Gure esku
Gure esku (2022) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Gure esku
[aldatu]Euskal hezkuntzagintzaren urak harrotuta datoz Euskal Autonomia Erkidegoan. Kezka handiz bizi dut zenbait esparrutan eztabaidak hartu duen jitea. Ohartu gaitezen gauza oinarrizko batez: gizarte ereduari dagokionez desira bertsuak ditugun euskaldunon arteko liskarra da honako hau. Gai ez baldin bagara bide zabal batean elkarrekin ibiltzeko, alferrik aldarrikatuko diegu Espainiari zein Frantziari burujabetzarik; burujabetza gure esku dagoena egitetik hasten baita: gaur gure esku dagoena egiteko gai ez baldin bagara, bihar ez gara gaur gure esku ez dagoenaren jabe izango.
Ezker subiranismoak bateratzearen edo konfluentziaren hipotesiaren alde egin du azken hilabeteetan barne eztabaida luze eta sakonen ondoren. Zer da konfluentziaren hipotesia? Hezkuntza tradizio bakoitzaren onena jasoz euskal hezkuntzaren eraikuntzaren fase berri baterako indarrak biltzea. Zertarako? Ikastetxe komunitarioetan oinarritutako Sistema Publiko Burujabe bateranzko trantsizioari gure herri gaitasun guztiekin ekiteko. 80ko hamarraldian porrot egin zuen hipotesiak forma instituzionala hartu du lehen aldiz lau alderdi politikok sinatutako Hezkuntza Akordioan.
Garai hartan zalantzan egon zitekeen zerbait ziurtasun gehiagoz baieztatu dezakegu 40 urteren ondoren, ikusita zein mundutara goazen eta gainean dauzkagun estatuen bilakaera zein izan den: administrazioaren esku hartzerik gabeko herrigintzak ez du gizarte berdintasuna bermatzeko ahalmen nahikorik, eta herrigintzaren esku hartzerik gabeko administrazio publiko autonomiko honek ez du nazio erreprodukzioa nahikotasunezko baldintzetan bermatu eta sistema propio bateranzko ibilbidea argitzeko eragiletza nahikorik. Beraz, dena behar(ko) dugu, ez dugu deus soberan izango.
Sistema Publiko Burujabe bateranzko trantsizioak estadio desberdinak izango ditu, halabeharrez. Lehen estadioa litzateke Euskal Hezkuntza Zerbitzua, interes publikoaren aldeko konpromisoak betetzearen truke diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen sarea; kontzertazio unibertsalarekin bukatzen duen konfigurazioa. Hezkuntza Akordioan nahikotasunez definitua gelditu dira zeintzuk diren Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko tasunak. Tasun horien zerrendak definitzen du interes publikoa akordioaren arabera. Lehen estadioa zedarritzen du Euskal Hezkuntza Zerbitzuak, beraz, hezkuntza sistemaren eraldaketan bide bat hasteko oinarrizko kanpamentua. Eta horrez gain, epe laburrean eman beharreko jauziak ere identifikatzen ditu. Hiru azpimarratuko nituzke: 2023ko herri itunean aurkeztu beharreko segregazioari aurre egiteko planifikazio estrategikoa; praktikan hizkuntza ereduen paradigma gaindituko lukeen eta ikastetxe bakoitzeko errealitatera egokitutako murgiltze prozesuetan (hizkuntza proiektuetan) oinarritutako ikasteredu orokortua; eta hezkuntza kalitatean jauzia ekarri behar duen eraldaketa pedagogikoa.
Hezkuntza Akordioak eskola publikoa hartzen du ardatz. Lehenik eta behin, hezkuntza administrazio publikoari aitortzen diolako eraldaketarako motor lana. Bigarrenik, eskola publikoak urteetako politika desegokien ondorioz egun duen desabantaila egoera zuzentzeko neurriak jasotzen dituelako: segregazioari aurre egitea, azpiegituretan inbertsioa handitzea, eta eraldaketa pedagogikoa gauzatu ahal izateko beharrezko baldintza eta baliabideak ziurtatzea. Hori da eskola publikoak behar duena eta hori da datozen hilabeteetan gauzatzeko bidean jarri behar dena. Eta hirugarrenik, jaiotza tasaren jaitsiera larriaren ondorioz nahitaezkoa izango den eskola maparen berrantolaketaren atarian, eskola publikoaren perimetroa zabaltzeko konpromisoa hartzen duelako administrazioak ofizioz egin beharreko planifikazioaren baitan.
Ezker subiranismoak bide zabal bat behar du izan, tradizio desberdinen eta ikuspegi askotarikoen konfluentziak (sintesiak) bilatzen tematua. Eta nago hala behar duela euskal naziogintzak ere gaur gure esku ez dagoena bihar gure esku izango badugu.