Korridorean eseritako gizona 7
←Korridorean eseritako gizona 6 | Korridorean eseritako gizona (2021) , translated by Luis Alfonso Lopez Labrador |
Korridorean eseritako gizona 8→ |
Hitz egiten diot eta gizonak
egiten duena esaten diot. Berau zertan
den esaten diot ere. Ikus dezan,
hau da nahi dudana.
Gizonak, bere oinarekin,
emakumearen forma birarazten du
harrizko bidetik. Aurpegia lurraren
kontra dago. Itxaron egiten du eta
gero hasten da berriro, gorputza
harat honat ibiltzen du, basakeriari
nekez eutsita. Zenbait segundo
ematen ditu geldirik lasaitasuna
berreskuratzearren, gero hasten da
berriro. Gorputza urruntzen du harengana
hurbiltzeko gero leuntasunez.
Gorputza otzana da, moldekagarria,
tratu horietara eskaintzen da
kordegaberik bailitzan, haiek sentitu
gabe esango genuke, harrien gainetik
itzulikatzen da eta iristen den
lekuan gelditzen da mugimendua
geratzean harturiko posean.
Bat-batean hori eten egin da.
Forma hori hor da, zarpail, harengandik urrun. Gizonak so egin eta hurbildu egiten da. Orduan, harat honat birarazten jarraitzeko prest balego bezala, gizonak bere oina haren gainean jartzen du eta bat-batean gelditu egiten da.
Bere oin biluzia jarriko zukeen formaren gainean ausaz, bihotz aldera, eta bat-batean geldituko zatekeen. Bularren haragia leun eta epela da, bertan harrapatua geratzeko modukoa. Gizona ez da mugitzen.
Burua altxatu eta ibairantz begiratuko zukeen. Eguzkia finko eta gogorra da. Gizonak arreta handiz ikusi gabe haren aurrean agertzen denari begiratzen dio. Zera badio:
— Maite haut. Hi heu.
Oinak gorputza estutuko zukeen.
Tarte bat zabaltzen da, badu eremu zabal neurrigabearen batasun hori. Gizonak ez zukeen beldurrik sentituko. Bere begien aurrean agertzen denari ikusi gabe jarraitzen du begiratzen, argiaren liluramendua, aire dardartia.
Emakumea haren azpian da, arreta guztiz, antza, gertatzen ari denari. Keinurik gabe, ahoa jantziaren zetan geldiriko besoari atxikia, progresioaz ohartua izango zen, oinaren presioa bihotzaren gainean. Begiak berriro itxiak ziratekeen erdi ikusitako berde kolorearen gainean. Oin biluziaren azpian zingira bateko lohia badago, irakinaldia, gorra, urruna, etengabea. Forma deseginda dago, ahul, puskatua bezala, inertzia ikaragarri batek joa. Oinak gehiago sakatzen du. Hondoratu egiten da, bular kaiolara iristen da, sakatu egiten du oraindik ere.
Emakumeak oihu egin du.
Gizonak oihu bat aditu du. Oihua
gelditzen ez dela aditzeko astia badu,
baita ahuldu egiten dela aditzeko
ere. Eta hautatzeko betarik oraindik
ere baduela uste duen bitartean,
oina duda mudan da, eta astun
gorputzetik askatzen da, bihotzetik
aldentzen da oihuaren eraginpean.
Gizona berriro jausiko zatekeen
korridore iluneko besaulkian.
Emakumearen hankak bereiziak
ziratekeen eta berriro ere eroriak,
indargetuak. Gorputza birarazten
du bere baitan, oihu egiten du
berriro ere eta, izu-ikara luze eta
motelen artean, borroka egiten du.
Bere auhenak oihu eta negar egiten
du, deiadar egiten du berriro
libratzearen alde, etor dadila, eta
bat-batean gero, eten egiten da.
Eguzkia gizonaren gerri aldean
izango zatekeen. Bere forma
korridorean ikusten dut, itzalpean
da, ia inongo kolorerik gabe. Bere
burua besaulkiko bizkarraldean
erori da. Maitasunak eta desirak
leher eginda dagoela ikusten dut,
izugarri zurbil dagoela eta bere bihotzak
gorputz osoaren gainazalean
taupadatzen dela. Ikusten dut
dardarka ari dela. Ikusten dut
korridorearen aurrean hark begiratu
ez eta halere igarri eta ikusi egiten
dena, muino eder horiek ibaiaren