Edukira joan

Gure fueroak

Wikitekatik
Gure fueroak  (1931) 
Txirrita

Gure fueroak


1
 
 Gure aurreko guraso zarrak
 aspaldi samar iltzian
 guk ainbat biar faltatu gabe
 fede santuko itzian,
 izar tartetik or daude beida
 jendia nola bizian,
 negar malkuak dakazkitela
 Fueruak ofenditzian,
 zer kontatua izango dute
 Josafatera biltzian.
 
 2
 
 Kantabriya da ibai eder bat
 guziya arraiz betia,
 eta geyena jenero fiñak;
 bastuak banakak dia
 beste erriyo zatar batzuek
 artu ziguten partia
 fortunatzenda gaistuak ona
 bentzutu edo jatia
 beragatikan dago asarre
 ur onen ama maitia.
 
 3
  
 Nola etxian esposatuta
 nagusitzen dan morroya,
 alasen dago ibai on ontan
 gaistuetako arraya
 egiten azi giñadenian
 airi ongi etorriya
 galdu giñuen bizi lekua
 barriyua eta erriya,
 euskaldunentzat au izanduzan
 egun goguangarriya.
 
 4
 
 Zori gaistoko gerra zibilla
 sortu zalako meriyo
 lau probentziyak gelditu giran
 fetxaz beteta seriyo
 egun batian lur jo genduben
 ezin giñazke gora iyo,
 berriz altxako ote geraden
 ere ez naiz oso fiyo,
 erdara etzan bakarrik kapaz
 euskarak lagundu diyo.
 
 5
 
 Gau eta egun antzika dago
 gure Kantabri ederra
 alde batea nayo genuke
 espanitz emengotarra,
 mundu guziyak aditutzendu
 euskaldunaren negarra
 enpeñatzia ezpada libre
 alperrik degu indarra,
 au da tzoriyak gari tartian
 gosiak egon biarra.
 
 6
 
 Abilan barrena zijualarik
 Franziyatikan pasuan
 uso eder bat deskuidatu zan
 Urbietaren lazuan,
 golpe gaistorik etziyon eman
 ta artu zuban besuan
 maitatu eta festak egiñaz,
 oiñ modu kuriosuan;
 lau probintziyak kintatik libre
 don Juanek eskatu zuban.
 
 7
 
 Lenengo etsayak erromatarrak
 bigarren txandan jentillak,
 ta gero berriz franzesarekin
 izugarrizko batallak
 gure aurreko aitona zarrak
 asko dira gerran illak;
 mundu guziya bildurtzen zuten
 Kantabriyako mutillak;
 oraingo mauser ainbat baziran
 orduko lizar makillak.
 
 8
 
 Baldin egiya esaten badu
 libruan dago fediak
 isla asko ta onak zituen
 len Españiyak beriak
 ta geyenetan agintzen zuten
 euskarazko aguriak;
 orain geyena galdu ditugu
 iya egindu guriak,
 zeruko Aita zuzen gaitzazu
 nola baikeran zuriak.
 
 9
 
 Lengo San Tomas egun batian
 zazpiterdiyak aldian
 Aitona bati begira egon naiz
 Zurriolako parian,
 dudarik gabe dabil fueruak
 ekarritzeko idean,
 oso kontentu apenas dagon
 atze erritarren mendian
 ezpatarekin erakusten du
 Euskal mendiyak nun diran.
 
 10
 
 Garai batian Kantabri on au
 erregalotan bizi zan,
 ta orain berriz jarri gaituzte
 miserablearen gizan
 Ez ain eskasak geradelako
 gerran edo gudaritzan,
 Tubalen kasta nunbait oinpian
 ikustia komeni zan,
 Urbietaren pausu tristiak
 etziran alperrik izan
 
 11
 
 Alegre bizi banitzan ere
 nago tristetzen asiya,
 Atze errietarrak egin digute
 iya naiduten guziya;
 juan dan ogei ta amar urtian
 ausen da diferentziya,
 arrazoi gabe kendu digute
 aurreko kredentziya,
 gu emen ondo ikustiagatik
 guraso zarrak utziya.
 
 12
 
 Lekobide zan euskalduntarra
 gerrero izugarriya,
 Erromari ta beste askori
 artu ziyoten neurriya,
 ta Otzobalek egiten ziyon
 aldamenetik guardiya;
 irugarrena Lartaun gaztia
 seme orde ekarriya;
 gaur Kantabriyan badago alako
 kuadrilla baten premiya.
 
 13
 
 Gure arbola maitagarriyak
 Etzuen ori merezi,
 Otzobalek eta ayen nastuak
 jarri, zaizkiyo nagusi
 euskaldun danak lagun zayegun
 ez iñor galtzera utzi
 Kantabriyako lastima au zerdan
 orra nik adierazi;
 paper bakoitza amar sentimo
 nai ditubenak erosi.