. Zabiltza errota hartara: irina lothuko zaitzu; hurbil zakitza: kutsatuko zaitu. Halatan erraiten du Iondone Paulok: Fugite fornicationem. Ihes egizue emaztètarik, haragiaren bekhatutik, ibenzue zuen eta okhasinoaren artean murru bat, ez elkhargana hurbil. Eztu erraiten Iondone Paulok, bertze bekhatuez bezala, emaztètako bekhatuari defenda gakitzala: eztu erraiten harmetan mokhoz-mokho iar gakitzala, baiña dio, fugite, ihes dagigula (Vid. Aug. de honestate mulier. cap. 1). Erran bailleza bezala: bertze bekhatu guztiei behar gatzaizte, Iainkoaren faborearekin batean, kontratu eta defendatu, baiña haragiarenari ihes egin: halatan behar dugu garaitu eta biktoria erdietsi. Zeren bertzela, hurbilduz gero, elkharganaz gero, solhasean bakharrik iarriz gero, gaitz da kutsatu gabe gelditzea, sarean sarthu gabe itzurtzea. 260 Ezta zuhurtzia, izurria den lekhura, erremedioetan fidaturik, ioaitea. Alde egizu, ihes egizu, hura da ez izurriztatzeko erremediorik hoberena eta segurena. Bada emaztètako bekhatua izurriaren pare da, kutsuz doha, asko du ukitzea, asko du hurbiltzea. Har dezagun beraz Iondone Pauloren konseillua, dagigun ihes, ezkaitezilla okhasinota sar eta ez iar. Lehenagoko enperadore gaixto heken denboran, hetarik ihes egiten zuenak galtzen zuen martirioaren palma eta koroa. Koroa hura erdietsiko zuenak, martir izanen zenak, etzuen ihesik egin behar. Baiña diferent da kastitatearen ez galtzeagatik, ihes egitean: ihes egite hura, okhasinotan zarenean, zeure buruaren begiratze eta bortxatze hura da martirio eta martir izaitea. Hala erraiten du San Agustinek: Nemo dicat, fratres mei carissimi, quod temporibus nostris martyrum certamina esse non posunt; habet enim pax nostra martyres suos; nam libidinem fugere, pars magna martyrii est (Aug. sermo 240 de temp.). Ezterrala nehork, ezen orai gure denbora hunetan ezin datekeiela martirik; badira bai orai ere martirak. Zeren haragiaren aphetitu desordenatuen benzutzea, emaztètarik ihes egitea, eta bere buruaren hetarik begiratzea, balentia handia da eta martir izaitea.

§ 2

261 Ordea zergatik erraiten da, bertze bekhatuak defendatuz eta kontrakarrean iarriz, behar ditugula garaitu, baiña haragiarena ihes eginez? Lehenbiziko arrazoiña: zeren gizona eta emaztea, sua eta istupa bezala baitira. Beraz eztira elkharrekiko on; hurbiltzen badira, eztira. ezta segurantzarik, apart egoitea da hoberenik. Bigarren arrazoiña: zeren ezpaita on, hurbiltzeaz indar hartzen duen etsaiari alderatzea. Hala da bada haragia eta haragiaren bekhatua. Zeren gure haragia lehen geldi eta sosegu onean zegoena, bertze haragiagana hurbiltzeaz pizten da, ernatzen da, indarrean sartzen da, etsai bihurtzen da. Eta nola errege batek herabe bailluke bere etsaien kontra guduan eta konbatean sartzera, liakienean bere soldadu propioak bere traidore dituela, bere kontra iaikiko zaitzala, hala behar dugu guk ere izan herabe haragiarekin ihardukitzera eta gerlan sartzera. Zeren gure haragia, traidore bat bezala, gure kontra iaikitzen baita. Arrazoin haur emaiten du aditzera eta bai deklaratzen ere San Tomasek, erraiten duenean: Peccatum semper est fugiendum; sed impugnatio peccati quandoque est vincenda fugiendo, quandoque vero resistendo. Fugiendo, quando continuata cogitatio perseverans, auget incentivum peccati, sicut accidit in luxuria. Resistendo autem, quando cogitatio perseverans tollit incentivum peccati sicut accidit in omnibus peccatis praeter luxuriam (S. Thom. 2-2ae q. 35 art. 1 ad 4). Bekhatutik bethi behar da ihes egin, baiña bekhatuaren akhometamendua, narritamendua, eta tentamendua, batean behar da ihes eginez eta apartatuz garaitu, eta bertzean defendatuz, kontra eginez, eta borrokatuz. Baldin defendatze hartzaz eta hartan pensatzeaz, gutitzen bada bekhatuaren tentamendua, nola egiten baita haragiaren bekhatuaz bertze bekhatu guztietan, orduan hobe da defensan iartzea eta tentamenduaren kontra borrokatzea. Baiña baldin defendatze hartzaz eta hartan pensatzeaz pitztenago bada sua, eta handitzenago tentamendua, nola egiten baita haragiaren bekhatuan, orduan behar da ihes egin, eta ez nola defendatuko den gogoetan iarri, zeren gogoeta hura bera da su pitzgarri. Eta ihes egitea da, hartako okhasinoetarik, solhasetarik, inkontruetarik, eta gogoetetarik begiratzea. Zeren dirua ezta segur ohoinak diren lekhuan; ez ardia otsoen artean; eta ez istupa suaren aldean. Gauza perilosak dira hauk elkharrekiko, eta bai gizona eta emaztea ere berak bakharrik bi bian egoiteko.

§ 3

262 Baiña oraino bi bian egoiteaz, halako perilik ezpaliz ere, bada bertze arrazoin bat, emaztètarik apartatzeko, heken artean ez maiz ibiltzeko, eta solhasean ez sobera egoiteko, zein baita exenplo onaren emaiteko, eta eskandaluaren eskusatzeko dugun obligazinoa. Ezta asko zeure konzientzian barrena kasto, garbi eta onhest izaitea, baiña kanpoan ere, eta munduaren alderakotzat ere, hala behar duzu izan: Providentes bona, non tandum Deo, sed etiam coram omnibus hominibus (Rom. 12). Bere arauaz, Iainkoaz bezala, munduaz ere, barrenekoaz bezala, kanpokoaz ere, egin behar da kontu. Ongi heldu da pontu hunetara emazte prestuaz Spiritu Sainduak dioena: Quaesivit lanam et linum et operata est consilio manuum suarum (Prov. 31, 13). Bilhatu zituen illea eta lihoa, eta biak bere eskuz landu eta obratu zituen: illea kanpoko, eta lihoa barreneko. Lege Zaharreko Arka famatu hura, urre finez kanpotik eta barrenetik urraztatua zen. Deaurabis eam auro mundissimo intus et foris (Ex. 25). Zeruko Esposoak biatan deitzen du ederra bere esposa: Quam pulchra es amica mea, quam pulchra. Aditzera emaiteagatik, giristino on izanen denak, kanpoan eta barrenean, bietan behar duela eduki kontu eta ardura. Gizon bat, maiz bakharrik eta premia gabe emazte batekin egoiteak, emaiten du okhasino bekhatu eragiteko, eta gogan behar arazitzeko, badela heken artean behar ezten zenbait ezagutza eta amorio desordenatu. Nahi eztuenak erraizunik, eztemela okasinorik. Nahi eztuenak dei dezaten otso, eztezala, iauntz otso-larrurik. Nahi eztuenak ilkhi dadin kherik, eztagiela surik. Lege zuzenean ordenatua dago, asko dela frogantzarik emazte baten gaixtotzat emaiteko, gizonarekin bakharrik, ez orenean, eta hartako lekhuan edireitea. Zeren aieru hek, itzal gaizka ibiltze hek, baitira frogantzarik asko, gogan behar arazitzeko. Beraz hunelatan ezta asko intenzione ona izaitea, baiña behar da bekhatu eragitzeko eskandalua eta okhasinoa ere eskusatu eta khendu. 263 Naturalezaren aldetik denaz bezanbatean, eztaude behin ere elkharrekin segur, gizona eta emaztea. Asko da gizon eta emazte izaitea periletan izaiteko eta egoiteko. Eta tentatzaillea ere eztatza behin ere lo: hark eraikitzen du erbia, pitzten du sua, gogoratzen du bekhatua, iratzartzen du haragia: eta iratzarriz gero, gaitz da lohakartzen: gogoa airatuz gero, gaitz da sosegatzen eta bere lekhura bihurtzen (Vid. Chrys. serm. contra concub. Tom. 5). Zuhurtzia handia da, emaztèkin ezagutzatan ez sartzea norbere lekhuetan egoitea. Zeren behin elkhargana abiatuz gero, gaitz da handik pitzten den suaren iraungitzea: eta bai halaber iendearen ixilik edukitzea. Lehenbizian errax da emaztèkin adiskidetzetik eta trebatzetik begiratzea, solhasean barrena ez sartzea, elkhargana ez ibiltzea: baiña behin abiatuz gero, adiskidetuz gero, trebatuz gero, eta elkharrekin solhasean, hitzketan, elheketan, presentketan, gosalketan, eta bisitaketan hasiz gero, peril handia da arimako, eta exenplo gaixtoa munduko. Beraz hunelatan emaztètarik begiratu nahi duenak, nola behar baitu bere mihia edozein hitzen erraitetik gibelatu: hala behar du halaber, emaztekin trebatzetik, ibiltzetik eta hitzetan eta ezagutzatan sobera barrena sartzetik eskusatu.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO BEDERATZIGARREN ERREMEDIOA: SABELARI EZ SOBERA EMAITEA KAP. KLIII

264 Emaztètako egiteko hunetan bere buruaz kontu ona eman nahi duenak, behar du ian edanetik ere begiratu. Behar du neurriz iatera, edatera, eta gustuaren eta zaphorearen portalearen ahal bezanbat zerraturik edukitzera enseiatu. Sine Cerere et Bacho friget Venus, dio Terentziok. Ogirik eta arnorik ezten lekhuan, hotz da Venus: ezta han amurusiarik, eta ez emazte gutiziarik. Errana da, haragiaren plazera, amorio desordenatua, sua bezala dela; eta su haren egurrak ian edanak direla. Edeki iatzotzu beraz egurrak, ian ezazu guti, eta edan gutiago, eta halatan, edo ezta sua pitztuko, edo pitztua fite iraungiko da. Ordenatu zuen Solonek bere legètan, baldin herriko kargudun bati gertha bazekion, sobera edatera, eta handik mihiaren motheltzera edo zangoen kordokatzera, edeki zekiola berehala bere kargua. Eta arrazoiñekin ordenatu zuen hala. Zeren bere burua ezin goberna dezakeienak, nola eginen du bertzerena? Qui sibi nequam est, cui alii bonus erit? (Eccli. 14). Beretzat gaixto dena, nola izanen da bertzerentzat on? Korinthioek bere erregearen izendatzean eta koroatzean usatzen zuten zirimonietarik bat zen, ekhartzea bere aitzinera beira bat ur, aditzera emaitegatik, etzuela handik aitzina arnorik edan behar, edo edanen zuena, ongi ematurik eta urtzuturik edan beharko zuela (Aeneas Silv. de Europa cap. 10). Lehenago Erromako emaztèk etzuten bat ere arnorik edaten. Zeren bertzerèntzat ere itsusi da sobera edatea, baiña emaztèntzat are itsusiago eta perilosago. Handik uste dut ethorri zela usantza, arrotz kalean, kanpotik ethortzean, gizonek, emaztèi pot egitea, musu emaitea, iakiteko ea arno usainik bazutenz (Alexander ab Alexandro lib. 2 cap. 26). 265 Federiko, izen hunetako hirurgarren enperadoreak etzuen bere mendean arnorik edan, anhitz baitzen aleman batentzat. Eta nola berak ezpaitzuen edaten, begi gaitzez behatzen zerauen, arnora emanak ziren guztiei. Enperadore hark etzuen haurrik izaiten, ezkondua bazen ere. Eta midikuek elkhargana bildurik, eta konseillu harturik, erran zioten enperatrizari, arno aphur bat edan behar zuela, eta halatan zenbait haur izanen zuela (Aeneas Silv. lib. de dictis et factis Alphonsi Regis num. 7). Enperadoreak midikuen abisu hunen berri iakin zuenean, desira handia bazuen ere bere ondotik zenbait umeren utzteko, guztiarekin ere, gaztigatu zeraukan bere emazteari, begira zuela, etzezala halako erremediorik har; etzezala haur izaiteagatik arnorik edan. Zeren nahiago zuela emazte haur gabea, esterila, defota, antzua, eta haltza oihanaren bista bezala, fruitu gabea, ezen ez hordia eta arno edalea. Hitz notatzekoak ziren hauk, eta segur ongi erranak. Zeren handiak baitira arnoak, guztiz ere emaztetan egiten dituen kalteak: hain handiak, ezen ezpaita emazte edalea baithan zer fidaturik, eta ez gizon hordia baithan ere. Ohoin bat, iokari bat, arnegari bat, putaner bat, gaixto da: ordea gizon da, bere adimenduan dago, zerbaitetako gai da. Baiña hordia, ardankoia, abre da, ezta gizon. Zeren gizon izaitea da adimenduan egoitea, arrazoiñaz usatzea. Beraz hordia, hordi deiño, ezta gizon. Zeren orduan ezpaitago adimenduan; ezpaita orduan, abrea baiño gehiago, arrazoiñaz baliatzen. Eta hala gizonak, bere gizontasunean, ezin duke falta handiagorik, eta ez desohore desohoragarriagorik (munduak hala ezpadaduka ere) horditzea, adimenduaren nahastea, eta fama hartan iartzea baiño. Noe patriarka saindu hura horditu zen egun batez; eta harena etzen miretsteko, zeren lehenbiziko edan aldia baitzuen, eta ezpaitziakien oraiño orduan zer indar zuen arnoak: zeren iakinez gero begiratu zen. Baiña miretsteko da, nola orai zuk dakizularik, eta esperientzia duzularik, neurri batetara helduz gero, arnoak iragaiten zaituen, gaitz egiten deratzun, etzaren guztiarekin ere zenzatzen, eta ez berriz halakatzetik begiratzen. 266 Likurgo Thraziako erregeari iduritu zeikan ezen, etzela asko arnoak egiten zituen kaltèn erremediatzeko, legez eta ordenantzaz arnoaren debekatzea, zeren hura zela erroak utzirik, adarrei lotzea. Baiña mahastiak behar zirela ebaki, eta pikatu. Eta hala bere erresumako guztiak, bat ere utzi gabe, pika arazi zituen: eta manatu zuen etzedilla nehor handik harat, biziaren penan, ausart mahastien landatzera. Eta bide hartzaz, errege hark, erremediatu zituen, arnoak bere erresuman egiten zerautzan kalte guztiak. Sabel bethea, ianhariz, eta edariz gaiñez egina, ezta deusetako ere on, iokatzeko, minzatzeko, erasteko, eta erhokeria egiteko baizen. Nolite inebriari vino in quo est luxuria, dio Iondonne Paulok (Eph. 5). Etzaiztela hordi, etzaiteztela arnoz betha, zeren arnoa den lekhuan da haragiaren desira desordenatua. Hunen arauaz erraiten du San Jeronimok: Esus carnium et potus vini, ventrisque saturitas seminarium libidinis est (Hieron. lib. 2 in Jo.). Haragi iatea, arno edatea, eta sabelaren bethatzea, gutizia desordenatuen haz-lekhua da, eta mindegia. Zeren nola mindegian bir landatzeko landareak sortzen, eta hazten baitira, hala ian edanean ere, haragiaren plazer hartzeko gutiziak, orhoitzapenak, eta kilikadurak pitzten eta egiten dira. Gaiz da, alfer, aise, eta ase egoitea, eta haragiaren bekhatutik eskapatzea.

§ 1

267 Komunzki iende aberatsak ian-edanean ieri dabiltzanak, erortzenago dira haragiaren bekhatutan, probe gosez direnak baiño. Hala frogatu zuen Sesostris Ejiptoko erregeak. Errege hura eritu zen eta itsutu eritasun hartarik (Herodot. lib. 2). Eta berehala erresumako sazerdote, midiku eta gaiñerako hartako ziren guztiek konsulta eginik, erran zioten: bere senharraz bertzerekin egitekorik izan etzuen emazte baten gernuaz eta ur-isuriaz garbitu behar zituela bere begiak, eta halatan berehala argituko eta sendatuko zeitzala. Erregek haur aditu zuenean, sendatutzat zedukan bere burua: zeren uste zuen ezen mundu guztia prestu zela. Eta hasi zen berehala ordenatu zeikan erremedioz usatzen. Eta lehenbizikorik, segur baiño segurago, hartu zuen erreginaren ur-isuria, bere emaztearena, eta hartzaz midikuek ordenatu zioten bezala, busti zituen begiak, eta gantzutu. Baiña alferrik, lehen bezain itsu gelditu zen, zeren erreginak bere senharraz bertzerik ere dastatu baitzuen. Erregek xoil miretsi zuen hunetzaz, zeren etzuen uste ezen erreginak halako iokorik iokatu zukeiela. Erreginaz etsitu zuenean, hasi zen berriz bertze emazte prinzipal eta aberats batzuetarik foroguaren egiten, ur-isuri ekhartzen, eta senda ahal zitekeienz enseiatzen. Baiña etzioten hek ere senti arazitzen, eta ez onik egiten. Zeren guztiak ziren berdin prestu, guztiak ziren bertzerekin kutsatuak. Orduan erregek hurran etsitua zebillala, egin zuen inkontru baratze-zain probe baten emaztearekin, eta haren ur-isuriaz begiak ukitu zituen bezain fite, argitu zen, eta sendatu zenean, hartu zuen emazte probe hura, egin zuen bere emazte: egin zuen Ejiptoko erregina, eta gero bertze guztiak, gaixto frogatu zituenak, erregina bera barrenean zela, bizirik erra arazi zituen. Aberatsak aurkitu zituen probeak baiño gaixtoago, eta haragiaren bekhatuan eroriago. Aberatstasunetik, ian-edanetik, gulatik, sabeldarraiotasunetik, sortzen da haragiaren plazer nahia eta bekhatua. Eta abstinenziatik, neurriz bizitzetik, sabel-ederretako izaitetik, eta pairatzetik heldu da debozinoa eta saindutasuna. Erraiten du Klimako sainduak: Nahi dena izan kasto, eta alabaiña arnoan zopatua egon, eta asean ibili, halakoa dela, suari iraungitzeko olio eta orari bere ganik hastantzeko ogi puskaren emaitea bezala (Climac. cap. 14). Zeren nola ora bazkarekin hurbiltzenago baita, eta bai sua ere olioarekin pitztenago, hala haragiaren gutiziamendua ere, ian-edan harekin berretzenago eta handitzenago da. Beraz emaztètarik begiratu nahi duenak, begiratu behar du halaber, golos izaitetik, arnoan sobera sartzetik. Zeren halatan begiratuko du bigarren zensua eta portalea, zein baita ahoa, mihia, gustua, zaphorea, zeiñetarik sartzen baita haragiaren bekhatu hatsa, higuina, eta bat bederaren galgarria.

__________

HARAGIAREN BEKHATUTIK BEGIRATZEKO, LEHENEN GAIÑERAKO ERREMEDIOAK KAP. XLIV

268 Nola haragiaren bekhatuan erori nahi eztuenak eduki behar baitu kontu, lehenbiziko bi zensuez, bistaz eta gustuaz, begiez eta ahoaz: hala eduki behar du kontu, gaiñerako bertze zensu guztiez ere. Eduki behar du kontu enzuteaz, beharriez. Zeren anhitz gauza enzuten da, hobe baillizateke, ez enzutea. Nehor emaztèz edo emaztètako gauzaz mintzo denean, ez ernaturik egon, herts beharriak, itzul burua bertze alderat: ahalik eta gutiena halako solhasik enzun, ez hetan atseginik har. Zeren San Isidorok dioen bezala: Facile agitur quod libentur auditur (Isidor. lib. Soliloq). Erraxki egiten da, gogotik enzuten dena. Bada kastitatea begiratu nahi duenak, eztu dantzatu ere behar, eta ez soiñuak diren lekhura ioan. Lehenago ientilen artean, eta denboran, desohore zen dantzatzea: eta hala etzen iende ohorezkorik, eta kontuzkorik dantzètan edireiten. Zizeronen errana da: Nemo fere sobrius saltat (Cicer. pro Murena). Nehor guti dantzatzen da edana eztenean, adimenduan dagoenean. Iende gazte arinen, zenzuz baiño zangoz fidago direnen ofizioa da dantza. Dantzan ezta okhasino gaixtorik baizen. Hain ahalkea galtzen da; ezagutzatan sartzen da: solhastatzen da, trebatzen da, eskuztatzen da, mandatua egiten da, eta azkenean behar eztena sortzen da. Erran behar da, gauza gaixtoa eta okhasinotsua dela dantza, hartzaz dioenean San Agustinek: Melius est in diebus dominicis arare vel fodere quam choreas ducere (August. de decem chordis). Hobe da eta bekhatu gutiago da igande egunetan golde nabarretan eta lur lanetan trabaillatzea, ezen ez dantzan haritzea. Eta haur erraiten du hunela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaixtoa den, baiña zeren dantzatik anhitz okhasino behar eztenik sortzen den.

§ 1

269 Bada begiratu behar da usnaren portalea ere, eduki behar da kontu sudurrez ere. Zeren zar diteke handik ere behar eztena. Ezta musketaz, balsamoz eta halako bertze usain onez usainzturik ibili behar. Zeren hala ibiltzeak eztu usain ona. Eta halatan manatu zuen Solonek, etzezala nehork usain merkatalgoatan trata. Zenon filosofoak etzuen ikhusi ere nahi halako usainik zuenik. Eta hala egun batez bere konpaiñiako bati usaiña aditurik, eta bere baithan haserreturik, galdegin zuen: Quis hic mulierem olet? Nork du hemen emazte urrina? (Diog. Laert. 1. 7 in vita Zen.) Bidegabe handia egiten derauka bere buruari, emazteki bat bezala, urrintztaturik, eta usain onez betherik dabillan gizonak. Zeren halakoak usain ona emaiteagatik, emaiten baitio bere buruari fama gaixtoa. Badira gauza batzuk ikhusi gabe, sudurraz beraz, urrinaz usnatzen eta iakiten baitira, non diren eta zer diren: hala bethi usain onez betherik dabiltzanak ere, usnatzen dira eta ikhusi gabe ikhusten, nolakoak, zer azturatakoak eta zertsu diren. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Postumo bere adiskideari: Hoc mihi suspectum est, quod oles bene, Postume, semper. Postume, non bene olet, qui semper bene olet (Martial. lib. 2 Epig. 12). Gogan behar gaixtoa emaiten deraut, Postumo, zure bethi usain onez betherik ibiltzeak. Zeren eztu usain ona, bethi usain ona duenak. Usainik hoberena, bat ere usainik ez izaitea da. Hala erraiten du Zizeronek emaztez mintzo dela: Ideo bene olent, quia nihil olent (Cicero ad Atticum lib. 2). Usainik eztutenean dute usain ona: eta zeren ezpaitute usainik, hargatik dute usain ona. Balsamo, anbar, musketa, eta halako bertze usain onak, iendèn enganatzeko, beregana erakartzeko, bere buruez mintza arazitzeko, eta haragiaren bekhatuan eroriak dauntzala usnatzeko, eta gogan behartzeko bideak eta seiñaleak dira. Edo bai zeren benturaz zenbait usain gaixto eta khirats baitute bere gorputzean, haren estaltzeko eta ezeztatzeko hartuak eta pensatuak.

§ 2

270 Eztu deus balio usain onez betherik ibiltzeak, eta are gutiago berari dagokan baiño soiñeko arropa ederragoak erabiltzeak. Zeren hek guztiak dira banaloriak, desordenuak, eta desonhestkeriaren seiñaleak. Amictus corporis et risus dentium et incessus hominis enuntiant de illo (Eccl. 19, 27). Soiñeko arropetan, irrian eta ibiltzean da ezagun nolakoa eta zertako den bat bedera. Nola khea den lekhuan ageri baita badela sua, hala sosegurik gabe, hortzak hirriturik, bethi irriz egoitean eta banoki beztiturik ibiltzean, da halaber ezagun eta ageri han dela ergelkeria franko, eta adimendua eskas. Habentes alimenta, et quibus tegamur, his contenti sumus, dio Iondone Paulok (1 Thim. 6). Dugunean zertaz gosea hil eta larrua estal, asko esten dugu. Eztugu ian-edanean eta beztimendetan soberaniarik galdegiten: doiaz elikatzen, iragaiten eta kontentatzen gara. Zenbait granoz arin delako seiñalea da, bertzeak ez bezala, edo dagokan baiño ederkiago beztiturik ibiltzea: eta beztidura hek soiñean dituenean bere buruari kontentez beha egoitea. Halako bati erran zioen egun batez sekeretuan beharrira Demonakte zeritzan filosofo batek: Heus tu, hoc ante te ovis ferebat (Lucanus in vita Demonac.) Hola, adiskidea, orai zuk soiñean darabiltzatzun arropa horiek, zuk baiño lehen erabili zituen bere bizkarrean ardiak, zeren haren illeaz eginak baitira. Eztuzu beraz horietzaz zer loriaturik. Eta bertzela ere, zeren beztidurak bekhatuaren estalgarriak bezala, eta bekhatu egin dugulako seiñaleak baitira, ederki erraiten du San Tomasek pontu hunen gaiñean: Qui gloriatur de veste similis est furi glorianti de cautero; quia propter peccatum Adae usus vestium introductus est (S. Thom. de regimine princip. lib. 5 cap. 59) Nahi duzu iakin, bere soiñeko arropez prezatzen eta loriatzen dena nola den? Azotatu ondoan justiziak sorbaldan, burdin goriaz emaiten dioen markaz eta zigilluaz prezatzen den ohoiña bezala. Marka hura, bere gaixtakeriakgatik emaiten zaika ohoiñari, eta bai guri ere beztimenda, gure eta Adan gure lehenbiziko Aitaren bekhatuagatik. Bekhaturik izan ezpaliz, etzen beharko beztimendarik: eztugu beraz hetzaz zer banaloriaturik. Bat bederak behar du bere estatuaren arauaz, nola baitagoka, hala beztitu eta ez gehiago. Zeren gehiagokoaz, desohoratzenago du bere burua, ohoratzen baiño. Errege bezti bedi oihalik hoberenaz; aitonen semea erdikoaz, eta nekhazalea, arronteraz. Zeren gaiñerako guztiak dira banaloriak, desordenuak, bekhatu egiteko eta eragiteko bideak, eta kastitatearen galgarriak.

§ 3

271 Baiña guztien gaiñetik borzgarren zensu korporalari, zein baita tactus, ukitzea, eskuztatzea eta hazkatzea, eduki behar zaika begia. Zeren hura da ohoiñen kapitaina: ijtoen kondea, bertzeren ebatsietan ere parte duena. Ikhusteaz, minzatzeaz, enzuteaz, eta usnatzeaz egiten da bekhatu, ez ordea ukitzeaz bezala. Bertze zensuek urruititik, baiña ukitzeak hurbilletik akometatzen du. Begiek, mihiak eta bertze zensuek eraikitzen dute ihizia, baiña ukitzeak atzemaiten du. Gaixtoeneko pontuan, desonheski bekhatuagatik, eta minzatuagatik ere, aitzinago iragaiten ezpada, ezta obrarik bedere: baiña ukituz gero, akhabatu da iokoa, egin da kolpea. Desonheski behatzea, eritzeko seiñalea da, baiña ukitzea hiltzekoa. Oraino solhastatzeaz, eta behatzeaz beraz ere, kilikatzen da, orhoitzen da. Zer izanen da bada, ukitzera, eta musu besarkètara dadinean? Urruititik ere berotzen du suak, zer eginen da bada hurbil dadinean? Gaizki doha iztupaz, suak utki dezanean. Bertze ioko guztiak ametsetakoak bezala dira; utkitzea da, iratzarririkakoa, fina eta segura. Gatzak, urez egina delarik, eztu ura baiño etsai handiagorik: ez eta haragiak ere haragiz delarik, haragia baiño galgarriagorik. Batak eta bertzeak ere asko dute elkharren ukitzea. Beraz aparta, ez hurbil, ez utki. Zeren nola ukitzeak pitzten baitu sua, hala ez ukitzeak, hastantzeak eta aldaraturik egoiteak begiratzen du kastitatea eta garbitasuna. Finean erremedio guztien gaiñeko, behar lizatekeien erremedioa da, konsideratzea Iainkoak ikhusten gaituela, beha dagokula. Eta baldin den presunarik eztheusenaren behatzeak, ikhusteak, eta aitzinean gerthatzeak, gibelatzen bagaitu, halako bekhaturen egitetik, nola izanen da arrazoin gibela gaitzan, geldi gaitzan eta begira gaitzan, Iainkoak ikhusten gaituela, eta aldakan beha dagokula iakiteak eta pensatzeak? Hauk dira (eta Iainkoak ailliotsa liren asko) haragiaren bekhatuan ez erortzeko eta eroriz gero ere iaikitzeko hartu behar diren erremediorik prinzipalenak. Zein baldin egun beretik, geroko luzatu gabe hartzen eta konsideratzen baditutzu, iakizu ezen gorputzari aisia handi bat emanen diozula, eta arimari, are handiagoa. Eta halatan munduan duzun etsairik handiena eta perilosena, zien baita haragia, azpirako, garaituko eta errendatua ibeniko duzula.

__________

NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN, ALHA ZAIKUN KONZIENTZIA GAIXTOA KAP. XLV

272 Erraiten du San Tomasek, eta frogatzen den gauza da, gure Iaungoikoak ereiña eta landatua dadukala gure baithan barrena, iakin behar diren gauzen iakiteko, eta egin behar direnen egiteko hazia eta landarea (S. Thom. 1 part. q. 79, art. 2). Badu gutarik bat bederak, bere baithan barrena, Iainkoak emanikako aitzindari bat, eta argi egille bat. Eta hark erakusten deraku zer dagokun ongi eta zer gaizki: noiz goazin makhur eta noiz artez. Eta are gehiago, hark berak bere ahal guztiaz, aitzinaren eta bulkhatzen gaitu ongi egitera, eta gibelatzen eta hastantzen gaizki egitetik. Barreneko aitzindari haur edo argi egille haur —zein deitzen baitute doktorek Synderesis—, da gure konzientzia edo arrazoi naturala. Zeren ezta munduan halako aitzindaririk, gidaririk, argi-egillerik eta ez erakuslerik, nola baita arrazoin naturala, eta arrazoin naturalak dioena: naturaren arauaz, legez eta ethorkiz dakiguna: bat bederaren barrena, konzientzia: eta konzientziaren lehenbiziko mugida, abiadura, erakuspena eta konseillua. Hala erraiten du San Krisostomok: Ab initio Deus hominem formans, legem illi naturalem indidit. Et quid, tandem, est lex naturalis? Conscientiam nobis expressit, et per se discibilem constituit bonorum et contrariorum scientiam. Non, enim, opus habemus discere quod mala est fornicatio, sed initio hoc scimus (Chrys. Hom. 12 ad popul. Anthio. T.5). Hastetik, egin zuenetik beretik, eman zeraukan Iainkoak gizonari lege naturala. Eta zer da lege naturala? Bat bederaren konzientzia, zeinetan barrena baitago, bere buruzko ezagutza bat, iakiteko zein den zuzen eta zein makhur: zein den ongi eta zein gaizki: halako moldez ezen ezpaita zer ibilirik frogatzen, gauza gaixtoa dela bekhatua, eta gauza ona berthutea, zeren badakigu haur gerok ere geure burutik, lege naturalak berak, konzientziak erakutsirik.

§ 1

273 Hunetan da ageri maite gaituela geure Iaungoikoak. Zeren geure baithan barrena, geure etxean bertzetara konseillatzera ioaiteko premia gabe, emaiten baiteraku behar dugun nabusia eta erakuslea, zein baita konzientzia. Eta halatan kondenatzen dira lege naturalaren arauaz bizitzen eztiren ientilak. Merkatari batzuek egiten dituzte sal-erosi nahasiak, tratu gaixtoak, lukureriazkoak, enganamenduz betheak. Eta gero ioaiten dira bere kofesoretara edo bertzetara, galdegitera ea tratu hek iustu direnz, egin ahal ditezkeienz. Eta ioaiten dira mengoa gabe, premia gutirekin. Zeren hain da klar eztirela iustu, non baldin bertzetan ibili gabe, galdegin baliazote berèk bere konzientziari hark berak erakuts baillizaie egia. Eta handik berèk kondena baillitzakete bere buruak. Zeren bere konzientzian barrena, ediren baillezakete, eskiribaturik bezala, galdez dauden guztiaren errepuesta. Utzi nahi badigu konzientziari, bera da asko, errebelatzetik begiratzeko, artez eta xuxen erabiltzeko. Zeren badaki behar dena, eta bere egitez guztia da onera emana. Eta San Tomasek dioen bezala, ontasunari egiten dio besta eta begitarte, eta gaixtatasunari liskar eta beltzuri: Synderesis dicitur instigare ad bonum, et murmurare de malo (S. Thom. 1 pars q. 79 art. 13). Beraz bere konzientziaren arauaz, haren buruz eta konseilluz gobernatzen eta kidatzen dena ongi da, alegera da, kontent eta pagu da. Baiña bertzela, bere konzientziaren kontra dabillana gaizki da, beltz, ilhun, goibel eta triste da. Eta arrazoiñekin da hala. Zeren nola, zangoa, besoa edo gorputzeko bertze parte bat, bere tokitik eta iunturatik ilkitzen, makhurtzen, aldaratzen edo enhardatzen denean ezin sosega baititeke, eta ez pausa, bere tokira eta lekhura bihur arteino: hala bere konzientziari gibela emanik, bekhatuan dagoena ere, nola behar den iunturatik eta arrazoin naturalak erakusten dioen bidetik eta ordenantzatik aldaratua eta iltkia baitago, ezin sosega diteke, eta ez pausa, hala dagoeiño. Bere bidean eta tokian dagoenean, nola baitago bekhaturik eztuenean, orduan da alegera, arrai, aise, kontent, eta bere gogara.

§ 2

274 Ezta konzientzia gaixtoa bezain gaixtorik eta erragarririk: bera da azoterik eta borrerorik asko. Hala erraiten du San Agustinek Iainkoarekin mintzo dela: Iussisti enim et sic est, ut poena sua, sibi sit, omnis inordinatus animus (Aug. lib. 1 Confes. cap. 12). Manatu zenduen eta hala da: konzientzia desordenatua, bera da, bere buruarentzat, pena eta gaztigu. Ezta uharrerik eta ez uholderik lurra hala larrutzen eta arrobatzen duenik: ezta pipirik, zura hala desegiten eta zuhirintzen duenik: ezta zedenik urdaia hala bohatzen eta iaten duenik: ezta zerrenik oihala hala eta hain gisa gaizki bilhakatzen duenik, eta ez harrik haragia hala galtzen eta gastatzen duenik, nola konzientzia gaixtoak egiten baitu bere burua. Harra da, konzientzian barrena, dagoen bekhatua, eta harrak bezala, gau eta egun, autsikitzen du, iaten du, larrutzen du. Eta hain da gose, ezen ezpaita behin ere asetzen eta ez autsikizetik eta bere faltèn gogora ekhartzetik gelditzen. Errege Davitek bertzeren emaztearekin huts egin zuenean, anhitz enseiu eta itzul-inguru egin zuen, huts hura estali nahiz. Eta ez, ez, zeren nehoren beldur zen. Errege zenaz geroz. Baiña zeren ezpaitzuen bere konzientziak sosegatzera utzten. Konzientziak ez Aita Sainduri, ez Enperadoreri, ez Erregeri, eta ez munduan den bertze presunari, eztiazaio barkha. Eta haur guztior egiten du gure probetxuagatik, bekhatutan lohakar ezkaitezingatik. Geure aita propioak baiño maiteago gaitu geure konzientziak. Aita batek bere semea behin, biatan, hiruretan edo hamarretan mehatxatu duenean, ikhusten badu eztela zenzatzen eta ez emendatzen, utzten du, etsitzen du. Baiña ez konzientziak, eztu behin ere utzten eta ez etsitzen (Vid. Chrysost. Concio 4 de Lazaro. Tom. 2). Gerla handia egiten deraku geure konzientziak, eta gerla hunek, aphur bat ere gibelatzen gaitu bekhatu agitetik, bertzela egin luke gureak. Hala erraiten du San Krisostomok: Conscientiae increpatio, sacra est anchora non sinens, nos tandem in peccatorum demergi profundum (Chrys. ubi supra). Konzientziaren eranzutea eta mehatxua, aingura da, eta aingura ere saindua eta sakratua, bekhatuen hondarrean erortzetik eta han ithotzetik begiratzen gaituena.

§ 3

275 Ordea diferentzia handia da, konzientzien artean, anhitz doha batetik bertzera. Konzientzia batzuk dira erne, sentikor, minbera, hertsi: eta berriz bertze batzuk loti, hil, lazo, zabal, eta ez antsia. Zapata bat duzunean neurri, iustu, doi; ezin paira dezakezu barrenean, den legarrik ttipiena: baiña zapata baketazko handi zabalak, eztira hain perilos; hek badute lekhu franko, oiña guti minberaturik, ez legarraren, baiña harrizkoen ere edukitzeko. Bada diferentzia haur beror da, konzienzia onaren eta gaixtoaren artean ere. Konzientzia onak, iustuak, ezin paira dezake bekhatu benial bat ere, baiña gaixtoak, lazoak, eztu mortalez ere konturik egiten. Multi per nimias iniquitates non sentiunt peccati conscientiam (Ambros. lib. 3 de parad. cap. 5 tom. 2). Anhitzek ere bekhatu egin hutsen botherez, eztute bere konzientziako bekhatua sentitzen. Eta haur da Spiritu Sainduak ere dioena: Impius cum in profundum malorum venerit contemnit (Prov. 18). Gaixtoak bekhatuen hosinean barrena sarthuz gero, galtzen du sentimendua, eztu antsiarik. Piae mentis est, vulnus sentire peccati, nam qui expertes doloris sunt, non sentiunt vulneris acerbitatem, quod est immedicabilis aegritudinis (Ambros. in Ps. 50, Tom. 2). Seiñale ona da bekhatuaren zauriaren sentitzea, eta gaixtoa ez sentitzea. Zeren sentimendua galduz gero, oinhazeak hillez gero, ezta sendagai, ezta sendakizun, eta ez midikuntzatan ibiltzeaz probetxurik. Haur da mundu hunetan bekhatoreak ahal dukeien miseriarik handiena, estaturik perilosena eta egoitzarik gaixtoena: bekhatuaren ez sentitzea. Halakoak konzientziaren sainga guti aditzen du, lo guti hargatik galtzen du, ordea ezta ez hura ere alde guztiz narrio gabe; den gaixtoenari ere, noizik behin bedere alhatzen zaika bere konzientzia. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Neque enim in eius potestate situm est remittere (Chrys. in Ps. 142 Tom. 1). Nahiago badu ere ezin barkha dezake konzientziak. Hala emaiten du aditzera San Anbrosiok ere: Conscientia cum non habet loquendi usum, nescit tamen tenere silentium (Ambros. de poenit. c. 1. Tom. 4). Konzientziak minzatzen usatua eztelarik, eztaki alabaiña ixilik ere egoiten. Zeren kanpoan minzatzen ezpada ere, bai ordea minzatzen da barrenean. 276 Konzientzia da behin ere lohakartzen ezten zerbitzari bat, marrantatzen edo erlasten ezten predikari bat, eta bethiere ontasunera ahal bezanbat eramaiten gaituen kidari bat. Eta etzaiku pontu batez ere aldaratzen, bethi darraiku, gorputzari itzala darraikan bezala. Eta eztago ez alferrik ere, alha zaiku, saingaz eta eranzutez dagoku. Bekhatua egin baiño lehen, egitean, eta eginea gero ere, erasten du, abisatzen du, akhusatzen du. Eta guztiz ere bekhatu egin ondoan, iaikitzen da, orduan atzartzen da, orduan dira zinak eta minak, orduan dira ezproin kolperik handienak. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Sicut ebrius cum multum vini ingurgitat, nullum sentit a vino damnum; postea autem sentit; ita et peccatum, donec consummatur, obtenebrat mentem, et quasi densa nubes ita mentem corrumpit. Deinde conscientia insurgit, et quovis accusatore mentem gravius arrodit, monstrans absurditatem peccati (Chrysost. Hom. 64 in cap. 42 Genes.). Nola hordiak arnoa iresten duenean, ezpaitu sentitzen handik heldu zaikan kaltea: zeren gozatasun hark, edatean hartzen duen atseginak, itsutzen baitio adimendua. Ordea gero, hordia ioan dakionean, ezagutzen baitu bere falta eta desohorea:hala bekhatoreak ere, bekhatua egiten duenean, eztu sentitzen eta ez ikhusten, handik heldu zaikan kaltea, zeren hartako atseginak eta plazerak liluratzen baitu; hain liluratzen, ezen ezpaita orduan gaitzez orhoitzen. Baiña gero, iragan denean bekhatua, iaikitzen da konzientzia, eta hain zinez akhusatzen eta liskar egiten hasten da, non iragan diren plazer guztiez ahantzirik ibentzen baitu bekhatorea.

§ 4

277 Erraiten du San Agustinek, emazte gaixtoak, ithaizurak, eta kheak atheratzen duten bezala gizona bere etxetik: atheratzen duela konzientzia gaixtoak ere bekhatorea bere sosegutik (Vid. August. in Ps. 33 et in Ps. 100). Emazte gaixtoa, ithaizura, eta khea diren lekhuan ezta plazerik, ez eta konzientzia gaixtoa duena baithan ere ontasunik. Bekhatorea sar badadi bere konzientzian barrena, berehala hango kheak atheratzen du kanporat, azpiratzen du tristurak. Kanpoan etsaiak, perilak eta asalduak dituenak, laster egiten du etxera, pausatzera eta bere buruaren seguratzera, ordea etxean ere etsaiak, atsekabeak, ithaizura, khea eta emazte gaixtoa dituenak zer eginen du? Non pausatuko du? Zer konsolamendu izanen du? Kanpoan etsaiak, etxean gerla, non edirenen du bakea? Non? Bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, han behar du pausatu, han behar du konsolatu eta bere burua arindu eta alegeratu. Ordea baldin bere barreneko ganbara hartan ere, bere konzientzian ere edireiten badu etsaia, bekhatuaren ithaizura, khea eta eranzutea, zer eginen du orduan? Norako da? Sarthuagatik bere barreneko ganbaran, bere konzientzian, eztezake pausurik ediren. Zeren han berean batzen baitzaika bere etsaia, eta etsairik gaixtoena etxe barrenekoa da. Hostem suum invenit, quo confugerat (August. in Ps. 45). Etsaiaren ihesi dabillala, egiten du etsaiarekin inkontru. Beraz gehien bazterretarik hartua da halakoa, alde guztietarik atrapatua da. Zeren bere burua ere etsai baitu, eta berak, bereganik ezin baitaidike ihesik. Arrazoiñekin erraiten du San Agustinek: Nullae poenae graviores quam malae conscientiae, in qua cum non habetur Deus, consolatio non invenitur (Aug. Sent. 191, Tom. 3). Ezta konzientzia gaixtoaren egitekoak eta penak baiño pena handiagorik. Zeren nola ezpaita Iainkoa han egoiten, ez eta, ezta konsolamendurik ere edireiten. 278 Eri den presunak, barrenean min duenak, ahal daidike denbora aphur batez, kanpoan eta iendartean alegera iduri, ordea guti hala iraun, berehala bere barreneko gaitzak, gogoetan ibentzen du, tristetzen du. Hala tristetzen du bada bekhatutan dagoena ere, bere konzientziak, bere barreneko eritasunak. Vides convivium peccatoris, interroga eius conscientiam, nonne gravius omnibus foetet sepulchris? (Ambros. lib. 1 Offic. c. 12. Tom. 5). Ikhusten duzu bekhatutan dagoenaren gonbitea, ian-edana, bonbazia eta bankezia, baitirudi ezen han dela parabisua, eztela zer gehiago desira. Ordea baldin galdegiten badiozu, ea nola dihoakon bere barren hartan, bere konzientzian, erranen deratzu gaizki dela, nardagarri dela, sepultura kiratsak baiño kiratsago dela. Impii quasi mare fervent, quod quiescere non potest. Gaixtoak itsas irakitua bezala dira, eztute bakerik eta ez sosegurik: heken holek, uhinek, bagèak eta tormentèk, hanbat badira, ezen gaiñez egiten baitute. Eta badio Salomonek ere: Praecordia fatui quasi rota carri. Gaixtoaren konzientzia eta barren aldeak, orgaren edo gurdiaren arroda bezala dira. Gurdi kargatuak badarasa, badirudi bere karga handia ezin iasanez, arrenkuratzen dela: hala arrenkuratzen da bada bekhatorearen konzientzia ere, bere bekhatuen karga eta pisutasuna ezin iasanez: hark nekhatzen du, hark zapatzen du, hark bere soiñuaz, habarrotsaz, eta erasteaz tristetzen eta penatzen du. 279 Egun batez ioan zituen filosofo batek zapata batzuk bere etxera, prometaturik zapata egilleari, denbora gutiren barrenean pagatuko zerautzala. Eta abiatu zen bere hitzean, eta ephean pagamenduaren egitera. Baiña enzunik ezen hiltzela diruak behar zituen zapatagina, bihurtu zen alegerarik bere diruekin etxerat, iduriturik ezen hainbertzez kito zela: eta eduki zituen zenbait denboraz diruak berekin. Ordea bitarte hartan hain iaten eta erratzen zuen bere baithan barrena bere konzientziak, ezen ezin pairatuz, ioan baitzen bere diruak harturik, zapataginaren etxera eta han egotzi zituen, erraiten zuela, zapataginarekin berarekin mintzo izan bailliz bezala: Ille tibi vivit, redde quod debes (Senec. lib. 7 de benefic. cap. 21). Bertze guztientzat hil bahaiz ere, oraiño bizi aiz enetzat. Thotzik bada, har itzak heure zapaten diruak, eta utztak niri bakea. Deskargua egin arteiño, etzuen utzi bere konzientziak sosegatzera, anarteraiño bethi eman zioen garri eta narrio. Ezta egungo egunean mundua hunein sentikor eta konzientziatsu.

§ 5

280 Gaixtoa, bertze etsairik gabe, bere konzientziak berak, bere baithan barrena, azotatzen du, autsikitzen du, zaurtzen du, larrutzen eta penatzen du. Iragan denean bekhatuaren plazera, han da berehala konzientziaren desplazera. Bekhatua, zauri hatz-gillea bezala da. Hatz egitean atsegin hartzen duzu. Ordea hatz gordin eginik, gelditzen zaitzu ondotik errasumina. Hala gelditzen da bada, bekhatuaren plazera iragan denean ere, konzientziaren mina eta oinhazea. Sukhar handiarekin zaudenean ere, atsegin hartzen duzu ur hotzaren edateaz, ordea gero edan ondoan, gaitza berreturik, izaiten duzu atsegin haren atsekabea. Haur da fruitu ondu gabèn ondorea, horzkidura, higuintza. Garzelean dagoenari, emozu nahi duen bezanbat iatera eta edatera. Egiozu ahal dagizun besta guztia, baiña ezta hargatik osoki alegeratzen. Zeren ezpaitaki zeri dagokan. Alegerakiago bizi da, athez athe dabillan errumesa. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Supplicii expectatio non sinit praesentium voluptatum sensum capere (Chrysost. Hom. 12 in c. 7 Rom. Tom. 4). Garzelean dagoena, eztu utzten, geroko gaztiguaren beldurrak, atsegin hartzera, eta ez eskuen artean dituen plazer aphurren gozatzera. 281 Urkhabera kondenaturik dagoena, aitzinetik penatzen da, urkhabeaz orhoitzen den guztiaz, urkhatzen bezala da. Hala da bada konzientzia gaixtoa duena ere. Halakoa noiz eta hasten baita bere gogarenik, bere lagunekin atsegin hartzen, orduan berean orhoitzen da bere bekhatuez, orduan berean alhatzen zaika bere konzientzia: halako suertez, ezen ezpaita posible bekhatutan dagoenak, hala dagoeiño, atsegindasun osorik ahal dukeien. Halakoak, perilik eztuenean ere, uste du peril duela. Eta hala ikhusiko duzu anhitzetan ere, ohoiñak edo gizon hilzaileak sentitzen duenean iustizia, berehala bera bere buruz, nehor orhoitzen eztela, bere konzientziak akhusaturik, ihesi itzalgaizka abiatzen dela: Eta handik nabarbendurik gaizkiere heltzen dela. Gaixtoak uste du ezen hartzaz orhoitzen eztirenean ere, hartzaz mintzo direla. Gaixtoa bethi da gibel beldurti, eta gogan behartsu. Gau ilhunean bakharrik dohana deusen perilik ez izanagatik ere, latz da, beldur da, izi eta ikhara da: hala da bada gaixtoa ere, deusen perilik ez izanagatik ere, bere konzientziak akhusaturik latz, izi, ikhara eta beldur. Urdeak, bertze abrèk egiten eztutena, oraiño minik hartu gabe, ukitzeaz beraz egiten du marraska. Zeren nola ezpaitu deus ere on den gauzarik, bere urdaia baizen, ez illerik, ez lumarik, ez larrurik, eta ez bertze gauzarik, bere izanez eta naturaz da beldur, hartzen dutenean, biziaren edekitzeko hartzen duten: hala bada, konzientzia gaixtoa duena ere, lehenbiziko aldi gaitzean, den buruko minik ttipienean, da beldur hil dadin, bizia edeki diazoten. Zeren ezpaitu deus ere balio duen gauzarik, bere bizia baizen, eta hura galduz gero, penatu behar baitu.

§ 6

282 Erraiten du Iob gizon saindu hark: Sonitus terroris semper in auribus eius, et cum pax sit, ille insidias suspicatur (Job 15). Gaixtoari bethi dagoka bere beharrietan beldurtasunaren soiñua, konzientziaren latztasuna, eta asaldua: eta bakean denean ere, uste du gerlan dela, eta orduan ere atrapatu nahiz, zelatan dagotzala. Haur da are mundu hunetan ere, bertze mundukoaz gaiñera, gaixtoaren gaztigua: beldurtasuna, segurantzarik gabe, izi ibiltzea. Gaztigu hunetzaz mehatxatu zituen gure Iainkoak bere manamenduen hautsailleak, erraiten zerauela: Quod si non audieritis me, nec feceritis omnia mandata mea, fugietis nemine persequente (Levit. 26). Baldin enzuten ezpanauzue, eta ene manamendu guztiak konplitzen ezpaitutzue, iakizue ezen, nehoren peril gabe eta nehor iarraiki gabe, emanen diozuela ihesari, eta ikhara handi bat eginen zaitzuela. Hala egin zeikan ikhara handia Kaini bere anaia Abel hil zuenean. Abiatu zen Kain mundutik ihesi, erraiten zuela: Omnis igitur qui invenerit me occidet me (Gen. 4). Egin du eneak, ezta eskapatzerik, ediren nazan guztiak hillen nau. Zer diozu Kain? Noren zara beldur? Nork hillen zaitu? Ez Adanek, ez Ebak. Zeren horiek zure aita-amak dira, eta oraiño ezta munduan bertzerik. Noren zara bada beldur? Ez nehoren bertzeren: zeure buruaren, zeure konzientziaren. Zeren konzientzia bera, bertze etsairik gabe, da asko, beldurtasun handiarekin erabiltzeko. 283 Adanek bekhatu egin zuenean, eta sentitu Iainkoak deitu nahi zuela, ihes egin zuen, gorde zen. Eta zergatik gorde zen? Othe ziakien zer nahi zioen Iainkoak? Bai baziakien (dio San Agustinek). Eta nondik ziakien? Bere konzientziak erranik. Neque alium obiurgatorem habebat, et testem peccatorum (Aug. Hom. 17 in cap. 3 Gen. T. 1). Etzuen bertze lekhukorik, eta ez akhusatzaillerik, bere konzientzia baizen: baiña hura zuen asko. Eta halatan, berak bere buruz, bere falta ezaguturik, eta hobendun zela nabarbendurik, estalgunea bilhatu zuen. Hargatik erraiten du San Isidorok: Numquam securus est reus animus, mens enim malae conscientiae propriis agitatur stimulis ( 2 Soliloq. Isidor. lib.). Presuna hobenduria, faltatsua, ezta behin ere segur, zeren bere konzientziaren ezproiñak bethiere kolpeka hari baitzaitza. Pontu hunen gaiñean erraiten du San Anbrosiok: Domini autem traditorem non invenio a iudice esse damnatum. Non enim damnat eum Pilatus, non damnat populus, sed quod gravius est, seipsum condemnat (Ambros. serm. 2 in Daniel. T. 2). Eztut edireiten ezen Iudas, Iaunaren saltzaillea, nehork kondenatu zuela, ez Pilatusek, ez herriak: eta ez bertzek: baiña, gaixtoago baita, edireiten dut, berak bere burua kondenatu zuela. Zeren sentenzia guztien gaiñeko sentenzia, guztiak xitzen eta iragaiten dituena, bat berak bere buruari, bere konzientziak benzuturik, emaiten dioena da. 284 Eta hunetan da ageri eztela antsia, nehork bertzek ez iakinagatik ere zure falta eta bekhatua, baldin zerorrek badakizu; konzientzia bera da lekhukorik asko. Ezta harentzat golkhorik, zokhorik, eta ez estalgunerik. Zeren Senekak dioen bezala: Quid prodest recondere se et oculos hominum auresque vitare? Bona conscientia turbam advocat, mala autem in solitudine anxia est atque sollicita. Si honesta sunt quae facis, omnes sciant, si autem turpia, quid prodest neminem scire cum tu scias? (Senec. epis. 43). Zer probetxu da gordetzea, eta iendèn begietarik eta beharrietarik ihes egitea? Konzientzia onak agerrian, eta iendartean ibili nahi du, fida da han ere. Baiña gaixtoak eztu nehon ere segurantzarik edireiten: ez etxean, ez kanpoan, ez bakharrik dagoenean, eta ez are konpainiatan denean ere. Zure obrak onak eta prestuak badira, iakin bitzate guztiek, baiña baldin gaixtoak, desohorezkoak, eta desohoragarriak badira, zer probetxu da, bertzèk ez iakitea, baldin zerorrek badakizkitzu? Zerori zara, zure konzientzia da lekhukorik segurena: bertze guztiek faltatuagatik hark eztezake falta, hark on edukiko du, hark akhusakuto du. Hargatik erraiten du halaber Senekak: Nullum conscium peccatorum tuorum magis tenueris, quam te ipsum: alium enim potest effugere, te autem numquam, nequitia enim ipsa est sui poena (Senec. lib. de moribus). Etzarela zure bekhatuak dakizkitenen, baten ere hain beldur, nola zeure buruaren; zeren bertzètarik badaidikezu ihes, eskapa zaitezke, baiña ez zeureganik. Zeren bekhatua bera da, bere buruarentzat pena, eta gaztigu. Iob gizon saindu hari gerthatu zeitzan kalte, galtze eta fortuna gaixto guztietan, eskapatzen zen bethi ere bat, abisatzeko eta berriaren ekhartzeko: Ego evasi solus, ut nuntiarem tibi (Job 1). Hala eskapatzen da bada bekhatorea baithan ere konzientzia, eta konzientziaren mandataria eta eranzutea, berri ekhartzeko, abisatzeko, eta erraiteko zenbat kalte ethorri zaikan, eta zenbat ontasun galdu duen bekhatuaren egiteaz.

§ 7

285 Konzientziak anhitz ofizio du, bera da alkhate, bera da lekhuko, bera da akhusatzaille, eta defendatzaille. Eta hain da fin eta egiati, ezen berak milla lekhuko balio baititu. Conscientia mille testes (Quintilian.). Hain da artez, iustu eta leial, non mundu guztiak ezpaitezake irabaz, ez korronpi, eta ez bertze aldera itzul. Ezta dirurik, eta faborerik: ezta lausengurik, eta ez mehatxurik: ezta arartekorik, eta ez adiskiderik, konzientzia bere egiatik malkhur dezakeienik. Pontu hunen gaiñean bethi bezala ederki erraiten du San Krisostomo, urrezko mihi hark: Externi iudices, et pecuniis corrumpuntur, et assentationibus deliniuntur, et metu simulant. At conscientiae tribunal nulli hominum novit cedere; sed, quamvis dederis pecunias, quamvis mineris, quamvis aliud quodvis feceris, iustam ferret sententiam, adversus peccatoris cogitationes, adeo ut ipse quoque qui peccatum admisit, seipsum condemnet, quamvis nullus alius condemnet (Chrysost. concio 4 de Lazaro). Munduko gortheak, audientziak, eta iustiziak nahasten dira, lekhukoek ukhatzen dute, notaria irabazten da, alkatea diruz itsutzen da, lausenguz eta faborez gobernatzen da: eta handik anhitzetan ere, barrenean zarela uste duzunean, kanpoan edireiten zara, irabazi ustea galtzen duzu. Baiña konzientziaren gorthean eta audientzian ezta halako bidegaberik egiten. Aitzitik bertze guztiek faltatuagatik, kulpantak berak, konzientziak berak akhusatzen du bere burua, eta bai kondenatzen ere. Kanpoan egin ahal ditezke, egiaren kontrako enseiuak, eta frogantza falsoak: falta duenak ere ukha ahal dezake, eta erran eztuela faltarik, baiña hargatik, barren hartan, bethiere konzientzia bere egian egonen da. Mintzo direnek ahal daidikete huts, baiña ez konzientziak: hari galdegiozu, harekin mintza zaitezi, eta hark nor zaren erranen deratzu; han miraillean bezala, zeure burua ikhusiko duzu. 286 Egiteko batek hartzen zaituenean, han da berehala konzientzia, eta egundaiño egin ditutzun falta guztiez orhoitzen zaitu, guztiak gogora ekhartzen derauzkitzu. Eta are erraiten deratzu, zenbait zeure bekhatugatik, hunelako eta halakogatik, hek guztiak ethorri zaitzkitzula. Hala Iosephen anaiek Ejiptora zirenean, eta han egitekotan iarri zirenean, bere bekhatuaz, hogoi urthe zuela egin zutenaz, orhoiturik, erran zioten elkharri: Merito haec patimur, quia peccavimus in fratrem nostrum, videntes angustias animae illius dum deprecaretur nos, et non audivimus, idcirco venit super nos ista tribulatio (Gen. 42). Mereziturik ditugu egiteko hauk guztiok, iustu da gehiago ere paira dezagun, zeren bekhatu handia eginik, geure anaia saldurik baikaude. Gogorki usatu genduen haren alderakotzat, anhitz othoitz eder egin zerakun, anhitz nigar purpuilla isuri zuen, asko baitziratekeien, den bihotzik gogorrenaren ere hautsteko eta beratzeko; baiña gureak etziren kantitu ere, etzeikun urrikaldu, ezkenduen entzun. Hargatik gabiltza bada orai gerok ere asaldatuak, akhusatuak eta atsekabeztatuak. Hunela erraiten zioten elkharri, hunela akhusatzen zituen bere konzientziak. Eta guztiz ere Ruben bere anaietarik batek egiten zerauen eranzute handi, erraiten zerauela: Numquid non dixi vobis, nolite peccare in puerum, et non audistis me, en sanguis eius exquiritur. Ezneratzuen nik orduan ere erran, begira zendutela, etzenegitela halako bekhaturik anaia haurraren kontra? Etzenezatela sal? Baiña ez nenduzuen enzun nahi izatu: huna non duzuen bada zuek ere orai zeuen merezia, zeuen ordain pagua. Bekhatu hura dela kausa, haren kariaz zarete, eta gara egitekotan, hura heldu zaiku geure gaiñera. Okhasinoa presentatu zen bezain bezain fite, iaiki zeien bere konzientzia, etzuen faltatu, akhusatu zituen. Eta are San Krisostomok dioen bezala: Ipsorum conscientia per oblatam occasionem insurrexit, momorditque illorum animos, efficiens ut nemine compellente, confiterentur sua facinora (Chrysost. Conc. 4 de Lazaro). Nehork ere bortxatu gabe, berèk bere borondatez, agertu zuten eta aithortu hanbat denboraz estalirik eduki zuten gaixtakeria. Haur da konzientziaren kargua, eta ofizioa, bertzèn ahantz orduetan orhoitzen du, denboraren buruan penatzen du, min eta oiñhaze emaiten du. Eta lehiatzen zaiku, lehen baiño lehen, geroko luzamendutan ibili gabe, bide on batean iar gaitezilla. Eta are erraiten deraku ezkaituela anarteraiño sosegatzera utziko, eta hala ezkaitu utzten ere. Beraz hunelatan, konzientziak berak egiten derauzkigun eranzuteakgatik, eta etxean barrena bekhatuaren kherik, ithaizurik, eta liskarrik ez izaiteagatik ere, behar dugu egun beretik, geroko begira egon gabe, geure konzientziatik, zer ere notha, falta, eta narrio baitugu, khentzera enseiatu: eta halatan bakean eta soseguan egon, iarri eta pausatu.

__________

NOLA GEROTIK GERORA GABILTZAN BITARTEAN GALTZEN DUGUN KONZIENTZIA ONAREN BAKEA ETA SOSEGUA KAP. XLVI

287 Gauza segura da, klara, eta esperientziaz ere frogatua, konzientzia gaixtoaren autsikiak, autsiki minak; liskarrak, liskar garratzak, eta kolpeak ere kolpe bortitzak direla: eta halako konzientzia duenak, hala dueiño, plazentzia osorik eztukeiela. Baiña gauza klara eta frogatua da halaber, konzientzia onaren bakea eta sosegua, gauza ona eta plazenta dela: eta nola mundu hunetako ifernua baita konzientzia gaixtoa, hala dela halaber mundu hunetako parabisua konzientzia ona. Ad spirituale gaudium, hodierna die, fratres charissimi, intendo os invitare, quod quidem gaudium non operatur divitiarum copia, non fallax mundi gloria, non prolis foecunditas, non corporis sanitas, sed tantum conscientiae puritas (August. ad fratr. in eremo serm. T. 10). Plazer espiritualera, arimako alegriantzara, konbidatu nahi zaituztet, egungo egunean, neure anaia maiteak (dio San Agustinek). Eta alegriantza haur eztu ez egiten, eta ez emaiten aberatstasunak, ez munduko ohoreak, ez seme alabadun izaiteak, eta ez gorputzeko osasunak ere. Zerk egiten du bada? Konzientziaren garbitasunak, bekhaturik gabe egoiteak. Hark ekhartzen du egiazko alegriantza, hark oiñhaze guztietarik sendatzen du arima eta hark kanporat ere atheratzen du barren hartako harra eta tristura. Zeren San Anbrosiok dioen bezala: Sicut in opere malo est tristitia, ita et in emendatione gaudium (Ambros. cap. 2 in epist. 2 ad Rom. T. 3). Nola obra gaixtoan edireiten baita tristura eta malenkonia, hala onean, onera emanean, eta emendatzean, edireiten da alegriantza eta bozkarioa. Vis numquam esse tristis? Bene vive, secura mens tristitiam leviter sustinet, bona vita gaudium semper habet (Isidor. lib. 1 Soliloq.). Nahi duzu ez behin ere izan triste? Zaren prestu, euzu konzientzia ona, konzientzia onak arintki iasaiten du, deus guti sentitzen du, kanpotik heldu zaikan tristura: bizitze onak bethi du berekin arraitasuna, irri nahia eta plazentzia. Hargatik erraiten zuen Iondone Paulok, etzebillala behin ere triste, triste bezala bai, baiña bethi alegera. Quasi tristes, semper autem gaudentes (2 Cor. 6). Iondone Paulok anhitz trabaillu eta atsekabe izaiten zuen, zeiñek tristetzeko okhasino emaiten baitzioten, baiña hek guztiak, konzientzia onaren alegriantzak, eta arraitasunak, iguzkiak lanhoa bezala, haizatzen eta barraiatzen zerautzan.

§ 1

288 Gaixtoak gezurrez dira alegera, eta egiaz triste: eta onak bertze aldera, egiaz alegera, eta gezurrez triste. Propioki eta egiaz minzatzera, onek dute alegriantzaren izena, eta izana, eta gaixtoek izena, eta ez izana. Zure atsegin eta plazer guztien mintzeko, eta gozo gaitzteko, asko da konzientzia gaixtoa, eta bai atsekaben eta desplazaren gozatzeko eta zaphoratzeko ere konzientzia ona: Namque si ibi vulnus non sit, sanumque sit illud quod conscientia vocatur, ubicumque alibi passus fuerit tribulationes, illuc confugiet, et ibi inveniet Deum, dio San Agustinek (August. in Ps. 45). Gizonak tristetua, atsekabeztatua, eta egitekoz bethea dabillanean, baldin bere barren hartan zauririk ezpadu, bere konzientzia sendo badu, hara laster egiten du, han Iainkoa edireiten du, eta han harekin batean bere burua konsolatzen du. Zurginak zura lantzen eta aphaintzen duenean, aurkituagatik gainaldea, azalari datxekana arrazatua, eta pipiztatua, eztu hargatik antsiarik, baldin bihotza, barrenaldea, on eta fin edireiten badio. Gizonaren azala eta gainaldea, gorputza da, barrena eta mamia da konzientzia: eta hura on bada, ezta gaiñerakoaz antsiarik, eta ez zer kontu eginik, zeren barren hura baita prinzipala. Hunen arauaz erraiten du San Anbrosiok: Et ideo non secundum forensem abundantiam aestimandam esse beatitudinem singulorum, sed secundum interiorem conscientiam (Ambros. lib 1 officior. cap. 15 Tom. 3). Ezta ez erran behar nehor dela bere gogora, kanpoko bere gogarakgatik, aberatstasunakgatik, ian-edanakgatik, eta ez bertze frankiakgatik: baiña orduan erran behar da bat bedera dela ongi, eta bere gogara, eta atseginak eta plazerak ere direla osoak, eta konplituak, noiz eta barrenaldea, konzientzia baita ongi, sendo, garbi eta narrio gabe. Non contristabit iustum quidquid ei acciderit, impii autem implebuntur iniquitate, dio Spiritu Sainduak (Prov. 12). Zer nahi den gertha dakiola, eztezake deusek ere iustua trista, baiña gaixtoak betheko dira gaixtakeriaz eta egitekoz. Hunen arauaz erraiten du Elizak ere: Nulla nocebit ei adversitas, si nulla dominetur et iniquitas. Eztio bat ere gertha dakion egitekok kalterik eginen, bat ere bekhaturik eztuenari. 289 Zeure bekhatuek eta aphetitu desordenatuek egiten deratzute gerla eta kalte, hek tristetzen zaituzte. Kheintzatzu hek, eta izanen zara alegera, kheinzatzu hek, eta biziko zara bakez eta zeure gogara. Hala erraiten du errege Davitek: Pax multa diligentibus legem tuam (Ps. 118). Bake handia du konzientzia onak, Iankoaren lege sainduari darraikanak. Eta badio San Anbrosiok ere: Quid est iuste vivere, nisi cum tranquillitate vivere? (Ambros. lib. 10 ep. 82. T. 2). Zer da iustuki bizitzea, bakean eta soseguan bizitzea baizen? Erran nahi du konzientzia onaren izaitea, eta bakean eta soseguan egoitea, guztia dela bat. Zeren iustuak kanpoan gerlak, eta egitekoak izanagatik, barrenean bethi du bakea: berekin du halakoak, mundu hunetan erdiets ahal ditekeien loria eta plazentzia. Halakoak eztu antsiarik munduko erran-merranakgatik. Falso testimonio bat, kontrario bat erauzten diotenean, eta batek eta bertzeak ahotan gaixtoki darabillatela ikhusten duenean, laster egiten du bere konzientziara: eta nola ezpaitu han, dioten faltarik edireiten, hartzaz konsolatzen da, hartzaz esporzatzen eta berotzen da. 290 Arrazoiñekin erraiten du San Anbrosiok: Bene sibi conscius, falsis non debet moveri, nec aestimare plus ponderis esse in alieno convitio, quam in suo testimonio (Ambros. lib. 1 Offic. cap. 5 Tom. 5). Faltarik eztuela dakien presunak, eztu bertzeren gaizki erraiteaz kasurik egin behar, eta ez pensatu ere, bertzeren gezurrak indar gehiago duela, beraren egiak baiño. Hunen arauaz erraiten du San Gregoriok ere: In omne quod agimus, vel extra de nobis agitur, recurrere ad mentis arcana debemus. Et si omnes vituperent, liber tamen est quem conscientcia non accusat.Quia si omnes laudent, liber esse non potest, si hunc conscientia accusat (Greg. ep. 2. T. 7). Egiten ditugun gauza guztietan edo gutzaz egiten eta erraiten direnetan, konzientziaren barreneko sekeretura egin behar dugu laster, eta hartzaz, haren lekhukotasunaz, hark barren hartan dioenaz egin kontu, eta ez iendearen erasteaz eta ongi edo gaizki mintzatzeaz. Zeren San Agustinek dioen bezala: Nec malam conscientiam sanat praeconium laudantis, nec bonam vulnerat convitiantis opprobrium (August. lib. 3 contra Petili. donatistae Luter. T. 7). Konzientzia gaixtoa, eta eria eztu ontzen, eta ez sendatzen nehoren laudorioak, eta ez ona, eta sendoa ere gaixtatzen, eta ez eritzen, gaizki erraiteak, hargatik bat bedera, dena izanen da.

§ 2

291 Bai ordea damu hartzen dut, iendèk ene baithan eztenaren erraiteaz, eta bai batzutan denaren ere agertzeaz eta banatzeaz. Sinhesten dut damu hartzen duzula: baiña pazientzia behar duzu. Zeren bertzeren mihiak ezin eduki ditzaketzu, hek eztaude zure eskuan. Utzkitzu hek, gaixtoak baitira, eta iende onen eta prestuen erranaz, eta zeure konzientziaz egizu kontu. Zeren San Bernardok dioen bezala: Omnino sufficit adversus os loquentium iniqua, opinio bonorum cum testimonio conscientiae (Bernard. super cantica). Asko da mihi gaixtoen kontrako, iende onén alderakotzat fama onean egoitea, konzientzia onaren lekhukotasunarekin. Deusek ere eztu hala sendatzen, eta ez arintzen iende gaixtoek gutzaz gaizki erraiten dutela enzuteaz hartzen dugun damua, nola egiten baitu ikhusteak eta iakiteak eztugula hobenik: eta iende prestuek eta ohoratuek ere, eztutela uste, eta ez sinhesten gutzaz halakorik. Baldin iende prestuek erraiten badute zutzaz ongi, eta konzientziak ez akhusatzen, egizu loa laxo, eztuzula antsiarik xarrek edo galduek gaizki erranagatik. Aitzitik atsegin hartzeko duzu, zeren hartan da ageri etzarela hek bezala. Egia haur erdietsi zuen ongi Antistenes filosofoak. Zeren hark enzun zuenean ezen iende gaixto batzuk haren laudorioz zeudezilla, erran zuen, tristura handi batekin: Ha iainkoak, zer egin othe dut nik? Zertan faltatu othe dut? Beldur naiz zerbaitetan huts egin dudan, eta lehen danik gaixtatu naizen. Zeren iende gaixto batzuek, lehen nitzaz gaizki erraiten zutenek, erraiten omen dute orai ongi. Zein baita seiñale gaixtoa. Zeren halakoek ez ohi dute erraiten ongirik, gaixtoez eta gaixtakeriez baizen (Laert. lib. 6 cap. 2). 292 Hunela mintzazu zen filosofo hura, gaixtoen kondizinoa ezaguturik. Beude beraz hek, diren bezalakorik, ez hetarat bururik itzul, ez hei beha, ez hetzaz konturik egin. Zeure konzientziarekin edukazu, harekin konseilla eta konsola zaitezi. Hala egiten zuen Iondone Paulok, erraiten zuenean: Gloria nostra haec est, testimonium conscientiae nostrae (2 Cor. 1). Haur da mundu hunetako gure loria, eta parabisua, konzientziaren akhusamendurik gabe egoitea, barren hartan faltarik ez edireitea. Erran baillu bezala: Batzuen loria eta kontentamendua da, aberats izaitea, errenta handien erdiestea; handiekin segitzea: iokoan, ian-edanean, emaztetan eta munduko bertze plazeretan denboraren iragaitea, baina ez gurea (dio Iondone Paulok). Guk eztugu hautzaz konturik egiten, barrenekoaz, konzientziakoaz kontentatzen gara. Hunen arauaz erraiten du San Anbrosiok ere: Propositum piae mentis mercedem non expetit, sed pro mercede habet boni facti conscientiam et iusti operis effectum (Ambros. lib 2. de Abraham c. 2. Tom. 3). Konzientzia ona, bere ongi eginaz, bere baithan barrena edireiten duen pagamenduaz kontentatzen da, hura daritza asko, eztu bertzerik bilhatzen eta ez desiratzen. Zeren San Anbrosio berak dioen bezala: Quis enim puritate et simplicitate pectoris dulcior fructus? Quis cibus suavior quam is, quem animus bene sibi conscius, et mens innocentis epulatur? (Ambros. in Psal. 35. Tom. 2). Zer fruitu da konzientzia onaren garbitasuna eta sinpletasuna baiño eztiagorik? Zer ianhari, deusetan eztuela faltarik dakienak iaten duena baiño gozoagorik? Nihil simplici corde felicius: quia qui innocentiam erga alios exhibet, nihil est quod pati ab aliis formidet, habet enim quasi arcem firmissimam simplicitatem suam, nec suspectus est pati, quod se fecisse non meminit (Greg. lib. 2 Moral. cap. 2). Ezta konzientzia sinplea, plauna eta malizia gabea baiño gauza dohatsuagorik (dio San Gregoriok). Malizia gabe, sinpleki, gogoan gaitzik eztaukala dabillana, ezta deusen beldur: iduritzen zaika halakoari ezen bere sinpletasuna eta intenzione ona duela gaztelurik eta dorrerik asko; eta berak bertzeri egiten eztioena, eztiazaiola berari ere bertzek egin. At contra mens prava semper est in laboribus, quia aut molitur mala quae inferat, aut metuit ne haec sibi ab aliis inferantur (Greg. ubi supra). Konzientzia gaixtoa, maliziatia eta fede gaixtoz dabillana, bethi da nekez eta trabailluz, bethi da gogan behartsu, idurikor, gibel beldurti eta sosegu gabe, zeren nola bera baita gaixto, uste du ezen bertzeak ere hala direla: nola bera hari baita gaixtakeria pensatzen eta egiten, beldur da berari ere hainbertze dagioten, moneda berean paga dezaten.

§ 3

293 Galdegin zeraukaten egun batez Bias filosofoari ea othe zenz munduan deus, deusen beldur etzenik. Eta ihardetsi zuen baietz, eta hura zela konzientzia ona. Konzientzia onak eztu deusen beldurrik, eta ez bere baithan ikhararik. Halatan galdegin zerauen gure Salbatzailleak ere bere etsaiei, Skriba Fariseoei, deusen beldur gabe, ausartzia handi batekin: Quis ex vobis arguet me de peccato? (Io. 8). Zeiñek zuetarik eginen deraut niri bakhatuz eranzute? Nork edirenen du ene baithan faltarik? Nork erranen du nik badudala bekhaturik? Galdez nagotzue. Deus badakizue, errazue. —Zer diozu, Iaungoikoa? Zer hari zara? Nolatan egiten derauezu galde hori zeure etsaiei? Zutzaz gaizki erraiteko okhasino bilha dabiltzanei? Nola etzara beldur ahalke gabe dakizkitzun, eta eztena badela erran diazazuten? —Nola eznaizen beldur? Ezpaitut deusetan ere faltarik. Konzientzia baitut ona eta garbia. Hark esportzatzen, berotzen eta segurantza segur batekin deusen beldur gabe ibentzen nau. Nahi duzu egon deusen beldur gabe? Zaren prestu, euzu konzientzia ona. Zaren konzientzia onarekin, ez etsairen, ez inkontruren, ez fortunaren, eta ez munduan den bertze perilen ere, etzara beldur izanen. Konzientzia gaixtoak perilik eztuenean ere, uste du peril duela: baiña onak, peril duenean ere, bere burua segur daduka, esportzu du, esperantza du orduan ere: bertze guztiek etsituagatik, eztu berak etsitzen. Susana, lege zaharreko emazte prestu hura, bere senharraz bertzerekin izan zela falsoki akhusaturik harriz iokatzera zeramatenean, galdutzat zedukan mundu guztiak. Ordea, berak esperantza handia zuen Iainkoa baithan. Erat cor eius fiduciam habens in Domino (Dan. 3). Zeren nola ezpaitzuen hobenik, bere hoben gabeak, bere konzientziak, berotzen, konsolatzen eta esperantzatzen zuen. Eta hala mirakuilluzki falseria agerturik, eskapatu zuen. Si cor nostrum non reprehenderit nos, fiduciam habemus ad Dominum (1 Io. 3), dio Iondone Ioannes Ebanjelistak. Baldin geure konzientziak akhusatzen ezpagaitu, esperantza dugu eta fidantzia Iainkoa baithan. 294 Eta handik Iondone Paulok ere Timoteo bere diszipuluari eskiribatu zioen kartan, ibeni zuen esperantzaren lekhuan, konzientzia ona. Aditzera emaiteagatik, konzientzia onaren izaitea eta esperantza ere izaitea, guztia dela bat. Ille emin sperat qui habet bonam conscientiam (August. in Psal. 31). Zeren konzientzia ona duenak, du esperantza ere. Eta nola konzientzia gaixtoa duenak ez othe du esperantzarik? Bai badu esperantza, ez ordea esperantza egiazkoa, ez esperantza bizia eta fina. Esperantza banoa, alferra eta hilla du halakoak. Zeren nola baitira bi fede-molde, bata bizia eta bertzea hilla; hala dira halaber bi esperantza. [Bekhatutan dagoenaren esperantza], fauna, hilla eta probetxu gutitakoa da. Konzientzia gaixtoak hotzten, eztheusten eta ulitzen du gogoa; baiña onak, berotzen, balentzen, esportzatzen, ausartzen eta esperantzatzen. Gizon bati zeure mende guztian etsaigoa eduki diozunean: eta gerthatu zaitzan okhasino guztietan, ahal dagizun gaizki eta kontra guztia egin diozunean: Zer esperantza ahal dukezu gero haren baithan, haren behartzen eta meneratzen zarenean? Arrazoiñez ez anhitz. Eta nehork erranagatik ere eztela hargatik antsia, gizon ona dela, gomenda zakitzala, behar dezazula: eta zuk hari gaizki eginagatik, hark hartara guti behaturik, eginen deratzula zuri ongi. Eztuzu sinhesten. Zeren zeure konzientziak gibelatzen baitzaitu, hark gogoa hotzten eta hiltzen baiteratzu. Baiña bertze gizon bati bethiere amorio eduki diozunean, eta okhasino guztietan haren alde eta fabore erakutsi zarenean, baduzu esperantza, zerorri ere hura, haren behartzen zarenean, helduko eta lagunduko zaitzula. Eta nehork erranagatik ere ezetz, etzaitzula lagunduko, eztuzu sinhesten. Zeren harengana dadukazun amorioak eta egin derautzatzun zerbitzuek emaiten baiteratzute esportzu eta esperantza. Bada haur gerthatzen zaika konzientziari ere Iainkoarekin. Konzientzia onak esportzu du, esperantza handi du, baiña gaixtoak guti edo ez bat ere. Eta ezta miretsteko ez izaitea ere, behintzat esperantza finik eta deus balio duenik. Zeren ezpaitu berak ere aitzinetik Iainkoaren alderakotzat hala obratu eta ez erakutsi.

§ 4

295 Giristino, giristino denak, batean ezpada bertzean, noizik behin bedere, autemaiten du bere konzientzia, bisitatsen du bere arima. Eta bekhatutan dagoenean, iduritzen zaika ilhunbean dagoela, eta koropillo bat, edo zama pisu bat barren hartan baduela. Baiña bekhaturik gabe denean, arrai, klar eta libre edireiten du bere burua. Ongi kofesaturik etxerat bihurtzen zarenean, iduritzen zaitzu karga sortha bat, zama pisu bat gaiñetik utzi duzula, arindu, konsolatu eta alegeratu zarela. Eta arrazoiñekin iduritzen zaitzu hala. Zeren zer da munduan konsolamendu handiagorik, eta bihotz esportza eta ailtxagarriagorik, ikhustea baiño eztuela deusen ere perilik, eztuela kofesa beharrik, eta ez bere konzientzian harrik? Halakoak eztu antsiarik, eta eztu izaiteko ere, berehala laburzki, gehiago kofesatu gabe hilagatik ere. Zeren prestatua baitago. Aise da, alegera da, bake handian da halakoa. Zer ahal dateke bada, munduan halako ontasunik edo parabisurik, nola baita konzientzia ona, esperantza handiz bethea, beldurtasun gabea, eta egiazko alegriantzaren iabea? Bertze munduko parabisuaz, zeruko loriaz, kontu guti egitea, itsutasun handia da, eta bat ere federik dutenen artean gauza miretstekoa. Baina aldez are itsutasun handia da, eta gauza miretstekoagoa da mundu hunetako parabisuaz, zein baita konzientzia ona, hain kontu guti egitea. Zeren bertze munduko parabisua eztugu oraiño ikhusten bedere, eta ez gozatzen. Baiña mundu hunetakoa, konzientzia onaren bakea eta sosegua, noizik behin bekhaturik gabe gaudenean bedere, ikhusten, dastatzen eta frogatzen dugu. Eta guztiarekin ere ontasun haur ere, bertzerik anhitz bezala, galtzera utzten dugu. Bada berthuteak, prestuki bizitzeak, bertze pagamendurik eta golardoarik ezpalu ere, konzientzia onaren bakea eta sosegua baizen ere, hargatik beragatik ere behar genduke, lehen baiño lehen, gerotik gerora ibili gabe, egunetik biharrera luzatu gabe, orai bereon, konzientzia onaren, ontasun handi hunen erdiestera enseiatu eta lehiatu. Hunelatan gutarik bat bederari erran ahal lekidikeion bezala: Si dormieris non timebis, quiesces et suavis erit somnus tuus (Prov. 3). Lo zauntzanean, etzara beldur izanen, pausatuko duzu, eta lo gozoa eginen duzu.

__________

NOLA ORAIDANIK BEHAR DUGUN, GEROKO BEGIRA EGON GABE, ONTASUNEAN IRAUTERA ETA PERSEBERATZERA ENSEIATU KAP. XLVII

296 Behin ere makhurtu gabe, saihetserat ere aldaratu gabe, bide onari eta arthezari bethi ongi eta artez iarraikitzea: berthutean, prestutasunean eta obra onetan fineraiño eta finean, bethi fin eta finko egoitea eta irautea, deitzen da gehien herrietan eta hitzkuntzetan perseberantzea. Eta perseberatze haur, berthutean eta ontasunean fineraiño eta finean iraute haur, da Iainkoaren donua eta emaitza: Iainkoa beraganik baizen bertzetarik ezin datekeiena. Hala erraiten du Konzillioak: Munus perseverantiae aliunde haberi non potest, nisi ab eo qui potens est eum qui stat statuere ut perseveranter stet, et eum qui cadit, restituere (Trid. sess. 6, cap. 13). Eta arrazoiña emaiten du San Tomasek: Perseverantia indiget non solum dono habitualis gratiae, sed etiam gratuito Dei auxilio, conservantis hominen usque ad finem vitae. Quia liberum arbitrium de se est flexibile (S. Thom. I p., q. 137, art. 4): Nola gizonaren borondatea, alde batera eta bertzera itzultzeko baita libre: borondate libre hunek, kontrako aldera itzuli gabe, eta harat erori gabe egoiteko, behar du Iainkoaren garaziaren eta faborearen habea eta sostengua, eta bai perseberantziaren indarra eta donua ere. Hala emaiten du aditzera San Agustinek: Firmissime tenendum est, neminem, etiam baptismatis gratia renovatum, idoneum esse ad superandas diaboli insidias, et ad vincendas carnis concupiscentias, nisi per quotidianum adiutorium Dei, perseverantiam bonae conversationis acceperit (Aug. lib. de Eccles. dogmat. cap. 25, tom. 3): Fintki eta duda gabe sinhesten dugu, eta sinhetsi behar da, eztela nehor ere asko sendo eta ez botheretsu, deabruaren enganamenduen eta haragiaren gutizien garaitzeko, egun guztiaz Iainkoa bera lagunduz, perseberantziaren donua errezibitzen duela baizen. Etsaiak, mundua, deabrua eta haragia bortitz; naturaleza flako, borondatea onera eta gaixtora libre, bietara iokatzen, eta haragiaren arauaz gaixtora iokatzenago. Ezta beraz irauterik etz ez fermo eta fintko egoiterik, Iainkoak berak edukitzen eta sostengatzen gaituela baizen.

§1

297 Bi perseberatze-molde, bi iraute-suerte erran ahal diteke edireiten direla gure artean. Bata da zenbait denboratakoa, zenbait denboraz ontasunean iraunez gero, eta bekhaturik egin gabe egonez gero, azken finean edo finera hurbiltzean faltatzen duena. Hura da lapitzaren gaiñean ereiten den hazia bezala: sortzen da ongi, baiña nola ezpaitu errorik egiten, fite ihartzen da. Hala dira bada iende thaillu batzuk ere: hasten dira ongi, ordea eztira aitzinatzen: den traburik ttipienean behaztopa, kanabera bezala, malgu eta plega; kamaleona bezan batetan mutha, finean firmetasunik ez, hoberenean falta. Edireiten da Vipera daritzan sierpe bat, gaixtoa eta pozointsua (Plin. de Natur. hist. lib. 8 cap. 39). Eta hartzaz erraiten du Pliniok egotzten duela neguan bere pozoiña eta lurrean barrena ehortzen duela; baiña gero udan pozoin berriarekin, are lehena baiño gaixtoagoarekin agertzen dela. Hala dirudi bada egiten duela eritasunean, garizuman, edo zenbait trabaillutan eta egitekotan denean, bekhatutik apartatzen denak ere. Senda arteiño, garizumaren edo trabailluaren negua iragan arteiño, pozoiña utzten du. Baiña gero, uda dathorrenean, senda dadinean, garizuma iragan denean, finean, bere gogara iar dadinean, berriz bere pozoiña hartzen du, bere leheneko bekhatura bihurtzen da. Haur da bihurgune gaixtoa, denbora gutiz ontasunean irautea eta perseberatzea; eta guztia ongi kontatzera, deus guti balio duena. Bigarren iraute eta perseberatze-moldea da azken finekoa; lehen zer izan baita ere, azken finean, ontasunean, prestutasunean eta berthutean perseberatzea, irautea eta hartan akhabatzea. San Agustinek eztu konturik egiten aitzineko perseberantziaz eta irauteaz, finera baiño lehen, edo finean berean, fina finatu gabe finatzen denaz. Potius habuit perseverantiam unius anni fidelis, et quantum infra excogitari potest, si donec moreretur fideliter vixit, quam multorum annorum, si exiguum ante mortem a fidei stabilitate defecit (Aug. lib. 2 de domo pertrac. c. 1. Tom. 7). Azken urthean, heriotzeko aitzinean denbora aphur batez ongi bizitzen denak, eta gero hiltzen denean bekhaturik gabe gerthatzen denak, erran ahal diteke duela behar den perseberantzia eta firmetasuna, eta ez aitzinetik anhitz urthez ongi eta prestuki bizi izan denak, baldin hiltzerakoan edo hiltzen denean faltatzen badu. 298 Aaron sazerdote handiaren beztidurak, behereko bazterrean inguru, zituen mingrana pintatuak. Mingranak, bertze fruituek eztutena, badu koroa iduri bat. Bada koroa hura nahi zuen Iainkoak eman zekion sazerdotearen beztidurari ez hastean eta ez erdian, baiña bazterrean, oinetan, akhabatzean. Zeren akhabatzeari dagoka koroa eta ez hasteari. Galdegin zeraukaten egun batez Diogenes Filosofo handi hari ea zergatik hain zahartuz gero etzuen pausatzen? Etzen estudiatzetik eta irakurzetik gelditzen? Eta ihardetsi zuen: thema baten gaiñean, garaikarrean, laster egiten duenak, eztu xedera eta marrara hurbildu hurran denean ezansiatu behar eta baratu. Aitzitik, orduan behar du permatuago eta enplegatuago, hartaraz gero garaitia bertzek eraman eztiazon, eta anarteraiñoko trabaillua ere gal eztezan. Hala bada nik ere (dio Diogenek) orai xedera, bizitzearen bazterrera eta adinaren finera hurbildu naizenean, eztut gelditu behar eta ez ezantsiatu. Baiña orai behar dut lasterrago abiatu, fintkiago permatu eta denbora hobekiago enplegatu. Zeren bertzela benturaz thema gal nezake, leheneko laster eginaz eta estudiatuaz eznuke probetxurik. Haur da Iondone Paulok ere erraiten duena: Sic currite ut comprehendatis (1 Cor. 9). Egizue laster, atrapa dezakezuen bezala. Eta hunela, laster egite eta atrapatze haur, fineraino eta finean, azken pontuan eta partitzean bekhaturik gabe gerthatze haur, erraiten du San Agustinek dela Iainkoaren donua eta emaitza, Iainkoaren liberaltasuna: eta nori emanen zaikan eta nori ez, Iainkoa beraganik baizen ezin iakin ditekeiena. Beraz, beldur garela behar dugu bizi, behatuki ibili eta geure indarrean baiño, Iainkoaren faborean fidatzenago garela, humiltasun handi batekin othoitzetan iarri, nahi gaituen sostengatu, erortzetik begiratu, eta bekhaturik gabe gauden batez, beregana deitu eta thiratu. Zeren ontasunean azken fineraiño iraute haur, nehork ere bere buruz ezin merezi dezakeien donua bada ere, ordea guztiarekin ere, egin behar du bat bederak bere aldetik ahal dagiena, merezi ahal baillezake bezala. Zeren gure othoitz guztien enzutera eta konplitzera obligatzen ezpada ere Iainkoa, ordea gaiñerakoan prestik dago ahala egiten duenari heltzeko, iabetzeko eta eskuaren emaiteko. 299 Hala emaiten du aditzera Errege Davitek: Prope est Dominus omnibus invocantibus eum, omnibus invocantibus eum in veritate (Ps. 144). Hurbil dagote Iainkoa zinez eta egiaz gomendatzen eta fabore eskatzen zaizkon guztiei. Eta nahi du eska gakitzan, eta are lehia gakitzan, eta lehenbiziko ezean eta errefusean eztezagun etsi, baiña athal ondoan dagoen eskalea bezala, erdiets arteino, gauden buthoituak. Eta orobat da noiznahi den, gauaren erdian ere, eskatzea. Zeren Iainkoa baithan ezta ez orenik, eta ez aldarte gaitzik, munduko iendetan ohi den bezala. Haren baithan muga guztiak eta oren guztiak dira bat, bethi da nehor ongi ethorria. Beraz hunelatan zintki eta fintki, maiz eta lehiatuki, behar gatzaitza azken fineko iraupenaren eta perseberatzeko donuaren eskatu: eta hunetan geure ahal guztiaz permatu eta bulharka iarri. Zeren azken fineko perseberantzia da gakhoa, hura da gora behera guztia, hartan dago garaita eta biktoria. Hura gabe leheneko obra onek deus guti balio dute. Zeren iraganak iragan, azken finean nolako garen behatzen du Iainkoak: eta orduan edireiten gaituen arauaz, emaiten deraku sekulako zorthea, ona edo gaixtoa. Eta ontasunean iraute haur, perseberatzea, oraidanik behar da hartu eta eduki, eta ez geroko esperantzan utzi eta largatu. Zeren azken fineko aitzin hartan irauten eta perseberatzen duenak, perseberatzen ohi du komunzki azken finean berean ere.

§ 2

300 Ordea, ezkaitu ez izitu behar azken fineraiñoko, edo gareinoko trabaillu aphur batek; hartzaz zeruko loria, hain gauza handia, erdiesten denaz geroztik. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Non sunt condignae passiones huius temporis ad futuram gloriam quae revelabitur in nobis. Hemengo neke-trabaillu guztiak, gehiago balira ere, eztira zeruko loriaren erdiesteko merezient, eztira asko, eztira deus harekin konparaturik. Beraz hunelatan eztugu bizi gareiñoko trabaillu aphur haur sobera etsi behar. Aitzitik, desiratu behar genduke lizen handiago eta iraun lezan gehiago. Hala desiratzen zuten lehenagoko sainduek; eta halatan desira hura hala izanez, eman zerauen Iainkoak hain loria handia. Halako batez mintzo dela, erraiten du Spiritu Sainduak: Consummatus in brevi explevit tempora multa (Sap. 4). Denbora gutiz bizi izan bazen ere, guti hartan egin zuen anhitz. Zeren hartan baitzuen aitzinerat ere ongi egiteko gogo eta borondate, eta borondate harekin hail baitzen. Hala erraiten da halaber gaixtoez ere denbora gutiz egin zutela anhitz: eta denbora gutiz eta laburrez egin zituzten bekhatuakgatik emaiten zaiela gaztigu luzea eta sekulakoa. Zeren denboran izan baziren ere labur, ordea bekhatu egiteko gogoan, borondatean eta desiran, izan baitziren luze. Bada nola gaixtoek baitute gogo eta borondate, aitzinerat ere bere gaixtakerietan egoiteko eta bizitzeko: hala onek dute halaber ontasunean aitzina iragaiteko eta hartan fineraiño eta finean irauteko eta perseberatzeko. Eta ezta ez, ez deusgatik, munduak, deabruak edo haragiak kontra aphur bat eginagatik, utzi behar perseberatzea eta aitzinerat iragaitea, ezta hargatik gibelat bihurtu behar. Itsasoan dabiltzanak, tormentak hartuagatik, kontrako haizeak ioagatik, eztira berehala errendatzen, eta ez bihotz hilduak eta etsituak iartzen; eztira portuan sar arteino laxatzen eta ez ezansiatzen, anarteraiño bethi on dadukate, bethi enseiatzen eta permatzen dira. Hala behar dugu bada guk ere permatu, eta parabisuko bidean iaikitzen zaizkigun tormentak eta kontrak benzuturik, hango portuan sartzera enseiatu eta ez anarteraiño errendatu eta ez amaiñatu. Eztugu ximinoak bezala egin behar: eltzaurraren iateko desiros delarik, kanpoko azalaren hautsteko nekeagatik, utzten baitu barreneko mamia dastatu gabe. 301 Giristino fina ezta ez berehala lehenbiziko okhasinoan eta tentamenduan erortzen; ezta lehenbiziko inkontruan behaztopatzen, eta ez izitzen. Aitzitik, orduan defendatzeko eta ihardesteko, pitztenago, permatzenago eta finkatzenago da. Su ttipia, kandela-argia, haize gutik iraungitzen du, baiña su handia, ikhatztobia, haize handiarekin, handitzenago eta sendotzenago da; hala bada, debozino ttipia, ezbaieko gogoa, eta ontenzione flakoa ere, edozein tentamendurekin, okhasino gutirekin, haize aphur batekin, iraungitzen da. Baiña debozino handia, intenzione fina, berthutean erroak eginik dagoena, okhasino handiekin, haize nahasiekin eta tentamenduekin fintzenago eta handitzenago da. Ordea, erraiten denean ezen azken fineraiño eztirela giristino onak eta finak baratzen, zabartzen eta ez gelditzen; ezta ez aditzen lehenbiziko hastetik akhabatzeraiño, gaztetik zahartzeraiño, behin ere eta nehoiz ere bekhaturik egin gabe egoiten direla. Zeren Salomonek dioen bezala: Septies in die cadit iustus (Prov. 24). Den iustuena ere, egunean zazpitan erortzen da, zenbait bekhatu benialetan bedere behaztopatzen da. Baiña aditzen da ezen bekhatu bat egiten duenean, hartarik berehala, hartan guti pausaturik ilkitzen dela, eta iltkirik azken finean bekhaturik gabe gerthatzen dela. Batzuek hartzen dute gogo eta borondate, zenbait denboraz bedere, bekhaturik egin gabe egoiteko. Zeren halako naturaleza du bekhatuak, non uste baitut ezen eztela nehor ere, gaixtoago bada ere, bere gaixtakeriak unhatzen eztuenik eta bertze bizitze molde bati lotzea desiratzen eztuenik. Ordea bat ere, eta nehoiz ere, bekhaturik egin gabe egoiteko gogo deliberatua, perseberatzeko firmetasuna, geroko utzten dute. Badu gure Gero hunek hemen ere bere etxalekhua eta ostatua. Bada baldin izanen bada firmetasunik gero, behar da perseberatzera eta firme egoitera enseiatu orai. Aitzineko obra onak eta perseberantzia dira ondoko fin onaren eta perseberantziaren bidea eta seiñalea. Iaiki eta eror dabillanaren bizitzea, bizitze perilosa da, guztiz ere, baldin eroririk denbora gehiago egiten badu iaikirik baiño: nola komunzki gerthatzen ohi baita gure baithan. Agian aste batez edo biaz egoiten gara bekhaturik egin gabe; baiña urthe batez eta hamarrez bekhatutan. Badakigu gaixtakerian pensatzen, irauten eta perseberatzen, baina ez ontasunean. Eta badio San Agustinek ezen hunela bekhatutan egoiteak eta perseberatzeak, haserretzenago duela Iainkoa, bekhatu egiteak berak baiño. Non enim qui peccaverit, sed qui in peccatis perseveraverit, odibilis et abominabilis erit Deo (Aug. serm. 58 de temp. Tom. 10).

§ 3

302 Ebakitzen duzunean zuhaitz bat, eta berriz hartarik urt-umeak edo adarrak sortzen direnean, ageri da etzenduela osoki eta ondotik ebaki, gelditu zela zenbait erro eta zain. Halaber zauria ere behin sendatutzat utziz gero, berehala gaizkoatzen denean, badirudi gelditu zela zenbait kutsu, zenbait narrio, etzela ongi sendatu. Hala bada behin bekhatutarik sendatuz gero, berehala eritzen eta hetara bihurtzen denean, badirudi gelditu zela zenbait kutsu, zenbait narrio, etzela ongi sendatu. Hala bada behin bekhatutarik sendatuz gero, berehala eritzen eta hetara bihurtzen denean, badirudi gelditu zela zenbait erro, zenbait bekhatu egiteko gogo; etzela ongi sendatu eta ez garbitu, etzuela apartatzera fintki deliberatu. Egia da ordea ongi garbitu eta sendatuagatik ere, gertha dakidikaio berriz likitstera, eritzera eta bekhatu egitera. Zeren bekhatuaren erroa eta zimendua libertatea da: eta libertateak behin utzi duena, berriz har dezake. Baiña guztiarekin ere, behin eror eta berriz iaiki ibiltzea seiñale gaixtoa da, eta gure galgarria. Unus aedificans et unus destruens, quid prodest illis, nisi labor? (Eccli. 34). Batek egin eta batek desegin, zer probetxu, trabaillua baizen? Bada halaber zer probetxu da, behin iaikitzeaz, baldin berriz erortzen bada, eta eroririk dagoela eta datzala, gelditzen bada? Zer probetxu da bide luzeari lotzeaz, gogo duen lekhura heltzen ezpada? Zer probetxu, untziak betherik eta kargaturik bela ongi egiteaz, baldin portura baiño lehen edo portuan galtzen bada? Zer probetxu etxearen hasteaz, akhabatzen ezpada? Ezta asko ongi hastea, akhabatu behar da. Iudas ongi hasi zen, baiña gaizki akhabatu. Loten emaztea ere Aingiruaren manuaren konplitzen ongi hasi zen, Sodomatik iltki zen, ordea gibelat behatzeaz, galdu zen; hargatik gatz bihurtu zen. Eta gatz bihurtze hunen gaiñean erraiten du Glosak: Sal est condimentum ciborum: et ideo uxor Lot respiciens retro, versa est in statuam salis, quia punitio eius dat condimentum sapientiae poenitentibus ne ad pristina peccata revertantur (Lyran. in cap. 19 Gen.). Gatzak du indar eta berthute ianhariei gozo eta zaphore emaiteko, eta bai aitzinerat ere iraun arazitzeko. Eta halatan, gibelat behatzeaz, gatz bihurtu zen: emazte hark eta hari eman zeikan gaztiguak, erakusten derauku eztugula gibelat behatu behar, eta ez lehen utzi ditugun bekhatuetarat bihurtu. Halatan erraiten deraku Iainkoak berak: Memento uxoris Lot (Luc. 17). Orhoit gaitezilla Loten emazteaz, zentza gaitezilla haren baithan, hari gerthatu zeikana gertha eztakigun, eta haren gatz hartzaz gaziturik bezala, bekhatutan ustelzetik begira gaitezin.

§ 4

303 Ezta gibelat behatu behar, zeren hala behatzeaz izatu da gaizki heldu denik. Bada exenplo bat, edo elhe bat, elkhar hil nahi zuten batzuen artean gerthatua. Hasi ziren bi gizon ezpata kolpeka: eta batak, maliziosago baitzen, erran zioen bertzeari: Hola, hola, bihoa hortik zure gibelean dagoen gizon hori, eznaiz ni biaren kontra hari. Orduan ustez ezen egiaz mintzo zen, behatu zuen gibelat, eta bitarte hartan, eman zioen bere bethea, eman zioen zafadarrako eder bat. Hala egiten deraue bada deabruak ere gibelat, leheneko bizitze gaixtorat behatzen dutenei, eta bihurtzen direnei ere. Nemo mittens manum ad aratrum et respiciens retro, aptus est regno Dei (Lc. 9). Gibelat beha dagoela, golde nabarretan hari dena, ezta zeruko erresumaren erdiesteko gai, eta ez on (dio gure Iainkoak). Arator respiciens retro facit sulcum tortuosum aut inutilem: sic accipiens melioris vitae statum, eta habens affectum redeundi ad pristinum statum ineptus est regno adipiscendo (Lyran. in cap. 9 Luc). Golde nabarretan, edo golde-pikoetan, lur lantzen eta aphaintzen gibelat beha dagoela hari denak, hildoa makhur eginen du, ezta hura goldelari on izanen. 304 Badira lan batzuk eta obra batzuk, aitzinerat, gibelerat, saihetserat, edo norat nahi den beha dagoela eginagatik, ezpaita antsia, nola baita iatea, edatea, mintzatzea. Baiña badira berriz bertze batzuk, nola baitira eskiribatzea, pintatzea, iostea, golde nabarren eta arhen ere haritzea, ezpaitira ongi egiten, bethi kontu edukitzen dela eta aitzinerat artez behatzen dela baizen. Hala da bada zeruko erresuma ere: baldin erdietsiko bada, artez ibili behar da, aitzina ioan behar da, ezta gibelat, leheneko bekhatuetara behatu behar, eta ez bihurtu. Zeren bihurtzekotz, probetxu guti da, lehen egin den guztiaz. Erhoa da behin garzeletik itzuriz gero, berriz bihurtu nahi dena: eta bai behin bide batetan arrobatu dutenean, berriz handik iragan nahi dena ere. Halakoak, animalia adimendurik eztuenak baiño adimendu gutiago du. Zeren animaliak, bere adimendu gabearekin ere, eztira lehen gaizki heldu diren lekhura berriz bihurtzen, baiña bai bekhatorea bihurtzen da. Hunen gaiñean erraiten du Iondone Petrik: Melius enim erat illi non cognoscere viam iustitiae, quam post cognitionem retrorsum converti (2 Petr 2). Hobe zukeien egiazko bidea iakin gabe egon, iakinez gero gibelat bihurtu baiño. Hala emaiten du aditzera San Lukas Ebanjelistak ere: Novissima autem eius erunt peiora prioribus (Luc. 11). Behin deabrua spiritualki, edo korporalki, bereganik atheraz gero, bere faltaz, berriz sartzera utzten duena, gaizkiago da orduan, bigarren hartan, lehenbizikoan baiño; perilosago da azken hutsa, lehena baiño: azkenak lehena ahantzten du. Hunen arauaz abisatu zuen paralitiko sendatua ere, bere sendatzailleak: Ecce sanus factus es, iam noli peccare, ne tibi deterius aliquid contingat (Io. 5). Badakusazu sendatu zarela, begira bada berriz eritzetik, zerbait are lehen baiño gaizkiago gertha eztakizun. Zeren gaixto da eritasuna, baiña gaixtoago berretura. Gaixto da zauria, baiña gaixtoago gaizkoadura. Gaixto da kofesatu gabe egoitea, baiña aldez gaixtoago kofesatu ditutzun bekhatuetara bihurtzea. Bigarrren bihurtze eta erortze hura gaitziago zaika Iainkoari lehenbizikoa baiño. Ezagutzagabetasun handia da eta ingrat izaitea, Iainkoari kofesatzean eta handik kanpoan, zeure orazinoetan eta othoitzetan hanbat promes eginez gero, eta hekin batean zeure bekhatuen barkhamendua eta bertzerik ere anhitz garazia, fabore, eta ontasun erdietsiz gero, promesak hautsirik, berriz leheneko maiña gaixtoetara bihurtzea, hanbat obligazino, eskergaixtoaz pagatzea.

§ 5

305 Hain da handi eta itsusi bigarren bekhatua, behin barkhatuz gero, berriz egiten dena, non hark bere ingrat-tasunaz, leheneko bekhatu barkhatuak ere bihurtzen bezala baititu (Vide S. Thom. 3 p. q. 88, art. 2 in corp.). Eta ezta miretsteko. Zeren bigarren bihurtze hark, leheneko bekhatu barkhatuak ere erraberritzen, gogora ekhartzen eta pitzten bezala baititu. Eta hala iustiziak ere, behin azotatua, bigarren atrapaduran, bortitzkiago gaztigatzen du. Behin utzi zuen bekhatura berriz bihurtzen dena, konparatzen du Spiritu Sainduak bere okha egina iaten duen orarekin. Sicut canis qui revertitur ad vomitum, sic imprudens qui iterat stultitiam suam (Prov. 26). Eta Iondone Petrik, are gehiago konparatzen du halakoa lohira hidoiztatzera bihurtzen den urdearekin. Canis reversus ad vomitum, et sus lota in voluntabro luti (2 Pt. 2). Hain da gauza hatsa, likitsa, higuiña eta nardagarria, or baten bere okha eginaren eta ahotik egotziaren berriz iretsten ikhustea, non baldin Spiritu Sainduak berak usatu ezpalu konparazino hunez, ezpainintzen ni aiphatzera ere ausartuko. Baiña erraiten du Spiritu Sainduak, derragun beraz guk ere. Behin bekhatua kofesatu, ahotik egotzi, eta berriz hartara bihurtzera, bere okha eginaren beraren iretstea bezala dela. Zeren okha hura zein lizun eta urde den, are baita lizunago eta urdeago bekhatua. Beraz hunelatan ezta leheneko bekhatuetara bihurtu behar, eta ez behin garbituz gero berriz likitstu ere. Aitzitik dagigun eta derragun, esposak bezala: Lavi pedes meos, quomodo inquinabo illos? Expoliavi me tunica mea, quomodo induar illa? (Cant. 5). Oiñak garbituitut, nola bada likitstukoitut? Athorra erauntzi dut, nola bada iauntziko dut? 306 Kofesatu ondoan, munduak, deabruak edo haragiak berriz bekhatu egitera, eta leheneko estatuan, egoitzan, etzauntzan eta tokian iartzera akhometatzen zaituztenean, ihardetsi behar zeneraukaie: Nolatan ahal daidiket nik hori? Garbituitut neure oiñak, nola bada likitstukoitut? Erauntzi dut behin athorra lohia, nola bada berriz iauntziko dut? Biluzi naiz behin aztura gaixto guztietarik, nola bada berriz beztituko naiz? Utzi ditut behin, nola bada berriz hartukoitut? Edo berriz hartzekotz, zertako utzi behar nituen? Si poenitens es, noli facere; si facis, certe poenitens non es, dio San Agustinek (Aug. lib. de vera et falsa poenitentia). Baldin bazara penitent, baldin lehen eginaz damu baduzu, eztagizula gehiago, zeren baldin egiten baduzu, ageri da etzarela penitent, eztuzula lehenaz damu. Diferentzia handia da salbatzen direnen eta salbatzen eztirenen artean: eta diferentzia haur eztago ez guztia bekhatu egitean edo ez egitean. Zeren salbatzen direnetarik, batzuek egin zuten noizbait bedere bekhatu: Iondone Petrik, Iondone Paulok, Magdalenak, eta bai bertze anhitzek ere. Baiña diferentzia dago behin edo berriz bekhatu egitera gerthatuagatik, heken fite utztean, eta behin utziz gero, ez hetara berriz bihurtzean. Hala edireiten da lehenagoko sainduak, zenbait bekhatutan erori baziren ere, fite iaiki zirela, eta behin iaikiz gero, etzirela gehiago erori, eta ez bere leheneko bekhatuetara eta ez bertzetara bihurtu. Hala egin behar dugu bada guk ere. Qui secutus es peccantem, sequere poenitentem (In vita Sancti Ambrosii). Baldin oraiñokoan iarraiki bagatzaizte sainduei bekhatu egitean, iarraiki behar gatzaizte halaber bekhatuen utztean, eta behin utziz gero, ez berriz hetara bihurtzean. Fineraino eta finean perseberatzen duena, izanen da salbatua eta ongi zortheatua. Qui autem perseveraverit usque in finem, hic salvus erit (Mt. 10). Bertze guztiak deus guti dira, finak darama koroa, akhabatzean kantatzen da loria. Beraz fin hari, eta akhabatzeko loria hari begia edukirik, hareraiño, eta han, behar dugu, egun beretik, geroko begira egon gabe, bekhaturik gabe egoitera enseiatu. Hartarakotzat orai eskuen artean darabiltzagun bekhatuak urrikimendu handi batekin kofesaturik eta utzirik, aitzinerat gehiago egitetik begiratzen garela. Zeren halatan erdietsiko dugu orai perseberantziaren donua eta gero azken finean arimen salbamendua, sekulako loria.

__________

NOLA IKHUSIRIK IFERNUKO BIDEA DEN GAITZAGO PARABISUKOA BAIÑO, BEHAR DEN GEROTIK GERORA IBILTZEA UTZI KAP. XLVIII

307 Anhitzetan egotu naiz neure buruarekin gogoetan: eta iduritzen zait ezen gogoeta egiteko egitekoa dela: ea zein den gaitzago, Iainkoaren zerbitzatzea, ala Deabruaren: parabisura ioaitea, ala ifernura. Bi presuna daude bertze munduan: bata parabisuan, eta bertzea ifernuan. Bada hetarik bietarik, zeiñek iragan othe zuen mundu hunetan pena eta trabaillu gehiago? Haur nahi nuke iakin, hunen nago galdez, haur da ene gogoeta. Badirudi trabaillu gehiago iragan behar duela parabisuratzen denak parabisuratzeko, ifernuratzen denak ifernuratzeko baiño. Zeren parabisuko bidea gaitzago baita, ifernukoa baiño. Hala emaiten du aditzera San Mateok: Angusta porta et arcta est via quae ducit ad vitam, et pauci sunt qui inveniunt eam (Mt. 7). Athea, athe hertsia da, eta bidea ere bide meharra, parabisurat dohana, eta gutiak dira, bide hura edireiten dutenak. Erran nahi du, gaitz dela zeruko lorian sartzea, eta Iainkoaren manamenduen konplitzea. Zeren ezta bide bat baizen, eta bat hura ere, guztia da mehar, malkhar, buruz gora, haragiaren kontra, eta desgogara. Eta guztien buruan, ezta bide hartan bat ere errebelatu behar, eta ez nehorat makhurtu, eta ez aldaratu, manamendu guztiak behar dira konplitu. Baiña ifernura ioaiteko, eztira guztiak hautsi behar, asko da batetan faltatzea. Hala erraiten du Iondone Iakuek: Quicumque totam legem servaverit, offendat autem in uno, factus est omnium reus (Iacob 2). Bertze guztiak konplituagatik, batetan behaztopatzen bada, guztietan egiten da hobenduri. Eta haur aditzen da, Glosak dioen bezala, De Poena damni et non de poena sensus (Glosa in cap. 2 Jac.). Guztietan egiten da hobenduri. Ez zeren bekhatu bat baizen eztuenak, hanbat pena merezi duen, nola hamar dituenak, baiña zeren bat baizen eztuena ere, ifernurako baita, hamar dituena bezain ongi, ez hain barrena, eta ez hanbat penarekin, ordea biak barrenean, nor bere mereziarekin. 308 Beraz gaitz izanen da parabisuan sartzea, hartarakotzat manamendu guztiak konplitu behar direnean, bide bat baizen eztenean, eta bat hura ere, hain meharra, eta gaitza denean. Eta hala Iondone Paulok bere saindutasun guztiarekin ere, ezin bururik eginez bezala, erran zuen: Infelix ego homo, quis me liberabit de corpore mortis huius? Ai ene titxa gabea, ene on beharra, eta urrikalkizuna, nork libratuko nau gorputz mortal hunetarik? Scimus quod lex spiritualis est, ego autem carnalis, venumdatus sub lege (Rom. 7). Zeren ni naiz haragiz, eta haragiari emana, eta legea, Iainkoaren manua, spiritu. Zer ikhuskizun du bada spirituak haragiarekin? Nolatan abenituko dira biak elkharrekin? Egiteko handia da haur, hain handia, ezen arrazoiñekin erraiten baitu Salomonek: Iugum graue super filios Adam, a die exitus de ventre matris eorum, usque in diem sepulturae in matrem omnium. (Eccli 40). Uztarri pisua, eta karga handia darabillate soiñean Adanen umèk, sortzen diren egunetik heriotzeraiño, bere amèn sabeletik ilkitzen direnetik, hobira, guztien amagana bihur arteiño. Halatan erraiten du San Mateok: Regnum caelorum vim patitur (Mt. 11). Zeruko erresumari bortxa egin behar zaika; han parterik izanen duenak, zin zinez, eta bere indar guztiaz behar duela permatu. Eta badio Iob sainduak ere: Militia est vita hominis super terram (Iob. 7). Giristino denak, gerlan dabilan soldaduak bezanbat trabaillu iragan behar du. Zeren soldadutasuna, eta gizonaren lurreko bizitzea, bat baitira. Eta Iondone Ioannes Ebanjelistaren errana da: Palmae in manibus eorum (Ap. 7). Ikhusi zituela iustuen eskuetan Palmak, zein baitziren Palma zuhaitzaren adarrak, biktoriaren seiñaleak. Eta biktoria den lekhuan, aitzinetik behar da gerla, aitzinetik behar da neke eta trabaillu. Zeren Iondone Paulok dioen bezala: Non coronabitur, nisi qui legitime certaverit (2 Thim. 2). Ezta koroatua izanen, eta ez biktorios geldituko, zin zinez permatzen, eta guduztatzen eztena. 309 Eta are haur da egitekoa: zenbatenaz eta giristino bat, baita giristinoago, zenbatenaz, eta zintkiago, eta fintkiago permatzen, eta enseiatzen baita Iainkoaren zerbitzatzera, eta Deabruari kontra egitera, hanbatenaz etsaiak harmatzenago, eta tentamenduak ere berretzenago zaitza. Hala emaiten du Spiritu Sainduak aditzera: Fili, accedens ad servitutem Dei, sta in iustitia et timore, et praepara animam tuam ad tentationem (Eccli. 2). Ene seme, hasten zarenean Iainkoaren zerbitzatzen, zaude erne, eta beldur zarela, eta presta zaite tentamenduei kontra egiteko. Zeren iakin behar duzu ezen, orduan egundaiño baiño, tentatuagoa izanen zarela. Hunen arauaz erraiten du Iondone Paulok ere: Qui pie vivere volunt in Christo Iesu persecutionem patientur (2 Thim. 3, 12). Sainduki, eta prestuki, Iesu Kristok manatzen duen bezala bizi nahi dutenak, izanen dira penatuak, eta persegituak. Hei erauzten zaizte falseriak, hei egiten zaizte irriak, eta eskarnioak, finean hei egiten derauzte munduak kontra handiak. Eta gertha baledi ere munduan zenbait presuna hain saindurik, iusturik, fama handitakorik, edo dohatsurik, non ezledin nehor ausart haren baithan mihirik ibentzera, eta ez haren ohorearen ukitzera, egia izanen da orduan ere, Iondone Paulok dioena, tentatuak, eta persegituak izanen direla iustuak. Zeren bere baithan barrena bedere, bere haragiaren mugidez, eta desira desordenatuez, tentatuak, ea frogatuak izanen baitira. Gerla handia dute elkharren artean berthutèk, eta bizioek. Urguillutasunak gerla handia egiten dio humiltasunari; Abariziak, libertasunari. Haragiak kastitateari; inbidiak, karitateari; gulak, abstinenziari: kolerak, pazientziari; nagitasunak, dilijentziari. Eta hunen batenarekin iustu guztiak dira persegituak, eta kontrastatuak bere baithan barrena bedere. Eta hala bethi ere da egia: Per multas tribulationes opportet intrare in regnum Dei. Anhitz tribulamenduz, penaz, eta trabailluz behar dela zeruko erresuman sarthu. Anhitz inkontru bortitz, anhitz pena eta atsekabe iragan behar du parabisuko bidean dabillanak.

§ 1

310 Ifernuko bidea dadukanak, badirudi eztuela halako atsekaberik, persekuzionerik eta kontrarik izaiten, eztuela halako gerlarik eta egitekorik sentitzen. Zeren bere gogoak eta haragiak diotsan bezala, bide zabalaz, bere aisiara baitabilla. halatan erraiten du San Mateok: Lata porta et spatiosa via est, quae ducit ad perditionem et multi sunt qui intrant per eam. Athea, athe zabala, eta bidea ere bide handia eta espaziotsua da ifernurat dohana; eta anhitz ibiltzen da bide hartan, eta bai athean ere sartzen: bada han oin-hatza franko, eta ez konpaiñia eskasik. Eta ifernuko bidea gaixtoek daramatena, deitzen da handia eta zabala, zeren hartan dabiltzanak, ezpaitira erregelaz bizi eta ez ordenantzaz. Eztute hek bertze erregelarik, bere borondatea baizen; eztaude legearen azpian, legea da heken azpiko. Bidea huts eginak, errebelatuak dabiltza: eta hala dabiltzanak, nondik nahi den dabiltza, hekentzat guztiak dira bide, guztiak dira zabal. Eta nola zabal baitira eta laguna ere franko baitute, plazer zaie, bere errebelamendu guztiarekin ere, bide zabal hartan ibiltzea. Plazer da mihiaren anhitz arnegu eta iuramentu egiten duela, nahi duen bezala minzatzera utztea. Plazer da igandetan eta bertze bestètan, solhasean, ian edanean, iokoan eta atsegin hartzen, mezaz, bezperaz eta orazinoz konturik egin gabe, denboraren iragaitea. Plazer da haragiak kilikatzen zaituenean, berehala zeure desiraren konplitzea. Plazer da bidegabe bat egiten deratzutenean, mendekatzea, ordaiñez ordain, moneda berean pagatzea. Plazer da, bere edo bertzeren eskuen artean, zerbait erabiltzea, eta alfer eta aise, ebatsiz izanen bada ere egoitea. Plazer da ohe onean eta garbian etzatea. Plazer da ez barurtzea, ongi iatea, hobeki edatea, eta barazkari onagatik, afari hobearen ez utztea. Finean plazer, plazent eta atsegin da, bere gogoak eta aphetituak diotsan bezala, bide zabalaz ibiltzea. 311 Ez ordea ezta plazer eta ez atsegin, baiña gaitz eta penos da, parabisuko bide meharraren edukitzea; manamendurik hautsi gabe, bethi artez ibiltzea eta bizitzea. Gaitz da mihiaren ongi gobernatzea, linburtzetik begiratzea, eta bertzeak zutzaz mintza litezin, nahi zendukeien bezala, zu ere hetzaz minzatzea. Gaitz da bidegabe bat egiten deratzutenean, barkhatzea: gaizki erraiten deratzunari ez ihardestea, zeure eskuan duzularik, ez mendekatzea. Gaitz da, haragiak tentatzen zaituenean, gaietan eta okhasinoetan zarelarik, zeure buruaren bortxatzea, desiraren ez konplitzea. Gaitz da tratuetan eta salerosietan, bethi egiaz ibiltzea; bertzerena eskuan darabillazularik, ez kutsatzea, errotan irinik ez lotzea. Gaitz da zur baten gaiñean, zeure ohe ona utzirik, eta larru arras zilizio bat, zerdazko gerriko bat harturik etzatea eta ibiltzea. Gaitz da barurtzea, ianhari ona, edari hobea, eta aphetitu ere duzularik, guztien Iainkoagatik utztea. Finean gaitz da eta penos da munduan garelarik munduan ezpaikina bezala, munduaz konturik egin gabe, Iainkoaren borondateari errendaturik egoitea; haren manamenduen arauaz, haragiz ezpaikina bezala, bethi spiritualki bizitzea. Eta alabaiña gaitzago bada ere, haur da parabisura ioaiteko bidea, haur da han sartzeko athea. Beraz orai badirudi ezen eztela gaitz, galdez gauden egitekoari ihardestea. Zeren iduriz frogatu baitugu asko klarki, errazago eta plazentago dela ifernuko bidea parabisukoa baiño, parabisukoa hain gaitz denaz geroztik. Baiña guztiarekin ere ahiertzen naiz erraitera, eta erraiten dut, parabisuko bidea errazago, plaunago, eta plazentago dela, ifernukoa baiño. Eta ifernura ioaiten denak, pena eta trabaillu gehiago iragan behar duela, are mundu hunetan ere, ifernura ioaiteko, parabisuratzen denak, parabisuratzeko baiño. Eta hartarakotzat froga dezagun lehenik, erraz dela parabisuko bidea, eta gero frogatuko dugu, errazago dela ifernukoa baiño.

__________

NOLA PARABISUKO BIDEA DEN ERRAZ KAP. XLIX

312 Egia haur, parabisuko bidea erraz dela, anhitz moldez eta arrazoiñez froga ahal diteke. Lehenbizikorik erraiten du Iondone Ioannes Ebanjelistak: Mandata eius gravia non sunt (Io. 5). Iainkoaren manamenduak eztira pisu eta ez gaitz. Halaber erraiten du Spiritu Sainduak: Qui custodit praeceptum, non experietur quidquam mali (Eccl. 8). Manua konplitzen duenak eztu gaitzik frogatuko, halakoa aise eta bere gogora izanen da. Eta guztien gainetik erraiten du gure salbatzailleak berak: Venite ad me omnes qui laboratis et onerati estis et ego reficiam vos. Tollite jugum meum super vos et discite a me quia mitis sum et humilis corde et invenietis requiem animabus vestris. Jugum enim meum suave est et onus meum leve (Mt. 11). Zatozte enegana trabaillatzen zareten guztiok, eta kargaturik zaudetenok, eta nik arinduko eta aise ibeniko zaituztet. Har ezazue ene uztarria zeuen gaiñera, eta ikhas ezazue eneganik ni naizen bezala, eme eta humil izaiten, eta edirenen duzue zuen arimentzat bake eta sosegu. Legis difficultatibus laborantes et peccatis saeculi oneratos ad se vocat (Hilarius cano. 12 in Math.). Lege zaharreko zirimoniez trabaillaturik, eta bekhatuzko egitekoez kargaturik daudezinak, deitzeintu beregana. Eta hei erraiten deraue, legez aldaturik, lege zahar hura utzirik, eta bekhatuen karga ere bereganik egotzirik, har dezatela bertze karga molde bat, uztarri leunago bat, zein baita, lege berria, Ebanjelio saindua, eta haren arauaz bizitzen direla ikhusiko dutela, zein aisia handian, ibeniko dituzten bere buruak, zein kontent eta bere gogara biziko diren: eta zein plazent, aisit eta erraz idurituko zaien Iainkoaren zerbitzatzea, eta haren lege sainduaren uztarriari errendaturik, manamendu sainduen bidean ibiltzea. Iainkoak berak erraiten du, plazent dela haren uztarria eta karga ere arin, beraz hala da, plazent da eta arin. Zeren Iainkoak ezin derrake gezurrik. Ordea nola Iainkoak erraiten baitu, haren uztarria plazent dela, eta karga ere arin: hala erraiten du halaber Iainkoak berak, parabisura ioaiteko bidea, bide hertsia, meharra eta gaitza dela, eta gutik edireiten duela bide hura. Baiña ifernuko bidea dela handi, zabal eta gaitza dela, eta gutik edireiten duela bide hura. Baiña ifernuko bidea dela handi, zabal eta plazent, eta eztela bide hartan iende eskasik, badela konpaiñia franko. Batean emaiten du aditzera, erraz dela eta zabal parabisuko bidea, eta berriz bertzean gaitz dela eta mehar. Nolatan ahal dateke haur hunela, erraz, eta gaitz: zabal eta mehar?

§ 1

313 Pontu huni ihardesteko, iakin behar duzue ezen baldin alde batetik Iainkoaren lege sainduari berari, hain osoki eta konplituki, konplitu eta begiratu behar denari: eta bertzetik geure haragiari ere berari, hain gauza flakoari, eta flakatzen erraxari, soilki eta bakharrik beha badiazegu, latz eta gaitz dela Iainkoaren zerbitzatzea, eta haren lege sainduaren begiratzea eta konplitzea. Baiña baldin konsidera baditzagu Iainkoaren laguntza, ethorkizuneko esperantza; pagamenduaren segurantza; gogotik eta borondatez dagoenaren indarra; eta guztien gainetik ontasunean dabillanari Spiritu Sainduak emaiten dioen indarra, berotasuna, konsolamendua, eta donua, edirenen dugu, ez gaitz, baiña erraz; ez hertsi, baiña zabal; ez pisu baiña arin eta plazent dela Iainkoaren zerbitzatzea eta haren lege sainduaren konplitzea. Gaitz da Iainkoaganako bidea, haren manamenduen konplitzea. Ordea norentzat da gaitz? Berrientzat, usatu gabeentzat; nagientzat; laxoentzat; enseiatzen eztirenentat, aitzinerat behatu gabe, ethorkizunaz konturik egin gabe, haragiaren arauaz bizi nahi dutenentzat: eta guztien gaiñetik gogotik eta amorioz eztaudezinentzat. Ez ordea ezta latz eta ez gaitz, haragiari gibela emanik, arrazoiñaren arauaz gobernatzen direnentzat: ethorkizunera behatzen dutenentzat, eta gogotik eta deliberatuki, zin zinez eta amorioz enseiatzen direnentzat. Hala emaiten du aditzera San Krisostomok: Quod si onus audiendo formidas nimium, atque perhorrescis, non natura rerum hujusmodi timorem, sed ignaviae tuae totum tribue. Nam si accinctus et praeparatus eris, et nulla desidia effeminatus, cuncta facilia videbuntur (Chrys. hom. 3 in c. 11 Mt. Tom. 2). Baldin Iainkoaren ebanjelioa eta uztarria, karga dela enzuteaz lazten eta larritzen bazara, zeure hotztasunari eta nagitasunari emozu hoben eta falta, eta ez bertzeri. Zeren baldin gogotik, zin zinez prestaturik eta istalgaraturik, abia bazindezi eta perma, etzindezke izi eta ez ikhara, baiña iduri lekidikezu guztia erraz, plazent, eta arin. 314 Zeren oraiño San Krisostomok berak dioen bezala: Fieri potest, quod natura est intolerabile, sit leve, si cum alacritate animi suscipiamus (Chrys. in cap. 16 Luc. Tom. 2). Bere egitez, gaitz den gauza ere, erraxten da, gogotik eta alegeraki hartzen denean. Eta badio San Agustinek ere: Omne praeceptum leve est amanti (Aug. sent. 2. 22. Tom. 3). Manamendu guztiak dira erraz, amorio duenarentzat. Den gauzarik errazena egin bedi gogo gaitzez, eta gaitz izanen da; den gaitzena, egin bedi gogo onez eta erraz izanen da. Halatan Iondone Ioannes Ebanjelistak, amorio dutenez eta eztutenez mintzo dela, emaiten du aditzera, amorio dutenei, manamendu guztiak iduritzen zaiztela manamendu bat. Si quis diliget me, sermonem meum servabit (Io. 14). Baiña amoriorik eztutenei, manamendu bat bera iduritzen zaiela anhitz manamendu. Qui non diligit me, sermones meos non servat. Batean dio: Sermonem, eta bertzean: sermones. Halatan erraiten du San Agustinek ere: Ita corpus pondere, sicut animus amore fertur, quocumque fertur (August. de civitate Dei, cap. 28. Tom. 5). Amorioak erabiltzen du bat bedera nahi duen lekhura, pisuak balantza erabiltzen duen bezala. Guztia dago gogoan, guztia dago borondate eta amorioan. Manamendu guztiak amoriotik eta karitatetik hasten dira, amorioaz eta karitateaz konplitzen dira, eta amoriora eta karitatera bere finera eta xedera bezala, biltzen eta bihurtzen dira. Beraz ezin dateke gaitz, amorio duenarentzat, manamenduen konplitzea. Zeren amorioak manamenduei, bere garratztasuna eztitzen, mintasuna gozatzen, eta gaitztasuna errazten baiteraue. Errege Davitek nola ezpaitzuen amorio eskasik, halatan Iainkoaren manamenduak erraz iduriturik, erraiten zuen: In via testimoniorum tuorum delectatus sum sicut in omnibus divitiis. Zure manamenduen bidea, hain da bide atsegina eta plazenta, non hartan ibiltzeaz, munduko aberatstasun guztien eskuen artean erabiltzeaz bezanbat atsegin hartu baitut. Quam dulcia faucibus meis eloquia tua. Ezin derraket zein gozo eta ezti zaizkidan neure ahoan eta eztarrian zure manuak, solhasak eta perpausak, are eztia baiño eztiago edireiteintut. Super mel ori meo. Amorioak beroturik, egiten zuten lehenagoko sainduek Iainkoaren zerbitzuan, hanbat balentia. Halatan pairatzen zuten hanbat pena eta trabaillu, heriotze eta martirio, dolore eta estira. 315 Nola Patriarka Iakobi iduritu baitzeikan labur eta deus guti, Rakel ederraren erdiesteagatik, zazpi urthez haren ondoan eta zerbitzuan ibiltzea zeren maite baitzuen, amorio baitziadukon. Videbantur illi pauci dies prae amoris magnitudine (Genes. 29); hala sainduei ere iduritzen zaie deus guti, Iainkoagatik egiten duten guztia, zeren gogotik baitaude, amorioa baitute handia. Halatan Apostoluek ere orduan zedutzaten bere buruak dohatsuenik, eta ziren alegerenik noiz eta Iainkoagatik desohore eta laido gehiago errezibitzen baitzuten. Ibant gaudentes a conspectu concilii, quoniam digni habiti sunt, pro nomine Iesu contumeliam pati (Act. 5). Zeren nola desohore eta laido hek guztiak, borondatez eta amorioz hartzen baitzituzten, amorio harekin batean, etzituzten sentitzen, etzeizten trabaillu iduritzen. Hunen arauaz erraiten du San Agustinek: Nullo modo sunt onerosi labores amantium, sed etiam ipsi delectant, sicut venantium, aucupantium, piscantium. Nam in eo quod amatur, aut non laboratur, aut et labor amatur (August. de bono viduit. Tom. 4). Amorioz eta gogotik dabilzanen trabailluak, eztira trabaillu, aitzitik, hetan altsegin hartzen da: ihiztariak, arranzaleak, pilotariak, dantzariak, nekhatzen dira, trabaillatzen dira; eta alabaiña trabaillu hura guztia bestatzat hartzen dute. Zeren maite den gauzan, edo ezta nekerik, edo maite da nekea ere: edo ezta trabaillurik, edo baldin bada ere, hartan atsegin hartzen da. 316 Ikhusiko duzu zenbat pena iragaiten duen ama batek bere haur ttipiarekin; eta guztiz ere, haurra xarra, zakartsua eta hazkari gaitza denean. Eztio lorik egitera utzten, gau eta egun haren mainatzen eta errekaitatzen, bere burua deseginik, hari behar du. Eta guztiarekin ere ama erhoa, hartan loriatzen da: gauaren erdian iaikirik, eta bere loa galdurik, haur harekin, milla erhokeria erraiten duela, dostatzen da. Zeren maite baitu, amorio, baitiaduko. Eta amorioak trabaillu guztiak arintzen, gozatzen, zaphoratzen eta ezeztatzen baiterautza. Hala bada giristino onari ere, amorioak, gogotik egoiteak, arintzen, errazten, gozatzen eta ahantz arazitzen derautza. Iainkoaren manamenduen konplitzean, iragan behar diren neke trabaillu guztiak. Hala erraiten du San Agustinek: Omnia saeva et immania, prorsus facilia et prope nulla efficit amor (August. de verbis Domini serm. 8 & ser. 46 de tempore. Tom. 10). Diren gauzarik gogorrenak, molde gaitzenak eta hez-gaitzenak ere, hezten, beratzen, moldatzen eta eskuetaratzeintu amoriok. Ezta gauzarik, amorioak, hez, hauts, balaka, eta errenda eztezakeienik. Amurus batek anhitz pena eta trabaillu pairatzen du bere amurusagatik: anhitz gau eta egun gaixto iragaiten du, haren erdiesteagatik. Baiña, hek guztiak zeren amorioak itsutua baitago, deus guti sentitzeintu. Bada giristino onak, Spiritu Sainduaren amorioaz eta garaziaz ukiturik dagoenak, zenbatenaz gutiago sentitukoitu, eta erraxkiago iraganeintu Iainkoaren zerbitzuan ahal dirateken trabailluak? Zeren amorio garbiak, Iainkoaganik heldu denak, indar gehiago behar luke, eta du ere, Deabruaganik heldu den amorio higuin, hats, lizunak baino. Eta halatan arrazoinekin erraiten du gure Iainkoak haren ebanjelioaren uztarria, plazent dela, eta legearen karga ere arin. Zeren hala baita, arin eta plazent baita, gogotik dagoenarentzat, borondatez eta amorioz hartzen duenarentzat.

§ 2

317 Are gehiago, plazent, aisit, arin eta erraz da Iainkoaren zerbitzatzea, haren manamenduen konplitzea; ez hastean, ez lehenbizian, zeren haragiak eta usantza gaixtoek kontra handia egiten baitute. Baiña behin usatuz gero, dastatuz gero, eta spiritua haragiari iaunduz gero, ezta munduan hain bianda aphetitosik eta gozorik, nola baita Iainkoaren zerbitzatzea. Zapatak iauntzi berrian hersten du, min egiten du, baiña aphur bat erabiliz gero, moldatzen da, oiñaren neurrira eta orkhoiera ethortzen da. Oiñak lohakartua dagoenean, eta gorputzak ere zurrundua, manaiu guti dute, iaikitzera eta ibiltzera herabe dute: baiña behin iaikiz gero, eta aphur bat higituz gero, berehala zalhuitzen, manaiukortzen eta iratzartzen dira. Halaber presuna ianzaharrak, mathela gogortuak edo horzkitua dagoenak, eztu atseginik hartzen iaten hastean, lehenbiziko poxinean eta ahamenean; baiña behin hasiz gero, handik harat, iaten duena, on eta gozo edireiten du. Hala bada Iainkoaren zerbitzuan ibili nahi dena ere, lehenbizian hotzki da, zurrun da, hotz eta nagi da; baiña enseia bedi, has bedi eta berehala berotuko eta zalhuituko da, trebe, bithore eta entregu izanen da, aise ibiliko da: eta gero eta gero aiseago, zeren ezta han asetzerik eta ez higuintzerik. Augent enim spirituales delitiae desiderium in mente, dum satiant: quia quanto magis earum sapor percipitur, eo amplius cognoscitur, quod avidius ametur (Gregor. Hom. 36). Bertze ianhariek hiltzen dute aphetitua (dio San Gregoriok). Baiña Iainkoaren zerbitzatzeko ianhari hunek berretzenago eta piztenago du. Zeren barrenago hobeago, eta gozoago edireiten baita. Munduko plazentziek, diren handienèk ere, denborarekin, unhatzen dute, bere batez aitzinago, higuintza emaiten dute. Baiña Iainkoarenak, gero eta gero aphetitua pitzten eta berretzen dute. Eta handik harat, hala berretuz gero, usatuz gero, atsegin da eta plazent Iainkoaren bidean eta zerbitzuan ibiltzea, haren manamenduen konplitzea, eta prestuki bizitzea.

§ 3

318 Are gehiago atsegin da eta plazent Iainkoaganako bidea, haren manamenduen konplitzea, konplitze hartarik heldu den probetxuari eta irabaziari behatzen dioenarentzat, hartan gogoa eta begiak ibentzen dituenarentzat. Zeren San Krisostomok dioen bezala: Nulla res est tam difficilis quae non fiat facilis spe futurae vitae (Chrys. in Psalm. 5). Ezta hain gauza gaitzik, ethorkizuneko bizitzearen esperantzarekin erraxten eztenik. Hala erraiten du San Agustinek ere: Omne opus leve fieri solet, cum eius praemium cogitatur et spes praemii solatium est laboris (August. ad Demetr. Virg. c. 28. Tom. 2). Den lanik handiena, ttipitzen, eta kargarik pisuena ere, arintzen du, hartarik heldu den irabazian pensatzeak. Pagamenduaren esperantza da trabailluaren konsolamendua. Si vis sustinere laborem attende mercedem (August. in Psalm. 38. Tom. 8), (dio San Agustinek). Nahi baduzu iraun trabailluan, pensa ezazu pagamenduan eta irabazian. Den egitekorik gaitzenari ere, gogotik lotzen zatzaitza, ongi pagatua izanen zarela segur zarenean. Condimentum cibi ieiunium est. Quanto avidior appetentia, tanto esca iucundior (Ambros. de Elia & ieiunio c. 4), (dio San Anbrosiok). Ianhariaren iakia barura da eta gosea. Zenbatenaz gosea handiago, hanbatenaz ianharia gozoago. Nola gosea edo aphetitua baita ianhari guztien saltsa eta iakia: hala da nekearen eta trabailluaren konsolagarria, zaphoragarria eta arintkarria, pagamendua eta pagamenduaren esperantza. Hunen arauaz erraiten du Errege Davitek ere: Declinavi cor meum ad faciendas justificationes tuas, propter retributionem (Ps. 118). Deliberatu nuen zure manamenduen konplitzea, konplitzetik heldu zeitan probetxuagatik. Nehork deus uste eztuen lekhuan, herabe du, oiñak pisu du, baiña irabaziak oiñak arin. 319 Laborariak fruituen esperantzan, gogotik iragaiten du bere lur-lanetako nekea. Merkatariak irabazi ustez, egiten du itsasoz eta leihorrez, hain arintki, hanbat bide, itzul inguru, eta ioan ethorri. Finean irabaziaren esperantza hunek, deusen usteak ernatzen, eta iratzartzen du mundu guztia: Hain iratzartzen, non esperantza hunekin, neguak uda, gauak egun, uriak atheri, minak gozo, trabailluak aisia, eta atsekabeak ere, atsegintasun eta plazentzia iduritzen baitzaizkigu. Bada baldin mundu hunetako irabazi aphur baten esperantzak, anhitzetan ere, enganaturik utzten gaituenak, hain gogotik, hain arindurik eta guti sentiturik, trabailla arazitzen bagaitu; zer izanen da arrazoin eragin dezan zeruko loriaren esperantzak, usteak, eta orhoitzapenak? Eta zer izanen da halaber, loria haren, irabazi guztien gaiñeko irabaziaren ondoan dabillanaz? Hain gauza handiaren esperantzan trabaillatzen denaz? Halakoari, barurtzea, orazinotan egoitea, etsaiari barkhatzea, haragiaren plazeren utztea, eta finean obra on guztien egitea, iduritzen zaika errax eta deus guti. Zeren trabaillu aphur heken gatik, sekulako loriaren, hain irabazi handiaren eta pagamendu abantaillatuaren esperantzan iartzen baita. Halatan erraiten du San Agustinek: Cum attenderis quid accepturus sis, omnia erunt tibi vilia, quae pateris, nec digna aestimabis, pro quibus, illud accipias. (Aug. in Ps. 36. Tom. 8). Konsidera dezazunean zein pagamendu handia emanen zaitzun hemengo trabaillu aphurrakgatik, erranen duzu, eztuzula, hain deus gutigatik, hanbat merezi. Zeren trabaillua baita ttipi, labur eta tenporal, eta pagamendua handi, luze eta sekulako. Konsidera dezagun beraz pagamendua eta edirenen dugu errax Iainkoaren lege saindua.

§ 4

320 Are gehiago edirenen dugu errax eta arin Iainkoaren lege saindua. Zeren lege haur uztarri baita, eta uztarria, biak iasaiten eta eramaiten baitute. Halatan erran zerauen baratzean nabusiak bere diszipuluei: Sustinete hic et vigilate mecum (Mt. 26). Sostenga ezazue orai hemen hainbertze trabaillu, zaudete aphur bat iratzarririk; eta ez zerok, ez, baiña, mecum, enekin, ni laguntzen natzaitzuela. Hala erraiten du Iondone Paulok ere: Abundantius illis omnibus laboravi; non ego autem, sed gratia Dei mecum (1 Cor. 15). Ni bertze guztiak baiño trabaillatuago naiz, ez ordea neror, sed gratia Dei mecum: Iainkoaren garazia enekin. Hala erran zuen halaber Iondone Paulok berak: Omnia possum in eo, qui me confortat. Ezta gauzarik, neure esportzatzaillearekin batean, eztaidikedanik. Konsolamendu handia da, bere trabailluetan eta egitekoetan, lagun on baten izaitea. Beraz konsola ahal gaitezke gu ere, zeren geure egitekoetan Iesu Kristo lagun baitugu. Obra onetan zabiltzanean etzara behin ere bakharrik, zurekin da Iainkoa, laguntzen zaitzu, kidatzen zaitu. Eta halatan da Iainkoaren lege saindua errax, eta arin. Zeren Iainkoak berak gehien partea iasaiten, eta eramaiten baitu. Iainkoaren manamenduak, idien orgak, xaluparen arrauak, untziaren belak, eta hegaztinaren hegalak bezala dira. Orga, karga da, pisu da. Ordea idiek karga harekin, karga gehiago eramaiten dute. Badirudi karga laguntzen zaiela, karga eramaiten. Arrauak eta belak ere, pisu dira, ordea hekin batean arintkiago, eta lasterrago dohazi untziak eta xalupak. Hegaztinaren hegalek ere badute bere karga, eta pisutasuna. Ordea karga hark, ez kargatzen, baiña arintzen du hegaztina. Hala erraiten du San Agustinek: Haec sarcina non est pondus onerati, sed alae volaturi, habent enim et aves pennarum suarum sarcinas. Et quid dicimus? Portant illas et portantur. Portant illas in terra, et portantur ab illis in caelo (August. de Verbis Domini serm. 24. tom. 10). Hegaztinak iasaiteintu lurrean bere hegalak, eta airean hegalek iasaiten dute hegaztina: iasaiten du, eta iasaiten dute. Erran bazeneza: Hegaztina haur trabatzen, eta kargatzen dute bere hegalek, eta urrikaldurik, edeki baziniatzo, kalte gehiago egin ziniazaio, probetxu baiño. Zeren airatzen, eta hegaldatzen zena, lurrean geldi bailliteke. Beraz karga badira ere, on dira orgak, belak, arrauak, hegalak, eta bai Iainkoaren lege sainduaren uztarria ere. Zeren uztarri haur, karga izanagatik ere, hunekin batean hobekiago, eta aisekiago iragaiten baitira mundu hunetako trabailluak, eta atsekabeak. Zeren Iainkoa bere legearen emaillea, legearen begiratzen, eta konplitzen laguntzen baitzaiku: eta hartarakotzat, uztartzen bezala baita gurekin. Egia haur ezaguturik, erraiten zioen San Agustinek Iainkoari, hitz gutiz, eta ederki: Da quod iubes, et iube quod vis (August. lib. 10 confes. cap. 29 & 31). Iauna, emazu manatzen duzuna, eta gero mana ezazu nahi duzuna. Zeren indarra franko denean, eta laguna ere ona, ezta kargagatik antsia. Beraz Iainkoa bera iasaiten laguntzen zaikunaz geroztik, arrazoiñekin erraiten da, haren uztarria plazent dela, eta karga ere arin.

§ 5

321 Gure lege sainduaren, eta manamenduen karga, arin da, eta are arintkarri da. Zeren baldin alde batetarik kargatzen bagaitu, bertzetik arintzen, eta bertze anhitz kargaren, eta obligazinoren azpitik, atheratzen baikaitu. Galdegiten dute Teologoek, ea guk geure bekhatuakgatik, geure Iainkoari, satisfazionerik, eta pagamendurik egin ahal diazaiogunz. Eta badiru ezetz. Zeren erraiten du San Tomasek: Satisfactio est redditio voluntaria, aequivalentis, alias indebiti. (S.Thom. 4 disc. sent. q. 1. ar. 1). Satisfatzea da, zor eztitugun obrez, geure eskuko ditugunez, nahi badugu baizen egitera obligatu ezkarenez, zor dugun bezanbat pagatzea, eta bihurtzea. Beraz ezin egin diazaiogu guk geure Iainkoari pagamendurik. Zeren nola baita Iainkoa guztien gaiñeko ongi egillea, eta dugun guztia harenganik baitugu: hala dugun guztia, eta ahal dagigun guztia hari diogu zor; beraz etzaiku deus gelditzen geure eskuko, ezta obra librerik, manamendu eztenik, zein deitzen baitituzte Teologoek: Opera supererogationis, obra emendailluzkoak, emanen gaiñekoak, gure eskuko direnak, libreak, nahi badugu baizen, egitera obligatu ezkarenak. Badirudi eztela hunelako obrarik: eta baldin ezpada, segur da, ezin paga dezakegula geure Iainkoa, eta ez satisfa. Baiña guztiarekin ere ihardesten dute Teologoek berèk, eta erraiten: Alde guztiz zordun bagatzaitza ere geure Iaungoikoari, badela guztiarekin ere, anhitz obra on nahi badugu baizen, egitera obligatu ezkarenik, geure eskuko dugunik: nola baita orzirale guztietan barurtzea, egun oro meza enzutea, gau erditaraiño orazinotan egoitea, eta hunelako bertzerik anhitz. Hauken egitera ezkara obligatu, nahi badugu baizen. Zeren Iainkoari alde guztiz, eta geure ahal guztiaz zordun bagatzaitza ere: ordea Iainkoaren miserikordia, eta liberaltasuna hain da handia, non baldin, haren manamenduak konplitzen baditugu, kontentatzen baita hainbertzez, eta gaiñerako bertze obra on guztiak, geure eskuko utzten baiterauzkigu. Eta hala manamenduen emaiteaz, manamenduak gutitu zerauzkigun, karga arindu zerakun. Zeren bertzela, baldin manamenduak eman ezpalerauzkigu, guztiak manamendu izanen baitziren. Beraz arrazoiñekin erraiten du: Jugum meum suave est, et onus meum leve. Ene uztarria leun, plazent, eta aisit da, eta ene karga ere arin: zeren hala baita. Eta are karga delarik, karga arintgarri, eta gutigarri baita. Eta hala segur da, parabisuko bidea, behar den bidean hartzen duenarentzat, plaun dela, plazent, eta atsegin.

__________

NOLA PARABISUKO BIDEA DEN ERRAZAGO IFERNUKOA BAIÑO KAP. L

322 Hunen aitzineko kapituluan, eman diren arrazoinen arauaz, ageri da, Iainkoaren lege sainduaren karga, karga arina dela, eta iasaiteko erraza. Ordea karga da, eta karga denaz geroz segur da zenbait neke, eta trabaillu baduela: nola halaber ifernuko bidea dadukanak, edireiten baitu zenbait atsegin, eta plazer. Orai da bada kontua, eta pontua, ea zeinek duen atsegin eta plazer, edo trabaillu gehiago, parabisuko bidean, ala ifernukoan dabillanak? Eta gauza segura da, ifernuko bidean dabillanak trabaillu gehiago duela, karga pisuagoa darabillala, halako moldez ezen karga hura ezin iasanez, erraiten baitzuen Profeta Davitek: Iniquitates meae supergressae sunt caput meum: sicut onus grave gravatae sunt super me (Ps. 37). Ene bekhatuek iragan, eta erdiratu dute ene burua, eta karga sortha pisu batek bezala, aurizki, eta zapatu naute naizen guztia. Eta halatan erraiten deraue Iainkoak halako kargarekin dabiltzanei: Venite ad me omnes qui laboratis, et oneratis, et ego reficiam vos (Mt. 11). Zatozte enegana trabaillatzen zareten guztiok, eta kargaturik zaudetenok eta nik arinduko zaituztet: nik karga pisu hori edekirik, karga arinago bat emanen deratzuet. Tollam quidem sarcinas, sed inanes a sarcinis non dimittan. Tollam sarcinas malas, et imponan bonas (August. de Verbis Domini, serm. 24. Tom. 10). Edekiko deratzuet karga, baiña karga gabe etzaituztet utziko. Edekiko deratzuet karga gaixtoa,eta emanen ona. Berthuteak, Iainkoaren zerbitzatzeak baditu bere nekeak, eta trabailluak, eta bai bekhatuak ere bere atseginak, eta plazerak. Bada berthutearen neke, eta trabaillu hek, atseginago dira, bekhatuaren atseginak, eta plazerak baiño. Hala erraiten du San Agustinek: Dulciores sunt lachrymae orantium quam gaudia theatrorum (August. in Ps. 127. Tom. 8). Eztiago, eta gozoago dira orazinotan, eta othoitzetan daudezinen nigarrak, komedietan, dantzétan, eta munduko plazeretan dabiltzanen irriak baiño. 323 Ikhusiko duzu saindutto bat zokho batean nigarrez, eta hats-beherapenez, orazinotan dagoela: eta ikhusiko duzu halaber orazinoz, eta debozinoz konturik egiten eztuen bat, bethiere iend’artean, iokoan, dantzan, eta atsegin hartzen dabillala. Bada orai zuri idurituko zaitzu ezetz, baiña zokhoan orazinotan dagoen hark, beroago, eta alegerago du bere baithan barrena bere gogoa, munduko atseginetan dabillanak baiño. Zeren Iainkoak bere garaziaz, eta faborez debozinotan dagoenaren nigarrak, gozatzen, eta zaphoratzen baititu: eta berak, ere nigar hetan ondone on bat edireiten baitu. Halakoagatik erraiten du San Agustinek: Semper doleat, et de dolore gaudeat (August. de vera & falsa poenitentia cap. 13 in fine. Tom. 4). Beu bethi dolore, eta doloreaz gozo, eta zaphore. Ikhusten duzunean presunba bat bere bekhatuen dolore hutsez, nigarrez dagoela, uste duzu ezen presuna hura triste dela, baiña enganatzen zara: zeren alegera da, eta alegeraz nigar hek egiteintu. Zeren San Anbrosiok dioen bezala: Non solum dolor lachrymas habet, habet et laetitia lachrymas (Ambros. de obitu fratris orat. 4 Tom. 5). Eztira ez nigar guztiak doloretik heldu, badira alegriantzatik heldu direnak ere. Presuna iustuen hats-beherapenak, orazinotan, eta penitenziatan daudenen nigarrak, alegriantzatik heldu dira. Nigar hek, arrosak dira elhorrien artean. Egur hezeak egiten du gar, eta egiten du nigar: sua datxeka, eta ura dario. Hala bada presuna iustuak ere berthutezko obretan egiten du nigar, eta egiten du irri: badu trabaillu, eta konsolamendu, badu tristura, eta alegriantza: kanpoan tristura, eta barrenean alegriantza. Eta barreneko alegriantza hark, garaitzen du kanpoko tristura. Zeren tristura hura bere nahiz, eta borondatez, eta bere probetxutan hartzen baita, eta haren ondoan alegriantza uste baitu. 324 Halakoagatik erraiten du Elizak ere: In labore requies, in aestu temperies: in fletu solatium.Trabailluan pausua: beroan freskura, nigarrean konsolamendua. Halaber halakoagatik erraiten du David sainduak: Labores manuum tuarum quia manducabis (Ps. 127). Bere eskuen trabailluak ianen dituela. Trabaillatzen denak, bere trabailluaz izaiten duen irabazia, iaten ohi du, eta ez trabaillua bera. Eta alabaiña erraiten du trabaillua bera ere iaten duela. Eta arrazoinekin erraiten du hala (Vide August. super hunc ps.). Zeren iustuak trabaillu hartan ere, ianhari gozo baten iatean bezanbat atsegin hartzen baitu. Giristino onak iaten ditu mundu hunetan bere trabailluak, eta bertze munduan, trabailluaren irabaziak eta fruituak. Zeren trabaillu hetan, barurtzean, orazinotan egoitean, eta nigar egitean ere, epherki iatean baiño atseginago hartzen baitu. Fuerunt mihi lachrymae meae, panes die ac nocte, dio Profetak (Psalm. 41). Ene gauazko, eta egunazko ogia, nigarrak izan ziren. Ogiz asetzean bezanbat, atsegin hartzen nuen, nigar egitean. Gaudet iniquus in pompa, gaudet martyr in catena (August. in Psalm. 137). Gaixtoak munduko banalorietan, ponperietan, bonbazietan, eta handirasunetan hartzen du atsegin eta plazer: eta martirak, iustuak, gartzelean, trabailluetan, eta gathean. Eta martir hark atseginago hartzen du bere trabailluetan, eta Iainkoagatik iragaiten dituen penetan, gaixtoak munduko plazeretan baiño. Zeren San Agustinek dioen bezala: Maior est suavitas mentis, quam ventris. (August. de Verbis Domini serm. 28). Handiagoa da arimaren konsolamendua, eta bere gogara, gorputzarena baiño, adimenduaren atsegina sabelarena baiño, eta barreneko bozkarioa, kanpokoa baiño.

§ 1

325 Nola gaixtoek, munduko atseginetan, ian edanean, iokoan, eta bertze plazeretan dabiltzanek, ezpaitute barurtzearen, orazinoaren, eta bertze berthutén barreneko mamia, kanpoko azala baizen ikhusten, ezpaitute penitenzian, eta penitenziazko obrétan estalirik dagoen gozotasuna frogatzen, uste dute ezen penitenziak eztuela bat ere ontasunik, atseginik, etz ez plazerik: eta izaitekotz ere, bertze munduan izanen duela, eta ez hemen. Eta nola bertze mundukoa baita geroko, erraiten dute, eztutela presenteko plazera, geroko esperantzagatik utzi nahi. Eta erraiten dute hunela, zeren baitakusate ezen berthuteak, Iainkoaren lege sainduak, kanpoko iduria, eta figura duela itsusi, latz, eta gaitz. Eta handik kanpoko gaitztasun hark iziturik, utzten dute barreneko mamia, eta hartzen dute kanpoko azala. Emaztétara emana den batek, eztu uste, emaztékin segitu gabe, nehor bizi ahal ditekeiela. Baldin erran badiazozu badela anhitz segitzen eztuenik, eztu sinhesten. Zeren ezpaita bera egoiten. Iokari bati, arnegari bati, edale bati, edo halako bertze iende thailluei, iduritzen zaie ezen bizio hetan dela plazer guztia: eta berthuteak, Iainkoaren zerbitzatzeak, manamenduen konplitzeak, eztuela bat ere atseginik, eta ez plazerik, penarik, eta atsekaberik baizen. Baiña enganatzen dira, eztakitenak bezala mintzo dira. Eztute egundaiño frogatu, eztute egundaiño Iainkoa zerbitzatu, eta gero erraiten dute gaitz dela Iainkoaren zerbitzatzea: dastatu eztuten bianda arbuiatzen dute: eztakiten gauza kondenatzen dute. Gaitz da, itsuak kolorèn berri iakitea. Saindu guztiek erran dute, eskiribuz ezarri dute. Iainkoaren uztarria plazent dela, haren lege saindua erraz dela, beraz hek, nola berak frogatuak baitira, sinhetsiago behar dira, bat ere berririk iakin gabe bere plazerera mintzo direnak baiño. Eztu egundaino nehork Iainkoaren lege saindua eskuztatu, eta frogatu, non ezpaitu milla ontasun, eta laudorio, lege hartzaz erran, eta kontatu. Deabruak emaiten derauzte bere iendei bere atsegin, eta plazer moldeak. Zer, bada, Iainkoa izanen da hain idor, eta on-edeki, non utziko baititu bere adiskideak, eta zerbitzariak, atsegindasun mokho bat ere gabe? Zein parte estimatzen duzu hobe, Iainkoarena ala Deabruarena? Baldin ba Iainkoarena? Beraz Iainkoaren atseginak eta plazerak ere hobeagoak eta handiagoak izanen dira Deabruarenak baiño. Eta ez naiz ez mintzo bertze mundukoaz, hangoaz ezta dudarik. Zeren segur da, han gaixtoak izanen direla sekulakotzat penatuak, eta onak golardoatuak, eta lorifikatuak. Baiña mintzo naiz mundu hunetakoaz. Eta diot ezen, are mundu hunetan ere, giristino onek, Iainkoaren partea dadukatenek, atsegin eta plazer gehiago gozatzen dutela, giristino gaixto Deabruaren partea segitzen dutenek baiño. 326 Egia haur eman zerauen aditzera Iainkoak berak, hartzaz arrenkuratzen ziren iende batzuei, erraiten zerauela. Convertimini et videbitis quid sit inter iustum et impium, et inter servientem Deo, et non servientem ei (Mal. 5). Konberti zaitezte, bide onean iar zaitezte, eta ikhusiko duzue zer diferentzia den onaren eta gaixtoaren, Iainkoa zerbitzatzen duenaren, eta zerbitzatzen eztuenaren artean. Erran bailleraue bezala: Bertze munduko begira egon gabe, anarteraiño iguriki gabe, konbertitzen zareten pontuan, ezagutuko duzue, onaren eta gaixtoaren arteko diferentzia: bataren alegriantza, eta bertzearen tristura: bataren bakea, eta bertzearen gerla, bataren atsegina, eta bertzearen atsekabea, bataren arraitasuna, eta bertzearen goibeltasuna. Finean ezagutuko duzue, eta esperientziaz frogatuko, zein handia den onek gaixtoen gaiñetik duten abantailla, eta nola diren onak, are mundu hunetan ere, gaixtoek uste duten baiño aiseago, eta bere gogarago. Egun batez galdegin zeraukaten Apostoluek bere Nabusiari: Ecce nos reliquimus omnia, et secuti sumus te, quid ergo erit nobis? (Mc. 10). Iauna, guk utzi ditugu ditugun on guztiak, zure amoreakgatik, eta iarraiki gatzaizkitzu, zer izanen da bada gutzaz, edo guretzat? Ihardetsi zerauen: Amen dico vobis nemo est, qui reliquerit domum aut fratres aut sorores, aut patrem aut matrem propter me, aut propter Evangelium, qui non accipiet centies tantum in tempore hoc, et in saeculo futuro vitam aeternam. Egiaz erraiten deratzuet, seguratzen zaituztet, ezen nork ere utziko baitu enegatik, eta ene Ebanjelioagatik etxerik, anaiarik, arrebarik, aitarik edo amarik, errezibituko duela orai presenteko denbora hunetan, utziko duenetik ehun gehiago, eta gero bertze munduan bizitze eternala. Ikhusazu nola mintzo den mundu hunetako pagamenduaz, eta bertze mundukoaz: eta nola bataz eta bertzeaz diferentzia eginik, erraiten duen, Iainkoaren zerbitzatzeagatik deus utzten duenari, emanen zaikala, are mundu hunetan ere, utzten duenetik ehun gehiago, eta gero bertze munduan sekulako loria. Beraz hunelatan, badu Iainkoaren zerbitzatzeak bertze mundukoaz gaiñera, mundu hunetan ere zenbait golardoa, zenbait pagamendu, atsegin, eta plazer.

§ 2

327 Erranen du zenbaitek: Nolatan ahal dateke oraiñokoan erran duguna hala? Zeren eztugu ikhusten ezen Iainkoak bere zerbitzariei, presuna iustuei, mundu hunetan horrela gauza handirik emaiten derauela, ez kargurik, ez ohorerik, ez aberatstasunik, eta ez munduko bertze gauzarik. Aitzitik anhitzetan ere, hek dakuskigu direla probe, eritoki, eta munduko arauaz on behar. Nola aditzen da beraz, emanen zaiela, are mundu hunetan ere, utzten dutenetik ehun gehiago? Ezta gaitz ihardesten. Aditzen da Iainkoak bere zerbitzariei, halako donuak, eta aberatstasun espiritualak emaiten derauztela, bere baithan barrena, non hek baitira, ehunetan ere handiago, eta baliosago, mundu hunetako atsegin, plazer, eta onhasun korporal guztiak elkharri iratxekirik baiño. Iainkoaren atseginak eta plazerak, gehienik ariman barrena dira. Eta barreneko atsegin hek, garaitzen dituzte kanpoko atsekabeak, eta bai gorputzaren plazerak ere. Omnes sancti adiuvantur a Deo, sed intus, ubi nemo videt, dio San Agustinek (August. in Ps. 53). Saindu guztiak dira Iainkoz lagunduak, eta faboratuak. Ordea non? Barrenean, nehork ikhusten eztuen lekhuan. Baldin utzten baditutzu kanpoko plazerak, gorputzarenak, emanen zaizkitzu barrenekoak, arimarenak, izanen baitira ehunetan, gorputzarenak baiño handiagoak, eztiagoak eta abantaillatuagoak. Eta baldin gorputzarenak utzirik, dasta bazinitza arimarenak, higuin lekidisketzu berehala gorputzarenak. Handik harat, lehen on eta gozo zeizkitzun atseginak, eta plazerak, etzinituzke ikhusi ere nahi, eta ez aiphatu. Zeren orduan halako moldez argi lekidikezu zeure adimendua, eta alda leheneko gogoa, non gauza guztiek, lehen ez bezalako kolore bat, iduri bat, eta zaphore bat har baillezakete. 328 Iainkoaren zerbitzariek badirudite kanpotik probe, eztheus, plazer gabe, hil hurranak. Ordea Iondone Paulok dioen bezala, barrenean darabillate gorderik bizitzea, zein baita Iesu Kristo. Mortui enim estis, et vita vestra abscondita est cum Christo in Deo (Col. 3). Eta nola Iesu Kristok berak, baitzedukan bere dibinitatea, eta Iainkotasuna barrenean estalia, eta kanpoan baitzirudien ttipi, eta probe: hala haren zerbitzariek ere bere iaunari iarraikitzen zaitzala, dirudite kanpoan deus guti, eta triste, baiña barrenean dira alegera eta konsolamenduz betheak. Quam magna multitudo dulcedinis, quam abscondisti timentibus te (Ps. 30, 20). A zein handia den Iainkoak giristino beldur zaizkonentzat gorderik eta estalirik dadukan eztitasunaren multzutasuna. Hain da handia ezen frogatu duenak baizen ezin iakin baitezake nolakoa den. Halatan erraiten du Errege Davitek: Gustate et videte, quoniam suavis est Dominus (Ps. 33). Dasta ezazue, froga ezazue, zeren ezta Iainkoa dirudien bezain latz eta gaitz. Orainokoan Deabruaren zerbitzuan bezala, enplega zaite hemendik aitzina, Iainkoarenean, eta orduan ikhusiko duzu, eta esperientziaz frogatuko, zein gozo , zein ezti, zein atsegin, eta plazent den Iainkoa. Nola berthuteak, prestutasunak eta giristino on izaiteak baithakarke berekin, bere baithan barrena, bozkario bat, alegriantza bat, eta kontentamendu handi bat: hala bekhatuak, eta bekhatutan ibiltzeak ere dakharke berekin desplazer bat, atsekabe handi bat: hain handia non baldin ifernurik ezpaliz ere, zeren bekhatua bera bere baithan baita hain itsusi, eta bere buruarentzat penagarri, eta gaztigu, hargatik beragatik ere, behar baikenduke bekhatu egitetik begiratu. Iokari batek nahiz hari dadilla dostetan eztuen bat ere irabazteaz probetxurik, eta ez galtzeaz kalterik, guztiarekin ere atsegin hartzen du irabazteaz, eta damu galtzeaz zeren irabaztea, bere egitez baita plazer, eta galtzea desplazer; hala bada prestu izaiteak ere, parabisurik ezpaliz ere, badu bere baithan barrena, bere atsegina, eta plazera, eta bai gaixto izaiteak ere, halaber ifernurik ezpaliz ere, bere desplazera eta atsekabea.

§ 3

329 Batzuei iduritzen zaie ezen bekhatua gozo dela,plazentziaz bethea dela: baiña enganatzen dira. Zeren bataz plazentzia hura ezta plazentzia, baiña enganamendu: eta enganamendu hura ere, ezta ez bekhatuarena, eta ez bekhatutik sortzen dena: baiña bekhatorearena, bekhatorea beraganik, eta bekhatuaren eragille Deabruaganik heldu dena. Orak bidean edireiten duen hezur idorra, gozoki erabiltzen du ahoan, ez zeren hezur hark duen berekin mamirik edo urinik: baiña zeren, erabili hutsez, orari berari, ahotik odola iarieten baitzaika, eta gero odol harekin batean, hezur idor hura, on gozo, eta ezti iduritzen baitzaika. Hala bada bekhatoreari ere iduritzen zaika bere bekhatu idorra, on, gozo eta heze, ez zeren bekhatuak berak bere baithan duen ontasunik edo gozotasunik, baiña, zeren bekhatoreak baitaduka bere gogoa, bere gutizia eta desira guztia bekhatu hartan ibenia; eta desira hark emaiten baitio bekhatuari gozo eta zaphore. Egun batez Israeleko iendeak hain zuen egartsu idorra eta edateko desira handia, non Iainkoak heken premia ikhusirik, eman baitzerauen, harri-muger batetarik atherarik, ithur-ur fresko bat. Eta gero hartarik edan zutenean, erran zuten ur hura etzela ez ura, baiña ura baiño hobeago, munduko arno guztiak baiño gozoago, eztiaren pare zela. Ut suggeret mel de petra (Dt. 32). Eta zerk eman zioen ur hari eztitasun hura? Heken gutiziak, heken desirak eta egartsuak; zeren gaiñerakoan, bertze ur bat bezala zen ur hura ere. Hala bada emaiten dio bekhatuari ere bere gozotasuna, gure gogoak, gure desirak eta Deabruak. Eztu bekhatuak berak bere baithan itxurapenezko eta enganamenduzko gozotasunik baizen. 330 Eta Deabruak bekhatuari emaiten dioen enganamenduzko gozotasun hura ere, bortxaz emaiten dio eta ez borondatez. Baldin bertzela eragin albaleza bekhatua, ezlemake munduan den plazerik ttipiena ere. Arrantzaleak egotzten du amua urera beitarekin, zenbait iateko eeta bazkarekin; eta ez, ez arraiñaren urrikariz, ez hari iatera eman nahiz, baiña zeren bertzela ezin engana baitezake eta ez atzeman. Hala bada Deabruak ere emaiten dio bekhatuari zenbait atsegin eta plazer, zenbait bazka eta gozotazun, ez eman nahiz, ez atsegin sari, baiña zeren bertzela ezin engana baitezake bekhatorea eta ez atrapa. Eta Deabruak bekhatuari emaiten dioen enganamenduzko gozotasun hark ere, denak ere, deus guti irauten du, baiña ondoko penak eta atsekabeak anhitz. Bekhatuaren plazeraz mintzo dela, erraiten du Sophar Ioben adiskide hark: Hoc scio a principio, ex quo homo positus est super terram, quod laus impiorum brevis sit,gaudium hypocritae ad instar puncti (Iob. 10). Munduaren hastetik huneraiño, iendeak iende direnaz geroztik, badakit pontu haur: gaixtoen laudorioa labur dela, eta hipokritén alegriantza are laburrago, pontu bat bezala. Bekhatorea deitzen da hipokrita. Zeren hipokritaren saindutasuna bezala, baita bekhatorearen atsegina eta plazera ere. Nola hipokritak kanpotik baitirudi saindu eta debot, ordea barrenean baita gaixto eta maliziati; hala bekhatoreak ere kanpotik dirudi alegera; kontent, atseginez eta plazerez bethea, ordea barrenean triste da, goibel eta ilhun.

§ 4

331 Gaixtakerian dabillanak, guztiak ongi kontatzera, segur da, are mundu hunetan ere, atsegin baiño atsekabe gehiago iragaiten duela. Ohoin batek zenbat trabaillu iragan behar du, bere ohoinkeriaren egiteko? Etsaigoan dabillanak zenbat ikhara, zenbat bihotz-ukhaldi errezibitu behar du, bere etsaiaz mendekatzeko? Enganatzaille batek, zenbat pensu eta itzul-inguru egin behar du, bere enganamenduaren baliatzeko? Gezurtiak zenbat gezur, zenbat hitz eder saldu behar du, bere gezurraren edertztatzeko, estalzeko eta egiatzat bulkhatzeko? Bethi ere bezala, hemen ere ederki erraiten du San Krisostomok: Quemadmodum enim deformia corpora multis artificiis et indumentis indigent, quae naturae deformitaten contegant, quae autem natura pulchra sunt, ipsa per se, etsi nihil extrinsecus deveniat, resplendeant: ita etiam in virtute et vitio, in veritate et mendacio, invenire possumus (Chrys. in Ps. 26. Tom. 1). Presuna ederrak, gorputza bere eskuko eta ongi egina duenak, eztu kanpoko edergarriren beharrik, zeren bera baita bere baithan eder asko. Baiña itsusiak, marketsak, behar du anhitz estalki, anhitz bernizadura eta aphaindura, eta hekin guztiekin ere, etxean legoke ederkienik. Hala da bada berthutearen eta bizioaren, egiaren eta gezurraren artean ere. Egiak, berthuteak, eztu edergarriren beharrik, bera da eder asko. Gezurrak bai, hark anhitz estalki behar du eta edergarri; eta halarik ere ezta behin ere asko edertzen eta ez estaltzen. Baldin gezurtiak bere gezurra egiatzat iragan eta salduko badu, penatu behar du; batari eta bertzeari zer ihardetsiko dioen, aitzinetik pensatua eduki behar du, gogonduri on behar du akhorduan eta memorioan egon behar du. Mendacem opportet esse memorem. Zeren erran komuna da, gezurrak zaiñak labur dituela. Zer erranen dugu bada, emazte aten ondoan dabillanaz? Harekin hartzen den atsegin hura, guztiak ongi kontatzera, atsegin othe da, ala atsekabe? Ikhusiko duzu gizon gazte bat; eta batzutan, are gaixtoago baita, zenbait zahar ere bai, gauak galdurik, onak gastaturik, gorputza deseginik, bere ohorea eta eginbidea gibelat utzirik, emazte bati darraikala. Eta berriz ikhusiko duzu halaber bertze bat, emaztèz kontu guti eginik, dabillan bat. Orai bada hetarik bietarik, zein othe da aiseago, eta bere gogarago? Zeinek iragaiten othe ditu gau egunak geldiago eta malenkonia gutirekinago? Ezta zer galdeginik. Zeurk aithortuko duzu, mundu hunetan izatu ditutzun inkontru gaitz guztiak, edo behintzat gehienak, aldez edo moldez, emaztetako bekhatuakgatik izan ditutzula. Eta baldin egia erran nahi baduzu, bekhatu hetan, plazer baiño desplazer gehiago iragan duzula. Eta hala da, bere arauaz, bertze bekhatu suerte guztietan ere. 332 Ezta gaixtatasuna baiño gauza trabaillutsuagorik, eta ez hartako trabaillua baiño, trabaillu galduagorik. Zeren ezta trabaillu hartarik, kalterik eta desohorerik baizen, bertze fruiturik biltzen. Halatan galdegin zerauen Iondone Paulok bekhatutan ibili ziren iende batzuei: Quem fructum habuistis tunc in illis, in quibus nunc erubescitis? (Rom. 6). Zer fruitu, zer irabazi izan zenduten orduan, orai aiphatzera ere, ahalke zareten bekhatu hetan? Bekhatuaren gaztigu handietarik bat da ahalkea. Hartzen duzu Deabrua zeure nabusi, eta ahalke zara, haren muthil zarela erraitera. Gaixto zara, ordea eztuzu nahi gaixto dei zaitzaten. Zeurk egin duzu bekhatua, eztuzu zeurk aiphatu nahi: desohore zaitzu hartzaz minzatzea. Urrikalkizun dira, on behar dira gaixtoak. Zeren hetzaz, heken adiskideak ere agerriz ezpada ere, kapapetik bedere gaizki mintzo baitira. Baiña onez eta prestuez, guztiek, are etsaiek ere, bere bihotzetan barrena bedere, ongi erraiten dute. Ordea guztiarekin ere, halarik ere, bere ahalke, desohore eta trabaillu guztiekin ere, nahiago dute gaixtoek kontrako bidean trabaillaturik ibilli, bide onean eta artezean trabaillatu gabe baiño. Anhitz gauza egin ahal diteke, Iainkoaren zerbitzuan, trabaillu gutirekin. Zeren zer trabaillu da, egiaz minzatzea? Falso testimoniorik ez erauztea? Iuramenturik ez egitea? Giristino lagunari barkhatzea? Baiña bertzela egitean, bada pena eta trabaillu. Zeren gezurrak, falso testimonioak, iuramentuak eta etsaiez mendekatzeak ere, anhitz okhasino eta egiteko pitzten ohi dute. Eta alabaiña haur da egitekoa: nahiago dugu ifernutik ifernura ioan, ezen ez parabisutik parabisura. Manamenduen konplitzeko eta begiratzeko, eztugu nekhatu behar, ez behintzat hautsteko bezanbat, eta halarik ere, nekhaturik eta trabaillaturik ere, nahiago dugu ifernura ioan, trabaillurik gabe parabisura baiño. Etzuen behin gaizki erran saindu batek: anhitzetan ere, ifernura ioaiteko, hartzen dugun trabailluaren erdiaz, erdiets genezakeiela parabisua. Halaber saindu hark berak ikhusirik, ezen neskato bat, kopetaren edertzeko, xerloak goiti thiraturik, penatzen zela: eta gerriaren ere lerdentzeko, bortitzki hersten zela, erran zuen: Bidegabe eginen dio Iainkoak neskato huni, baldin hunenbat pena eta trabaillugatik, emaiten ezpadio ifernua. (In vita Thomae Mori, cap. 21). Zeren nola iende batzuk penatzen eta trabaillatzen baitira, parabisura ioaiteko: hala bertze batzuk, are penatzenago eta trabaillatzenago dira ifernuaren erdiesteko. Eta ifernuko pena hura etzaie pena iduritzen, eztute hura sentitzen, baiña bai parabisukoa, hura sentitzen dute, hura xoil zaie gaitzi, hartan fite unhatzen dira. Amorantian, ohoinkerian, iokoan, gau egunak aise eta guti sentiturik iragaiteintutzu, hartako etzara eri, hartako baduzu indar. Baiña barurtzeko, orazinotan egoiteko, erien bisitatzera ioaiteko, flako zara, eri zara, buruan min duzu. Iainkoagatik den penarik ttipiena errezibitzen duzunean, berehala arrenkuratzen zara; baiña Deabruagatik, gau-aireak, hotzak eta beroak ere, ixil pairatzeintuzu. 333 Ikhusiko duzu emazte gaixto bat, hasten dela oihuz, heiagoraz, deihadarrez eta atzapartaz, zeren bere senharrak, soberaniak gainez eginik, behar-ondoko bat eman dioen. Baiña bere amoranteak, bere plazereko dadukan gizon gaixto batek, burua hauts badiazo ere ixil pairatzen du; eroririk edo bertzela hartu duela, ederztatzen du. Senharraren kolpe ttipiaz arrenkuratzen da, eta ez amorantearen handiaz, kontrara dabilla. Hala gabiltza bada gu ere kontrara, eta arrenkuratzen gara, Iainkoaren zerbitzuan iragaiten ditugun trabaillu aphurrez, barurtze batez, eta ez Deabruarenean pairatzen ditugun pena handiez, hek eztira deus, hek eztitugu sentitzen. Zeren San Krisostomok dioen bezala, Deabrua iasaiten laguntzen baitzaiku: Laborant peccatores, quamvis adiutorio Diaboli laborem non sentiant (Chrys. Hom. 29. Tom. 2). Baiña ethorriko da denbora Deabruak laguntzarik eginen ezterakuna, eta ifernuko bidean iragaiten diren trabailluak, eta iasaiten diren kargak ere, zein handiak eta pisuak diren frogatuko duguna. Zur bat, handiago eta pisuago bada ere, hosin handian erraxki manaiatzen da, arintki eta guti sentiturik, alde batera eta bertzera itzultzen eta erabiltzen da. Baiña ur bazterrean, leihorrean, ezin higi dezakezu; han da ageri, han iakiten eta frogatzen da, zein pisu den. Hala bada halaber bizitzearen bazterrean, akhabatzean, heriotzean, ageriko da, han iakinen eta frogatuko da, nolakoa den bekhatua eta bekhatuaren karga eta pisutasuna, eta zein handia Deabruaren zerbitzuan, ifernuko bidean, iragaiten den nekea eta trabaillua.

§ 5

334 Nola Iainkoaren zerbitzatzeko bidea, gogotik dagoenarentzat, baita plaun eta zabal, ezluke nahi Deabruak zabaltasun hari beha giniazon; aina zenbait mehartasun eta buruz gora ere baitu, hura nahi luke ikhus genezan. Eta berriz bertze aldera, nola Deabruaren zerbitzatzeak, baitu anhitz trabaillu, ez luke nahi Deabruak genegien trabaillu hetzaz konturik: baiña atsegin ere zenbait baitu, hura nahi luke bethi geure gogoan eta begien aitzinean eduki genezan. Hala Iuduak Ejiptoko gathibutasunetik iltkirik, libre eta bere gogara, zeruko ianhariz asetzen zirela zebiltzanean, zeren ethorri zeien haragi iateko gutizia bat, eta gutizia hura etzuten nahi bezain fite konplitzen, hasi ziren erraiten, bihurtu nahi zutela Ejiptora, bere leheneko gathibutasunera: Zeren han porruz, tipulaz eta baratxuriz asetzen zirela. Etzuten konsideratzen gathibutasun hartan iragaiten zuten bizitze gaixtoa, baina bai eskuen artean zuten eskasia aphurra, edo desira desordenatua: eta halatan bere leheneko tokira eta miseriara bihurtu nahi zuten. Zeren haur da Deabruaren malizia, ibentzen deraku geure begien aitzinean bekhatuaren plazera, baina ez desplazera. Pintatzen deraku berthutearen trabaillua, baina ez irabazia. Baldin berthutea eta bizioa, eta berthutearen eta bizioaren ioan ethorriak onak eta gaitzak, iben baginitza bi balantzatan, eta konsidera behar lizen moldean, eztut uste ediren litekeiela munduan, bekhatu leidikeienik. Erranen duzu, baduela berthuteak, Iainkoaren zerbitzatzeak, zenbait pena eta trabaillu; eta bai bekhatuak eta bekhatutan ibiltzeak ere atsegin eta plazer, beraz hobe dela bekhatuaren plazera, berthutearen desplazera baiño. Ez horrelakorik. Zeren San Agustinek dioen bezala: Nec per latam viam diu gaudetur, nec per asperam et angustam longo tempore laboratur. Quia et isti per brevem tristitiam accipiunt vitam aeternam, et illi per parvum gaudium, patiuntur, sine fine supplicium (August. serm. 55 de tempore, Tom. 10). Berthutearen nekeak eta trabailluak labur dira, eta bai bekhatuaren atseginak eta plazerak ere. Ordea berthutearen trabaillu laburrak ondotik du loria luzea eta sekulakoa, eta bai bekhatuaren atsegin aphurrak ere, gaztigu handia eta fin gabekoa. Beraz hobe da berthutearen desplazera, bekhatuaren plazera baiño. 335 Nola penatan eta trabaillutan denak, baldin gero ondoan irabazi handi bat edo kargu ohorezko bat uste badu, ez paititu pena eta trabaillu hek guztiak deus sentitzen; hala heken ondoan senti badu gaztigu handi bat harentzat prestatua dagoela, ezta posible, atsegin hetan, atsegin osorik har ahal dazakeien. Aitzitik orduan, atsegina, atsekabe bihurtzen zaika. Gizon batek, urkhabera daramatenean, ianhari onak eta edari hobeak izanagatik, eta urkhabeko bidea ere, bide ederra, plauna, plazenta, zuhaitz berdez, itzalez eta plazerez bethea ikhusiagatik, zer plazer ahal duke hetan guztietan? Badirudi erraiten dioela halakoari San Agustinek: Noli attendere qua iturus es, sed quo iturus es (August. in Psalm. 36, Tom. 3). Eztezazula beha nondik iragan behar duzun, baiña beha ezazu, nora behar duzun. Eztiazozula beha urkhabeko bide ederrari, baiña beha iazozu urkhabeari, baratu behar duzun lekhuari. Hala bada zuk ere bekhatu baten egitera zoazinean eztiazozula beha bekhatuaren egitean hartzen duzun atseginari, baiña beha iozozu haren ondoko ondoreari, atsegin hark eramaiten zaituen lekhuari eta emanen deratzun atsekabeari. Bekhatu baten egitera dohanak konsidera baleza, zenbat pena eta atsekabe iragan behar duen bekhatu haren egitean eta egin ondoan; zer gozo, zer zaphore, zer atsegin eta plazer har ahal liazaio bekhatuari? 336 Berthuteak, Iainkoaren zerbitzatzeak, prestuki bizitzeak, ondore ona du, eta zerbait trabaillu badu ere, du aphurra eta laburra: eta labur hura ere arintzen, gutitzen eta gozatzen du, ondoreko irabaziaren eta plazentziaren segurantzak; gogotik, amorioz eta borondatez egoiteak, eta guztien gaiñetik Iainkoaren laguntzak eta faboreak. Baiña bekhatuetan eta bekhatuzko plazeretan eta obretan gauza hauk guztiok dira kontrara: hetan plazera da ttipi eta labur, eta ondoko desplazera handi, luze, eterno eta sekulako. Eta hala arrazoin hauk guztiok ongi konsideraturik bat bedera bere balanzan ibenirik, segur da parabisuko bidea errazago dela, ifernukoa baino; eta ifernuratzen denak, pena eta trabaillu gehiago iragan behar duela ifernuratzeko, ezen ez parabisuratzen denak, parabisuratzeko. Beraz hunelatan parabisutik parabisura, bizitze on batetarik, hobeagora ioaiteagatik ere, behar genduke egun beretik, geroko begira egon gabe, Iainkoaren lege saindua, hain uztarri emea eta karga arina, geure gogo eta bihotz guztiaz hautatu, besarkatu eta halatan gero urrikirik eztukegun bezala bizitzera enseiatu.

__________

NOLA EZTEN KOFESATZEA GEROTIK GERORA LUZATU BEHAR KAP. LI

337 Baldin skritura saindua ongi irakur eta konsidera badezagu, edirenen dugu, eztela egundaiño nehor salbatu, eta ez salbatuko ere, aldez edo moldez kofesatu gabe. Egundaiñoz geroz, lege guztietan, eta mende guztietan usatu da eta usatzen da kofesatzea. Diferentki ordea, ez berdin. Lege naturaleko kofesatzea, oraiko kofesatzearen itzala bezala zen. Ordukoa zen oraikoaren seinale bat, figura bat, pintura bat, eta signifikantza bat. Lege naturalean asko zen bihotzezko urrikimendu batekin, eta bat bederari bere gogoak, bere baithan barrena, ziotsan kanpoko zenbait seiñalerekin, kontu egizu begi ailtxatze batekin, edo belhaurikatze batekin, Iainkoari berari kofesatzea eta barkhamendu eskatzea. Deitu zuen Iainko Iaunak Adan, eta galdegin zuen ea non zen: Vocavit Dominus Deus Adam, et dixit: Ubi es? Eta galdegite hura etzuen ez egin, iakin gabez, baiña halatan bere bekhatua ezagun zezan, eta ezaguturik kofesa zezan amoreakgatik. Eta zeren ezpaitzuen behar zen bidean kofesatu, baiña desenkusatu eta ederztatu nahi izatu baitzuen, erraiten zuela ezen bere emazteak eragin zeraukala, halatan parte bat bedere, hanbat kalte eta damu errezibitu zuen. Molde berean edireiten da, galdegin zioela Kaini ere, bere anaia Abel hil zuenean: Ubi est Abel frater tuus? Non da zure anaia Abel? Eta zergatik galdegin zeraukan hunela? Bere bekhatua gogora zezan eta gogorarik kofesa zezangatik. Eta zeren ezpaitzuen kofesatu, baina ukhatu baitzuen, halatan hain on behar eta urrikalkizun egin zen, eta mundutik desterratua ibilirik, azkenean kondenatu zen. Bada Adan eta Kain ere lege naturalean ziren, iendeak bere naturalezaren arauaz, eskiribuzko kidarik eta erakuslerik ere gabe, bizitzen ziren denboran. Ordea zeren naturalezak berak ere, erakusten baitu, behar dela arrazoinaren arauaz bizi, gaizki egitea utzirik, Iainkoarekin eduki, eta hari bere faltak aithortu; halatan etzen lege naturalean ere, zerbait moldez, gogoz eta bihotzez bedere, zerbait seinalerekin, kofesatu gabe, nehor salbatzen. Egia da, etzen oraino orduan kofesatzeko zirimonia seinalaturik. Hala erraiten du San Tomasek: Sicut in statu legis naturae, homines nulla lege exterius data, sed solo interiori instinctu, movebantur ad Deum colendum, ita etiam ex interiori instinctu, determinabatur eis, quibus rebus sensibilibus, ad Dei cultum uterentur (S. Thom. 3. p. q. 60 art. 3. ad 3). Asko zen barreneko urrikimendua, eta urrikimendu haren, bat bederari bere baithan iduritzen zeikan kanpoko zenbait seinalerekin agertzea eta signifikatzea. Ezten oraino orduan bertze kofesatze molderik eta ez erremedio eskiribuz ezarririk eta ibenirik. 338 Baiña gero, mundua aphur bat aitzinago iragan zenean, lege naturaletik ilkirik, lege eskiribatura, Moisenen denborara heldu zenean, hasi zen usatzen bertze kofesatze molde bat. Etzen ia orduan asko bat bederak, bere barreneko damuaren eta dolorearen, plazer zuen seinalearekin kanpoan agertzea. Baina behar zuen barreneko dolore hura eta urrikimendua, zenbait oferendaz eta sakrifizioz, eta ez ez, zeinetzaz nahi zen, baina hartako eskiribuz ordenaturik zeudezinez deklaratu eta eman aditzera. Baziren lege zahar eskiribatuan Sazerdoteak, eta tenploko kargudunak. Eta presuna batek bekhatu bat egiten zuenean, behar zuen bekhatu huragatik, urrikimendu batekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, Sazerdote heken aitzinean, egin zenbait oferenda eta sakrifizio, eta hartan eman aditzera, bekhatore zela. Hala manatzen zen lebitikoaren kapitulu batzuetan. Eta are hetan seiñalatzen ziren, bekhatuei zegozten oferendak eta sakrifizioak (Vide Ievit. cap. 3. 4. 5 & 6). Etzen oraiño orduan, orai den bezala, nehori beregainki bere bekhatuen kofesatzeko manurik, eta ez nola, noiz eta zenbat egin zituen erraiteko premiarik. Asko zen orduan urrikimendu batekin, legeak manatzen zituen oferenden eta sakrifizioen egitea. Hura zen orduko kofesatze moldea. Errege Davitek bertzeren emaztearekin bekhatu egin zuenean, eta bekhatu haren estalzeagatik, emazte haren senharra hil arazi zuenean, erraiten du Glosak, haren gainean: Ex verecundia enim non aperiebat peccata sua, faciendo pro eis sacrificia in lege praecepta, quae pro variis peccatis, varie imponuntur (Glos. Lyrana in Ps. 31). Errege Davitek ahalkez, eta bere buruaren ez nabarbentzeagatik, utzten zituen egin gabe, haren bekhatuentzat ordenaturik zeuden sakrifizioak. Eta etzituen behin ere egin, Natan profeta mehatxatzera eta eranzute egitera, ethor zekidikaion arteiño. Baiña bai orduan, ahalkea benzuturik, egin zituen behar ziren oferendak eta sakrifizio guztiak, eta gero hekin batean erdietsi zuen barkamendu. Zeren orduan ere, lege zahar eskiribatuan ere, egin behar ziren, bekhatuen erremediatzeko, ordenaturik zeuden oferendak, eta sakrifizioak; eta hura zen, orduko kofesatze moldea.

§ 1

339 Orai lege berrion, Ebanjelio saindua deklaratuz gero, usatzen da giristinoen artean, bertze kofesatze molde bat, aphezaren aitzinean egiten dena. Lege naturalekoa, eta eskiribatukoa baiño seguragoa, indartsuagoa, eta baliosagoa. Zeren hitz batez erraitera, oraiko kofesatzean, obratzen baitu Iesu Kristo Iaunaren heriotzeak, eta pasioneak. Bekhatua kofesatzen duzunean, eta aphezak absolbazinoa emaiten deratzunean han da berehala Jesukristoren pasioneko meritua eta balioa, han da berehala haren garazia, eta faborea, eta harekin batean bekhatuaren barkhamendua. Bi arrazoin eman ahal ditezke prinzipalki, frogatzeko oraiko kofesatzeak indar gehiago duela, lege zaharrekoak baiño. Lehenbizikoa: zeren oraiko kofesatzeak, lege zaharrekoak etzuena, badu bere baithan barrena indar, garazia emaiteko. Lege zaharreko kofesatzeak, eta orduko bertze sakramenduek etzuten berék bere indarrez, eta berthutez garaziarik emaiten: baiña emaiten zuten garazia, emaiten zuten, errezibitzen zituenak zuen disposizionearen, debozinoaren, eta aparailluaren arauaz. Sacramenta veteris legis conferebant gratiam ex opere operantis. Nola prestatzen baitziren errezibitzeko, hala errezibitzen zuten. Baina oraiko kofesatseak eta sakramentuek emaiten dute gure disposizioneari, eta prestatzeari dagokan garazia, eta faborea, eta are gehiago, sakramenduek berèk bere baithan dutenetik ere errepartitzen dute; eta errezibitzen dugu guk ere parte hura, baldin gerok geure aldetik, traburik ibentzen ezpadugu. Sacramenta novae legis conferunt gratiam ex opere operato. 340 Bigarren arrazoina eman ahal diteke frogatzeko, oraiko kofesatzeak indar gehiago duela, lege zaharrekoak baino. Zeren orduko kofesatzean, baldin erdietsiko bazen barkhamendurik, behar zen dolore fin bat, bihotzezko urrikimendu bat, Iainkoa beragatik, eta harenganako amorioakgatik izana eta hartua, zein deitzen baita: Contritio, kontrizionea, urrikimendu guztien gaineko urrikimendua. Baina oraiko kofesatzean asko da, aphezaren absolbazinoarekin batean, kontritioneaz bertze dolore molde bat, parabisuko loriaren galtzeko, edo ifernuko penetara ioaiteko beldurtasunetik heldu dena, zein deitzen baita: Atritio, Atrizionea. Ex attrito per sacramentum fit contritus. Asko da oraiko kofesatzean uste izaitea baduela kontrizionea. Zeren ezpadu ere atrizionea baizen, konplitzen du sakramenduak bitartean den falta, eta eskastasuna: Zein baita konsideratzeko pontua, eta salbatzeko fabore handia. Hain handia, ezen arrazoinekin galdegiten baitu Ieremias Profetak: Numquid resina non est in Galaad? aut medicus non est ibi? Quare igitur non est obducta cicatrix filiae populi mei? (Ier. 8). Zer da haur? Ez othe da arroxinarik edo atriakarik Galaadteko hirian, edo midikurik han berean? Nolatan bada ene herriko alabaren zauria ezta sendatu? Erran nahi du: Giristino herrian, arimako eritasunaren sendatzeko, hain erremedio handia, eta midizina eskuarra den lekhuan, zein baita kofesionea; eta halaber hanbat barber, eta midiku, zein baitira kofesorak, nolatan guztiarekin ere, edireiten da hanbat zauri, eta eritasun? Hanbat bekhatu, eta gaixtakeria? Eta nolatan eztira fitetzago sendatzen? Urthe guztian, eta batzutan gehiago ere, bekhatuaren eritasunean ustelduak, eta khirastuak baitaude? ihardesten du Glosak: Populus nolebat audire medicum, nec recipere medicinam (Glosa Lyr. in cap. 8 Jerem.). Eztira sendatzen, zeren ezpaitira enseiatzen, ezpaitira midikuagana konseillatzera, eta midizinaren errezibitzera ioaiten. Erran nahi du, ezpaitira behar bezala kofesatzen, eta ez kofesoragana hurbiltzen. 341 Arimako eritasunetik sendatzeko, erremedioa da kofesatzea. Untzia galduz gero, zer erremedio izanen du marinelak salbatzeko? Zur puska bati lotzea, thaula baten edo ohol baten atrapatzea, eta harekin batean, hari datxekala, ieri kostaren atrapatzea. Poenitentia est secunda post naufragium tabula. Untzia galdu ondoan atrapatzen den thaula haren pare da, bekhatutan erori, eta tormentatu denarentzat, kofesatzea. Si poenitentiam non egeritis omnes simul peribitis, dio San Lukas Ebanjelistak (Lc. 13). Baldin egiten ezpaduzue penitentzia, guztiok fin gaitz elkharrekin eginen duzue. Bada penitentziaren partétarik bat da kofesatzea, beraz ez fin gaitz egitekotz, behar da kofesatu. Bekhatua da arimaren zauria, eta handitsua. Eta handitsua irazten denean, eta kanporat lehertzen, esperantza sendatuko dela. Baiña barrenean gelditzen denean eta gogortzen, perilos da. Hala izanen da bada halaber perilos, kofesatu gabe barrenean gelditzen, eta gogortzen den bekhatua ere. Halatan galdegiten du, eta ihardesten ere bai, San Gregoriok: Quid est peccatorum confessio, nisi quaedan vulneris ruptio? Et confitendo peccata quid facimus, nisi malum quod intus latebat aperimus? (Greg. Hom. de divite et Lazar.). Zer da bekhatuen kofesatzea, zauriaren edo handitsuaren lehertzea baizen? Eta zer egiten dugu bekhatuaren kofesatzeaz, barrenean estalirik zegoen gaitzaren, eta eritasunaren agertzea baizen? Bekhatutan eroriz gero, lehenbiziko erremedioa, kofesatzea da. Zeren ezin dateke kontritionerik, eta ez behar den bertze urrikimendurik, kofesatu gabe: edo, ezin kofesa ditekeienean, kofesatzeko borondatea gabe. Hala erraiten du San Agustinek: Initium operum bonorum, confessio est operum malorum (Aug. Tract. 32 in Io. Tom. 9). Obra onen hastea, obra gaixtoen kofesatzea da.

§ 2

342 Obra onen hastea baldin bada, obra gaixtoen kofesatzea, kofesatze haur nola edo zer moldez egin behar othe da? Galdegiozu Ieremias Profetari. Zeren hark Ierusalemeko hiriaren gaiñean egin zituen nigarren, auhenen, eta dolamenen bigarren kapituluan erakusten du, erraiten duela: Effunde cor tuum sicut aquam in conspectu Domini (Thren. 2). Isurezazu zeure bihotza, ura bezala, Iainkoaren aitzinean. Erran nahi du: Lehen eginen urrikimenduarekin, eta gehiago ez egiteko borondatearekin, Iainkoak bere lekhuan ibenirik dadukan kofesoraren aitzinean, kofesa, egotz, afen, eta isur ditzatzula, egin, erran, eta pensatu dituzun bekhatu guztiak. Eztu erraiten, isur ditzatzula zeure bekhatuak, olioa bezala; eztia bezala, edo arnoa bezala. Nola bada? Sicut aquam. Ura bezala. Zeren ezta ianharirik, eta ez edaririk ura bezain garbiki, eta osoki hutsten, isurtzen, eta xutkatzen denik. Eztia hutsten duzunean, edo olioa, gelditzen zaika bethiere untziari, zenbait hondar edo kutsu. Arnoa hutsten duzunean ere, ahal guztia xutkatuagatik, gelditzen da usaina bedere. Baiña uretik ezta gelditzen kutsurik, eta ez usainik. Alde guztiz hutsten, xutkatzen, eta garbitzen da. Hala bada guk ere geure bekhatuak kokesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa, eta bihotza, intenzione gaixto guztietarik, alde guztiz hutstu, xutkatu, garbitu; eta halatan, ura egotu den untzia bezala, bat ere hondarrik, kutsurik, eta bekhatuaren usainik, eta urrinik gabe gelditu. Ordea hunela kofesatze haur, zenbatetan egin behar othe da? Asko othe da geroko luzaturik, urthean behin kofesatzea? Nola kofesatzeko manamendu haur, Iainkoak berak emana baita, konplitu behar da, noiz izanen baita ere, noizbait. Eta hala heriotzeko orenean, edo dakusagunean, utzten badugu eskuen artean dugun okhasinoa iragaitera, ezkaitezkeiela sekulan kofesa, orduan Iainkoaren manuaren konplitzeagatik ere, behar dugu kofesatu. Ordea zeren baitirudi, ezen kofesatzeko manamendu haur gure Iainkoak eman zuenean, izan zuela intenzione, eta borondate, kofesa gindezin zenbait aldiz, heriotzeko perilean ezkinenean ere, zeren kofesatzetik anhitz ontasun sortzen baita; halatan Elizak, eduki du bethiere pontu hunez kontu: eta ordenatu du diferentki, denboren diferentzien arauaz, noiz eta zenbatetan behar dugun, heriotzeko pontuan edo perilean ez egonagatik ere, kofesatu. 343 Lehenago, Apostoluen denboran, eta oraiño Apostoluak hillez gero ere, lehenbizi berri hartan, hain zen debozinoa handi, eta bero, ezen egunoro gorputz saindua errezibitzen baitzuten, eta hartarakotzat, bekhaturik zutenak, egunoro halaber, kofesatzen baitziren. Ordea nola gero ondoan, debozinoa hotzten hasi baitzen; manatu zuen Fabiano Aita sainduak, maizago izanen ezpazen ere, urthean hiruretan, bazkoz, mendekostez eta eguerriz kofesaturik, gorputz saindua errezebi genezala. Eta azkenean, hain hotztu edo iraungi zen debozinoa, non Inozenzio izen hunetako hirurgarren Aita sainduak, manatu behar izatu baitzuen, urthean behin bedere kofesa gindezilla, eta errezibi gorputz saindua, bazko garizumakoz. Eta hala orai, heriotzeko perilik ez izanagatik ere, obligatu gara urthean behin kofesatzera. Eta urthean behin kofesatze haur, egiten ohi da komunzki, bazko garizumakoz. Zeren orduan errezibitu behar baita gorputz saindua, eta gorputz saindua errezibituko duenak, baldin badu bekhaturik, lehenik behar baitu kofesatu. Ordea nor izanen da, urthean behin baizen kofesatuko eztena? Urthe batez osoki, bere konzientzia bisitatu gabe, eta nola dadukan auteman gabe, pairatuko duena? Erranen duzu: Elizak eznau manatzen, urthean behin baizen kofesa nadilla, eta ni egiten naiz hainbertzetan; beraz eznaiz gaitz erraiteko, gehiagotan ez eginagatik ere. Bada ordea gaitz erraiteko zara. Zeren egia da, etzaitu Elizak manatzen gehiagotan, ordea etzaitu debekatzen ere. Aitzitik nahi luke gehiagotan egin bazindezi. Eta halatan erraiten du: Saltem semel in anno. Urthean behin bedere. Bedere erraiten du: aditzera emaiteagatik, nahi lukeiela, gehiagotan ere egin bagindezi. Zeren anhitz, eta handiak baitira, maiz kofesatzetik heldu diren probetxuak, eta irabaziak, eta bai halaber gutitan egitetik sortzen diren damuak eta kalteak ere. Hurreneko kapituluan ageriko den bezala.

__________

MAIZ KOFESATZEAZ, ETA HANDIK HELDU DEN PROBETXUAZ KAP. LII

344 Nola anhitz presuna baita, kofesatzera herabe duenik: nagi, eta loti denik, halakoen iratzartzeko, nahi nuke kapitulu hunetan eman zenbait arrazoin, eta erakutsi, zenbat probetxu dakharkeien maiz kofesatzeak, eta kalte gutitan egiteak; hek konsideraturik bat bedera maiz kofesatzera, eta bere eginbidearen egitera, erna dadin amoreakgatik. Lehenbiziko arrazoiña. Maiz behar da kofesatu. Zeren kofesatzeak emaiten dio bekhatutan dagoenari, bere bekhatuen barkhamendua: garaziarik eztuenari, garazia eta garazia duenari, eta saindu denari berretzen dio, eta handitzen, bere leheneko garazia, eta saindutasuna. Ordea erranen du hemen zenbaitek. Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan kofesatzeak berret ahal dezake, eta handi, leheneko garazia, eta saindutasuna? Zeren kofesatzera heldu dena bekhatutan dago, zeren hala ezpalego, ezluke zer kofesaturik. Beraz etzuen lehen garaziarik, eta ez saindutasunik, eta baldin ezpazuen, erran ahal diteke, kofesatzeak emaiten duela. Bada ordea erran diteke berretzen duela, eta erran ere ongi, eta egiazki. Zeren anhitz ethortzen da kofesatzera, bekhatu mortalik gabe, eta bekhatu mortalik eztuena, Iainkoaren garazian dago. Anhitz presuna prestu, anhitz iende debot, eta saindu, edireiten da munduan, eta hek maiz kofesatzen dira. Zeren bekhatu mortalik ez izanagatik ere, badute zenbait benial, eta benialak asko dira kofesatzeko. Eta nola benialak asko baitira, eta baitakusate ezen, kofesatzeak, traburik eztenean, iratxekitzen dioela bethiere zenbait gradu leheneko garaziari, halatan berretura hura, eta benialen ere barkhamendua erdietsi nahiz, kofesatzen dira hain maiz. 345 Eta ongi egiten dute hala egiteaz, zeren hain da gauza handia, eta estimatzekoa, kofesatzeaz erdiesten den garazia edo garaziaren berretura, non hartarik den gradurik ttipienak ere, mundu guztiak baiño gehiago balio baitu: eta bertze munduan ere, hemendik garazia gehiago eramaiten duenari, loria gehiago emanen baitzaika. Beraz maiz behar da kofesatu. Are gehiago maiz behar da kofesatu, bigarren arrazoiña. Zeren maiz kofesatzeak arintzen, gutitzen, eta laburtzen du purgatorietako pena, eta pena hetan egon behar den denbora. Kofesatzen denari, kofesatzen den guztiaz, ongi kofesatzen bada, barkhatzen zaika, eta gutitzen bere zor duen penatik parte bat. Eta hain maiz kofesa ahal diteke, eta hain ongi, non guztia pagaturik, hartzeko dun ere gertha baititeke, lehenagoko saindu handi, maiz kofesatzen ziren hek, gerthatu ziren bezala. Eta purgatorietako penen bortitztasuna konsideratzen duenak, eta han iragan behar diren pena hek, maiz kofesatzeaz, arintzen direla dakienak, segur da, akhusatuko duela bere nagitasuna eta egiten den baino maizago, kofesatuko dela. Zeren mundu hunetako pena guztiak elkharri iratxekirik ere, ezpaitira deus, purgatorioetan den penarik ttipienarekin konparaturik. Beraz maiz behar da kofesatu, eta kofesatzeaz, pena heken iraungitzera, eta gutitzera enseiatu. Are gehiago hirurgarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren maiz kofesatzeak haserretzen du Deabrua, eta are erhoturik, eta zoraturik bezala, zer hari den, eta zer egin eztakiela, ibentzen du. Bekhatuak kofesatu gabe, denbora luzeaz bere baithan barrena gorderik, eta estalirik dadutzana baithan, esku handia du Deabruak, nabusi da harentzat. Baina egin, eta berehala agertzen, eta kofesatzen dituenari, beldur zaika, gogan behar zaika, etzaika sobera fida. 346 Ikhusten duzunean ezen presuna bat dela erasle handi, mintzatzaille, aha-zabal, hitz mitzti, elha berriti, eta salhati, eztiozu halakoari sekereturik fidatzen. Zeren Spiritu Sainduak dioen bezala: Qui denudat arcana amici, fidem perdit (Eccli. 27). Adiskidearen sekeretuak biluzten, agertzen, eta salhatzen dituenak, galtzen du nehork haren baithan ahal dukeien sinhestea, eztu merezi nehor fida dakion. Hala bada Deabruak ere, dakusanean ezen, eragiten derauzkitzun bekhatuak (ixil, eta sekeretu eduki bazinitza, nahi bailluke), zuk berehala kanporatzen ditutzula, kofesorari erraiten, eta agertzen derautzatzula, galtzen du zure baithan zuen sihestea, eta fidantzia. Ikhusirik ezen haren iduriz hitz mitzti, eta salhati zarela, utzten zaitu, etzaitu handik aitzina hanbatetan tentatzen, eta ez bekhatu egitera narritatzen. Zeren berdin baitakusa eztuela probetxurik; hark egiten duen guztia, zuk berehala kofesoraren aitzinean desegiten duzula. Gutitan kofesatzen direnak dira deabruaren gogarakoak, hek dira haren zerbitzari finak, eta leialak: hek dira haren sekretariak, haren bekhatu sekeretuak, sekeretu, denbora luzeaz edukitzen dituztenak. Bada halako nabusi gaixtoaren sekretari, eta zerbitzari ez izaiteagatik, hari damu egiteagatik, eta gure baithan ahal dukeien fidantzia ere galdurik utz gaitzangatik, behar da lehen baiño lehen, behar da maiz kofesatu. Are gehiago, laugarren arrazoiña, behar da maiz kofesatu. Zeren maiz kofesatzen dena baithan, eztira bekathuak hala gogortzen, eta ez finkatzen, eztira hala errotztatzen, eta ez hain barrena sartzen. Erranen duzu. Iende batzuk kofesatzen dira maiz, eta bai halaber maiz ere leheneko bekhatuetara bihurtzen: eror, eta iaiki dabiltza; garbitu bezain fite likitsten dira. Zer probetxu da bada halako kofesatzeaz, iaikitzeaz, eta garbitzeaz? Zer probetxu den? Bada bai probetxu. Zeren baldin maiz erortzen badira, halaber maiz iaikitzen dira: baldin maiz egiten badute bekhatu, halaber maiz erremediatzen dute. Eta erremediatu duten bitarte hartan, iaikiak, eta garbituak daudenean, dei ditzake Iainkoak, hil ditezke orduan, eta bai halaber halatan salba ere. Eta hala batean eror, eta bertzean iaiki dabillanak, peril badu ere galtzeko, ez ordea hanbat, nola bethiere eroririk datzanak. 347 Egia da ordea, kofesatzen zarenean, behar duzu ez berriz bihurtzeko borondatearekin kofesatu. Baiña hala kofesaturik ere, zure libertatea, eta flakotasuna dela kausa, bekhatu egitera berria bihurtzen bazara ere, behar duzu halaber, berriz kofesatzera bihurtu. Zeren halatan etzara hala bekhatutan gogortuko eta ez, ez ansiatuko. Maiz biluzten, eta erabiltzen den ezpata, prest da, manukor da. Baiña gutitan dabillana, zokhoan datzana, herdoiltzen da, maginarekin iosten bezala da, gakhoaz dagoela erraiten da. Halako moldez non gero behartzen zarenean, ezin atheraz zabilzala, etsaiak zutzaz nahi duena egin baitezake. Hala gerthatzen zaika bada denbora luzeaz kofesatu gabe, bekhatutan herdoildua, eta gogortua dagoenari ere. Ethortzen zaika eritasuna, hurbiltzen zaika heriotzea, batzen da etsaiarekin, eta gero nola ezpaitago usatua eta ez prestatua, prestatzen den bitartean egiten du etsaiak hartzaz nahi duena. Erraiten du Errege Profeta Davitek: Et meditatus sum nocte cum corde meo, et exercitabar, et scopebam spiritum meum (Ps. 76). Gauaz egiten nituen neure buruarekin, neure gogoetak, eta kontuak, eta gero isatsaz iragaiten nuen neure konzientzia. Bada nola isatsaz maiz iragaiten den etxea, erraz baita garbitzen, zeren hark fits-mits, eta likitskeria guti baitu: baina urthean behin baizen garbitzen eztena, neke baita, eta gaitz, zeren hark herrautsa, eta amaraua lodi baitu: hala molde berean maiz kofesatzen dena erraz bezala, gutitan egiten dena ere, da neke eta gaitz. Zeren hari denbora luzean, anhitz likitskeria, eta bekhatu lotzen baitzaika. Beraz maiz behar da garbitu, maiz behar da kofesatu. Are gehiago borzgarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak, zein baitziren obra biziak, eta gero bekhatu egiteaz hildu eta iraungi bezala zirenak, kofesatzeaz pitzten, eta koberatzen baitira. 348 Eta pontu hunen hobeki aditzeko, iakin behar duzue ezen, laur obra molde, laur obra suerte, edireiten direla, orai gure kontuko ongi heldu direnak. Lehenbizikoak dira: Opera viva. Obra biziak: bekhathurik gabe zeneundenean egin zinituen obra onak. Bigarrenak dira: Opera mortifera. Obra hiltzailleak, arima hiltzen, eta erhaiten dutenak, zein baitira bekhatu mortalak. Hirurgarrenak dira: Opera mortificata. Obra hilduak, hildumatuak, lohakartuak. Zeren bekhatu mortal bat egiten duzunean, gelditzen dira, lehen bekhaturik gabe zeneundenean egin zinituen obra on guztiak, hilduak, hebainduak, eta zeruko loriara zeramaten bidetik, eta abiaduratik gibelatuak, eta trabatuak. Bada obra hildu, hebaindu, lohakartu, eta trabatu hek, libratzen, pitzten, iratzartzen, eta erraberritzen dira kofesatzeaz. Zeren kofesatzeak khentzen baitu, hekin aitzinean zegoen trabua, zein baita bekhatua. Laurgarren obrak dira: Opera mortua. Obra hillak. Eta hauk dira bekhatu mortalean zaudela, egiten ditutzun obra onak. Bekhatutan zaudenean barurtzen zara, orazinotan egoiten zara, erromerian ibiltzen zara, beharren alderakotzat miserikordios gerthatzen zara, eta anhitz bertze obra miserikordiazkotan enplegatzen zara. Eta hauk guztiok, bere egitez, eta izanez, obra onak dira. Ordea nola presuna hillak ezin baitaidike obra bizirik, eta zu orduan zeure ariman hilla baitzaude, halatan zure orduko obra on hek ere dira hillak, eta deus guti balio dutenak. Eta hala urrikalkizun da bekhatorea, bere alfer trabailluagatik ere: zeren bekhatutan dagoenean, anhitz obra on egiten duelarik, zeren bekhatutan dagoela egiten dituen, ezpaitzaika kasi deus baliatzen. Kofesa bedi beraz bat bedera bekhatua egin duen bezain fite. Zeren bertzela, bekhatutan dagoeiño egiten dituen obra on guztiak galtzeintu, eta are, lehenekoak ere, bekhaturik gabe zegoenean egiten zituenak ere, hilduak, eta trabatuak edukitzeintu. 349 Ordea benturaz, erranen du orai hemen zenbaitek.Beraz halatan, bekhatutan nagoenean, eztut zer barurturik, orazinotan egonik, eta ez bertze obra onetan ere zer enplegaturik. Zeren berdin, orduko obra on hek, ez paitute orduan, deus balio. Bada ordea, orduan ere zerbait balio dute: eta on da bekhatutan zaudenean ere ongi egitea eta obra onetan enplegatzea. Zeren egia da orduko obra on hek, eztute zeruko loriaren erdiesteko, orduan deus balio, eztute hartarakotzat berèk indarrik asko. Eta hala, hekengatik, baldin orduan hil bazindezi, ifernura zindoazke. Bai ordea balio dute, bertze anhitz gauzatako. Balio dute munduko on tenporalen erdiesteko: garaziaren bidean eta dispositionean iartzeko: bekhatu gutiago egiteko, eta usantza onaren ere hartzeko: Eta haur da San Tomasek erraiten duena: Opera extra charitatem facta, ex condigno nullius boni meritoria sunt, ex congruo vero alicuius dici possunt. Quia decet divinam bonitatem, ut ubicumque dispositionem invenit, perfectionem adjiciat. Et secundum hoc, opera ista, ad triplex bonum valent, scilicet ad consecutionem temporalium, ad dispositionem ad gratiam, et assuefactionem bonorum operum (S. Th. in additionib. q. 14 ar. 4). Bekhatoreak bekhatutan dagoenean, egiten dituen obra onak, balio ezpadute ere deus zeruko loriaren erdiesteko; eta obra on hekengatik, bekhatore hark, Iainkoaren alderakotzat buruperik ezin baduke ere: zeren obra on hek bere baithan hillak baitira, ezpaitira deusen merezient. Ordea badirudi ezen Iainkoak, bere ontasunagatik, hetarik okhasino hartzeko duela, hala obra onetan dabillanari, bekhatore izanagatik ere, ongi egiteko, eskuaren emaiteko, eta bide onera heltzeko, eskas zaikanaren konplitzeko. Zeren bekhatorea bera ere orduan, hartara disposatzen eta enseiatzen baita. Beraz nola nahi den dela, bekhatutan egonagatik ere, egizu ongi, eztitzatzula hargatik zeure oblazinoak eta debozinoak utz. Zeren utzten eztitutzun denboran, aldez edo moldez bethiere zerbait baliatuko zaizkitzu. Ez ordea, kofesaturik egiten baitzinitu bezanbat. Eta hala hobe da bethiere ahalik eta gutiena bekhatutan egoitea eta maiz kofesatzea. Are gehiago seigarren arrazoiña: behar da maiz kofesatu. Zeren urthean behin baizen kofesatzen eztenak, badirudi bortxaz egiten dela, eta halakoaren kofesatzeak, deus guti balio duela. 350 Komunzki bekhatorea, bekhatu egin berrian beldurrago, sentikorrago eta antsiatsuago da, handik urthe baten edo biaren buruan baiño. Bekhatu bat egiten duzunean, albaliz oren berean behar zenduke kofesatu. Zeren baldin luzatzen baduzu, ahantzteko periletan iartzen zara, eta ahantztea, ahantzte delarik, bertzerik ere zenbait lothuko zaitzu. Hala erraiten du San Gregoriok: Peccatum quod mox per poenitentiam, non diluitur, suo pondere aliud trahit (Greg. de poenitentia non differenda). Galdegin baziniazo denbora luzea duela eri den presuna bati, ea nolatan ezten sendatzen? Eta ihardets baliazazu, midizina bat hartu nahi gabez, eta midikuagana ioan nahi gabez eztela sendatzen: mirets zenezake, eta arrazoiñekin erran ziniazaio, erhoa dela. Hala da bada erhoa, kofesoragana, arimako midikuagana, ioan nahi gabez, urthe guztian, hain denbora luzean, garizumaraiño, arimako eritasunarekin dagoena ere. Buruko min batek, sukhar batek edo bertze eritasun batek hartzen zaituenean, berehala, lehen baiño lehen erremedio bilhatzen duzu, midikurik hoberena deitzen duzu. Zergatik bada gorputzeko eritasunagatik egiten duzuna, eztuzu arimakoagatik eginen? Zorrak dituenak, baldin prestu bada, atsegin hartzen du heken pagatzeaz, eta ahalik eta fitetzena pagatzeintu. Bada bekhatuak dira, zorrak: eta halatan egiten diogu egun guztiaz Iainkoari othoitz, barkha diatzagula. Dimitte nobis debita nostra. Bada nola bere nabusiari kontuak ongi eman nahi derautzan muthila, ezpaita urthearen bururaiño, kontuak ikhusi gabe, eta bere nabusiarekin mintzatu gabe egoiten; hala guk ere, baldin geure arimako kontuak eman nahi baditugu ongi, eta zorrak pagatu, eztugu urthe guztian, garizumaraiño, kofesatu gabe egon behar. Zeren kofesatzea da Iainkoarekin mintzatzea, kontuen egitea eta pagatzeko bidean iartzea. Eta zuk erranagatik garizuman kofesatuko zarela, orduan kontuak eginen eta zorrak pagatuko ditutzula, engana ahal zindezke. Zeren zer dakizu iraunen duzun garizumaraiño? Iainkoak prometatzen deratzu zeure bekhatuen barkhamendua ongi kofesatzen zarenean, noiz nahi den dela, garizumaren finean bada ere. Ez ordea ezteratzu prometatzen eta ez segurantzarik emaiten, igurikiko deratzula garizumaraiño. 351 Gauza izigarria da, eta erhokeria guztien gaiñeko erhokeria, bekhatu mortalean dagoela, gauaren iragaitera benturatzea. Zeren anhitz ioaiten baita arratsean sendorik oherat, eta gero ezpaita goizean bizirik iaikitzen. Qui amat periculum, peribit in illo (Eccli. 3). Perilean ibili nahi dena, galduko da. Beraz segurean iokatzeko ez urthearen bururaiño bekhatutan egon, ez hetan sosega, lehen baiño lehen, fite eta maiz kofesa. Finean zazpigarren arrazoiña: maiz behar da kofesatu. Zeren maiz kofesatzeaz, bertzeak bertze direla, aisia handi bat emanen diozu zeure buruari. Gutitan kofesatzen denari, gaitzi zaika kofesatzea, ahalke da halakoa, beldur da, herstura handitan edireiten da. Halakoak egunetik egunera, garizumaren hastetik akhabatzera, akhabatzetik bazko zaharrera, azken ephera luzatzen du eta batzutan ephe hura ere iragaitera utzten du. Eta hala gerthatzen zaika halakoari eritzen denean ere: orduan ere luzatzen du: noiz beharko duen, Iainkoak erakutsiko dioela; oraiño bihotz on duela, aphur bat utz dezatela erraiten du. Eta gero hala dabillala, maiz gerthatzen dena, kofesatu gabe finatzen da. Gutitan orraztatzen denak, lehenbiziko orratzta aldian, orrazea nekez iragaiten du, min hartzen du. Zeren illeak nahasiak eta izurtuak baitaude. Baiña maiz orraztatzen denak eztu traburik edireiten, eztu miñik hartzen, hura aiseki orraztatzen da buruan: hala orraztatzen da bada halaber aiseki bere ariman, urthean laur edo bortzetan kofesatzen dena ere: guztiez orhoitzen da, guztiez akhusatzen da, eztu traburik edireiten eta ez minik hartzen. Enzutea bera presuna bat maiz kofesatzen dela, asko da, prestu dela erraiteko; eta bai halaber gutitan kofesatzen dela iakitea, eztela sobera debot sinhesteko. Bada nork ere bere arimaz kontu ona eman nahi baitu, eta bere bekhatu iraganez barkhamendu erdietsirik, aitzinerat gehiago egin gabe egoiteko indar hartu, maiz kofesa bedi: gerotik gerora: egunetik biharrera luzatu gabe, urtheko besta buruetan bedere, Iainkoarekin mintza bedi: kontuan iar bedi: Zeren halatan emanen du orai presenteon kontu ona, eta gero azken finean erdietsiko du, bere arimaren salbamendua.

__________

NOLA GEROTIK GERORA LUZAMENDUTAN DABILLANAK EGITEN DIOEN BIDEGABE IAINKOARI KAP. LIII

352 Erraiten du San Tomas Doktor handi hark: Si homo non peccasset Deus incarnatus non fuisset (S. Thom. 3 p. q. 1 art. 3). Baldin gizonak bekhaturik egin ezpalu, etzen Iainkoa gizon eginen; eta ageri da ezetz zeren gizon eginez gero, bethiere bekhatorekin ibiltzen zen, hekin solhastatzen, hekin iaten, eta edaten zuen, hekin zuen lakhet. Hain lakhet ezen soberania iduriturik, gaizki aiphatzen baitzuten skriba Fariseoek, erraiten zutela: Hic peccatores recipit et manducat cum illis (Luc. 15). Zer da haur? Soberaniak dira hauk, bekhatorekin, iende galdu, konzientzia gabekoekin dabilla, eztu nehorekin ere berzerekin onik. Eta hanbat minzo ziren ezen azkenean konparazino batzuk ibeniz, ihardetsi behar izatu baitzerauen, erraiten zuela: Zuek diozue ezen bekhatorékin nabillala, hekin iaten eta edaten dudala, ene iendeak hek direla. Eta ongi diozue, aithortzen dut, zeren hala baita. Baiña eztezazuela mirets. Zeren nola ehun ardi dituen arzaiña, ehun hetarik bat errebelatzen zaikanean, ioaiten baita laur hogoi eta hemeretziak utzirik, errebelatuaren bilha: eta haren edireiteaz atseginago hartzen baitu, bertze guztien ikhusteaz baiño; hala iakizue ezen atseginago hartzen dela zeruan ere, penitenzia egiten duen bekhatore batez, lauretan hogoi eta hemeretzi iustu penitentziaren premiarik eztutenez baiño. Zeren hura baita ardi errebelatuaren edireitea. Hala erraiten du San Lukas Ebanjelistak: Gaudium erit in coelo super uno peccatore poenitentiam agente, quam super nonaginta novem justis, qui non indigent poenitentia (Lc. 19). Halaber nola hamar erreal dituen emazte batek hetarik bat galtzen duenean, argia iratxekirik, iraultzen baitu etxe guztia: eta gero ediren duenean, alegeratzen baita, eta kontatzen baiteraue bere hauzokoei bere sendagailla, eta erraiten egin diatzotela bozkarioak; hala iakizue ezen zeruko Aingiruak ere alegeratzen direla, bekhatore baten konbertitzeaz, erreal galduaren edireiteaz. Konparazino hautan emaiten da aditzera, handia dela gure Iaungoikoak gure salbatzeko duen desira, eta hartan hartzen duen atsegina eta plazera. Zeren erraiten baitu, kontentamendu gehiago duela bekhatore baten penitenziaz, laur eta hogoi eta hemeretzi iusturen iustutasunaz baiño.

§ 1

353 Segur da, abantail eramaiten dioela iustuak bekhatoreari, garbiak likitsari: eta hobe dela arropa osoa, zahar pedazatua baiño. Nolatan erraiten da bada guztiarekin ere atseginago duela Iainkoak bekhatorearen penitenziaz, iustuaren iustutasunaz baiño? Ihardesten du San Tomasek: Coeteris paribus innocentia dignior est et magis dilecta: Dicitur tamen plus gaudere de poenitente quam de innocente quia plerumque poenitentes cautiores, humiliores et ferventiores resurgunt. (S. Thom. 1 p. q. 20 art. 4). Hanbatik hanbatean, hobe da hoben gabetasuna, eta behin ere likitstu gabe egoitea, likitstu ondoko garbitasuna baiño. Ordea guztiarekin ere erraiten du gure Iainkoak, atseginago duela bekhatore konbertituaz, penitenziaz garbituaz eta erori gero iaiki denaz, behin ere erori eztenaz baiño. Zeren komunzki halakoa zinezago permatzen eta enplegatzen baita, bethiere iustu izatu dena baiño. Bekhaturik egin eztuena, ezta deusen beldur, baiña bai, penitenzia egiten eta bere bekhatuen erremediatzen hari dena, hura beldur da, zinez permatzen da, beroki manaiatzen da: eta hala manaiatuz, iragaiten da, anhitzetan ere, behin iustu izatu dena baiño aitzinago. Hala iragan ziren Iondone Paulo bat, Magdalena bat eta bertzerik anhitz, eta egin ziren, bethi iustu eta saindu izan ziren batzuk baiño iustuago eta sainduago. Hanbatik hanbatean: Caeteris parabisus: Hobe da arropa osoa, pedazatua baiño. Ordea halako pedazua, aphaindura eta berretura eman ahal dakidikaio, non gero berretura hark eta pedazuak, arropa oso berriak baiño gehiago balio bailluke. Hunen arauaz erraiten du San Gregoriok: Dux in proelio, eum militem plus diligit, qui post fugam conversus fortiter hosten premit, quam qui nunquam fugit, nec unquam fortiter fecit. Et agricola eam terram plus amat, quae post spinas uberes fructus profert quam eam, quae nunquam spinas habuit et nunquam fertilem fructum producit. (Greg. Hom. 24 in Ev.). Kapitain batek estimatzenago du, gerlatik ihes egin ondoan, bihurturik, balentia handiak egiten dituen soldadua, behin ere ihesik egin eztuena, eta balentiarik ere egiten eztuena baiño. Halaber laboriari batek ere nahiago eta maiteago du anhitz belhar gaixto izatu duen lurra, eta gero hetarik garbitu ondoan, fruitu anhitz ekhartzen duena, behin ere belhar gaixtorik izan eztuena eta fruiturik ere emaiten eztuena baiño. Hala bada gure Iaungoikoak ere du maiteago, bekhatu egin ondoan beroki eta doblatuki obra onetan enplegatzen dena, bekhaturik egin eztuena, eta obra onak ere hotzki, ephelki eta laxoki egiten dituena baiño. Eta erraiten du, maiteago duela halako bekhatorea, hala zintki eta fintki penitenzia egiten duena, bertze moldezko lauretan hogoi eta hemeretzi iustuz baiño. Zeren lehen gaixto eta bekhatore zen hura, egiten baita azkenean, penitenziarekin batean, iustuago eta sainduago, bethi iustu eta saindu izatu diren hek baiño.

§ 2

354 Are gehiago maiteago eta estimatzenago du Iainkoak penitenzia egiten duen bekhatorea, penitenziaren premiarik eztuen iustua baiño. Zeren perilean eta galdu gordean ibili diren gauzen edireiteaz, atseginago hartzen baitugu, bethiere segurean eta peril gabe egon direnen ikhusteaz baiño. Gerlaren ondoan estimatzen da bakea: tormenta iragan denean, prezatzen da denbora ederra: eritasuna ioan denean, edukitzen da ezertan osasuna. Eta zenbatenaz eta gerla, tormenta eta eritasuna izan baitira handiago eta perilosago, hanbatenaz gero ondoko bakea, denbora ederra eta osasuna ere dira prezatzenago, estimatzenago. Zer nahizu gehiago, dio San Agustinek: Edendi et bibendi voluptas nulla est, nisi praecedat esuriendi et sitiendi molestia. Et ebriosi quaedam salsiuscula comedunt, quo fiat molestior ardor, quem cum extinguit potatio, fiat delectatio. Et institutum est, ut iam pactae sponsae non tradatur statim, ne vilem habeat maritus quam non suspiraverit dilatam (Aug. lib. 8 conf. c. 3). Baldin plazera, plazer, eta atsegina atsegin izanen bada, behar da aitzinetik aphur bat bedere nekhatu eta unhatu. Iakinen bada zer den plazera, frogatu behar da lehenik zer den desplazera. Gaitzen berririk eztakienak, eztu ontasuna estimatzen. Loan ezta gozorik, logale eztenean: eta ez ian edanean ere, asea dagoenean. Eta halatan edale on batzuek bilhatzeintuzte bianda gaziak egarriaren pizteko, eta pizturik edatean plazer gehiago hartzeko. Halatan ordenatu zen halaber, etzekiola espos berriari, berehala lehenbiziko gutiziamenduan edo aiphamenean bere esposa eman, nekez izana hobeki estima zezan, edo fite izana arbuia etzezan. Artzaina alegeratzenago da ardi errebelatu baten edireiteaz, artalde osoaren, larre onean, alha dela, iakiteaz baiño. Aita batek atseginago hartzen du, denbora luzeaz mututurik egotu den semearen ahotik hitz baten enzuteaz, bertze seme guztiak ederki minzatzen direla aditzeaz baiño. Halatan bere hazienda partea, ian edanean eta emaztétan gastaturik galdua eta desegina, bihurtu zen semeari, egin zioen bere aitak besta gehiago, bethiere etxean bere manuko egon zeikanari baiño. Zeren etxekoa bethiere segurean ikhusten baitzuen, baina bertzea, galdutzat zedukana, koberatu baitzuen. Hala da bada, eta halatan gure Iaungoikoak ere hartzen du hanbat atsegin eta plazer bekhatorearen penitenziaz. Zeren galduz gero edireiten baita, eta bai peril handitik ere ilkitzen eta eskapatzen.

§ 3

355 Bekhatorearen penitenziaz atsegin handia hartzen du gure Iaungoikoak: eta atsegin hartze haur guztior eragiten derauka bekhatoreagana dadukan amorioak. Eta nola Terenziok dioen bezala: Amantium ira, amoris redintegratio est: Zinez eta egiaz elkhar maite dutenen arteko haserredurak eta diferentziak, anhitzetan ere, amorio berretgarri eta fintkagarri ohi dira zeren elkharrekin minzatu gabe, eta elkhargana gabe egotu diren denbora hartan ere, elkharganatzeko amorioa eta desira berretzen baitzaie; hala bada gure Iainkoari ere, gure moldera minzatzera, bekhatorea apartaturik dagokan bitarte hartan, berretzen zaika, bekhatore haren bereganatzeko duen desira eta borondatea. Eta badirudi eztuela onik, beregana dezakeien arteiño: zeren bitarte hartan, athera ethorririk bezala bethi deiez baitagoka: eta deiez ere luzaro eta behin ere etsitu gabe. Expectat Dominus ut misereatur vestri. (Is. 30). Urthe batez, biaz eta hamarrez, athal ondoan igurikitzen du. Eta alabaiña bekhatoreak bere burua gor eta sor egiten du, geroko bere eginbidea luzatzen du. Gauza gaizki egina da eta itsusia, adiskideari deiez dagotzunean, ez ihardestea, athean iguriki arazitzea; eta berehala eman ahal diazaion errepuestaren, eta egin ahal diazaion zerbitzuaren geroko luzatzea. Beraz zinez izanen da gauza gaizki eta itsusia hain maite zaituen Iainkoari eta adiskideari, zure penitentzia egiteaz eta bide oneratzeaz, hanbat atsegin hartzen duenari: eta bethi ere deitzen zaituela eta zure bilha dabillala dakizunari, hain kontu guti emaitea, hanbat iguriki arazitzea, geroko luzatzea, ez berehala ihardestea. Badirudi ezen baldin Iainkoak, deusez ere albalu damurik, hunetzaz lukeiela. Beraz hunelatan erran behar da handia dela luzamendutan dabillan bekhatoreak, hala ibiltze hartan eta bitarte hartan Iainkoari egiten dioen bidegabea. Eta halako bidegaberik ez egiteagatik ere utzteko lituzkeiela, eta ginituzkeiela luzamenduak, eta gerotik gerora ibiltzeak.

__________

NOLA LUZAMENDUTAN GEROTIK GERORA DABILLANAK, EGITEN DERAUEN BIDEGABE AINGIRUEI KAP. LIV

356 Erraiten du Spiritu Sainduak: Spes quae differtur affligit animam (Prov. 3). Luzatzen den esperantzak nekhatzen du gogoa, penatzen du arima. Beraz handia da halaber bere arauaz, Aingiruei luzamendutan ibiltzeaz egiten derauegun bidegabea. Zeren desira handi batekin, gure penitentziaren eta konbertitzearen beha baitaude, eta berantzeaz damu hartzen baitute. Hala emaiten du aditzera San Agustinek: Quoties bene agimus gaudent Angeli, et tristantur Daemones: gaudium est enim Angelis super uno poenitentiam agente: sed Diabolo, super uno poenitentiam deserente (Aug. in Soliloq. anim. ad Deum c. 27 Tom. 9). Ongi egiten dugun guztiaz alegeratzen dira Aingiruak eta tristetzen deabruak. Eta erraiten denean Aingiruak alegeratzen direla, eta deabruak tristetzen: aditzen da ezen geure aldetik denaz bezan batean, guk alegeratzen ditugula, edo tristetzen: eta alegera edo triste albalitezi, guk egiten ditugun obrek, alegera eta trista litzaketela. Zeren bertze gainerakoan, Aingiruak nola bethi lorian baitaude, ezin triste ditezke, eta ez deabruak ere alegera, zeren hek ere bethi penatan baitira. Erraiten du San Tomasek: Daemones propter invidiam, profectum hominum impedire nituntur; et propter superbiam divinae potestatis similitudinem usurpant, deputando sibi ministros, ad hominum impugnationem: sicut et Angeli Deo ministrant, in determinatis officiis, ad hominum salutem ( S. Thom. 1 part. q. 114 art. 1). Badakigu, baduela gutarik bat bederak, Iainkoak emanik, nork bere Aingiru begiraillea: eta Aingiru hark bertze guztien artetik, eta gainetik, edukitzen duela bere kargukoaz kontu, eta desiratzen duela haren salbamendua. Eta nola Iainkoak ontasunean egiten duena, nahi bailluke Deabruak ere gaixtatasunean egin; halatan Luziferrek Deabru buruzagiak eta kapitainak, emaiten du halaber zenbait Aingiru gaixto, eta Deabru tentatzeko, eta bekhatu eragiteko. Eta hala erran ahal dezakegu ezen Aingiru on bat begiratzeko bezala, badugula halaber gaixto bat ere, bere ahalaz gure tentatzeko; ona Iainkoak emanik, eta gaixtoa Luziferrek igorririk. 357 Eta ezin erran diteke zein gerla handia duten Aingiru hek biek, onak eta gaixtoak, gure arimaren gaiñean. Biak permatzen dira, biak enseiatzen dira. Eta zintkienik, heriotzeko orenean enplegatzen dira. Zeren orduan dira zinak eta minak: orduan da arimaren gorabehera guztia, eta balantzaren alde batera edo bertzera erortzeko pontua eta puntada. Orduan biltzen dira Deabruak eta laguntzen zaitza elkharri, erraiten dutela: Deus dereliquit eum, persequimini et comprehendite, quia non est qui eripiat (Ps. 70). Utzi du Iainkoak, har dezagun beraz guk, daramagun, zeren gurea da, eta nori berea, ezin nehork edeki diazaio. Inguratzen dute, tentatzen dute, desesperatzeko pontura ekhartzen dute: eta peril da, zenbait desespera arazitzen ere baduten. Pontu hartan ethortzen zaitza arima tristeari gogora egundaiño egin dituen falta guztiak: eta hanbat eta hain handiak direla ikhusirik, bihotza hersten zaika, hiltzen zaika: eta iartzen da bere buruarekin gogoetan, erraiten duela: Zer izanen da orai nitzaz? Zer bide hartuko othe dut? Salbatuko othe naiz? Pontuaren latza. Pausuaren gaitza; egitekoaren handia: hersturaren hertsia, eta izigarria. Zer eginen du orduan arima izi hark? Nor deituko du bere faboretan? Nork eskua emanen dio? Nor helduko? Nor lagunduko zaika? Nor bada? Bera Aingiru begiraillea: hark orduan, adiskide onak bezala, laster egiten du, hark eskuel eragiten deraue: eta inguruneko etsai guztiak, demonio tentazailleak, alde batera eta bertzera bulkhatzeintu. Eta gero erraiten dio arimari: Ea arima izitua, bihotz har ezazu, esportza zaitezi, etzaitezila errenda, eztezazula gal esperantza. Zeren zure bekhatuak anhitz, eta handiak badira ere, iakizu ezen Iainkoaren miserikordia are dela handiago: eta Iainkoak nahi duela salba zaitezin; eta izaitekotz faltarik, zure aldetik izanen dela, eta ez Iainkoarenetik. Orduan Elizak ere egiten du othoitz, erraiten duela: Occurrite Angeli Domini, suscipientes animam eius. Ea zeruko Aingiruak, Iainkoaren aitzinean zaudetenak, orai da ordua, laster egizue, hersturatan dagoen arima huni eskua emozue, hel zakitzate. Orduan arima hark bere barren hartan, bere obrekin, berak iharduki behar du: Ezta ahaide adiskiderik hara heltzen: baiña bai Aingiru begiraillea, hark edukitzen dio on, hura dagoka aldakan, hark eztu utzten, gorputzean dagoen bitartean.

§ 1

358 Baldin arima hura, ontasunean, fedean, eta esperantzan firme egonik, eta bere faltak erremediaturik, partitzen bada Iainkoaren garazian dagoela mundutik: nork erranen du, zein handia den orduan Aingiru begirailleak hartzen duen atsegina, eta plazera? Lehenbizikorik arima haren ondoan zebiltzan Deabruak musikatzeintu, eskarniatzeintu, irriz iokatzeintu. Eta gero hartzen du arima hura, besarkatzen du, Iainkoaren aitzinera eramaiten du, erraiten dioela Iainkoari: Iauna, huna non den zuk gomendiotan eman zenerautan arima: manatu nenduzun begira nezala: begiratu dut, sendorik eta salborik bihurtzen deratzut. Errezibi ezazu bada, eta emozu huni zure loria, eta niri ere, neure trabailluaren golardoa, eta pagamendua. Ordea baldin arima hura ilkitzen bada, bekhatutan dagoela, gorputzetik, baldin kondenatzen bada: orduan utzten du bere Aingiru begirailleak, apartatzen zaika, eta apartatze hartan, erraiten dio: «ha gaiztoa, ene nekhagarria, ala nik gaizki enplegatu baitut hirekiko denbora. Amaren sabeletik iltki intzen pontutik, pontu hunetaraino, bethiere iarraiki natzain, eznatzain behin ere apartatu. Anhitz enseiu egin dinat, hire horretarik begiratzeko, eta orai daramanan bide gaixtoaren huts eragiteko. Baina alferrik guztiak. Zeren nola baituen libertatea, eta heure burua heure eskuko, hala egin dun heure plazera eta borondatea: garaitu naun, eztun nitzaz konturik egin: ez aiz nitzaz gobernatu. Galdu dinat nik neure trabaillua, eta bai hik ere, sekula fingabekotzat heure burua.» 359 Baldin Aniguru hura triste albaledi, edo ahalke, uste dut ezen arima haren galtzeaz, eta etsai gaixtoak daramakola ikhusteaz, triste litekeiela, eta alhalke. Eta badirudi ahalketurik bezala erraiten derauela bere lagun Aingiruei, Ieremias Profetak Babiloniako hiriaz erran zuena: Curavimus Babilonem. Nik egin dut neure aldetik egiteko zen guztia. Galdu da arima haur, eta eztu nehork ere nik baino damuago. Berak du ordea falta. Ni sinhetsi banendu, ezkinen egiteko hunetan izanen: ez nik izanen nuen hunenbat damu, eta ez hunek ere hunenbat kalte, eta atsekabe. Ordea zer da haur? Nolatan galdu da arima haur? Etzuen Iainkoak hunen salbatzeagatik odol isuri, eta heriotze errezibitu? Eta etzituen halaber eritzen zeneko medizinak, eta erremedioak, Sakramendu sainduak ordenatu? Eta etzeratzun zuri ere, Aingiru saindua, begiratzeko kargua eman? Nolatan bada galdu da? Nolatan kondenatu da? Ihardesten du Aingiruak: Egiak dira horiok guztiok: ene kargutan zen, eta etzen erremedio eskasik ere: Ordea etzaitza deus probetxatu: zeren bataz eritasuna baitzuen handia, eta sendatzeko desira ttipia: eta berriz bertzea zeren bere fantasiaz, eta borondatez gobernatu baita, eta ez ene konseilluz. Damu hartzeko okhasino handia emaiten zaika Aingiru begirailleari, bere kargutan duena, bekhatutik ilkitzeko luzamendutan dabilkonean, eta are handiagoa kondenatzen zaikala dakusanean. Handia da hunetan Aingiru begirailleari, eta bertze Aingiru guztiei ere egiten zaien damua, eta bidegabea. Zeren guztiek gure salbamendua, eta lehen baiño lehen bekhatutarik iltkirik ikhustea, desiratzen baitute, eta ilkitzen garela dakusatenean, atsegin hartzen baitute. Beraz hunelatan, hargatik beragatik ere, Aingiruei bai atsegin, baiña damurik, eta atsekaberik ez egiteagatik ere, behar genduke egun beretik, geroko luzatu gabe, trabu guztiak khendurik, salbamenduko bidea hartu, eta hartan, gelditzen zaikun geure mende aphurra, enplegatu.

__________

NOLA GEROTIK GERORA LUZAMENDUTAN DABILLANAK EGITEN DERAUEN BIDEGABE, BERE BURUARI, BERE GIRISTINO LAGUNARI, ETA BAI MUNDUKO BERTZE GAUZA GUZTIEI ERE KAP. LV

360 Baldin luzaro bekhatutan egoiteaz, eta gerotik gerora ibiltzeaz,egiten baderauegu bidegabe Iainkoari, eta Aingiruei: segur da hala hala egiten diogula geure buruari ere bidegabe, damu, eta kalte. Zeren baldin orduan hala bekhatutan gabiltzanean, eta gaudenean hiltzen bagara, sekulakotzat galdu, eta penatu behar baikara. Guk dugun etsairik handiena geure burua dugu. Ezteraku nehork ere hanbat kalte, eta bidegabe egiten, nola gerok egiten baitiogu geure buruari. Gerok geure buruak galtzeintugu, ifernura egotzteintugu. Eztugu nehortzaz ere hanbat okhasino, eta arrazoin arrenkuratzeko, nola geure buruoz: eztugu bertzeri zer atxakia emanik, eta ez, zer hoben egotzirik, geureak ditugu faltak. Eztakit non dugun adimendua, eta ez zertan pensatzen dugun; ezen munduan ditugun bertze gauza guztiak nahi dugularik diren onak; gure bizitzea bera, gure konzientzia, gure arima nahi baitugu den gaixto. Quid enim est quod vis habere malum? Nihil omnino, non uxorem, non filiam, non servum, non ancillam, non villam, non tunicam, postremo non caligam, et tamen vellis habere malam vitam? Rogo te praepone vitam tuam caligae tuae. Si possent respondere bona tua quibus est plena domus tua quae habere optasti et perdere timuisti, nonne et tibi clarament? Sicut tu nos bona vis habere sic et nos volumus bonum habere dominum (August. serm. 12 de verbis Domini, Tom.10). Erradazu othoi (dio San Agustinek) nahi othe zenduke deus ere gauza gaixtorik? Ez segur. Eztuzu nahi emazte gaixtoa, ez seme gaixtoa, ez zerbitzari gaixtoa, ez athorra gaixtoa, eta ez azkenez goiti zapata gaixtoa ere. Nolatan badi nahi duzu guztien gaiñetik konzientzia gaixtoa? Bertze gauza guztiak onak, baiña zeure burua, zeure bizitzea, zeure konzientzia, zeure arima, gaixto. Baldin zure zapatak, eta etxean zeure zerbitzuko dituzun bertze gauzak mintza albalitezi, erran liazaizute: Zuk nahi duzu gu garen onak: hala nahi dugu bada guk ere zu zaren ona. Zuk nahi ditutzu zerbitzari onak, hala nahi dugu bada guk ere nabusi ona. 361 Baldin galdegin baliazazute, zer den zuk duzun gauzarik maiténa, ihardets zenezake, zure bizia dela: zeren biziagatik, munduko gauza guztiak utz baititzaketzu. Nolatan bada bertze gauza guztiak nahi ditutzularik onak, nahi duzu zuk duzun gauzarik maiténa, den gaixto? Ezin ediren dezaket bertze arraizoinik, Deabruak itsutu, eta liluratu zaituela baizen: eta zu zarela iende hetarik, zeinengatik erraiten baitu Sofonias Profetak: Ambulaverunt caeci, quia peccaverunt Domino (Soph. 1). Itsutuak ibili ziren, zeren bekhatutan erori baitziren. Egunetik egunera bekhatutarik ilkitzeko luzamendutan zabiltzan bitarte hartan, zeure buruaren etsai zara. Zeren ongi ahal zinatekeiena, zeure faltaz gaizki behar baitzara. Beraz orduan hala ibiltzeaz, zeure buruari bidegabe egiten diozu. Zeren zerorrek zeure burua galtzen baituzu.

§ 1

362 Bada halaber gerotik gerora bekhatutan egoiteaz, bidegabe egiten diozu zeure giristino lagunari ere. Batzuek erraiten dute: Baldin gaixto banaiz, neuretzat naiz gaixto, eztute ene bekhatuek nehor ifernurako, nork bereak iasaneintu. Egia da nork bereak iasaneintu. Ordea eztiozu ongi etzarela zeuretzat baizen gaixto. Zeren lehenbizikorik, nola ona anhitzentzat baita on: hala gaixtoa ere, anhitzentzat da gaixto. Bigarrena, zeren zeure bizitze gaixtoaz, exenplo gaixtoa emanez, bertzeri ere bekhatu eragiteko okhasino emaiten baitiozu. Hala erraiten du San Agustinek: Qui in conspectu populi male vivit, eum a quo attenditur, quantum in illo es occidit (Aug. lib. de Past. cap. 4. Tom. 9). Bertzeren agerrian iendèk ikhusten dutela, gaizki bizitzen denak, bere aldetik denaz bezanbatean, agerrian diren hek, beha daudenak, hiltzeintu, kaltiar errendatzeintu. Beraz zeure bekhatuaz egiten diozu, zeure buruaz bertzeri ere, kalte, eta bidegabe. Zeren anhitzetan ere zure bekhatuagatik, bertzeak ere gaztigatzen baititu Iainkoak: ez gaztigu eternalaz, baiña bai tenporalaz. (Vide Nicol. Lyra, Deut. 4 super illud: Non occidentur patres pro filiis). Finean ez giristino lagunari berari, baiña are munduko bertze kreatura arrazoiñaz usatzen eztuten guztiei ere, bidegabe egiten derauezu bekhatutan zauden bitartean. Zeren lehenbizikorik, etxeko iaunari bidegabe egiteaz, eta desohore emaiteaz, etxeko guztiak ukitzen dira, familia guztia desohoratzen da. Bada nola bekhatutan egoiteaz, Iainkoari, mundu guztiko etxeko jaunari, eta buruzagiari, egiten baitiozu bidegabe, eta emaiten desohore: eta munduko kreatura guztiak, are harriak ere, etxeko iaun hunen familia, eta etxatiarrak baitira: hala zure bekhatutan ibiltzeaz guztiak ukitzen dira, guztiek bidegabe errezibitzen dute. 363 Halaber bekhatutan egoiteaz, bidegabe egiten derauezu sentimendurik eztuten kreatura guztiek. Zeren guztiak baitira, Errege Davitek dioen bezala, zure zerbitzuko ordenatuak, eta zure oiñen azpiko egiñak: Omnia subiecisti sub pedibus eius (Ps. 8). Ordea eztuzu merezi zerbitzurik, bekhatutan zauden bitartean: orduan etzara iaten duzun ogiaren ere merezient: zeren orduan bekhatuaren zerbitzari eta azpiko baitzara: eta munduan den kreaturarik eztheusena, eta ttipiena baiño eztheusago, eta ttipiago. Omnis qui facit peccatum servus est peccati. Eta ezta arrazoin, deusagoak, eztheusagoa zerbitza dezan; eta ttipiagoak , handiagoa bere azpiko erabil dezan. Halaber bidegabe egiten derauezu munduko kreatura guztiei bekhatutan egoiteaz. Zeren guztiak, zure bekhatuakgatik, gaztigatu baititu, eta gaztigatzen baititu Iainkoak: hain gaztigatzen ezen erraiten baitu Doktor batek: Sol et omnes creaturae propter peccatum hominis, perdiderunt septem partes suarum virtutum (Petrus Lomb. 4 sent. dist. 48). Iguzkiak, illargiak, eta munduko bertze kreatura guztiek, galdu zuten gizonaren bekhatuagatik, bere berthutearen, eta balioaren zazpigarren zathia eta partea. Eta hala arrazoinekin arrenkura ahal diteke, eta gereilla iguzkia bekhatoreaz, erraiten dioela: Ni hiregatik goibeldu ninduan, eta ilhundu. Zeren orai argi banaiz ere, eta klar, are lehen ninduan argiago, eta klarago. Halaber abre adimendugabèk ere, arrazoinekin erran ahal diazaiote: Hiregatik gu dilubio handi hartan, Noeren denborako uholdean, hondatu, eta itho ginituan. Bada lurrak ere egin ahaldiazaio eranzute. Zeren lehen garbi zena, harengatik elhorriz, arantzéz eta belhar gaixtoz bethe baitzen, eta bai flakatu, eta mehatu ere. 364 Finean, Lapis de pariete clamabit et lignum quod inter juncturas aedificiorum est respondebit (Habac 2). Munduko kreatura guztiek, perétetan iosirik dauden harriek ere zuzen dute, eta arrazoin, bekhatorearen kontra iaikiteko. Eta hala erraiten ere du Spiritu Sainduak iaikiko direla azken egunean: Pugnabit pro eo orbis terrarum contra insensatos (Sap. 1). Eta nola orai bekhatoreak guztiei egiten baiteraue gerla: hala orduan bekhatoreari ere, guztiek, pagamendu ordaina, moneda berean, bihurtuko diote: eta orai errezibitzen dituzten bidegabe handiez, mendeku hartuko dute. Beraz hunelatan halako egitekotan ez erortzeagatik: eta hanbat bidegabe, hanbati, Iainkoari, geure buruari, Aingiruei, giristino lagunari, eta munduko bertze kreatura guztiei ere, ez egiteagatik, behar dugu ernatu, abiatu: eta luzamenduak utzirik, gero egin behar denaren, lehen baiño lehen egitera, bide onean iartzera, eta hartan egoitera deliberatu.

__________

NOLA IFERNUKO PENEN KONSIDERATZEAK, BEHAR DITUEN, GEROTIK GERORA IBILTZEKO LUZAMENDUAK LABURTU KAP. LVI

365 Nola Iainkoak erakutsi baitzuen bere botherea, munduaren kreatzean: iakindasuna gobernatzean: eta miserikordia erremediatzean: hala erakutsi du, erakusten du, eta erakutsiko du bere iustizia ere, gaztigatzean. Zeren baldin ezpada arrazoin, geldi dadin berthutea pagamendu gabe; ezta arrazoin iragan dadin bekhatua ere, gaztigu gabe. Hain ongi dagoka gaixtoari ifernua, nola onari parabisua. Anitz, eta handiak dira (orainokoan ere aditzera eman den bezala) gure gero hunek, luzamendutan ibiltzeak, egiten dituen damuak, eta kalteak. Baiña damu guztien gaineko damua, kalterik handiena, galgarriena, eta bertze guztiak xitzen, iragaiten, eta ahantz arazitzen dituena da, egotzten baitu fingabeko gerora, hondar gabeko lezera, sekulako penetara. Etsaigoan zaude; amorantearekin zaude; bertzeren ona goraturik zaude. Zein baitira hirur bekhatu suerte perilosak. Eta benturaz baduzu, bekhatu horietarik ilkitzeke gogo, eta borondate. Ordea noiz? Ez orai, ez egun, bihar, gero. Eta bethi gero, bethi bihar: horrela zaudela, eritasunak har, heriotzea ethor, eta ifernura ioan. Bada nik ezin ediren dezaket erremedio hobeagorik, atriaka finagorik, eta ez medizina seguragorik gero hunen orai, orai-ratzeko, sendatzeko, eta erremediatzeko: gero hunek beronek egiten dituen kaltén konsideratzea baiño. Oraren autsikia, oraren beraren illeak behar du sendatu: ifernuko sua, ifernuko suak behar du iraungi. Ezta halako erremediorik, ez gero ifernuratzeko, nola orai ifernuratzea. Gero ifernura ioan nahi eztuenak, orai behar du ioan ifernura. Orai behar ditu hango penak hemen, hara gabe konsideratu, gogoan erabili, eta halatan handik ihes egin, itzuri, eta eskapatu. 366 Erran komuna da, ezpatak ezpata sar arazitzen duela maginan. Amorioz, eta onez onetara, ongirik egin nahi eztuenari, bortxaz, eta gaztiguaren beldurrez eragin behar zaika. Ohoiña zerk gibelatzen du, gibelatzen denean, ebastetik? Ez ahalkeak, ez nehorengana dadukan amorioak. Zerk bada? Beldurrak. Hala Iainkoaganako amorioak, bekhatu egitetik, gibelatzenba eztuena ere, ifernuko penen beldurrak gibelatu behar du. Eta haur da egundaiñoz gero, gure Iainkoak, bekhatore bihotz gogorrari, bere gogortasunaren hautsteko, eta beratzeko, ediren duen erremedio handietarik bat: mahatxatzea, erraitea, eta gogora ekhartzea, begira duela, gaztigu paregabe bat, pena handi izigarri bat harentzat prestatua, eta ordenatua dagoela. Halatan Iondone Ioannes Baptistak, ziakienak bezala, egin zuen pontu hunetzaz, ifernuko penez, bere lehenbiziko predikua, erraiten zuela: Facite fructus dignos poenitentiae. Iam enim securis ad radicem arboris posita est. Omnis arbor quae non facit fructum bonum, excidetur, et in ignem mittetur. Begirautzue, egizue penitenzia, eta egizue, egin ditutzuen bekhatuen arauaz. Fructus dignos poenitentiae. (Lc. 3). Bekhatu handiakgatik penitenzia handia. Zeren iakin behar duzue ezen haizkora, zuhaitzaren erroari kheinatua dagokala, eta fruiturik iasaiten eztuena, ebakia izanen dela, eta sura egotzia. Haur da Iondone Ioannes Baptistaren lehenbiziko predikua. Haur da ethorri zenean, berekin ekharri zuen berria. Eta berri hunekin, hunelako gaztigua, ifernuko sua, gaixtoentzat ordenatua zegoela enzutearekin, hain izitu, eta ikharatu ziren, ezen presenteko guztiak, are ziren gaixtoenak ere, ethorri baitzeitzan galdegitera: Quad faciemus? Zer eginen dugu bada? Zer izanen da gutzaz? Nola edo zer moldez eskapatuko gara, zuk diozun pena handi hetarik, ifernuko sutik? Bada Iondone Ioannes Baptistak, predikari handi hark, orduan iende hei erraiten zerauena, erraiten deratzuegu guk ere orai zuei. Egia da, ez hark bezalako saindutasunarekin, eta ez fintasunarekin, bai ordea hark erraiten zerauen egia bera. 367 Zeren hark predikatzen zuen legea, fedea, eta Iainkoa predikatzen, eta eskiribatzen dugu guk ere: ezta hunetan diferentziarik. Erraiten deratzuegu guk ere hark bezala; begira duzuela, haizkora zuhaitzaren ondoari kheinatua dagokala; heriotzearen sega, onen, eta gaixtoen arrontatzeko, haiotza zorrotztua, eta prestatua dagoela. Eta bihia, onak, zeruko bihitegian ailtxatuko direla: eta lastoa, gaixtoak, ifernuko labean. Sekula fingabekotzat, sua datxetela egonen direla. Haur da egia: eta hauk dira, geure Iaungoikoak aitzinetik, egiten derauzkigun mehatxuak, kheinadurak, eta bere predikariez emaiten derauzkigun abisuak, haukin batean, izi gaitezin, ikhara gaitezin, eta ikharaturik, gero eginen dugula diogun ontasuna, presenteon dagigun amoreakgatik.

§ 1

368 Egia da zeruko loriaren esperantzak, hango plazer handi heken konsideratzeak, alegeratzen du giristinoa, eta bai prestuki bizitzeko desira batekin ere ibentzen. Baiña komunzki, hobeki ukitzen du bat bedera, ifernuko penén beldurtasunak, zeruko loriaren esperantzak baiño. Ezkaitu pagamenduak, eta pagamenduaren esperantzak, hala aitzinatzen, eta alegeratzen, nola gibelatzen, eta tristetzen baikaitu, gaztiguak, eta gaztiguaren beldurtasunak. Hunen arauaz erraiten du San Krisostomok: Regni non ita recordemur ut Gehennae. Timor enim promissione potentior est (Chrys. Hom. 2 in epist. Paul. ad Thes. 2 cap. 1 Tom. 4). Orhoitu behar dugu parabisuaz, eta hango plazer handiez: baiña areago, ifernuaz eta hango pena izigarriez. Zeren nola osasunak baiño, eritasunak hobeki gogoeta eragiten baiteraku, eta bai ethorkizunean ere pensa arazitzen: hala ifernuko eritasunak ere, hango doloren konsideratzeak, hobeki ukitzen gaitu, eta aitzin-gibel beha araziten deraku, parabisuko plazeretan, plazerki, pensatzen egoiteak baiño. Eta haur ezta miretsteko. Zeren handiak, bortitzak, eta izigarriak baitira ifernuko pena hek. Hetzaz erran ahal diteke bere moldean, Iondone Paulok zeruko loriaz erran zuena: Eztu egundaiño nehork ikhusi, ez enzun, eta ez gogoan iragan, nolakoak izanen diren. Nola onei emanen zaien pagamendua izanen baita abantaillatua, guztien gaiñekoa: hala gaixtoek izanen duten gaztigua, eta pena ere, izanen da paregabea, alde guztiz handia: hain handia, ezen nola ezpaita izanen atseginik, eta ez plazerik, salbatzen den batek gozatuko eztuenik; hala ezta edirenen penarik, eta ez atsekaberik kondenatu batek pairatu beharko eztuenik. Onek, on guztiak, gaixtoek, gaitz guztiak. Onak bethi ongi, gaixtoak bethi gaizki. Eta egiteko huni bere zimendutik, eta erroetarik lotzeko: eta halaber iakiteko zer pena, eta nolakoak izanen diren ifernuko pena hek: eta zergatik erraiten den, hek direla pena guztien gaineko penak, har dezagun geure aitzindari San Tomas, Doktor handi hura, zeren harekin batean izanen gara ongi kidatuak, eta mintzatuko gara behar den bezala.

§ 2

369 Erraiten du San Tomasek: Poenae damnatorum in duo genera dividuntur, quae sunt poena damni et poena sensus. Poena damni respondet aversioni à Deo, et poena sensus conversioni ad creaturam (S. Thom. 1. 2 q. 8. art. in corp. & 2-2 q. 79. art. 4 ad 4). Erran nahi du: Presuna batek egiten duenean bekhatu mortal bat, bi gauza egiteintu. Lehenbizikoa, utzten du bere kreatzaillea: eta bigarrena, hartzen du kreatura: eta harturik , haren baithan ibentzen du bere gogoa. Gibelaz itzultzen zaika Iainkoari eta begitarteaz kreaturari. Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu. Lehenbizikoa, merezi du utz dezan Iainkoak, egotz dezan bere konpaiñiatik, eztezan sekulan haren bekhokirik eta bisaiarik ikhus: utz dezan utz zaillea. Eta pena haur deitzen du San Tomasek: Poena damni, id est: Carentia divinae visionis, carentia divinae praesentiae. Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik eta loriatik sekulakotzat kanpoan eta etsaigoan, desterraturik egoitea. Eta haur da ifernuan dagoenak iragaiten duen penarik handiena, eta malenkoniarik, malenkoniagarriena. Zeren nola parabisuan dagoenari, Iainkoaren ikhustetik eta haren konpaiñian egoitetik ethortzen baitzaitza ontasun guztiak: hala ifernuan dagoenari ere, Iainkoaz gabeturik, eta haren begi bistatik, eta konpaiñiatik desteterratua egoitetik, heldu zaitza dituen kalte guztiak. Gauza bat galtzen duzunean, damu hartzen duzu. Eta zenbatenaz eta galtzen duzun gauza hura baita hobeago, handiago eta baliosago, hanbatenaz hartzen duzu damuago, hanbatenaz sentitzenago duzu. Beraz zinez eta arrazoiñekin sentituko duzu, eta damu hartuko, Iainkoa bera, den gauzarik hoberena, handiena, baliosena eta zuk beharren zenduena, galtzen duzunean. Kalte handia da begietako bistaz, osasunaz eta azienda guztiaz gabetzea: beraz zinez izanen da kalte handia, Iainkoaz beraz gabeturik iartzea. 370 Erregeren lehenbiziko semeak, zuzenez eta ethorkiz Erresuma guztiko iaun eta Errege heldu denak, damu har lezake, Erregetzat koroatu eta errezibitu behar duten egunean, egotz balezate desterraturik Erresuma guztitik kanporat: zer damu, zer despit eta atsekabe errezibituko du beraz giristinoak ere, zeruko Erresumako heredero eta partale heldu zenak, Erresuma hartan sarthu uste zuen egunean, athea hersten diotela eta kanporat egotzten dutela dakusanean? Presuna bati zeure behar orduan, premia premiazkoan, gauza baten eskatzen zatzaitzanean, damu hartzen duzu, baldin duela dakizularik, hutsik egotzten bazaitu, ezetz erraiten baderatzu. Bada zeure azken finean, heriotzeko orenean, behar ordu guztien gaiñeko behar orduan, zer damu, zer bihotz ukhaldi errezibituko duzu! Zer pena eta atsekabe sentituko duzu, Iainkoak hutsik, behar duzuna gabe, kanporat egotz zaitzanean? Nescio vos. Etzaituela ezagutzen, berandu duzula, erremediorik erran diazazunean? Eta hunela erranik, athea herts diazazunean? Badirudi, hunetan pensatzeak berak ere, sekulakotzat musut-huts gelditu behar duela ikhusteak, nehori buruko illeak latzten derautzala. Arrazoiñekin erraiten du San Krisostomok: Multi hominum Gehennam tantum formidant, ego autem gloriae illius amissionem Gehenna multo amariorem esse dico (Chrys. Hom. 47 ad pop. Antioch.). Batzuk ifernuaren dira beldur eta ez bertzeren: baiña niri guztien gaiñetik, zeruko loriaren galtzea iduritzen zait dela garratz eta izigarri, gehienik ni harentzat naiz beldur. 371 Hunetarik aditzen da Profeta Daviten erran bat: Pluet, super eos ignis, et sulphur et spiritus procellarum pars calicis eorum (Ps. 10). Su, zufre, tormenta eta bertzerik anhitz pena emanen deraue Iainkoak kondenatuei. Baiña hek guztiak: Pars calicis eorum. Eztira parte bat baizen izanen, eta parterik ttipiena. Zeren guztietako handiena izanen da, zeruko loriatik, Iainkoaren begi bistatik, eta konpaiñiatik, sekulakotzat kanpoan egoitea. Hemen erranen du zenbaitek: Linboan dauden haurrek, bathaiatu gabe hiltzen direnek, eztute Iainkoaren begitartea ikhusten, eta ez ikhusiko ere: bethi daude, eta egonen dira, zeruko loriatik desterratuak. Eta guztiarekin ere, Doktoren errana da, eztutela hek penarik izaiten, eta ez tristurarik errezibitzen, eta ez errezibituko ere. Nolatan diogu beraz ezen Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik kanpoan egoitea, dela pena guztien gaiñeko pena? Ezta gaitz ihardesten. Zeren nola linboko haurrak ezpaitaude han bere faltaz eta ez bere bekhatuakgatik, eztu nahi Iainkoak duten hek hargatik tristuratik, penarik, eta ez atsekaberik. Baiña ifernuan daudenak, nola bere faltaz, maliziaz eta bere presunaz libreki egin zituzten bekhatuakgatik, baitaude Iainkoaren konpaiñiatik kanpoan, hargatik, eta Iainkoak ere hala ordenaturik, dute tristura paregabe bat, eta atsekabe guztien gaiñeko atsekabe bat. Eta haur da bekhatuaren lehenbiziko pena eta gaztigua bekhatoreak izanen duena: Iainkoaren ez ikhustea, haren konpaiñiatik eta adiskidetasunetik sekulakotzat kanpoan gelditzea.

__________

BEKHATOREAK IFERNUAN IZANEN DUEN BIGARREN PENAZ ETA GAZTIGUAZ, ZEIN DEITZEN BAITA POENA SENSUS: SENSUAREN PENA KAP. LVII

372 Egia da, handia da, Iainkoaren loriatik eta konpaiñiatik kanpoan egoitetik, heldu den damua eta kaltea. Ordea zeren baitirudi ezen hala egonagatik ere, balukeiela bekhatoreak zerbait konsolamendu: edo ezlizatekeiela alde guztiz on-behar eta ez osoki urrikalkizun, baldin nehon minik edo oiñhazerik ezpalu, hartarakotzat, bekhatorearen bigarren pena eta gaztigua, bekhatoreak merezi duena eta izanen duena da: Poena sensus: Sensuaren pena, su eternala, akhabatuko eztena . Eta pena haur emaiten zaika bekhatoreari zeren Iainkoa utzirik, itzuli zen kreaturetara: eta Iainkoaz, eta haren manamenduez baino, munduaz, eta munduko plazerez kontu gehiago egin zuen. Hala erraiten du San Tomasek: Poena sensus respondet inordinatae conversioni ad creaturam. Pena hunez erraiten du San Mateok: Ite in ignem aeternum (Mt. 25). Zoazte su eternalera, akhabatuko eztenera. Halaber erraiten du San Mateok berak: Excidetur et in ignem mitteur. Ebakiko da eta sura egotziko da. Eta eztezazula ez pensa, ifernuko su hura, hemengo su hauk bezala izanen dela. Baiña hura, nola izanen baita Iainkoak berak pitztua eta egina, hala izanen da hemengo suak baiño beroago eta goriago. Halako moldez ezen hemengo sua, hangoarekin konparaturik, pintatua bezala izanen baita. Eta haur ezta miretsteko, zeren are hemengo suetan ere diferentzia handia da. Sufrezko sua, eta are egurrezkoa ere, beroago eta indartsuago da, lastozkoa baiño. Hala izanen da bada halaber ifernuko su hura ere, hemengo suak baiño beroago eta bortitzago.

§ 1

373 Lurrean barrena, gure azpian, lurrak duen lekhurik beherenean, zentruaren aldean, lurraren hondarrean, edireiten da leze handi bat, labe gori bero bat, behinere hotzten eta iraungitzen eztena: alde guztietarik hertsia, atherik eta leihorik eztuena: kondenatu guztien edukitzeko asko handia, zein baita eta deitzen baita ifernua. Eta han, ifernu hartan egonen dira kondenatu guztiak, alde guztietarik, kanpotik eta barrenetik, suz inguratuak, sutuak, burdin goritua dagoen bezala. Eta guztiak elkharrekin eta su batetan. Ordea benturaz dudatuko du zenbaitek eta erranen ere bai: Nolatan ahal dateke hori horrela? Nolatan ahal dauteke kondenatu guztiak, elkharrekin lekhu batetan eta su batetan? Zeren ifernuan daudenen artean, bada diferentzia, batak baiño bertzeak bekhatu gehiago du; arrazoiñ da beraz halaber batak baiño, bertzeak pena ere gehiago duen. Secundum mensuram delicti erit et plagarum modus (Dt. 25). Hobenaren arauaz, izanen da gaztigua ere. Quantum glorificavit se et in deliciis fuit, tantum date ei tormentur et luctum (Ap. 28). Zenbat atsegin eta plazer hartu baitzuen, hanbat eta hainbertze desplazer eta atsekabe eman bekio. Beraz hunelatan eztira kondenatu guztiak su batetan berdin egonen. Zeren hala baleude, guztiek berdin eta orobat lukete pena eta gaztigu. 374 Bada ordea su batetan, guztiak berdin eta elkharrekin egonen dira. Ordea hargatik bekhatu gehiago duenak, pena gehiago izanen du. Eta zergatik eta nola izanen duen pena gehiago, eman ahal ditezke bi arrazoin. Lehenbizikoa da San Tomasena, eta haren hitzak berak dira hauk: Ad tertium dicendum, quod ignis ille est instrumentum divinae justitiae punientis. Instrumentum autem non solum agit in virtute propria, et per proprium modum, sed etiam in virtute principalis agentis et secundum quod est regulatum ab eo. Unde quamvis secundum propriam virtutem non habet quod aliquos cruciet secundum magis et minus, secundum modum praedictum, habet tamen hoc, secundum quod ejus actio modificatur ex ordine divinae justitiae. (S. Thom. 3 p. q. 97. art. 5 ad 3). Erran nahi du: Ifernuko su hura Iainkoaren iustiziaren borreroa, azotea, eta muthila da. Eta halatan su hark bere naturalezaren arauaz, bata baiño bertzea erratzenago ezpadu ere, bai ordea erratzenago du, Iainkoaren iustiziaren muthil bezala. Zeren bere nabusiak manatzen duen bezala, bat bederaren alderakotzat, bere berotasuna eta indarra enplegatu behar baitu. Eta halatan du erratzenago eta penatzenago bekhatu gehiago duena. Zeren Iainkoak, su haren nabusiak, hala nahi baitu. Bigarren arrazoiña. Bekhatu hanitz duena eta gutiago duena, biak daude berdin ifernuko suan. Ordea bekhatu gehiago duen hark, pena gehiago iragaiten du. Zeren hura minberago, sentikorrago, eta suari ihardesteko, eriago, flakoago eta erbalago baita. Bi presuna daude iguzkian: eta iguzki hark eztio batari deus senti arazitzen, eztio minik egiten: baiña bertzeari, berehala, burua minberatzen dio, iragaiten dio, izerditan ibentzen dio. Zeren hura baita bertzea baiño flakoago eta sentikorrago. Hala da bada bekhatu anhitz duena ere, guti duena baiño minberago, sentikorrago eta suari ihardesteko flakoago. Eta halatan biak berdin su batetan egonatik, eztira biak berdin erratzen eta ez penatzen; baiña bat bedera penatzen da bere duen faltaren eta hobenaren arauaz.

§ 2

375 Orai hemen galdegin ahal diteke, ea ifernuan berorik baizen hotzik izanen denz? Eta bada erraiten duenik baietz: eta nola ifernuan izanen baita bero handi bat, hala izanen dela halaber hotz handi bat, izotz, horma, elhur: eta ifernuan daudenak aldatuko direla batetik bertzera, bero handitik hotz handira, eta hotz handitik bero handira. Baiña bitartean, batetik bertzera aldatzean, ezaiela penarik arinduko. Eta hunela erraiten dutenek, hatzen dute okhasino, hunela erraiteko, Iob gizon saindu haren erran batetarik: Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium et usque ad inferos peccatum illius (Iob 24). Bero handira iragan bedi, elhur uretik, eta ezta ifernuraino baratuko haren bekhatua. Beraz badirudi ezen ifernuan izanen dela hotz eta bero, ur eta su. Baiña egiteko huni ihardesteko, aita Domingo Soto, Doktor handi hari iarraiki nahi natzaika (Vide Dom. Soto in 4. Sent. dist. 5 q. unica art. 4). Eta haren erranaren eta iduriaren arauaz, diot ezen, eztela ifernuan izanen elhurrik, hormarik eta ez bertze hotz suerterik. Zeren gure salbatzailleak, ifernuaz mintzo denean, eztu behin ere aiphatzen elhurrik, eta ez egiten orhoitzapenik hormaz eta ez bertze hotz moldez. Aitzitik erraiten deraue gaixtoei: Ite maledicti in ignem aeternum. Zoazte maradikatuak su eternalera, akhabatuko eztenera. Zeren hotzetik berora, ero berotik hotzera aldatzekotz, aldatu behar lizateke gehiago penatzeagatik. Baiña hartarakotzat ezta hotzen premiarik. Zeren bataz bortitzago baita beroa hotza baiño, eta bertzea zeren, suaz beraz emaiten baitio Iainkoak bekhatoreari, bere dagokan gaztigua. Beraz badirudi ezen alfer lizatekeiela hotza, beroa bera asko den lekhuan. Eta hala ifernuan zegoen aberats abariziosak ezin erdietsi zuen ur xorta bat bere mihiaren hezatzeko eta freskatzeko. Eta bertzela ere gaitz da aditzen eta erdiesten, nola ahal dirateien elkharrekin, edo bata bertzearen ondoan, ifernuko labe hartan, hotza eta beroa: behintzat batetik bertzera aldatzeko pontu hartan bedere, zerbait moldez pena arindu gabe. 376 Eta Iobek erraiten duenean, iragan bedi elhur uretik bero handira, ezta ez, han Iob mintzo, ifernuko penez eta ez han daudezinez. Baiña lekhu berean ikhus ahal ditekeien bezala, mintzo da bekhatoreaz, eta ez, ez, edozein bekhatorez, baiña adulterioan, bertzeren emaztearekin dagoenaz, amorantearekin bizi denaz. Eta hari egiten derautza bere mehatxuak: eta egotzten derautza maradizinoak, erraiten duela: Maledicta est pars eius in terra. Maradikatua da lurraren gaiñean duen partea. Ad calorem nimium transeat, ab aquis nivium. Egin bedi elhurra bezain hotz debozinoan eta sua bezain bero malizian: eta hotztasun hartarik, negutik udara bezala iragan bedi ifernuko berotasunera, eta ezta hareraiño, han hel arteiño baratuko. Usque ad infernum peccatum eius. Eta erraiten badu ere gure salbatzailleak ifernuaz mintzo dela: Ibi erit fletus et stridor dentium. Han izanen dela nigar, eta hortz karrask-hots; ezta ez aditzen hortz karrask-hots hura, hotzetik heldu dela, eta ez hotzak eragiten duela. Baina hura eragiten du, bataz, barreneko damuak, orhoitzeak, nola bere faltaz dituen egiteko hek guztiak: eta berriz bertzea, suak emaiten dioen dolore handiak. Hark gorputzeko parte guztiak ikharatzeintu, eta hortz-haginei karrask-hots handi hura eragiten deraue. Eta hala ifernuan ezta elhurrik eta ez bertze hotz suerterik, bethi da bero, eta su hura ezta behin ere ttipitzen eta iraungitzen. Eta eztu hark egurrik ere behar, eta ez aitzinatzaillerik. Kondenatuaren arima bethi dago suan, eta bai gorputza ere egonen, azken iudizioko eguna iraganez gero.

§ 3

377 Arimak bere penak bezala, arimaren potenziek eta botherék ere, zein baitira adimendua, borondatea, eta memoria izanen dituzte bere pena moldeak, bere bereak, eta bereziak. Adimendua egosiko da bere baithan barrena, hanbat pena eta hain handiak pairatu behar dituela konsideratzeaz: eta gogoaren bertzetara aldatzeko, astirik ere gabe, bethiere egonen da pena hetan pensatzen eta penatzen; borondatea ere ibiliko da haserretua herra errabiatu batekin Iainkoaren kontra, zeren hanbat gaitz, eta pena emaiten dioen. Bada memoria ere bere baithan nahasiko eta nekhatuko da, bere faltaz hartara dela, eta bethi hala egon behar duela orhoitzeaz. Eta arimak eta arimaren potentziek bezala, izanen dituzte gorputzak, eta gorputzaren zensuek ere, zein baitira bista, enzutea, usna, gustua, eta ukitzea, nork bere gaztigu molde bere gaiñezkoak. Lehenbizikoarik: Visus, begietako bista izanen da penatua. Zeren ifernuko lupe hartan, ezpaitu deus ikhusiko, ilhun izanen baita. Eta suan egonen bada ere, eta suak bere egitez argitzen badu ere, ordea badateke argitu gabe: edo egurra dela kausa izanen baita sufrea, zeiñek ezpaitu argi klarik egiten, khe ilhunik eta beltzik baizen. Edo lekhua dela kausa, izanen baita lurrean barrena, alde guztietarik hersia, leihorik eta atherik gabea, hats hartzeko eta argiren edo haizeren sartzeko biderik ere izanen eztuena. Egia da ordea, ezta ez xoil, eta alde guztiz ilhun ere izanen. Argi asko izanen da lanhope batean bezala, elkharren ikhusteko; eta ikhuste hartzaz gehiago penatzeko eta tristetzeko. Zeren tristura handia errezibituko dute, noiz eta bere lagunak, zeiñekin bekhatu egin baitzuten, eta zeiñengatik galdu baitziren, ikhusten baitituzte bere begien aitzinean. Hala emaiten du aditzera San Gregoriok: Quamvis ignis ille non luceat ad consolationem, lucet tamen ut magis torqueat (Greg. lib. 9 Moral). Ifernuko su hark argitzen ezpadu ere konsolatzeko, bai ordea argitzen du eta argituko du, gehiago penatzeko eta malenkoniatzeko. Zeren argi lanbo harekin batean, ikhusiko dute hanbat likitskeria, hanbat spiritu gaixto eta itsusi: hain konpaiñia izigarria, hain su handia, ilhuna eta khetsua, non begietako bista hemen gauza ederren eta plazenten ikhustean, banoki loriatu zena, han gauza itsusien, izigarrien, nardagarrien eta atsekabe-korren, begi-esteaz dolorezki penatuko baita. 378 Halaber: Auditus, enzutea, beharriak izanen dira penatuak, eta iarriko dira harrituak. Zeren eztute enzunen, oihurik, nigarrik, marraskarik, deihadarrik, deithorarik, auhenik eta nigarrik baizen. Hango kantuak, leloak eta bozkarioak, izanen dira, ayak, hatsbeherapenak, inzirinak, nigar-xopinak eta arrenkurak: bethiere arnegatzen eta maradikatzen dutela bere buruez eta erori zaien zorthe gaixtoaz. Halaber, Odoratus, usna, sudurrak izanen dira penatuak, usain gaixto batez, khirats handiaz. Zeren bataz azken egunean, iautsiko baitira, gaixtoekin batean, munduko hatskeria guztiak ifernura: eta berriz bertzea, zeren nola zeruko lorian daudenek izanen baitute usain ona, hala ifernuan daudenek izanen dute gaixtoa: eta usain gaixto hartzaz, egonen dira bethiere sudurrak betheak eta khirastuak. Halaber, Gustus, gustua, ahoko zaporea izanen da penatua: bataz gosez eta egarriz, eta bertzea, zenbait ianhari urdinduz, eta edari zurminduz. Hemen hemengoek bezala, han ere hangoek besta eginen diote. Ordea diferentki. Hemengo gozotasuna eta ian edaneko plazera, hango mintasunaz eta bianda gaixtoez, ahantz arazitzen deraukatela. Halaber, Tactus, ukitzea, presuna guztia izanen da penatua. Zeren eztu nehork han surik, kharrik eta gauza likits nardagarririk baizen utkituko. 379 Finean nola orai hemen sensu guztiek eta gorputzeko parte guztiek hartzen baitute atsegin eta plazer: hala han halaber, hartuko dute guztiek damu eta atsekabe, pena eta dolore, min eta oiñhaze. Han izanen da dolore guztien eta gaitz guztien iunta, bilgura eta batzarrea. Han izanen du kondenatu on beharrak buruan min handia, hortz-haginetan oiñhaze bortitza, bihotzean dolore errabiatua, gorputzean kota, harri, ikhara, sukhar, finean ahal diratekeien eritasun guztiak. Hanbat gaitz eta dolore izanen du, non dolore hutsez, dolore bihurtuko, konbertituko eta eginen baita. Hemengo eritasunek eta oiñhazèk, eztute komunzki, behin ere gorputz guztia osoki hartzen. Batean begietan duzu min, eta ez orduan beharrietan: bertzean eskuetan, eta ez oiñetan. Eta hunelatan parte batean min izanagatik, eztuzu bertzean min, eztuzu oinhaze osoa eta ez guztietakoa. Eta alabaiña parte batetako oiñhazeak berak, hagin batetako minak, hain penatzen eta asaldatzen zaitu, non gau guztian lorik egin gabe edukitzen baitzaitu. Zer lizateke bada, baldin gorputz guztian, eta gorputzeko endrezera, aurkientza. iuntura eta parte guztietan, osoki, berdinzki, eta batetan oinhaze bazendu, eta oinhaze harekin erreka batetan, guztiek utzia, bazeneuntza? Orduan zinez zinateke on-behar, ondikozko eta urrikalkizun. Hala da bada, eta are urrikalkizunago, ifernuko penetan dagoena. Zeren hura da osoki guztia eta guztietan eri: hura da guztietan minez eta oinhazez gainez egina: eztu bazterrik, eztu huts-gunerik, guztia da bethea. Eta ongi da hala den. Zeren nola gorputz guztiaz, eta gorputzeko parte guztiez, osoki, bekhatu egin baitzuen, arrazoin da halaber, gorputz guztiaz eta gorputzeko parte guztiez osoki paga dezan, eta guztietan den alde guztiz penatua, gaztigatua eta oiñhazeztatua.

§ 2

380 Oiñhaze hek, dolorezko dolore hek, emaiten zaitza ifernuan dagoenari, diferentki, egin zituen bekhatuen diferentzien arauaz. Han urguillua, handi nahia, desohorezki oiñen azpian erabiliko, eta ostikatuko da. Han abariziosa, diruz betherik zegoena, nezesitate handian, munduko beharrik beharrena baiño beharreanago iarriko da. Han sabeldarraio, golosa, lamitia, ian edanera emana, gulara eroria, gosez eta egarriz ur xorta bat ere ezin erdietsiz, amitua ibiliko da, flakatua, eta iragana iarriko da. Han arnegaria, mihitik urkhatua dilindaka egonen da. Han emakhoia, haragiaren lohian lizundua, eta hidoiztatua ibili dena, Deabru izigarriek bere atzapar zorrotzez, ferekatuko, larrutuko, eta halakoari dagotzan bertze pena molde batzuez penatuko dute. Are gehiago, ifernuan, abariziosak abariziosekin: ohoiñak ohoiñekin; arnegariak arnegariekin, finean kideak kidékin, eta suertekoekin egonen dira bereziak eta parzelatuak. Hala emaiten du aditzera San Mateo Ebanjelistak: Colligite primum zizania et alligate ea in fasciculos ad comburendum (Mt. 13). Biltzatzue belhar gaixtoak eta biltzatzue multzuka, eta zamaka, erratzeko elkharrekin. Eta nahi baduzue iakin zer den hunela multzuka, eta zamaka bildurik erratzea, deklaratzen du San Gregoriok: Fasciculos ad comburendum ligare, est eos qui aeterno igni sunt traditi, pares cum paribus sociare, ut quos similis culpa inquinat par etiam poena constringat (Greg. lib. 2 Moral c. 47). Belhar gaixto zamak, multzuak, eskumenak edo eskutarak elkharrekin erratzeko biltzea, eta lotzea, ezta bertze gauzarik, ifernura behar dutenen, ohoiña ohoiñarekin, arnegaria arnegariarekin, kidea, kidearekin konpaiñiatzea, eta iuntatzea baitzen. Halatan bekhatu egitean, kulpan eta hobenean, berdin izan zirenak, penan, eta gaztiguan ere diren berdin, eta batean bezala bertzean ere, elkhar eduki dezaten. 381 Halakoez mintzo dela erraiten du Errege Davitek: Sicut oves in inferno positi sunt, mors depascet eos (Ps. 48). Ardi artaldeak bezala tropelaka, eta parzelaka ifernuan egonen dira, herioak bazkatukoitu, herioa izanen da heken bazka, eta bai hek ere herioaren. Kondenatuaren penatzea konparatzen da ardiaren belhar iatearekin. Hala dio San Gregoriok: Depascere dicitur. Quia sicut ovis depascens herbam, non eam radicitus evellit, sed ita pascit, ut manente radice iterum herba crescat, ut iterum depascatur: ita mors semper depascit miseros, quia semper illis relinquitur vita ut tormenta valeant sustinere. Nola ardiak ezpaitu behin ere belharra osoki akhabatzen, eta ez erroetarik atheratzen, baiña gaiñeko ostoa ian, eta utzten baitu bethiere barreneko erroa, eta zaiña, berriz ere ostoa eginik, berriz hartarik ian dezakeien bezala: hala herioak, penak, doloreak, minak, eta oinhazeak iaten dute kondenatuetarik, behin ere erroa athera gabe, bizia akhabatu gabe. Halatan bethi ere bizitzen direla, bethi ere penatzeko. Eta hala heken bizitzea ezta bizitze, eta ez heriotzea heriotze Ezta bizitze, zeren ezpaitu ontasunik, eta ez konsolamendurik. Ezta heriotze, zeren ezpaitu akhabatzerik. Arrazoinekin erraiten da halakoagatik: Bonum erat ei, si natus non fuisset homo ille (Mt. 26). On zukeien sorthu ezpaliz, edo sorthu, eta berehala hurtu, hondatu, eta ezdeus bihurtu baliz. Zeren San Tomasek dioen bezala: Melius est non esse, quam male esse (S. Thom. 39 q. 93 ar. 3 in corpore). Hobe da ez izaitea, gaizki izaitea baiño. Hunen arauaz erraiten du Iondonne Ioannes Ebanjelistak ere: In diebus illis desiderabunt homines mori et mors fugiet ab eis (Ap. 9). Egun hetan, orduan penetan daudenek, desiratuko dute bere egunen fina, eta akhabantza, hil nahiko dute: herioaren bilha ibiliko dira, baiña alferrik, eztute edirenen. Zeren herioak hetarik ihes eginen du, halatan bethiere bizitzen direla, bethiere penatzeko. Zeren penatzea hiltzea baita.

§ 5

382 Erran behar da handia dela ifernuan daudenek duten miseria, eta ondikoa, orai guk hemen gutien nahi dugun gauza, zein baita heriotzea, hek han hura gehienik bilhatzen, eta desiratzen dutenean. Eta ezta miretsteko, hek han hala desiratzea. Zeren bere baithan erreak, deseginak, ere alde guztiz deskonsolatuak baitaude. Kanpoan suak erratzeintu, eta barrenean harra alha zaie. Eta har hartzaz erraiten du Isaias Profetak: (Is. 66) Vermis eorum non morietur. Heken harra ezta ez hemengo har hauk bezala, haragiz egina, eta bizirik dabillana. Baiña hura da konzientziaren akhusamendua, autsikia alhadura, ximikoa, eranzutea: eta ifernuan daudenek bere baithan duten damua, urrikia, eta orhoitzea, nola izan zuten indar, antze, ahal, esku, eta bothere, pena hetarik guztietarik eskapatzeko: eta nola guztiarekin ere, bere faltaz etziren eskapatu, bere faltaz galdu ziren: eta utzi zuten eskuen artean izan zuten denbora, okhasinoa, eta aparaillua probetxatu gabe iragaitera, eta galtzera. Eta hunela orhoitze hunek akhusatzeintu, larrutzeintu, desegiteintu, erraiten duela bat bederak bere baithan: Ha ene galdua, ene zoro adimendu gabea, zertan pensatzen othe nuen nik, bizi nintzen denboran, neure burua neure eskuko nuenean? Anhitzetan erran zeitan, nori berea bihur niazola; etsaiarekin adiskide nendilla; iuramentu egiteko usantza utz nezala; behar etzen emazteari aparta nengiola; finean giristino bezala Iainkoaren manamendu sainduen arauaz, eta ereduz mantena nendilla, eta ezpere orai naizen egitekoan izanen nintzela. Baiña, nik hunela erraiten zeitanean, irri egiten nuen, eznuen sinhesten. 383 Bada orai paga dezadala: lekhu dolorezko hunetan, hunenbat dolorerekin, eta dolorezko lagunekin, mendez mende, sekulakotzat geldi nadilla. Zeren hala dut merezi. Eznuen erein, ezta arrazoin bil dezadan. Eznuen irabazi, ezta arrazoin goza dezadan. Eta neurk dut falta, eztu bertzek parterik: ezin demaiot bertzeri atxakiarik, neurk neure burua galdu dut. Hauk dira ifernuan daudenen solhasak: hauk dira heken arteko dolorezko perpausak. Orhoitzen dira, nola bere faltaz hain on-behar errendatu diren: eta orhoitze hunek bere baithan egosteintu, malenkoniatzeintu. Eta haur da gau eta egun, behin ere ase gabe, sosegatzera utzi gabe, alha zaien, eta alhako zaien harra: probetxu gabeko urrikia, denbora ioanez gerozko damua, dolua eta nigarra: Zein baita, ifernuan daudenek duten pena handietarik bat. Zeren zer ahal dateke pena penagarriagorik, eta bihotz erdiragarri erdiragarriagorik, bere buruaren sekula fingabekotzat, erremediorik gabe galdua, eta bere faltaz galdua ikhustea, eta orhoitzea baiño? Ha orhoitze tristea, penagarria, eta penatarik ilkitzeko esperantzagabea.

__________

NOLA IFERNUAN DAUDENEK EZTUTEN HANDIK ILKITZEKO ESPERANTZARIK KAP. LVIII

384 Handiak eta izigarriak dira ifernuko pena hek. Eta baldin oraiño, pena heken nehoiz akhabatzeko, arintzeko, laburtzeko edo gutitzeko esperantzarik baliz ere: badirudi balizatekeiela zenbait konsolamendu. Baiña hanbat pena, hain handiak, eta finik ez, eta ez finik izaiteko usterik ere, haur da gauza latza, haur da aitzin gibel beha arazitzeko, eta gogoeta eragiteko, pontu izigarria. Zeren esperantzarik eztuena, presenteko penak bezala, ethorkizunekoak ere penatzen du: hura ere ikhusten du: hura ere presentean bezala, eta bere gaiñean bezala daduka. Zeren baitaki harentzat dagoela, eta eztela akhabatuko. Orai hemen dolorez, eta oinhazez inguratua zaudenean ere, edireiten da zenbait bide hats hartzeko, eta konsolatzeko. Eri zarenean, ethortzen zaizkitzu adiskideak ikhustera, eta hek aphur bat gaitza arintzen deratzute. Midikua bisitatzera, hark ere esportzatzen zaitu. Eta guztien gaiñetik bethiere bizi zara, gaitza arinduko zaitzulako esperantzan, eta esperantza hark konsolamendu handia emaiten deratzu. Baiña ifernuko eritasunean, hango penetan, halako moldez daude esperantzaren atheak hertsiak, eta portuak hartuak, non hala dauden dolorezkoek eta han daudenek, ezpaitute nehondikan ere konsolamenduaren sartzeko argirik ikhusten. Clausa est ianua. Hertsi da halakoentzat miserikordiaren athea, urrikalmenduarena, garaziarena, finean ontasun guztiena. Aberats abariziosa, ifernutik, erratzen zegoen lekhutik, hasi zeikan oihuz, eta othoitzez Abrahani, erraiten jzioela: Aita Abrahan, badakusazu nola nagoen, su hunetan errea, eta idor elkhortua, euzu bada nitzaz miserikordia: eta egor iazadazu Lazaro, hark bere erhi puntaz, urean bustirik, mihian utki nazan, aphur bat heza nazan. Eske haur egiten deratzut, haur de ene othoitza. Zer eske eskasagorik, edo othoitz ttipiagorik egin ahal ziazaion? Etzeikan ausartu othoitztera egor ziazola pitxer bat ur, edo esku guztia urean sar zezala, eta ez are, erhi guztia ere. Baiña haren desinkunde guztia zen, erhi punta urean sar zezan, eta hartzaz mihia utki ziazon, plazer hura egin ziazon. Gauza aphurra zen, desirkunde ttipia zen. Baiña hura ere, ttipiago bazen ere, etzuen erdietsi, hainbertze plazer ere etzeikan egin. Iakin dezagun ezen hartaraz gero, den plazerik ttipienari, eta konsolamendurik aphurrenari ere, atheak hertsi zaitztela. 385 Itsas zabalean erortzen denak, badarabiltza zerbaiti lothu nahiz eskuak, hersteintu: baiña alferrik. Zeren eztu linburtzen, eta itzurtzen zaikan ur enganagarririk baizen edireiten. Hala gerthatzen zaie bada, ifernu zabal, hondar gabean, erortzen direnei ere. Eztute edireiten, non oiña fintka: eztute edireiten, zeri lot: eztute edireiten girthaiñik, esku-tokirik, sostengurik, eta ez konsolatzeko biderik, eta ez esperantzarik. Bada konsolamendu gabeko, fin gabeko, eta fin izaiteko esperantzarik gabeko pontu hunetan, nahi nuke iben bazinitza begiak, huni beha baziniazo, haur konsidera bazeneza: eta animalia suerte batzuek, gauaz hausnaur egiten duten bezala, zuk ere gauza hunetzaz, zenbait aldiz bedere, hausnaur, eta gogoeta egin bazeneza. Eta hunetakotzat, konsidera ezazu, eriak gau luzean iragaiten duen trabaillua, guztiz ere eritasuna zorrotza, eta bortitza denean: nola irautkaltzen den: nola orenak kontatzen dituen: zein luze iduritzen zaitzan, eta nola argia desiratzen duen. Bada baldin hemengo eriari, hemengo gaua, hain fite iragaiten dena, hain luze iduritzen bazaika: Zer idurituko zaika ifernuan dagoenari, hango gau luze eterno, fin gabeko hura? Ha gau luzea, gau beltz, ilhun, izigarria, art-urratze gabea, oillariterik izanen eztuena, sekulan argituko eztena, eta ez akhabatuko! Zer pena, zer dolore, eta ondiko izanen da, argituko ezten gau hartan, ez hemengo eriak bezala, ohe bero onean, baiña labe gori beroan, sugina gogorrean sekulakotzat, etzatea, eta egoitea? Arrazoinekin galdegiten du Isaias Profetak: Quis habitabit de vobis cum igne devorante? Quis habitabit de vobis cum ardoribus sempiternis? (Ia. 33). Halako lekhuan, hain su beroan, gar eternalean, nor egonen da? Nor biziko da? Nork iraunen du? Nork izanen du sorbaldarik sostengatzeko? indarrik iasaiteko? Eta pairurik, eta pazientziarik sofritzeko? Orai hemen, den penarik ttipiena, su ihar batek, kilikatzen zaitu, asaldatzen zaitu, zer izanen da bada, suz eta kharrez, kanpoan eta barrenean, ariman eta gorputzean hartua, inguratua, eta burdin goritua bezala, goritua, eta sutua zaudenean? eta sekulakotzat hala egon beharko duzunean? Othe dugu zentzurik? Othe dugu zentzurik? Othe dugu adimendurik? Ala elheak, ametsak, edo gezurrak, othe dira hauk? Edo gurekin mintzo othe dira? Guri othe dagozkigu, ala bertzeri? Fedeak erraiten deraku guri dagozkigula, gurekin mintzo direla, gureak, eta guretzat direla. Eta eztirela ez elheak, ez ametsak, eta ez gezurrak: baiña egiak, eta egiazki (baldin hobeki gobernatzen ezpagara) iragan beharko ditugunak direla. Edo hobeki minzatzera: behin ere iragan gabe, bethiere egoitzaz, gurekin egonen direnak direla. 386 Zeren oraiño, pena hek, bertze penén artean, izanen dute pena haur ere gehiago, egonen baitira bethiere estatu batetan, egoitza batetan, molde berean, bethi berde. Ezta ihartzerik, ezta ttipitzerik, ezta muthatzerik, eta ez aldatzerik. Mundu hunetako gauzak eztaude behin ere krozka batean, igaiten, eta iautsten dira: egiten, eta desegiten dira, maiz aldatzen dira. Baditu itsasoak bere gora beherak, bere mareak, eta muthantzak. Presunak, haziendak, etxeak, onak, eta eritasunak ere, eztaude behin ere batetan. Ezta sukharrik hain handirik, non pontu batetara iganez gero, ezpaita beheititzen, eta ttipitzen: eta ez oiñhazerik ere hain zorrotzik, eta bortitzik, gorenera denean, ematzen, eta eztitzen eztenik. Finean, munduko trabaillu guztiak, eta egitekoak, denborarekin batean, hautsten dira, iraungitzen dira, ezeztatzen dira: baiña ez ifernuko sua eta pena. Pena hura bera da, eta ez bertzerik bethi berde, estante batean dagoena, muthatzen eztena. Hango sukharra, eta berotasuna, ezta behin ere iabaltzen, eta ez beheititzen, bethi dago goren pontuan, eta leheneko kontuan. Zer ahal dateke bada tormenta handiagorik, eta nekhagarriagorik, bethiere lekhu batetan, eta molde berean higitu gabe, aldatu gabe, eta muthatu gabe, harritua bezala, penatan, geldi egoitea baiño? Munduko ianharirik preziatuena ere, bethiere hartarik, bertzetara aldatu gabe, ianen denean, gaitzesten da, higuintzen da. Ezin zatekeien gure artean ianhari hobeagorik, eta ez bianda gozoagorik, Iainkoak berak Israeleko semei zerutik eman zerauena baiño. Ordea zeren hartarik beretik, bertzetara aldatu gabe, bethiere iaten baitzuten, hain higuindu zeien, non iaterakoan gora-gale bat ethortzen baitzeien. Eta hala ohe on batean ere, behin ere higitu gabe, alde batera edo bertzera itzuli gabe, bethi geldi egoitea, eta etzatea ere zer pena lizate? Nork paira lezake? Bada baldin denbora luzeaz lekhu batean dagoena, ongi badago ere, penatzen eta nekhatzen bada, zer izanen da pena eternalean, su fin gabekoan dagoenaz?

§ 1

387 Nahi baduzu iakin zer den su fingabekoa, akhabatuko eztena, frogatzen duten ondikozkoek dakite, eta ez bertzek. Baldin galdegin baliazote orai Iudasi: Errazu, diszipulu gaixtoa, zeure nabusiaren saltzaillea, zenbat denbora du, barren horretan, ifernuko pena horietan zaudela? Ihardets lezake: Badu milla, eta seietan ehun urthe, eta gehiago. —Eta orduan lehenbizi pena horietara zinenean, zer zor zenduen? —Pena eternala, akhabatuko eztena. —Eta hemendik bertze milla, eta seietan ehun urtheren buruan, zer zor izanen duzu? —Orobat orduan ere, hastean bezala, pena eternala, akhabatuko eztena. Ezta aitzinatzen, eta ez gibelatzen, bethi dago egoitza batean. Krozka batean. Ezta behin ere ifernuko obligantzaren zensua eta interesa iraungitzen, eta ez pagatzen; bethi da zor prinzipala interesarekin. Eta nola ifernuan daudenek hanbat pena iragaiten baitute, eta pena hetzaz zerbait pagatzen dutela, edo pagatu behar luketela badirudi ere: eztute ordea pagatzen, bethiere dute orobat zor. Zeren nola borondate gaixtoan eta malizian ostinatuak, gogortuak, eta itsutuak baitaude, eta iragaiten duten pena ere, ez borondatez baiña bortxaz iragaiten baitute: eta pagatzeko, eta meritu erdiesteko denbora ere iragan baitzaie, ezteraue Iainkoak deus ere hartzen kontutan. Bethiere, lehen deus iragan ezpailliz bezala, hasten zaie bere pena. Ehun milla, milla urtheren buruan, hain urrun egonen dira pagatzetik nola lehenbiziko sarthu ziren egunean, eta orenean. Orai hemen pena aphur batez, bihotzezko urrikimendu batez, egiazko konfesione batekin erremedia ditzakezu zeure bekhatu guztiak. Zeren orai Iainkoaren miserikordiaren atheak idekiak baitaude: eta zuk ere orai zeure borondatea libre baituzu, eta libreki bertze aldera, gaixtotik onera itzul baitezakezu. Baiña ifernuraz gero, galdu du libertateak bere indarra: itsutu da adimendua, gogortu da borondatea, akhabatu dira arimako feriak, hertsi dira miserikordiaren atheak. 388 Aingiru gaixtoak bekhatutan erori zirenean, gelditu ziren malizian gogortuak, eta erremediorik gabe sekulakotzat galduak: hala gelditzen dira bada bekhatutan hiltzen direnak ere, hil ondoan sekulakotzat erremediotik kanpoan. Si ceciderit lignum ad Austrum, aut ad Aquilonem, in quocumque loco ceciderit ibi erit (Eccl. 11, 3). Zuhaitza norat ere erortzen baita, nahiz iguzki haizerat edo mendebalerat; eskuiñerat edo ezkerrerat, erortzen den lekhuan gelditzen da, ezta handik higitzen: ez eta, behin ifernura erortzen den bekhatorea ere, ezta gehiago iaikitzen, eta ez iaikitzeko esperantzarekin gelditzen. Baldin Aingiru batek erran baliaze Iainkoaren partez ifernuan daudenei: Ea, iende penatuak, indazue albiriste, berri on bat eman nahi deratzuet. Ha, iauna, errazu zer? Zeren beharrean gaude. Iakin behar duzue ezen lurretik hasi, eta zeruraiño, mundu guztiak eduki ahal dezakeien artho bihi kontu bezenbat urthez, pena horietan egon zaretenean, iltkiko zaretela hortik, orduan zuen penak akhabatuko direla. Edo erran balekie halaber, Iainkoaren partez: Iakizue ezen itsasoko ur guztia, eta munduko bertze ur guztiak xinhaurri batek, urthean behin, bere asea edanez, xutka, agor, hondar, eta akhaba ditzanean, akhabatuko direla zuen horko penak ere. Hunela erran balekie, alegera litezke, esportza litezke, ezlukete handik aitzina, leheneko penaren erdia. Zeren noizbaiteko esperantzarekin konsola bai litezke. Eta arrazoinekin konsola litezke. Zeren lurrak, ehun milla millaren ere, eduki ahal dezakeien artho bihi kontu baino, urthe gehiago egonen baitira, eta egon beharko baitute pena hetan. Eta xinhaurri batek ere, milla urthetarik milla urthetara behin edanez, lehen agor, xuka, eta akhaba baillitzake munduko ur guztiak, itsasoa bera barrenean dela, heken penak akhabatuko diren baiño. Zeren den gutienaz ere, bethi gutitzen dena, eta ez behin ere berretzen, noizbait akhabatuko da: baiña ez ifernuko pena, ezta sekulan akhabatuko. Zeren irautez, eta iraupez baita fin gabe, eta infinitu.

§ 2

389 Gogoetan iartzen naizenean, zer izanen den ifernuko pena hartzaz, noiz akhabatuko den; eta finik ezin ikhus, akhabatzerik ezin ediren, hondarrik ezin erdiets, gelditzen naiz benzutua, errendatua, non nagoen eztakidala. Zeren nola Iainkoak ezpaitu izanen finik, eta ez akhabatzerik: hala ifernuko penék ere eztute izanen finik, eta ez akhabatzerik. Zeren iraunen baitute Iainkoak dirauen bitartean. Ha mundu zoroa, giristino itsu, adimendu gabea: hemengo pena aphur batez, oren batetako minaz, eta oinhazeaz, hanbat kasu, eta kontu egiten duzuna, egizu halaber zerbait kontu, eta gogoeta fin gabeko mende hartzaz ere; orhoit zaitezi sekula, sekula gabeko, sekula hartzaz: esperantza gabeko, bethiere hartzaz: eta orhoiturik, utzkitzu luzamenduak, gerotik gerora ibiltzeak, pensu gaixtoak, eta maliziak. Ifernuan daudenek anhitz milla urthez, pena hetan egonez gero, ikhusirik bere pena iraganez eztutela bat ere probetxurik: konsidera ahal diteke, ezen bere gogoetan tristerik, eta ilhunik, minzatuko zaitzala Iainkoari, eta erranen diotela: Zer da haur, Iainko handia, non da zure miserikordia, urrikalmendua, eta pietatea? Nolatan duzu horrein bihotz gogorra eta alzairuzkoa? Noiz arteiño egonen gara hunein penatuki, lekhu penatu hunetan? Noiz asko etsiko duzu gure hunela edukitzea? Anhitz milla urthe, anhitz mende du, hemen gaudezilla. Zer izanen da bada gutzaz? Noiz iltkiko gara hemendik? Ihardetsiko zaie: Ha galduak, ontasunik merezi eztuzuenak, eta izanen ere eztuzuenak, erremediotik kanpoan zaretenak. Galdez zaudete zer izanen den zuetzaz: noiz iltkiko zareten hortik. Igurikazue oraiño aphur bat, goiz urgoitu zarete. Iakin behar duzue ezen, zuen penak, eta doloreak, oraiño orai hasten direla: eta hemendik bertze horreinbertze urtheren buruan ere, orobat, orduan hasiko direla. Gal ezazue gal, hortik ilkitzeko esperantza. Zeren sekula fin gabekotzat hor egon beharko duzue. 390 Errepuesta haur, hunein hotza, motza eta gogorra enzun dezatenean, nork pensatuko du, zer eginen eta erranen duten? Zer sentimendu erakutsiko duten? Hasiko dira oihuz, hasiko dira deihadarrez, nigarrez eta marraskaz: hasiko dira bere ondiko handiaren deithoratzen eta auhentzen: hasiko dira bere buruen maradikatzen, begitartén larrutzen eta atzaparkatzen. Eta geldituko dira alde guztiz dolutuak, etsituak, deskonsolatuak eta desesperatuak, nehondikan ere erremediorik, konsolamendurik eta esperantzarik eztuen bat, gelditzen den bezala. Eta zergatik haur hunela? Zergatik hunenbat gaitz eta pena? Eta zergatik fin gabe, akhabantzarik gabe, eta akhabantzaren izaiteko esperantzarik ere gabe? Zergatik? Bekhatu mortal batengatik. Zeren asko da bat. Bekhatu mortal hain erraxki, laburzki eta denbora gutitan egiten den batengatik. Hain gutitan, non baitirudi ezen bidegabe egiten dioela Iainkoak bekhatoreari, buru-itzultze batez egiten den bekhatuagatik, sekulako gaztiguaren emaiteaz. Baiña eztio bidegaberik egiten, hunen hurreneko kapituluan ageriko den bezala.

__________

EA ZERGATIK HAIN DENBORA APHURRREAN ETA LABURREAN EGITEN DEN BEKHATUARI, EMAITEN ZAIKAN HAIN GAZTIGU HANDIA, LUZEA ETA SEKULAKOA KAP. LIX

391 Egia da, badirudi bidegabe egiten zaikala bekhatoreari, hain denbora gutitan egiten den bekhatuagatik hanbat denboratako gaztiguaren emaiteaz. Baiña arrazoin guztiak ongi pensaturik eta konsideraturik, edirenen dugu, eztela hartan bidegaberik egiten. Aitzitik iustuki eta zuzentki, den bekhatu mortalik ttipienari ere, emaiten zaikala sekulako pena, eta pena infinitua. Ez infinitua intensive, bortitztasunez. Zeren halako pena ezin iasan dezake kreaturak. Baiña infinitua extensive, irautez eta iraupez, zein baita sekulan akhabatuko eztena. Eta emaitentu arrazoiñak San Tomasek bere hirurgarren partean. Eta emaiten du lehenbizikoa. Denbora gutiz eta laburzki egiten den bekhatuari, emaiten zaika sekulako gaztigua. Quia peccatum est, contra Deum summum bonum, quod est infinitum (S. Thom. 3 part. q. 99 art. 1). Zeren bekhatua baita Iainkoaren kontra, zein baita infinitu. Beraz gaztigua ere eman behar zaika infinitua eta akhabatuko eztena. Baldin lurreko Errege bati behar-ondoko bat emaiten dioenak gaztigu handiagoa merezi badu, edozein bertzeri emaiten dioenak baiño; zinez mereziko du gaztigu handia, Iainkoari berari, mundu guztiko Erregeari, emaiten dioenak. Nola bekhatoreak, bere aldetik denaz bezanbatean, emaiten baitio, bekhatu mortal bat egiten duenean. Eta hunetakotzat, hemen ere munduko legén arauaz ere, emaiten ohi zaika, anhitzetan ere, denbora gutiz egiten den faltari, ohoinkeriari, heriotzeari, edo bertze gaixtakeria bati, gaztigu handia eta luzea; desterrua, galerak eta batzutan heriotze penatua ere. 392 Oraiño, egia hunen frogatzeko, beha diazogun ongi, gizonaren bekhatuagatik egin zen pagamenduari eta satisfazioneari, eta edirenen dugu, arrazoiñekin emaiten zaikala, denbora gutiz egiten den bekhatuari sekulako gaztigua. Zeren bekhatuaren bere bidean eta osoki Ad aequalitatem iustitiae, berdinzki iustiziaren arauaz pagatzeko, behar izatu zen presuna infinituak, Iainko eta gizon zenak paga zezan, eta hartarakotzat, heriotze errezibitu zuen. Halatan zorra bezala, pagamendua ere izaiteko infinitu. Eta hala, orai pagamendu hartzaz, Iainkoaren pasione sainduaz probetxatzen denak, erremediatzen eta pagatzeintu bere bekhatuak. Zeren baldin bekhatuak merezi badu gaztigu infinitua, halaber egiten duen pagamendua ere, zein baita pasione sainduaren meritua eta balioa, infinitu baita. Baina Iainkoaren pagamendu hartzaz, haren pasione sainduaz eta infinituaz probetxatzen eztenak, eta probetxatu gabe hemendik ilkitzen denak, nola zor infinituarekin ilkitzen baita, iustuki eta arrazoinekin pairatzen du eta pairatuko du pena infinitua, finik eta akhabatzerik izanen eztuena.

§ 1

393 Denbora gutiz egiten den bekhatuari, emaiten zaika gaztigu luzea eta sekulakoa. Zeren bekhatuaren gaztigatzeko, ezta ez hain konsideratzen, bekhatuaren egitean iragaiten den denbora eta bitartea, nola konsideratzen baita, eta kontutan hartzen, bekhatoreak bekhatu egiteko izan zuen gogoa, borondatea eta deliberamendua. Zeren bekhatua berekin duela, eta bekhatu egiteko gogoarekin dagoela hiltzen denak, gehiago bizi izan baliz, bekhatu gehiago eginen zuen. Nahi zukeien gehiago bizi, bekhatu gehiago egiteko. Akhabatzen zaika bizia, ez ordea bekhatu egiteko gogoa eta nahia. Halakoari eta halakoei gerthatzen zaie, gauaz kandela argitan, iokan hari direnei gertatzen zaiena. Gelditzen dira iokotik, zeren akhabatzen baitzaie kandela. Iraun balu kandelak, bazirauen iokatzeko gogoak. Hala dira bada bekhatutan hiltzen direnak ere. Iraun arazi albaleraukate gehiago biziari, bekhatu gehiago eginen zuten. Voluissent sine fine vivere, ut sine fine possent in peccatis permanere (Greg. 4 Dialog.) (Dio San Gregoriok). Nahi zuketen fingabe bizi, fingabe bekhatutan egoiteko: eta halatan fingabeko gaztigua ere emaiten zaie. Zeren oraino San Gregoriok berak dioen bezala: Ad magnam iustitiam iudicantis pertinet, ut numquam careant supplicio, qui numquam voluerunt carere peccato. Arrazoin da, iustiziaren arauaz da, eztitezin behin ere, penarik eta gaztigurik gabe egon, behin ere bekhaturik gabe egotu nahi etzirenak. Eta hala arrazoin hunengatik, denbora gutiz eta laburrez egiten den bekhatuari emaiten zaika sekulako pena eta gaztigua. Zeren bekhatuaren egitean iragiaten den denbora, labur bada ere, ordea bekhatu egiteko borondatea baita luze eta bizi direino. Eta batzutan halakoek erraiten badute ere hitzez, nahi luketela bere bekhatuetarik iltki, eztutela aitzinerat hetan egoiteko gogorik: ordea obraz kontrara erakusten dute. Zeren hetan daudela akhabatzen dira, eta halatan akhabatuko ezten gaztigua ere iustuki emaiten zaie.

§ 2

394 Denbora gutiz egiten den bekhatuari, emaiten zaika sekulako gaztigua. Zeren San Tomasek dioen bezala: Culpa manet in aeternum, cum culpa non possit remitti sine gratia, quam homo non potest, post mortem acquirere: nec debet poena cessare, quamdiu culpa manet (S. Thom. ubi supra). Bekhatua eta bekhatuaren kulpa, hobena eta notha gelditzen da sekulakotz. Zeren ezin barkha diteke eta ez garbi bekhatua, Iainkoaren garazia gabe, eta penitenzia egin gabe: eta hillez gero ezta garazia erdiesterik eta ez penitentzia egiterik. Beraz bekhatuaren penak eta gaztiguak ere iraun behar du sekulakotz. Zeren ezta arrazoin, dagoen bekhatua, eta dagoen gaztigu gabe. Merkatalgoa, sal-erosia fite da egin. Ordea handik harat, salduz gero, gelditzen da sekulakotz, saldua, saldu: eta bai erosia ere sekulakotz erosia, erosi. Buruan ere kolpe bat emaiten deratzutenean, kolpea fite da egin: ordea sendatzea nekez eta luzaro. Eta gero ere, sendatuz gero ere, gelditzen da komunzki seinalea, gelditzen da marka. Hala bada bekhatuaren sal-erosia eta kolpea ere fite da egin. Ordea gelditzen den seinalea, marka, notha, kulpa, zorra eta obligazinoa, sekulakotz gelditzen da. Transit actus et remanet reatus. Iragaiten da kolpea, eta gelditzen da ondoko ondorea. Beraz arrazoinekin, gelditzen den ondoko ondoreagatik, laburzki egiten den bekhatuari, emaiten zaika gaztigu luzea eta sekulakoa. Eta hala emaiten zaika halaber laburzki egiten den obra onari ere, sekulako loria eta pagamendua.

__________

ZERGATIK IAINKO MISERIKORDIOSAK, DENBORAREN BURUAN BEDERE, EZTERAUEN IFERNUAN DAUDENEI BARKHATZEN? KAP. LX

395 Gogoak emaiten deraut, benturaz erranen duela zenbaitek: Ez lizateke hobe, Iainko miserikordiosak, hain miserikordios denaz geroz, usa lezan bere miserikordiaz, osoki eta konplituki; eta azkenean barkha liazen guztiei, guztiz ere, plazer duen bezanbat denboraz ifernuan edukiz gero, eta han bere faltak ezagut arazirik, penitenzia eraginez gero? Eta izatu da zenbait bere nahiarekin batean, hala erran duenik. Eta gaixtoek hala nahi lukete. Ordea ezta hala izanen, eta ezta arrazoin ere hala den. Zeren bataz, baldin ezpaliz sekulako ifernuren beldurtasunik, eztakit lizatekeienz bat ere munduan onik eta presturik. Dakigularik badela ifernu bat, guztiarekin ere gara, garen bezalako, zer lizateke bada, baldin baginiaki eztela halakorik, izaitekotz ere, zenbait denboratako izanen dela eta ez sekulako? Purgatorioetakoaz konsolatzen gara, handik noizbait iltkiko garelako esperantzarekin, hala konsola gindezke bada ifernukoaz ere. Eta berriz bertzea, ezta arrazoin dagoen Iudas nehoiz ere zeruko lorian, Iondone Pauloren eta bertze Apostoluen konpaiñian. Ezta arrazoin diren gaixtoak, hain ongi zortheatuak, nola onak. Ezta arrazoin Iainkoaren kontra ibili direnak, eta haren zerbitzuan enplegatu direnak, hemen baino gehiago, bertze munduan ere, diren berdin. Hura ezlizateke miserikordia, baina lizateke iustizia falta; eta Iainkoa baithan ezin dateke halako faltarik. 396 Eta ezterauka ez Iainkoak bidegaberik egiten, ifernuan dagoen kondenatuari, ez nehoiz barkhatzeaz; hargatik, ez barkhatuagatik, miserikordios da Iainkoa. Zeren San Tomasek dioen bezala: Deus quantum in ipso est miseretur omnibus. Sed quia misericordia sapientiae ordine regulatur, inde est, quod ad quosdam non se extendit, qui se misericordia fecerunt indignos, sicut Daemones et damnati qui sunt in malitia obstinati (S. Thom. 3 p. q. 99 art. 2. ad 1). Iainkoak bere aldetik denaz bezanbatean guztiei barkhatzen deraue, guztiez edukitzen du miserikordia. Ordea behar den moldean, iustiziaren arauaz, eta nehor hartako gai eta merezient denean, eta ez bertzela. Eta nola Deabruak eta presuna kondenatuak ezpaitira miserikordia erdiesteko gai eta ez merezient: zeren malizian eta borondate gaixtoan ostinatuak eta gogortuak baitaude: halatan ezta Iainkoaren miserikordia hetara heltzen. Eta heken berén faltaz ezta hetara heltzen. Perditio tua ex te Israël (Os. 13). Baldin ifernuan daudenek balute bere bekhatuez, behar den urrikimendurik, balegite penitenziarik: itzul balezate bere borondatea bertze aldera, gaixtotik onera, usa lezake bai Iainkoak heken alderakotzat bere miserikordiaz, eta barkha liatzaie bere bekhatu guztiak, orai guri penitenzia egiten dugunean, barkhatzen derauzkigun bezala. Orai gu bideazkoak gara, badaidikegu penitentzia. Baina ifernuan daudenek eztute halako eskurik eta ez bothererik, ezin daidikete hek penitenziarik: iragan zaie hei bere denbora, akhabatu dira heken feriak. Hek han bere bekhatuez damu eta urriki badute ere; eztute ez damu eta urriki hura, behar bezalakoa; eztute Iainkoagatik, eta ez Iainkoari zor dioten amorioagatik, baiña dute iragaiten dituzten penakgatik. Abre batek ere min hartzen duenean, egiten du sentimendu: hala bada ifernuan daudenek ere minagatik, iragaiten dituzten penakgatik, dute sentimendu, damu eta urriki. Baina bertze gainerakoan, itsutuak, ostinatuak, eta bere faltarik behar bezala ezagutzen eztutela, eta ezin konberti ditezkeien bezala, malizian eta borondate gaixtoan gogortuak, harrituak eta finkatuak daude. Eta hala mundu hunetako aldia eginez gero, ezta erremediorik. In inferno nulla est redemptio. Ifernuan ezta reskatik, ezta libramendurik. Eta halatan hanbatetan abisatzen gaitu geure Iaungoikoak, eta bai mehatxatzen ere, begira dugula, orai bizi gareino, geure bekhatuak erremedia ditzagula, zeren hillez gero, eztela erremediatzeko lekhurik izanen.

§ 1

397 Baiña oraiño ezin etsituz, eta hala baliz nahiz, erranen du agian zenbaitek: Egia da, Iainkoak hala abisatzen gaitu, eta bai mehatxatzen ere. Ordea benturaz mehatxu hek, eztira mehatxu baizen izanen, hitzetan iraganen dira. Zeren hala Ionas Profetaren denboran ere, mehatxatu zuen Iainkoak Ninibeko hiria, eta erran hondatuko zuela berrogoi egunen buruan: ordea etzuen hondatu: etzuen mehatxuaren arauaz obratu, kheinatzea egin zuen, baina ez kolperik eman. Beraz hala izanen da, ifernuko penétara sekulakotzat egotzteko egiten dituen mehatxuetan ere. Egia da, hala izanen da, baldin Ninibeko hiri hark orduan bezala, guk ere orai penitenzia egiten badugu (Vide S. Th. 3 p. q. 99, art. 3, ad 3). Gure Iaungoikoak mehatxatu zuen Noeren denboran mundu guztia, eta erran hondatuko zuela uholde handi batez. Eta hala hondatu zuen, bere mehatxua bere mugan konplitu zuen. Etzerauen Ninibekoei bezala barkhatu, zeren ezpaitzuten Nibekoek bezala, penitenziarik egin. Egiten denean penitenzia, eztira Iainkoaren mehatxuak, mehatxu baizen. Hala emaiten du aditzera Ieremias Profetak Iainkoaren partez: Si poenitentiam egerit gens illa a malo suo agam et ego poenitentiam super malo, quod cogitavi ut facerem ei (Ier. 18). Baldin nik mehatxatu nuen iendeak, egiten badu penitenzia bere bekhatuaz, eginen dut nik ere egin gogo nioen gaztiguaz. Erran nahi du, baldin iende hura, edo nor nahi den bertzerik ere, gelditzen eta gibelatzen bada bekhatu egitetik, geldituko eta gibelatuko naiz ni ere, mehatxatu bezala, gaztigatzetik. Eta nola ifernuan daudenek ez paitzuten egin hemen penitenziarik, eta han bertze munduan ezin baitaidikete, halatan konplitzen dira orai han, hemen egin zeizten mehatxuak. 398 Mehatxatzeko pontu hunen gaiñean, ederki erraiten du San Krisostomok: Vis id esse minas? Ipse Dominus es facti: melior efficere et ad minas tantum progredietur, si vero quod absit, minas contempseris, venies ad experientiam. Qui diluvii tempore fuerunt, si minas timuissent, periculum non sustinuissent, et si nos minas timuerimus, periculum non subibimus (Chrys. Hom. 50 ad popul. Anthioch. Tom. 5). Zuk nahi zenduke Iainkoaren mehatxuak ezliren mehatxu baizen, bada hori zure eskuan dago, dio San Krisostomok. On zaitezi, hobe zaitezi, eta eztira mehatxu baizen izanen. Baina baldin hobetzen ezpazara, baldin mehatxuez konturik egiten ezpaduzu: ethorriko zara zeure ordu gaitza, forogura, penaren esperientziaz frogatzera, eta kaltearen pairatzera. Noeren denborako iende hek probetxatu balira egin zeitzen mehatxuez, Ninibekoak probetxatu ziren bezala, etziren galduko, etzeien gerthatu zeiena gerthatuko. Ez eta guri ere etzaiku kalterik ethorriko, baldin mehatxuek iziturik, orai penitenzia egiten badugu, orai onera konbertitzen bagara. Eta hala baldin orai gerok nor bagara, eztira guretzat Iainkoaren mehatxuak, mehatxu baizen izanen. Ezta guretzat ifernurik gerthaturen. Baina bertzela, baldin bekhatutan gaudela, begia hersten bazaiku, egin da, arima galdu da, ezta gero gehiago onera konbertitzerik eta ez penitenzia egiterik. 399 Haur da egia garbia, eta elizak errezibitua. Gainerako guztia, Iainkoak bertze munduan, denboraren buruan, bere miserikordiaz, gaixtoen alderakotzat usatuko duela erraitea, gogoratzea eta uste izaitea, da erhokeria, enganamendua eta iende galduen desirkundea, kontua eta pensua. Beraz hunelatan, Dum tempus habemus, operemur bonum (Gal. 6). Denbora duguiño, dagigun ongi. Eta badio Isaias Profetak ere: Quaerite Dominum dum inveniri potest (Is. 55). Bilha ezazue iauna ediren ahal ditekeien denboran. Bada orai ediren ahal diteke, eta ez gero. Hala erraiten du Iainkoak berak: Quaeretis me et non invenietis (Io. 7). Bilhatuko nauzue eta eznauzue edirenen. Gauza galdua galdu den lekhuan bilhatu behar da, eta bai ediren ere. Beraz Iainkoa erte galtzen den lekhuan, hemen bilhatu behar da, eta ez bertze munduan. Zeren hemen galtzen baita, eta ez han. Erran komuna da, eta ongi errana da (lehen ere erran dugun bezala) eztiazaiola nehork ere nehori, hanbat kalte eta bidegabe egin, nola berak bere buruari. Mundu herri guztiak ere, baldin zerorrek, biderik emaiten ezpadiozu, ezin egotz zaitzake ifernura. Baiña zerorrek, bat baizen etzarelarik, zerorrek egotzten duzu zeure burua. 400 Etzarela bada zerori zeuretzat horrein etsai handia, urrikal bekizu zeure burua. Non tardes converti ad Dominum et ne differas de die in diem. Eztezazula berant, eztezazula luzat: bihur zaitezi lehen baiño lehen zeure Iainkoagana: etzabiltzala gerotik gerora, egunetik biharrera. Eta ez hala ibiltzeko, konsidera itzatzu ifernuko pena handi izigarri hek. Eta guztien gaiñetik sekula fingabe hura, behin ere ez akhabatze hura: eta akhabatzeko esperantzarik gabe, etsitua eta desesperatua egoite hura. Hartan pensa ezazu hartzaz egizu pensamendu, hasnaur eta gogoeta. Eta gogoeta harekin lohatkar zaitezi arratsean, eta bai iratzar ere goizean. Eta hala egiten duzula, eta hunen aitzineko kapituluetan eman zaizkitzun arrazoinak ere konsideratzen ditutzula, esperantza dut Iainkoa baithan, ongi edirenen zarela; egun beretik bide onean iarriko, edo iartzera enseiatuko zarela. Eta halatan mundu hunetako itsaso hunen tormenta guztiak iraganik, azken finean salbamenduko portura, salborik helduko zarela.

__________

IAINKOAK HALA NAHI DUELA LIBURU HUNETAKO Kapituluen kontua

Kap. I. — Nola bertzeak bertze direla, alferkeriatik ihes egiteagatik ere behar den trabaillatu. Kap. II. — Zenbat kalte egiten duen alferkeriak; eta nola handik sortzen den, gerotik gerora ibiltzea. Kap. III. — Nola nahikunde hutsetan, eta desirkunde xoilletan, iragaiten zaikun denbora. Kap. IV. — Nola eztugun geroko segurantzarik. Kap. V. — Nola geroko benturaren benturan benturaturik galtzen garen. Kap. VI. — Nola den geroago gaitzago bekhatutik ilkitzea. Kap. VII. — Nola gerotik gerora ibiltzeaz koberatzen den usantza gaixtoa. Kap. VIII. — Nola usantza gaixtoak gogortzen eta ezansiatzen duen bekhatorea. Kap. IX. — Nola gerotik gerora gabiltzala betha ditekeien bekhatuen neurria, eta osa kontua. Kap. X. — Anhitz balio duela Iainkoaren miserikordiak, eta nola behar den hartan fidatu. Kap. XI. — Iainkoaren miserikordian fidaturik eztela penitenzia egitea geroko utzi behar. Kap. XII. — Nola gerotik gerora ibiltzeaz galtzen dugun denbora. Kap. XIII. — Gaztetik zahartzera penitenzia luzatzen duenaz. Kap. XIV. — Zahartzean ere penitenziarik egiten eztuenaz. Kap. XV. — Heriotzeko oreneraiño bekhatutan egon gogo duenaz. Kap. XVI. — Erremusina egiteaz eta handik sortzen den probetxuaz. Kap. XVII. — Nola erremusinak, eta bertze obra on, borondatezkoak ere, zerorrek zeure eskuz edo bertzerenez, zerori bizi zarela, ondokoetara utzi gabe egin behar ditutzun. Kap. XVIII. — Nola obra obligazinozkoak, konzientziaz zor ditutzunak, ondokoetara utzi gabe, zerorrek egin behar ditutzun. Kap. XIX. — Zenbat kalte egiten duen iuramentuak eta iuramentu egiteko usantzak, eta nola behar den lehen baiño lehen usantza hura utzi. Kap. XX. — Zenbat kalte egiten duten kolerak eta etsaigoak, eta nola behar den lehen baiño lehen etsaigoatik kanpora. Kap. XXI. — Koleraren iraungitzeko lehenbiziko erremedioa da bat bederak bere kondizino haserrekorra ezaguturik, hari begiaren edukitzea. Kap. XXII. — Koleraren iraungitzeko bigarren erremedioa: dirakien eltzeari egiten zaikana, kolerari ere egitea. Kap. XXIII. — Koleraren iraungitzeko hirurgarren erremedioa: ez orduan lehiatzea, kolera iragan arteiño pausatzea. Kap. XXIV. — Koleraren iraungitzeko laurgarren erremedioa da, konsideratzea etsaiek egiten derauzkiguten bidegabeak Iainkoaren gaztiguak direla. Kap. XXV. — Koleraren iraungitzeko borzgarren erremedioa da konsideratzea zer moldez dagoen zure etsaia, haserre denean. Kap. XXVI. — Koleraren iraungitzeko seigarren erremedioa: ez bilhatzea zer dioten gutzaz iendek. Kap. XXVII. — Koleraren iraungitzeko gaiñerako bertze erremedioak kapitulu hunetan laburzki ezarriak. Kap. XXVIII. — Zergatik behar diogun geure etsaiari barkhatu eta amorio eduki; lehenbiziko arrazoiña: zeren Iainkoak manatzen baitu. Kap. XXIX. — Bigarren arrazoiña, zergatik behar diogun geure etsaiari barkhatu, da zeren mendekatzea beretzat begiratzen baitu Iainkoak. Kap. XXX. — Hirurgarren arrazoiña, eta oraikotz azkena: barkhatu behar diogula geure etsaiari, Iainkoak guri barkha diazagun amoreakgatik. Kap. XXXI. — Zenbat kalte egiten duen haragiaren bekhatuak; lehenbizikorik itsutzen duela adimendua, eta nola behar den hartan sartzetik begiratu, eta sarthuz gero ere, lehen baiño lehen ilkitzera enseiatu. Kap. XXXII. — Haragiaren amorio desordenatuak egiten duen bigarren eta hirurgarren kalteaz: eztuela den ahaikoarik hurkoenaz ere konturik egiten eta ez hartako iuramenturik konplitzen. Kap. XXXIII. — Haragiaren amorio desordenatuak egiten duen laurgarren kalteaz: amoltsu eta bakezko zirenak, egiten baititu kruel eta gerlati. Kap. XXXIV. — Haragiaren amorio desordenatuak egiten duen borzgarren kalteaz: sosegurik eta pausurik gabe ibentea. Kap. XXXV. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko eta handik heldu diren kalten erremediatzeko, lehenbiziko erremedioa: orazinoa. Kap. XXXVI. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko, bigarren erremedioa: hartako gogoetei lekhurik ez emaitea. Kap. XXXVII. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko, hirurgarren erremedioa: borondatearen deliberamendua. Kap. XXXVIII. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko laurgarren erremedioa: ez alfer egoitea. Kap. XXXIX. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko borzgarren erremedioa: konsideratzea zein ttipia eta laburra den hartako plazera. Kap. XL. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko seigarren erremedioa: hartako plazerak zein ondore gaixtoak bere ondotik utzten duen konsideratzea. Kap. XLI. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko, zazpigarren erremedioa: borz zensuez, eta lehenbizikorik begiez, kontu edukitzea. Kap. XLII. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko zortzigarren erremedioa: mihiaz kontu edukitzea. Kap. XLIII. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko bederatzigarren erremedioa: sabelari ez sobera emaitea. Kap. XLIV. — Haragiaren bekhatutik begiratzeko lehenen gaiñerako erremedioak. Kap. XLV. — Nola gerotik gerora gabiltzan bitartean, alha zaikun konzientzia gaixtoa. Kap. XLVI. — Nola gerotik gerora gabiltzan bitartean galtzen dugun konzientzia onaren bakea eta sosegua. Kap. XLVII. — Nola oraidanik behar dugun, geroko begira egon gabe, ontasunean irautera eta perseberatzera enseiatu. Kap. XLVIII. — Nola ikhusirik ifernuko bidea den gaitzago parabisukoa baiño behar den gerotik gerora ibiltzea utzi. Kap. XLIX. — Nola parabisuko bidea den erraz. Kap. L. — Nola parabisuko bidea den errazago ifernukoa baiño. Kap. LI. — Nola ezten kofesatzea gerotik gerora luzatu behar. Kap. LII— Maiz kofesatzeaz, eta handik heldu den probetxuaz. Kap. LIII. — Nola gerotik gerora luzamendutan dabillanak egiten dioen bidegabe Iainkoari. Kap. LIV. — Nola luzamendutan gerotik gerora dabillanak, egiten derauen bidegabe aingiruei. Kap. LV. — Nola gerotik gerora luzamendutan dabillanak egiten derauen bidegabe, bere buruari, bere giristino lagunari, eta bai munduko bertze gauza guztiei ere. Kap. LVI. — Nola ifernuko penen konsideratzeak, behar dituen, gerotik gerora ibiltzeko luzamenduak laburtu. Kap. LVII. — Bekhatoreak ifernuan izanen duen bigarren,,penaz eta gaztiguaz, zein deitzen baita «poena sensus»: sensuaren pena. Kap. LVIII. — Nola ifernuan daudenek eztuten handik ilkitzeko esperantzarik. Kap. LIX. — Ea zergatik hain denbora aphurrean eta laburrean egiten den bekhatuari, emaiten zaikan hain gaztigu handia, luzea eta sekulakoa. Kap. LX. — Zergatik Iainko miserikordiosak denboraren buruan bedere ezterauen ifernuan daudenei barkhatzen? FINIS

__________

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)