Joxepa eta Bittori
Itxura
←Lehorreko arrantzalea | Joxepa eta Bittori (1909) |
Mari Inaxi nirea→ |
- JOXEPAK Zer zabiltza, Bittori?
- BITTORIK Hementxe, sagardo bila.
- JOXEPAK Ni ere mandatuketan nabil; nola jende asko datorren herriko festetara, gure amak nahi du on egin datorren guziari.
- BITTORIK Gu ere ez gara gaizki izango kanpotarrekin batean; gure etxean ere prestatzen ari dira, gaur ikusiko ditut pazi zaharrak eta denak garbitzen.
- JOXEPAK Gurean, berriz, kutxa zaharretik sagar panpandojak atera eta mahaiaren gainean jarriak daude.
- BITTORIK Hau poza, Joxepatxo! Amona, berriz, esne arroza egin eta egin ari da.
- JOXEPAK A zer jatea egingo dugun! Gure auzoko bizar kentzaileak ere leihoan jarriak dauzka hiru pertz bete-beteak esne arrozarekin.
- BITTORIK Horrenbeste zertarako dute?
- JOXEPAK Bada, pentsatzen omen du jendearekin oso ondo egoteagatik, besteetan musuan aparra ematen duten bezala, orain esne arrozarekin igurztea, gozoago ibil daitezen.
- BITTORIK Ai gizona banintz!
- JOXEPAK Zertako?
- BITTORIK Mingainarekin dena zupatzeko.
- JOXEPAK Ja jai... Eta gero minez gelditu.
- BITTORIK Joxepatxo, hobe dugu etxera abiatu, bidean estropezu egin gabe; hainbeste jende dabil!
- JOXEPAK Bai, jendea! Nik ez nuen uste munduan horrenbeste gizon zenik; alde batera joan eta betea, elizan, tabernan, plazan; batzuk piparekin, besteak soineko ederrarekin, non-nahi pila, mahats mordoak dirudite.
- BITTORIK Teatroan ere egin behar omen dute funtzioa; hara bai nik joan behar dudala.
- JOXEPAK Eta teatroan zer funtzio egiten da? Zenbat oineko saltoak egiten dituzte?
- BITTORIK Salto ez; bestela, oihuka eta irrintziak.
- JOXEPAK Eta jira-bueltak ere bai.
- BITTORIK Bai noski.
- JOXEPAK Aufa, hori ederki! Hemen ere jendea nahikoa badago eserita deskantsuan.
- BITTORIK Afaltzera etorriko ziren kalean ostaturik bilatu ez eta...
- JOXEPAK Eta teatroa zein etxetan egiten dute?
- BITTORIK Hori ez dakit, baina galdetu hauetako bati.
- JOXEPAK (Jendeari). Barka bezate, baina berotakoren batek erakutsiko al digu non den funtzio toki edo teatroa?
- BITTORIK Erakusten badigute, emango diet nik botila honetatik sagardo pixka bat; paperean bilduta bidaliko diet.
- (Barrendik oihuka) Joxepatxo, Bittori, mugituko al zarete?
- (Biak) O! guri oihuka ari dira; goazen.
- JOXEPAK Adio, jaunak; nola baitigute deitu...
- BITTORIK Etxe aldera behar dugu abiatu.
- JOXEPAK Ondo bizi guziak.
- BITTORIK Asko dibertitu.
- (Biak) Gaizki esanik bada, mesedez barkatu.