Edukira joan

Kantari euskalduna

Wikitekatik
Kantari euskalduna
Jose Maria Iparragirre

Kantari euskalduna


1
Gitarra zartxo bat da
Neretzat laguna;
Onela ibiltzen da
Artista euskalduna:
Egun batean pobre,
Beste batez jauna,
Kantari pasatzen det
Nik beti eguna.

2
Naiz dala Italia,
Oro bat Francia
Bietan bilatu det
Anitz malizia
Ikusten badet ere
Nik mundu guzia
Beti maitatuko det
Euskalerria.

3
Jaunak ematen badit
Neri osasuna,
Izango det oraindik
Andregai bat ona.
Emen badet frantzesa
Interesa duna,
Baña nik naiago det
Utzik euskalduna.

4
Agur Euskal-Erria
Baña ez betiko
Bost edo sei urtetan
Ez det ikusiko.
Jaunari eskatzen diot
Grazia emateko
Nere lur maite ontan
Ezurrak uzteko.