Kepa Altonaga. Biologian doktore eta zientzi dibulgatzailea
«Armand David bere garaian gizon aitzindaria izan zen»
1999an CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziorako saria irabazi zuen Kepa Altonaga biologoak. Sariaren emaitza orain aurkeztu du: Armand David naturalista ezpeletar handiari buruzko liburua.
Arantxa Iraola. DONOSTIA.
Armand David (1826-1900) naturalista ezpeletarrari Kepa Altonaga biologoak azken urteotan eskaini dizkio hamaika ilusio, neke eta ahalegin. Guztien emaitza Armand David pandaren aita liburua da. Atzo aurkez-tu zuen Donostian, adiskide artean. EGUNKARIArekin mintzatzeko ere izan zuen tarte bat.
Armand David euskaldun unibertsal ezezaguna izan dela diozu. Kontaiguzu, zein arrazoi nagusi daude bera itzaletatik ateratzeko?
Batetik, bere sasoian egindako ekarpenak oso garrantzi handikoak izan zirela. Bestetik, Armand David bere garaian gizon aitzindari izan zela. Esaterako, eboluzionista izan zen oso goiz. Oso deigarria da hori, abadea zelako, eta gainera, Frantziakoa. Frantzian oso berandu sartu ziren eboluzioaren ideiak.
Euskaldunon artean arrotza da Armand David. Atzerrian ere bai?
Ezagunagoa da, adibidez, badago berari buruzko biografia bat ingelesez. Dena den, txarto ezagutzen da. Esaterako, Entziklopedia Britanikoan jartzen du jesuita zela... Datu okerrak daude.
Erlijio jarduerak Txinara eraman zuen eta bertan burutu zuen bere lana Armand Davidek. Esaterako,panda deskribatzen lehen naturalista izan zen. Zer aurkikuntza gehiago egin zituen?
Hainbat ugaztun bidali zituen Parisera, 60tik gora espezie berri aurkitu zituen. Dena den, bera berez ornitologoa zen. Ildo horretan, tomo biko liburu bat idatzi zuen Les oiseaux de la Chine (Txinako hegaztiak). Bertan 70 espezie deskribatu zituen.
Botanikan ere egin zuen ekarpenik, ezta?
Txinarajoan zenean Parisko museoan eskatu zioten Txina-tik edozein lagin bidaltzeko, animalia, landare zein mineral. Gogotsu aritu zen. Une batean Parisen ikusi zuten korrespon-tsal oso ona zutela, eta liberatu egin zuten, eta esparru zoologikoan bereziki trebea zenez, ba-tez ere animaliak jaso zituen.
Txinan ezaguna al da Armand David?
Bai. Ezpeletatik, esaterako, joan den azaroan bere heriotzaren mendeurrena zela-eta, ordezkaritza bat joan zen Moupinera -leku garrantzitsua izan zen Davidentzat bere ikerketetan, paradisu bat-, eta plaka bat jarri zuten. Egun dalako harrera ona eduki zuten...
Elizgizona izan arren eboluzionista zen. Nola bizi zuen hori?
Txarto. 1888an, esaterako, Parisen zientzialari katolikoen kongresua egin zen, Elizaren ortodoxiaren defentsan. Bera ideia darwindarrak defenditzen azaldu zen, eta sekulako txistualdia jasan behar izan zuen.