Kontroletik kanpo
Kontroletik kanpo (2022) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Kontroletik kanpo
[aldatu]Hau da mundua hau gainera datorkiguna. Hain da panorama iluna nekea ere ematen duela hari mataza hain nahasia nondik askatzen hasi pentsatzeak. Ez du batere itxura onik eta esperantza faltsuak sortzen saiatzeak ez digu ezertan laguntzen. Krisi aroa aipatu izan dut askotan orriotan baina gauza bat da imajinatzea eta bestea errealitate bilakatzen ikustea egunez egun.
Ukrainako gerrak badu zerikusirik produktu energetikoen garestitzearekin. Eta, merkatu marjinalistaren joko arauak direnak izanda, gasaren garestitzeak elektrizitatearen prezioa garestitzea dakar, eta erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak, berriz, oinarrizko salgaien garestitzea, hainbat sektore ekonomiko nabarmen kaltetzea eta gizartearen pobretze orokortua. Egoera honetan sistema ekonomikoak ezin diezaioke luzaro eutsi. Merkatua kontroletik kanpo dago. Gerrak gauzak tenkatu ditu ezbairik gabe, baina arazoa egiturazkoa da, eta gerraren beraren arrazoien oinarrian ere badago: erregai fosil merkeen oparotasun garaia bukatu da. Ondorioz, potentzia ekonomikoen arteko lehia gero eta bortitzagoa izango da, nork eskuratuko baliabide energetikoen kontrola.
Alternatiba trantsizio energetikoa da. Baina horrek gauza asko esan nahi du, besteak beste, garapen eredua zalantzan jartzea. Ez baitago erregai fosilak energia berriztagarriengatik ordezkatu eta produkzio eta kontsumo eredu kapitalista honekin jarraitzerik. Ez da posible. Azaroan egin zen Nazio Batuen COP26 konferentziak egiaztatu zuen ez dagoela borondaterik trantsizio ordenatu baterako, munduko potentzia nagusiak ez daudela prest onartzeko planeta finitua dela eta hondamendia saihesteak bestelako zibilizazio eredu bateranzko trantsizioa esan nahi duela.
Garraiolarien greba, industria elektrointentsiboaren ezina, pobrezia energetikoa... arazoak metatzen ari dira. Ekaitz perfektu baten antza hartzen ari da hau guztia. Madrilgo gobernuak iragarri du emergentziazko neurriak hartuko dituela, sektore kaltetuei lagundu egin behar zaiela eta horretarako laguntza lerroak aktibatuko direla. Tartean dira beherapen fiskalak, laguntza bonuak, enpresentzako laguntza lerroak eta abar: edozein kasutan diru sarrerak jaistea eta gastu publikoa igotzea. Eta hemen kontuak egiten hasteko garaia iritsi da. Pandemia hasi zenetik emergentzia neurriak aplikatu baitira, eta ez gutxi. Zorpetzearen aldeko hautua egin da ustez egitura produktiboak eraldatzeko trantsizio ekologiko eta digitalari begira (Europako funtsak horixe dira) eta, 2008ko krisi finantzarioaren faktura herritarrok ordaindu genuenez gero, zor publikoa oso goian dago egun. Beraz, bi aukera baino ez daude: aberastasunaren banaketa erradikal bat egiten da edo murrizketak datoz.
Honek guztiak ez du itxura onik, ez. Baina badu ezaugarri bat garai honek: sistema kontroletik kanpo dago eta ez dago gutxieneko ordena bat berrezartzerik sistemaren beraren joko arauak zalantzan jarri gabe. Merkatu energetikoan esku hartu behar da eta sektorearen zati baten nazionalizazioaz hitz egin behar da. Eztabaida hori mahai gainean dago baina ez dira behar bezain ausartak izango Europak proposatuko dituen errezetak. Herritarrek, ordea, argiro ikusi dute ilegitimoak direla Iberdrola eta enparauen irabaziak. Baliatu dezagun garai hau errotiko eraldaketaren pedagogia egiteko: sektore estrategikoek esku publikoetan behar dute, lan merkatuak arautua egon behar du eta aberastasunaren banaketa erradikala behar da. Programa keynestarra da, bai, balio erantsi batekin: etengabeko hazkunde ekonomikoa auzitan jarriz.