Edukira joan

Metafisika/Hirugarren liburua (B)

Wikitekatik
Metafisika  (K.a. IV. mendea)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Hirugarren liburua (B)
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hirugarren liburua (B)

Bilatzen ari garen zientzia dela eta, beharrezkoa da aurrena hel 25) diezaiegun lehenengoz aporiara eraman gaituzten gai horiei. Gure aztergaiak dira horiek, zeintzuez batzuek bestelako iritzia izan baitute, eta hauetaz aparte guk atzeman ez dugun baten bat baldin badago.

Baina aporiak konpondu nahi dituztenentzat baliogarria da <aporiak> xehetasunez zeharkatzea, ondorengo konponbidea aurreneko 30) aporien askapena baita, eta korapiloa ezagutu gabe ez dago askatzerik; baina pentsamenduaren aporiak agerian jartzen du arazoaren korapiloa, aporian dagoen aldetik, honi, loturik daudenei bezalaxe gertatzen baitzaio: batari zein besteei ezinezkoa egiten zaie aurrera joatea. Horregatik da beharrezkoa aldez aurretik zailtasun guztiak aztertzea: aipatutako arrazoiengatik, eta aurretik aporiak zeharkatu gabe bilatzen dutenak nora joan behar 35) duten ez dakitenak bezalakoak direlako; eta hauez gain, jakin ere ez 995b) dakitelako bilatzen ari direna aurkitu duten ala ez, xedea ez baita agerikoa hauentzat, baina bai aurretik aporian egon denarentzat. Gainera, auzietan bezala, erabakitzeko egoera hobean dago nahitaez kontrakarien argumentu guztiak entzun dituena.

5) Lehenengo aporia aurkezpenean zeharkatu ditugun arazoei dagokie: kausak aztertzea zientzia bakar bati dagokio ala zientzia askori? Eta zientziari, substantziaren lehenengo printzipioak bakarrik aztertzea dagokio, ala baita frogapenetan denek abiapuntutzat hartzen dituzten printzipioak ere? Esaterako, ba al dago gauza bat eta gauza bera baieztatzerik eta ukatzerik, biak batera, ala ez? Eta honelako beste printzipioak.

10) Eta zientziari substantzia egokitzekotan, zientzia bakar bati dagozkio substantzia guztiak, ala bati baino gehiagori? Eta zientzia bati baino gehiagori egokitzekotan, denak genero berekoak al dira, ala batzuei jakinduria izena eman behar eta beste zenbaitzuei besteren bat?

Eta nahitaez aztertu beharrekoen artean, honako hau dugu: sentimenezko substantziak soilik direla baieztatu behar al da, ala hauetaz 15) aparte ba al da bestelakorik? Eta substantzien genero bakar bat al dago, ala bat baino gehiago, Formak eta hauen eta sentimenezko gauzen artean errealitate matematikoak ezartzen dituztenek dioten bezala? Esan bezala, arazo hauek ikertu behar dira, eta ea gure azterketari substantziak 20) bakarrik dagozkion ala substantzien berezko akzidenteak ere bai; eta gainera, zein zientziari dagokion ikertzea hauek guztiak: Berbera eta Bestelakoa, Antzekoa eta Desberdina, Kontrakotasuna, Aurrekoa eta Ondorengoa, eta honelako guztiak, hots, Dialektikoak beren ikerketa iritzi hutsetan oinarrituz ikertzen saiatzen diren horiek; are gehiago, gauza 25) hauen berezko akzidenteak ere kontutan hartu behar dira, eta ez bakarrik bakoitza zer den, baizik eta bakoitzak kontrako bakar bat duen ala ez.

Eta printzipioak eta osagaiak generoak al dira, ala gauza 30) bakoitzaren berebaitako zatiak? Eta generoak baldin badira, banakoetan azkenak al dira, ala lehenengoak? Adibidez: zein da printzipioa eta zein da banakotik bereiztuen dagoena, animalia ala gizakia?

Eta aztertu eta landu behar da, batez ere, ea materiatik aparte berezko kausa den zerbait dagoen ala ez, eta hau banangarria den ala ez; eta kopuru aldetik bat ala bat baino gehiago den, eta osatua denaz aparte -osatua esaten dut materiaren zerbait predikatzen denean- zerbait dagoen ala ez, edo zerbaitetarik bai eta beste zerbaitetarik ez, eta zeintzuk diren honelakoak.

996a) Gainera, printzipioak -esakunetakoak nahiz azpigaietakoak- zer dira, matematikoki ala espezifikoki zehaztuak? Eta ustelgarri diren gauzenak eta ustelgaitz direnenak berberak al dira, ala desberdinak? Eta denak al dira ustelgaitzak, ala ustelgarri direnenak ustelgarriak dira?

5) Denetan zailena eta aporia handienera eramaten duena zera da: Bata eta "Den-a", Pitagorikoek eta Platonek esaten zuten bezala, den guztiaren substantzia baino ez al dira, ala bestelako zerbait da azpigaia, Enpedoklesek Adiskidetasuna, beste norbaitek Sua, beste batek Ura edo Airea direla esaten duten bezala?

10) Eta printzipioak unibertsalak al dira, ala banakako gauzak bezalakoak? Eta potentzian al dira, ala egintzan? Bestelako zentzuan al dira, ala mugimenduaren arabera? Izan ere, arazo hauek aporia handia sor dezakete.

Eta hauez gain, zenbakiak, luzerak, irudiak eta puntuak, substantziak al dira, ala ez? Eta substantziak baldin badira, sentimenezko gauzetatik bananduta al 15) daude, ala berebaitakoak dira haietan? Gauza hauei guztiei dagokienez, egiaren irtenbidea aurkitzea zaila izan ezezik, aporiak egoki eta arrazoibidez zeharkatzea ere ez da erraza.

II

[aldatu]

Ikus dezagun aurrena aipatu genuen lehenengo arazoari dagokiona: ea kausen genero guztiak aztertzea zientzia bakar bati dagokion ala bati baino gehiagori.

20) Nola liteke zientzia bakar bati egokitzea printzipioak ezagutzea, hauek kontrakoak ez badira? Gainera, gauza askoren baitan ez dira printzipio guztiak aurkitzen; izan ere, nola liteke geldiak diren gauzetan mugimenduaren printzipioren bat izatea, edo Ongiaren izaera izatea (bere baitan ona den guztia eta berezko duen izaeragatik xedea baldin 25) bada eta, beraz, kausa bat -berau gainerako gauza guztiak sortu eta izatearen zergatia delako- eta, bestalde, xedea eta helburua ekintza baten xedea izanik), ekintza guztiak mugimenduaren bidez egiten badira?

Beraz, geldiak diren gauzetan ezinezkoa litzateke printzipioa mugimendua izatea, ezta bere baitan ona den ezer izatea ere. Hau dela eta, Matematiketan ere ez da kausa honen bidez ezer frogatzen, ezta 30) demostrazio bat bera ere ez dago hobea ala txarragoa izateagatik; aitzitik, inor ez da ezertan gogoratzen gauza guztiokin, eta horrexegatik Sofistetako batzuek -Aristipok, esaterako- gaitzesten zituzten Matematikak. Izan ere, gainerako arteetan (artisautzan, zurgintzan eta zapatagintzan, esaterako) dena esaten da hobea ala txarragoa izateagatik, baina Matematikek ez dute aipamenik egiten gauza onei eta txarrei buruz.

996b) Hala ere, kausen zientziak bat baino gehiago baldin badira eta bakoitzari printzipio desberdin bat baldin badagokio, zein zientzia ote da bilatzen ari garen hori, edo zientzia hauek dituztenen arteko zeinek du 5) bilatzen ari garen eginkizunaren ezagutza gorena? Litekeena baita era guztietako kausak gauza baten baitan ematea,esaterako etxe batean: honetan mugimenduaren sorburua artea eta etxegilea dira; helburua, berriz, eginkizuna; materia, lurra eta harriak, eta Forma, kontzeptua.

Beraz, aurretik egindako zehaztasunetatik abiatuz -zientzietatik zeini deitu behar zaion Jakinduria, alegia-, zentzuzkoa da zientzia bakoitza 10) horrela izendatzea. Hau nagusiena eta aitzindariena izanik eta gainerako zientziek, haren morrontzan, kontrakorik ezin egin diotelarik, hauxe litzateke Xedearen eta Ongiaren zientzia (berau baita gainerakoen helburua); baina zientzia hau kausa lehenena eta ezagugarrien denarena bezala zehaztua izan den aldetik, berau Substantziarena litzateke, gauza bera 15) modu askotan ezagut badaiteke ere, gehiago daki gure ustez gauza denarengatik ezagutzen duenak, ez-denarengatik ezagutzen duenak baino; eta denarengatik ezagutzen dutenen artetik, batak besteak baino gehiago ezagutzen duela esaten dugu bereziki zerkia ezagutzen duenaz, eta ez zenbatekoa den, edo nolakoa den, edo zer iharduera edo zein afekzio 20) dagozkion <ezagutzen dituenaz>. Gainera, beste kasuetan ere, gauza bat jakitea -baita froga daitezkeen horiek ere- hura zer den dakigunean ematen dela uste dugu (esate baterako, zer da baliokide den laukizuzen batetik abiatuta karratu bat eraikitzea? Laukizuzenaren bi aldeen batezbestekoa aurkitzea. Eta gauza bera gainerako kasuetan); bestalde, genesiei eta ekintzei eta aldaketa orori dagokionez, mugimenduaren printzipioa dakigunean ere 25) gauzatzen da <jakitea>, baina mugimendua ez da xedea, eta honekin kontrajarria dago. Beraz, badirudi zientzia desberdinei dagokiela kausa bakoitza aztertzea.

Bestalde, eztabaidagarria da printzipio erakusleak zientzia bati dagozkion ala bati baino gehiagori (printzipio erakusleak izendatzen ditut frogatzeko denek erabiltzen dituzten iritzi arrunt horiek), adibidez, dena 30) baieztatu ala ukatu egin behar dela, eta ezinezkoa dela aldi berean izatea eta ez izatea, eta honela beste premisa horiek. Printzipio hauen zientzia eta substantziarena bat bakarra al da, ala zientzia desberdinak dira? Eta bat bakarra ez bada bilatzen ari garena, zein zientzia aldarrikatu behar dugu?

Baina zientzia bakar bati egokitzea ez da zentzuzkoa; izan ere, zer dela eta egokitu bereziki geometriari printzipio hauek ulertzea, eta ez beste 35) edozein zientziari? Hala ere, beste edozein zientziari egokitzen bazaio, 997a) zientzia guztiei egokitzea ezinezkoa denez, gainerako zientziei ez dagokien bezalaxe substantziak aztertzen dituen zientziari ere ez dagokio printzipio horiek ezagutzea. Gainera, nola izango da printzipio hauen zientzia bat? Izan ere, printzipio bakoitza zer den badakigu jakin (beste arteak, behintzat, printzipio hauetaz baliatzen dira, hauek ezagunak bailiran).

5) Eta printzipio hauei buruzko zientzia erakuslea baldin badago, beharrezkoa izango da generoren bat azpigaia izatea, eta printzipio batzuk afekzioak izatea, eta beste batzuk, axiomak (ezinezkoa baita printzipio guztiek demostrazioa edukitzea), nahitaez demostrazioak behar baitu premisa batzuetatik abiatu, zerbaiti buruzkoa izan eta zerbaitena izan. 10) Horrela, bada, frogatzen den guztiak genero bakarren bat izango du, zientzia erakusle guztiak baliatzen baitira axiomez.

Baina substantziaren zientzia eta printzipio hauena desberdinak badira, zein da, berez, nagusiena eta lehena? Axiomak unibertsalenak eta gauza guztien printzipioak baitira; eta filosofoari ez badagokio, zein besteri egokituko zaio printzipio hauen egitasuna eta faltsutasuna aztertzea? 15) Azken batean, substantzia guztien zientzia bat bakarra al da, ala bat baino gehiago? Eta bat bakarra ez bada, zientzia hau nolako substantziarena ote da? Guztiena bat bakarra izatea ez da zentzuzkoa, zientzia erakusle bakar bati egokituko bailitzaizkioke akzidente guztiak, zientzia erakusle 20) orok aztertzen baititu azpigairen baten berezko akzidenteak, iritzi arruntetatik abiatuz.

Zientzia berberari dagokio, bada, iritzi berberetatik abiatuz, genero batek berak dituen berezko akzidenteak aztertzea. Beraz, aztertzen den hori zientzia bakar bati dagokio, eta abiapuntuak diren iritzi horiek ere zientzia bakar bati dagozkio, nahiz zientzia bera izan, nahiz zientzia desberdinak izan; orduan, akzidenteak ere zientzia bakar bati dagozkio, bai zientzia 25) hauexek aztertzen badituzte, bai bi hauetaz osaturiko zientzia bakar batek ere.

Gainera, azterketa substantziei buruzkoa baino ez al da, ala hauen akzidenteei buruzkoa ere bada? Adibide bat jarriko dut: solidoa substantzia bat baldin bada, eta lerroak eta azalerak ere bai, hauen ezagutza eta genero bakoitzaren akzidenteak, zeintzuez Matematikek beren 30) demostrazioak egiten baitituzte, zientzia berberari al dagozkio, ala zientzia desberdinei? Izan ere, zientzia berberari badagozkio, substantziarena ere zientzia erakusle bat izango da; baina ez dirudi zerkiaren demostraziorik dagoenik. Baina zientzia desberdinei badagozkie, zein izango da substantziaren akzidenteak aztertzen dituena? Oso zaila da hau aztertzea.

Eta sentimenezko substantziak bakarrik daudela baieztatu behar 35) al da, ala hauetaz aparte bestelakorik badagoela? Eta substantzien 997b) generoa bat al da, ala bat baino gehiago, Formak eta Bitarteko Errealitateak aipatzen dituztenek baieztatzen duten bezala (haien ustez zientzia matematikoak haietaz arduratzen dira-eta)?

Zein zentzutan esaten dugun Formak berezko kausak eta 5) substantziak direla esana da jadanik haiei buruzko lehenengo azalpenetan11.

Era askotako zailtasunak badira ere, ezer ez lekuz kanpokoagorik hau esatea baino: Ortziko izaerez aparte zenbait izaera badagoela, eta hauek sentimenezko errealitateak bezalakoak direla, haiek betierekoak eta hauek, berriz, ustelgarriak. Gizakia Bere Baitan, Zaldia Bere Baitan eta Osasuna Bere Baitan baieztatzen dituzte besterik argitu gabe, giza itxureko 10) jainkoak baieztatzen dituztenen antzera eginez; haiek betiereko gizakiak baino ez baitzuten egiten, eta hauek, Formak direla-eta, betiereko sentimenezko errealitateak bakarrik.

Gainera, Formez eta sentimenezko gauzez aparte Bitarteko Errealitateak ezartzen badira, aporia asko izango da, argi baitago Lerro beraiez eta 15) sentsumenezkoez aparte beste lerro batzuk izango direla, eta gauza bera gainerako genero bakoitzari dagokionez. Hau dela eta, Astronomia zientzia matematiko bat izanik, sentimenezko ortziaz aparte beste ortzi bat ere izango da, eta beste eguzki bat, eta beste ilargi bat, eta gauza bera ortzian 20) dauden gainerako gorputzekin. Baina nola sinets litezke hauek guztiak? Geldia izatea ez baita zentzuzkoa; baina mugikorra izatea ere ezinezkoa da, guztiz. Eta berdin gertatzen da Optikak lantzen dituen gauzei dagokienez eta Harmoniarekin Matematiketan, ezinezkoa baita, arrazoi berberengatik, hauek sentimenezkoez aparte izatea; izan ere, Bitarteko Errealitate Sentimenezkoak eta Bitarteko Sentsazioak baldin badira, argi dago Animalien beraien eta animalia ustelgarrien artean beste animalia batzuk izango direla.

25) Norbaiti honako aporia hau suerta lekioke: den guztiaren artean zer bilatu behar dute zientzia hauek? Geodesiaren eta Geometriaren arteko berezitasun bakarra hauxe baldin bada, alegia, bata sentsazioen bidez jasotzen ditugun gauza horietaz arduratzen dela, eta bestea sentimenezkoak ez diren horietaz, orduan argi dago Medikuntzaz aparte, eta gainerako zientziez aparte, beste zientzia bat 30) izango dela Medikuntzaren beraren eta Sentimenezko Medikuntzaren artean. Hala ere, nola izan daiteke hau? Beste errealitate osasuntsu batzuk izango bailirateke sentimenezkoez eta berez osasuntsu denaz aparte. Aldi berean, geodesia sentimenezko eta ustelgarri diren luze-zabalez arduratzea ere ez da egia, hauek ustelduta, orduan hura ustelduko bailitzateke.

Eta Astronomia ere ez litzateke sentimenezko luze-zabalez 35) arduratuko, ezta gainean dugun ortziaz ere, sentimenezko lerroak ez 998a) baitira geometrak esaten duen bezalakoak (sentimenezko gauzetan bat bera ere ez baita hain zuzena, ezta hain borobila ere: zirkunferentziak ez baitu tangentea puntu batean ukitzen, Protagoras geometrak gezurtatzean 5) esaten zuen bezala baizik), eta ortziko mugimenduak eta birak ere ez dira Astronomiak neurtzen dituenak bezalakoak; eta ikurrek ere ez dute astroen izaera bera.

Baina badira batzuk Formen eta sentimenezko errealitateen artean Bitartekoak deituriko errealitate hauek baieztatzen dituztenak, baina ez sentimenezkoez aparte, beren baitan baizik. Sortzen diren ezintasun guztiak 10) zeharkatzeak azalpen luzea beharko luke, baina nahikoa da ondokoak aztertzea.

Izan ere, ez da zentzuzkoa Bitarteko Errealitateak bakarrik horrela izatea; aitzitik, argi dago Formak ere sentimenezko gauzetan izan litezkeela (argumentu berak balio baitu batzuentzat zein besteentzat); gainera, bi solido leku berean egongo lirateke nahitaez, eta ez lirateke geldiak izango, 15) sentimenezko gauzetan direlarik, hauek mugikorrak baitira. Azken batean, zertarako ezarri Errealitate hauek badirela, baina sentimenezko gauzetan direla? Aipatutako zentzugabekeria berberak suertatuko baitira: ortziaz aparte, beste ortzi bat izango da, baina ez harengandik bananduta, leku berean baizik, eta hau ezinezkoa da, guztiz.

III

[aldatu]

20) Honen guztiaren inguruan, bada, egia lortzeko nola kokatu behar den jakiteak aporia handia sortzen du; izan ere, printzipioei dagokienez, generoak hartu behar al dira osagaitzat eta printzipiotzat? Ala, hobeki esanda, generoak gauza bakoitzak berebaitako dituen lehenengo osagaiak al dira? Esate baterako, soinu artikulatuaren osagaiak eta printzipioak, soinu artikulatuak osatzen dituzten lehen osagai horiek omen 25) dira, baina ez soinu artikulatua genero bezala hartuta.

Eta proposizio geometrikoei dagokienez, haien osagaiak izendatzen ditugu horiek, zeintzuen demostrazioak gainerako demostrazioen baitan -edo guztien baitan, edo gehienen baitan- baitaude. Gainera, gorputzen osagaiak bat baino gehiago direla esaten dutenek eta bat 30) dela esaten dutenek ere, gorputzak osatu eta eraikitzen dituzten zati horiek direla printzipioak baieztatzen dute, esaterako Enpedoklesentzat Sua, Ura eta hauekin batera ematen direnak dira osagaiak,den guztiaren baitako zatiak baitira hauek; baina ez ditu den guztiaren generotzat hartzen.

Hauetaz gain, gainerako gauzen izaera ere aztertu nahi izanez 998b) gero, ohe bat, adibidez, hau eraiki eta osatzen duten zatiak ezagutu ondoren ezagutzen da honen izaera. Arrazonamendu hauen ondorioz, printzipioak ez lirateke den guztiaren generoak; baina gauza bakoitza definizioen bidez ezagutzen 5) badugu, eta printzipioak definizioen generoak badira, definizioen printzipioak ere generoak dira, nahitaez.

Den guztiaren zientzia lortzea baldin bada espezien zientzia lortzea -espezieak zeintzuen bidez den guztia izendatzen baita-, orduan generoak dira, dudarik gabe, espezien printzipioak. Bestalde, agerian dago den guztiaren osagaiak Bata, edo Den-a, Handia eta Txikia direla esaten dutenetako batzuek generotzat hartzen dituztela hauek. Hala ere, 10) printzipioez ere ez dago bi zentzuotan hitz egiterik, substantziaren esakunea bat baita, eta generoen bidezko definizioa eta berebaitako zatiak kontutan hartuz esaten dena desberdinak izango dira. Gainera, generoak printzipioetan printzipioenak badira ere, zeintzuk hartu behar dira 15) printzipiotzat, lehenengo generoak ala azkenekoak, hauek banakoez predikatzen direnak izanik? Hau ere eztabaidagarria da. Izan ere, unibertsalak printzipioetan printzipioenak baldin badira beti, agerian dago genero gorenak izango direla printzipioak, genero gorenak gauza guztiez esaten baitira.

20) Den guztiaren printzipioak lehenengo genero beste izango dira; beraz, Bata eta Den-a printzipioak eta substantziak izango dira, hauek esaten baitira bereziki den guztiaz. Baina Bata eta Den-a ezin dira den guztiaren genero bat izan. Izan ere, beharrezkoa da genero bakoitzaren 25) diferentziak ere izatea, eta bakoitza bat izatea; baina, bestalde, ezinezkoa da generoaren espezieak berezko diferentziez predikatzea, ezta generoa bere espezierik gabe ere. Beraz, Bata eta Den-a generoa balira, diferentzia bat bera ere ez litzateke ez bat, ezta den zerbait ere izango. Baina generoak ez badira, printzipioak ere ez dira izango, generoak printzipioak baldin badira.

Gainera, Bitarteko Errealitateak, beren diferentziekin bat eginik, 30) generoak izango dira, <espezie> zatiezinetaraino heldu arte (dena dela, <Platoniarren ustez> batzuek badirela esaten omen dute, beste batzuek, ez).

Gainera, diferentziak generoak baino gehiago izango dira printzipio; baina diferentziak ere printzipioak badira, printzipioak, nolabait esateko, amaigabeak izango dira, batez ere lehenengo generoa 999a) printzipio ezartzen bada. Baina, batetik, Bata printzipio oinarrizkoagoa baldin bada, eta Bat zatiezina dena baldin bada, eta zatiezina den guztia kantitatearen arabera edo espeziearen arabera baldin bada zatiezina, eta espeziearen arabera zatiezina dena aurrekoa baldin bada, eta, bestetik, generoak espezietan banatzen baldin badira, orduan arrazoi 5) gehiagoz izango da bat predikatzen den azken espeziea, gizakia ez baita gizabanakoen generoa.

Gainera, aurrekoa eta ondorengoa suertatzen diren gauza horietan, ezinezkoa da haien baitan dagoena haietaz aparteko zerbait izatea (esaterako, zenbakietan lehena Diada baldin bada, ez da zenbakiren bat izango zenbakien espeziez aparte. Eta berdin irudiari dagokionez: ez dago 10) irudi bat ere irudien espeziez aparte. Eta hauetan ez badago, are gutxiago izango dira espeziez aparte gainerako gauzen generoak, generoak izatekotan badirudi bereziki gauza haienak izango direla eta). Baina banakoetan ez dago ez aurrekorik, ez ondorengorik. Gainera, onena eta txarrena ematen den gauzetan, onena izaten da beti aurrekoa. Beraz, gauza hauei dagokienez ere ez da generorik izango.

15) Hauetatik guztietatik, bada, agerian geratzen da banakoez predikatzen direnak generoak baino neurri handiagoz direla printzipio. Baina, halaber, printzipio hauek nola ulertu behar diren ez da erraza esaten. Izan ere, beharrezkoa da printzipioa eta kausa gauzez -zeintzuen kausa baita- aparte izatea, eta haiengandik bereizi ahal izatea. Baina, bestalde, 20) zergatik onartu banakoaz aparte honelako zerbait dagoela, unibertsalki eta denetaz predikatzen delako ez bada?

Baina horregatik baldin bada, zenbat eta unibertsalago, orduan eta gehiago dela printzipio ezarri beharko da, eta honen ondorioz, lehenengo generoak printzipioak izango dira.

IV

[aldatu]

Hauekin batera badago aporia bat, denetan zailena eta aztertu 25) beharrekoa dena; huraxe lantzea derrigorrezkoa dugu orain.

Banakoez aparte ezer ez badago eta banakoak amaigabeak baldin badira, nola lor daiteke amaigabe denaren zientzia? Gauza guztiak ezagutzen baititugu nolabaiteko batasuna, berberatasuna eta orokortasuna duten neurrian. Hala ere, hau beharrezkoa bada, eta banakoez aparte zerbait 30) izatea beharrezkoa bada, beharrezkoa izango da generoak banakoez aparte izatea, azkenekoak zein lehenengoak; baina aporia zeharkatzean arestian ikusi dugu hau ezinezkoa dela.

Gainera, osatua denaz aparte zerbait baldin badago (batez ere materiaz zerbait predikatzen denean), orduan gauza guztiez aparte izan behar al da zerbait, ala gauza batzuez aparte bai, eta beste batzuez aparte ez, 999b) ala bat bera ere ez?

Izan ere, banakoez aparte ezer ez badago, ez da ezer ezagungarririk izango; aitzitik, gauza guztiak izango dira sentimenezkoak, eta ez da ezeren zientziarik izango, sentsazioa zientzia dela esaten ez bada, behintzat. Gainera, ez da ezer betiereko izango, ezta geldia ere (sentimenezko gauza 5) guztiak usteltzen baitira eta mugimenduan baitaude). Hala ere, betiereko ezer ez badago, genesia izaterik ere ez da izango, beharrezkoa baita sortutakoa den zerbait izatea, baita sorburua den zerbait ere, eta hauetan azkena sortu gabea izatea, prozesua nonbait eten baldin bada eta Ez Den-etik sortzea ezinezkoa baldin bada. Gainera, genesia eta mugimendua baldin badira, muga bat izatea ere beharrezkoa da (ez baita mugagabe den inolako 10) mugimendurik, mugimendu orok amaiera baitu, eta ezinezkoa da sortu ezinezkoa dena sortzea; eta sortutakoa bada izan, nahitaez sortua izan zen ordutik). Gainera, materia sortu gabea izateagatik baldin bada <betierekoa>, 15) are gehiago substantzia, hau haren bilakaera baita.

Baina ez baldin badira ez hau, ez hura, ez da inola ere ezer izango; eta hau ezinezkoa baldin bada, nahitaez izango da zerbait osatuaz aparte: konfigurazioa, forma.

Bestalde, hau ezarriz gero, aporia hau sortuko da: zein gauzatan ezarriko den eta zeintzuetan ez, agerian baitago gauza guztietan onartezina 20) dela, ez baikenuke banako etxeez aparte etxeren bat dagoenik ezarriko.

Eta hauez gain, bat izango al da gauza guztien substantzia, adibidez, gizakiena? Baina hau lekuz kanpo dago, gauza guztiak bat baitira haien substantzia bat baldin bada. Orduan, asko eta desberdinak izango al dira? Hau ere zentzugabea da. Gainera, materia nola bilakaten da hauetako bakoitza, eta osatua dena nolatan da bi gauza hauek?

Eta printzipioei dagokienez, honako aporia hau ere sor daiteke: 25) bat baldin badira espezifikoki, aritmetikoki ez da ezer bat izango, ez Bata Bere Baitan, ez Den-a. Eta nola liteke ezagutzea gauza guztien gainean bat den zerbait ez baldin badago? Bestalde printzipio bakoitza aritmetikoki bat eta bakarra baldin bada, eta ez sentimenezko gauzetan bezala (beste printzipio desberdin bat badagoela gauza desberdin bakoitzean, adibidez, 30) silaba jakin baten printzipioak, espezifikoki berbera den silaba honen printzipioak ere dira espezifikoki beraiek, baina aritmetikoki desberdinak); orduan, horrela ez bada, eta den guztiaren printzipioak aritmetikoki bat baldin badira, ez da osagaiez aparte beste ezer izango, "aritmetikoki bat" esatea edo "banako" esatea ez baitira ezertan bereizten. Izan ere, "banako" 1000a) esaten diogu "aritmetikoki bat" denari, eta "unibertsala", berriz, hauen gainean dagoenari. Horrela, bada, soinu artikulatuen osagaiak aritmetikoki zehaztuak balira, letra guztien kopurua nahitaez izan beharko litzateke osagai beste, bi letra berdin edo kopuru aldetik osagaiak baino gehiago izaterik ez dagoelako.

5) Ezertan garrantzi gutxiagokoa ez den aporia hau, bai garaikideek, bai aurrekoek, albo batera utzia izan da: ustelgarri direnen printzipioak eta ustelgaitz direnenak, printzipio beraiek al dira, ala desberdinak? Izan ere, beraiek baldin badira, nolatan dira gauza batzuk ustelgarriak eta beste batzuk ustelgaitzak, eta kausa zein da? Hesiodoren jarraitzaileek eta teologo horiek guztiek beraiek onets zezaketena bakarrik 10) hartu zuten kontuan, baina gurekin axolagabe izan ziren (printzipioak jainkoak eginda eta sortutakoa jainkoengandik sortzen dela esanda, nektarra eta anbrosia dastatu ez dituztenak hilkorrak direla baieztatzen dute; argi dago izen hauek ezagunak zirela haientzat. Baina kausa hauen 15) azalpenari berari dagokionez, gure gainetik hitz egin zuten; izan ere, gogoko dituztelako hartzen badituzte, nektarra eta anbrosia ez dira izatearen inolako kausa izango; baina haien izatearen kausa baldin badira, nola izan daitezke betierekoak elikadura behar badute?)

Baina ez du merezi kontakizun mitikoak arreta handiz ikertzea. 20) Ordea demostrazioen bidez argudiatzen dutenengandik jaso behar da informazioa, galdetuz ea diren gauzetatik zergatik diren batzuk berez betierekoak, eta beste batzuk, ustelgarriak, denak printzipio beraietatik sortuak baldin badira. Eta kausa aipatzen ez dutenez gero, eta, gainera, horrela izatea zentzuzkoa ez denez, argi dago gauza hauen printzipioak eta 25) hauen kausak ere ezin izango direla berberak izan. Eta bere buruarekin bat omen datorren harexek ere, Enpedoklesek, huts egite bera egin zuen. Batetik, printzipio bat ezarri zuen, Gorrotoa, ustelgarri denaren kausa; bestetik, Gorrotoak gauzak sortarazten omen ditu, Bata salbu, gainerako gauza guztiak -Jainkoa izan ezik- bere baitatik sortuak baitira. Izan ere, honela dio:

"Haietatik, ziren guztiak eta diren guztiak,

30) zuhaitzak ernamuindu, gizonak eta emakumeak ere bai, basapiztiak eta hegaztiak,

uretan elikatzen diren arrainak, baita bizialdi luzeko jainkoak ere."12

Eta hitz hauek kontuan izan gabe ere, begi-bistakoa da: gauzetan 1000b) Gorrotoa ez balitz, denak bat izango lirateke-eta, Empedoklesek dioen bezala. Baina gauza guztiak batu egin zirenean, orduan

"nagusitu zen gorrotoa"13

eta, haren ustez, horregatik gertatzen da jainkoa, zoriontsuena bada ere, 5) gainerako guztiak baino adimen gutxiagokoa dela, ez baitu dena ezagutzen; izan ere, Gorrotoa falta du, eta antzeko denaren ezagutza antzeko denaren bidez egiten da:

"Lurra ikusten baitugu -esaten du- lurraren bidez,

ura uraren bidez, jainkozko eterra eterraren bidez, samurtasuna samurtasunaren bidez eta Gorrotoa, azkenik, zorigaitzeko Gorrotoaren bidez."14

10) Baina gure abiapuntura itzuliz, hau behintzat argi dago: Enpedoklesentzat Gorrotoa ez da ustelduraren kausa izatearena baino neurri handiagoz; era berean, Adiskidetasuna ere ez da izatearen kausa, Baterantz biltzean gainerako gauza guztiak usteltzen baititu. Eta, aldi berean, aldaketaren beraren kausaz ez du ezer esaten, berez horrelakoa dela baizik:

"Gorroto Handia gorputz-ataletan garatu zenean

15) ohoretan altxatu zen, denbora amaituta, juramentu zabalak biei ezarritako epea kunplituta",15

aldatzea nahitaezkoa dela adieraziz, baina aldaketa honen kausarik argitu gabe. Hala ere, hau dena koherentziaz esaten duen bakarra, behintzat, bera da, den guztitik ez baititu batzuk ustelgarriak egiten eta beste batzuk 20) ustelgaitzak, baizik eta denak -osagaiak izan ezik- ustelgarriak.

Baina orain aipatzen ari garen aporia zera da, zergatik diren gauza batzuk ustelgarriak eta beste batzuk ez, printzipio beraietatik sortuak badira.

Honekin guztiarekin esana dago printzipioak ezin daitezkeela berberak izan. Baina printzipio desberdinak baldin badira, orduan aporia bat sortzen da: hauek ustelgaitzak al dira, ala ustelgarriak? Izan ere, ustelgarriak 25) baldin badira, argi dago hauek ere beste zenbait printzipiotatik sortuak izan behar dutela (gauza guztiak usteltzen baitira haien sorburu diren horietara itzuliz), eta honen ondorioz, printzipio aurretiko beste printzipio batzuk badirela gertatzen da. Eta hau ez da posible, ez prozesua eten egiten bada, ezta amaigabe jarraitzen badu ere. Gainera, nola izango dira gauza ustelgarriak, printzipioak deuseztatuak badira? Bestalde, printzipioak ustelgaitzak baldin badira, hauetatik sortuak direnak -hauek ustelgaitzak izanik- zergatik izango dira ustelgarriak, eta beste zenbaitetatik sortuak 30) direnak, berriz, ustelgaitzak? Hau ez da zentuzkoa: edo ezinezkoa da, edo azalpen gehiago behar du. Gainera, ez da inor saiatu printzipio 1001a) desberdinak direla frogatzen; alderantziz, gauza guztien printzipioak berberak direla baieztatzen dute, baina aporian sortutako lehenengo arazoa azaleratu besterik ez dute egiten, hau kontu txikia bailitzan.

Baina denetan zailena ulertzen eta egia ezagutzeko beharrezkoena 5) dena hau da: "Den-a" eta "Bata" den guztiaren substantziak al dira? Eta zerbait den bakoitza "Bata" nahiz "Den-a" al dira, bestelako ezer izan gabe? Edota aztertu behar al da "Den-a" eta "Bata" zer diren, beren baitan bestelako izaera bateko azpigairik bailegoan? Izan ere, batzuen ustez lehenengo izaera dute, beste batzuen ustez, berriz, bigarrena. 10) Hain zuzen ere, Platonek eta Pitagorikoek ez dute uste "Den-a eta "Bata" beste zerbait direnik; aitzitik, beraien izaera hauxe dela esaten dute, beraien substantzia "Bata"rena eta "Dena"rena delarik.

Bestalde, Naturaren filosofoak <daude>. Enpedoklesek, adibidez, "Bata" zer den adierazten du, azalpena ezagunago den zerbaitetara zuzenduko bailuen; honek Adiskidetasuna omen dela baieztatzen du 15) (Adiskidetasuna baita, behintzat, bat izatearen kausa gauza guztientzat). Beste batzuek, Sua ezartzen dute. Beste batzuek, "Bat" hau eta "Den-a" Airea dela esaten dute, hau den guztiaren izatea eta sorburua dena. Eta honelaxe diote osagai gehiago ezartzen dutenek; hauek ere, nahitaez esan behar dute 20) "Bata" eta "Dena" diren printzipioak beste direla. Baina "Bata" eta "Dena" nolabaiteko substantzia direla onartzen ez bada, orduan gainerako unibertsaletatik bat bera ere ez da substantzia izango (horiek baitira unibertsaletan unibertsalenak, eta Bata Bere Baitan eta Den-a Bere Baitan zerbait ez baldin badira, orduan kostata izango da gainerako gauzetatik 25) banako deiturikoez aparteko ezer); eta Bata substantzia ez baldin bada, argi dago zenbakia ere ez dela den guztitik bereizitako izaera bat izango. (Izan ere, zenbakiak unitateak ditu eta unitatea bat bezalako zerbait da, hain zuzen.) Baina Bata Bere Baitan eta Den-a Bere Baitan baldin badira, hauen substantzia Bata eta Den-a izango da nahitaez, ez baitago unibertsalki predika daitekeen besterik, berauek ez badira.

30) Hala ere, Den-a Bere Baitan eta Bata Bere Baitan baldin badira, orduan aporia handia izango da honakoa, nola izan daitekeen haietaz aparteko beste zerbait; esan nahi dut nola daitekeen den guztia bat baino gehiago izatea. Izan ere, "den"-az besterik ez dago, eta horrela, Parmenidesek esandakoaren arabera, nahitaez gertatuko da den guztia bat 1001b) izango dela, eta Bat hau Den-a izango dela. Bi posibilitateok gogaikarriak dira, biak ala biak: nahiz Bata substantzia izan ez, nahiz Bata Bere Baitan izan, ezinezkoa da zenbakia substantzia izatea. Eta substantzia ez bada, jadanik esana dago zergatia; eta substantzia baldin bada, Den-ari 5) dagokion aporia bera izango dugu:

Bataz aparte, nondik sortuko da beste "bat" bat? Derrigorrezkoa litzateke, bada, hau "ez-bat" izatea. Baina den guztia, edo bat, edo asko dira, bakoitza bat delarik.

Gainera, Bata Bere Baitan zatiezina baldin bada, orduan Zenonen sententziaren arabera ez da ezer izango, Zenonen ustez gehiketaren eta kenketaren bidez, handiago eta txikiago egiten ez duena ez baita den 10) zerbait, den-a luze-zabal bat delakoan, argi denez. Eta luze-zabal bat baldin bada, gorputzezkoa da, honek norabide guztietan izatea baitu. Aitzitik, gainerako luze-zabalek -azalera eta lerroa, esaterako- handitu egiten dute gehiketa modu batez egiten bada, beste modu batez egiten bada, ordea, ez; eta puntuak eta unitateak, inola ere ez. Baina Zenon bere gauzak ikusteko moduan traketsa denez, baliteke zatiezina den zerbait ere izatea, 15) eta horrela bada, erantzun dakioke Zenoni: zatiezina den zerbait gehituta ez da handiago egingo, baina bai gehiago izango. Baina nola sortuko da luze-zabal bat Bat horretatik, edo horrelako bat baino gehiagotatik? Hau, lerroa puntuetatik sortzen dela esatea bezala litzateke. Bestalde, batzuek esaten duten bezala, zenbakia Bata Bere Baitatik eta bat ez 20) den beste zerbaitetik sortzen dela suposatzen baldin bada, hala ere, ikertzekoa izango da zergatik eta nola daitekeen sortutakoa batzuetan zenbaki eta beste batzuetan luze-zabala izatea, ez-bat dena Desberdintasuna eta izaera bera bazen. Izan ere, ez dago argi luze-zabalak nola sor daitezkeen Batetik eta Desberdintasunetik, ezta nola sor daitezkeen zenbakiren batetik 25) eta Desberdintasunetik ere.

Aurrekoekin zerikusirik duen aporia zera da: zenbakiak, gorputzak, azalerak eta puntuak substantziak al dira, ala ez? Izan ere, ez baldin badira, ez dugu ulertuko den-a zer den, ezta den guztiaren substantziak zer diren ere. Afekzioek, mugimenduek, erlazioek, 30) antolamenduek eta proportzioek ez dirudite ezeren substantzia adierazten dutenik (hauek denak azpigairen batez baieztatzen baitira, eta bat bera ere ez da "honako hau"). Bestalde, substantzia neurri handiagoz adierazten omen duten gauza hauei dagokienez -Ura, Lurra, Sua eta 1002a) Airea, zeintzuez osatzen baitira gorputz konposatuak-hauen beroak eta hotzak eta honelako afekzioak ez dira substantziak; aitzitik, afekzio hauek jasan dituen gorputzak berak bakarrik irauten du "den zerbait" eta substantziaren bat bezala. Baina, bestalde, gorputza azalera 5) baino neurri txikiagoz da substantzia, azalera lerroa baino, eta lerroa, unitatea eta puntua baino, hauen bidez zehazten baita gorputza, eta badirudi hauek izan daitezkeela gorputzik gabe, baina gorputza, ordea, ezinezkoa da haiek gabe.

Hori dela eta, filosofo gehienek eta lehenengoek ere substantzia eta 10) den-a gorputza zela uste izan zuten, eta gainerako gauzak gorputzaren afekzioak zirela; honen ondorioz, gorputzen printzipioak den guztiaren printzipioak ere baziren <haien ustez>; ondorengoek, ordea, haiek baino jakintsuagoak zirenek ere, zenbakiak zirela uste izan zuten. Alabaina, esan bezala, azalera, lerroa eta puntua substantziak ez baldin badira, ezer ez da, inolaz ere, substantzia izango, ezer ez da den-a izango, haien akzidenteek ezin baitute "den guztia" izendatu.

15) Hala ere, hau onartzen baldin bada, luzerak eta puntuak gorputzak baino neurri handiagoz direla substantzia, alegia, baina, bestalde, hauek zein gorputzetan izan daitezkeen ikusten ez badugu (sentimenezko gauzetan ezinezkoa baita hauek izatea), orduan ez da inolako substantziarik izango. Gainera hauek denak gorputzaren zatiketak direla dirudi, bata zabaleraren arabera, bestea sakoneraren arabera, beste hori, luzeraren 20) arabera. Honez gain, berdin aurkitzen da edozein irudi gorputzean, eta honen ondorioz, harrian bertan Hermes bat ez baldin badago, orduan kuboan ere ez da kubo-erdia zehaztutako zerbait bezala izango. Era berean, azalerarik ere ez da izango (baten bat izatekotan kubo-erdia zehazten duena 25) ere izango litzateke-eta). Eta gauza bera lerroari, puntuari eta unitateari dagokienez, gorputza substantzia baldin bada neurri gorenez eta gorputza baino neurri handiagoz gauza haiek baldin badira substantzia, baina berauek ez baldin badira substantziak, orduan ez dugu ulertuko den-a eta den guztiaren substantzia zer diren, aipatutakoez gain, genesiari eta usteldurari dagokiena ere irrazional suertatzen baita.

30) Izan ere, lehendik ez zegoen substantzia orain baldin badago eta lehen bazegoena orain ez baldin badago, badirudi substantziak sortu eta deuseztatzearekin batera jasaten dituela aldaketa hauek. Baina puntuak, lerroak eta azalerak ezin dira ez sortu, ez deuseztatu, batzuetan badirelarik izan, beste batzuetan, ez. 1002b) Gorputzak batu edo zatitzen direnean, batzuetan bat sortzen da batzean, eta bi zatitzean. Honen ondorioz, batu ondoren jadanik ez dago <bi> ustelduta baizik, eta zatitu ondoren, lehen ez zirenak badira orain (puntua, zatiezina dena, hain zuzen ere, ez baita bitan zatitu); baina 5) sortu eta deuseztatzen badira, nondik sortzen dira? Alabaina, antzeko gauza bat gertatzen da denborari dagokionez orainarekin, hau ere ezin baita sortu eta deuseztatu, eta hala eta guztiz ere beste bat dela ematen du beti, nolabaiteko substantzia bat ez delarik. Eta argi dago berdin gertatzen dela puntuei, lerroei eta azalerei dagokienez, arrazonamendua bera baita: denak 10) dira, neurri berean, edo mugak edo zatiketak.


VI

[aldatu]

Orokorrean, aporia izan liteke sentimenezko gauzez eta bitartekoez aparte zergatik bilatu behar den bestelakorik, adibidez baieztatzen ditugun Formak. Baldin eta Errealitate Matematikoak hemen 15) ematen direnekin beste zerbaitetan bereizten direlako bada, Forma bereko asko izateagatik ez dira ezertan bereizten, eta honen ondorioz haien printzipioak ez dira aritmetikoki zehaztuak izango (hemengo letra guztien printzipioak aritmetikoki zehaztuak ez diren bezala, baina bai espezifikoki, honako silaba honenak edo harako soinu artikulatu harenak kontuan hartu 20) ezean, hauen printzipioak aritmetikoki ere izango baitira zehaztuak,eta gauza bera Bitartekoei dagokienez ere, Forma bereko gauzak hemen ere mugagabeak baitira).

Beraz, sentimenezko gauzez eta Errealitate Matematikoez aparte besterik ez baldin badago -batzuek Formak izendatzen dituzten horiek bezalakoak, alegia-, ez da aritmetikoki bat den substantziarik izango, espezifikoki baizik, eta den guztiaren printzipioak ere ez dira aritmetikoki 25) zehaztuak izango, espezifikoki baizik. Eta hau nahitaezkoa baldin bada, Formak badirela ezartzea ere nahitaezkoa izango da. Izan ere, hau baieztatzen dutenek zuzen artikulatzen ez badute ere, hauxe da esan nahi 30) dutena, eta nahitaez esan behar dutena: Forma bakoitza substantziaren bat dela, eta bat bera ere ez akzidentalki. Hala ere, Formak badirela eta printzipioak aritmetikoki -baina ez espezifikoki- bat direla ezarriz gero, jadanik esanak ditugu nahitaez suertatzen diren zentzugabekeriak16.

Aporia hauetatik gertu dago beste aporia hau, ea osagaiak potentzian diren ala beste modu batean. Beste modu batean baldin 1003a) badira, orduan printzipioen aurretiko beste zerbait izango da (potentzia kausa haren aurrekoa baita, eta potentzian den guztia ez da nahitaez modu hartan gauzatzen). Baina osagaiak potentzian baldin badira, 5) baliteke den guztia ez izatea; izan ere, oraindik ez dena ere izan daiteke, ez-dena izatera iristen delako, baina izaterik ez duen ezer ez da izatera iristen.

Honelakoak dira printzipioei dagozkien konpondu beharreko aporiak, ea printzipioak unibertsalak diren ala banako izendatzen ditugun horietakoak. Unibertsalak baldin badira, ez dira substantziak izango (baterako diren predikatuetatik batek ere ez baitu "honako hau" adierazten, 10) honen nolakotasuna baizik, eta substantziak, ordea, "honako hau" adierazten du). Baina baterako predikatua "honako hau" baldin bada eta predikatzen diren gauzetatik kanpo jarri behar bada, orduan Sokrates izaki asko izango litzateke: berau, gizakia eta animalia, predikatu bakoitzak "honako bat" adierazten baldin badu. Beraz, printzipioak unibertsalak badira, honelakoak gertatuko dira. Eta unibertsalak ez badira, banako gauzak bezalakoak baizik, ez dira 15) ezagungarriak izango, zientzia beti baita unibertsala; ondorioz, printzipioen aurrekoak diren beste printzipio batzuk -unibertsalki predikatzen direnak- izango dira, haien zientzia izatekotan.