Edukira joan

Konfesio Jenerala (Bere buruari)

Wikitekatik
Konfesio Jenerala (Bere buruari)  (1950) 
Eusebio Muguerza "Mendaro Txirristaka"
Data ez da zehatza

Konfesio Jenerala (Bere buruari)



Doñua: "Ume eder bat..."

1
Zortzi seme ta iru alabak
ziran mundura ekarriak
nere gurasuak Pedro eta Juana,
zorionekuak biak;
panaderiya etxian eta
errotan iru arriyak,
astuak eta zaldi bikaña,
uztarriya eta beyak.

2
Milla zortzireun irurogei ta
amalaugarren urtian,
ni naiz Mendaro'n jaio nitzana,
Garagartza'ko partian;
mutill koxkorra, urtiak zazpi
kunplitu gabe artian,
kapellanari meza laguntzen
nion konbentu batian.

3
Gorabera oi da bizi-moduan:
ni ízan artua jatera,
Alfonso doce ill zan urtian,
morroi basarri batera;
amasei urte nituanian
Irurzun'go arkaitz-tartera,
soldata gabe an zan olara
ofiziyua ikastera.

4
Arkaitz-tarteko pertz-olatxuan
ni aprendiz nitzanian,
bostetan asi eta gabeko
zortzirak arte lanian,
luju aundirik ez genduala
izaten jan-eranian;
aspertu eta gero ibilli
nitzan Somorrostro aldian.

5
Ogi zuriya jaten oitua,
gero artua lizuiña,
auntza larrian oi dan bezela
ni ere aspertu, baiña
eskarmentua komeni zaio
duanari buru ariña;
ez det damurik baserri artan
bi urte morroi egiña.

6
Urtiak ogei nituanian
konseju oneri algara,
nere aita triste, ama negarrez,
nitzan Cuba'ko gerrara;
gosiak eta alkandorik ez,
zorriz betia gerrera,
ez nitzan mutill bikaña etorri
Kilimon errekaldera.

7
Alperkeriya dala meriyo
zabarkeriya guztia,
iduritzen zait ez izan arren
asko beziñ ilustria,
dudarik gabe, nai badezute
ongi gero ikustia,
komeniko da seme-alaberi
lanian erakustia.

8
Amak aurrari amoriozko
bular-iraiñ samurtuak,
eta gañera dudarik gabe
dirala benetakuak;
erakutsiko dizka Jaunaren
legeko mandamentuak,
baratzan ere ezagun oi du
landare ongi jorratuak.

9
Errukarriya izanagatik
anparatzeko iñor ez,
kulpik etzuan semea ill da
ama gaxua negarrez;
jueza dala pekatariya
kastigatzeko bildurrez,
ez da izango Euskalerriyan
pakean bizitzen errez.

10/
Oñez ikasi ta beriela
gaiztakeriyan ikasi,
emezortzi urte dituanian
lanian iñork ezin ezi,
zintzo saiatzen diranak baño
obeki naíko du bizi;
orrelakuari esan bear zaio
ez duala ogirik merezi.

11
Seta gaiztuan sinistu nai ez
Jaun guzi ona iñor danik,
konseju onari, gaizki erantzun
eta nai ez egiñ lanik;
iduritzen zait ni bezelako
beste askori antzemanik:
oker ibilli nai degunontzat
ez dala bide zuzenik.