Edukira joan

Helduleku bila

Wikitekatik
Helduleku bila  (2021) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Helduleku bila

Bi pertsonak galdu dute bizia euskal lurretan berriki, Abdoulaye Coulibaly eta Luis Enrique Sorianok. Biak emigranteak, bizimodu duin baten xerka iritsi ziren Euskal Herrira eta bertan eman dute azken hatsa. Bizitza balio absolutua balitz azken hamarraldi luzeetan tai gabe aldarrikatu den moduan, bata zein bestea hil diren bezala hilda, bestelako erantzun politiko eta instituzional bat espero ahal zitekeen gure herrian. Elkarbizitza demokratikoaren diskurtsoa moralkeria kristau faltsu baten gainean eraiki da hemen. Moral kristaua kasurik onenean (errespetagarria beste hainbat bezala, baina eremu pribatura mugatua beharko lukeena eta ez gizarte antolamenduaren ardatz bihurtua) eta demagogia nardagarria gehientsuenetan. Bizi dugun mundu honetan moral burgesak agintzen du, zeinak modu askotan erlatibizatzen duen bizitzaren balioa egunero-egunero.

Halere, demokratak biolentoei doktrina emateko nagusitasun moralarekin sentitzen dira oraindik ere. Denis Itxasok kohesio sozialaren aldeko ekimentzat aurkeztu du Gasteizko biktimen memoriala, honek Meliton Manzanasi gorazarre egin dion garai berean. Nago ez ote den biktimen omenezko elkarbizitza demokratikoaren diskurtsoa gehiegi kakaztu bertatik gizarte justiziaren alde zerbait onik atera ahal izateko. Itxura guztien arabera, gatazka sozialak areagotuko diren garai historiko batean sartu gara, bizitza asko ahanzturan uzteko prest dauden eliteek eginahalak egingo dituzte beren pribilegioei eusteko. Eta bistan da unionistek ez dutela euskal gatazka politikoaren gaineko irakurketa inklusibo bat egin eta zoru demokratiko partekatu bat ezartzeko inolako asmorik, historia bat eta bakarra (irabazleena izan nahi duena) inposatzeko ahaleginean ari dira, gero eta lotsa gutxiagorekin. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean argitaratu zuen seigarren txostenaren lehen zatia, klimaren bilakaeraren gaineko azterketa zientifikoa egiten duena. Espero zen bezala, lan honek gizadia ispilu tragiko baten aurrean jarri du. Aste berean argindarraren prezioak maximo historikoa ezagutu du, iragarriz bezala gizadiaren historian inoiz ezagutu gabeko garai gatazkatsu bat. Erreakzio disruptibo bat gertatzen ez bada, hondamendi klimatikoa jasoko dute oinordetzan gure seme-alabek, eta justizia klimatikoa bihurtuko da beraien hiztegi politikoaren kontzeptu giltzarrietako bat.

Ba al dago halako testuinguru historikoari asmo emantzipatzailez aurre egiteko aski giharrik? Bada ezkorrak izateko motiborik. Hemen bakoitza berera bizi dela esango da, urrun gelditu dira gizarte eraldaketa egiturazkoak helburu zituzten ideia handiak. Ezkerrak modernitatearen egiak deseraikitzeari ekin zion, baina deseraikitzeaz aparte ez du alternatibarik eraikitzeko talentu handirik erakutsi, porrot historikotik burua altxa ezinda bezala. Nola eskaini ortzi muga erakargarririk, ilusio pizgarririk, pronostiko baikorrenak desastre bat iragartzen duenean eta probableenak hondamendi erabatekoa? Horixe baita bizitzea tokatu zaigun garaia, eta humus kultural horretan aurkitu behar dira erantzunak. Galdera egokiak egiteko garaia bukatu da, erantzun posibleek ezin baitezakete gehiago itxaron.

Egoeraren dramatikoan bada heldulekurik. Gizarte justiziaren aldekook badugu azken berrogei urteotan izan ez dugun helduleku bat: IPCCren txostena eskutan, Parisko Akordioa beteko bada justiziaren gutxieneko noziorik alboratu gabe (eta inork ez du deklaratiboki kontrakorik defendatzen), gizarte egituren eraldaketa sakon baten ondorioa izango da, produkzio eta kontsumo ereduak birplanteatuko dituena, zeina planifikazio demokratiko inoiz ikusi gabeko baten bidez baino ezin daitekeen egin. Hau da, substratu sozialistarik gabeko politika batek hondamendi planetariora garamatza zuzen-zuzenean. Ez da nolanahiko heldulekua botere estrategia baterako.

Parisko Akordioak beharko luke internazional progresista berri baten programa taktikoa kolapsoaren garai historikoan.