Intsumisioa, independentzia!!
Intsumisioa, independentzia!! (1993) |
Iritzi artikulu hau Egunkarian argitaratu zen 1993ko azaroaren 20an. |
Intsumisioa, independentzia!!
Ester Agirre
Jarraiko militantea
Azken aldian, intsumisioa erantzun antierrepresiboa ematera mugatzen ari da. Horrelakoak baitira errealitateak eskatzen dituen lehentasunak. Baina 'epaiketarik ez, intsumisioa!', 'zozketarik ez', eta gisako puntuak baino urrunago eta sakonago joan behar dugula uste dugu Jarrain. Gure zeregina nagusiki hor ikusten dugu eta horri erantzun nahian burutu du Jarraik eztabaidarako txosten bat; gazteriari, mugimendu antimilistari, ezker abertzaleari eta gizarte osoari zuzendu nahi dion proposamena. Gazte erakunde abertzale baten ikuspuntutik soldadutza, militarismoa/antimilitarismoa eta Euskal Herriarentzat estrategia independentista baten inguruan proposamenak egiteak beldurra ematen du, bertigoa, baina halere guk uste dugu ezinbestekoa zaigula ariketa hori egitea intsumisioa epaitegietatik atera, eta koarteletara, Estatura berriro zuzen-zuzenean, eramateko lagundu dezakeelako.
Gazte erakunde abertzalea izanik intsumisioan aurkitu dugu Jarraikook derrigorrezko soldadutzaren deuseztapenaren aldeko jarrera erosoa, eta ez duela 4 urte mantentzen genuena. Bere garaian publikoa egin genuen autokritikan datza egungo jarrera. Eboluzio pozgarri eta koherente bat izan da. Jarraik derrigorrezko soldadutza eta armada arbuiatzen ditu estrategikoki. Derrigorrezko soldadutza arbuiatzen dugu lehenik gazteari, pertsonari, egiten dion minagatik baina kontutan hartzen dugu baita zerbitzu hori gure herriaren zapalkuntzaren berme eta bitarteko zuzena diren armadetan egiten dela ere. Ez dugu onartzen Estatuek gu inongo zerbitzurik egitera behartzea gure borondatearen aurka eta are gutxiago borondate hori espreski adierazi dugunean. Eta armada arbuiatzen dugu: soldadutza ez izateko modurik eraginkorrena delako eta oinarrizko printzipiotzat hartzen dugulako. Jakina, armada baten antolaketak berak sortzetiko gaixotasunak ditu gizartearen antolaketa hierarkizatua izaten laguntzen duelako.
Gainera gure herriaren errealitate geografiko eta demografikoa ikusirik, testuinguru politiko eta ekonomikoa, armadaren aldeko apostua egiteak asko baldintzatuko luke gure herriaren garapen osoa.
Baina hau ez da dena. Hau guztia herri menderatu batean gertatzen da eta eraikuntza nazionalaren alde dihardugun guztiok urrunago eta zabalago begiratu behar dugu. Guk partzialki bat egiten dugu Euskal Herrian lan egiten duten zenbait erakunde antimilitaristekin, baina hauek ez dute beren burua, beren antimilitarismoa, eraikuntza nazionala bultzatuko lukeen prozesu batean. Beraz, defentsa nazionala eta gisako auziak landu gabe uzten dituzte.
Defentsa eskubide ukaezin bat da. Eta, zoritxarrez, egun Euskal Herriak badu etsairik, inperialismoa eta militarismoaren eskutik munduan zehar dabiltzan espainiar eta frantses estatuak hain zuzen. Hil ala biziko beharra dela diogunean Euskal Herria garapen ekonomikoen ardatzetik kanpo dagoela ikusten dugu -ardatz mediterraneotik urrun-; bere ohizko industri oinarria beste oinarri produktiboengatik ordezka ezinik, urte goxoetan bertako enpresariak epe erdiko ikusmira izan ordez beren patrika betetzera soilik dedikatu direlako, kulturalki espainiar, frantsez eta anglosaxoi kulturen nagusikeriagatik lotuak eta herri bezala hiru zatitan banaturik.
Defentsa, Euskal Herriaren defentsa, ikusmolde zabal batetik planteaiatzen dugu, maila askotan artikulatu beharreko defentsa. Ezin da defentsaren kontzeptua armada baten eraikuntzari lotu ezinbestean. Are gehiago, guretzat ENAM zapalkuntza nazional eta sozialaren alde desberdinei arola antolatzen den defentsa sistema bat da: euskara, ingurugiroa, emakumeak, gazteria, kultura, drogamenpotasunak, ekonomia, lurraldetasuna... Eta perspektiba eraikitzaile batez txertatzen du bere jarduera, hots, perspektiba estrategiko bat bermatzen du. Egun, armak defentsa sistema horren ezinbesteko tresnak dira espainiar eta frantses estatuen borondate politikoa aldarazteko. ENAMen borroka armatuak, ETArenak alegia, esparru demokratikoen bila ekiten du, espainiar eta frantses proiektuen meneko egongo ez diren adierazpen nazional eta sozialentzat askatasun esparruen bila, hain zuzen ere. Egun, autodeterminazio eskubidea, subiranotasuna eta lurralde batasuna zanpatzen dituzten zerraila politiko eta militarrak irekitzeko beharrezkoa delako. Eta ez, inondik ere, proiektu politikoa armen poderioz inposatu nahi delako.
Izan ere, Jarraitik militarismoaren fenomenoa aztertzerakoan badakigu berau, munduko sistema kapitalista dominatzailearen beste islada baino ez dela. Badu dimentsio mundial bat. Eta egungo mundu mailako zapalkuntza harremanak hausten ez diren bitartean militarismoak pisu handigoa izaten jarraituko du. Baina Euskal Herrian militarismoaren beste dimentsio batzuk baditugu, espainiar eta frantses militarismoarenak hain zuzen. Ulertezina litzateke Euskal Herriaren zapalkuntza nazionala, bai historikoki nola gaur egun ere, estatu bion militarismoari so egin gabe. Europako polizia dentsitate handiena dugu, kontrol basatia, zipaioak, Adarra, Leizaran edo Jaizkibel militarren menpe ikusten ditugu... Hauek egunero argiagoa egiten ari den militarismo baten isladak dira eta antimilitarismo integral baten ikuspuntutik borrokatu behar dira, Euskal Herriko borroka markoan txertaturiko antimilitarismo bat izan nahi bada bederen. Horregatik globalki antimilitarismoari ematen zaion ikusmoldearekin ados egonik ere, beronen moldaketa Euskal Herrira oraindik asko sakondu behar da.
Jarraik antimilitarismoa ikuspegi abertzale batetik aztertzen du. Antimilitarismoaren berezko helburuen gauzapena Euskal Herri independente batean emango dira edo ez dira emango. Indepdentziak espainiar eta frantses militarismoak ukatuko ditu baina hori ez da nahikoa. Euskal indar sozial eta politikoen proposamenen izaera ere kontutan izan beharko ditugu. Jarrai, MOC, PSOE, PNV edo EA ez dira antimilitaristak izango beraiek beren burua horrela definitzen dutelako, proposamenon izaera horrelakoa dela frogatzen dutelako baizik. Eta beraien jokaera horrela bermatu beharko dutelako. Euskal Herri desmilitarizatu batean. Baina, eta, esan bezala, horretarako gure herriak bere etorkizunaren jabe izan behar du lehenik. Espainiar eta frantses estatuen menpe gauden bitartean bei izango dugu militarismoaren aztarna gurekin. Zapalkuntza militarra bere aurpegi ezberdinekin. Antimilitarismoaren iparra gure herriaren askapen borrokarekin ez biltzeak, bere edukin eraldatzaile eta asimilaezin guztiak maila batean lurperatzea suposatzen du. Ez baita arazoaren muina borrokatzen, hots, Euskal Herria militarizatzen duten Estatu zanpatzaileak borrokatzen.