Edukira joan

Idazkuntzaren zero gradua-Testuaren atsegina/Testuaren atsegina

Wikitekatik

Idazkuntzaren zero gradua/ Testuaren atsegina

Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina  (1953 eta 1973)  Roland Barthes, translated by Juan Garzia Garmendia
Testuaren atsegina
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Testuaren atsegina

Ene bizitzako pasio bakarra beldurra izan da.

Hobbes


Testuaren atsegina: Bacon-en simulatzaileak nola, esan dezake: sekula ez desenkusatu, sekula ez azalpenik eman. Sekula ez du deus ukatzen:  "Begirada alboratuko dut, hori izango da aurrerantzean nire ukapen bakarra."

* * *

Demagun gizabanako bat (M. Teste alderantzizko halako bat) bere baitan barrerak, klaseak, esklusioak deseuztuko lituzkeena, ez sinkretismoz, baizik gainetik kenduz mamu zahar hori: kontraesan logikoa; lengoaia guztiak nahastuko lituzkeena, bateraezintzat jotzen direnak barne; ilogismo-, infideltasun-salaketa guztiak mutu pairatuko lituzkeena; zirkinik gabe eutsiko liokeena ironia sokratikoaren aurrean (bestea laidorik gaitzenera eramatea: kontraesanean erortzea) eta lege-izuaren aurrean (zenbat auzi-froga batasunaren psikologia batean oinarrituak!). Alegiazko gizon hori gure gizartearen makurren makurra litzateke: epaitegiek, eskolak, zoroetxeak, solasak, arrotz bihurtuko lukete: nork eusten dio lotsarik gabe kontraesanari? Alabaina, heroi hori existitzen da: testu-irakurlea da, bere atsegina hartzen duen unean. Beraz, antzinako mito biblikoa batekoz beste itzulikatzen da, lengoaien nahasketa ez da gehiago zigorra, lengoaien batera-bizitzeaz iristen da sujetua gozamenera, lengoaiok ondoz ondo lan egiten dutela: atseginezko testua Babel zoriontsua da.

(Atsegin/Gozamen: terminologikoki, zalantzan dabil oraindik kontua, estropozoka nabil, bazterrak nahastuz. Nolanahi ere, beti egongo da ezbai-tarte bat ; bereizkuntza ez da izango sailkapen ziurren iturri, paradigmak kirrinka egingo du, zentzua finkotasunik gabea izango da, behin-behinekoa, batekoz-bestegarria; diskurtsoa osagabea izango da.)

* * *

Halako esaldia, halako historia edo halako hitza atseginez irakurtzen baditut, horrek esan nahi du atseginean idatziak direla (atsegin hori ez dago kontraesanean idazlearen kexuekin). Baina batekoz beste? Atseginean idazteak ziurtatzen ote dit -idazle naizen honi- nire irakurlearen atseginik? Inondik ere ez. Irakurle hori, bilatu egin behar dut, ( "limurtu" egin behar dut), jakin gabe non den. Horra horrenbestez gozamen-gune bat sortua. Ez da bestearen  "pertsona" beharrezko zaidana, gunea baizik: desiraren dialektika baten, gozamenaren aurrikuspenik-ez baten posibilitatea: jokoak ez daitezela dagoeneko jokatuak egon, joko bat egon dadila jokatzeko.

Testu bat aurkezten didate. Testu horrek aspertu egiten nau. Berriketan diharduela dirudi. Testuaren berriketa zera baino ez da, idatzi-behar soil baten eraginpean sortzen den lengoai-bits hori. Ez dagokio makurbideari, eskaerari baizik. Bere testua idatziz, idazlariak elikadura-lengoaia bat hartzen du: inperatiboa, automatikoa, maitetasunik gabea, klikezko hondamendi koxkor halakoa (klikak, fonema esneztatuok, van Ginneken-ek, jesuita miragarri horrek, idazkuntzaren eta lengoaiaren artean kokatzen zituenak): xederik gabeko xurgaketa baten mugimenduak dira, oralitate itxuragabe batenak, gastrosofiaren eta lengoaiaren atseginak sortarazten duen beste oralitate horretatik bereiz. Irakur zaitzadan jotzen duzu nigana, baina ni ez naiz zuretzat jopuntu hori besterik; ez naiz zure begietan ezeren ordezko, ez dut inolako itxurarik (ozta-ozta Amarena); ez naiz zuretzat ez gorputz bat, ezta objetu bat ere (burlagai litzateke hori noski niretzat: ez da arima aitorpen eske daukadana), baizik zabalpen -eremu, -ontzi bat soilik. Alegia, esan daiteke azken batean gozamen orotatik at idatzi duzula zuk testu hori; eta berriketa-testu hori azken buruan testu frigido bat da, nola baita eskaera oro, eskaera horretan desira, neurosia, mamitzen den arte.

Neurosia okerrenera-jotze bat da: ez  "osasun"arekiko, Bataille-k aipatzen duen "inposible" horrekiko baizik ( "Neurosia inposiblezko hondo baten atzemate beldurtia da", eta abar); okerrenera-jotze horri esker baino ez da, ordea, posible idaztea (eta irakurtzea). Paradoxa honetara gatoz, bada: Bataille-k -edo bestek- eromenaren barrutik neurosiaren aurka idatziriko testuek beren baitan dute, irakurriak izatea nahi badute, beren irakurleak gogatzeko ezinbestekoa den neurosi apur hori: testu ikaragarri horiek, era berean, testu koketoak dira.

Idazle orok esango du, beraz: erorik ezin dut, sanorik ez hartara makurtzen, neurosiak jorik nago.

Zuk idazten duzun testuak desiratzen nauela frogatu behar dit. Bada horren frogabiderik: idazkuntza. Hona zer den idazkuntza: lengoaiaren gozamenen zientzia, haren kamasutra (zientzia horrenik, tratatu bat baino ez dago: idazkuntza bera).

* * *

Sade: irakurketaren atsegina, bistan da, zenbait hausturatatik dator (edo zenbait talkatatik): antipatikoak diren kodeek (noblea eta tribiala, adibidez) topo egiten dute; neologismo arranditsu eta irrieragingarriak sortzen dira; mezu pornografikoak hain esaldi aratzez tankeraturik daude, ezen gramatika-adibideak baitirudite. Testuaren teoriak dioen bezala: lengoaia birbanatu egiten da. Alabaina, birbanakuntza hori ebakiz egiten da beti. Bi ertz sortzen dira horrenbestez: ertz zuhur, moldakor, plagiario bat (lengoaia bere maila kanonikoan kopiatzea, alegia, eskolak, erabilera zuzen-egokiak, literaturak, kulturak, finkatu duten moduan), eta beste ertz bat, mugikorra, hutsa (zeinahi ere inguru-muga hartzeko gai dena), zeina ez baita inoiz bere efektuaren jokalekua baino: han non lengoaiaren heriotza begiztatzen den. Bi ertzok, ertzok jokoan jartzen duten konpromezua, beharrezkoak dira. Ez kultura ez kulturaren suntsipena dira erotikoak; bataren eta bestearen huts-gunea da erotikoa gertatzen dena. Testuaren atsegina zeraren antzekoa da, libertinoak makinazio ausart baten buruan dastatzen duen une helezin, ezinezko, soil-soilik eleberrietako horrena, zeinean hark urkatik eusten dion soka trenkarazten baitu, gozatzen duen unean.

Hortik, apika, modernitatearen obrak balioesteko modu bat: haien balioa haien bikoiztasunetik letorke. Alegia, bi ertz dituztela beti. Ertz subertsiboak gailen irudi dezake, bortxarena delako ; ez da, ordea, bortxa atseginari zirrara eragiten diona; suntsiketak ez dio interesik pizten; nahi duena galera baten gunea da; huts-gunea, etena, deflazioa, fadinga da sujetua gozamenaren bihotzean harrapatzen duena. Kultura ertz gisa itzultzen da beraz: zeinahi ere formaren pean.

Batez ere, bistan da (hortxe ageriko da ertza nabarien), materialitate huts baten formaren pean: hizkuntza, haren lexikoa, haren metrika, haren prosodia. Philippe Sollers-en Loisen, dena dago erasoa, deseraikia: eraikuntza ideologikoak, elkartasun intelektualak, lengoaia-banakoen bereizkuntza eta are sintaxiaren armadura sakratua (sujetu/predikatu): testuak ez du gehiago esaldia eredu; hitz-zurrustada indartsu bat da sarritan, infra-hizkuntzazko zirrinta bat. Bizkitartean, horrek guztiak beste ertz baten kontra jotzen du: neurriarena (dekasilaboa), asonantziarena, neologismo egiantzekoena, erritmo prosodikoena, tribialismoena (aipuzkoak). Lengoaiaren deseraikuntza esate politikoak ebakitzen du, eta adierazlearen kultura arras antzinakoa du mugaide.

Severo Sarduy-ren Cobran (Sollers-ek eta egileak itzulia), alternatzia hori zeinek baino zeinek gehiago egoera batean dauden bi atseginena da; beste ertza beste zoriona da: gehiago, gehiago, gehiago oraindik! beste hitz bat gehiago oraindik, beste festa bat gehiago. Lengoaia beste nonbait berreraikitzen da, lengoaiaren atsegin guztien fluxu zukutuaz. Beste nonbait, non? hitzen paradisuan. Zinez da hori testu paradisiako bat, utopikoa (leku gabea), betetasunaren bidez lorturiko heterologia bat: adierazle guztiak daude bertan, eta bakoitzak bete-betean jotzen du bere xedea; egileak (irakurleak) zera diotse, itxura denez: oro maite zaituztet (hitz, esapide, perpaus, adjetibo, haustura: nahas-mahas: zeinuak eta haiek ordezkatzen dituzten objetu-ikususteak); frantziskotartasun halako batek hots egiten die hitz guztiei pausatzera, elkarren kontra estutzera, berriz airatzera: testu jaspeatu, ñabar-bilbatu; lengoaiak bete-bete eginik gaude, zenbait haur bezala, zeinei ez bailitzaieke sekula deus ukatuko, kargurik hartuko, edo are okerrago:  "baimenduko". Bozkario jarrai baten agintza da, hitzezko atseginak bere gehiegiz jo-eta-txunditurik uzten gaituen eta gozamenera iraultzen deneko unea.

Flaubert: diskurtsoa ebakitzeko, zulatzeko modu bat, zentzugabe bihurtu gabe.

Jakina, erretorikak ezagutzen zituen eraikuntza mailako hausturak (anakolutoak) eta subordinazio mailakoak (asindetonak); baina Flaubert-ekin lehen aldiz haustura ez da salbuespenezkoa, noizean behingoa, distiratsua, enuntziatu arrunt baten materia hitsean apaingarri bakan: ez dago gehiago hizkuntzarik figura horietatik honago (esan nahi baita, beste zentzu batean: hizkuntza baino ez dago); asindeton orokortu batek harrapatzen du enuntziazio guztia, halako moldez non oso irakurgarri den diskurtso hori, eskupetik, imajina litekeen zoroena baita: logikazko txanpon txiki guztiak zirrikituetan daude.

Horra diskurtsoaren egoera arras sotil, ia eutsiezin bat: narratibitatea deseraikirik dago eta historiak irakurgarri dirau halaz guztiz: sekula ez dira ageri izan huts-gunearen bi ertzak nabariago eta eutsiago, sekula ez da egon atsegina irakurleari zabalago eskainia -zainpeko hausturen, amarruzko konformismoen eta zeharkako suntsipenen zale baldin bada bederen. Kasu horretan arrakasta egile bati zor zaiola nabariago denez, jardun-atsegin erantsi bat ere bereganatzen du egile horrek: balentria zera da, lengoaiaren mimesiari (lengoaia bere burua imitatzen), atsegin handien iturri baita, hain modu errotik anbiguoan eustea (sustrairaino anbiguo) non testua ez dadin inoiz eror parodiaren (barre irentzailearen, "irri eragiten duen komiko"aren) kontzientzia onean (eta fede txarrean).

Gorputz baten tokirik erotikoena ez al da jantzia ireki ez ireki dabilen hura? Makurbidean (zeina baita testuaren atseginaren jardunbidea) ez dago  "zona erogeno"rik (esamolde bestela ere aski gogaikarria); intermitentzia da, psikoanalisiak ongi esan duenez, erotikoa dena: bi janzkiren artean (galtza eta jertsea), bi ertzen artean (alkondara erdirekia, eskularrua eta mauka) dizdiz dagien larru-printzarena; dizdiz hori bera da gogatzen duena, edo areago: agerpen-desagerpen baten eszenaratzea.

Ez dago hor gorputzaren strip-teasearen edo narrazioaren suspensearen atseginik. Batean zein bestean, ez dago urradurarik, ez dago ertzik: agerian-jartze progresibo bat: kitzikapen-zirrara guztia sexua ikustearen esperantzan babesten da (eskola-ume baten ametsa), edo historiaren amaiera ezagutzearenean (eleberrietako gogobetetzea). Paradoxalki (jendeak erruz kontsumitzen duena baita), bestea baino askoz ere intelektualagoa da atsegin hori: atsegin edipikoa (biluztea, jakitea, jatorria eta amaiera ezagutzea), egia baldin bada narrazio oro (egiaren agerian-jartze oro) Aitaren eszenaratze bat dela (Aita ausente, ezkutatu edo hipostasiatua) - horrek argituko luke narrazio-formen, familia-egituren eta biluztasun-debekuen elkarkidetasuna, zeinak denak batera agertzen baitira, gure artean, Noe bere semeek jantziz estaltzen duteneko mitoan.

Hala ere, narraziorik klasikoenak (Zola-ren, Balzac-en, Dickens-en, Tolstoi-ren eleberri batek) tmesi moteldu halako bat darama bere baitan: ez dugu dena irakurketa-intentsitate beraz irakurtzen; erritmo bat hartzen dugu, trabarik gabea, begirune gutxi duena testuaren integritatearen kontuan: ezagutzaren gose-egarriak berak eramaten gaitu zenbait pasarte ( "aspergarri"tzat sentitzen baititugu aurrez) gainbegiratu edo haien gainetik jauzi egitera, lehenbailehen harrapatzeko berriro anekdotaren gune goriak (zeinak beti baitira haren artikulazioak: enigmaren edo patuaren bilakaera aurrerarazten duen hori): zigor-beldurrik gabe saltatzen ditugu (inork ez gaitu ikusten) deskribapenak, azalpenak, gogoeta-oharrak, solasak; zera dirudigu une horretan, kabareteko ikusle bat, taulatu gainera igo eta dantzariaren strip-teasea bizkortuko lukeena, hari jantziak ziztu bizian kenduz, baina ordenuan, hots: alde batera errespetatuz eta bestera beren amaierara bizkorrago eramanez errituaren atalak (bere mezarekikoak ri-rau egingo lituzkeen apaiz baten moduan). Tmesiak, atsegin -iturri nahiz -irudi, bi ertz prosaiko jartzen ditu aurrez aurre; sekretuaren ezagubiderako baliagarri zaiona eta ez zaiona oposatzen ditu; funtzionalitate-printzipio sinple batetik sorturiko huts-gunea da; ez da gertatzen lengoaien egituran bertan, baizik haien kontsumizioaren unean soilik; egileak ezin du hura aurrikusi: ezinezkoa du irakurriko ez dena idatzi nahi izatea. Eta hala ere, irakurtzen denaren eta irakurtzen ez denaren erritmo horixe da narrazio handien atsegina sortarazten duena: irakurri ote da sekula Proust, Balzac, Gerra eta bakea, hitzez hitz? (Proust-en zoriona: irakurketa batetik bestera, ez dira inoiz pasarte berak saltatzen.)

Narrazio batean dastatzen dudana ez da, beraz, zuzenki haren edukia, ezta haren egitura ere, baizik hura bildurik datorren azal ederrari inposatzen dizkiodan atzamarkak, nolabait: korri egiten dut, jauzi, burua jaso, ostera murgildu. Zerikusirik ez gozamenezko testuak lengoaiari berari -eta ez haren irakurketaren tenporalitate soilari- eragiten dion urradura sakonarekin.

Hortik irakurketarako bi jardunbide: bata zuzen doa anekdotaren artikulazioetara, testuaren zabala hartzen du aintzat, ez die jaramon egiten lengoai jokoei (Jules Verne irakurtzen badut, bizkor noa: diskurtso zatiak galtzen ditut, baina hala ere nire irakurketa ez du liluratzen hitzezko ezein galerak -hitz horrek espeleologian izan dezakeen zentzuan); beste irakurketak ez du deus pasatzen uzten; pisua du, testuari itsasten zaio, aplikazioz eta amorruz irakurtzen du (hala esatea zilegi bada), lengoaiak ebakitzen dituen asindetonari eusten dio testuaren puntu bakoitzean -eta ez anekdotari: ez da zabaltasuna (zabaltasun logikoa), egien hosto-kenketa, liluratzen duena, esanahien hosto-oraketa baizik; esku beroaren jokoan bezala, kitzikadura ez dator prozesuzko laster-behar batetik, xaribari bertikal halako batetik baizik (lengoaiaren eta haren suntsiketaren bertikaltasuna); esku (desberdin) bakoitza bestearen gainetik (eta ez bata bestearen ondoren) jauzi egiten duen unean gertatzen da zuloa ireki eta zulo horrek jokoaren sujetua -testuaren sujetua- berekin eramatea. Alabaina, paradoxalki (iritzi arruntak ez aspertzeko bizkor joatea aski dela uste duen ber), bigarren irakurketa da, aplikatu hori (hitzaren berezko zentzuan), testu modernoari, muga-testuari dagokiona. Irakur astiro, irakur dena, Zola-ren eleberri batean, eta liburua eskutik eroriko zaizue; irakur bizkor, zatika, testu moderno bat, eta testu hori opako bihurtzen da, zure atseginerako biderik gabea: zerbait gerta dadila nahi duzu, eta ez da deus gertatzen; ezen lengoaian gertatzen dena ez da gertatzen diskurtsoan: "gertatzen" dena, heldu eta "joaten" dena, bi ertzen huts-gunea, gozamenaren zirrikitua, lengoaien bolumenean agitzen da, enuntziazioan, ez enuntziatuen segidan: ez irentsi, ez ri-rau testuarekikoak egin, baizik haren azken apurra bazkatzeraino alatu; egungo egileok irakurtzeko, antzinako irakurketen aisia berraurkitu: irakurle aristokratikoak izan.

* * *

Testu bat atseginaren arabera epaitzea onartzen badut, ezin diot utzi neure buruari esaten: hau ona da, hura txarra da. Irabazle-zerrendarik ez, kritikarik ez, kritikak beti inplikatzen baitu ikuspegi taktiko bat, erabilera sozial bat eta sarri askotan estaldura alegiazko bat. Ezin dut dosifikatu, testua hobetzeko modukoa dela imajinatu, predikatu arautzaileak erabiliko ditudan joko batean sartzeko prest: gehiegiko zera da, ez da aski zera; testuak (gauza bera gertatzen da kantatzen duen ahotsarekin) ezin dit inondik ere adjetiboa ez den juzgu hau baino jaulkiarazi: hori da! Eta areago: hori da niretzat!  "Niretzat" hori ez da ez subjetiboa, ez existentziala, nietzscheanoa baizik ( "…funtsean, kontu bera da beti: Zer da hori niretzat…").

Testuaren oldarra (zeina gabe, finean, ez bailegoke testurik) haren gozamen-borondatea litzateke: eskaerari gailentzean berriketatik harago doa eta horrenbestez adjetiboen zurruntasuna gainditzen, berera makurrarazten saiatzen da -adjetiboak baitira lengoaiaren ate horiek zeinetatik ideologikoa eta alegiazkoa dena oldeka sartzen den.

* * *

Atseginezko testua: kontentatzen, gogobetetzen, euforia ematen duena; kulturatik datorrena, harekin hausten ez duena, irakurketaren praktika eroso batekin loturik dagoena. Gozamenezko testua: galera-egoeran jartzen duena, deseroso sentiarazten duena (nolabaiteko asperduraraino apika), irakurlearen oinarri historiko, kultural, psikologikoak, haren gustuen, haren balioen eta haren oroitzapenen kontsistentzia kordokarazten dituena, haren lengoaiarekiko erlazioa krisian jartzen duena.

Alabaina, sujetu anakroniko bat da bi testuei bere barrutian, eta bere eskuetan atseginaren eta gozamenaren uhalei, eusten diena, ezen aldi berean eta kontraesankorki hartzen baitu parte kultura ororen hedonismo sakonean (zeina liburu zaharrak partaide direneko bizitzeko arte baten estalkipean sartzen baita ezarian haren baitara) eta kultura horren suntsiketan: bere niaren kontsistentziaz gozatzen da (hori du bere atsegina) eta ni horren galera bilatzen du (hori du bere gozamena). Bere baitan birritan banaturik dagoen sujetu bat da, birritan makurra.

* * *

Testuaren Lagunen Elkartea : bazkideek ez lukete deus komunik (ez baitago nahitaez adostasunik atseginezko testuei buruz), beren arerioak baizik: gisa guztietako gogaikarri-jendea, testuaren eta haren atseginaren biderik-eza ebazten duena, dela konformismo kulturalez, dela razionalismo intrantsigentez (literaturaren  "mistika" bat susmaturik), dela moralismo politikoz, dela adierazlearen kritikaz, dela pragmatismo ergelez, dela zozokeria xelebrez, dela diskurtsoaren suntsiketaz, hitzezko desiraren galeraz. Halako elkarte batek ez luke lekurik, ezingo litzateke mugitu atopiaren erdian baino; falansterio moduko bat litzateke, hala ere, ezen kontraesanak aitortuak leudeke bertan (eta hala ideologia-inposturarako arriskuak estu mugatuak), desberdintasunari men egingo litzaioke eta gatazka huskeriatzat joko (atsegin-sortzaile ez izaki).

"Desberdintasuna lerra dadila ezkutuki gatazkaren lekuan." Desberdintasuna ez da gatazka mozorrotzen edo edulkoratzen duena: gatazkari nagusituz lortzen da, gatazkatik harago dago, eta haren ondoan. Gatazka ez litzateke desberdintasunaren izamolde morala besterik; taktikoa (egoera erreal bat eraldatzera xedatua) ez den bakoitzean (eta maiz aski gertatzen da hori egun), gozatze-falta nabarmen daiteke bertan, bere kodearen pisuaren pean zapal-zapal egiten den eta bere burua asmatzen ez dakien makurbide baten porrota: gatazka kodeturik dago beti, agresioa ez da lengoaiarik higatuena baino. Bortxa arbuiatuz, kodea bera arbuiatzen dut (Sade-ren testuan, zeina kode orotatik at baitago, zeren etengabe asmatzen baitu bere-berea eta berea bakarrik den kodea, ez dago gatazkarik: garaipenak baino ez). Lengoai gune berezi bat delako dut gogoko testua, gune bat zeinetik "eszena" oro (hitzaren zentzu senar-emazteen arteko, ezkontidezkoan), logomakia oro, ausente baitago. Testua ez da inoiz  "elkarrizketa": inolako amarru-, agresio-, xantai arriskurik, inolako idiolekto-aurkakotasunik ez; irlatxo moduko bat sortzen du giza harremanaren -giza harreman arruntaren- barruan, atseginaren izate asoziala erakusten du (aisia bakarrik da soziala), gozamenaren egia eskandalagarria begiztarazten du: balitekeela, alegia, hura, hizketazko imajinario oro deusezturik egonik, neutroa izatea.

* * *

Testuaren taulatu gainean, eszena-atzerik ez: ez dago testuaren atzean norbait aktiboa (idazlea) eta haren aurrean norbait pasiboa (irakurlea); ez dago sujetu bat eta objetu bat. Testuak indargabe uzten ditu jarrera gramatikalak: egile gehiegizko batek (Angelus Silesius) aipatzen duen begi bereizigabea da:  "Nik Jainkoa ikusten dudan begia hark ni ikusten nauen bera da."

Badirudi arabiar eruditoek, testuaz mintzo, honako esapide miragarri hau erabiltzen dutela: gorputz ziurra. Zein gorputz? Anitz baitugu; anatomisten eta fisiologoen gorputza, zientziak ikus- edo mintzagai duena: gramatikarien, kritikarien, iruzkingileen, filologoen testua da hori (feno-testua). Baina badugu halaber gozamen-gorputz bat, erlazio erotiko hutsez egina, lehenbizikoarekin inolako zerikusirik ez duena: beste bereizbide bati dagokio, eta izendapena ere desberdina dagokio; hala testua ere: lengoaiaren suen zerrenda irekia baino ez da (su biziok, argi intermitenteok, ereiteko haziak bezala testuan zehar paraturiko arrasto ibiltariok, zeinek abantailatsuki ordezkatzen baitituzte guretzat  "semina aeternitatis" nahiz  "zopyra" direlakoak, nozio komunak, filosofia zaharraren oinarrizko egiatzakoak). Testuak giza itxura du, gorputzaren irudi bat, anagrama bat da? Bai, baina gure gorputz erotikoarena. Testuaren atsegina ezingo litzateke bere funtzionamendu gramatikazkora (feno-testualera) mugatu, gorputzaren atsegina behar fisiologikora muga ez daitekeen bezala.

Testuaren atsegina nire gorputzak bere ideia propioei jaramon egingo dien une hori da -ezen nire gorputzak ez ditu nire ideia berak.

* * *

Nola har atsegin inorengandik jasoa den atsegin bati (ametsen, jaialdien kontaeren aspergarria)? Nola irakur kritika? Modu bakarra: kasu horretan bigarren graduko irakurle naizenez, neure kokalekua aldatu behar dut: atsegin kritiko horren konfidentea izatea onartu beharrean -atsegin hori huts egiteko modu segurua-, haren ikusle, voyeur, bihur naiteke: ezkutuki zelatatzen dut bestearen atsegina, makurbidean sartzen naiz; iruzkina nire begietan testu bilakatzen da orduan, fikzio, gainestalki pitzatu. Idazlearen makurbidea (idazteko haren atsegina funtzio gabea da), kritikariaren eta haren irakurlearen makurbide bikoitz eta hirukoitza, infinituraino.

Atseginari buruzko testu bat ezin da izan laburra besterik (esaera denez: hori al zen dena? laburtxo aukeran), zeren atsegina zeharka, errebindikazio baten bitartez, baino ezin hitzetara daitekeenez (atseginerako eskubidea dut), ezin gaitezke jalgi dialektika labur, bi denbora dituen batetik: doxaren, iritzi arruntaren denbora, eta paradoxarena, ihardespenarena. Hirugarren termino bat falta da, ez atsegina eta ez haren gaitzespena izango ez dena. Termino hori geroko gerora utzia da, eta "atsegin"aren izenari berari atxikirik jardungo den heinean, atseginari buruzko testu oro ez da inoiz izango luzagarri baino; sekula idatziko ez den horren atariko halako bat izango da. Arte garaikideko zenbait ekoizpenen antzera, zeinak ikusi orduko bihurtzen baitira alferrikako (zeren haien ikuste hutsak berehala ulertarazten baitigu nolako xede suntsitzailez erakusten diren: ez dago haietan inolako iraupen kontenplatibo edo delektatiborik), delako atariko edo sarrera horrek bere burua errepikatu baino ezingo luke egin -sekula beste ezeri sarbiderik eman gabe.

* * *

Testuaren atsegina ez da nahitaez garaile, heroiko, indartsu horietakoa. Ez dago bizkar-tente jarri beharrik. Nire atseginak jitoan-joate halako baten itxura har dezake, hain zuzen. Osotasuna errespetatzen ez dudan bakoitzean heldu da jitoan-joate hori, noiz eta, lengoai ilusio, lilura eta larderiek beren gogara, uhinaren gainean kortxo bat nola, harat-honat narabiltela iruditzearen poderioz, geldi-geldi geratzen bainaiz, testuarekin (munduarekin) lotzen nauen gozamen trataezin horren gainean piririka. Lengoaia sozialak, soziolektoak huts egiten didan bakoitzean gertatzen da jitoan-joate hori (huts egin, bihotzak huts egiten dit esaten den bezala). Horra zergatik jitoan-joatearen beste izen bat zera litzatekeen: Trataezina -edo apika are: Txorakeria.

Hala ere, inork halako batean lortuko balu, jitoan-joate hori hitzetaratzea diskurtso suizida litzateke gaur egun.

* * *

Testuaren atsegina, atseginezko testua: esapide horiek anbiguoak dira ez dagoelako frantsesez hitzik aldi berean atsegina (gogobetetasuna) eta gozamena (zorabioa) hartzen dituenik.  "Atsegin" hitza, beraz, gure honetan (eta, ezinbestean, abisurik gabe), gozamena ere barnean hartzen duen zentzuan erabiltzen da batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, haren aurkakoa da. Moldatu beharra daukat, baina, anbiguitate horretara; ezen, alde batetik,  "atsegin" orokor baten premia dut, testuaren gehiegikeria bati buruz -hartan funtzio (sozial) oro eta funtzionamendu (estruktural) oro gainditzen duenari buruz- mintzatu behar dudan bakoitzean; eta bestetik, atsegin-Osotasunaren parte soila den  "atsegin" partikular baten premia dut, euforia, gogobetetasuna, ongi-egotea (asetasun-sentimendua, non kultura eragozpenik gabe sartzen den), gozamenak berezko dituen zartada-, asaldura-, eta galera-sentsazioetatik bereizi behar ditudan bakoitzean.  "Atsegin" hitzetik aldian-aldian komeni ez zaizkidan zentzuak eralkitzeko modurik ez dudalako nago bortxaturik anbiguitate horretara: ezin dut eragotzi frantsesez  "atsegin" hitzak aldi berean orokortasun bat ( "atsegin-printzipioa") eta miniaturatze bat adieraztea ( "Gure atsegin txikietarako daude ergelak hemen behean"). Beharturik nago, beraz, nire testuaren enuntziatua kontraesanean murgiltzen uztera.

Atsegina ez da gozamen txiki bat baino? Gozamena ez da atsegin ezinago bat baino? Atsegina ez da gozamen moteldu, onartu -eta hautsi-mautsi mailaketa baten bitartez desbideratu- bat baino? Gozamena ez da atsegin animaleko, zuzen-zuzen (bitartekotasunik gabe) bat baino? Bai ala ez, erantzun horren baitan dago geure modernitatearen historia kontatuko dugun modua. Ezen, atseginaren eta gozamenaren artean gradu-desberdintasuna baino ez dagoela badiot, orobat esaten ari naiz historia bakeraturik dagoela: gozamenezko testua ez da atseginezko testuaren garapen logiko, organiko, historikoa baino; abangoardia ez da inoiz kultura iraganaren forma progresibo, burujabea baino: Atzotik sortua da Egun, Robbe-Grillet Flaubert-en dago jadanik, Sollers Rabelais-en, Nicolas de Staël osoa Cézanne-ren bi cm2tan. Baina aitzitik uste badut atsegina eta gozamena indar paraleloak direla, ez dutela elkargunerik eta haien artean borroka bat baino zerbait gehiago dagoela -inkomunikazio bat, alegia, orduan pentsatu beharko dut noski historia, gure historia, ez dela otzana, ezta beharbada buruargia ere; gozamenezko testua eskandalu baten gisara (herren baten gisara) agertzen dela beti historia horretan; eten baten, baieztapen baten aztarna dela beti (eta ez bozkariozko barreiatze halako batena), eta historia horren sujetua (beste batzuen artean ni naizen sujetu historiko hori), obra iraganen gustua eta obra modernoen sustengua sintesizko mugimendu dialektiko eder batez biak batera bere eginez patxadatu beharrean, ez da sekula "kontraesan bizi" bat baino: sujetu banatu bat, zeinak batera gozatzen baitu, testuaren bitartez, bere niaren kontsistentziaz eta haren (bere) erorketaz.

Hona, bestetik, psikoanalisiaren eskutik, atseginezko testuaren eta gozamenezko testuaren oposaketa oinarritzeko modu zeharkako bat: atsegina hitzetara daiteke, gozamena ez.

Gozamena hitzetaraezina da, galarazia ( "in-dicible, inter-dite"). Ikus zer dioen Lacan-ek ( "Garbi eduki behar dena zera da, gozamena galarazia zaiola mintzo denari, gozamen gisa; edo, bestela esanik, lerro-artean baino ezin dela hitzetaratu…") edota Leclaire-k ( "…esaten duenak, esate horren bitartez, galarazi egiten dio bere buruari gozamena; edo, batekoz beste, gozatzen duenak ospatzen ari den ezereztapenaren absolutuaren zorabioan galarazten du letra oro -eta esate posible oro.")

Atseginezko idazleak (eta haren irakurleak) letra onartzen du; gozamenari uko eginik, hura hitzetaratzeko eskubide eta ahalmena du: haren atsegina da letra; obsesionaturik dago letraz, hala nola baitaude lengoaia (ez hizketa) maite dutenak -logofilo, idazle, gutungile, lengoaialari guztiak-; atseginezko testuez, bada, mintza daiteke (eztabaidarik ez, berriz, gozamenaren ezereztapen horrekin): kritikak atseginezko testuak hartzen ditu oinarri, sekula ez gozamenezkoak: Flaubert, Proust, Stendhal behin eta berriro iruzkintzen dira, sekula ahitu gabe; hala, kritikak testu tutorearen gozamen alferrekoa du mintzagai, iraganeko edo etorkizuneko gozamena: irakurtzera zoaz, irakurria dut: kritika beti da historikoa edo prospektiboa: baiespenezko presentea, gozamenaren presentazioa galarazia zaio; gogokoen zaion gaia, beraz, kultura da, hots, gugan oro dena, gure presentea izan ezik.

Gozamenezko idazlearekin (eta haren irakurlearekin) testu eutsiezina hasten da, testu ezinezkoa. Testu hori atseginez kanpo dago, kritikaz kanpo, non eta gozamenezko beste testu batek ez dion heltzen: ezin duzu hitz egin halako testu baten  "gainean", haren  "baitan" hitz egin dezakezu soilik, haren erara, plagio zoro batean murgildu, histerikoki baieztatu gozamen-hutsunea (eta ez gehiago obsesiboki errepikatu atseginaren letra).

* * *

Mitologia koxkor oso batek sinestarazi nahi liguke atsegina (eta bereziki testuaren atsegina) eskuineko ideia bat dela. Eskuinak, mugimendu bakar beraz bidaltzen du ezkerrerantz abstraktu, aspergarri, politiko den oro, eta atsegina beretzat gordetzen: ongi etorri gure artera, azkenean literaturaren atseginera zatozen hori! Eta ezkerrak, berriz, moralez, (Marx-en eta Brecht-en puruak ahaztuz), susmagarritzat jotzen du, eta txarresten,  "hedonismo-hondar" oro. Eskuinean, intelektualitatearen, klerikaturaren aurka errebindikatzen da atsegina: aspaldiko mito atzerakoiaren aurrean gaude noski: bihotza buruaren aurka, sentsazioa arrazoibidearen aurka,  "bizia" (bero)  "abstrakzio (hotz)"aren aurka: artistaren eginkizuna ez al da, bada, Debussy-ren harako arau parte txarreko haren arabera,  "apal-apal, jendearen atsegingarri izaten ahalegintzea"? Ezkerrean, ezagutza, metodoa, engaiamendua, borroka oposatzen zaio "gustuan-laketze soil"ari (haatik: ezagutza bera gustagarri goxo balitz?). Bi aldeetatik, gauza sinplea delako ideia xelebre hori dela-eta errebindikatzen edo mespretxatzen da atsegina. Atsegina, ordea, ez da testuaren elementu bat, hondar inozo halako bat; ez dago adimenaren eta sentsazioaren logikoa baten baitan; jitoan-joate bat da, aldi berean iraultzailea eta asoziala den zerbait, eta ezein taldek, ezein pentsamoldek, ezein idiolektok ezin du haren ardura bere gain hartu. Neutroa den zerbait ote? Argi dago testuaren atsegina eskandalagarria dela: ez inmorala delako, atopikoa delako baizik.

* * *

Zergatik, testu batean, halako hitz-ospakuntza oparoa? Soberan dauden aberastasunen, alferriko xahutze, baldintzagabeko galtzearen parte ote da lengoaiaren luxua? Atseginezko obra handi bat (Proust-ena, adibidez) Egiptoko piramideen ekonomia beraren partaide ote da? Eskalearen, Monjearen, Bonzoaren ordezkari hondarrekoa ote da gaur: etekinik ez duen baina hala ere jaten ematen zaiona? Sangha budikoaren antzera, literatur kidegoa, bere buruari ematen dion desenkusa gora-behera, merkatari-gizarteak mantentzen du, ez idazleak ekoizten duenarengatik (ez du deus ekoizten), baizik erretzen duenarengatik? Soberan dagoena, baina inondik ere alferrikakoa ez?

Modernitateak etengabeko ahalegina egiten du trukea gainditzeko: aurre egin nahi dio obren merkatuari (masa-komunikaziotik bere burua baztertuz), zeinuari (zentzutik aske geraturik, zoramenaren bitartez), sexualitate prestuari (makurbidearen bitartez, makurbideak ugalketa-xedea kentzen baitio gozamenari). Eta hala ere alferrik: trukeak dena berreskuratzen du, hura ukatzen duela dirudiena bere girora ekarriz: testuari heldu, eta xahutze alferreko baina legezkoen zirkuituan sartzen du: horra hor ekonomia kolektibo baten barnean kokaturik ostera (ekonomia hori psikologiko hutsa den kasuan ere): testuaren ezertarakoeztasuna bera da baliagarri dena, potlatch gisa. Bestela esanik, gizartea bera ere banakuntza-modu horrek bizi du: hemen, testu sublime, desinteresatu bat; han, merkatu-gai bat, zeinaren balioa…objetu horren doakotasuna den. Banakuntza horretaz, ordea, gizarteak ez du inolako ideiarik: ez du ezagutzen bere makurbide propioa:  "Auzitan dauden bi alderdiek dute beren partea: pultsioak eskubidea du gogobetetzeko, errealitateak zor zaion begirunea jasotzen du. Baina, gaineratzen du Freud-ek, ez dago deus doakorik heriotza baino, jakina denez." Testuarentzat, ez legoke deus doakorik haren suntsipena baino: inolaz ere ez gehiago idatzi, salbu eta beti berreskuratua izatekotan.

* * *

Maite denarekin egon eta beste gauza batez pentsatu: horrela ditut nik pentsamendurik onenak, horrela asmatzen dut ongien lanerako behar dudana. Gauza bera testuari dagokionez: zeharka entzunaraztea lortzen badu sortzen du nigan atseginik hoberena; hura irakurtzean maiz burua altxatzera beharturik banago, alegia, beste gauza bat aditzera. Ez da ezinbestekoa atseginezko testuak ni bere liluran gatibu hartzea; egintza arin, konplexu, eutsi, ia sorra izan daiteke testu horrek eragiten didana: buruaren mugimendu tupustekoa, txori batena nola, ez baitu aditzen gu entzuten ari garenik ezer, guk aditzen ez duguna entzuten ari baita.

* * *

Emozioa: zergatik izan behar ote zuen gozamenarekiko antipatikoa (sentimentalitatearen, ilusio moralaren aldean ikusten nuen zeharo: oker nengoen)? Nahasmendu bat da, zorabiozko bazter bat: makurbidezko zerbait, itxura prestu-usteen azpian; are, beharbada, galerarik maltzurrena, ezen arau orokorra kontraesaten du, tankera finko bat eman nahi baitio arau horrek gozamenari: indartsu, bortitz, gordin: zerbait ezinbestean gihartsu, tinko, falikoa. Arau orokorraren kontra: ez utzi inoiz gozamenaren irudiak tronpa gaitzan; onartu maitasunaren araubidearen nahasmendu bat gertatzen den zer guztietan dagoela (garaiz aurretiko gozamena, gozamen atzeratua, hunkitua, eta abar): pasio-maitasuna gozamen gisa? Gozamena zuhurtzia gisa (bere burua ulertzea erdiesten duenean, bere aurriritzi propioetatik kanpo ulertu ere)?

* * *

Alferrik da: asperdura ez da sinplea. Asperduratik (obra baten, testu baten aurrean), ez gara libratzen jestu batez gogaitu gaituela adieraziz edo hor-konpon esanez besterik gabe. Testuaren atseginak zeharkako ekoizpen oso bat suposatzen duen era berean, asperdurak ere ezin du bere alde agertu inolako espontaneitate-usterik: ez dago asperdura zintzorik: pertsonalki berriketa-testuak aspertzen banau, azken batean eskaera gogoko ez dudalako da noski. Baina gogoko banu (nolabaiteko ama-goserik banu)? Asperdura ez dago gozamenetik urrun: gozamena bera da, atseginaren lurraldearen ertzetik ikusia.

* * *

Historia bat modu gisatsu, hitz garbizko, malizia gabe batean kontatua denean, tonu txintxo-zurrun batean, zenbat eta areago hala izan, orduan eta errazago da hura bihurtzea, narrastea, alderantziz irakurtzea (Mme de Ségur, Sade-k irakurria). Alderantzitze horrek, ekoizpen hutsa izanik, berebiziko indarrez gararazten du testuaren atsegina.

* * *

Bouvard et Pécucheten honako esaldi hau irakurtzen dut, zeina atsegingarri baitzait:  "Mahaigainekoak, maindireak, esku-zapiak ageri ziren bertikalki dilindan, zurezko gakoz soka tinkatuei erantsiak." Zehaztasun-soberakin bat dastatzen dut nik hor, lengoaiaren doitasun maniako halako bat, deskribapenaren zoramen edo bat (gerora Robbe-Grillet-en testuetan aurki daitekeena). Honako paradoxa honen aurrean gertatzen gara: literatur lengoaia kordokatua, jo eta pasa egina, jaramonik egiten ez zaiola, lengoaia "puru", esentzial, gramatikazkoari estu-estu egokitzen zaion neurri berean (lengoaia hori ez da, jakina, ideia bat baino). Delako zehaztasuna ez da arduren areagotze baten ondorio, ez da plusbalia erretoriko bat, alegia gauzak gero eta hobeki deskribatuko balira bezala -baizik kode-aldaketa baten ondorio: deskribapenaren eredua (eredu urruna) ez da dagoeneko oratoriazko diskurtsoa (ez da ezertxo ere  "pintatzen"), baizik halako artefakto lexikografiko bat edo.

* * *

Testua objetu fetitxea da, eta fetitxe horrek desiratu egiten nau. Testuak aukeratu egiten nau, pantaila ikustezinezko, auzi-mauzi selektibozko, antolamendu oso baten bitartez: hiztegia, erreferentziak, irakurgarritasuna, eta abar; eta, testuaren erdian galdurik (ez haren atzean, makinariazko jainko baten moduan), bestea dago beti, egilea.

Instituzio gisa, egilea hilik dago: haren pertsona zibil, pasional, biografikoa, desagertu egin da; desjabetua, ez dagokio gehiago bere obraren gainean zuen aitatasun eskerga hura zeinaren kontaera finkatzea eta berriztatzea literatur historiaren, irakaskuntzaren, iritzi arruntaren esku baitzegoen; testuan, ordea, nolabait, desiratu egiten dut egilea: haren figuraren beharra dut (eta figura hori ez da noski ez haren irudikapena, ez haren proiekzioa), hark nirearen beharra duen bezala ( "berriketa"rako izan ezik").

* * *

Sistema ideologikoak fikzioak dira (antzerkiko mamuak, esango zuen Bacon-ek), eleberriak -eleberri klasikoak, ordea, intrigaz, krisiz, pertsonaia on eta gaiztoz ongi hornituak (eleberrizkotasuna oso besterik da: ebakera instrukturatu soil bat, formen barreiamendu halako bat: maya delakoa.) Fikzio bakoitza hizkera sozial batek sostengatzen du, soziolekto batek, zeinarekin identifikatzen baita: fikzioa zera da, lengoaia batek, halako batean sustrai sendoak egin, eta hartan komunzki mintzatuko den eta hura hedatuko duen klase sazerdotal bat aurkitzen duenean (apaizak, intelektualak, artistak) erdiesten duen kontsistentzia-gradu hori.

"…Herri bakoitzak du bere gainean kontzeptu matematikoki banatuzko halako zeru bat, eta, egiaren eskakizunaren pean, horrenbestez ulertzen du jainko kontzeptual oro bilatzeko lekua bere esfera baino ez izatea" (Nietzsche): lengoaien egian harrapatuak gaude guztiok, hots, haien eskualdetasunean, haien auzokidetasuna arautzen duen etsaigo eskergara bortxatuak. Zeren hizkera bakoitza (fikzio bakoitza) bere nagusitasunaren alde gudukatzen baita; boterea eskuratu badu, egunerokotasun arruntaren bazter guztietara hedatzen da gizarte-bizitzan, doxa bihurtzen da, berezko izate edo natura: horra politika-gizonen, Estatuaren agenteen hizkera itxuraz apolitikoa; prentsarena, irratiarena, telebistarena; solasarena; baina boteretik kanpo ere, haren aurka, etsaigoa berpiztu egiten da, hizkerak zatikatu egiten dira, beren artean borrokan hasten. Topiko gupidagabe batek arautzen du lengoaiaren bizitza; lengoaia nonbaitetik dator beti, topos gudukaria da.

Paranoia desberdinen arteko gatazka luze-zabal, atergabe baten gisa irudikatzen zuen lengoaiaren mundua (logosfera). Azken figura bat sortzeko aski asmatzaile ziren sistemek (fikzioek, hizkerek) bakarrik diraute bizirik, figura horrek utziko baitu aurkaria hitz-modu erdi-zientifiko, erdi-etiko batez markaturik, edozertarako hitz-makulu halako batez, zeinaren bitartez posible izango baita etsaia aldi berean baiestea, esplikatzea, kondenatzea, gomitatzea, berreskuratzea; hitz batean: arerioari ordainaraztea. Hala da, besteak beste, zenbait vulgataren kasua: hizkera marxistarena, zeinarentzat oposaketa oro klase-oposaketa baita; psikoanalitikoarena, zeinarentzat ez-onartze oro aitorpen baita; kristauarena, zeinarentzat errefusapen guztia bilaketa baita, eta abar. Harrigarri zitzaion botere kapitalistaren lengoaiak ez edukitzea bere baitan, lehen begiratu batera, halako sistema-figura bat (ez bada generorik txar eta makurrenekoa, oposagaiak ez baitira bertan inoiz aipatzen modu  "toxikatu",  "telegidatu" eta abar batean baino); horrenbestez ulertzen zuen lengoaia kapitalistaren presioa (indartsuagoa askoz) ez dela bere jitez paranoiko, sistematiko, argumentatibo, artikulatua: inolaz ere eragozterik ez dagoen itsaste halako bat da, doxa bat, inkontziente-modu bat: hots, ideologia bere esentzian.

Sistema mintzatu horiek txoragarri edo gogaikarri izateari utz diezaioten, ez dago beste biderik bietako bat bizilekutzat aukeratzea baino. Bestela: eta ni, ai ene, zertan nabil horretan nahaste?

Testua, berez, atopikoa da, bere kontsumizioan ez bada, bere ekoizpenean bederen. Ez da hizkera bat, fikzio bat; sistemari gaina hartu zaio bertan, garaiturik dago (sistemaren lepotik gertatzen den gain-hartze hori da, hain zuzen, " esanahia"). Atopia horretatik, egoera bitxi bat hartzen eta komunikatzen dio bere irakurleari testuak: aldi berean baztertua eta baketsua. Lengoaien gerran, une lasaiak egon daitezke, eta une horiek testuak dira ( "Gerrak, dio Brecht-en pertsonaia batek, ez du baztertzen bakea… Gerrak bere une baketsuak ditu… Bi gudu-osteraren artean, garagardoa txarrotik edateko beta izaten da orobat…") Eleketazko bi erasoren artean, sistemen oldartze biren artean, testuaren atsegina posible da beti ere, ez atsedenaldi gisa, baizik beste lengoaia baten pasadizo inkongruente -disoziatu- gisa, fisiologia desberdin baten ariketa gisa.

Heroismo gehiegi oraindik ere noski gure lengoaietan; onenetan -Bataille-renean pentsatzen ari naiz-, zenbait adierazpideren eretismoa eta azkenean halako heroismo azpikari bat edo. Testuaren atsegina (testuaren gozamena), aitzitik, gerrarako adorearen, gudukari-balioaren ezabatze tupusteko bat edo da, idazlearen ezproien ezkata-galtze behin-behineko bat,  "bihotz"aren, kemenaren, bertan-beheratze bat.

Nola egon daiteke testu bat, lengoaia izanik, lengoaietatik at? Nola kanporatu (kanpoan ezarri) munduko hizkerak, hizkera azken batean babestu gabe, zeinetik abiaturik emango bailirateke besteak, zeharkako berri-emate, kontaera soil gisa? Izendatzen dudan unetik, izendatua naiz: izenen etsaigoan harrapatua. Nola  "libra" daiteke testua fikzioen, soziolektoen gerratik? -Akitze-lan progresibo baten bitartez. Aurrena testuak meta-lengoaia oro deusezten du, eta horretantxe da testu: ezein ere ahots (Zientzia, Kausa, Erakunde) ez dago hark esaten duenaren atzetik. Gero, testuak azken bururaino, kontraesaneraino, suntsitzen du bere kategoria diskurtsibo propioa, bere erreferentzia sozio-linguistikoa (bere  "generoa"): barrerik eragiten ez duen komikoa" da, inor meneko bihurtzen ez duen ironia, arimarik, mistikarik gabeko bozkarioa (Sarduy), kakotxik gabeko aipamena. Azkenik, testuak, gogorik badu, hizkuntzaren beraren egitura kanonikoei ekin diezaieke erasoan (Sollers): lexikoa (neologismo naharoak, kaxoi-hitzak, transliterazioak), sintaxia (kito zelula logikoa, kito esaldia). Helburua zera da, transmutazioz (eta ez soilik transformazioz), lengoai materiaren izamolde filosofal berri bati agerbide ematea; zer berezi ere berezi hori, jatorritik kanpo eta komunikaziotik kanpo dagoen metal gori halako hori, lengoaia da orduan, lengoaiaren parte, ez lengoaia bat (zeinahi ere lotugabe, imintziotu, ironizatua izan lengoaia jakin hori).

Testuaren atseginak ez du egiten ideologia-bereizkuntzarik. Hala ere: inpertinentzia hori ez da gertatzen liberalismoz, makurbidez baizik: testua, haren irakurketa, banatuak dira. Gain-hartua, hautsia dagoena gizarteak giza produktu orori exigitzen dion batasun morala da. Euli bat gela baten zabalean hegaldatzen den moduan irakurtzen dugu (atseginezko) testua: itxuraz bakarrik behin-betikoak diren atzera-aurrera tupusteko, egitekotsu bezain alferrikakoz: ideologia lotsagorritze bat aurpegi batetik bezala pasatzen da testuaren gainetik (maitasunean, zenbaitek gustu erotikoa aurkitzen dio gorritze horri); atseginezko idazle orok du halako lotsagorritze zozorik (Balzac, Zola, Flaubert, Proust: Mallarmé da, apika, bere azalprintzaren jabe den bakarra): atseginezko testuan, aurkako indarrak ez daude gehiago arbuiatze-egoeran, berez-etortze- egoeran baizik: deus ez da benetan aurkari, dena da anitza. Arin zeharkatzen dut gau erreakzionarioa. Adibidez, Zola-ren Féconditén, ideologia nabarmena da, bereziki itsaskorra: naturismoa, familiarismoa, kolonialismoa; horrek ez du eragozten nik liburua irakurtzen segi dezadan. Distortsio hori hutsala da? Txundigarria gertatzen da, ordea, nolako trebetasun abilez lortzen duen sujetuak bere burua partekatzea, irakurketa zatibanatuz, juzguaren kutsadurari, gogobetetasunaren metonimiari, aurre eginez: esan ote daiteke, bada, atseginak objetibo bihurtzen gaituela?

"Nagusi den ideologia"tik erabat eteniko testu itzalik gabe bat (arte bat, pintura bat) nahi du zenbaitek; hori, ordea, emankortasunik gabeko testu elkor bat nahi izatea da; testu antzu bat (ikus Itzalik gabeko Emakumearen mitoa). Testuak bere itzalaren beharra du: itzal hori ideologia pixka bat da, errepresentazio pixka bat, gerta-gai pixka bat: mamuak, sakel-zakuak, mari-buztangak, ezinbesteko lainoak: subertsioak bere argi-ilun propioa sortu behar du.

Eskuarki esaten dugu:  "nagusi den ideologia". Esapide hori inkongruentea da. Ezen, zer da ideologia? Ideia, ideia hori nagusi den aldetik, hain zuzen: ideologia ezin da nagusi baino izan. "Nagusi den klasearen ideologia" aipatzea bidezkoa den heinean, bai baitago noski menderatua den klase bat, hein berean da desegokia  "nagusi den ideologia" aipatzea, ez baitago menderaturiko ideologiarik: "menderatu"en aldean ez dago deus, ezein ideologia, baizik, hain juxtu -eta hori da alienazioaren azken gradua- menderaturik dauzkan klasetik (sinbolizatzeko, eta, beraz, bizitzeko) mailegatzera beharturik dauden ideologia. Gizarte-borroka ezin da errenditu aurkari diren bi ideologiaren arteko borrokara: ideologia ororen gainazpikatzea dago jokoan.)

* * *

Garbi kokatu lengoaiaren imaginarioak, hots: hitza, unitate bakun, monada magiko gisa; hizketa, pentsamenduaren tresna edo adierazpide gisa; idazkuntza, hizketaren transliterazio gisa; esaldia, neurri logiko, hertsi gisa; lengoaiaren gabezia bera edo arbuioa, indar primario, espontaneo, pragmatiko gisa. Artefaktu horiek oro zientziaren imaginarioak hartzen ditu bere ardurapean (zientzia, imaginario gisa): lengoaiaritzak zuzen azaltzen du lengoaiari buruzko egia, baina honetan bakarrik:  "alegia, ezein ilusio kontzientek ez duela hor lekurik": horixe da, alabaina, imaginarioaren definizioa: inkontzientearen inkontzientzia.

Horra hor lehenbiziko lan bat, hasteko, lengoaiaren zientziari itzultzea halabeharrez, gutxiespen nabarmenez, baino onartzen ez zaion, edo are, maizago gertatzen denez, ukatzen zaion aztergaia: semiologia (estilistika, erretorika, zioen Nietzsche-k), praktika, ekintza etikoa,  "entusiasmoa" (Nietzsche berriro). Bigarren bat, berriz, zientziaren barnean bere lekua ematea haren kontra doanari: kasu honetan, testua. Testua zera da, lengoaia bere imaginariorik gabe, duen garrantzi orokorra (eta ez berezitasun teknologikoa) agerian gera dadin lengoaiaren zientziari falta zaion hori. Lengoaiaritzak (zientzia kanoniko, positiboa izan nahi duen aldetik) ozta-ozta toleratzen duen edo zeharo arbuiatzen duen guztia, esanahia, gozamena, horra zerk apartatzen duen testua lengoaiaren imaginarioetatik.

Testuaren atseginari buruz, inolako  "tesi"rik ez da posible; doi-doi miaketa bat (barne-miaketa bat, introspekzio bat), noraezean egina. Eppure si gaude! Eta hala ere, kontra ahala kontra, gozatzen dut testutik.

Adibideren bat gutxienez? Uzta kolektibo eskerga bat irudika liteke: inoiz norbaiti atsegingarri izatea egokitu den testu oro bilduko litzateke (datorren lekutik datorrela), eta agerian jarriko litzateke gero testu-gorputz, bilduma hori (corpus: ongi esana da), psikoanalisiak gizonaren gorputz erotikoa agertarazi duen moduan, nolabait. Halako lan batek, ordea, hala uste izatekoa da, ez luke, azken buruan, bilduriko testuak esplikatzea baino lortuko; egitasmoaren bide-adartze saihestezin bat gertatuko litzateke: hitzetara ezinez, motibazioen errepide orokorrean sartuko litzateke atsegina, eta motibazio horietatik ezein ez litzateke behin-betiko izateko gai (testu-atsegin bat edo beste alegatzen badut hemen, pasaeran da beti, modu guztiz prekarioan, batere erregulartasunik gabe). Hitz batean, halako lana ezingo litzateke idatzi. Ezin dut halako gai baten inguruan jiraka ibili baino egin -eta, horretara ezkero, hobe da laburki eta bakarka egitea hori, taldean eta azkengabeki baino; hobe da bertan uko egitea (singularreko) baliotik -zeina baieztapenaren oinarria baita- (pluraleko) balioetara -zeinak kultur efektu baitira- pasatzeari.

Lengoai izaki den aldetik, idazlea beti dago harrapaturik fikzioen (hizkeren) gerran, baina ez da inoiz jostailu bat baino, zeren idazleari izatea ematen dion lengoaia (idazkuntza) lekuz-kanpokoa (atopikoa) baita beti; polisemiaren eragin hutsez (idazkuntzaren garatu gabeko maila baita polisemia), literatur hizketa baten gudukari-engaiamendua zalantzazkoa da bere jatorritik. Idazlea, sistemen mantxa itsuaren gainean doa beti, jitoan da: joker bat da, mana bat, zero gradu bat, bridge-jokoko hila: zentzurako (borrokarako) beharrezkoa, baina zentzu finkoz gabetua bera; haren lekua, haren balioa (truke-balioa) historiaren mugimenduen, borrokaren kolpe taktikoen arabera aldatzen da: dena eskatzen zaio eta/edo ezer ez. Bera truketik kanpo dago, ez-probetxuan -Zen jardunbideko mushotoku delakoan- murgildurik, deus hartzeko desirarik gabe, ez bada hitzen gozamen makurbidezkoa (gozamena ez da inoiz, ordea, Hartze bat: ezerk ez du bereizten satoritik, Galtzetik). Paradoxa: idazkuntzaren doakotasun hori (zeina, gozamenaren bitartez, heriotzarenetik hurbil baitago) idazleak isildu egiten du: kizkurtu egiten da, giharreak ateratzen ditu, uko egiten dio jitoan-joateari, gozamenari muzin egiten dio: oso idazle gutxi dago aldi berean bi errepresioen kontra borrokan diharduenik: errepresio ideologikoa eta errepresio libidinala (alegia, intelektualak bere buruaren gainean -bere lengoaiaren beraren gainean, hain zuzen- ezartzen duen errepresioa).

* * *

Stendhal-ek aipatzen duen (baina harena ez den) testu bat irakurriz1, Proust-ekin egin dut bertan topo, ñabardura txiki-txiki bategatik. Lescars-eko apezpikuak apostrofo eder-bitxi sorta batez izendatzen du bere bikario nagusiaren iloba (ilobatxo ene, laguntxo ene, ene beltxaran polit hori, ai gozotxo hori!), eta deikera horiek Balbec-eko Grand Hôtel-eko bi postariek -Marie Geneste eta Céleste Albaret-ek- narratzailearekin darabiltzatenak oroitarazten dizkidate (Oi! deabrutxo eskilaso-ile hori, oi maleziaren sakona! Ai gaztetasun! Ai larru polit!). Bestetik, baina era berean, Flaubert-engan, loretan dauden sagarrondoak dira Proust-en abiapuntutik irakurtzen ditudanak. Ahogozagarri zait formulen erreinua, jatorrien gainazpikatzea, aurreko testua geroko testutik etorrarazten duen bipiltasuna. Konturatzen naiz Proust-en obra, niretzat bederen, erreferentzia den obra dela, mathesis orokorra, literatur kosmogonia osoaren mandala -Mme de Sévigné-ren Gutunak narratzailearen amonarentzat ziren bezala, don Kixoterentzat zalduneriazko liburuak, eta abar; horrek ez du inondik ere esan nahi Proust-en "berezilari" inolakoa

naizenik: datorkidan zera da Proust, ez nik hots egiten diodana; ez da "autoritate" bat; oroitzapen zirkular bat da, besterik gabe. Eta horixe da noski inter-testua: testu infinitutik at bizitzeko ezintasuna -testu hori Proust-ena dela zein eguneroko egunkaria zein telebista-pantaila: liburuak zentzua gauzatzen du, eta zentzuak bizitza.

* * *

Iltze bat zurean sartzean, zurak erresistentzia desberdina jartzen du ekiten zaion lekuaren arabera: horrenbestez esaten dugu zura ez dela isotropoa. Testua ere, era berean, ez da isotropoa: ertzak, huts-gunea, asmagaitzak dira. Fisikak (oraingoak) zenbait medioren, zenbait unibertsoren izaera ez-isotropora egokitu behar duen bezala, era berean analisi estrukturalak ere (semiologiak) aintzat hartu beharko ditu noski testuaren erresistentzia xeheenak, haren zainen antolamendu irregularrak.

* * *

Ezein objetu ez dago atseginarekiko erlazio etengabean (Lacan, Sade-z mintzo). Hala ere, idazlearentzat, objetu hori badago; ez da lengoaia, hizkuntza da, ama-hizkuntza. Idazlea bere amaren gorputzarekin jostatzen den norbait da (ikus Pleynet, Lautréamont-i eta Matisse-ri buruz): gorputz hori loriatzeko, edertzeko, edo zatitan emateko, gorputz batetik antz eman daitekeenaren mugaraino eramateko: hizkuntzaren desitxuratze batez gozatzeraino iritsiko naiz, eta iritzi arrunta alarauka bizian hasiko da, zeren ez baitu nahi  "natura desitxura" dadin.

* * *

Balirudike Bachelard-entzat idazleek ez dutela egundo idatzi: ebakera xelebre bat tarteko dela, irakurriak dira soil-soilik. Hala, irakurketa-kritika huts bat sortu du, atsegin-bidez sortu ere: jarduera homogeno (irristakor, euforiko, boluptatezko, batasunezko, bozkariozko) batean engaiaturik gaude, eta jarduera horrek gogoa betetzen digu: irakurri-amestu. Bachelard-ekin poesia guztia pasatzen da (literatura -borroka- eteteko eskubide den aldetik) Atseginaren kreditura. Baina obra idazkuntza baten izate-itxuretan atzematen dugunetik, atseginak kirrinka egiten du, gozamena nabarmentzen da, eta Bachelard urruntzen.

* * *

Zauritzen edo gogatzen nauelako arduratzen naiz lengoaiaz. Klase-erotika bat ote dago hor tartean? Zer klase, ordea? Burgesa? Burgesiak ez du inolako gusturik lengoaiarenganako, lengoaia ez baita gehiago haren begietan luxu, bizitzeko arte baten osagai izatera ere iristen (literatura  "handi"aren heriotza), baizik tresna edo apaingarri (fraseologia). Herri-klasea? Kasu horretan, jarduera magiko edo poetiko ororen desagerpena: kito inauteriak, ez da gehiago hitzekin jolasten: metaforen akabua, kultura burges-txikiak inposaturiko estereotipoen erreinua. (Klase ekoizleak ez du ezinbestean bere eginkizunari, bere indarrari, bere ahalmenari dagokion lengoaia. Beraz: elkartasunen, enpatien disoziazioa -oso markatuak kasu batean, hutsak bestean. Ilusio totalizatzailearen kritika: ez du axola zein aparatuk bateratzen duen aurrenik lengoaia; ez da, dena den, osotasuna errespetatu behar.)

Irlatxo bat geratzen da: testua. Kasta berezi baten gozabide huts, mandarinato halako? atsegina baliteke, gozamena ez.

Inolako esanahirik (inolako gozamenik) ezin da sortu, sinetsirik nago, masa-kultura batean (bereizi beharra dago, ura sutik bezala, masa-kultura masen kulturatik), zeren kultura horren eredua burges-txikia baita. Gure kontraesanaren (gure kontraesan historikoaren) bereizgarri funtsezkoa da esanahia (gozamena) alternatiba gehiegizko batean gerizaturik egotea oso-osorik: edo jarduera mandarinal batean (zeina kultura burgesaren akitze halako batetik sortua baita), edo ideia utopiko batean (etorkizun den kultura bat, iraultza errotiko, egundoko, asmagaitz baten ondorioz gauzatuko dena, zeinari buruz idazten duenak ez baitaki gauza bat baino: ezen, Moises bezala, bera ez dela hartan sartuko).

Gozamenaren izaera asoziala. Sozialtasunaren galera tupustekoa da gozamena, eta hala ere ez da hortik ondorioztatzen sujetuaren (subjetibitatearen), pertsonaren, bakardadearen alderako inolako ostera-jausterik: dena galtzen da, oso-osorik. Klandestinitatearen azken hondoa, zinemako ilun-beltza.

Analisi sozio-ideologiko guztiak bat datoz literaturaren izaera etsipenezkoa ondorioztatzean (eta horrek pertinentzia apur bat kentzen die nolabait): talde sozialki etsitu edo ezindu baten eskutikoa litzateke azkenean beti obra, egoera historiko, ekonomiko, politikoak borrokatik kanpo utzi duen talde batek idatzia; etsipen horren adierazpena litzateke literatura. Analisi horiek ahanzbidean uzten dute (eta normala da, zeren adieraziaren bilaketa esklusiboan oinarrituriko hermeneutikak baitira) idazkuntzaren ifrentzu itzela: gozamena: gozamen hori zeinak eztanda egin baitezake, mendeetan zehar, filosofiarik goibelenaren, ilun-beltzenaren loriarako idatziriko zenbait testutatik kanpo, asmoak asmo.

Neure baitan hitz egiteko darabildan lengoaia ez da nire garaikoa; joera setatia du, berez, ideologikoki susmagarria izateko; harekin egin behar dut, beraz, borroka. Aurkitzen dudan hainbat hitz gogoko ez dudalako idazten dut: kenketaz. Eta aldi berean, azken-aurreko lengoaia hori nire atseginarena da: arrats luzeak eman ditut Zola, Proust, Verne, Monte-Cristo, Turista baten memoriak, irakurtzen, eta batzuetan are Julien Green. Nire atsegina da hori, baina ez nire gozamena: azken hori ezin da etorri absolutuki berria dena tartean dela baino, zeren berriak bakarrik kordokarazten (indargetzen) baitu kontzientzia (erraza? inondik ere ez: hamarretatik bederatzitan, berria ez da berritasunaren estereotipoa baino).

Hala, Berria ez da moda bat, balio bat da, kritika ororen oinarria: munduaren gure ebaluazioa ez dago dagoeneko, zuzenean bederen, Nietzsche-ren kasuan bezala, noblearen eta bilanaren oposaketaren baitan, baizik eta Zaharraren eta Berriaren artekoarenean (Berriaren erotika xviii. mendetik dator: martxan dagoen eraldatze luzea). Oraingo eta hemengo gizartearen alienazioari itzurtzeko, ez dago bide hau baino: aurreranzko ihesa: lengoaia zahar oro ber-bertatik dago konprometatua, eta lengoaia oro bilakatzen da zahar errepikatzen den unetik. Alabaina, lengoaia enkratikoa (boterearen babespean sortzen eta zabaltzen dena) errepikapenezko lengoaia da bere izate-arauz; lengoai erakunde ofizial guztiak makina birsaiatzaileak dira: eskolak, kirolak, publizitateak, masa-obrak, kantagintzak, informazioak, beti egitura bera berresaten dute, zentzu bera, sarritan hitz berak: estereotipoa kontu politikoa da, ideologiaren figura nagusia. Horren aurrez aurre, Berria gozamena da (Freud:  "Jende helduarengan, berritasuna da beti gozamenaren baldintza"). Hortik noski indarren gaurko konfigurazioa: alde batetik masa-lautze halako bat (lengoaiaren errepikapenarekin lotua) -gozamenetik at, baina ez ezinbestean atseginetik at dagoena-, eta bestetik Berriranzko oldartze halako bat (bazterrekoa, eszentrikoa) -oldartze zoro-bortitza, zeina diskurtsoaren suntsiketaraino irits baitaiteke: estereotipoaren azpira arbuiaturiko gozamena berriro historiara azal dadin eginiko saioa.

Oposaketa (balioaren aiztoa) ez dago ezinbestean bi aurkari konsakratu, izendaturen artean (materialismoa eta idealismoa, erreformismoa eta iraultza, eta abar); baina beti eta nonahi dago salbuespenaren eta erregelaren artean. Erregela abusua da, salbuespena gozamena. Adibidez, zenbait unetan, Mistikoen salbuespenaren alde jartzea posible da. Edozer hobe, ezen ez erregela (orokortasuna, estereotipoa, idiolektoa: lengoaia trinkoa).

Hala ere, justu kontrakoa aldeztu daiteke (ez naiz ni izango, haatik, hori aldeztuko duena): errepikapenak berak sortuko luke gozamena. Adibide etnografikoak ugari dira: erritmo obsesionalak, musika xarmatzaileak, letaniak, errituak, nembutsu budikoa, eta abar: gehiegikeriaraino errepikatzea galeran murgiltzea da, adieraziaren zeroan. Hara, ordea: errepikapena erotikoa izan dadin, formala izan behar du, hitzez-hitzekoa, eta gure kulturan errepikapen ageriko (gehiegizko) hori eszentrikoa gertatzen da, musikaren zenbait bazter-eskualdetara erretiratua. Masa-kulturaren forma borta errepikapen lotsak-estalia da: edukiak errepikatzen dirak, eskema ideologikoak, kontraesanen lika itsasgarria, baina azaleko formak aldatzen dira: beti liburu, irrati/telebista saio, filme berri, albiste xehe, baina zentzu bera beti.

Hala, bada, bi baldintza kontrajarritan izan daiteke hitza erotikoa (eta baldintzok, biak ere, gehiegizkoak dira): edo atergabe errepikatzen bada, edo, batekoz beste, ezustean harrapatzen bagaitu, bere berritasunean ahogozo (zenbait testutan, hitz batzuek distira egiten dute, halako agerpen distraktibo, inkongruenteak dira -ez du axola pedanteak izateak; hala, pertsonalki, nik atsegin hartzen dut Leibnitz-en esaldi hau irakurririk: "…sakel-erlojuek orduak nolabaiteko ahalmen horodeiktiko batengatik markatuko balituzte bezala, gurpil beharrik gabe, edo errotek bihiak halako tasun fraktibo batengatik xehetuko balituzte bezala, errotarrien antzik lukeen ezeren beharrik gabe"). Bi kasuetan, gozamenezko fisika bera dugu, ildoa, inskripzioa, sinkopea: zulatzen, danba-danba ehotzen dena, edo bat-batean lehertzen, eztanda egiten duena.

Estereotipoa hitz errepikatua da, magia orotatik, entusiasmo orotatik at, naturala balitz bezala, behin eta berriro agertzen den hitz hori, mirariz, arrazoi desberdinez aldi bakoitzean egokia balitz bezala, imitatzea imitaziotzat ez sentitzea posible balitz bezala: hitz eragozpen-gabea, zeinak trinko izan nahi baitu eta ezjakitun baita bere behin-eta-berrirotasunaz. Nietzsche-k egin zuen honako oharra, alegia  "egia" ez zela metafora zaharren solidifikazioa baino. Bada, ikuspuntu horretatik, estereotipoa  "egia" ren egungo bidea da, apaingarri asmatua adieraziaren forma kanoniko, nahitaezkora iraganarazten duen arrasto ukigarria. (Ondo letorke lengoai zientzia berri bat imajinatzea; zientzia horrek ez luke jadanik aztertuko hitzen jatorria, hots, etimologia, ezta haien zabalkundea, hots, lexikologia, baizik haien solidifikazioaren aurrerabidea, diskurtso historikoan zehar haiengan gertatu den loditze halako hori; zientzia hori subertsiboa litzateke dudarik gabe, egiaren jatorri historikoa baino askoz gehiago jarriko bailuke agerian: haren izate erretoriko, lengoaiazkoa.)

Estereotipoarekiko mesfidantza (hitz berriaren edo diskurtso eustezinaren gozamenari lotua) egongaiztasun absolutuzko printzipio bat da, ezer errespetatzen ez duena (ezein eduki, ezein aukera). Okada, bi hitz garrantzizkoren lotura berez datorren unetik sortzen da. Eta gauza bat berez datorren unetik, nik ospa egiten dut hartatik: gozamena da hori. Ahuntzaren gauerdiko gogaidura? M. Valdemar izenburuko Edgar Poe-ren istorioan, hilburuan den gizon magnetizatuak zuzentzen zaizkion galderen errepikapenen bitartez dirau, kataleptiko, bizirik ( "M. Valdemar, lo zaude?"); baina bizi-iraute hori eustezina da: sasi-heriotza da, heriotza latza, azken buru ez dena, azkengabetasuna ( "Jainkoaren izenean! -Ea! -Ea! - lokartaraz nazazue, -edo eta ea! iratzar nazazue lehenbailehen! -Zinez diotsuet hilik nagoela!"). Hiltzeko ezintasun okagarri hori da estereotipoa.

Alor intelektualean, hautapen politikoa lengoai geldialdi bat da -beraz, gozamen bat. Hala ere, lengoaiak berriro ekiten dio, bere formarik trinkoenean (estereotipo politikoa). Lengoaia hori, bada, irentsi egin beharra dago, okadarik gabe.

Beste gozamen bat (beste ertz batzuk): zera da, itxuraz politikoa dena despolitizatzea, eta itxuraz hala ez dena politizatzea -Ez da, ordea, hala; politizatu behar dena politizatzen dugu, besterik gabe.

* * *

Nihilismoa: "helburu gorenek balioa galtzen dute." Une egongaitza da, mehatxupekoa, zeren beste balio goren batzuk saiatzen baitira halaber, lehenbiziko horiek suntsituak izan daitezen baino lehen, gaina hartzen; dialektikak ez du egiten ondoz ondoko positibitateak lotu baino; hortik noski itomena, anarkismoaren bihotz-bihotzean ere. Nola finkatu, bada, balio goren ororen gabezia? Ironia? Leku seguru batetik abiatzen da beti. Bortxa? Balio goren bat da bera, eta ongien kodetuetarikoa. Gozamena? Bai, ez bada hitzez adierazia, doktrinala. Nihilismorik kontsekuenteena maskarapekoa da apika: erakundeekiko, diskurtso konformeekiko, itxurazko jomugekiko barnekoa den modu nolabaitekoan.

* * *

A.k esaten dit konfidantzan ez lukeela jasango bere ama lotsagabea izatea -baina bai aitaren kasuan; eta gaineratzen du: bitxia, ezta?- Aski litzateke izen bat haren harridura eteteko: Edipoa A. testutik guztiz hurbil dago nire begietan, ezen testuak ez ditu izenak ematen -edo direnak kentzen ditu; ez du esaten (edo nolako intentzio badaezpadakoan?): marxismoa, brechtismoa, kapitalismoa, idealismoa, Zen-a, eta abar; Izena ez dator ezpainetara, jardukitan zatikaturik dago, Izen ez diren hitzetan. Bere burua hitzezko esatearen mugetaraino eramanik, lengoaiaren mathesis halako batean, zeina ez baita nahastu behar zientziarekin, testuak lur-joarazten dio izendapenari, eta lur-jotze horrek hurbiltzen du gozamenera.

Irakurri berri dudan testu zahar batean (eliz bizitzako pasadizo bat, Stendhal-ek aipatua), elikadura izendatuaren agerraldia: esnea, ogi-xerradak, gazta Chantilly kremaz, Bar-eko konfiturak, Maltako laranjak, marrubiak azukrez. Errepresentazio hutsezko atsegina ote oraindik (irakurle gozozaleak bakarrik sentitzen duena, beraz)? Nik ez dut, ordea, batere gogoko esnea, ez eta horrenbeste jaki azukredun ere, eta gutxi proiektatzen naiz goza-mizka horien xehetasunetan. Beste gauza bat aurkezten da agerraldian,  "errepresentazio" hitzaren beste zentzu bati loturik noski. Eztabaida batean norbaitek bere solaskideari zerbait errepresentatzen dionean, ez du egiten errealitatearen azken izatea, errealitatearen alderdi trataezin hori, alegatu baino. Era berean, beharbada, idazleak, elikadura aipatuz, izendatuz, haren berri emanez (ohargarritzat tratatuz), materiaren azken izatea inposatzen dio irakurleari, materiaren baitan jo-eta-pasatzerik, gibel ematerik ez dagoen hori (ez da hori noski lehenago aipatu diren izenen kasua: marxismo, idealismo, eta abar). Horixe da! Oihu hori ez da ulertu behar adimenaren argialdi inolakoa denik, izendapenaren, irudimenaren muga bera baizik. Bi errealismo bide daude, bada, finean: lehenbizikoak  "erreala" dena dexifratzen du (demostratu bai, baina ikusten ez dena); bigarrenak  "errealitatea" esaten du (ikusi bai, baina demostratzen ez dena); eleberriak, zeinak bi errealismook nahas baititzake,  "erreala" denaren ulergarri-izate horri "errealitate"aren isats mamuzkoa eransten dio: harrigarri baitzaigu 1791n  "laranja-entsalada rumez" jatea, gaur egungo gure jatetxeetan bezala: historia-ulergarritasunezko beita, eta gauzaren (laranjaren, rumaren) bertan iraute egosgogorra.

* * *

Bi frantsesetatik batek, itxura denez, ez du irakurtzen; Frantziaren erdia gabeturik dago -gabetzen du bere burua- testuaren atseginaz. Ez da inoiz deitoratzen zorigaitz nazional hori, ikuspuntu humanista batetik baino, alegia, liburuari muzin eginik, frantsesek ondasun moral bati, balio noble bati bakarrik egingo bailioten uko. Hobe litzateke noski gizarteek eragozpenak jarri edo uko egiten dieten atsegin guztien historia ilun, ergel, tragikoa egitea: bada atseginaren obskurantismo bat.

Nahiz guk testuaren atsegina haren teoriaren esparruan kokatu eta ez haren soziologiarenean (eta horrek diskurtso partikular, itxuraz garrantzi nazional edo sozialik gabe batera garamatza ezinbestean), hala ere, garbi dago alienazio politiko bat dela auzitan dagoena: atseginaren preskripzioa (eta areago gozamenarena) bi moralek beren zamapean hartua duten gizarte batean: moral bata, maioritarioa, lautasunarena; bestea, gropuskularra, errigorea (errigore politiko eta / edo zientifikoa). Balirudike atseginaren ideiak ez duela gehiago inor kitzikatzen. Aldi berean buru-hotz eta bortxara emana dirudi gure gizarteak; edozein modutan: frigidoa.

* * *

Aitaren heriotzak bere atseginetariko asko kenduko dizkio literaturari. Dagoeneko Aitarik ez badago, zertarako kontatu historiarik? Kontaera oro ez al da Edipora mugatzen funtsean? Kontatzea ez al da beti norberaren jatorria bilatzea, Legearekiko auzi-mauziak mintzagai hartzea, bihotz-xamurtzearen eta gorrotoaren dialektikan sartzea? Gaur egun ukaldi bakar beraz porrokatzen dira Edipoa eta kontaera: kito maitasuna, kito beldurra, kito kontakizunak. Fikzio gisa, Edipoak zerbaitetarako balio zuen bederen: eleberri onak egiteko, ongi kontatzeko (Murnau-ren City Girl ikusi ondoren idatzia da hau).

Irakurketa asko makurbidezkoak dira, banatze bat inplikatzen dutenak. Haurrak bere amak penerik ez duela dakien eta hala ere baduela uste duen bezala (Freud-ek errentagarri dela erakutsi duen ekonomia), era berean irakurleak etengabe esan dezake: garbi daukat hitzak baino ez direla, baina halaz guztiz ere…(hitz horiek errealitate bat enuntziatuko balute bezalako zirrara eragiten didate). Irakurketa guztietatik, irakurketa tragikoa da makurbidezkoena: neure burua amaiera ezagutzen diodan historia bat kontatzen entzutean hartzen dut atsegin: badakit eta ez dakit; neure buruaren aurrean ezjakinarena egiten dut: ondotxo dakit Edipo mozorrogabetua izango dela, Danton gilotinatuko dutela, baina halaz guztiz ere…Historia dramatikoaren aldean, zeina amaiera ezagutzen ez zaiona baita, atseginaren moteltzea gertatzen da, eta gozamenaren areagotzea (gaur egun, masa-kulturan, "dramatiko" direlakoen kontsumizio handia, gozamen gutxi).

* * *

Gozamenaren era beldurraren hurbiltasuna (identitatea?). Hurbil egote horren aurrean arbuioa sortzen duena ez da, bistan dena, beldurra sentimendu atsekabe bat delako ideia -ideia hutsala-, baizik beldurra sentimendu mediokreki ez-duina delakoa; filosofia guztiek bere gain hartu nahi ez duten zera da (bakarrik Hobbes, ustez:  "ene bizitzako pasio bakarra beldurra izan da"); eromenak ez du nahi beretzat (salbu eta, beharbada, modaz pasatako eromenak: Horla delakoa), eta horrek eragozten dio beldurrari modernoa izatea: arau-haustearekiko ukapen bat da, kontzientzia oso-osoan uzten zaituen eromen bat. Azken fatalitate bategatik, beldur den sujetuak sujetu izateari eusten dio beti ere; gehienez ere, neurosiaren eraginpean dago (angustia esaten zaio orduan, hitz noble, zientifiko bat erabiliz: baina beldurra ez da angustia).

Arrazoi horiexek dira beldurra gozamenera hurbiltzen dutenak: klandestinitate absolutua da, ez "aitorrezina" delako (nahiz gaur egun inor ez dagoen prest hura aitortzeko), baizik eta, osorik utziz zatiturik sujetua, adierazle konformeak baino ez dituelako bere esku: eldarniozko lengoaia ukatu egiten zaio hura bere baitatik sortzen entzuten duenari. "Ez erotzeko idazten dut", zioen Bataille-k -esan nahi baitu eromena idazten zuela; nork esan lezake, ordea: "Beldur ez izateko idazten dut"? Nork idatz lezake beldurra (ez baitu esan nahi hura konta)? Beldurrak ez du uxatzen, ez behartzen, ez burutara ematen idazkuntza: kontraesanik higigaitzenaren bitartez, elkarrekin egokitu diren -baina bereizirik dauden- bizilagun bi dira beldurra eta idazkuntza.

(Ez hitz egiteagatik idazteak beldurra ematen duen kasuaz.)

* * *

Arrats batez, taberna bateko eserlekuan erdi-lo, nire entzun-menean zeuden lengoaia guztien kontua egiten saiatzen ari nintzen, jolasez: musikak, solasak, aulki-zaratak, edalontzienak, estereofonia oso bat, zeinaren leku ereduzkoena Tanger-eko plaza bat baita (Severo Sarduy-k deskribatua). Nire baitan ere ari zuen nolabaiteko hizketa (gauza jakina da), eta  "barnekoa" esaten zaion mintzo horrek plazako zarataren antz handia zuen, kanpotik zetozkidan ahots txikizko metatze halako harena: leku publiko bat nintzen ni neu ere, zoko bat; nire baitan iragaten ziren hitzak, sintagma xeheak, formula zatiak, eta inolako esaldirik ez zen osatzen, alegia hori bailitzan lengoaia haren legea. Hizketa aldi berean oso kultural eta oso basati hori nagusiki lexikala zen, esporadikoa; bere isuri itxurazkoaren bitartez, jarraigabetasun behin-betiko bat eratzen zuen nigan: ez-esaldi hori ez zen inondik ere esaldi izatera iristeko ahalmenik gabeko zerbait, esaldiaren aurretik zegokeen zerbait; zera zen: eternalki, bikainki, esalditik at dagoen hori. Horrenbestez, birtualki, lengoaiaritza guztia gainbehera erortzen zen, ezen zientzia horrek ez du sinesten esaldian baino, eta duintasun neurrizgainekoa egotzi dio beti sintaxi predikatiboari (logika baten, razionalitate baten formatzat); eskandalu zientifiko hau zetorkidan burura: ez dago inolako gramatika lokutiborik (mintzatzen denaren gramatika, eta ez idazten denarena; eta hasteko: frantses mintzatuaren gramatika). Esaldiaren eskuetan gaude (eta ondorioz: fraseologiaren mende).

Esaldia hierarkikoa da: atxikipenak, menderakuntzak, barne-gobernamenduak inplikatzen ditu. Hortik haren burututasuna: nola gera liteke hierarkia bat irekia? Esaldia burutua da; areago oraindik: burutua den lengoaia horixe da Esaldia. Praktika, horretan, teoriatik aski urrun dago. Teoriak dioenez (Chomsky), esaldia zuzenez infinitua da (infinituki katalizagarria), baina praktikak esaldia amaitzera behartzen du beti.  "Jarduera ideologiko oro beren osabidez burutuak diren hainbat enuntziaturen itxurapean dator.") Har dezagun Julia Kristeva-ren perpaus hori ifrentzutik ere: enuntziatu burutu orok ideologikoa izateko arriskua du. Burutze-ahalmena da, hain zuzen ere, gaitasun frastikoa definitzen duena, eta Esaldiaren agenteak halako trebetasun goren, kostata lortu, konkistatu batez edo markatzen dituena. Irakaslea bere esaldiak amaitzen dituen norbait da. Politiko elkarrizketatuak bistan da gogor nekatzen duela burua bere esaldiari nolabaiteko errematea emateko: labur geratuko balitz? Haren politika guztiak jasango luke kaltea! Eta idazlea? Valéry-k zioen:  "Ez da hitzik pentsatzen, esaldiak baino ez dira pentsatzen." Idazle zelako zioen hori. Ez zaio idazle esaten bere pentsamendua, bere pasioa edo bere irudimena esaldien bitartez adierazten duenari, esaldiak pentsatzen dituenari baizik: Esaldi-Pentsalari bat (hots: ez guztiz pentsalari bat, eta ez guztiz esaldilari -hitzontzi- bat).

Esaldiaren atsegina oso kulturala da. Retoreek, gramatikariek, lengoaiariek, eskola-maisuek, idazleek, gurasoek sorturiko artefaktua modu gutxi-asko ludikoan imitatzen da, imintzioz antzesten; objetu guztiz berezi eta aparteko bat da jolasgaia, zeinaren paradoxa zuzen azpimarratu baitu lengoaiaritzak: bere egitura finkoan aldaezina eta hala ere infinituki berriztagarria: xake-jokoaren antzeko zerbait.

Hori, non eta zenbait gogo-makurrentzat, esaldia ez den gorputz bat?

* * *

Testuaren atsegina. Klasikoak. Kultura (zenbat eta kulturaren lekua zabalagoa izan, orduan eta handiagoa, askotarikoagoa, atsegina). Buru-argitasuna. Ironia. Fintasuna. Euforia. Trebetasuna. Segurtasuna: bizitzearen artea. Testuaren atsegina praktika baten bidez defini daiteke (inolako errepresio-arriskurik gabe): irakurketarako leku eta denbora: etxea, probintzia, otordu hurbila, argiontzia, familia hortxe, behar den lekuan, hots, urruti eta ez urruti (Proust lirioen bide-zidorreko idaztolan), eta abar. Niaren indartze berebizikoa (mamuaren bitartez); inkontziente kotoitan bildua. Atsegin hori esan egin daiteke: hortik dator kritika.

Gozamenezko testuak. Atsegina zatitan; hizkuntza zatitan; kultura zatitan. Imajinatzeko moduko helburu orotatik at egote horretan dira makurbidezkoak -are atseginarenetik (gozamenak ez du atseginera behartzen; itxuraz aspertu ere egin lezake). Inolako aitzakiak ez dio eusten, deus ez da berrosatzen, deus ez da berreskuratzen. Gozamenezko testua erabat intrantsitiboa da. Hala ere, makurbidea ez da aski gozamena definitzeko; makurbidearen azken muturrak definitzen du: mutur beti lekuz aldatu, mutur huts, mugikor, asmagaitza. Mutur horrek gozamena bermatzen du: makurbide ertain bat berehala geratzen da oztopaturik azpi-helburu sorta luze baten zamapean: prestigioa, erakutsi beharra, etsaigoa, diskurtsoa, nabarmendu nahia, eta abar.

Mundu guztiak eman dezake testigantza testuaren atsegina ez dela ziurra: ezerk ez du aditzera ematen testu hori bera atsegin izango zaigunik bigarren aldiz; atsegin desegingarri bat da, aldartearen, ohituraren, zirkunstantziaren arabera muda daitekeena, atsegin prekario bat (ongi sentitzeko Gogoari zuzenduriko otoitz isil baten bitartez lortua, eta Gogo horrek noiznahi ostera uka dezakeena); hortik noski testu horretaz zientzia positiboaren ikuspuntutik mintzatzeko ezintasuna (haren lege-esparrua zientzia kritikoarena da: atsegina printzipio kritiko gisa).

Testuaren gozamena ez da prekarioa, okerrago da: prekoza da; ez dator bere garaian, ez dago inolako heltze-aldiren baitan. Aldi batean jokatzen da dena, oldarrean. Oldar hori bistakoa da pinturan, gaur egun egiten den horretan: ulertzen den unetik, galeraren printzipioa eragingabe bilakatzen da, beste zerbaitetara pasatu beharra dago. Hortxe jokatzen da, hortxe gozatzen da dena: lehen ikustaldian.

* * *

Testua zera da (izan behar luke), Aita Politikoari bere atzea erakusten dion pertsona bipil hori.

* * *

Zergatik dago, obra historiko, eleberrizko, biografikoetan (zenbaitentzat, ni barne), atsegin bat -garai bateko, pertsonaia baten-  "eguneroko bizimodua" errepresentaturik ikusteak eragina? Zergatik xehetasun xumeen jakingura hori: ordutegi, ohitura, otordu, bizileku, janzkera, eta abar?  "Errealitate"aren gustu fantasmatikoa ote ( "hori izan izan da" baten materialitatea bera)? Eta ez al da mamua bera  "xehetasun"ari, eszena nimiño, pribatuari, dei egiten diona, hartan erraz har baitezaket leku? Ba bide dira, hortaz,  "histeriko koxkor" halako batzuk (halako irakurleak), zeinek antzerki berezi batetik aterako bailukete gozamen: ez handiostasunarenetik, mediokritatearenetik baizik (ez ote daiteke egon mediokritatezko ametsik, mamurik?).

Hala, ez dago imajinatzerik notazio mengelagorik, esanahi gutxiagokorik, "egiten duen -egiten zuen- eguraldi"arena baino; eta hala ere, lehengo egunean, Amiel irakurtzen, irakurtzen saiatzen, erresuminez ni noski, ikusirik nola argitaratzaileak -prestu askoa bera (horra beste atsegin-galarazle bat)- ustez mesede egin nahi izan duen Egunkari horretatik eguneroko xehetasunak, Genebako aintziraren ingurumarietan nolako eguraldia egiten zuen, liburutik kenduz, gogoeta moral geza batzuk baino ez gordetzeko: eguraldi-denbora horrek ziraukeen, ordea, zahartu gabe, eta ez Amiel-en filosofiak

* * *

Arteak konpromezua dirudi, historikoki, sozialki. Hortik artistaren beraren ahalegina hura suntsitzeko.

Hiru forma ikusten ditut ahalegin horretan. Artista beste adierazle batera pasa daiteke: idazlea bada, zinegile, pintore bilakatu, edo, alderantziz, pintore, zinegile bada, zinemari, pinturari buruzko diskurtso kritiko azkengabeak garatu, bere gogoz artea artearen kritikara murriztu. Halaber, opor-baimena eman diezaioke idazkuntzari, idazlaritzaren meneko egin, jakintsu bihurtu, teorialari intelektual, sekula ez gehiago mintzatu leku moral, lengoaiaren sentsualitate orotatik garbitu batetik baino. Azkenik, bertanbehera utzi besterik gabe lantegia, idazteari laga, lanbidez, desiraz, aldatu.

Zoritxarrez suntsipen hori desegokia da beti; edo arteaz kanpoko bilakatzen da, baina orduan inpertinentetzat jo behar da, edo arte-jardueran irautea onartzen du, baina berehala ematen du aukera berreskuratua izateko (abangoardia, hain zuzen, berreskuratua izango den lengoaia hezkaitz hori da). Alternatiba horren oztoparria zera da, diskurtsoaren suntsiketa ez dela noski termino dialektiko bat, termino semantiko bat baizik:  "versus" delakoaren (zuri versus beltz) mito semiologiko itzelaren babespera biltzen da, otzan; hortaz, artearen suntsiketa forma paradoxal soiletara kondenaturik dago (hitzez hitz doxaren kontra doazenetara, alegia): paradigmaren bi aldeak elkarri itsatsirik daude, modu azken batean konplizean: adostasun estrukturala dago forma ihardesleen eta forma ihardetsien artean.

(Batekoz beste, subertsio sotila izena zerari ematen diot, suntsiketan zuzenean interesaturik ez dagoen, paradigma saihestu eta beste termino bat bilatzen duen horri: hirugarren termino bat, zeina ez datekeen, hala ere, sintesizko termino bat, termino eszentriko, egundo-ez-bezalako bat baizik. Adibide bat? Bataille, beharbada, modu ezusteko batez hankazgoratzen baitu termino idealista, haren materialismoan beren lekua baitute bizioak, jaidurak, joko-jolasak, erotismo ezinezkoak, eta abar; hala, Bataille-k ez dio oposatzen pudoreari askatasun sexuala, baizik… irria.)

* * *

Atseginezko testua ez da nahitaez atseginak narratzen dituena, gozamenezko testua ez da sekula gozamen bat kontatzen duena. Errepresentazioaren atsegina ez dago bere objetuari lotua: pornografia ez da ziurra. Termino zoologikotan, esango dugu atsegin testualaren lekua ez dela mimoaren eta ereduaren arteko erlazioa (imitaziozko erlazioa), baizik inozo engainaberaren eta mimoaren artekoa (desirazko erlazioa, ekoizpenezkoa).

Bereizi egin behar litzateke, bestetik, figurazioaren eta errepresentazioaren artean.

Figurazioa gorputz erotikoa testuaren profilean agertzeko modua litzateke (zeinahi ere gradu nahiz eratan ager dadin). Adibidez: egilea bere testuan ager daiteke (Genet, Proust), baina ez batere biografia zuzenaren itxurapean (gorputzaz gainera joko bailuke horrek, bizitzari zentzu bat eman, halabeharra patu bilakarazi). Edo: eleberri bateko pertsonaiarenganako desira irudika daiteke (pultsio iheslez). Edo eta: testua bera, egitura diagramatikoa, eta ez imitatiboa, gorputz itxurapean jar daiteke agerian, objetu fetitxetan banatua, leku erotikotan. Mugimendu horiek guztiek testuaren figura bat egiesten dute, irakurketa-gozamenerako ezinbestekoa dena. Era berean, eta testua baino areago oraindik, filmea beti izango da, hutsik gabe, figuratiboa (horregatik merezi du, kontuak kontu, filmeak egitea) -are deus errepresentatzen ez badu ere.

Errepresentazioa, berriz, figurazio oztopatua litzateke, desirarenaz besteko zentzuz leporaino zamatua: aitzakia-gune bat (errealitatea, morala, egiantzekotasuna, irakurgarritasuna, egia eta abar direla aitzakiok). Hona errepresentazio hutsezko testu bat: Barbey d’Aurevilly-k Memling-en amabirjinari buruz:  "Zuzena da oso, arras perpendikularki jarria. Izaki puruak zuzenak dira. Gerritik eta mugimendutik ezagutzen dira emazteki garbiak; limuriek, berriz, oinak herrestan daramatzate, burua kadentzen zaie, eta soina okertzen, beti erortzeko zorian." Ohar, bide batez, prozedura errepresentatiboak berdin sortu ahal izan duela arte bat (eleberri klasikoa) zein "zientzia" bat (grafologia, esaterako, zeinak letra baten biguntasunetik idazkilearen gogo-ahultasuna ondorioztatzen baitu), eta bidezko dela, beraz, inolako sofistikaziorik gabe, zuzen-zuzenean ideologikoa dela esatea (esanahiak sortzeko molde horrek izan duen hedadura historikoarengatik). Jakina, maiz asko gertatzen da errepresentazioak desira bera hartzea imitagaitzat; baina orduan desira hori ez da inoiz markotik, koadrotik irteten; pertsonaien artean harat-honat dabil; hartzaile bat baldin badago, fikzioaren barneko izaten dirau hartzaile horrek (zilegi da esatea, beraz, desira aktanteen konfigurazioan hertsirik daukan semiotika oro, zeinahi ere berri den, errepresentazioaren semiotika bat dela. Zera da errepresentazioa: deus ez denean irteten, deusek ez duenean jauzi egiten markotik kanpo: koadrotik, liburutik, pantailatik kanpo).

* * *

Testuaren atseginetik hitz bat, zatiren bat, esan orduko, hortxe dira bi jendarme zure gainera jausteko prest: jendarme politikoa eta jendarme psikoanalitikoa: hutsaltasuna eta/edo erruduntasuna, atsegina edo aisiazkoa edo alferrikakoa da, klase-ideia bat da edo ilusio bat.

Tradizio zaharra, oso zaharra: hedonismoa ia filosofia guztiek arbuiatu dute; ez da ageri errebindikazio hedonista bazterreko idazle zenbaiten kasuan baino: Sade, Fourier; Nietzsche-rentzat berarentzat, hedonismoa pesimismo bat da. Atsegina etengabe huts-egina, murriztua, kemen-hustua da, balio gotor, noble zenbaiten fabore: Egia, Heriotza, Aurrerapena, Borroka, Poza, eta abar. Haren aurkari garailea Desira da: etengabe hitz egiten zaigu Desiraz, inoiz ez Atseginaz; Desirak duintasun epistemiko halako bat bide du, Atseginak ez. Balirudike gizarteak (gureak) halako indarrez arbuiatzen duela (eta azkenerako ezezagutu egiten duela) gozamena, ezen ezin baitu sortu Legearen (eta haren ihardespenaren) epistemologiak baino, eta sekula ez Legearen ausentziarenik, edo are hobeki: haren deuseztasunarenik. Bitxia, zinez, Desiraren beti-iraute filosofiko hori (sekula gogobetetzen ez den aldetik): hitz horrek ez ote du  "klase-ideia" bat aditzera ematen? (Froga-uste aski baldar eta hala ere ez nolanahikoa:  "herri jator-jator"ak ez du ezagutzen Desira -atseginak baino ez.)

"Erotiko" esaten zaien liburuek (gaineratu beharra dago: ohiko itxurakoak, Sade eta beste zenbait salbuesteko) gutxiago errepresentatzen dute eszena erotikoa, haren itxarote, haren prestaketa, haren etorbidea baino; horretantxe dira  "kitzikagarriak"; eta eszena iristen denean, uste-ustelen etsipena dator, deflazioa. Bestela esateko, Desiraren liburuak dira, ez Atseginarenak. Edo, maltzurkiago, psikoanalisiak hura ikusten duen moduan eszenaratzen dute Atsegina. Zentzu batek berak dio batean eta bestean hori guztia aski etsigarria dela.

(Monumentu psikoanalitikoa zeharkatu egin behar da -ez inguratu, hiri handi-handi bateko kale miragarriak bezala, zeinetan zehar jolas egin baitaiteke, amets, eta abar: fikzio bat da.)

Ba bide dago, antza, Testuaren mistika bat -Ahalegin guztia, ordea, kontrako bidetik joatean datza; alegia, testuaren atsegina materializatzea da kontua, testua besteak bezalako atsegingai bihurtzea. Hots: edo dela testua bizitzako "atsegin"etara hurbiltzea (plater bat, jardin bat, topaketa bat, ahots bat, une bat, eta abar) eta gure sentsualitateen katalogo pertsonalean sartzea hura ere, edo dela testuaren bitartez gozamenaren, galera subjetibo itzelaren artezia irekitzea, hala testu hori makurbidearen unerik puruenekin identifikatuz, haren leku klandestinoekin. Gauza da, garrantzia duena, atseginaren alorra berdintzea, bizitza praktikoaren eta bizitza kontenplatiboaren arteko oposaketa faltsua deuseztea. Testuaren atsegina testuaren bereizkuntzaren kontrako errebindikazio bat da, hain zuzen; ezen testuak hitzetaratzen duena, bere izenaren partikulartasunaren bitartez, atseginaren ubikuitatea da, gozamenaren atopia.

Pentsa liburu bat (testu bat), zeinean, modurik pertsonalenean, gozamen guztien zerrenda letorkeen txirikordaturik, irazkindurik ( "bizitza"ren eta testuaren gozamenak), zeinean anamnesia berak harrapatukolituzkeen irakurketa eta abentura.

Irudika dezagun estetika bat (hitza baliogalduegia ez badago) azken muturreraino (erabat, errotik, zentzu guztietan) kontsumitzailearen atseginean oinarritua, nornahi ere dela kontsumitzaile hori, zeinahi ere klase, zeinahi taldetako kide, kultur eta lengoai bereizkuntzarik gabe: ondorioak gaitzak lirateke, lazgarriak ausaz (Brecht-ek atseginaren halako estetika bat jarri zuen abian; haren proposamenetatik hori da maizen ahazten dena).

* * *

Ametsak ahalbidetzen, sostengatzen, gordetzen, argi betean jartzen du sentimendu moralezko, batzuetan are metafisikozko, fintasun ezinago bat, giza erlazioen zentzurik sotilena, desberdintasun ñabarduraraino finduak, zibilizazio mailarik goreneko jakinduria bat; hitz batean, logika kontziente bat, guztiz delikatuki artikulatua, itxura batera beila-lan zorrotz batek soilik lortzeko modukoa den logika bat, alegia. Hitz batean, ametsak nigan arraro, arrotz ez den guztia mintzarazten du: sentimendu oso zibilizatuz gauzaturiko anekdota inzibil bat da (ametsa zibilizatzailea bide da).

Gozamenezko testuak diferentzial hori eszenaratzen du sarritan (Poe); baina kontrako figura ere eman dezake (orobat zatibiturik, hala ere): anekdota oso irakurgarri bat, sentimendu ezinezkoz (Bataille-ren Mme Ewarda).

* * *

Zer erlazio egon daiteke testuaren atseginaren eta testuaren erakundeen artean? Oso urria. Testuaren teoriak egia da gozamena postulatzen duela, baina etorkizun instituzional eskasa du: teoria horrek eratzen duena, haren bururapen doia, haren lan-xedea praktika bat da (idazlearena), ez inondik ere zientzia bat, metodo bat, ikerkuntza bat, pedagogia bat; bere printzipioez berez teoria horrek ezin sor dezake teoriariak edo praktikariak baino (idazlariak), inondik ere ez berezilaririk (kritikari, ikerle, irakasle, ikaslerik). Ez da bakarrik ikerkuntza instituzional ororen izaera fatalki meta-linguistikoa atsegin testualaren idazkuntza oztopatzen duena, beste oztopoa zera da, gaur-gaurkoz ez garela gai etorkizunaren zientzia egiazko bat burutan emateko (zientzia horrek bakarrik bildu ahal izango bailuke gure atsegina, tutela moral baten mozorroz irrigarri jantzi gabe):  "…ez gara aski sotil munduaren etengabeko bilakaeraren jariatze seguru asko absolutua hautemateko; iraunkor deritzoguna ez da existitzen gure organo baldarroi esker baino, gauzak laburbildu eta plano amankomunetara errenditzen baitituzte, nahiz deus ez den noski existitzen forma horretan. Zuhaitza uneoro gauza berria da; mugimendu absolutu baten sotiltasuna atxikitzen ez dugulako baieztatzen dugu forma" (Nietzsche).

Testua ere, horren irudira, zuhaitz halakoa dateke, zeinaren izendapena (behin-behinekoa) geure organoen baldartasunari zor baitiogu. Sotilitate faltaz bide gara zientifiko.

* * *

Zer da esanahia? Zentzua, sentsualki ekoiztua den aldetik.

* * *

Bilatzen dena, alde desberdinetatik, sujetu materialistaren teoria bat finkatzea da. Ikerkuntza hori hiru izamoldetatik pasa daiteke: lehenengo eta behin, gupidagabe kritika ditzake, aspalditik datorren bide psikologiko bat mailegatuz, sujetu imajinarioak lagun dituen ilusioak (moralista klasikoak gailen izan dira kritika horretan); gero -edo aldi berean- urrutiago joan daiteke, sujetuaren zatibitze zorabiagarria onartu, alternantzia huts, zeroaren eta haren ezabatzearen alternantziatzat deskribaturik sujetu hori (horrek badu testuarengan eraginik, zeren, bertan hitzetara ezina izaki, gozamenak bere ezereztatzearen zirrara pasatzen baitio hari); azkenik, sujetua orokortu dezake ( "arima anitza",  "arima hilkorra") -horrek ez baitu hala ere esan nahi hura masifikatzea, kolektibizatzea; kasu horretan ere, berriro egiten dugu topo testuarekin, atseginarekin, gozamenarekin:  "Ez ote dago eskubiderik galdetzeko nor demontre den interpretatzen duena? Interpretazioa bera da, ahalmen-nahiaren forma hori, pasio gisa existitzen dena (ez  "izaki" moduan, baizik prozesu, bilakaera moduan)" (Nietzsche).

Orduan hor dukegu berriro sujetua, ez ilusio gisa, fikzio gisa baizik. Nolabaiteko atsegina ateratzen da nork bere burua gizabanako gisa imajinatzeko -azken fikzio bat, arraroenetakoa, asmatzeko- modu batetik: identitatearen fikziozkotasuna. Fikzio hori ez da jadanik batasun baten ilusioa; aitzitik, geure plurala agertarazten duguneko gizarte-antzerkia da: gure atsegina indibiduala da -baina ez pertsonala.

Atsegin eman didan testu bat  "analizatzen" saiatzen naizen bakoitzean, ez da nire  "subjetibitatea" aurkitzen dudana, baizik nire "gizabanakoa", nire gorputzak beste gorputzetatik bereizirik gauzatzen duen datua, horrek egiten baitu sofrimenduaren nahiz atseginaren jabe: gozamenezko nire gorputza da aurkitzen dudana. Eta gozamenezko gorputz hori nire sujetu historikoa da orobat; zeren elementu biografiko, historiko, soziologiko, neurotikozko (heziketa, klase soziala, haur-konfigurazioa, eta abar) konbinatoria oso fin baten buruan baino ez baitut arautzen atseginaren eta gozamenaren joko kontraesanezkoa (bata kulturala eta bestea inkulturala izaki), eta neure burua sujetu gaur-gaurkoz gaizki kokatu, sobera berandu edo sobera goiz iritsitzat idazten (sobera horrek ez duelarik adierazten ez kexu ez falta ez zorte txar inolakorik, baizik leku huts bat, inon-ez bat, iradokitzen soilik): sujetu anakronikoa, jitoan doana.

Imajina liteke irakurketazko atseginen tipologia bat (edo atseginezko irakurleena); tipologia hori ez litzateke soziologikoa, zeren atsegina ez baita ez produktuaren eta ez ekoizpenaren atributu; psikoanalitikoa baino ez liteke izan, irakurketaren neurosiak testuaren forma haluzinatuarekin duen erlazioa kontuan hartuko lukeena, alegia. Fetitxista testu etenari egokituko litzaioke, aipuen, formulen, esamoldeen zatikatzeari, hitzaren atseginari. Obsesiboak letraren boluptatea luke, bigarren graduko lengoaiena, lengoaia beregainena, meta-lengoaiena (klase horrek logofilo, lengoaiari, semiotikalari, filologo guztiak bilduko lituzke: horientzat guztientzat lengoaia bigarrenez baitator, itzulian). Paranoikoak testu bihurriak kontsumitu edo ekoiztuko lituzke, arrazonamendu gisa garaturiko historiak, jolas itxurako eraikuntzak, eragozpide sekretuak. Histeriko, berriz (obsesiboaren hain bestelakoa), zera litzateke, testua esku-dirutzat hartzen duena, lengoaiaren komedia hondogabe, egiagabean sartzen dena, inolako begirada kritikoren sujetu ez den eta testuan zehar bere burua botatzen duen hura (zeina oso besterik baita inork bere burua testuan proiektatzearen aldean).

* * *

Testu hitzak Ehundua esan nahi du; baina orain arte ehun hori produktutzat hartu bada ere, erabat osaturiko estalkitzat, zeinaren atzean hortxe dagoen, gutxi-asko gordea, zentzua (egia), guk orain ehunari dagokion beste ideia generatibo bat azpimarratzen dugu; alegia, testua egin egiten dela, txirikordatze etengabe baten bitartez lantzen dela; ehun horretan -testura horretan- galdurik, sujetua desegin egiten da bertan, bere sare-oihala eraikitzeko jariakinetan disolbatuko litzatekeen armiarma bat irudi. Neologismoak gogoko bagenitu, hifologiatzat defini genezake testuaren teoria (hyphos ehuna zein armiarma-sarea da).

Testuaren teoriak esanahia (Julia Kristeva-k hitz horri eman dion zentzuan) gozamenaren lekutzat bereziki seinalatu badu ere, eta praktika testualaren balio aldi berean erotiko eta kritikoa baieztatu, proposamenhoriek ahaztu egiten dira askotan, gibeleratu, isilarazi. Eta hala ere: teoria horrek berezko joera duen materialismo errotikoa, imajina ote daiteke atseginaren, gozamenaren pentsamendua gabe? Iraganeko materialista bakanak, zein bere erara, Epikuro, Diderot, Sade, Fourier, ez al dira guztiak eudemonista deklaratuak izan?

Hala ere, atseginak testuaren teoria batean dukeen tokia ez da ziurra. Zera da kontua noski, egun bat iristen dela non nolabaiteko premia sentitzen baita teoriaren torlojua koskatxo bat askatzeko; diskurtsoa, errepikatzen den, finkotasuna hartzen duen idiolektoa aldarazi, eta galdera baten astindua emateko. Atsegina galdera hori da. Izen tribial, duin-eza den aldetik (nork joko luke gaur bere burua, barre egin gabe, hedonistatzat?), testua moralera, egiara itzultzea oztopa dezake atseginak: egiaren moralera: zeharkari bat da, "laprastari" bat, nolabait esateko, zeina gabe testuaren teoria sistema zentratu bihurtuko bailitzateke ostera, zentzuaren filosofia.

* * *

Ez sekula aski esan atseginaren suspentsio-indarra: benetako epokhé bat da, balio onartu (norberak onartu) guztiak urrutian hormaturik uzten dituen geldialdi bat. Atsegina zer neutro bat da (demoniakoaren formarik makurbidezkoena).

Edo, gutxienez, atseginak suspentsioan, zintzilik uzten duena balio adierazia da: Kausa (ona).  "Darmès-ek, errege zirikatzeagatik epaitzen ari diren probokatzaile batek, bere ideia politikoak idatziz ematen dihardu…; Darmès-en lumara sarrienik datorrena aristokrazia da, zeina berak haristaukrassie idazten baitu. Hitza, horrela idatzirik, aski ikaragarria da…" Hugo-k (Pierres) biziki maite du adierazlearen bitxikeria hori; badaki, orobat, ortografiazko orgasmo koxkor hori Darmès-en  "ideietatik" datorrela: haren ideiak, hots, haren balioak, haren fede politikoa, mugimendu bat beraz idatzi, izendatu, desortografiatu eta gomitatzera bultzatzen duen ebaluazioa. Haatik: nolako asper-gogaikarria ez zen izango Darmès-en ziri-idazki politiko hura!

Testuaren atsegina horixe da: balioa, adierazle izatearen gradu bikain, luxuzkora iragana.

* * *

Atsegin testualaren estetika bat imajinatzerik balego, bertan sartu beharrekoa litzateke: ahots-gorako idazkuntza. Ahozko idazkuntza hori (zeina ez baita inondik ere hizketa) ez da praktikatzen, baina bera da, dudarik gabe, Artaud-ek gomendatzen zuena eta Sollers-ek eskatzen duena. Existituko balitz bezala mintza gaitezen, bada, hartaz.

Antzinatean, erretorikak bazuen atal bat iruzkingile klasikoek ahaztu, zentsuratu dutena: actio delakoa, diskurtsoari gorputzaren bitartez agerbide emateko errezeten bilduma modukoa: adierazpenaren antzerki halakoa zen, non oradore-antzezleak bere sumina, bere errukia eta abar "adierazten" zituen. Ahots-gorako idazkuntza, berriz, ez da adierazpidezkoa; feno-testuari uzten dio adierazpena, komunikazioaren kode erregularrari; bera geno-testuari dagokio, esanahiari; ez diote eragiten inflexio dramatikoek, doinuera maltzurrek, lausenguzko azentuek, baizik eta ahotsaren bikor delakoak, zeina tinbre eta lengoaiazko nahaste erotiko bat baita, eta bera ere, hitz-ebakera bezala, arte baten gai izan baitaiteke: norberaren gorputza gidatzeko artea (hortik sortalde-urruneko antzerkietan duen garrantzia). Hizkuntzaren hotsekiko, ahots-gorako idazkuntza ez da fonologikoa, fonetikoa baizik; haren xedea ez da mezuen argitasuna, emozioen antzerkia; bilatzen duena (gozamenezko ikuspuntu batetik) gorabehera pultsionalak dira, larruz tapizaturiko lengoaia, testu bat zeinean aditu ahal izan daitezen zintzurraren bikorra, kontsonanteen patina, bokalen boluptatea, haragi sakonaren estereofonia oso bat: gorputzaren, hizkuntzaren artikulazioa, ez zentzuarena, lengoaiarena. Melodiaren arte nolabaiteko batek eman dezake ahozko idazkuntza horren gutxi gora-beherako ideia; baina melodia hilik dagoenez, gaur egun beharbada zineman aurki liteke errazen. Izan ere, aski da zinemak hizketaren soinua oso hurbiletik hartzea (hori da azken batean idazkuntzaren  "bikor"aren definizio zabaldua) eta bere materialitatean, bere sentsualitatean entzunaraztea hatsa, txintxar-hotsa, ezpainen mamia, giza muturraren presentzia oso bat (ahotsa, idazkuntza, freskoak, arinak, lubrifikatuak, bikor fin-finekoak eta dardaratiak izatea, animalia baten muturra bezalakoak), adierazia oso urruti deserriratzea lor dezan, eta aktorearen gorputz anonimoa nire belarrira egoztea, nolabait esateko: horra hor bikorra, horra txinparta, horra fereka, horra laztura, horra mozketa: horra hor gozamena.