Lyndon B. Johnson-en hitzaldia
Hiriburuko nahaste-borrastetik zuen campusaren lasaitasunera nator, zuen herrialdearen etorkizunari buruz hitz egitera.
Gure herriaren zoriontasuna lortze aldera, ahalegintzen gara gure nazioaren bizitza babesten eta gure herritarren askatasuna begiratzen. Bilatze-lan horretan arrakasta badugu, nazio gisa arrakasta izan dugun seinale izango da. Mende batean zehar egin dugu lan kontinente bat jendeztatzen eta menderatzen. Mende erdian zehar, mugarik gabeko asmamenari eman diogu bide, eta industria nekaezinean aritu gara oparotasunezko estatua sortzeko gure herri guztiarentzat.
Datozen berrogeita hamar urteetako erronka honako hau izango da: oparotasun hori guztia gure bizitza nazionala aberasteko eta hobetzeko erabiltzen jakitea, horrela gure amerikar zibilizazioaren kalitatea igo dadin.
Zuen irudimenak, zuen ekimenak eta zuen haserreak erabakiko dute zer gizarte eraiki. Aurrerapena gure beharrizanen zerbitzura egongo den gizartea, edo balio zaharrak eta ikuspegi berriak kontrolik gabeko hazkundearen azpian lurperatuko direna. Izan ere, gaur egun, gizarte aberats eta gizarte boteretsu baterantz jotzeko aukera izateaz gainera, Gizarte Handira jotzeko aukera dugu.
Guztien oparotasunean eta askatasunean oinarritzen da Gizarte Handia; pobrezia eta arrazakeria desagertzea eskatzen du; erabatekoa izan behar da hori guztia lortzeko gure konpromisoa, eta hasi baino ez gara egin.
Gizarte Handiaren esparruan, ume guztiek aurkituko dituzte beren burua aberasteko eta talentuak hobetzeko ezagutzak. Esparru horretan, eraikitzeko eta gogoetan aritzeko aukeratzat hartzen da aisia; ez aspertu egonezinak sorraraziko dituen iturri beldurgarritzat. Esparru horretan, hiriak ez dira izango oinarrizko premiak asetzeko eta merkataritzaren eskakizunei erantzuteko soilik; edertasuna ere hor bilatuko da eta elkartzeko egarria hor aseko da.
Naturarekiko harremana berritu ahal izango du gizakiak esparru horretan; omenaldia egingo zaio kreazioari bere izaeragatik eta gizakia ulertzen laguntzeagatik. Esparru horretan, beren helburuen kalitatea lehenetsiko dute gizakiek, dituzten ondasunen kantitatearen gainetik.
Lyndon B. Johnson
Michigan Unibertsitatea, 1964ko maiatzaren 22a
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 383-384.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 103.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |