Kresala/Zer esanak
←Ekatša | Zer esanak |
Oartšu bat eta albiste onak→ |
pages 18-27 |
II
ZER ESANAK
Errekarte ta mendi egal zoko katean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo. Uretan daukaz oñak; aldatz andiak iri edo kalietan; kale batetik bestera, zearretarako arri malla pendiz urteakaz leunduak; etxeak bata bestien gañean, atzeko aldea lurpean sarturik eta aurrekoen tellatutik arpegia erakusten; iñok usteko ezleukean aña gizadi etxe bakotxean, berrogetamarretik gora beti, umeak geienak; eta leio zulo danetan atorrak eta gonak, alkondarak eta prakak, itxas gizonen jaka urdiñak eta oeko zapi zuriak esegita.
Barregarri egoten dala erri au, diñoe alboerrietakoak, leioetan ainbeste zapi euki oi ditualako; baña Arranondoko emakume garbi zaleak ezin izaten dabie beste legortokirik billatu. Eztago inguru guztian alperreko lurrik. Uri onen burualdetik, ondo landuriko soro, baratza ta sagastitxu batzuk agertuten dira, eurak erne, sortu ta azi daroen guztia erriaren aora eskiñika balegoz legez; bealdetik, mueta guztiko txalopaz beterikabeterikako ibaia igaro ezkero, aurreko beste mendiaren ondoan estu dagozan ontzitegiak edo itxasoak bere goraldietan besoak zabalduteko bear daben ondartzea. Beste lekurik eztago.
Erri onetako kale bedar, oker da aldaztxuetan itxas gizonen gozategi edo ardangelak non dagozan berialaxe igarri leike, ostro berderik ikusi ezarren: naikoa da zaratarik andiena non dagoan entzuten geratutea.
Alderdi guztietako sagardantegi ta ardantegiak, danak izaten dira bardin samarrak, itxas errietan beintzat. Sagardantegia bada, kale arian bertan edo arri malla bat igonda idoroten dan kortea edo tresna zarrak gordeteko gelatxu bat, beian lurra, goian amarauna ta egur biren gañean upel batzuk erreskadan dituala: sagardaoa ona izan dedilla ta non jarririk egon ezarren ezta izaten ardurarik. Ardantegia bada, mai luze luze bar, maia beste luze diran aulki bi alboetan, zaragi bat edo bi bazter baten da lurrezko pitxar morko ta leiarrezko edanontzi batzuk, ormearen kontra josita dagoan araze zar batean. Ezta geiago bear izaten.
Olango etxe zuloetan sartuta egoten dira arrantzaleak nekaldi gogor asko igarota gero, ukalondoak zamau bageko mai koipetxuaren gañean dituela, tabako bedar garratz merkiena erreaz, ketan da deadarrez beti. Olantxe egozan Arranondokoak, esan dogun ekatxaren atzaparretatik urten da laster.
Da gauza jakiña; gau atako autu ta jardunak, beste esanbear guztiak azturik, Sardinzar da bere lagunen gañean ziran ardantegietan, sukaldietan ziran legez.
Gure arrantzaleak, arpegi baltzeko gizonak, esku gogor da izketa zakarrekoak izanarren, guztiz biotz samurrekoak dira; erantzuera gaizto bat edo ukabilkada bat edonori ta errez dakie emoten, baña baita sakelean darabillen ondo igortzitako txanpon bakarra edo eskuetan daukien azkenengo ogi zatia be; edozeñegaz da edozergaitik aserratuko dira beingoan, baña, ordu estu ta larrietan, biotz guztiagaz da edozeñi laguntasuna emoten be badakie.
—Txo, Mangoliño, —esaten eutsan, mai ertz batetik bestera, garrerdiko gizon lodikote batek bere lagun bati—, nun ikusi dozue zuek Sardinzarren txalopea?
—Guk iñun bez, azkenean beintzat, goizean geure atzetik urten dau kalara, baña, tretzak botaten gagozan bitartean aizeko aldetik joan ete dan diñoe. Esnepelenak ikusi eidau azkenengo... Ezta, Lapikotxu? —Nik eztot ezer ikusi —erantzun eban Lapikotxu, Esnepelen txalopakoak—. Ipargoitik etorren aizeak lenengo brastadea arpegian emon deuskunean, «ala mutillak» deadar egin dau atzekoak eta asi gara; baña eztogu ezertarako astirik izan. Itxaso guztia itxi dau bereala ta or etorri gara gu, oker, Jaungoikoak daki zelan. Tretzak itxasoan gelditu jakuz. Ara or gure aurtengo irabaziak. Biziagaz etorri gareanean pozik, eta Antiguako Amari eskerrak.
—Bai, bizia da lenengoa —jarraitu eban lenengo berbetan asi zanak—. Gu emen gagoz, estu ibillita bada be; baña Sardinzarrek zer egin daben eztakigu. Getaria edo Donostia artu ezpadau joan zan a.
—Zumayan be sartu zeikean —ziñoan, oraindiño aorik zabaldu ezeban gazte batek.
Eta Mangoliñok ostera:
—Zumaian? Etzara txarra be, Mielga. Ezagun dozu askotan izan etzareana bertan. Ona da, olango ekatxagaz, Zumayako sarrerea.
—Onezkero ba, iñun sartu balitz, albisteak etorri bear eban. Areik e, ondo ibiltekotan, ordubietarako iruretarako jo bear eben legorra.
—Edo ez. Zokora joan badira...
Aoan pipa motza ebala ta amabost egunean kendu gabeko okotz-bizarretatik bera adurra eriola egoan aguratxo batek, tunda zarra txapelean gordeaz, jo eban Mangoliño ukalondoan, da esatera eioan gogamena kendu eutsan aotik.
—Zokora? Uum... —murruskada bat egiñaz.
—Zegaitik ez ba?
—Zegaitik, xegaitik... aretšegaitik.
Begiratu eutsien danak aguratxoari, zerbait geiago esango ebalakoan, pipeari tenga tenga obeto biztuten da ke batzuk botaten egoan bitartean; baña berak gura aña pipea biztu jakonean, dsangada bat ardao edanda gelditu zan agurea ezer esateko asmo barik.
—Txanogorri, orixe da ganorea —esan eutsan Mangoliñok—. Eta ikusi ebanean ezeri jaramonik egin bage, barriro ia amatau jakon pipeari tenga asten zala, Mielgari itandu eutsan:
—Ze gizadi darabil Sardinzarrek txalopan?
—Gizadi ona, gazteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel... eznaz danakaz gogoratuten; bana emeretzi lagun, geuk legez.
—Anjel be bai! Errian dagoan mutillik zintzoena!
—Guztizkoa: argia, saiatua, gizartekoa, ta erramulari ona.
—Bai aita be, garai batean. Guk u Lekuitokoakaz estropadea egin genduanean, orain ogetamalau urte, arek erramoari ataraten eutsan grakadea etzan bertanberakoa —esan eban Txanogorrik, bigarrenean pipea biztuta gero.
Era onetako jardunean egon ziran arrantzaleak luzaro, euren lagunakaz zer gertau ete zan kezkaz beterik eta Antiguako Amari arren egiñaz lotara joan ziran artean.
Olangoxe autua egoan Arranondoko sukalde bazterretan. Batez be Sardinzarren etxean zan emakumien billera ta esanbear andia. Amar lagunentzat aña zan eskaratzean, begozan berrogei: goikoak, bekoak, auzokoak, aideak, ezagunak, ikusgura ta jakinaikoak, Sardinzarren emazte errukarria txeratu naian; gizategian eztakit zenbat eta suatetik gizategira bitarteko iragotegi edo bidestuan illuntasunaren erdian, ixillikako ipuñak alkarri esaten, neskatillatxu bi, Mañasi ona, oraintsu ezagutu dogun Txanogorri zarraren alaba lirain maratz garbi ederra, ta bere betiko adiskide Josepa.
Negarrez egoan Mañasi.
—Ixillik egon zaite, —zirautsan lagunak, ixillik egoan baña, esakerea olan dalako—. Ixillik egon zaite. Iñok ikusten bazaitu be...
—Ta zer deust iñok ikusiarren? Ez alda negar egitekoa emeretzi gizon eder galdutea?
—Bai, ori bai; baña bategaitik negar egiten dozula usteko dabe. Ala ezaldaki iñok zuk Anjelegaz zerbait badozula?
—Zelan gero, neuk be eznekian da? Zeuk dakizuz nire barruko gauza guztiak, eta zuri ezer esan ezteutsutanean...
—Anjelek bez?
—Anjelek? Arek iñok baño gitxiago. Bizi izan balitz i... Jesus da Antiguako Ama Maria! Bizi deitiala, bizi deitiala!...
—Tira ixillik, biziko data... Zer esatera zeioazan?
—Bizi izan balitz, edo bizi bada, egundo be ezneutsala edo ezteutsadala ezer igarri eragingo.
—Ez e?... Ta noiztikoa dozu zeure zer ori?
—Eztakit nik noiztikoa. Auzoan bizi izan da beti ta, beti ikusi dot gurasoentzako ain ona ta zintzoa dala ta; langillea, elizarakoa, iasakoa ta ederra be bai ta... Ederra eztaba, Josepa?
—Alan diñoe erriko neskatilla danak. Eta, zer geiago?
—Geiago ezer bez. Ikusten nebanean poz artu.
—Ta ikusiko ezetedozun uste izan dozunean negar egin. Ezteutsu berak egundo ezer esan?
—Guk alkarregaz berbeta gitxi egin dogu ta, olango gauzarik bein bez. Anjeli etxako oraindiño gogoratu, gurasoak zarrak daukazalata, euren laguntasunerako iñor etxera eruan bear dabenik; eta, gañera, gogoratuten jakonean, orretarako nigana etorriko danik eztot uste. Txalopa jabeak dituzu ta... Guk barriz potintxu bat baño besterik eztaukagu.
—Orduantxe bai egingo zendukela negar zolia, ostera be. —Bai zera. Orain benipein lenengo, Jaungoikoak etxera ekarri daizala: orixe nai dot, eztot besterik bear.
—Ez e?... Arimenak eztau oraindiño jo ta elizako ateak eztira itxi: goazen elizara ta Jaunari eskari on bana egin daiogun.
—Orretantxe egon naz onara etorri nazen artean be. Apaitarako gogo andirik eztot gaur euki. Goazen.
Etxeko andreari agur illun bat eginda, joan ziran elizara neskatilla biak.
Jaunaren aurrean orio-argitxu bat egoan biztuta, Done Pedroren elizmai gañean argizari bi erreten, illunetan beste elizalde guztia. Orio-argitxuaren errañuak Jaunaren egotoki apala erakusten eban; argizari biak, Done Pedroren eskuetan egozan urrez apainduriko giltzak bakarrik. Donearen irudia etzan agiri, talluntzaren barruan egoan da.
«O Aita San Pedro neuria! —asi zan esaten Mañasi, bere artean— urrezko giltzak erakusten zakustaz, zeru ta lurrean Jaunak emondako eskubidea daukazula esan gura bazeunsta legez. Erakutsi egiguzu gaur eskubide ori eztala arimen onerako bakarrik, ezpada gorputzaren osasunerako be bai. Arrantzalea ziñan zu be, ta errukitu zaite gure arrantzaleakaz: eregi eikeozuez, Jauna, nunbaiteko ateak». Eta gero, Ostia Donea gordeta egoan tokira begira, jarraitu eban: «O neure Jaungoiko andia! Txarto egiten ete dot gizon batzuen bizitzeagaitik ain artega egotea? Gaiztakeria ete dot au? O Jauna! Parkatu egidazu, ta egin bedi zure gurari santua».
Barru ta kanpoko illuntasunean egon ziran gure gazte biak elizan, ixil ixilik, zirkiñik egin bage, illoian gañeko samintasunaren irudiak egoten diran antzera, elizaintzalleak, arimena jo ta gerotxuago, ateak itxi zituan artean.
Elizpean, Mañasik belarrondora esan eutsan Josepari:
—Ez gero iñori ezer esan.
—Esatea be —erantzun eban Josepak—. Ez aldogu alkar ezagututen?
Egia ziñoan: ondo ezagututen euen biak alkar, ume umetatik ziran maite, ta bata besteagaitik edozer egingo eukien. Josepak ezer esango eban bildurrik ezegoan: lagun ona ta ixilla zan bera, dongatasun bagea, besteak baño azpildura ta ausardi geitxuago eukazan baña.
Agurrak esanda bakotxa bere etxeruntz asi ta gero, biurtu zan Mañasi, ta
—Josepa! —deitu eutsan lagunari, ta beragana joan jakon, itanduaz:
—Zeñenak ziran Done Pedroren elizmai aurrean egozan argi biak?
—Bata Anjelen amak ipiñi dau —erantzun eban Josepak. —Eta bestea?
—Bestea neuk.
—Zeuk?
—Bai. Zer bada? Sardinzarren txalopan zeuk bakarrik daukazula zer galdu uste aldozu?
—Zein dabil bada bertan?
—Artobero.
—Ondo ixillik euki dozu.
—Bai zeuk be. Bardin gagoz —esan da, asi zan barriro etxealderantz, irribarrez.
Mañasik bere lekutik:
—Entzuizu: etorriko dira?
Eta Josepak, ibilteari itxi barik:
—Bai, neure biotzak diñost eta.