Edukira joan

Hezkuntza hitzarmena

Wikitekatik
Hezkuntza hitzarmena  (2021) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Hezkuntza hitzarmena

Bai, urte politiko honen hasierak pereza ematen du, handia. Imajinatu guri pereza ematen badigu, herri hau minez bizi dugunoi, zer sentiarazten dion euskal gizartearen gehiengoari. Ez gara salbuespena: euskal politikagintza fake kulturak kolonizatu du. Guztiok izango dugu erantzukizunaren parte bat, baina bistan da batzuek gustua hartu diotela asuntoari.

Alderdien aparatu demoskopikoek eta botere mediatikoek markatzen dute agenda: hobe zarata. Goi mailako eztabaida politikoa ekiditeko estrategia da arerio politikoa baliogabetzea, eta baliteke eraginkorra izatea. Batzuek gogo onez hartuko lukete gizarte are pasiboagoa, despolitizatuagoa. Beste batzuk itsutuegi daude arerio politikoarekin eta, gaztelaniaz esaten den moduan, «no reparan en gastos». Badira abertzaleak ere beraien artean; herri eraikuntza eta trumpismo pixka bat bateragarriak direla uste izan dute orain arte. Pentsatu nahi dut, azken hauek, noizean behin, bakarrik daudenean, galdetzen diotela beren buruari praktikatzen duten botere gehiegikeria horren albo kalteei buruz. Edo, agian ez.

Badakit munduak itxura onik ez duela, interes gehiegi daudela Euskal Herrian ere denak bere horretan jarrai dezan. Deitu iezadazue inozo nahi baduzue, baina denbora badoa eta nahiago dut bizi pentsatuz badagoela jendea nekearen, frustrazioaren, beldurraren aurrean amore eman nahi ez duena. Edo, besterik gabe, bizi egin nahi dut; eta bizigurak sormena behar du, egunotan tomate landareek ura behar duten lez. Sortu, eguna goizero sortzen delako. Ekin, inertziak hautsi, hobetu, berrasmatu. Behin eta berriro zutik jartzeko eginak baikaude, Pepek dioen moduan.

Aste honetan ikasturtea hasi da, hezkuntza martxan jarri da, berriro. Bi urteko alabaren egokitzapena hasi dut Otxandioko herri eskolan eta, gelako txoko batean umeen jolasari begira nagoela, pentsatu dut badagoela sormen emari bat, herri taupada bat, zarata itogarri honen azpian. Har dezagun hezkuntza: azken boladan komunikabide eta sare sozialetan izan diren eztabaida batzuk ikusita irudi luke gure herri gaitasunak desaktibatzen dituen gatazka beste aukerarik ez dagoela, kondenaturik gaudela. Baina ikusten duzu hezkuntzako langile askoren konpromisoa beren lanarekiko, eguneroko bizi-gogo hori, eta pentsatzen duzu nonbait egon behar duela zirrikituren batek emari horrek bidea egin dezan.

Eta hotzean pentsatzen hasita, azken urteetan jauzi kualitatibo baterako nahikoa indar metatu delakoan nago: eskola asko (askotarikoak), behar baino baliabide gutxiagorekin, hezkuntza berrikuntzan egiten ari diren ahalegina; Errenteriakoaren antzeko udal esperientzia komunitarioak; Hik Hasiren hezkuntza proposamena; LAB sindikatuaren “Hezkuntza burujabea iruten” txostena; Ikastolen Elkartearen “Endekalogoa”; OinHerriren ahalegina herri hezitzaileak saretzeko; Eusko Ikaskuntzak datorren astean “Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen” ekitaldian bildu asmo duen indar soziala. Bada lurzoru partekaturik, aski emankorra, esango nuke.

Asteon Jokin Bildarratz Autonomia Erkidegoko hezkuntza sailburuak esan du Hezkuntza Hitzarmenaren aldeko apustua egiteko garaia dela (horrela, hizki larriz idatzi du). EH Bilduk datorren asteko konferentzia politikoan landuko duen hezkuntza proposamen berritua ezagutarazi du.

Ados naiz, bai, herri honek Hezkuntza Hitzarmen bat behar du. Hezkuntza sistemak agortu egin direlako gurean eta eraldaketa gogoak, azpiko sormen emari horrek, ubide bat behar duelako. Lau ezaugarri jarriko nizkioke Hezkuntza Hitzarmenari. Bat, nazio ikuspegiz landua, euskal hezkuntzaren fase historiko berri bat irekiko duena. Bi, bateratzailea, etorkizunaren gaineko bisio partekatu batek gidatua. Hiru, sakoneko eraldaketa bat ekarriko duena: trantsizio bati bide emango dion jauzia. Lau, euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan kokatuko duena.

Badakit inertziak handiak direla, zaila dela epe laburreko interes lehiaren gainetik begirada komunitario eraldatzailea gailentzea. Baina utzidazue bizi izaten. Agian hezkuntzak ekar lezake dinamika politiko emankor bat, argi printza bat. Agian bai.