Edukira joan

La Llotja de Marko adierazpena

Wikitekatik

La Llotja de Marko adierazpena

Espainiako botere judizialak Kataluniar herrialdeko erakundeetako ordezkari zilegizkoak eta, hauekin batera, 2017ko urriaren 1eko galdeketa posible egin zuten taldeetako arduradunak zigortzeko erabakia hartu du; honen aurrean, ikusirik erabaki honek aurrerantzean ekimen politiko orori muga izugarriak ezarriko dizkiola, adierazpen hau sinatzen dugun indar politikoek, honakoa adierazi nahi dugu geure herrien aurrean eta, bide batez, Espainiako Estatuko, Europar Batasuneko eta munduko gainerako herrien aurrean.

  1. 1978ean Espainiako konstituzioa onartu zenetik lau hamarraldi igaro diren arren, Estatuaren erabateko demokratizazioa ezinezkoa dela egiaztatu dugu, aurreko erregimenaren egitura zaharren erresistentziaren erruz batik bat eta, baita ere, Espainiako alderdi politiko handien borondate faltagatik. Estatuaren alor askotan zalantzan jarri ezin den modernizazioa gertatu den arren, ez da gauza bera gertatu demokrazia zinezkoa eta homologagarria izan dadin funtsezkoak diren eremuetan. Hainbat taldek eragotzi dute Espainia bere inguruko Estatuen gisako Estatu guztiz demokratiko bilakatu izana: giro politiko jakin batek eta, honekin batera, alor juridikoko, ekonomikoko, polizialeko edota komunikazioaren alorreko talde zehatz batzuek.
  2. Azken urteotan Estatuaren trantsizioa zalantzan jarri duten hainbat korronte agertu dira, batzuk Estatu mailakoak, besteak Estatu barruko nazio txikietakoak; honen guztiaren ondorioz, Estatua atzerabidean sartu da, geroz eta autoritarioagoa, demokrazia gutxiagokoa eta represiboagoa den atzerabide batean. Erantzun antidemokratiko honek berdin eragin die Estatuko nazio txikiei zein Estatu mailan modernizazio baten alde eta erregimen zaharra garaitua izan dadin lanean ari diren mugimendiei. Eskubideen eta askatasunen murrizketa begibistakoa da gaur egun hiritar ororen begien aurrean.
  3. Eskubide Zibil eta politikoen nazioarteko karta sinatzean autodeterminazio eskubidea onartu eta asumitu zuen arren, behin eta berriz urratu du Espainiak eskubide hau eta, gainera, ez da geure nazio txikiek sufriten dituzten atzerapauso demokratiko guztien arteko bakarra baizik, badira beste asko: nazioen aniztasunarekiko begirune falta erabatekoa, botere banaketaren falta, geure autonomiaren, autogobernuaren eta eskubide historikoen kontrako mehatxu etengabea, Konstituzio epaitegiaren ekinaren bidez, edota birzentralizaziorako joera daukan lege ekimen etengabearen bidez eta baita ere lider politiko eta sozialen atxiloketa arbitrarioen bidez, bortitzak ez diren aktibisten zein ekintzen jazarpen polizialaren bidez, kartzela politiken bidez, artisten edota komunikabideen jazarpenaren bidez, eta abar.
  4. Honen guztiaren ondorioz, lider politikoen eta sozialen kontrako zigorrek hiritar guztien eskubideekiko izango duen eragin gaiztoagatik kezkaturik, honako puntuen defentsan aritzeko adostasun politikoa lortzeko beharrizana ikusten dugu:
    1. Geure herrien autodeterminazio eskubidea.
    2. Geure ekimen politiko guztien izate demokratikoa eta bakezalea.
    3. Preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera.
    4. Askatasun zibil eta politikoak.
    5. Geure herrien garapena ahalbidetzeko gizarte politikak eta politika ekonomikoak.
  5. Eduki hauen defentsatik abiatuta, geure herriek Espainiako Estatuarekin dauzkaten gatazka politikoak demokratikoki eta modu egonkorrean konpontzeko konpromisoa hartzen dugu.
  6. Azkenik, dei egiten diogu nazioarteko komunitateari konponbide hauetan lagun dezan.

Sinatzaileak:

EH Bildu - ERC - Junts X Cat - PDeCat - Crida Nacional - CUP - BNG - Demòcrates - Esquerra Valenciana - MÉS per Mallorca - MÉS per Menorca