XII. Atala. Filosofia akademiko edo eszeptikoaz
I PARTEA
[aldatu]116. Ez da hainbeste arrazonamendu filosofikorik ezein gairi buruz Jainko baten existentzia frogatzera doazenak baino eta Ateoen argumentu faltsuak errefutatzera, eta hala ere eztabaidan dute oraindino filosofo erlijiosoenek, nola egon daitekeen inor hain itsu ateo espekulatibo izateko. Nola konpondu kontraesan hauek? Mundua herensuge eta erraldoietatik askatzeko hara eta hona zebiltzan zaldun ibiltariek ez zuten izan inoiz zalantza txikienik ere munstro hauen existentziari buruz.
Eszeptikoa erlijioaren beste etsai bat dugu, filosofo jainkotiar eta itzelen haserrea erraz-erraz pizten duena, nahiz eta egia esan inortxok ere ez zuen toporik egingo sekula hain kreatura absurdu batekin, edota solasaldirik izango ezeri buruz ere, ez egintzari ez espekulazioari buruz, iritzirik edo printzipiorik ez daukan gizakume batekin. Oso arrazoizko galdera batera garamatza honek: Zer esan nahi du eszeptiko izateak? Eta noraino eraman daitezke zalantza eta ziurgabetasunezko printzipio filosofiko horiek?
Bada edozein ikasketaren eta filosofiaren aldez aurreko eszeptizismo-mota bat, Descartesek eta beste batzuek oso gomendatua errorearen eta judizio presatiaren aurkako babesgarri ezin bikainago moduan. Zalantza unibertsal bat gomendatzen du, ez bakarrik aurretik ditugun gure iritzi eta printzipioez, baizik gure ahalmenez euretaz ere, zeintzuon egiatasunaz, diote, geure kabuz ziurtatu beharko genukeen, gezurrezko edo maulazko izan ez daitezkeen jatorrizko printzipio zenbaitetik deduzituriko arrazoiketa-kate baten bidez. Baina ez da, izan ere, besteen gainetiko eskubiderik izan dezakeen halako printzipio jatorrik berez ebidente eta konbentzigarri gertatzen denik, edo baldin balitz ere, eman ahal izango ote genuke hartatik pausurik aurrera, jadanik gure aldetik mesfidantza merezi duten ahalmen horien berorien bitartez izan ezean? Zalantza kartesiarra, beraz, gizakiren batek lortzea baleuka ere (argi eta garbi ez daukana), sendaezina litzateke erabat eta ezein arrazoiketak ere ezingo gintuzke eraman sekula arazo bati berari buruzko segurantza eta uste osoko egoera batera.
Aitortu beharra dago, hala ere, eszeptizismo-mota hau, moderatuxeagoa denean, oso zentzu arrazoizkoan uler daitekeela eta filosofiaren ikasketarako gertakuntza egokia dela, beharrezko inpartzialtasuna zainduz gure judizioetan eta hezkuntza edo iritzi gaiztoa dela medio barneratu ahal izan ditugun aurriritzi guzti haietatik askatuz gure burua. Argiak eta berez ebidenteak diren printzipioetatik hastea, pauso arretatsu eta seguruz aurrera egitea, gure konklusioak maiz berrikustea eta hauen ondorioak zehazki aztertzea: aurrerapen mantsoak eta motzak egingo ditugu gure sistemetan era honetara, baina metodo horiexen bidez bakarrik espero dezakegu noiz edo noiz egiara iristea eta benetako egonkortasun eta ziurtasun bat lortzea gure determinazioetan.
117. Bada beste eszeptizismo mota bat, zientziaren eta ikerketaren ondorengoa, gizakumeek beren adimenen erabateko engainagarritasuna idoro omen dutenekoa, edota determinazio finkoren bat lortzeko ezintasuna, saiatu ohi diren espekulazio-alorreko gai bitxi guzti haietan. Bada filosofo-klase bat geure zentzuak eurak ere ezbaian jarri dituena, eta bizitza arrunteko printzipioak ere zalantza horren mende dautza, metafisika eta teologiazko printzipio edo konklusio sakonenak dauden bezalaxe. Doktrina paradoxiko hauek -doktrinak deitu ahal bazaie-filosofo batzuengan aurki daitezkeelarik eta beste zenbaitengan errefusapena, gure jakingura pizten dute, normala denez, eta oinarritzat dituzten argumentuak ikertzera bultzatzen.
Ez dut ihardun beharrik eszeptikoek garaiz-garai zentzu ebidentziaren aurka erabilitako ohizko topikoez, gure organoen sarriaskotako inperfekzioan eta engainagarritasunean oinarritutakoak adibidez, arraun baten irudi hautsia uretan, objektuen itxura anitza distantzia ezberdinen arabera, begi bat hertsiz ateratzen diren irudi bikoitzak, eta mota honetako beste antzirudi asko. Eszeptikoen topiko hauek egiatan frogatzen duten gauza bakarra zera da, zentzu soilak bere hartan ez ditugula nahikoa haien esanera jar gaitezen, baizik zuzendu egin behar dugula beraien ebidentzia arrazoiaren bidez eta inguruaren izaeratik, objektuarekiko distantziatik eta organoaren ezarreratik datozkeen gogoeten bidez, egiaren eta faltsutasunaren benetako kriterioak itzultzeko haiei, euren esfera-barnean. Badira zentzuen kontrako beste argumentu sakonagorik ere, hain soluzio errazik ametitzen ez dutenak.
118. Bistakoa dirudi berezko instintu edo aurretiko jarreraren batek eramaten dituela gizakumeak beren zentzuez fido izatera, eta batere arrazoirik gabe, eta ia ezaguerara heldu aurretik ere, ematen dugula suposatutzat beti kanpoko unibertso bat, gure hautematearen mende ez dagoena, baizik hortxe existituko litzatekeena gu geu eta beste ezein kreatura sentigarri ez egon arren edo suntsituak izan arren. Uste honen arabera gidatzen dira animaliak ere, beren burutapen, asmo eta egintza guztietan mantentzen dutelarik kanpoko objektuekiko sinespide hau.
Bistakoa dirudi baita ere, berezko instintu hain itsu eta indartsu horri jarraitzean, gizakiek beti ematen dutela suposatutzat beren zentzuen bidez azaltzen zaizkien irudi horiexek direla kanpoko objektuak, batzuok besteen irudikapen besterik ez diren susmorik ere izan gabe sekula. Guk zuri ikusten dugun eta gogor sentitzen dugun mahai hauxe sinesten dugu existitzen dela gure hautematetik at, eta hura hautematen duen gure gogoarekiko kanpoko zerbait dela. Gure presentziak ez dio ematen izaterik; gure ausentziak ez du ezereztatzen. Bere existentzia uniforme eta osoz irauten du, hauteman edo bahatzen duten izaki adimendunen egoeratik landa.
Baina gizaki ororen iritzi unibertsal eta primario hori laster du suntsitua filosofia ahulenak ere, zeinak irakasten digunez, gogoan inoiz ez dagokeen ezer egon, irudi edo pertzepzio bat baino, eta zentzuak ez ditugun besterik irudi horiek helarazteko bitarteko baizik, adimenaren eta objektuaren artean inolako harreman zuzenik sortzeko gai ez direlarik. Guk dakusagun mahaia txikiago egiten dela dirudi hartatik urruntzen garen heinean, baina gugandik at existitzen den benetako mahaiak, ordea, ez du aldaketarik izan. Honen irudia besterik ez zen, orduan, gogo-barnean zegoen hura. Hauexek dira arrazoimenaren diktatu nabariak, eta erreflexionatzen duen inork ere ez zuen egundo dudatan jarriko etxe hau eta zuhaitz hori esatean kontutan ditugun existentziak ez direla besterik gogo-barneko pertzepzioak baizik, euren hartan uniforme eta independiente iraun dirauten beste existentzia batzuen kopia edo irudikapen iheskorrak baizik.
119. Oraingoz, bada, instintu primarioei kontraesatera edo beraietatik aldentzera behartzen gaitu arrazoiketak, eta beste sistema berri bat hartzera gure zentzuen ebidentziari dagokionez. Baina hemen filosofia zeharo trabaturik aurkitzen da sistema berri hau justifikatu nahi duenean eta eszeptikoen eragozpenei eta objekzioei ekidin. Ezin du jo, honez gero, naturaren instintu hutsezin eta jarkiezinera, zeharo ezberdina den sistema batera garamatzalako honek, okerterraza eta erroreduna ere badela aitortzen dena. Eta giza gaitasun guztien ahalmenaz gaindi dago filosofi sistema delako hau justifikatzea argumentu-kate argi eta konbentzigarri baten bidez, edo argumentu-itxuraren baten bidez ere.
Nolako argumentuaren bidez dago demostratzerik gogoko pertzepzioek, berauetatik zeharo ezberdin, nahiz eta antzeko (hau daitekeena baldin bada), diren kanpoko objektuetatik sortuak izan behar dutela, eta ezin sor daitezkeela gogoaren beraren energiatik, edo izpiritu ikustezin eta ezezagunen baten eraginez, edota guretzat oraindik ezezagunago litekeen beste kausaren batetik? Izatez, hauetariko pertzepzio asko, ametsen, erotasunaren eta beste gaixotasun batzuen kasuan bezala, ez dela sortzen kanpotiko ezertatik aitortzen da. Eta ez daiteke gauza ulergaitzagorik gorputzak gogoarengan dezakeen eragintza-modu hori baino, beraren irudi bat helaraz diezaion hain ezberdina eta naturaz aurkakoa ere omen den substantzia bati.
Egitatezko arazoa baita zentzuen pertzepzioak, euron antzeko diratekeen kanpotiko objektuen eraginez sortuak direnenz. Nola garbitu arazo hori? Esperientziaz, noski, horren antzeko arazo guztiak bezalaxe. Baina kasu honetan esperientzia erabat ixilik dago, eta hala behar du. Gogoak ez du inoiz beste ezer beregan pertzepzioak izan ezean, hauek objektuekiko duketen konexioaren esperientziarik ezin erdiets dezakeelarik. Konexio hau suposatzeak ez du oinarririk arean ere, beraz, arrazonamenduan.
120. Izaki Gorenaren egiatasunera jotzea gure zentzuen egiatasuna frogatzeko ustegabeko itzulinguru bat egitea da, noski. Haren egiatasuna tartean balego nolabait arazo honetan, gure zentzuak erabat hutsezinak lirateke, ezinezko baita Hark engainatzea gu inoiz. Zertan esanik ez gainera, behin kanpo-mundua zalantzan jarriz gero, argumenturik aurkitu ezinik gertatuko ginatekeela Izaki haren existentzia, eta bere atributurik ere, frogatzeko.
121. Puntu honetan, beraz, eszeptiko sakonen eta filosofikoenak beti aterako zaizkigu garaile, giza ezagutza eta ikerketaren gai guztiekiko zalantza unibertsala sartzen saiatzen direnean. Berezko instintuei eta jauginei jarraitzen diezula zentzuen egiatasuna baieztatzeko? Horiek ordea, esango dizute, pertzepzio edo irudi sentigarri huraxe dela sinestaraziko dizute kanpo-objektua. Printzipio hori baztertu egiten duzula iritzi razionalago bat erdiesteko, hots, pertzepziook kanpotiko zerbaiten irudikapenak besterik ez direla? Aldendu zara orduan zeure berezko joeretatik eta sentipen nabarienetatik, eta ez zara gauza hala ere zure arrazoi hori asebetetzeko, ezin baitu behin ere argumentu konbentzigarririk aurkitu, esperientzian oinarrituz, pertzepziook kanpo-objekturen batekin loturik daudela frogatzeko.
122. Bada mota horretako topiko eszeptiko bat, filosofia sakonenetik datorrena, gure arreta mereziko lukeena, balitz ere beharrezko halako sakontasunetan murgiltzea, helburu serio baterako ezer gutxi balio dezaketen argumentuen eta arrazoien bila. Ikertzaile moderno guztiek onartzen dutenez, objektuen kualitate sentigarri guztiak, hala nola gogortasuna, biguntasuna, berotasuna, hoztasuna, zuritasuna, beztasuna eta abar, sekundarioak dira soil-soilik eta ez dira objektuetan euretan existitzen, baizik gogoaren pertzepzioak ditugu, eurok irudika ditzakeen ezelako kanpo-arketipo edo eredurik gabekoak. Hau honela onartzen bada kualitate sekundarioei buruz, berdin balio beharko du kualitate primariotzat hartzen diren hedadurari eta sendartasunari dagokienez ere, lehenengoek baino titulu gehiagorik ez dutelarik azken hauek deitura horren jabe izateko. Hedaduraren ideia ikusmen- eta sentipen-zentzuen bidez lortu ohi da bere osotasunean, eta zentzuez somaturiko kualitateak oro gogoan badaude eta ez objektuan, konklusio berberak balio beharko du hedaduraren ideiarako ere, ideia sentigarrien edo kualitate sekundarioen ideien menpe baitago erabat. Ez dago ezer konklusio honetatik salba gaitzakeenik, kualitate primario hauen ideiak abstrakzioz erdiesten direla baieztea ez bada, eta iritzi hau, zehatz-mehatz aztertzen badugu, ulertezina dela aurkituko dugu eta absurdua ere gainera. Ez ukigarri ez ikusgarri den hedadura bat ezin da inolaz bururatu. Eta halaxe berdin dago giza adimenaren irispideaz gaindi, ez gogorra ezta biguna, ez zuria ezta beltza den hedadura ukigarri edo ikusgarri bat. Saia bedi edonor triangelu bat orokorrean bururatzen, ez isoszele ez eskaleno dena, eta bere aldeen artean luzera edo proportzio jakinik ez duena; laster ohartuko da abstrakzioari eta ideia orokorrei buruzko nozio eskolastiko guztien zentzugabetasunaz.27
123. Hortaz, hurrengo honetan datza zentzuen ebidentziarekiko edo kanpo-existentziaren aldeko iritziarekiko lehen objekzio filosofikoa: delako iritzi hori arrazoiaren aurkako dela, baldin eta berezko instintuan badu oinarria, eta arrazoian baldin badu, berezko instintuaren aurkako dela orduan, berarekin ez dakarrelarik bitartean ikertzaile inpartzial bat konbentzi dezakeen ebidentzia razionalik. Urrunago doa bigarren objekzioa oraindik, iritzi hura arrazoiaren aurkakotzat hartzen duenean, arrazoiaren printzipioa baldin bada behintzat kualitate sentigarriak oro gogoaren baitako direla eta ez objektuan daudenak. Kendu materiari bere kualitate ulergarri guztiak, primarioak eta sekundarioak, biak, eta suntsitua duzu nolabait, ezezagun eta esplikagaitz den halako zerbait baizik geratzen ez delarik gure pertzepzioen kausatzat: hain nozio inperfektua ezen ez dela izango eszeptiko bat ere horren aurka egitea merezi duela uste izango duenik.
II PARTEA
[aldatu]124. Nabarmenkeria dirudike eszeptikoen saioak, argumentu eta arrazoiketa bidez arrazoia suntsitzekoak, baina horixe da euren ikerketa eta eztabaida guztien helburu nagusia. Hortxe dabiltza objekzio bila, bietarako, bai gure arrazonamendu abstraktuetarako baita izatezko edo existentziazko zerei buruzkoetarako.
Edozein arrazonamendu abstrakturen kontrako objekzio nagusia espazio eta denboraren ideietatik dator: ideiak, hauek, oso argiak eta ulerkorrak gertatzen direnak bizitza arruntean eta arduragabeko ikuspegi baten kasuan, baina absurdutasunez eta kontraesanez beterik diruditen printzipioak agertzen dituztenak, zientzia sakonen bahetik pasatzean (eta zientzia hauen objektu nagusi izatean). Gizateriaren arrazoi hezikaitza mentzeko eta hezteko asmatuak izan diren dogma klerikalen artean, zentzuarentzat ez zen harrigarriagorik gertatuko hedaduraren infiniturainoko zatigarritasunaren doktrina baino, bere ondorio guztiekin, horren ponposki bestalde erakusten dizkigutenak geometra eta metafisikari denek, garaile-bozkario moduko batez. Kantitate erreal bat, edozein kantitate finitu baino infinituki txikiagoa, infinituki txikiago diren kantitateak edukiz, eta horrela elkarren segidan infinituraino: hain eraikuntza ausarta eta harrigarria berau, ezen astunegia baita ezein demostrazio-saiok euts diezaion, zeren eta giza arrazoimenaren printzipio argien eta naturalenekin baitago muturka.28 Baina gauza hau harrigarriago egiten duena, itxura baten iritzi absurdu direnok arrazoiketa-kate ezin argiago eta naturalago batean zimendatzen direla, eta ezin ditugula premisak onartu konklusioak ametitu gabe. Ezer ere ez zirkuluen eta triangeluen propietateei dagozkien konklusio mordoa baino konbentzigarriago eta konplituagorik, eta hala ere, nola ukatu, behin haiek onartu ondoren, zirkuluaren eta bere tangentearen arteko ukipen-angelua edozein angelu zuzen baino infinituki txikiagoa denik; zirkuluaren diametroa infinituraino gehitzen duzun heinean, txikiago bilakatzen dela ukipen-angelu hura, infinituraino hau ere; eta beste kurba batzuen eta euren tangenteen arteko ukipen-angelua infinituki txikiago izan daitekeela beste edozein zirkulu eta bere tangentearen artekoa baino, eta horrela segidan infinituraino?
Triangelu baten hiru angeluak angelu zuzen biren baliokide direla demostratzen duen printzipioa bezain estakurugabea dirudi printzipio hauen demostrazioak, nahiz eta lehen iritzi hori erraza eta naturala izan eta kontraesanez eta absurduz betea, ostera, bigarrena. Arrazoimenak, oraingoan, harridura eta duda-muda bezalako batean behera hondoratzear dirudi, bere buruaz eta zapaltzen duen zoruaz ere seguru ez egoteraino, eszeptikoa ez baletor bere iradokizunekin. Ikusi badakusa argi txit bizi bat, zenbait zoko argitzen duena, baina ilunbe ilunenaren ertzak ukituz. Eta argi-ilunon artean hain aurkitzen da lausoturik eta nahasturik, non ia ezinezko zaion ezeren alde makurtzea ziurtasunez.
125. Nabariago bilakatzen dela dirudi oraindik, daitekeen neurrian behintzat, zientzia abstraktuen zehaztapen ausart hauen absurdutasuna, hedaduratik denborara pasatzean. Denboragune errealen kopuru infinituak, jarraian igaroz eta bata bestearen ondoren agortuz doanak, hain kontraesan nabaria dirudi, non ez baita inortxo ere -nik uste- ametitzeko kapaz izango denik sekula, bere ezaguera hobetu beharrean usteldu ez badiote egin bederen zientziok.
Baina urduri eta kezkatsu egotea dauka hala ere arrazoimenak, oraindik, itxurazko absurdu eta kontraesanek zirikaturik ezagutu beharra izan duen eszeptizismo horrekiko ere. Ideia argi eta bereizi batek nola ukan ditzakeen berberari edo beste edozein ideia argi eta bereiziri kontraesan diezaioketen zertzeladak, zeharo da ulertezina eta, agian, formula daitekeen beste edozein proposizio bezain absurdua. Hala da ezen ez dago eszeptikoago izan daitekeenik, edo dudaz eta zalantzaz beteago, geometriari edo kantitatearen zientziari buruzko paradoxazko konklusio zenbaitetik sorturiko eszeptizismo hauxe baino.29
126. Ebidentzia moralari edo izatezko zerei buruzko objekzio eszeptikoak, herrikoiak izan daitezke edota filosofikoak. Objekzio herrikoiak giza adimenaren berezko ahultasunetik eratorriak dira: garai eta lurralde ezberdinetan izan diren iritzi kontraesankorrak; gure judizioen aldaketak, gaixotasun ala osasun garaian izan, gazte ala zahartzaroan, oparotasun ala gabezialdian; norbanako bakoitzaren beraren iritzien eta sentimenduen arteko etengabeko kontraesana; eta horrelako beste topiko asko. Alferrekoa da puntu honi gehiago ekitea. Objekziook ahul jarraituko dute. Zeren eta eguneroko bizitzan izateari eta existentziari buruz arrazonatzen dugunez beti, eta ezin genezakeenez segurki iraun halako argumentuak etengabe erabili gabe, ebidentzia hau suntsiarazteko gutxiegizko gertatuko da hortik datorren edozein objekzio herrikoi. Pirronismoaren edo eszeptizismoaren gehiegizko printzipioen suntsitzailea ekintza da, eguneroko bizitzako beharrak eta eginkizunak. Printzipio haiek bai izan daitezkeela arrakastatsu eta garaile eskoletan, zaila delarik egiaz, ezinezko ez esateagatik, han errefusatuak izatea. Baina itzaletik atera eta, gure grina eta sentipenen eragile diren objektu errealen presentziari esker, naturaren printzipio ahaltsuagoen aurrez aurre jarriak izatean, kea bezala desagertzen dira, eszeptiko ausartena ere beste gizakumeon maila berdinean utziz.
127. Eszeptikoak, beraz, bestela egingo du bere eremu horretara mugatzen bada, ikerketa sakonagoetatik sortuak diren objekzio filosofiko haiek azalduz. Hemen bai duela, itxuraz, garaile ateratzeko aukera zabala, hurrengo hau ondo azpimarratzen badaki: zentzuen edo memoriaren lekukotasunez gaindi datzakeen izatezko zerei buruzko gure ebindentzia guztia, kausa eta efektuaren arteko erlaziotik eratorria dugula; ez daukagula beste ideiarik erlazio honi buruz, bi objektu sarritan bata bestearekin elkarturik izatearena baino; ez daukagula konbentzi gaitzakeen ezelako argumenturik ere, gure esperientzia horretan sarritan elkarturik gertatu diren objektuok halaxe gertatuko direla dioskunik beste kasu batzuetan ere modu berean elkartuak; eta ezerk ere ez garamatzala inferentzia honetara, ohiturak edo gure izaeraren berezko instintu jakin batek ez bada, zaila daitekeena, egia esan, aurka diezaiogun, baina, beste instintu batzuen antzera, engainagarria eta iruzurtia izan daitekeena bera ere. Eszeptikoak argumentu hauei daragien bitartean, bere indarra erakusten dihardu, edo hobeki, egiatan, bere eta gure ahultasuna; segurantza eta usteak oro suntsitu dituela ematen duelarik une batez bederen. Argumentu horiek zabalagora ere heda daitezke, berorietatik gizartearen onura edo probetxu iraunkorren bat atera ahal dela uste izanez gero noizbait.
128. Zeren eta honexetan baitatza eszeptizismo gehiegizkoaren kontrako objekzio nagusia eta trabagarriena, bere indar eta gogortasun osoarekin dirauen bitartean ez daitekeela inoiz hartatik ezelako onura iraunkorrik atera. Aski dugu galdetzea honelako eszeptiko bati zein den bere asmoa eta zer den nahi duena bere ikerketa bitxi guzti horiekin. Nahasturik agertuko zaizu bapatean, zer erantzun jakin gabe. Kopernikar edo Ptolomeotar batek, bakoitzak bere astronomi sistema ezberdina defendatuz, bai espero dezakeela bere entzulegoarengan konstante eta iraunkor manten daitekeen uste sendo bat eragitea. Iraunkorrak izateaz gain, gizakiaren jokabidean eta portaeran eragin dezaketen printzipioak azaltzen ditu Estoiko edo Epikurear batek. Baina Pirroniar batek ezin du espero bere filosofiak eragipen iraunkorrik edukitzea adimenduan, edota balu ere, gizartearentzat mesedegarri izatea bere eragin hori. Aitzitik, onartu beharra du, zer edo zer onartzeko prest baldin badago, bere printzipioak unibertsalki eta iraunkorki nagusituz gero, suntsitzea baino ez daukala giza bizitza osoak. Etenda geldituko litzateke bapatean diskurtsu oro eta egintza oro, eta halako letargia oso batean murgildurik gizakumea, beronen existentzia miserable honi bukaera eman arte naturaren beharrizan betegabeek. Egia da zoritxarreko gertaera hori jazoko den beldur handirik ez dugula izan behar. Aski sendoa baita betiere natura printzipioen aurka. Eta pirroniar batek bere burua edo besteena lilura eta nahas baditzake ere bere arrazonamendu sakonekin, nahikoa da bizitzako lehenengo gertaera arruntena haren ezbai eta eskrupulu guztiak uxatzeko eta beste edozein sektatako filosofoen parean jartzeko ekintza- edo espekulazio-puntu guztietan, edo ikerketa filosofikoez sekula arduratu ez direnen parean. Amets horretatik ateratzean, bera izango da lehena bere buruari zuzendutako irrian partehartzen eta bere objekzio guztiak jolasa baino ez direla aitortzen, gizakumearen izaera gurati hori adierazteko xedea besterik ukan ez dezaketenak: ekin, arrazoitu eta sinestu beharra daukan gizakumearen izaera, nahiz eta ikerketa artatsuenez ere kapaz izan ez eragiketon funtsari buruzko erantzun asebetegarririk lortzeko, edota eragiketon kontra sor daitezkeen objekzioak baztertzeko.
III PARTEA
[aldatu]129. Bada, egia esan, eszeptizismo mantsoago edo filosofia akademiko bat, era berean iraunkorra eta probetxagarria izan daitekeena, eta Pirronismo edo eszeptizismo gehiegizko honen ondotik hein batean ondoriozta daitekeena, zentzuak eta hausnarketak zuzentzen dituztenean, neurri batean, berorren zalantza zehazgabeak. Gizaterian gehienek jotzen dute berez baiezpenera eta dogmatiko izatera beren iritzietan, eta objektuak alde batetik baino ez dakuskitelarik, kontrajarritako argumentuen ideiarik ere gabe, arineketan abiatzen dira euren joerako printzipioak besarkatzera, erruki pitinik ere ez daukatelarik aurkako sentimenduak agertzen dituztenentzat. Zalantzan edo aztertzen jartzeak durditu egiten die adimena, grina galgatu eta beren ekimena etenda utzi. Artega dira, beraz, hain ezeroso zaien egoera hortatik irten arte, eta ez dira sentitzen gero nahikoa urrunduak direnik bertatik euren baizpenaren bortxaz eta sinespidearen temaz. Baina giza adimena, bere egoera perfektuan ere eta erabakietan neurri handienak hartu arren, zein eritasun bitxiez josita dagoen ohartzerik balute honako arrazonatzaile dogmatiko hauek, apaltasun eta erreserba gehiago letorkie, zer esanik ez, gogoeta horretatik, eta beren buruekiko iritzi ona nahiz antagonisten kontrako aurriritziak gutxitzea. Kontsidera beza eskolagabeak ikasiaren jarrera, beronen ikasketa eta gogoetaren abantaila guztiekin ere normalki segur aurkitzen ez delarik oraindik erabakitzerakoan; eta ikasiren bat, berezko izaerarengatik edo, harrokeriara edo temara makurtzen bada, Pirronismo tantatxo bat nahikoa du harrotasunok baretzeko, ikustaraztea baino ez zeinbeste huskeria gertatzen diren berak gainerako kideei atera ahal izan dizkien abantaila guztiak, giza naturari atxekirik dagoen nahaste eta anabasa unibertsalarekin alderatuz. Bada nagusiki zalantza, kontu- eta apaltasun-neurri bat arrazonatzaile jatorrari lagundu beharko liokeena bere ikerkuntza eta erabaki guztietan.
130. Giza adimenaren gaitasun meharrari hobeki dagozkion gaietara gure ikerketak mugatzea da beste eszeptizismo mantso mota bat, Pirroniarren zalantza eta eskrupuluen ondorio naturala izan daitekeena eta gizateriarentzat probetxuzkoa. Goinahia da berez, izan ere, gizakumearen irudimena, urrutiko eta ezohizko den oro atsegin duena eta kontrolik gabe kurritzea laket zaiona espazioaren eta denboraren gune urrunenetara, ohiturak etxekoegi bihurtu dizkion objektuetatik aldendu nahian. Judizio egokiak alderantzizko metodoari jarraitzen dio eta, ikerketa goitiar eta urrunekoak saihestuz, bizitza arruntari lotzen zaio, eguneroko praktika eta esperientziaren pean dauden objektuetara mugatuz eta poeta eta hizlarien edertasunetarako utziz goiengo gaiak, edota apaizen eta politikarien arteetarako. Eta ezer ere ez baliagarriagorik halako jarrera osasungarrira gida gaitzan, zalantza pirroniarraren indarraz behingoz erabat konbentzitzea baino, eta ezer ere ez dagoela hortik libra gaitzakeenik berezko senaren ahalmen gotorra izan ezean. Filosofiarako zaletasuna dutenek jarraitu egingo dute oraindik ere euren azterketekin, gogoan baitute burubide filosofikoak ez direla besterik, zeregin horretan iharduteak lemakeen berehalako atseginaz aparte, bizitza arruntari buruzko gogoetak baino, sistematizatuak eta zuzenduak. Baina bizitza arruntaz harago joateko tentaziorik ez dute izango, ondo gogoan baitute erabiltzen dituzten ahalbideen inpekfekzioa, irispide murritza eta eragiketa zehazgabeak. Ezin diogunean arrazoi nahikorik aurkitu harri bat erori edo suak erre egingo duela sinesteari, milaka esperimenturen ondoren, nola bada ahal izango gara pozik geratu munduaren sorrerari buruz eta betierekotasunetik betierekotasunera naturak duen egoerari buruz guk molda ditzakegun zehaztapenekin?
Hain da izan ere arrazoizko, edozein alderditik begiratuta, gure ikerketon mugatasun hertsia, non aski baita giza adimenduaren berezko ahalmenei buruzko azterketa azalekoena egitea eta ahalmenok bere objektuekin alderatzea, mugatasun hori gomendagarri bihur dakigun. Orduan aurkitu ahal izango dugu zeintzu diren zientziaren eta ikerketaren subjektu propioak.
131. Iruditzen zait zientzia abstraktuen eta demostrazioaren objektu bakarrak kantitatea eta kopurua direla, eta ezagutza-mota perfektuago hau beste alor batzuetara hedatzen saiatzea sofisteria eta zakur-ametsa baino ez dela. Kantitatearen eta kopuruaren osagaiak guztiz antzekoak direlarik, korapilotsu eta konplexu bihurtzen dira euren arteko erlazioak, eta ez dago gauza bitxiagorik, eta era berean baliagarriagorik, euren agerkera ezberdinetan erakusten duten berdintasuna edo ezberdintasuna hautematea baino, bitarteko anitz erabiliz. Baina beste ideia guztiak, ostera, bata bestetik argiro bereizi eta ezberdinak direlarik, euren ezberdintasunaz ohartzetik harago ezin gara joan inoiz, gure arakapen guztiak gorabehera, eta, gogoeta xume batez, gauza bata ez dela bestea esatea baino ez dugu. Edota zailtasunen bat balego burubide hauetarako, hitzen esangura zehazgabetik letorkeena baino ez da, definizio egokiagoez zuzentzen dena.
Nahiz eta terminoak oso zehazki definituak izan, ezin da jakin hipotenusaren berbidura beste alde bien berbiduraren baliokide denik, arrazoiketa- eta ikerketa-saiorik gabe; baina jabegorik ez dagoenetan ezin da bidegabekeriarik egon proposizioak konbentzi gaitzan, terminoak definitzea baino ez dago eta bidegabekeria jabegoaren bortxaketa dela esatea. Definizio inperfektuago bat besterik ez baita, izan ere, proposizio hori. Gauza bera gertatzen da jakintzaren beste edozein eremutan aurki daitezkeen arrazonamendu silogistiko delako guztiekin, kantitatearen eta kopuruaren zientzietan ezik: eta hauexek dira, nik uste, ezagutzaren eta demostrazioaren objektu propio bakartzat har daitezkeenak kezkarik gabe.
132. Gizakumeen beste ikerketa guztiak izatezko edo existentziazko zerei baino ez dagozkie, eta hauek, argi eta garbi, demostraezinak dira. Izatez dena, baliteke ez izatea. Izatezko ezein ukapenek ere ez dezake inplika kontraesanik. Edozein izakiren existentzia-eza, salbuespenik gabe, haren existentziaren ideia bezain ideia argi eta bereizia da. Zerbait ez dela dioen proposizioa, faltsua izan arren, ez da gutxiago bururagarri eta adigarri badela dioena baino. Gauza ezberdina da propioki Zientzia delakoen kasua. Nahasia eta ulergaitza da hemen egiazkoa ez den edozein proposizio. Proposizio faltsua da, eta nehoiz ezin burura daitekeena argi, 64ren erro kubikoa berdin 10en erdia dela. Baina Zesar, edo Gabriel aingerua, edo beste gizakiren bat ez dela inoiz existitu esatea izan daiteke proposizio faltsua, baina zeharo bururagarria da hala ere, eta ez du inplikatzen kontraesanik.
Beraz, edozein izakiren existentzia, bere kausa edo bere efektutiko argumentuen bitartez baino ezin froga daiteke, eta esperientzian oinarriturikoak ditugu soil-soilik argumentuok.
A priori arrazonatuz gero, edozer gauzak dirudi gai beste edozer sortarazteko. Harrikoxkor baten erorketak berak itzal dezake, guk dakigunetik, eguzkia; edota gizaki baten nahiak mantendu planetak beren orbiten barruan. Esperientzia da soil-soilik, kausaren eta efektuaren izatea eta mugak erakusten dizkiguna, eta objektu baten existentzia beste batenetik inferitzeko gai egiten gaituena.30 Hauxe da arrazonamendu moralaren funtsa, giza ezagutzaren zati handiena osatzen duena eta giza egintza eta portaera guztiaren sorburu dena.
Arrazonamendu moralak, edo gertakari orokorrei edo gertakari partikularrei dagozkienak dira. Hauei dagozkie bizitzako delibero guztiak, baita historiari, kronologiari, geografiari eta astronomiari buruzko zehazkizunak ere.
Gertakari orokorrei buruz diharduten zientziak dira politika, filosofia naturala, fisika, kimika, etab., objektu-mota oso baten kualitate, kausa eta efektuei buruzko ikerketari ekiten diotelarik.
Jainkozkoa edo Teologiari dagokionez, Jainko baten existentzia eta arimen hilezkortasuna frogatzen duenez, zati bat gertakari partikularrei buruzko arrazonaketez osatzen da eta beste zati bat orokorrei buruzkoez. Badu oinarri bat arrazoian, esperientzia euskarri duen heinean, baina fedea eta jainko-errebelazioa du oinarri onena eta tinkoena.
Morala eta Kritika ez dira propioki enteleguaren objektu, gustuarenak eta sentimenduarenak diren hainbatean. Edertasuna, dela morala dela naturala, propioki hauteman baino sentitu egiten da gehiago. Edota hari buruz arrazonatzerakoan eta haren eredu standarra finkatzen saiatzean, beste gertakari berri bat konsideratzera pasatzen gara, hots: gizateriaren gustu orokorra edo arrazonaketaren eta ikerketaren objektu izan daitekeen halako egitateren bat.
Liburutegiak berrikuskatzera bagindoaz honako printzipio hauetaz konbentziturik, a zer nolako triskantzak egingo genituzkeen! Hartu eskuan edozein ale, teologia edo metafisika eskolastikoari buruzkoa adibidez, eta galdetu baino ez: Ba al dauka kantitateari eta kopuruari buruzko arrazonaketa abstrakturen bat? Ez. Ba al dauka izatezko eta existentziazko zerei buruzko arrazonaketa esperimentalen bat? Ez. Sutara orduan: ez baitigu sofisteria eta irudikeria besterik ekarriko.