Edukira joan

Hanka bat errealitatetik kanpo

Wikitekatik
Hanka bat errealitatetik kanpo  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Hanka bat errealitatetik kanpo

Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak eman du zer esana urte politiko honen hastapenean. Lehenengo, Konbentzio Konstituzionalaren proposamena aurkeztu zuen “El Pais” egunkarian publikaturiko artikuluan. Metodologia gisa aurkeztu du delako Konbentzioa, Estatuaren izaera plurinazionalari eman beharreko erantzun politiko-juridikoak eskatzen duen eztabaida bideratze aldera. Proposamenaren funtsa aztertzera sartzeke, harridura sortu du askorengan, aukeratutako momentuagatik eta egiteko moduengatik.

Lehenik eta behin, proposamena lehendakariarena da, baina alderdiak egoki deritzo? Urte politikoari hasiera emateko egindako ekitaldietan esandakoak entzunda, ez dirudi sintonia handiegirik dagoenik EAJren eta lehendakariaren artean proposamen honi dagokionez. Ez diot batzuk eta bestea ados ez daudenik proposamenaren funtsean (nahiz eta Joseba Egibarrek Zarautzen esandakoetatik besterik ondoriozta daitekeen: «Has zaitez enkajearen bila eta enkajonatuta bukatuko duzu»), baina momentu politikoa hau izanda (Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazio askotarikoak martxan) eta gaiak duen pisua eta irismena kontuan izanda, ez dirudi jarduteko modu bateraturik dagoenik EAJren baitan momentu honetan. Bigarrenik, inbestidurarik egongo den ere ez dakigunean, zein da proposamen honen zentzua? Are, Pedro Sanchez presidente egingo luketen oinarriak ezartzea hain denean operazio konplexua eta orekak hain direnean hauskorrak, zein da proposamen honen ekarpena aldeko baldintzak sortze aldera? Baina, are, inbestiduraren aukera jokoan dagoela, eta ariketa hori alderdien ardura dela kontuan izanda, egokia al da lehendakariak halako protagonismoa ematea bere buruari hain momentu hauskorrean?

Eta hirugarrenik, plurinazionaltasunaren inguruko eztabaida irekiko lukeen balizko legegintzaldi baten aurrean, lehendakariak ez ote luke etxeko lanez arduratu beharko halako proposamenik egin orduko? Estatus politiko berriaren ponentzia izozkailuan dago eta asmorik ere ez dago datozen hilabeteetan hiru herrialdeotan euskaldunon arteko adostasun berri bat ekarri beharko lukeen ariketa hori berraktibatzeko.

Ondorioa izan daiteke Konbentzio Konstituzionalaren proposamenak lehendakariaren beraren behar politikoei erantzuten diela beste ezeri baino gehiago. Baina proposamen hau egiteaz gain, elkarrizketa luze bat ere eman du Radio Euskadin asteon, analisi askotarako ematen duena. Norbere buruari buruz hirugarren pertsonan hitz egitearen kontu hori psikoanalisiak argitu beharko du.

Osakidetzaz galdetuta, urte politiko honen helburua omen da herritarrak Osakidetzaz harro sentitzea. Ez omen dira konturatu EAEk osasungintzan pertsonako egiten duen inbertsioa Espainiakoaren batez bestekotik gora dagoela eta Europako herrialdeetatik bisitatzen gaituztenek Osakidetzaren kalitatea goraipatzen dutela. Herritarren haserrea, batez ere, sindikatuek eta bestelako mugimenduek baldintzaturik omen dago. Izan ere, isilpeko estrategia bateratu bat dago sindikatuen (ELA soilik aipatzen duen arren) eta EH Bilduren artean bere gobernuaren kontra; hots, bere kontra. Azken horiek (EH Bildu) “socialismo radical vasco” praktikatzen baitute. Balore krisi bat dago gizartean: gazteek ez dute autoritaterik onartzen.

Zintzoki uste dut errealitatetik kanpo kokatzen dela. Egiturazko aldaketak gertatzen ari direla eta erronka oso konplexuen aurrean gaudela ohartzen den jende askok, EH Bildutik harago, bere gobernu-jardueraren hainbat aspekturi egiten dion kritika entzun beharko luke. Eta erruak banatzeari utzi. Hauteskunde emaitzak digeritzeko ahalegina egin, eta bere lekua hartu. Ez baita lehendakari baten lekua herri honetako bigarren indar politikoa berak sekula onartu ez duen moduan izendatzea, eztabaida politikoa tonu zakarrenera makurtuta. /div>