Edukira joan

Hurrengo urte politikoa ikusmiran

Wikitekatik
Hurrengo urte politikoa ikusmiran  (2021) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Hurrengo urte politikoa ikusmiran

Inoiz baino nekatuago iristen gara uda sasoi honetara. Horixe da nire inguruan sumatzen dudan sentsazio orokortua. Tunelaren amaiera begiztatzen genuela uste genuenean, bosgarren olatuak harrapatu gaitu. Mendian gora nekeak jota goazenean tontorra bertan ikustea iruditu eta uste baino urrunago dagoela konturatzen garenean izaten den antzerako sentsazioa da. Delta aldaeraren zabalpenak egoera pandemiko hau sarri uste izan dena baino ziurgabeagoa dela berresten du. Ez dakigu txertoek ematen duten babesa baliogabetuko duten aldaera berriak etorriko diren, eta ondorioz, pandemiaren bilakaera zein izango den eta nola eragingo digun.

Gure gogoa osasun krisiaren zurrunbilotik atera ezinik gabiltzala, urte luzeetarako garapen norabidea finkatuko duten erreformak daude mahaigainean. Hurrengo urte politikoa pisutsua izango da zentzu horretan: udazkenean pentsioen erreformaren lehen paketeko legeak eta lan erreformarenak eztabaidatuko dira Espainiako Kongresuan. Europar funtsen lehen diruak iritsiko dira, eta zertan eta nola inbertituko diren ikusiko da. Zerga erreforma ere agenda politikoan dago, mundu mailan, Europan eta baita espainiar estatuan ere. Zein da momentu historiko honi emango zaion aterabidea? Zein da finkatuko den norabidea?

Esango nuke ziklo ekonomiko berri baten atarian gaudela. Nahikoa zantzu daudela halakorik baieztatzeko. Merkatu librearen fundamentalismoak krisi sozial eta ekologikoaren murruaren kontra jo du, eta Txinaren estatu kapitalismoaren indarrak AEBen erreakzioa ekarri du Bidenen eskutik. Nabarmena da erretorika jakin bat nagusitu dela; Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next programaren bigarren bertsioaren sarrera irakurtzea besterik ez dago konturatzeko orain arteko diskurtsoetan dogmak izan direnak atzean geratu direla.

Gauza bat da erretorika on bat, ordea, eta beste bat programa politiko argi bat erretorika horrekin koherentea dena. Eta beste bat, programa hori aurrera ateratzeko beharrezko konbentzimendua eta gaitasuna izatea, jakinik lobby oso indartsuak daudela eginahalak eta bi egiten halabeharrezko eraldaketaren kontra, epe motzeko mozkinen peskizan. Eta horri dagokionez, bada ezkorrak izateko aski motiborik. Oso urria baita bisio estrategikoa gure erakundeetan (edozelako erakundeetan) eta momentu hau, era guztietako aldaketa sakonak datozen garai hau, epe ertain-luzera ez pentsatzea, muskulu estrategikorik ez garatzea, dramatikoa gerta dakiguke herri gisa.

Jokoan dago zein norabide finkatuko den

Udazkenean partida garrantzitsuak jokatuko dira, beraz. Pentsioekin, lan erreformarekin eta europar funtsekin jokoan baitago zein norabide finkatuko den: eraldaketa sozioekologikoari, aberastasunaren banaketari eta gizarte justiziari bide emango diona, ala eliteen interes lukratiboa bermatuko duena. Eraldaketa ordenatu bat ekar dezakeen norabidea ala eraldaketa kaotiko eta mingarria egingo duena, eraldaketa martxan baita eta ekidinezina baita.

Eskala estatalaz gain, europar eskalan zein mundu mailan ere finkatu daiteke norabidea datorren urte politikoan, neurri batean. COP26 konferentzia egingo da udazkenean eta klima aldaketa uste baino bortitzagoa eta azkarragoa dela frogatuko duen IPCC erakundean seigarren txostena ere plazaratuko da, gizadia ispilu tragiko baten aurrean jarriko duena. Aste honetan ezagutarazi du Europar Batzordeak 2030erako berotegi efektuko gasen isurketa %55 murrizteko helburua duen “Fit for 55” neurri sorta. Europako parlamentuan eztabaidatu beharko dira neurriok datorren urte politikoan ere, eta dilema berbera izango da: ahalik eta eraldaketa ordenatuena eta justuena versus eraldaketa kaotiko eta mingarria.

Datorren urte politikoak izan behar du, halaber, Euskal Herriak halako aldaketa aldi bati aurre egiteko ezinbestekoa duen tresneria juridiko-politiko berriaren gaineko eztabaida indarrez mahaigaineratzeko garaia. Burujabetzarik gabe azukre koxkor baten gisara urtuko baikara krisi aro honetan.