Maita nazazu arren!

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Maita nazazu arren!  (1862) 
Bilintx

Maita nazazu arren!


1
Biyotzaren erditik
zeruzko dama bat
amoriyoz maite det
eziñ esan ainbat;
sufri-arazitzen dit
erotzeko din bat,
artara ekarriko nau
oraindikan anbat.

2
Nere maitasun onek
falta du ordaña,
etzait ongi portatzen
aingeru liraña;
itxumen guztiyakin
maitatzen det baña...
berak ez nau ordia
nik merezi aña.

3
Zoraturikan beti
aren billa nabill,
ura berriz nigandik
igesika dabill;
laister logratuko du
onla banarabill,
biyotzikan gabiak
penaz nai banau ill!

4
Iñon ikusi gabe
sei aste luziak,
beti artaz pensatzen
negarrez pasiak;
begi biyak dakazkit
malkotan asiak,
ez du asko kupitzen
nere oñaziak.

5
Aren krueltasuna
izanik ainbeste,
penaz betia nago,
miñez eta triste;
izar dizdizariya,
nitaz kupi zaite!
Zuregatik ilko naiz
ez banazu maite!

6
Baldin gertatzen bada
orrelakoren bat,
zedorri're damubak
ilko zaitu anbat;
maita nazazu bara
nik zaitutan ainbat,
elizan egiteko
biyotz birekin bat!