Korridorean eseritako gizona 5

Wikitekatik
Korridorean eseritako gizona  (2021) 
Marguerite Duras, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

Gizona eserita izango zatekeen korridoreko itzalean kanporantz irekitako atearen aurrean.

Harengandik metro gutxitara harrizko bide batean etzanda dagoen emakume bati begiratzen dio. Haien inguruan bada lorategi bat malda latz batez zabaldi batera erortzen dena, zuhaitz gabeko muino luzeak, ibai bat inguratzen duten zelaiak. Ibairainoko paisaia ikusten da. Gero, oso urrun, eta zerumugaraino, tarte lauso bat, beti lanbrotsua den eremu ezin zabalago bat zeina itsasokoa izan baitzitekeen.

Emakumea pasieran ibili zen aldapako gandorretik ibaiaren aitzinean eta gero itzuli zen orain den honetara, korridorearen aurrean etzanda, eguzkitan. Berak, berak ez du gizona ikusterik, udako argiaren itsudurak etxeko barne itzaletik bereiztua dauka.

Beraren begiak erdi irekita ala itxita dauden ezin da esan. Atseden hartzen ari dela badirudi. Eguzkia gogorra da jada. Jantzia du soineko argi bat, zeta argizkoa, aurre aldetik urratua, bera ikustea uzten duena. Zeta azpian gorputza biluzik zegoen. Distira galdutako soineko zuria izango zatekeen agian, antzinakoa.

Horrela egingo zukeen batzuetan. Batzuetan ere, guztiz ezberdina den beste modu batez. Ezberdin beti. Hori da berarengan ikusten dudana.

Ez zukeen ezer ere esango, ezer ere ikusi. Korridore ilunean eseritako gizonaren aurrean, bere betazalen azpian da itxia. Horietan zehar zeruko argi nahasia antzematen du. Badaki gizonak so egiten diola, dena ikusten duela. Begiak itxita badaki hori nik dakidan bezala, neuk begiratu egiten dudana. Ziurtasun bat da.


Antzeko laxokeriaz ordu arte erdi tolesturik utzitako hankak biltzen dituela ikusten dut, mugimendu kontziente eta neketsu batez estutzen dituela. Hain gogorki hesten ezen gorputza deformatu egiten baita eta bere ohiko bolumena pixkaka galdu egiten den. Eta gero ikusten dut bat-batean esfortzua amaitzen dela eta, berarekin batera, mugimendu guztia. Hona hemen supituki gorputzak behin betiko irudi baten zuzentasuna baduela. Besoaren gainean burua etzanda, lo era horretan immobilizatu egin da. Berari buruz isilik dagoen gizona.


Haien aurrean, ibaira jotzen duten muino luze aldaezinak. Hodeiak agertzen dira, denak batera doaz, elkarren atzetik ari dira moteltasun erregularrez. Ibai ahoaren norabidean doaz zehaztugabeko eremu ezin zabalagorantz. Haien itzal ilunduak meheak dira, zelaien gainetik, ibaiaren gainetik.

Zabaldegiko etxetik ez da hotsik iristen.


Emakumea berriro mugitzen hasia izango zatekeen. Begiratzen ari den gizonaren aurrean, motel eta luze egingo zukeen. Korridore ilunean argia irensten duen begien urdinak, badaki ongi asko, bera zulatu egiten du. Orain, hankak altxatu eta gorputzaren gainerakotik bereizten dituela ikusten dut. Bildu dituen bezala egiten du orain, mugimendu kontziente eta neketsu batez, hainbesteko indarrez ezen bere gorputza, aurreko unearen kontrara, bere luzeran mutilatua agertzen den, deformatua itsustasuna litekeeneraino.