Edukira joan

Karmelo ikastola, Santutxu, 1964-1989

Wikitekatik
“Karmelo ikastola, Santutxu, 1964-1989”  (1989) 
edited by Karmelo ikastola
Karmelo Ikastolak Santutxun 1989an bere 25. urteurrena ospatzeko argitaratu zuen liburuxkaren atal batzuk


Ikastolaren sortzaileen Iritziak eta asmoak

[aldatu]
gabin-azaola-jose-luis-kerexeta-joseba-arrieta-iñaki-zabala
Karmelo ikastolaren sortzaile taldea: Gabino Azaola, Jose Luis Kerexeta, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala (ezker-eskuin).

Orain dela 25 urte bezala, mahai baten inguruan bildu dira lau gizon hauek, gure gonbidapenari erantzunez, garai hartako Santutxuko euskal giroari buruzko xehetasunak emateko prest. Atzerantz hogeita bost urtetako saltoa eginez, Bilbon euskaraz irakasteko zentro bakarra Elkano kalean zegoela aurkituko dugu, horretarako Euskaltzaindiaren babespean legeztatua izan zelarik. Elkanon bateratu ziren, euskara umeei irakasten izandako esperientzia guztiak, hots, San Nikolas elizako katekesikoak, frantziskotarrek izandakoa eta zenbait etxebizitzatan izandakoak. Esperientzia horiek arriskugarriak ziren andereñoentzat, irakaskuntzatik kanpo egotera zigorturik geratzen baitziren, “por inculcar ideas subversivas en mentes infantiles" (Portillo).

Karmelo Ikastola (2024)

Ez egotearren, orain hogeita bost urte ia-ia kalerik ere ez zegoen Santutxun. Euskararen presentzia ere oso urria zen hemen. Euskarazko ikastaldi batzuk ematen zituen Joseba Arrietak Zabalbide kaleko Segunen tabernan, orain Bar Arrieta dagoen tokian. Hantxe bertan bildu ziren 1964. urtearen hasieran Karmelo ikastolaren lau sortzaileak. Zeuena da txanda.

José Luis Kerexeta.- Lehenago beste bilera batzuk izan ziren Edili-n, Viuda de Epalza kalean, Elkanokoaren antzera Bilboko auzoetan ikastolak sortzeko. Hogeita hamarren bat lagun bildu ginen eta hantxe eman zizkidaten beste hiruren izenak Santutxukoa eratzeko, Gabino Azaola, Joseba Arrieta eta Iñaki Zabala-renak. Holaxe bildu ginen lehenengo aldiz.

Joseba Arrieta.- Giroa oso beltza zen ordukoa, katakonbetakoaren antzekoa, baina aurrera egin behar zen. Lehenengo, euskara bultzatu beharra zegoen. Seme-alabak eskolara bidaltzeko adinean genituen, eta erabakita geneukan ikastola bat antolatzea.

Gabino Azaola.- Umeak atera egin behar izan genituen beren ikastetxetik, eta ikastolarako eskaini. Exenpluz predikatu behar zen. Nik bi alaba atera nituen kolegio frantsesetik.

Iñaki Zabala.- Ilusionatzeko garaia izan zen hura. Ni orduan ezkontzeko nengoen, baina beste hiru hauen artean bost ume zituzten ikastolarako adinean.

J.L.K.- Hasteko, konfiantzazko ezagunen zerrenda bat egin genuen eta etxez etxe joan ginen geure proiektua azaltzera: "Aizu! Ikastola bat egiteko asmoa dugu... eta umeak behar ditugu...eta zuk umeak dituzunez.. ".-"¿Y qué garantías nos dais?"- galdetzen ziguten. Eta guk "ninguna" erantzuten genien. "Eta titulazio ofizialik?" eta guk, "guzti horiek lortzen ahaleginduko ginela .. " erantzuten genien.

G.A.- Guztiei esaten genien, dohainik izango zela, diru-arazoengatik inor ez zela ikastolarik gabe geratuko. Denetara hamabi ume bildu genituen, 3, 4 eta 5 urtetako hamabi ume, zortzi familiatakoak. Karmelo komentura jo genuen, Gaztedi dantza-taldearen arrimura, eta bronka handien ondoren, hango priorrak, aita Fidel Sarriegi-k, gela bat utzi zigun zine-aretoaren gainean, bandera espainola eta guzti.

I.Z.- Legearen aginduz, bandera jarri behar zen eskola guztien kanpokaldean. Baina fraileak ez zeuden prest beren elizako hormak horrela "apaintzeko" eta bronkak izan genituen. Ni lehenago ere eliza horretan jaunartzera joatean banderapetik pasatua nintzela esan nien, eta gainera oraingoan euskarari laguntzeko zela.

Itziar Zarraonaindia

J.A.- Berandu hasi zen lehen kurtso hura, 1964-65 ikasturte historiko hartan. Irakaslea Itziar Zarraonaindia izan zen, eta, berria zenez, Itziar Berrojalbiz-ek lagundu zion bere esperientziarekin.

J.L.K.- Itziar Berrojalbiz-ek ez zuen ezer kobratu, eta bera izan zen gainera, fraide kikildu batzuen aurrean gogor saiatu zena, ikastolari firme eutsiz.

J.A.- Kontutan hartu behar da, orduan ia ez zegoela euskaldunik, magisteritza-ikasketak eginda zeuzkanik. Eta irakaskuntza arrunterako, magisteritzaz gainerako agiriak gobernu zibilak ematen zituenez, aurretiaz ikastolan andereño izatea arriskugarria izan zitekeen. Certificado político-social izeneko agiri hori lortzea oso zaila zen hemengoentzat.

G.A.- Holaxe hasi genuen 64-65 ikasturtea, hamabi umerekin, beraz, eta Karmelo izenarekin. Karmeldarren komentuaren babespean egin genituen paperak, hantxe, komentuko gelatxo batetan.

J.A.- Maiatzera arte iraun genuen, inspekzioaren bisitara arte. Sanchez inspektorea etorri zen, eta legez kanpo ari ginela eta ikastola berehala itxi behar zela jakin erazi zigun. Ikasturtea ez galtzeko, ume nagusienak Elkanora bidali genituen... Sanchez hori euskalduna zen, gure zoritxarrerako, Pablo Sanchez, Zornotzako guardia zibil baten semea.

G.A.- Gurekin maltzur jokatu zuen, baina berak animatu gintuen paperak egitera eta ikastolaren legeztapena eskatzera: "porque el decreto contiene normas que ustedes podrían cumplir... " esaten zigun.

I.Z.- Paperak bete genituen, eta behin-behineko baimenarekin hasi genuen bigarren ikasturtea. 65-66 ikasturtean, aurrekoan bezala, Itziar Zarraonaindia izan zen andereño. A! Eta fraideak ondo portatu ziren, aurreko bronken ondoren. Ez ziguten sekula dirurik eskatu komentuan egon ginen bost urteetan zehar, ez gelagatik, ez argiagatik, ez besterengatik. Eta gainera gure molestia,..

Presupostuari aurre egiteko, bonu batzuk atera genituen eta txikiteroen taldeen artean saldu. Zerrenda bat neukan eta hilero-hilero batzuk 25 pezeta ordaintzen zuten, beste batzuk 100. Hori frankismoaren aurkako militantzi mota bat zen, zalantzarik gabe.

J.L.K.- Orduan norbaitek zure seme-alabek euskara ikasteko era izango zutela esaten bazizun,... hori pentsa ezinekoa zen, eta gu edozertarako prest geunden bide horretan. Jendeak ez zekien Elkanoko eskola existitzen zenik ere. Ez zegoen propagandarik.

J. A.- Bai! Eta lehenengo urteetan guk erakarri genuen jendea ere, ideologikoki zalantzarik gabekoa izan zen (hala izan behar). Agian beldurraz atzera egin zezakeena, baina ez ideologiaz.

GA.- Zailtasunak handiak ziren, baina inspekzi0arena ez zen txikiena. Han etortzen zen Sanchez, eta umeak rapa! tente jartzen ziren eta "karalsola" kantatzen zioten. Ondo ikasita zeuden, kantak ikasita, euskarazko gauzak gordeta. Bandera kanpoaldean. Gelako horman, gurutzea erdian, Francoren irudia eskuinean eta abar.

J.A.- Hirugarren urtean bi gela utzi zizkiguten fraideek Karmeloko komentuan, baina zine-aretoaren bestaldean oraingoan, obrengatik edo ez dakit zergatik. Aurrerantz gindoazen. Itziarrek alde egin zuen, baina beste bi andereño etorri ziren, Bego Uriarte mundakarra eta María Luisa Markuerkiaga ondarrutarra. Nolanahi ere, euskaraz ikasteko baimenak ez zetozen Madriletik. Beraz, Gabinoren anaiak, Iñakik, influentziak bilatu zituen Madrilen. Eta hara nola joan ziren Madrilera, José Luis eta Iñakik aurkitutako "laguna".

J.L.K.- Bai! "Lagun" horren eskutik eta bere puro-kaxen bidez, gure papera zegoen bulegoraino heldu nintzen, ministeritzan gora. Kajoian gordeta zegoen papera. "Pero que esto no se puede dar" esan ziqun..." Mirad! Si donde pone enseñanza en vascuence poneis enseñanza del vascuence, no hay pegas Eta horixe egin genuen. Handik hamabost egunetara baimena genuen, eta detaile hori gorabehera, guk ez genuen ezertan aldatu geure ikastolaren jokaera praktikoa. Hori 1969.ean gertatu zen, behin behineko paperekin bost urtez iraun eta gero.

I.Z.- Orduan Kamelo komentua utzi eta gure izena aldatu gabe Travesía de iturriaga kalera joan ginen. Han ere berdin, bandera kanpoan, gurutzea eta Franco-ren koadroa barruan, eta inspekziorako amarru berberak.

J.L.K.- Sanchez etortzen zenean, María Luisa andereñoa zen harrera emateko espezialista. Eserita itxaroten zion, zangoak erakusten pixkat. Orduan Sanchez aurrez aurre esertzen zen, eta horrela hamar minututako epea zeukaten besteek euskarazko liburu eta paperak gordetzeko eta erdarazkoak ateratzeko eta "karalsolaren" parafernalia prestatzeko. Eskerrak María Luisari.

J.A.- Ordura arte guk ezin genuen eskolatze-kartilarik eman, eta gure umeetariko batzuk Elkanon zeuden ofizialki apuntaturik, beste batzuk Deustun, eta Berrio-Otxoan ere baten bat. Ordutik aitzina alderantziz gertatzen zen; geuk ematen genien babesgo ofiziala beste ikastola batzuei, beraien papeleoak konpondu bitartean, Erandiokoari adibidez.

G.A.- Ez da erraza, orduko gure orekak adieraztea. Gaur egun aukera asko dago, baina orduan pentsa ezinekoa zen gure umeek euskaraz ikasi ahal izatea, mirari bat. Hasiera hartako gure umeak, jadanik hogeita hamar urtetako emakume eta gizonak dira.

Eskerrik asko elkarrizketa honetarako bildu zaretelako. Eta nola ez! Orain dela 25 urte bildu zinetelako, eta geroko bilera guztiengatik.

ESKERRIK ASKO!

__________________________________________________________________________

Karmelo Ikastola, auzoa euskalduntzeko etxez etxe sortutako proiektua

[aldatu]

Karmelo Ikastolak oso argi izan du beti, Santutxu euskalduntzeko jaioa izan zela eta azken hogeita bost urteotan lorturiko emaitzak medio, etorkizunari ateak zabaldu dizkiola aitortu beharrean gaude. 25 urte dira guraso ausart batzuk etxerik etxe haurren bila aritu zirenetik; 25, andereño batek ume sorta bat hartu eta fraide karmeldarren gela ilun batetan ibilbide luze honi ekin zionetik. Ikastolak gaur egun duen indarra ikusirik, nekez soma daitezke jasandako oztopoak eta gainditu beharreko hamaika traba, iragan ilun hark inposaturikoak. Hala ere, askoren gogoan dira oraindino, oztopo, traba eta bestelako guztien gainetik izan den ilusio biziak itxaropen euskalduna eskaintzen baitio Santutxu auzategi bilbotarrari.

Gurasoek adarretatik hartu zuten zezena eta arrisku guztiak baztertuz, dozena bat haur bildu zuten ikastola izango zen hori sortzeko. Bilbon eredu bakarra zegoen Elkanon, Julita Berrojalbiz-ek martxan jarritakoa, hain zuzen. Gogoan du lehenengo andereñoak, Itziar Zarraonaindia bera, lehenengo egunean Julita etorri zitzaiela goxoki piloa hartu eta ikastola berriko umeei bisita eginez, andereñoa animatzera eta bere laguntza eta esperientzia apurra eskaintzera. Hasierako andereñoek gogoan dute, halaber, irakaskuntzarako aukerarik eskaintzen ez zuten ikasgela haiek; bai eta inspektore, polizia eta guardia zibilen bisitak ere. Kontutan izan behar da, hasierako urteetan "trapitxeoz" sortu zirela ikastolak: ez lege-arautegirik, ez baimen ofizialik, ez ezer. Indarrean egoteak, sortu eta bizirik irauteak, eman zien ikastolei behar zuten legitimitatea. Derrigorrezkoa gertatu zitzaienean, onartu beharrean aurkitu ziren agintari frankistak. «Esaten zigutena zen —gogoratzen zuten orduko protagonistek— zuek bost ordutan erdaraz eman behar duzue eta, nahi izanez gero, ordu bakar bat euskaraz, eskola orduetatik kanpo».

Baldintza politikoak pairatu beharreko zama astuna ziren. Inspektorea zen mamua. Inoiz Espainiako himnoa ez jakiteagatik zigortuak izan dira Karmeloko haurrak. Zelan ahantzi hori, zelan ez gogoan izan bandera eta mapa espainolaren presentzia? Zelan ez gogoratu, karpeta bi eduki behar zituztela beti, egiazkoa bata, euskarazko materialaz hornitua, eta inspektoreari erakustekoa bestea, dena erdaraz? Haurrek ere ba zuten horren kontzientzia, eta inspektorea agertzen zen bakoitzean, ezkutatu egiten zuten euskarazkoa.

Buru-belarri ilusioz beteriko lanean

[aldatu]

Hala ere, aipaturiko eragozpen guztiok ez zuten inoren ilusioa indargabetu. Lehenengo boladako andereño gazteek, 18 urte besterik ez baitzuten batzuek, magisteritza-eskolatik irten eta zuzenean irakastaldiak ematen jarri ziren, Xabier Peña-k egindako alfabetatze-ikastaroaren ostean. «Uste genuen, ikastolok gizarte osoa aldatu behar zuela ―gogoratzen dute orain Terek eta Errosek― ikastolak oso garrantzizkoak zirela eta gu... ia-ia superjainkosak ginela. Ilusio horrekin eta hori sinistuta, lan piloa egin genuen». «Ikastolak heziketa-modu berria planteatzen zuen. Pedagogia berriaren premiaz jabeturik, bide berriak urratzen aritu ziren. Gurasoekiko harremanak estuak ziren, horixe baitzen ikastolaren berezitasunetariko bat. 18, 19 urte genituen eta adin horrekin mundua jan behar duzula uste duzu; eta guk ere horixe uste genuen», gaineratu digute. Izan ere, ikastola kideen ahalegina ez zen makala izan. Kontutan hartu beharra dago, Xabiertxo izeneko irakurketa-liburuaz aparte, ez zegoela inolako materialik euskaraz prestaturik. Horrek esan gura zuen, ikastolatik kanpo ere lanean aritu behar izaten zirela andereño eta gurasoak. Bizkai mailan koordinakunde txiki bat osotu zen eta astero biltzen ziren, apurka-apurka materiala prestatuz joateko. Hainbat eta hainbat asteburu lan horretan eman zutela, irribarrez gogoratzen dute orain. 1969.ean, esaterako, hiru urtetik gorako haurrentzako materiala prestatzeko, Euskaltzaindian biltzen ziren Bizkaiko andereñoak. Taldea ez zen oso handia, baina bai emankorra.

Argazki-oina: Kale gorria Izan zen garai batetan gure haurren jolaslekua.

Gurasoei dagokienez, ez dute duda-izpirik erakusten «gurasoek oso zeregin garrantzizkoa izan dute ikastolaren bilakaeran» aitortzerakoan. Izan ere, gurasoek sorturiko mugimendua izan zela azpimarratzen dute behin eta berriro. «Uste dut, ikastolak zorte handia izan zuela sortu zen garai hartan; —azpimarratzen du andereñoak— nahiko ardura zegoen pedagogiari dagokionez irakasleen artean, gizartearen geldiezina pil-pilean sumatzen zen ikastoletan eta mugimendu pedagogiko berri baten eredu izan ginela uste dut». Irakasleak herrialde mailan koordinatu eta Gipuzkoakoekin batera elkartzen hasi ziren. Dena den, Katalunian indar handiagoz ari zirelarik, ugariak izan ziren harantz egindako bisitaldiak «Nahiz eta kanpotik zeuden esperientziez baliatu, guk arazo bat genuen, inork konpontzen ez ziguna, eta hizkuntzarena zen», gaineratzen dute. «Gure arazoa ondokoa zen, argitzen dute-guk genituen haur gehienak erdaldunak zirela eta euskaldundu egin behar genituela. Beraz, nahiz eta kanpotik ideiak hartu, guzti hori gero moldatu eta ikastolen mundura sartu behar izaten genuen». Jakin ondo dakite, ilusio horiek faltsuak zirela zenbait mailatan, baina horrek garra sutan mantendu zuen. «Beharbada gauza batzuetan oker geunden, esperientziak gero erakutsi bezala,..-onartzen dute gainera, orduan guk hizkuntza irakasteko genuen ideia eta gaur duguna, ez dira oso berdinak».

Apostua bikoitza zen ikastolan

[aldatu]

Ikasgaiak ere, buruhauste nahiko ekarri digute. Kontutan hartu beharra dago, merkatuan zegoen materiala desegokia bazen, hori ez zela soilik erdaraz argitaratuta zegoelako, edukiek ere guztiz baldintzatzen baitzuten guztia. Apustua beraz, bikoitza zen. Umeak ahalik eta ongien prestatu behar izaten zituzten, bezeria agor ez zedin. Baina bestalde, Ikastolatik atera eta Bilboko Institutuan aritzeko prestatu behar izan zituzten. Hura komeria!

Argazki-oina: Fika kalean ere Karmelo Ikastola dago

Edukien aldetik, gauzak erabat aldatu behar izaten ziren goi mailetan, Institutuan gainditu beharreko azterketa horri begira. Andereñoek aitortzen dutenez, uste baino emaitza hobeak izan zituzten hasierako urte haietan.

Leku egokiaren bila

[aldatu]
Karmelo ikastolako instalazioak (Menendez Pelayo kalea, 1989)

Karmelo Ikastolak hasieratik izan zuen kokatze fisikoaren arazoa. Gaur egun ikastola berria martxan dela, aspaldiko kontua dirudi etxez etxe ibili behar hark. Karmelotik irten eta etxe partikular batetan aritu behar izan ziren hasieran. Karmelora itzuli eta gero, Travesía de Iturriagako etxepe batetan sartu behar izan ziren geroago, ikasle berriak etortzearekin espazio handiagoaren premia zuten eta. «Ume asko zegoenez -gogoratzen dute gauez mahaiak barruan sartzen genituen, eta gelak etxe barruko patio txiki batetara jotzen zuenez, egunez leihoa ireki eta bertara atera behar izaten genituen mahaiak, haurrak sartu ahal izateko; bestela haurrak ez ziren kabitzen».

Kontzienteak dira, auzoari ezin zitzaizkiola lokalak eskatu, baina,.. ba zen ikastola sortu zutenen artean lanez etxegilea zen bat, eta hark, egindako eraikuntza baten etxazpia utzi zigun, prezio sinbolikoan, dohainik praktikan. Ez zen beste munduko gauza lokal hura, baina gutxienik une hartan geneuzkan umeak babesteko adinakoa bai.

Denbora luze eman zuen ikastola lokal haietan, txiki geratu ziren artean. Orduan Gabino Azaola-k, bera baitzen aipaturiko etxegilea, Goialde izeneko etxea eskaini zuen. Hasieran andereñoen bizileku izan behar zuen hura, eskolaurrerako dedikatu zen. Eta handik gutxira, ikastola leku faltaz laster itotzen hasi zenean, Azaola-k eraikitako eraikuntza berri batetan behar moduko ikastola bat prestatzen hasi ziren. Garai horretakoa da ikastolakideen banaketa, 77.eko ekainean. Eboluzioaren arauak agindu bezala, ideia desberdinak sortu ziren ikastolako partaideen artean. Batzuek izaera publikoaren aldeko apustua egin eta besteek bestelako jarrera erakutsi, bertan etorri zen apurketa. Gurasoetariko erdiak baino gutxitxoago, ikastola berrira pasatu ziren, eta horrela Kirikiño Ikastola sortu zen. Beste erdiak baino gehitxoago, irakasle guztiak lagun zituztelarik, lokal zaharretan geratu ziren, eta uda osoan buru-belarri lan egin zuten, ikasturte berrirako gaur eguneko Karmelo Ikastola eraikitzea lortu zuten arte.

Auzoa euskalduntzeko sorturiko ikastola

[aldatu]

Arestian esan bezala, Karmelo Ikastola gure auzategia euskalduntzeko sortua da eta, horren premia oraindik ere agerikoa den arren, emaitzak nolanahikoak ez direla aitortu behar zaie, bertan su eta

Arestian esan bezala, Karmelo Ikastola gure auzategia euskalduntzeko sortua da eta, horren premia oraindik ere agerikoa den arren, emaitzak nolanahikoak ez direla aitortu behar zaie, bertan su eta gar ari diren guztiei. Hainbeste ekintza auzoari begira eginak izan dira, «edozein lan egin behar zenean, auzoko jendea hurbiltzen zitzaigun laguntzera, baita gauzarik sinpleenetan ere», gogoratzen dute harro.

Karmelo Ikastolak gazte-mugimendu Oso bat mugi erazi du hizkuntzaren alde, auzoa euskalduntzeko ahalegin horretan, «Hogeita bost urte pasatu dira eta hasierako urteetan hartzen genuen ikaslegoaren % 3a besterik ez zen euskaldun. Hiru gela egin -diote eta bakoitzean bat edo bi baino ez ziren euskaldunak. Gaur egun, hasi berria den ikasturte honetan, adibidez, 50 ume hartu ditugu bi gelatan banaturik: Bata haur euskaldunez osoturik dago eta bestean, berriz, erdia haurtzaindegi euskaldun batetara joandakoa da, eta zertxobait ulertzen du, beraz», Horrek argi eta garbi esan nahi du, Karmelo Ikastolak arrakasta izan duela bere bilakabide horretan. «Egia da, dena den, utzi nahi dute argiez duela ikastolak bakarrik hori lortu, hor egon baita urteetan zehar Gau Eskola eta horrek ere izugarrizko lana egin du euskalduntze-prozesu honetan. Umeak alde batetik eta beraien gurasoak bestetik, horrek ekarri du Santutxu hainbeste jende euskalduntzea», aldarrikatzen dute azkenik. Balantze guztiak izan ohi dira onak, baina egiazko balioa errealitateak berak markatzen du. Hala eta guztiz ere, ez da oraindino balantzetan hasteko garaia. Karmelo Ikastolak orain arte eman duena baino askoz ere gehiago eman beharko baitu, euskaltzale guztiok nahi dugun egiazko Euskal Eskola lortu bitartean.

__________________________________________________________________________

Karmelo ikastolaren kulturaren alde

[aldatu]

Karmelo Ikastolan, irakaskuntza ofizialaz gain, beti izan da kezka berezia kulturarekin eta, zehazkiago esanez, euskal kulturarekin zerikusirik duten arloak lantzeko. Hori dela eta, bertako ateak betidanik egon dira zabalik, kulturaren arloan lan egin nahi izan dutenentzat, horretarako lokalak eskainiz. Ondorioz, ba dira zenbait talde ikastolan egonkorki lanean dihardutenak, eta horiek dira atal honetan mintzatu zaizkigunak.

Kirol-saila ikastolan

[aldatu]

Kirola beti izan da gure Ikastolaren eginahal kolektiboaren esparruetariko bat. Hasiera batetan gehien landutako arloak futbola eta pilota izan ziren, eta, egia esan, hogeita bost urteotan asko izan dira gure taldeetako "izarrak" hezi dituzten gertatzaileak.

Orain dela 10 urte beste bi kirol-mota berri geureganatu genituen: Eskubaloia eta saskibaloia. Neska-mutil gehiagoren partaidetza eragiteaz gainera, bi kirol hauen bidez beste ikastegi euskaldun nahiz erdaldunekiko harremanak zabaldu ziren; ez soilik jokalariei dagokienez, gertatzaile eta zaletuei dagokienez ere bai. Kirol arloko eginahal kolektiboaren helburu funtsezkoena, aisi tarteak betetzea izan da, egin daitekeen erarik egokienetako batez gainera: Kirola eginez. Horregatik partaidetasunik zabalenera jo ohi dugu, norgehiagokari garrantzia kenduz. Garrantzizkoena ez da garaitzea, jolastea, taldean integratzea eta ondo pasatzea baizik. Ordea, batzuetan (galtzean batipat) balantzaren oreka ez ote genuen lagundu behar pentsatu dugu... Eskerrak eskubaloiko neskek langa goi-goian utzi duten, Euskal Herriko txapelketan zenbait aldiz garaile izanik...

AEK IKASTOLAN

[aldatu]

― Zenbat urte darama AEKk Santutxu auzoan? Beno, Santutxun helduentzako irakastaldiak Karmelo ikastolarekin batera hasi ziren, hau da, orain dela hogeita bost urte, izan ere, euskarazko ikastaldi haiek ikastolako gurasoen euskalduntze-beharrari erantzuteko ematen baitziren.

― Beraz, helduentzako euskara-irakastaldiak ikastola inguruan mugitzen zen jendeak bultzatu edo sortu zituen, ezta?

― Bai! hasiera batean bai. Geroago jende berria sartu zen, eta orain dela hamazortzi urte beste gau-eskola batzuekin koordinatzen hasi ginen. Noiztik erabiltzen dituzue Karmelo ikastolako lokalak?

― Ikastolak Menéndez y Pelayo-ko lokalak zabaldu zituenetik. Hau da, 1977. urtetik hona AEKko talde batzuk lokal horietan dihardute. Santutxuko AEKko arazo larrienetako bat lokalen falta dela kontutan harturik, eskertzekoa da, arazo hau konpontzeko ikastolak azaldu duen jarrera ona.

― Aurten zenbat ikasle eta irakasle daude Santutxuko AEKn?

― Irakasleak 28 eta ikasleak 500 inguru. Hauetatik 57 Karmelo Ikastolako lokaletan egiten dituzte beren ikastaldiak.

TXISTUAREN SOINUAZ BAZTERRAK ALAITZEN

[aldatu]
Santutxuko txistulariak 1989an

Jesús urte askotan zehar ibili da txistu-irakastaldiak ematen.

― Zenbatgarren urtea da, ikastolan txistua jotzen irakasten duzuna?

― 15 bat urte. Lehenengoz ikastola zaharrean egiten nuen, Lejarza eta Eukeni-rekin. Gero nik bakarrik, eta noizean behin baten bat etortzen zen.

― Zenbat ume pasatu dira zure ikasgelatik, gutxi gorabehera?

― Urtero 35etik 40ra bitartean.

― Inoiz Santutxun kalez kale ikusi zaitugu txistulari-talde ederrekin; adibidez Agate Deuna egunean, Olentzero, Ihauterietan,..Talde horietan ba al dago zurekin ikasitakorik?

― Bai horixe! Erdia gutxienez ikastolan ikasitako jendea da. Egun horietan bereziki biltzen gara, auzoari geure ohiturak eta kultura irakasteko asmoz. eta ondo pasatzeko ere, noski.

― Normalki entsaiorik egiten al duzue kalera irteten zaretenok?

― Ez, azkenengo urteetan ez. Errepertorioa ia ia berdina da eta guztiek oso ondo dakite. Dena dela, hiru edo lau urtez entsaiatu egiten genuen eta hilero, azken igandean irten egiten ginen auzoan zehar, kalez kale. Azkenengo boladan ez gara horrela irten.

― Eskerrik asko Jesús. Gure ikastolaren 25. urteurrenean talde eder horrekin ikustea espero dugu.

EUSKERIA ABESBATZA

[aldatu]
Euskerie abesbatza (1989)

Ikastolan kantatu ere egiten da. Nola ez! Haurrei asko gustatzen zaie abestea. Hala ere, oraingo honetan Euskeria abesbatzari buruz dugu zertxobait.

Badira urte batzuk sortu zenetik, handik eta hemendik ibilitako abeslariekin. Hogeita bostek edo osotzen dugu taldea eta ikastolan egin izan ditugu beti entsaioak, astean bi bider.

Urteak pasa ahala geure helburuak argiago ikusi baditugu ere, hasiera-hasieratik hauxe lortu nahi genuen: Gure Herriaren ahots apala izatea. Gure nahi genituen. Horrela, Amnistiaren aldeko batzordeen hainbat ekintzatan hartu izan dugu parte (Olentzero eta Santa Ageda, diru-bilketa) eta auzo-elkarteak eskatuta ere,.. Bide honetatik kanta ezagun batzuei letra berria ipini diegu.

Zabalik dago abesbatza edonorentzat, helburuekin ados egonez gero, jakina. Jende berria pozik hartuko genuke.

Aurrera Euskal Herri kantaria!

SANTUTXUKO BERTSOLARI-ESKOLA

[aldatu]
Santuxuko bertsolari-eskola (1989) Herriko Tabernan

Santutxuko Bertsolari-Eskola 1979-80 ikasturtean sortu zen, lehenago emandako euskarazko ikastaro batzuen ondorio modura. Lagun-talde batekoek, alfabetatu eta euskarazko tituluak ateratzeko ikastaroak egin ondoren (orduan titulitisaren kalentura baitzebilen), euskararen burokrazia alde batetara utzita, euskara erabiliz zerbait praktiko, interesgarri eta jolasgarri egin behar genuela pentsatu genuen, eta garai hartan zenbait urteren isilaldiaren ondoren egin zen Bertsolari-Txapelketak, ideia ezin hobea eman igun. Zergatik ez hasi bertsogintzaren arloan lan egiten?

Pentsatu eta egin. Ordutik hona, inolako etenik gabe, irekirik eduki dugu geure Bertsolari-Eskola, horretarako Karmelo Ikastolako lokalak beti laguntasun osoz baliagarri izan ditugularik. Ikastolak hogeita bost eta guk hamar urte bete ditugu beraren magalean.

Era desberdinetako lanak egin ditugu tarte horretan. Bertsoen teknika irakasteko irakastaldietatik hasi, saio praktikoetatik pasatuz, hainbeste jaialditan parte hartuz. Harrotasunez esan dezakegu, gure eskola hau nagusientzako bertsolari-eskolen bide-urratzaile izan dela, eta gero hainbeste eskola sortu direla bide beretik. Berrogeita hamar lagunetik gora dira gure eskolatik pasatutakoak. Horien artean asko eta asko bertsolari izaten ikasi dute, baten bat finalista izatera ere iritsiz. Ikastoletako irakasleentzako ikastaroak eman ditugu, eta pozez esan dezakegu, Bertsolari-Eskolen eraginez, Oinarrizko Heziketa Orokorrean bertsolaritza aztertzeko ohitura sartu dela. Ez da beraz, fruitu gutxi! Dena den, Santutxuko Bertsolari-Eskolaren helburu nagusia ez da bertsolari profesionalak sortzea, bertsoak egiten ondo pasatzea eta bertsozaletasuna zabaltzea baizik. Bai Santutxun eta bai Bilbo osoan ere. Horregatik, azken boladan Bilbo inguruko bertso-saioen antolatzaile bihurtu gara: Udaberriko Saioak, Aste nagusiko Saioak, Santo Tomas eta Ihauterietakoak, eta abar. Edozertara, Santutxukoak izanik, geure auzategian ahalegin berezia bideratzen dugu, hilero bertako Herriko Tabernan bertso-saioa antolatuz, bertatik Euskal Herri osoko bertsolariak pasatuz doazelarik, eta auzoko ekitaldietan parte hartuz. Pozik gainera.

Horretarako, nahitaezkoa izan da Karmelo Ikastolak eman digun laguntza, bere ateak zabalik utziz. Ordainez, guk ere zabalik dauzkagu ateak ikastolarentzat, eta bertso-munduan abiatu nahi duen edozein euskaltzale-bertsozalerentzat.

Santutxuko Bertsolari-Eskolakoak

__________________________________________________________________________

Ikastolaren eragina Santutxu auzategian

[aldatu]

Ikastolaren sorrerak ez zuen bakarrik ekarri euskararen beraren indarketa hizkuntza gisa: denbora berean, garai hartan auzategian hain galdu eta zigorturik zegoen euskal kultura indartu zen. Hona hemen, ikastola barruko egintzaz aparte, geure bizitzako hogeita bost urteotan auzotarrei begira eta euskal kulturaren alde antolatu ditugun ekintza kultural batzuk:

  • Santa Ageda egunean, Karmelo Ikastolaren talde modura hasi ginen kalera irteten umeekin, egun horretarako egokiak diren kantak abestuz eta ohiturazko makilak erabiliz.
  • Urte haietako premiei erantzunez, orduan Asuntzionisten eliza zen hartan gaur egunean Karmelo Kalea, 11) euskarazko lehenengo meza antolatu zen auzotarrentzat (geroago Karmelo elizan emango zena), eta osagarri modura euskarazko lehenengo katekesi eta jaunartzeak egin ziren.
  • Beste ekitaldi bat Olentzeroren antolaketarena izan zen, Gabon egunean. Ikastolan prestatzen zen Olentzeroren irudia eta sorbalda gainean eramaten zen auzategian zehar, dagozkion kantak abestuz, gero San Anton elizaren aurrean Olentzero errez amaitzeko. Garai hartan euskarazko antzerki-lanak antzezten ziren Karmeloko aretoan.
  • Dantza talde bat antolatu zen ikastolako neska-mutilekin, egun aproposetan txangoak eta ibilaldiak alaitzeko.
  • Ikastolako irakasle batek prestaturik, Etxebarria Plazan aire librerako antzerkia jokatu zen, Auzo-Elkarteak kultur hamabostaldiaren barnean.
  • Pertsona helduentzako euskarazko irakastaldiak lagunartean egiten ziren hasieran, baina, ikastolaren eraginez, oso indarturik gertatu ziren, guraso askok nahi baitzuten euskara ikasi edota alfabetatu. Hori izan zen auzoko AEK sortzeko hazia.
  • Lehenengo belaunaldiko gazteak batxilergoa egiteko eran izan zirenean, euskara institutuetara eramateko premia somatu zen. Institutuko Guraso-Elkartean parte hartuz eta bertako irakasle adoretsuen talde baten laguntzaz, gaur eguneko Gabriel Aresti institutuan euskarazko irakaskuntza hasi zen, geroago Txurdinagako Lanbide Heziketara eta REM delakora ere pasatu delarik.
  • Udaberriko jaien ospaketa auzategi osora zabaldu zen, Ritxi Plazan umeentzako jolasak eta txokolatada antolatuz. San Juan egunean Guraso-Elkarteak antolatutako antzeko jaialdian ere parte hartu zuen ikastolak, kanta zaharrak berreskuratuz. Modu berean Guraso-Elkarteak antolatu ohi dituen ihauterietan ere hartzen dugu parte.
  • Gure laguntza eskaini genuen San Francisquito ikastetxeko haur-eskola euskaldunaren sorreran eta gero, OHOrako orduan Briñas Eskolarako pausoan.
  • Ikastolak erakunde publikoa izateko eta auzategiaren zerbitzuan egoteko duen borondatea, etengabeko errealitatea izan da, eta horren seinale, geure lokalak utzi genituen, Santutxuko Biblioteka Publikoa eratzeko eta kokatzeko.
  • Era berean, lokalak utzi izan dira, HEZIk pinturaren eta tapizaren prestaketaren irakasketarako udal-tailerrak eratzeko. Gela asko arratseko orduetako AEKren ikastaroetarako uzten dira. Bestalde, ikastordu arruntetatik kanpo txistu-irakastaldiak daude. Halaber, Santutxuko Bertsolari-Eskola gure ikastolako lokaletan biltzen da lanerako.

Hauexek dira, gutxi gorabehera, ikastolak geure auzategiko bizitza kulturalari eskaini dizkion eta eskaintzen dizkion hondar-aleak, beste auzategi gehienak bezala erakunde ofizialen asmoetan baztertu samar egonik, guztion laguntza behar baitu.