Gizonaren eta herritarraren eskubideen adierazpena (1789)
Gizonaren eta herritarraren eskubideen adierazpena (1789) |
1 Testu honen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz, 108 or. Mikel Aizpuru izanik itzulpenaren arduradun, bere baimenaz, Kondaira taldeak xehetasun batzuk aldatu ditu. Oharrak: Jatorrizko testuan, frantsesez, homme esatean *gizon adierazi nahi du, ez gizaki, eta beraz dagokion bezala itzuli da. Halaber, citoyen gaztelaniaz *ciudadano gisa itzultzen denez, euskaraz ere, maiz, *hiritar gisa ematen da; alta, frantsesez citaden *hiriko biztanlea, hiritarrei eta citoyen *Estatuan eskubide politikoak dituena, bereizten direnez, azken hitz hau itzultzeko nahiago izan dugu *herritar gisa eman. Bestalde citoyen hitza maskulinoa da, eta euskaraz generorik ez badago ere, testu honetan "herritar" idaztean, soilik "gizonezko herritarrez" ari dela ulertu beharra dago. |
Gizonaren eta herritarraren eskubideen adierazpena
Sarrera
Frantziar Populuaren ordezkariek, Biltzar Nazionala eratuz, kontuan hartuz ezjakintasuna, ahanztura edo gizonaren eskubideen mesprezua direla zorigaitz publikoen eta gobernuen ustelkeriaren arrazoi bakarrak, erabaki dute adieraztea deklarazio ospetsuan, gizonaren eskubide natural, besterenezin eta sakratuak; deklarazio honek, gorputz sozialaren kide guztiei etengabe aurkeztua izanik, beren eskubideak eta betebeharrak etengabe gogorarazi diezazkien; botere legegilearen eta betearazlearen ekintzak, uneoro erakunde politiko ororen helburuarekin alderatuak izan daitezkeelarik, errespetatuagoak izan daitezen; herritarren erreklamazioek, une honetatik aurrera iturburu soil eta ukaezinetan oinarrituak, begira dezaten beti konstituzioa gordetzera eta guztion zorionera.
Ondorioz, Biltzar Nazionalak aitortzen eta adierazten ditu, Izaki Gorenaren aurrean eta bere babespean, gizonaren eta herritarren ondorengo eskubide hauek:
- 1. artikulua
- Gizonak askeak eta berdinak jaiotzen dira eta irauten dute eskubidetan. Bereizketa sozialak bakarrik onura komunean oinarritu daitezke.
- 2. artikulua
- Elkarte politiko ororen helburua gizonaren eskubide naturalak eta preskribituezinak gordetzea da. Eskubide hauek askatasuna, segurtasuna, jabetza eta zapalkuntzaren aurreko erresistentzia dira.
- 3. artikulua
- Subiranotasun ororen iturburua esentzialki nazioan datza. Inongo taldek
edo norbanakok ezin dezake erabili nazioagandik berariaz sortzen ez den agintea.
- 4. artikulua
- Askatasuna besteei kalterik egingo ez dien edozer egin ahal izatean datza. Horrela, gizonaren eskubide naturalen erabilerak ez du beste mugarik
gizarteko beste kideei eskubide berorietaz gozatzea ziurtatzen diena baino. Muga horiek soilik lege bidez zehaztu daitezke.
- 5. artikulua
- Legeak soilik gizartearentzat kaltegarri diren ekintzak debeka ditzake. Legeak debekatzen ez duen guztia ezin daiteke eragotzi, eta inor ezin da behartu legeak agintzen ez duena egitera.
- 6. artikulua
- Legea borondate orokorraren adierazpena da. Herritar guztiek dute legearen osaketan parte hartzeko eskubidea, pertsonalki edo beren ordezkarien bidez.
Legeak bat bera izan behar du guztientzat, bai babesten duenean eta bai zigortzen duenean. Legearen aurrean herritar guztiak berdinak izanik, maila, postu eta enplegu publiko guztietan era berean onargarriak dira, bakoitzaren gaitasunaren arabera, eta bere dohain eta trebeziaz gain beste bereizketarik gabe.
- 7. artikulua
- Gizonik ezin daiteke salatu, atxilotu edo atzeman, ez bada legeak erabakitako kasuetan eta honek preskribitutako moduetan. Agindu bidegabeak (arbitrarioak) eskatu, luzatu, bete edo betearazten dituztenak zigortuak izan behar dute, baina legearen arabera deitutako edo atxilotutako herritar orok berehala obeditu behar du: erresistentzia agertzeak errudun bilakatzen du.
- 8. artikulua
- Legeak soilik zigor zorrozki eta nabarmenki beharrezkoak direnak ezarri behar ditu; eta inor ezin daiteke zigortu, ez bada delitua egin baino lehen agindutako eta aldarrikatutako, eta legalki ezarritako lege baten arabera.
- 9. artikulua
- Gizon oro, errudun jotzen ez den bitartean, errugabetzat hartu behar da; eta ezinbestekotzat jotzen bada atxilotzea, bere atxiloketa ziurtatzeko beharrezkoa ez den gogortasun oro legeak zorrozki zigortu behar du.
- 10. artikulua
- Inor ez da xaxatu behar bere iritziengatik, erlijiosoak badira ere, nolaz eta iritzi horien agerpenak legeak ezarritako ordena publikoa nahasten ez duen.
- 11. artikulua
- Pentsamenduen eta iritzien komunikazio askea gizonaren eskubide preziatuenetakoa da. Ondorioz, herritar orok libreki hitz egin, idatzi eta argitara dezake; askatasun honekin egin ditzakeen gehiegikerien arduradun izanik legeak araututako kasuetan.
- 12. artikulua
- Gizonen eta herritarren eskubideen bermeak indar publiko baten beharra du; indar hau, beraz, guztien onurarako eratzen da, eta ez indar honen ardura uzten zaienen onura partikularrerako.
- 13. artikulua
- Indar publikoaren mantenurako eta administrazio gastuetarako, ezinbestekoa da guztien zerga. Hau, herritar guztien artean era berean banatu beharra dago, beren ahalbideen arabera.
- 14. artikulua
- Herritar guztiek dute eskubidea egiaztatzeko, beren kabuz edo beren ordezkarien bidez, zerga publikoaren beharra, libreki onartzekoa, bere erabilera zaintzekoa, eta zenbatekoa, ezarpena, bilketa eta iraupena erabakitzekoa.
- 15. artikulua
- Gizarteak eskubidea du agente publiko orori bere administrazioaren berri eskatzeko.
- 16. artikulua
- Eskubideen bermea ziurtatuta eta botereen banaketa erabakita ez duen gizarteak ez du konstituziorik.
- 17. artikulua
- Jabegoa eskubide ezin bortxatuzko eta sakratua izanik, inori ezin dakioke kendu, behar publikoak, legalki egiaztatua, nabarmenki eskatzen ez badu behintzat, eta kalte-ordain justu eta aldez aurreko baten baldintzapean
Frantziako Biltzar Nazional Konstituziogilea,
Déclaration des droits de I'homme et du citoyen
1789-VIII-20/26an onartua.