Edukira joan

Lan erreforma dela eta

Wikitekatik
Lan erreforma dela eta  (2022) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Lan erreforma dela eta

[aldatu]

Espainiako lan erreforma dugu hizpide asteon. Bihar sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte lau hiriburuetan eta datorren ostegunean espero da dekretua Kongresuan bozkatzea. Badirudi, ezkerreko indar subiranistek ezezko botoari eutsiko badiote ere, bestelako aritmetika parlamentario bat osatuko dela. Menturaz, azken orduko kontzesioren bat tarteko, EAJk dekretua aurrera ateratzea posible egingo du.

Interes politiko asko gurutzatzen dira lan erreformaren afera honen bueltan: PSOEri erdigunerantz desplazatzea komeni zaio, orain arte Gobernua sostengatu duten alderdiengandik distantzia hartuz. Yolanda Diaz faktorea ere badago, hurrengo hauteskundeetan PSOEri hauteskunde esparruaren zati bat lehiatu nahiko liokeen proiektu berriaren lidergoa du jokoan. Espainiako sindikatuen babesa izanik, ezkerreko alderdi zenbaiten aldekotasuna lortuko balu, ikurtzat baliatuko luke bere proiektu politikoaren mesedetan, eskubideak irabazi dituen lehen lan erreformaren autore gisa aurkeztuz bere burua. PSOEri ez zaio horrelakorik komeni; beraz, ondo letorkioke Ciudadanosek dekretuaren alde bozkatzea eta inbestidurako blokea apurtzea. Podemos kontraesanetan igerian dabil: badaki Rajoyren erreformaren oinarriak ez direla aldatzen, baina ez du indar korrelaziorik harago joateko. Ezin du, ordea, aitortza hori egin Yolanda Diazen errelatoa kaltetu gabe. PPk ez luke arazo handirik alde bozkatzeko baina ezin diezaioke PSOEri halakorik oparitu.

Espekulazio ugari dago, eztabaida horren inguruabarretan zein faktorek operatu duten. Europako Batzordeak CEOE akordioan egotea exijitu duela dirudi. Ondorioz, CEOEk posizioak irabazi dituela "dialogo social" delakoan asteak aurrera joan ahala. CCOO eta UGT horixe dira, UGT eta CCOO. UGT dekretua lege proiektu gisa tramitatu eta Kongresuan eztabaidatzearen kontra agertu izanak dena esaten du. Horiexek Espainiako kontuak.

Nahas-mahas honetan guztian, Espainiari begiratuta, bi ondorio atera daitezkeela deritzot. Lehena, lan erreforma estatu auzia dela. Europako Batzordeak Next Generation funtsen ordainetan lan merkatuaren erreforma adostua exijitu baitio Espainiari. Europak norabide bat markatu omen du (behin-behinekotasuna eta gazteen langabezia murriztea) eta adostasuna exijitu omen du Gobernuaren, patronalaren eta sindikatu nagusien artean. Bigarrena, hauxe dela Espainian posible den lan erreformarik onena. Eta, zalantzarik ez, espainiar ezkerrari mesede eta ohore egingo lioke hala aitortzeak.

Azter dezakegu, baita ere, Euskal Herrian nola erantzun zaion lan erreforma honi. Biharko mobilizazioen emaitza ikusteke, esango nuke aukera bat galdu dela. Azken sei hilabeteetan gehiengo sindikal abertzaleak ez du dinamikarik planteatu. ELA EH Bildu interpelatzera mugatu da, ez nolanahi gainera: «No nos vendáis en Madrid». Bazekien lan erreforma estatu auzia zela eta EH Bilduren presio gaitasuna ezerezetik hurbila. UGT, CCOO eta Podemos presionatzeko dinamika soziosindikal bat plantea zezakeen, euskal ezker subiranismoarekin indarrak bildu, herri gisako fronte bat eraiki, estatuko gainontzeko ezker subiranistekin indarrak artikulatu. Agian emaitza ez zatekeen oso ezberdina, baina izango luke ondorio positiborik termino subiranistetan.

Izan ere, Espainian posible ez dena Euskal Herrian posible egitea behar du subiranismoaren ikusmirak. Espainian posible ez dela frogatu eta Euskal Herrian bidea urratu. Euskal Errepublikaren aldekotasuna ez dadin erretorika hutsa izan, alderdi eta sindikatu subiranistek estrategia konbinatuen beharra dute. Lan erreformaren afera honetan guztian horixe da Euskal Herritik atera daitekeen ondorio argiena.