Josseran zaldunaren dohaintza
Nik, Josseran, zalduna, Cipierre-koa ere deitua, Odile nire emaztearekin, biok nahi dugu denek (...) jakin dezaten (...) Jainkoari eta Pedro eta Paulo bere apostolu santuei eta baita Hugo abade agurgarriak zuzentzen dituen Cluny-ko fraileei ere dohainean ematen diegula, gure eta gure arbasoen arimarengatik, gure menpean dagoen Chaselle deritzan Macon-en dagoen domeinu bat, hots, eliza eta kanposantua, mahastiak eta zelaiak, galtzuak eta basoak, errotak eta urak, ur-lasterrak, Ameuyny-ko elizatik Plantes-eko "condamina"-raino (...), Bray-ko baso eta Taize-ko zelaietaraino, eta Chisse-ko basoraino, eta lur guztia, landua ala ez, muga hauen barnean manso-arena bezala onartzen dena: eta muga horietatik kanpo Notre-Dame de Chaselle-ko elizaren menpean legokeena (...) ematen diegu. Letaud eta Atton gure semeek ere onartzen eta baieztatzen dutelarik. Halaber morroi hauek ematen ditugu: Guy errotaria eta bere seme-alabak; Humberto eta bere emazte eta seme-alabak; Joussaud itzainaren seme-alabak; halaber bestejossaud eta bere seme-alabak; Roberto-ren semea den Humberto, eta bere ama, eta Mainberto-ren seme-alabak; baita Giraud-en semea, Alerico-ren seme-alabak ere; Joan eta bere seme-alaben erdia; Vicenterrotaria eta bere seme-alaben erdia; Engeaume eta bere seme-alaben erdia. Azken hiru hauen emazteei dagokienez, bakoitzarengandik zentsu bezala bakarrik zortzi denier hartuko ditugu, bizi garen bitartean. Baita Maria eta bere seme-alabak ere ematen ditugu. Nire emaztearen izeba Ameliak fraile hauei eman zien domeinuaren zatiaren dohainari dagokionez, Ricardo eta Godofredo bere semeek onartu zutena, guk onesten dugu. Zaldun batek berme moduan gordetzen duen elizaren hamarrenari dagokionez, hitz ematen dugu beroni konpentsazio modura ematea, berak onartzen badizkigu, bost solde Macon-eko lur baten gaineko errenta bezala (...) Jaunaren Gizakundearen 1089.eko urtean egina, Felipe Frantziako erregearen erregetzan.
Cluny-ko agirien bilduma, 4. alea, 3636. zbk.
[1089]
Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den
Iban Zalduaren baimenaz).
Bigarren iturria: kondaira.eus
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |