Edukira joan

Metamorfosia

Wikitekatik
Metamorfosia (1915)

Egilea: Franz Kafka



1. Kapitulua

[aldatu]

Gregorio Samsa, goiz batean eta loaldi larri baten ostean, bere ohean koko bihurturik esnatu zen. Bere lepoko oskol gogorraren gainean etzanda zegoen bere burua altxatzean, eta horrela bere sabel ilunaren itxura ganbila ikusi zuen; ohazalak honen handidura ezin zuen eutsi. Ondorioz, lurrera labaintzekotan zegoen. Jatorrizko hanka lodien ordez, funtsik gabeko mugimenduaz dantzan zebilzkion hamaikatxo hanka ikusten zuten bere begiek.

-Zer gertatu zait?

Ez zegoen ametsetan, ez. Bere logelak betiko itxura zuen. Mahai gainean oihal laginak sakabanaturik zeuden -Samsa merkatari saltzailea zen-, eta hormatik zintzilikatuta aldizkari batetik ebakitako argazki bat zegoen, urrezko marko batean sartutako irudia. Argazkian, larruzko txano eta tapaki batez estalita dagoen emakume bat zegoen.

Gregoriok soa leihorantz zuzendu zuen; lainotuta zegoen, eta leihoan euri tantak jo eta jo egoteak malenkonia eragin zion.

-Beno -pentsatu zuen-; zer gertatuko litzateke momentu batez lotan jarraitu eta ameskeria guztiak ahaztuko banitu?=Baina ezinezkoa zen, izan ere, Gregorio eskuin aldearen gainean lo egitera ohituta zegoen eta oraingo izate berriak ez zion postura hori hartzen uzten. Bere helburua eskuinalderantz begira gelditzea bazen ere, halabeharrez lepoz geratzen zen berriz ere. Makina bat bider saiatu arren, alfer alferrik zen; hankek sortutako mugimendu saltsa - maltsatu hura ez ikusteko, begiak itxi zituen; dantzak bere horretan segitu zuen, harik eta min sakon bezain zorrotza sentitu zuen arte, ordura arte inoiz sentitu ez zuelako mina, alegia.

-Ai Ene! -esan zuen- zein neketsua den nik hautatutako lana! Egun bat bai eta bestea ere bidaiatzen. Negozioen ardura handitu egiten da lantegitik kanpo lan egiten denean, eta bidaiek sortzen dituzten burukominak ere ez dira gutxi: trenen ordutegia jagon, janari eskasa iruntzi, jatordu desorekatua mantendu, aldakorrak diren harremanak, ezertarako balio ez dutenak, maitasunarentzako tokirik ez dutenak. Dena pikutara!

Sabelean halako hazkura arin bat nabaritu zuen. Apur-apurka, ohe-bururantz luzatu zuen gorputza, burua altxatzeko asmotan. Sumindutakoaren inguruan puntu zuri batzuk zituela ikusi zuen. Hanka batekin hazkura arintzen saiatu bazen ere, berehala kendu behar izan zuen hanka honen igurtziak hotzikarak sortzen zizkion eta.

-Honen goiz jaikitzeak tenteldu egiten dut bat -esan zuen-. Gizonak behar beste lo egitearen premia zuen. Askoz hobeto bizi diren saltzaileak daude. Goizean eskatutakoa apuntatzeko ostatura itzultzen naizenean, patxadaz eserita eta gosaltzen ikusten ditut. Nik dudan nagusiarekin berdin jokatuko banu, berehala kale gorrian ikusiko nintzateke. Eta nork daki, ez ote da hori niretzat egokiena? Nire gurasoengatik izango ez balitz aspaldi izango nintzateke lanetik alde eginda. Nagusiaren aurrera joan eta ene iritzia aurkeztuko niokeen. Mahai gainetik eroriko litzateke, gora igo eta langileei hitz egiteko esertzen den mahai gainetik behera, alegia; langileak hurbil-hurbil jartzen zaizkio gorra delako. Baina oraindik ez dut esperantza galdu. Gurasoei zorrak kentzeko beste batzen dudanean - oraindik beste bost edo sei urte=, entzun beharko dizkit, bai. Beno, baina momentuz jaiki egin behar naiz, trena bostetan ateratzen baita. Begiak kutxa gainean zegoen iratzargailura bideratu zituen.

-Jainko laztana!-oihukatu zuen bere barnerako.

Goizeko sei eta erdiak ziren eta orratzek beren martxan jarraitzen zuten. Orratzak laurden gutxi jotekoak ziren. Akaso ez zuen jo iratzargailuak? Ohetik garbi=garbi ikus zitekeen alarma lauretan jarri izan zuela; beraz, jo beharra zeukan derrigor. Baina posible ote zen lo jarraitzea, etxeko armairuak eta denak aztoratzeko moduko zarata ateratzen zuen eta? Bere loaldia ez zen batere lasaia izan. Baina seguru aski, horregatik egin zuen azken momentuan sakonago lo. Eta, zer egin zezakeen orduan? Hurrengo trena zazpietan ateratzen zen; berau hartu ahal izateko korrikan ibiltzea halabeharrezkoa zuen. Erakusgaia oraindik ez zegoen bilduta, eta, azkenik bera ere ez zen prest sentitzen. Gainera, trena hartuko balu ere, ez zuen nagusiaren errieta saihestuko, izan ere, biltegiko mutilak jadanik bere faltaren berri emana izango zion eta. Biltegiko mutila dignitate bako ipurdi- miazkatzaile hutsa zen. Eta, gaixorik zegoela esango balu, zer gertatuko litzateke? Honek susmoak zabalduko zituen, Gregoriok bost urtetan inoiz ez baitzuen lanera hutsik egin. Seguruenik nagusia Montepioko medikuarekin etorriko litzateke. Gurasoen aurrean bere alferkeriaren gainean kexak zabalduko ziren, eta medikuaren agiriari esker edozein arrazoi atzera botako luke, harentzako gizon guztiak baitaude osasuntsu. Eta egia esan, kasu honetan ez zen oker ibiliko. Izan ere, loaldi luzearen ondorioz gosez bazen ere, Gregorio ondo sentitzen zen.

Bere etzalekua utzi gabe bertan hausnartzen eta pentsatzen jarraitzen zuen. Erlojuak zazpiak laurden gutxi jo zituenean, ohe burutik hurbil zegoen atea jo zuten.

-Gregorio- esan zuen ahots batek, amarenak- zazpiak laurden gutxi dira. Ez zinen bada, bidaian joatekoa?

Zein ahots gozoa! Bere ahotsa entzutean ordea, izutu egin zen; betikoa zen, bai, baina txistu mingarri eta eutsi ezin batekin nahasturik agertu zen, hitzak hasieran argiak baziren, gerora nahastu egiten ziren eta azkenerako bat zalantzan jartzen zen entzun ote zituen ere. Gregoriok argi erantzuteko asmoa zuen baina guztia ikusita hau esatera mugatu zen:

-Bai, bai. Eskerrik asko ama. Oraintxe altxatuko naiz.

Egurrezko atearen bestaldean, Gregorioren ahotsaren aldaketa ez zen igarri behar, ama erantzun horrekin lasaitu eta honek alde egin zuen. Aldiz, elkarrizketa honen ondorioz, familiako kideek bazekiten Gregorio oraindik etxean zela. Honekin batera, aita ailegatu zen eta ateari golpe arin batzuk emanda galdetu zuen:

-Gregorio, Gregorio! Zer gertatzen da?- Momentutxo bat itxaron eta ahotsa altxatuz ekin zion:

-Gregorio, Gregorio!

Halaber, beste atearen atzetik arrebak honela galdetu zion goxotasunez:

-Gregorio ez al zaude ondo? Zerbait behar al duzu? -Prest nago -erantzun zien biei batera, hitzak garbi ahoskatzeko ahalegin handia eginez bere ahots- geldiz mintzatuz. Aitak gosaltzen jarraitu arren, arrebak ahopeka jarraitzen zuen:

-Ireki mesedez, Gregorio.

Hala ere, Gregorio ez zen horretan pentsatzen ari; aitzitik, bere buruari zorionak ematen zizkion logela ixteko zuen ohituragatik.

Lehenengo egin beharreko gauza geldi- geldiro altxatzea eta ondoren gosaltzea zen. Hau dena egin ostean bakarrik pentsatuko nukeen gainerakoan, eta ez ohean etzanda nengoen moduan. Ohean baten baino gehiagotan posturak eragindako min arintxo bat sentitu izanaz gogoratzen zen, eta sarri askotan jaikitzerakoan desagertzen zena. Jakin-min handia zeukan egun hartako bere irudikapenak nola ihesten zitzaizkion ikusteko. Halaber, ahotsaren aldaketaren arrazoia katarroaren abisua zelakoan zen, hau da, saltzailearen gaixotasun profesionala.

Ohazala baztertzea lan oso erraza zen. Horretarako, gorputza albo batera botatzea zuen errazena, horrela ohazala halabeharrez eroriko baitzen. Baina zailtasuna Gregorioren zabaltasun izugarrian zegoen. Zutuntzeko, beso eta eskuz lagundu ahal izango zen; halere, horren ordez, kontrolatu ezin zituen eta gelditu ezinik zeuden hamaikatxo hankaren jabe zen. Eta kontua da, berak zutuntzeko nahia zeukala. Luzatzen zen; eta hanketako bat dominatzea lortzen zuen; baina bitartean, besteek beren mugimendu aske eta mingarriarekin jarraitzen zuten. “Ez da egokia ohean ezerezean egotea" pentsatu zuen Gregoriok”.

Lehenik eta behin etzalekutik gorputzeko behealdea kanporatzea otu zitzaion. Baina parte hau -oraindik ikusi gabea, beraz zehaztasunez kokatzea zaila egiten zitzaiona-, mugiaraztea zaila egin zitzaion. Pentsatutakoari geldi-geldiro ekin zion. Gregoriok indar guztiak bilduz, gorputza aurreratu zuen. Zoritxarrez, norabidea gaizki hartu zuen eta ondorioz, oheko hanken jota izugarrizko golpea hartu zuen. Golpearen ondorioz, konturatu zen bere gorputz berriko atalik sentiberena, gorputzeko beheko partea zela. Orduan, burua etzalekuaren goialdera bota zuen berriz ere, oraingoan gorputzaren goiko partea ateratzeko asmotan. Honek ez zuen arazorik ekarri, eta, gorputzeko zabalerak zein pisuak, buruak hasi izandako mugimendua jarraitu zuten. Baina, berau airean ikusitakoan, modu berberean aurrera jarraitzeko beldurra sentitu zuen, horrela erorita zaila izango litzatekeelako burua bere horretan mantentzea; gainera Gregoriorentzako oso garrantzitsua zen momentu hartan konortea ez galtzea. Hori gertatu orduko, nahiago zuen ohean geratzea.

Baina, kontrako moduan indar berdinak egin ostean, bere emozioaren morroi ziren hankak ikusirik konturatu zen hasierako posizio berdinean topatzen zela eta berriro lehengoa pentsatu zuen: ez zuela ohean jarraitu behar eta portaerarik zuzenena arriskatzea zela, nahiz eta onik ateratzeko posibilitateak urriak izan. Ordea, laster gogoratu zuen, patxadazko erabakiak hartzea, erabaki arinak hartzea baino zuzenagoa zela. Bere begiak zorroztasunez leihoan finkatu ziren; baina zoritxarrez, bistan zeuden behe- lainoek eta lainoek esperantza eta indar gutxi ematen zieten.

“Honezkero zazpiak- pentsatu zuen berriro erlojua begiratzean-. Jada zazpiak, eta oraindik behe-lainoa nagusi da.”

Mugitu gabe eta arnasa geldi- geldiro hartuz, pixka batean ohean etzanda jarraitu zuen isiltasunak bere izaerara itzularaziko balu moduan.

Hala ere, zazpiak eta laurden jo aurretik altxatuta egotea beharrezkoa zuela pentsatu zuen. Gainera biltegitik norbait heltzear zegoela uste zuen, berau zazpiak izateko gutxi falta direnean zabaltzen dute eta. Oheko hegal batetik irristatuta atera nahi zuen. Seguruenik gorputza horrela botata, burua eusten, ez zuen minik hartuko. Ez zitzaion ezer gertatuko, alde batetik bere lepoak gogorra zirudielako eta bestetik alfonbra gainera eroriko zelako. Gauza batek bakarrik ematen zion burukomina; mugitzean aterako zuen hotsak, honek familia osoa aztoratuko zuelakoan. Baina hau aurrera eramateko erremedio bakarra zen.

Gregoriok jada, gorputz erdia ohetik kanpo zuen (metodo berriak lan bat baino jolas bat ematen zuen, atzez kulunkatzea besterik ez baitzen), eta, norbait laguntzera etortzen bazitzaion, lortzea oso erraza izan zitekeela jabetu zen. Pertsona indartsu birekin nahikoa zuela ikusi zuen ( bere aita eta neskamearengan pentsatu zuen ). Bere bizkar puztuaren azpitik beren besoak sartu, eta pisuaren eraginez makurturik hankak lurrean ongi baliatuko ziren ziur asko. Baina komeni al zen laguntza eskatzea atea giltzaz zarratuta zegoela jakinda? Bere egoera larria zela jakinda ere, ezin izan zion eutsi barreari.

Operazioa oso aurreratua zeukan, honekin bukatzeko egin behar zuen gauza bakarra, aurrerago egindako mugimenduak baino gogorragoa izango zen beste mugimendu bat egitea zen, alegia. Horretarako gainera, ez zuen denbora askorik, zazpiak eta laurden emateko bost minutu besterik ez zirelako falta. Izan ere, ate joka etorri zitzaizkion.

“Biltegiko norbait izango da seguruenik ”, pentsatu zuen Gregoriok, beren hankak gero eta azkarrago mugitzen ziren heinean. Momentu hartan, isilunea zabaldu zen eta halaber esperantza txiki bat sentitu zuen, atea inork ez zuela zabaltzen ikusitakoan. Hala ere, gertatzekoa zena, gertatu zen; neskameak pauso sendoak eman ostean, atea ireki zuen eta. Orduan Gregoriok nahikoa izan zuen bisitariaren berba bakarra entzutea, berau nor zen igartzeko; gerentea zela antzemateko, alegia. Zergatik ote zegoen Gregorio lan egiten , falta egiteagatik horrelako susmoak zabaltzen diren lantegi batean? Bertako langileria osoa ote zen horren barrabasa? Ez ote zitekeen egon beren artean benetako gizonik, goizean ordu pare bat galdu ondoren, tripak janda zoratu arren, ohetik altxatzeko gauza ez zenik? Beharrezko al zen ikerketatxo hura egiteko mutiltxo bat bidaltzea baina, gerentea bera etortzea? Orduan Gregoriok, pentsamendu guzti hauek behartuta, etzalekutik salto egin zuen. Handia ez zen, baina golpeak sortutako hots gor bat entzun zen. Alfonbrak golpea arindu zuen; bere lepoa uste zuena baino elastikoagoa zenez, zaratotsa ez zen horren beldurgarria izan. Ordea, burua eusteko ez zuen arretarik jarri eta ondorioz, min hartu zuen eta minaren minez alfonbraren kontra estutu zen.

-Hor barruan zerbait gertatu da- esan zuen gerenteak ezkerreko gelatik. Ezinezkorik ez dagoela pentsatuz, egunen batean gerenteari ere antzeko zerbait gerta zitzaiokeela imajinatu zuen Gregoriok. Gerenteak bere partetik, Gregorioren pentsamendua irakurriko balu bezala, pauso sendo batzuk eman zituen bere txarolezko zapatekin. Ondoko logelatik arrebak isilka deitu zion.

-Gregorio, biltegiko gerentea dago berton.

-Badakit -erantzun zion indarge, arrebak ozta -ozta entzun zuen heinean.

-Gregorio- esan zuen aitak ezkerreko gelatik-, gerenteak galdetu dit ea zergatik ez duzun hartu lehenengo trena. Ez dakigu zer erantzun, eta gainera zurekin aurrez aurre berba egin gura du. Beraz, zabaldu atea, mesedez. Ez arduratu gelan dagoen kaosagatik, berak ulertuko du eta.

-Egun on, Samsa jauna!- sartu zen gerentea afektiboki.

-Ez dago ondo- esan zion amak gerenteari, aitak berbetan segitzen zuen bitartean-. Gaixorik dago eta. Bestela zelatan galduko zuen bada trena? Gregorio biltegirako baino ez da bizi, ez da gau bakar batean ere kaleratzen eta! Eta jakin beza, premiazkoa denean ere ez dela kalera irtetzen. Gurekin batera afaltzen du eta egunkaria leitzen isil=isilik egoten da irtenaldiko ibilbideak aztertzen. Bere aisialdi bakarra aroztegia da. Bere logelan zintzilikatuta dagoen egurrezko markoa ikusten baduzu ikusi, zeharo zurtuta geratuko zara; hiruzpalau arratsaldetako beharra izan du. Oraintxe ikus dezakezu, hots, atea zabaltzean duenean.

-Laster naiz prest- esan zuen modu isil batean, elkarrizketako berbarik ez galtzeko asmotan

-Emakumea, seguru zuk esan bezala direla gauzak, baina ez al du ezer larririk izango! Nik horixe espero dut behintzat. Hori bai, merkatariok sarri askotan gorputz txarra izan arren, lanean jarraitu behar dugu; negozioan gainetik ez dago ezer!

-Beno -galdetu zuen aitak, estututa eta atea berriro joz-;sar al daiteke behingoz gerentea?

Ezkerreko gelan isiltasuna zen nagusi, eta eskuinekoan ordea, arrebaren negar- zotinak entzuten ziren.

Baina, zergatik ez ote zuen nahi Gregoriok besteekin elkartu gura? Egia esan, esnatu berria zen eta ez zen ezta janzten hasia ere. Baina, zergatik ote zegoen negarrez? Agian, neba altxatzen ez zelako, atea zabaltzen ez zuelako, gerenteari pasorik ematen ez ziolako, bere lana galtzeko arriskuan zegoelako, eta kasu horretan, nagusiak berriro ere gurasoak gogor estutuko zituen aspaldiko zor haien kontura. Ordea, hauek momentuz, ez ziren arrazoizko burukominak. Gregoriok han jarraitzen zuen, eta ez zitzaion burutik ezta pasatu ere egin bere familiakoak bertan behera uztea. Alfonbra gainean zetzan, eta zegoen egoeran egonda inork ez zion bere gerenteari pasatzen utziko. Baina deskortesia txiki hori ez zen nahikoa arrazoi lantegitik botatzeko. Eta Gregoriok arrantzekin molestatzea baino, bakean uztea hobe zela pentsatu zuen. Hala ere, besteek Gregoriorengan zuten ezjakintasunak, kezkatzen zituen.

- Samsa jauna -azkenean esan zuen gerenteak, ahots harroz-, honek guztiak zer esan nahi du? Zure logelan zarratzeaz gain, monosilaboekin erantzuten duzu. Halaber, arrazoirik gabe kezkatzen dituzu gurasoak eta axolagabekeria osoz laneko kontuak baztertzen dituzu. Zure familia kideen eta enpresaren izenean, arrazoiak eman ditzazula eskatzen dizut. Harrituta naukazu. Beste mota bateko gizona zinela uste nuen, hots, gizon zentzudun eta formala zinela. Egia esateko, gaur goizean patroiak zure faltaren arrazoi posible bat eman dit: bart kobratzeko agindu zitzaizuna. Nik esan nion neronek erantzungo nuela horren aurrean, eta horrelakorik pentsatu ere ez egiteko, mesedez; baina orain, zure portaera ikusita, ez daukat zure alde egiteko asmorik. Zure egoera, beraz, ez da horren segurua. Nire asmoa gauza guzti hauek zuri bakarrik esatea bazen ere, orain zure guraso eta arreba onberek entzun behar izan dute guztia. Gainera, zuri bost axola niri denbora galaraztea ere. Azkenaldian ez gara larregi saiatu lanean eta gainera ez dira oso garai onak negoziatzeko; hori guk ere aitortzen dugu. Baina Samsa jauna, ez dago ezta negozioak bertan behera uzteko garai onik ere.

-Banoa -oihukatu zuen Gregoriok, bere onetik aterata, errietaren erdian guztiaz ahantzirik.- Oraintxe noa. Eritasun bat dela eta egon behar izan naiz ohean, gainera oraindik jaiki barik nago. Momentutxo bat mesedez! Hobeto nagoen arren, oraindino ez nago uste bezain ongi. Ez dakit zer gertatu zaidan! Atzo ondo sentitzen nintzen eta hori badakite nire gurasoek ere. Beno, atzo arratsaldean sentitu nituen lehen sintomak. Zelatan ez dute nabaritu lehenago? Zelan ez nien esan ezer biltegikoei? Izan ere, sarritan uste izaten dugu etxean geratu gabe osatuko garela eta ez da horrela izaten. Mesedez, gizona, izan iezaiezue begirune nire gurasoei! Esan dizkidazunak esateko ez dago arrazoirik. Bistan dago ez dituzula nire azken bezeroen eskaera-orriak irakurri. Gainera, zortzietako trena hartuko dut. Deskantsu hau indarberritzeko ez zait batere gaizki etorri. Ez ezazu galdu denbora gehiago. Laster izango naiz biltegian. Azaldu nagusiari nik esandako guztia eta eskatu barkamena nire partetik.

Guzti hau zioen bitartean, zailtasun handirik barik, kutxara hurbildu zen. Bertan, zutitzen saiatu zen. Atea ireki eta gerentearen aurrean jarri eta berba egin gura zuen berarekin. Horren gogotsu deitzen zeudenen aurpegiak ikusteko irrikaz zegoen. Ez zen bere errua izango izutzen baziren, beraz, ez zuen zertan beldurturik. Ezta lasai geratzen baziren ere. Pixka bat mugituz gero, zortzietako trena hartuko zuen. Baten baino gehiagotan egin zuen laban kutxako horma lauekin; baina azkenean zutitu zen. Sabeleko mina handia bazen ere, horrek ez zuen kezkatzen. Orduan bere burua ondoko aulkiko bizkarraldearen kontra jarri zuen eta haretxen ertzei hankez oraturik geratu zen. Lasaitu zenean isildu egin zen gerentearen berbak entzuteko.

- Zerbait ulertu al duzue? -galdetu zien gurasoei-.

-Ai ene! -egin zuen amak negarrez. Seguruenik txarto egongo da eta gu hemen berari zirikatzen. =Eta jarraian dei egin zuen:

-Grete! Grete!

-Zer behar duzu, ama? -erantzun zuen alabak gelaren beste txokotik.

-Mediku baten bila joango zara segituan; zure neba gaixorik dago eta. Zoaz arrapaladan! Entzun al duzu zelan egiten zuen berba?

-Ana! Ana! -aitak egin zuen dei txaloak emanez-. Deitu iezaiozu segituan sarrailagile bati.

-Animalia bat da- esan zuen gerenteak.

Harrera gelan, korrika zetozen bi gazteren gona hotsa entzun ahal izan zen ( nola jantzi zen horren azkar arreba? ), eta, etxeko ateak, kolpean irekitzean, atera zuen zarata bortitza. Baina ez zen entzun ate kolperik. Ezbeharren bat gertatu den etxeetan gertatzen den legez, atea irekita utzi zuten.

Halere, Gregorio hagitz lasaiago zegoen. Egia da bere berbak ulergaitzak zirela, berari argiak iruditu zirela arren. Horregatik bada, besteak zerbait arraroa gertatzen zela konturatu ziren eta ondorioz, laguntzera hurbildu zitzaizkion.Besteek lehenengo antolaketak erabakitasunez eta irmotasunez hartu izanak lasaitu egin zuten. Berriz ere gizakien artean zegoela iruditzen zitzaion, eta biengandik, bai medikuarengandik bai sarrailagilearengandik, bereizketarik gabe, ekintza arraro eta txundigarriak espero zituen. Eta, hurbiltzear zeuden elkarrizketa erabakigarrietan ahalik eta argien mintzatzeko asmoz, arinkeriaz eztarria garbitu zuen, arinki egitera beharturik zegoela, zarata hau ere giza-estula ez zela pentsatuko zuten beldur, horiek bereiztu ahal izateko segurtasunik ez zuelako. Bitartean, ondoko gelan, isiltasun handia zen nagusi. Gurasoek beharbada, nagusiarekin mahai inguruan jesarririk, honekin ahapeka hitz egingo zuten. Agian guztiak atetik gertu zeuden entzuten.

Besaulkiarekin batera astiro-astiro hurbildu zen Gregorio atera; hara iristerakoan, jesarlekua utzi, atera salto egin zuen eta zutik eutsi zen, oratuta, bere hankek zuten lirdingagatik. Horrela zegoela, atseden hartu zuen egindako ahaleginagatik. Gero, sarraila barruko giltza birarazten saiatu zen bere ahoa erabiliz. Zoritxarrez, ez zuen guk zehazki hagin deritzogunik. Zerekin oratuko zuen orduan giltza? Baina barailak, ordea, oso indartsuak ziren, eta, horietaz baliatuz, giltza mugitu ahal izan zuen, horrek eragiten zion minean erreparatu barik, izan ere likido ilun batek irten zuen bere ahotik, giltzean labaindu eta lurrera tantaka erortzen zela.

–Entzun iezadazue- esan zuen nagusiak alboko gelan-. Giltza birarazten ari da.

Hitz horiek jarraitzeko bihotz eman zioten Gregoriori. Baina guztiek, aitak, amak, zera oihukatu behar izan zioten:

-Aurrera, Gregorio!- Bai, zera oihukatu behar izan zuten: -Beti aurrera! Saiatu zaitez!.

Eta guztiak bere ahaleginaren ondorioak larritasunez ikusteko zain zeudela imajinatuz, bihotz-bihotzetik giltza haginkatu zuen, nahiko ahulduta. Eta, giltzak sarrailan jira egiten zuen heinean, bera mantendu egiten zen, airean alde batetik bestera zebilela, ahotik eskegita, eta, beharrezkoa zen arabera, giltzean oratzen zen edo bere gorputzeko pisu guztiaz beherantz bultzatzen zuen. Sarrailaren hots metalikoak, amore ematerakoan, bere senera guztiz itzularazi zuen.

–Beno- esan zuen, sekulako zizpurua emanez-. Ez da sarrailagilea etorri izan behar.

Eta buruarekin kisketa jo zuen atea guztiz zabaltzeko. Atea zabaltzeko modu hau zela eta, sarrera librea zegoen arren, ez zuten Gregorio ikusi. Lehendabizi, ateko orrietako bat astiro bultzatu behar zen, atalasean atzeraka lazki ez jausteko kontu handiz. Eta mugimendu zail hau oraindik nola egin zezakeen pentsatzen zegoela, beste ezertan pentsatzeko astirik ez zuela, nagusiarengandik “ene!” entzun zuen, haizearen orroa bezala entzun zena, eta atetik hurbilen zegoen gizon hau ikusi zuen, baita eskuarekin ahoa nola estaltzen zuen eta poliki atzerantz egiten zuen ere, indar ikusezin batek mekanikoki bultzatuko balu bezala.

Amak- nagusia han egon arren, ilea nahasia zuena burezurreko gainaldean- lehenengo Gregoriori begiratu zion, eskuak elkartu zituen, gero berarengana bi pausu eman zituen, eta azkenean zerraldo erori zen, bere gonak inguruan sakabanaturik eta aurpegia bularreko sakontasunean estalia zegoela. Aitak ukabilarekin mehatxu egin zuen, etsaitasuna erakutsiz, Gregorio logela barrurantz bultzatu nahi izango balu bezala; gero buelta eman zuen, etxeko sarrerara segurtasunik gabe abiatu zen, eta, begiak eskuekin estaliz, negarrak bere bular sendoa astintzen zuela.

Gregorio, orduan, ez zen logelara guztiz sartu; bere logela barruan itxita zegoen ateko orrian eutsi zen; horrela, bere gorputz erdia baino ezin zitekeen ikusi, burumakur ingurukoak zelatatzen zituela. Bitartean, eguna argituz joan zen, eta beste aldeko espaloian aurrez aurreko eraikin beltzituaren zati txiki bat ikus zitekeen. Ospitale bat zen, eta bertako fatxada monotonoa leiho simetrikoek desegiten zuten. Ez zuen atertu, baina ordurako tanta bakanak baino ez zeuden, lurreko leku ezberdinetan ikus zitezkeenak. Mahai gainean gosaria zerbitzatzeko tresnak zeuden, izan ere, aitarentzat huraxe zen eguneko jateko momenturik garrantzitsuena, eta egunkari ezberdinak irakurtzen luzatzea ikaragarri gustuko zuen. Gregorioren aurrez aurre zegoen horman eskegitako mihisean bere argazki bat zegoen, zerbitzu militarrean zegoela eginikoa eta teniente uniformea erakusten zuena, eskua lepoan jarria, arduragabekeriaz irribartsu, bere jarrera eta janzkerak errespetua eskatuko balute bezala. Gela hori etxeko sarrerara begira zegoen; atetik etxekoa ikus zitekeen, irekita ere bazegoena, baita eskailera-burua ere.

- Beno- esan zuen baretasuna mantendu zuen bakarra bera izan zen uste osoa zuela-. Beno ba, berehala jantziko naiz, erakusgaiak hartuko ditut eta bidaia hasiko dut. Bidaia egiten utziko didazue, ezta? Nagusi jauna, burugogorra ez naizela eta gustura lan egiten dudala ikus dezakezu. Bidaiatzea nekagarria da; baina ni ezin naiteke bidaiatu gabe bizi. Nora zoaz, nagusi jauna? Saltokira? Bai? Gertatu den guztia gertatu den bezalaxe kontatuko al duzu? Edonor ezgai izan daiteke batzuetan lanerako; baina momentu horietan langileak mesedegarri izan direla ohartu behar dira nagusiak eta jakin beharko lukete, ezgaitasuna gainditu ostean, gogotsuago eta arduratsuago lan egingo dutela. Nik, zuk ondo dakizun bezala, lan handia zor diot buruzagiari. Baina, bestalde, nire gurasoak eta nire arreba ere zaindu egin behar ditut. Egia da gaur estuasun larri baten nagoela. Baina lan eginez gainditzea lortuko dut. Mesedez, ez ezazu egoera gehiago zaildu. Nire alde jarri zaitez. Saltzailea inork maite ez duela badakit. Guztiek uste dute dirua erruz irabazten duela, eta, horretaz gain, ederto bizi dela. Egia da aurriritzi hau desager dadin arrazoi berezirik ez dagoela. Baina zuk, nagusi jauna, beste langile guztiek baino askoz gehiago dakizu, eta, geure artean, buruzagia barne, guztiaren jabe dena, sarritan erratu egiten da langileei buruz. Zuk ondo dakizu saltzailea, urteko egun gehienak saltokitik kanpo ematen dituenez, zurrumurru ugarirako pizgarri erraza dela eta funsgabeko kointzidentzia eta kexetarako biktima egokia ere bai. Horien aurka defendatzea ez da batere erraza, gehienetan horien berri ere izaten ez duelako, eta bidaia batetik leher eginda itzultzen denean baino ez ditu kausa ikusezin baten ondorio negargarriak zuzenean nabaritzen. Nagusi jauna, ez zaitez arrazoia ematen didazula erakusten didan ezer esan gabe joan, neurri batean behintzat.

Baina, Gregoriok lehen hitzak esandakoan, nagusiak buelta eman zuen eta hari destainaz begiratzen zion, ezpainekin mesprezuzko keinu bat eginez. Gregoriok hitz egiten zuen bitartean, ez zen momentu bat ere lasai egon. Aterantz urrundu zen Gregoriori begirik kendu gabe, baina astiro-astiro, indar misteriotsu batek gela hartatik alde egitea galaraziko balu bezala. Etxeko sarrerara iritsi zen azkenean eta, oina lurretik altxatu zuen arintasuna ikusirik, sua zapaldu zuela eman zuen. Eskumako besoa eskailerarantz luzatu zuen, han, mirari moduan, askatasuna aurkitu ahal izango balu bezala.

Nagusiak era horretara alde egitea onartu ezin zezakeela ulertu zuen Gregoriok, bestela saltokian zuen lanpostua arriskuan baitzegoen. Bere gurasoek ez zuten berak bezain ondo ulertzen egoera, urteek aurrera egin ahala, etxe hartan Gregoriok euren bizitzarekin baino ez akaba zezakeela pentsatu izan zutelako; horretaz gain, momentuak sortutako egonezinagatik, eta horren ondoriozko zereginengatik, zuhurtasuna ahazturik zuten. Baina ez zitzaion hori gertatu Gregoriori; honek bazekien nagusia atxikitzeak zuen garrantzia, baita berau lasaitu, konbentzitu eta erakartzeak ere. Horren guztiaren menpe zegoen Gregorioren eta bere senideen etorkizuna. Bere arreba gutxienez hantxe egongo balitz! Oso azkarra zen; Gregorio oraindik bere bizkar gainean etzanda zegoenean negar egin zuen. Seguru asko nagusia, neska politarekin adeitsua izango zelakoan, neskak nahi izandako edonora joateko prest egongo litzateke. Etxeko atea itxiko zukeen eta sarreran bertan ezustekoa kendu lioke. Baina arreba ez zegoen han, eta Gregorio bere kabuz moldatu behar zen. Eta, mugitzeko zuen gaitasun berria oraindik ezagutzen ez zuela ohartu barik, ezta posibleena ere, eta ziurrena ere bazena, hau da, besteek bere diskurtsoa ulertuko ez zutela, eutsita zegoen logelako atearen orritik banandu zen, bestearen zabaldurak sortutako atearen orritik irristatu zen nagusiarenganantz aurrera egiteko nahiarekin, eskailera-buruko barandan komikoki oraturik jarraitzen zuena. Berehala lurrera erori zen, alferrekoak ziren ahaleginak eginez bere hanka nimiño eta ugarietan eusteko, ahopeka kexa txikia egiten zuela. Momentu hartan, egun hartan lehenengo aldiz, benetako ongizate batek hartua bezala sentitu zen: hankatxoek, lurrean eutsita, zuzen-zuzen obeditzen zuten. Poztasun naturalez nabaritu zuen, eta berak nahi zuen lekura eramateko ahalegina egiten zutela ohartu zen, bere sufrimenduen amaiera iritsi zela adierazi zuena. Baina Gregorio, egin beharreko mugimendu gogorragatik, lurraren arrasean alde batetik bestera zebilenean, ez oso urrun eta bere amaren aurrez aurre, honek bat-batean salto egin zuen eta garrasika hasi zen, besoak luzatuz eta atzamarrak banatuz:

-“Lagundu! Jainko maitea! Lagundu!”.

Burua makurtzen zuen Gregorio hobeto ikusi ahal izateko; baina, bat-batean, suposizio hau ezeztatzeko asmoz, atzerantz erori zen, mahai gainean bizigabe moduan jausiz, eta oraindik hau ipinita zegoela gogoratu gabe, bertan jesarrita geratu zen, bere alboan iraulitako kafeontzitik kafea zorrotadaka isurtzen zegoela ohartu barik, alfonbratik zehar zabalduz.

- Ama! Ama!- xurxulatu zuen Gregoriok, goitik behera begiratuz.

Momentu baten nagusiak bere burutik alde egin zuen; eta ezin izan zuen, isuritako kafea ikusterakoan, bere barailak behin eta berriz hutsean ireki eta itxi baino. Amak, mahaitik alde egiten ahalegintzen zebilenean, berriz ere garrasi egin zuen eta bere burua aitaren besoetan bota zuen, bera laguntzera zihoana.

Baina ordurako Gregoriok ezin zien bere gurasoei jaramonik egin; nagusia eskaileran zegoen eta, kokotsa barandan jarrita zuela, ikuskizun hari azkenengoz begiratu zion. Gregoriok indarra hartu zuen nagusiarengana heltzeko asmoz, baina hark zerbait susmatu zuen, izan ere, salto bat emanda hainbat eskailera-maila jaitsi baitzituen eta desagertu egin zen, baina horren aurretik eskailera osoan entzun ziren oihuak bota zituen. Zoritxar hau guztia gutxi balitz, nagusiaren ihesaldiak aita ere guztiz aztoratu zuen, momentu hartaraino lasai samar egon zena; izan ere, iheslariaren atzean arin joan beharrean, edo gutxienez Gregoriok hori egitea baimendu izan balu, eskumako eskuarekin nagusiaren makilari heldu zion- hau ez zen makila batzeaz gogoratu ere egin, ezta bere kapela eta berokia batzeaz ere, aulki baten ahaztuak- eta, beste eskuan mahai gainean zegoen egunkari handi bat hartuz, prestatu egin zen, lurrean ostikada indartsuak emanez, papera eta makila erabiliz, Gregorio bere logela barruraino atzera eginarazteko. Azken honen erreguek ez zuten ezertarako balio izan, ulertu ez zituztenak; eta, burua era otzanez bere aitarenganantz bueltatu bazuen ere, haren ostikada indartsuak bikoiztea baino ez zuen lortu. Amak, bere aldetik, eguraldi txarra egon arren, leiho bateko kristala jaitsi zuen eta, kanporantz bortizki makurturik, aurpegia eskuekin estaltzen zuen. Kanpoko eta eskailerako airearen artean haize indartsua sortu zen; leihoetako errezelak harrotu egin ziren; mahai gaineko egunkariak ere bai, eta orrialde solte batzuek lurretik hegan egiten zuten. Aitak, errukigabe, txistu basatiekin presatzen zuen atzera-egitea.

Baina Gregoriok oraindik ez zekien atzerantz ondo ibiltzen, eta horregatik oso astiro zebilen. Gutxienez buelta eman ahal izan balu! Arnas batean bere logelan egongo litzateke. Baina, bere makaltasuna zela-eta ez zuen bueltarik eman nahi izan aita urdurituko zuen beldur, honek zuen makila tentea burua zauritu edo bizkarra hausteko prest zegoela. Azkenean, hala ere, ez zuen beste erremediorik izan eta buelta eman behar izan zuen, amorruz ohartu baitzen atzerantz ibiliz norabidea mantentzea ezinezkoa zitzaiola. Horrela, bere aitari estuasunez begiratzeari uzten ez ziola, ahalik eta arinen buelta ematen hasi zen, hau da, makaltasun ikaragarriz. Aita haren borondate onaz jabetu behar izan zen, erasotzeari utzi baitzion, urrunetik makilaren puntarekin jiratu beharreko norabidea zuzenduz. Gutxienez txistu jasanezin hura gelditu izan balitz! Burua guztiz galtzea eragiten zion honek Gregoriori. Buelta guztiz amaitzeko gutxi falta zitzaionean, txistu hark nahastu eta atzera pixka bat egin zuen. Atearen aurrez aurre egotea lortu zuen azkenean.

Baina bere gorputza ate hartatik oztopo barik igarotzeko handiegia zela jabetu zen momentu hartan. Aitari, momentuan zituen gogoak ikusirik, beste orria zabaltzea ez zitzaion, jakina, bururatu leku nahikoa izan zezan. Ideia batez baino ez zegoen beteta: Gregorio, lehen bait lehen, bere logelan sartu behar zen. Hala ere, sartu ahal izateko Gregoriok behar zituen prestaketa gogaikarri guztiak ez lituzke inoiz ere onartuko eta, era honetara, atea igaro. Honetarako inolako oztoporik egongo ez balitz bezala, Gregorio bultzatzen zebilen handitzen zioan iskanbila sortzen. Gregoriok bere atzean entzuten zuen ahotsak ez zuen aita batena zenik ematen. Gregorio ateko markoaren kontra estutu zen. Albo batez tentetu egin zen; atalasean zeharka jarrita zegoen orain, bere alboa guztiz minduta eta zaurituta zegoela. Ateko argitasunean irudi nazkagarri batzuk ikus zitezkeen.Gregorio trabaturik geratu zen han, ez zen bere kabuz inolako mugimendurik egiteko gai. Alde bateko hankatxoak airean zeuden, eta beste aldekoak lurrean zapaldurik min handia sortuz... Horrelako baten, logelan azkar sarrarazi zuen kolpe indartsu eta, era berean, salbatzailea eman zion aitak atzetik, odoletan hastea eragin ziona. Gero, makilarekin itxi zuen atea, eta azkenean guztia lasaitu egin zen.

2. Kapitulua

[aldatu]

Gaua iritsi zen arte Gregorio ez zen logale neketsu hartatik esnatu, konortegabetze baten antzekoa izan zena. Hala ere, ez zen bere kabuz askoz beranduago esnatuko, ordurako lo nahiko egin baitzuen, baina isilpeko pauso batzuen marmarrak eta kontuz itxitako sarrerako atearen zaratak esnatu zutela iruditu zitzaion. Tranbia elektrikoaren islak logelako sabaia eta altzarien gainaldea argitzen zituen; baina behean, Gregorio zegoen lekuan, iluntasuna zen nagusi. Astiro eta oraindik trakeski, bere garroekin haztamuka ibiliz, euren balioa ulertua zuela, ateraino hurbildu zen gertatu zena ikusteko asmoz. Bere ezkerraldea zauri bakar, luze eta nazkagarria zen. Herren zebilen, hautaketa bidez eta simetrikoki, bere hanka hilera bien gainean. Beste alde batetik, hauetariko bat, goizean jazotako istripuan zauritua, - miraria izan zen besteak zauririk gabe izatea!-, bizitza barik narras zeraman.

Atera iristerakoan, bertara erakarri zuena jateko zerbait izan zela ohartu zen. Katilukada bat azukredun esne ikusi zuen, ogi zuridun zatitxoak igerian zeudela. Pozaren pozez barre egiteko zorian egon zen, goizean baino askoz gose handiagoa baitzuen. Berehala, burua katiluan murgildu zuen begiak estaltzeraino ia-ia; baina laster etsita atera behar izan zuen, ez bere ezkerraldeko minak lana zailtzen zuelako bakarrik (jan ahal izateko gorputz osoa mugitu behar zuen), esnea, momentu hartara arte gehien gustuko zuen edaria zena -horregatik, zalantza barik, arrebak han utzi zuen-, ez zitzaiolako batere gustatu baizik. Ia-ia nazkatuta urrundu zen katilutik, eta berriz ere logelako erdialderantz irristatu zen.

Jangelan gasa piztuta zegoela ikusi zuen ateko zirrikitutik. Baina, ohikoa zenaren aurka, ez zitekeen aita amarentzako ozenki irakurtzen ari zela entzun ezta arrebaren gaueko egunerokoa ere. Ez zen txintik ere entzuten. Agian ohitura hau, arrebak bere eskutitzetan beti aipatzen zuena, azkenaldian desagertu egin zen. Baina inguruko guztia ere isilpean zegoen, eta, ziur aski, eraikina ez zen hutsik egongo.

–Zelako bizimodu lasaia duen neure familiak!- pentsatu zuen Gregoriok.

Eta, bere begiradak gerizpean finkaturik zituen bitartean, bere guraso eta arrebari hain bizitza barea eman ahal izateaz harro sentitu zen, hain inguru politean. Ikaraz pentsatu zuen lasaitasun, ongizate eta poztasun haiek amaitzear zeudela... Burutazio hauek nahas ez zezaten, nahiago izan zuen fisikoki astintzea eta logelatik arrastaka hasi zen.

Gauean zehar ateko orri bat zabaldu zen, eta beste batean bestea: norbaitek, zalantza barik, sartu beharra zuen eta duda-mudatan zebilen. Gregorio, hori ikusita, jangelara ematen zuen atearen aurrez aurre jarri zen, bisitari zalantzatia barrurantz erakartzeko prest, edo gutxienez hura nor zen ikusteko asmoz. Baina atea ez zen berriro ireki, eta alferrik itxaron zuen. Goizeko lehen orduetan, atea zarratuta zegoenean, guztiak barrura sartzen saiatu ziren, eta berak orain ate bat zabaldu zuela, eta besteak ere ireki zituztela, zalantza barik, egunean zehar, ez zen inor gehiago joaten, eta giltzak ateko kanpoaldean zeuden, sarrailetan.

Gauez, oso berandu, jangelako argia itzali zen. Hori dela eta, ordura arte bere gurasoak eta arreba iratzarrita egon zirela ulertu zuen Gregoriok. Oin-puntetan urruntzen ari zirela aditu zuen. Goiza iritsi arte ez zen, seguru asko, Gregorio ikustera inor sartuko; honek denbora nahikoa zuen, gogaitua izateko beldur barik, momentu hartatik aurrera bere bizitza zelan antolatu beharko lukeen pentsatzeko. Baina sabaia oso garaia zuen eta hotza zen logela hark, muturrez aurrera egotera behartzen zuenak, beldurra eman zion, zergatia zein zen ulertu barik, bere logela baitzen, bost urte bertan bizitzen zeramatzana. Zakartasunez, eta nolabaiteko gorritzea zuela, sofa azpira arin abiatu zen, non, marruskatua sentitzeaz gain, burua altxatu ezin zuelako, berehala ondo sentitu zen, kexa bakarra gorpuzkera handiegiak bertan osorik sartzea eragozten ziola soilik zela.

Horrela eman zuen gau osoa, parte bat erdi lo, gose handiak esnatzen zuela, eta beste parte bat oso ondo zehaztu gabeko ardurek eta itxaropenek hartua, baina ondorioa beti, gutxienez, pazientzia eta lasaitasunez ibili beharra zen eta, era berean, berak, oraingo egoeran, nahigabe sortzen zituen trabak familiak jasan ahal izatea.

Goizean goiz- egunak ozta-ozta argitzen zuenean- erabaki hauen indarra nabaritzeko aukera izan zuen Gregoriok. Bere arrebak, ia-ia prest, sarrerara ematen zuen atea ireki zuen eta jakin-minez barrurantz begiratu zuen. Hasieran ez zuen ikusi; baina sofaren azpian doi-doi ikusterakoan – lekuren baten egon behar zuen, Jaungoiko maitea! Ez zuen hegan egingo!- hain geratu zen ikaraturik non, bere buruaren jabe ez zela, atea berriz itxi zuen. Baina bere jokabidez damutu omen zen, izan ere, berehala itzuli zen atea zabaltzera eta behatz-puntetan sartu zen, larritasun handiko gaixo baten logela edota ezezagun batena izango balitz bezala. Gregoriok, burua ia-ia sofatik kanpo zuela, arrebari begiratzen zion. Esnea edan ez zuenik ohartuko zen eta, jangura falta ez zela ulerturik, egokiagoa zen besterik ekarriko zion? Baina, bere kabuz egiten ez bazuen, Gregoriok nahiago zuen gosez hil horren berri eman baino, hala ere sofa azpitik irtetzeko gogo izugarriak zituen, bere oinetara zuzendu eta jateko zerbait ekar ziezaiola erregutzea. Baina arreba, harriturik, berehala katilua ukitu gabe zegoela jabetu zen; esne apur bat baino ez zuen isuri. Hauxe berehala garbitu zuen; ez eskuz, trapu bat erabiliz baizik, eta eraman egin zuen. Aurrekoaren ordez zer ekarriko zion ikusteko irrikitan zegoen Gregorio, horri buruzko uste asko eta desberdinak eginez. Baina ez zuen inoiz bere arrebaren onberatasunak gordetzen zuena asmatuko. Gustuko zuena zer zen jakiteko asmoz, jaki desberdin eta ugari ekarri zizkion eta egunkari zahar baten gainean hedatu zituen: ia usteldutako lekaleak; aurreko eguneko afariko hezurrak, gogortutako saltsa zuri batek inguraturik; mahaspasak eta almendrak; gaztai zati bat, bi egun lehenago Gregoriori jangaitz iruditu zitzaiona; ogi zati gogor bat; gurinez igurtzitako beste bat, eta gurinez eta gatzez igurtzitako hirugarren bat. Honi katilua gehitu zion, Gregoriorentzat betiko izango zela ematen zuena, baina orain urez beterik zegoen. Eta sentiberatasunez (bera bertan egongo balitz, Gregoriok jango ez zuela bazekienez) ahalik eta arinen joan zen, eta giltzaz itxi zuen, Gregoriok zalantza barik eroso eta lasai egon zitekeela uler zedin. Gregorio jatera zihoanean, bere hankek burrunba baten antzekoa zen zerbait eragin zuten. Bestalde, zauriak guztiz sendatuta omen zeuden, ez baitzuen inolako trabarik nabaritu; hala ere honek harritu egin zuen, hilabete lehenago aizto batekin atzamarra zauritu zuela eta bezpera aurreko egunean min nahiko handia izan zuela gogoratu zuen eta.

- Lehen baino sentikortasun gutxiago dut orain ala?- pentsatu zuen, gaztaia sabelkoikeriaz miazkatzen hasi zen bitartean, lehenengotan eta indar handiz erakarri zuena.

Aurki, poztasunagatik begiak negarrez beterik zituela, gaztaia, lekak eta saltsa elkarren segidan irentsi zituen. Jaki freskoak, ostera, ez zituen gustuko; euren usaina jasanezina egiten zitzaion, eta jan nahi zituen gauzak urrun eraman behar izan zituen.

Aspaldi amaitu zuen. Leku berean alferkeriaz etzanda zegoen, arrebak, alde egin behar zuela, zalantza barik, esateko, poliki-poliki giltza birarazi zuenean. Lo egon arren, Gregorio izutu egin zen eta sofa azpian berriz ezkutatzera abiatu zen. Baina arrebak gela hartan egin zuen egonaldi laburrean zehar bertan geratzeak, borondatezko ahalegina kostatu zitzaion orain; izan ere, janari oparoaren eraginez, bere gorputza zertxobait handiagotu zen eta nekez har zezakeen arnas leku txiki hartan. Itoaldi arin batek mendean harturik, begiak ireki-ireki eginda, bere arrebari begiratzen zion, gertatzen ari zenaren berri ez zekiena, eta hau erratzez garbitzen zebilen, janariaren hondakinak ez ezik, Gregoriok ukitu ere egin ez zituen jakiak ere, horiek aprobetxatu ezin balira bezala. Eta hori guztia zakarrontzi batera bortizki botatzen zuela ikusi zuen, egurrezko tapa batez estali eta azkenik bertatik atera zuen. Gelatik irten orduko, Gregorio bere ezkutalekutik irten zen, nagiak bota eta arnas hartu zuen.

Honela jaso zuen Gregoriok bere eguneroko janaria; goizean behin, gurasoak eta neskamea lo zeudenean, eta bestea bazkariaren ostean, gurasoek lo-kuluxka egiten zuten artean eta neskamea erosketaren bat egitera zihoanean, honetara arrebak bidaltzen zuela. Ziur aski eurek ere ez zuten Gregorio gosez hiltzea nahi izango; baina agian ezin izango lukete bere bazkalorduetako ikuskizuna jasan, eta arrebaren bitartez soilik berri izatea hobea zen. Agian gurasoek beste nahigabe bat izatea saihestu nahi zuen honek, jasan behar zuten guztia kontuan hartuz.

Gregoriok ezin izan zuen inola ere jakin goiz hartan zein aitzakiaren bidez eskatu zioten barkamena medikuari eta sarrailagileari. Norbaitek uler zezan ahaleginik egiten ez zuenez, inork ez zuen pentsatu, ezta arrebak ere, Gregoriok besteak uler zitzakeenik. Ez zuen, beraz, bere buruari erantzutea baino beste erremediorik izan arreba bere logelara sartzen zenean, adia egin eta santu guztiei laguntza eske zebilenean. Aurrerago, arreba egoera berri horretara hobeto ohitu zenean (ezin daiteke, jakina, suposatu guztiz ohituko zela), arrebarengan asmo adeitsuren bat nabaritu ahal izan zuen Gregoriok, edo, gutxienez, era horretara har zitekeen zerbait.

- Gaurkoa gustatu egin zaio, bai horixe! -esaten zuen, Gregoriok bapo jaten zuenetan; aurkakoetan, maiztasun handiagoz ematen zena, ia-ia tristetasunez esaten zuen:

- Arraioa! Gaur ez du ezer jan.

Baina, Gregoriok berriren bat ere zuzenean jakin ezin zuenean, alboko logeletan gertatzen ari zena arreta handiz jarraitzen zuen, eta ahotsak entzuten zituen bezain laster, ahotsak zetozen logelara ematen zuen atera korrika abiatzen zen eta bertan itsatsita balego bezala geratzen zen. Lehenengo egunetan batez ere, elkarrizketa guztiak berari buruzkoak ziren, argiegiak ez ziren arren. Bi egunetan zehar, momentu hartatik aurrera hartu beharreko jokabideari buruz mintzatu ziren bazkalordu guztietan. Baina bazkalorduetatik kanpo ere horri buruz berba egiten zuten, familiako kide batek ere etxean bakarrik egon nahi ez zuelako, eta etxea hutsik ere utzi nahi ez zutenez, han beti bi pertsona zeuden gutxienez. Lehenengo egunean bertan, neskameak – besteek ez zekiten zer zekien gertaera haiei guztiei buruz- belauniko erregutu zion amari berehala kalera zezan, eta alde egin zuenean, ordu laurden beranduago, egindako mesede ikaragarria eskertu zuen begiak malkoz beterik zituela, eta, inork eskatu barik, ezer ere kontatuko ez zuela agindu zuen, juramentu handienak eginez.

Arrebak amarekin batera prestatu behar zuen janaria; honek, egia esan, ez zion lan handirik suposatzen, oso gutxi jaten zuten eta. Batak besteari jan zezan adorea zelan alferrik ematen zion entzuten zuen etengabe Gregoriok, “eskerrik asko, nahikoa dut” edota antzeko beste esaldiren bat era horretako eskakizunentzako erantzun aldaezina zela. Edan ere ez zuten askorik egiten. Arrebak askotan galdetzen zion aitari ea garagardoa nahi zuen, haren bila joateko bere burua eskaintzen zuela. Aita isilik geratzen zen, eta orduan arrebak atezaina bidal zezaketela gainontzen zuen. Baina aitak azkenean erantzunik onartzen ez zuen “ez” argia esaten zuen, eta ez zen horri buruzko beste berbarik entzuten.

Lehenengo egunean bertan aitak familiaren benetako egoera ekonomikoaren berri eman zien ama eta arrebari eta horren aurrean izango zituzten etorkizunerako aukerena ere bai. Noizean behin mahaitik altxatzen zen ondasunen kutxa txikian – bost urte lehenagoko porrotetik gordea- dokumenturen bat edo ohar libururen bat bilatzeko. Sarraila konplexu hura zabaldu edota ixten zenean sortutako zarata entzuten zen, aitak bilatzen zebilena atera ostean. Azalpen hauek, nolabait, Gregoriok itxialdiaz geroztik entzundako lehenengo berri onak izan ziren. Berak beti uste izan zuen bere aitari ez zitzaiola aurreko negozio hartatik ezer geratzen. Aitak, gutxienez, ez zion ideia hau desagerrarazi zezakeen ezer esan. Egia da Gregoriok ere ez ziola ezer galdetu. Garai haietan, etsipen handi hartan murgildu zituen merkatal zorigaitzetik, ahalik eta arinen, ahazteko egin zezakeen edozertan pentsatzen zuen Gregoriok. Horregatik hasi zen bera gogotik beharrean; denbora gutxian, garrantzi gabeko saltzaile izatetik merkataritza-saltzaile handi izatera pasatu zen, dirua irabazteko askoz aukera gehiagorekin, eta bere laneko arrakastak komisio jarrai eta garrantzitsuen bidez nabarmendu ziren berehala. Hauek familia aurrean erakusten zituen guztien poztasun eta harridura eraginez. Haiek benetako egun politak izan ziren. Baina ez ziren errepikatu, ez horrelako maila altuan gutxienez, ezta Gregoriok familia guztia aurrera atera ahal izateko adina diru irabazten zuenean ere. Ohituraren eraginez, bai familiaren aldetik, Gregorioren dirua esker onez jasotzen zuena, bai honen aldetik, poz-pozik ematen zuena, hasierako harridura eta hasierako poztasun hura ez ziren berotasun berdinarekin eman. Arreba baino ez zen beti Gregoriori estuki lotuta egon, eta, honek ez bezala, musika oso gustuko zuenez eta biolina bihotz-bihotzez jotzen zuenez, hurrengo urtean kontserbatoriora bidaltzeko itxaropen sekretua mantentzen zuen Gregoriok, honek suposatuko zituen beharrezko gastuei erreparatu barik, eta beste bide batetik ordainduko zituelakoan. Gregoriok bere senideekin ematen zituen egonaldi laburretan, arrebarekin izaten zituen solasaldietan “Kontserbatorio” hitza maiz entzun zitekeen, baina, beti ere, amets polit baten mira bezala, horren gauzatzean pentsatu ere egin ez zitekeela. Gurasoei egitasmo bakun hauek ez zieten batere graziarik egiten; baina Gregoriok oso serioski hartzen zuen, eta Eguberri gauean horren berri handitasunez ematea erabakita zuen.

Asmo hauek guztiak, ordurako guztiz alferrekoak, atearen kontra zegoen bitartean, bere buruan bueltaka zebiltzan, alboan esaten zebiltzana entzuten ari zelarik. Noizean behin, nekeak jaramon egitea eragozten zion, eta abailduraz eusten zuen burua atearen kontra. Baina berehala tentetzen zuen, izan ere, imintzioak sortzen zuen zarata txiki-txikia alboko gelan entzun zitekeen, guztiak isiltzen zirelarik.

- Baina, zertan ibiliko da?- esaten zuen aitak berehala, aterantz begiratuz, zalantzarik gabe.

Eta, minutu gutxi batzuk igarota, moztutako elkarrizketari berriz ekiten zioten. Era honetara jakin zuen Gregoriok, poz handiz –aitak bere azalpenak errepikatu eta azpimarratzen zituen, alde batetik, denbora luzea eman zuelako gai haien ardura izan barik, eta ,bestalde, amak ulertzeko denbora behar zuelako-, nahiz eta zorigaitz hura izan, antzinako goieneko une haietatik diru pixka bat bazutela; egia esan nahiko urria zen, baina garai hartatik zertxobait handituz joan zen, bere horretan zirauten interesei esker. Horretaz gain, Gregoriok hilero emandako dirua – berak zati oso txikia baino ez zuen gordetzen- ez zen guztiz gastatzen, eta, era berean, kapital txiki bat hasi zen osatzen. Atean zehar, Gregoriok buruaz baieztatzen zuen, ezusteko aurreikuspen eta ezin susmatuzko aurrezki haiengatik pozik zegoelako. Egia da soberako diru honekin aitak buruzagiarekin zituen zor guztiak gutxinaka ordaindu izan zitzakeela Gregoriok, eta uste baino askoz lehenago libre geratu; baina orain aitak antolatu bezala gauzak hobeto zeuden zalantza barik.

Baina, diru hau ez zen inola ere nahikoa familiak zituen errentei esker arazo barik bizi ahal izateko; beste guztia agian urte bete edo, askoz jota, bi urterako izango zen nahikoa. Denbora luzeagorako ezta pentsatu ere! Hortaz, ukitu beharko ez litzatekeen kapitaltxoa zen hau, eta premia baterako gordetzea komeni zen. Bizi ahal izateko dirua irabazi egin behar zen. Baina aita, osasuntsu bazegoen ere, adinekoa zen eta bost urte zeramatzan behar egin barik; beraz, berarengandik gutxi espero zitekeen: porrot egin duen, baina behartsua izan den bere bizitzako lehen aisialdia osatu zuten lehen bost urte haietan, koipe asko asimilatu zuen, eta gehiegi loditu zen. Amari zegokion lan egitea asmako gaitza zuena, etxetik apur baten oinez ibiltzearekin nekatzen zena, eta egunero sofan etzan behar zena, leihoa zabal-zabalik jarria, arnasa falta zitzaiolako?Arrebari zegokion, umea baino ez zena, hamazazpi urte baino ez zituena, eta bere bizitza inbidiagarria, ordura arte, pinpirentzean oinarritu zena, behar zituen lo ordu guztiak betetzea, etxeko lanetan laguntzea, bestelako dibertsio xumeren baten parte hartzea, eta, batez ere, biolina jotzea?

Elkarrizketetako gai nagusia dirua irabazi beharra zen bakoitzean, Gregorio atetik aldentzen zen eta, penaz eta lotsaz gorrituta, larruzko sofa freskoan etzanda geratzen zen. Askotan han ematen zuen gaua, lo ezin egin barik, orduro larrua atzamarkatuz. Batzuetan leihoraino besaulki bat ere bultzatzen zuen, lan handia eskatzen bazion ere, eta, leiho-ertzetik igoz, besaulkian zutik egoten zen eta leihoan eutsita, bere oroitzapenetan, zalantzarik gabe, pentsakor, antzina leiho hartatik begiratzea beti interesatu izan baitzitzaion.

Arian-arian, hurbil zeuden gauzak argitasun gutxiagoz agertzen zitzaizkion. Aurrez aurre zegoen ospitalea, sarritan hori ikusi behar izatea madarikatu zuena, ozta-ozta ikusten zuen jada; eta, kale lasai baten bizi zela jakin izan ez balu, guztiz urbanizatua egon arren, bere leihotik basamortua ikus zitekeela sinets zezakeen, non gris kolore bera zuten lurra eta zerua bereizi gabe elkartu egiten ziren.

Birritan baino ez zuen arrebak sumatu, beti zelatari, besaulkia leiho ondoan zegoela. Eta, logela txukuntzen zuenean, berak hurbiltzen zuen besaulkia. Are gehiago: lehen kristal bikoitzak irekita uzten zituen.

Gregoriok gutxienez bere arrebarekin hitz egin ahal izan balu; beragatik egiten zuen guztia eskertu ahal izan balio, sorrarazten zituen lan hauek arinagoak egingo litzaizkio, eta hainbeste sufriarazten ziotenak. Zalantza barik, ahal zuen guztia egiten zuen arrebak egoerak eragiten zuen min guztia desegiteko, eta, denborak aurrera egin ahala, emaitza hobea zen, normala den legez. Gregoriok ere, egunak igaro ahala, argitasun handiagoz ikusten zituen gauzak.

Orain, arrebaren sarrera beldurgarria zen berarentzat. Logelara sartu bezain laster, aurretik ez zituen ezta ateak zarratzen ere, lehen bezala, besteek logela ikus ez zezaten, leihora korrika abiatzen zen zuzenean, eta bortizki irekitzen zuen, itotzeko zorian egongo balitz bezala; eta hotz ikaragarri handia zegoenean ere, une bat bertan egoten zen, arnasa indarrez hartuz. Horrelako lasterketa eta burrunbek egunean birritan izutzen zuten Gregorio. Eta Gregorio, arrebak eragozpen hauek gustura eragotziko zituen arren, logelako leihoak itxita izan ahal balitu, bisitaldiak irauten zuen denbora osoa sofaren azpian dar-darka egoten zen.

Egun baten -metamorfosia eman zenetik hilabete igaro zen jada, eta ez zuen, beraz, arrebak Gregorioren itxuragatik izutzeko arrazoi berezirik- ohiz baino zertxobait lehenago sartu zen, eta Gregorio geldirik leihotik begira zegoela aurkitu zuen, baina izutzeko prest. Arreba sartu ez izanak ez luke Gregorio harritu izango, izan ere berak zuen jarrerak leihoa segidan zabaltzea eragozten zion. Baina ez zen sartu gabe geratu bakarrik, atzera egin eta atea zarratu baizik: ezezagun batek pentsatu izango luke Gregorio haginka egiteko zelatan zegoela. Horrela, Gregorio sofaren azpian ezkutatu zen, baina eguerdira arte itxaron behar izan zuen bere arreba berriz itzultzen zela ikusteko, ohiz baino urduriago. Hori dela eta, bere itxura arrebarentzat jasanezina izaten jarraitzen zela ulertu zuen, horrela izaten jarraituko zuela, eta arrebak borondatezko ahalegin handia egin behar zuela sofaren azpitik haren gorputzaren zati txiki bat ikusterakoan korrika alde ez egiteko. Eta, hau ekiditzeko asmoz, egun baten bere bizkar gainean -lau ordu behar izan zituen behar honetarako- izara bat eraman zuen sofaraino, eta gorputza osorik estaltzen zuen modura ipini zuen arrebak ikus ez zezan, asko makurtuta ere.

Arrebari konponketa hau egokia iruditu izan ez balitzaio, hurak berak kendu izango luke izara, ulerterraza baitzen bakartzeak ez zuela inolako atseginik sortzen Gregoriorentzat. Baina izara bere horretan utzi zuen, eta Gregoriok, honen punta bat isil-gordean altxatzerakoan, arrebak antolaketa berria zelan hartzen zuen ikusteko, honengan esker oneko begirada ere ikusi zuen ustea izan zuen.

Lehen bi asteetan zehar, gurasoak ez ziren bera ikusten sartzera ausartu. Arrebaren lanak goresten zituztela sarritan entzun ahal izan zuen, eta garai hartan, bestalde, batzuetan errieta egiten zioten neskato, nolabait esateko, alferra zela iruditzen zitzaielako. Baina, maiz, biak, aita eta ama, Gregorioren logelaren aurrean zain egoten ziren, arrebak txukundu egiten zuen bitartean, eta, honek irten bezain laster, logela nola zegoen zehatz mehatz kontatu behar zien, baita Gregoriok zer jan zuen ere, bere jarrera zein izan zen, eta berarengan hobekuntzaren bat nabari bazuen ere.

Amak, egia da, berehala bisitatu nahi izan zuen Gregorio, eta orduan Gregoriok arreta handiz entzun zituen arrazoiekin geldiarazi zuten aitak eta arrebak, eta guztiz onartu zuen. Baina geroago derrigorrezkoa izan zen indarrez eragoztea, eta zera oihukatzen zuenean:

- Utzidazue Gregorio ikustera sartzea! Neure seme gaixoa! Ez duzue ulertzen ikustera sartu behar naizela?

Gregoriok pentsatzen zuen agian bere ama sar zedila komeni zela, ez noski egunero, baina, esate baterako, astean behin: ama arreba baino askoz ulerkorragoa zen, baina azken hau, bere ausardia handia zen arren, ez zen, azken finean, ume bat baino, agian haur-zolitasunagatik hain zama neketsua leporatu zuena.

Gregoriok bere ama ikusteko zuen nahia betetzeko ez zen askorik falta. Egunean zehar, bere gurasoak errespetatzearren, ez zen leihora irteten. Baina... bi metro karratuko lurzoru hartatik ezin zen eroso ibili. Gauen zehar lasai lo egitea zail bihurtzen zitzaion. Janariak ez zion jada inolako poztasunik sorrarazten, eta horregatik, entretenitzeko, horma eta sabaitik sigi-saga igotzeko ohitura hartzen joan zen. Sabaian, bereziki, ondoen zegoen lekua zen; lurrean etzanda egotetik arraz desberdina zen hura; han goian hobeto hartzen zen arnas, dar-dar txiki batzuek gorputza astintzen zutela nabaritzen zuen. Baina Gregorio, ia-ia zoriontsu, eta era berean ondo zebilenean, sabaitik askatu zen, berarentzako sorpresa handia izan zena, eta lurraren kontra jo zuen. Baina, imajina daitekeen legez, bere gorputzak lehen baino erresistentzia askoz handiagoa lortu zuen, eta, nahiz eta kolpearen indarra handia izan, ez zuen minik hartu.

Arreba berehala konturatu zen Gregorioren denbora-pasa berriaz –agian igotzerakoan bere lirdingaren arrastoren bat uzten zuen lekuren baten-, eta igotzeko bide guztiak erraztea erabaki zuen segituan, hori eragozten zuten altzariak baztertuz, eta, nagusiki, kutxa eta idazteko mahaia. Baina hau guztia ezin zuen berak bere kabuz egin; ez zen aitari laguntza eskatzen ere ausartzen: eta neskameari dagokionez, ez zen aintzakotzat hartu behar, hirurogei urte inguruko honek, aurreko neskamearen agurretik oso kementsua izan bazen ere, mesede berezi legez, sukaldeko atea itxita edukitzeko eta bakarrik norbaitek deitzen zionean irekitzeko baimena eskatu zuelako. Horregatik, geratzen zen aukera bakarra ama, aita ez zegoenean, bilatzea zen.

Ama pozaren pozez joan zen. Baina, heldu bezain pronto mutu gelditu zen. Ohiko legez, arrebak dena behar bezala zegoela egiaztatu zuen, eta, soilik orduan, amari pasatzen utzi zion. Gregoriok, berehala, izara normalean baino gehiago jaitsi zuen, tolesteko asmoz. Izan ere, izara kasualitatez bertan zegoela ematen zuen. Kasu honetan ere ez zuen izararen azpitik kuxkuxeatu; bere ama ikusteari uko egin zion, hau etorri izanagatik pozik zegoelarik.

– Sartu zaitez, ez dela ezer ikusten –esan zuen arrebak, ama eskutik helduta eramanez.

Eta Gregoriok entzun zuen nola bi emakumetxoek beterik zegoen kutxa astun eta zaharra lekuz aldatzen zuten eta zelan arrebak, beti alaitsu, lan gehiena bere esku hartzen zuen, amaren aholkuei jaramonik egin gabe, hau nekatu egingo zelakoaren beldurrez.

Lanak dezente iraun zuen; egia da, ordu laurden bat pasa ondoren, amak kutxa aurreko tokian ixtea komenigarria zela adierazi zuela, lehenik eta behin, oso astuna zelako, eta, gainera, logelaren erdian utzita Gregoriori bidea oztopatuko ziolako; bazitekeen Gregoriori altzariak kentzearen ideia ez gustatzea. Amari, ostera, justu kontrakoa iruditzen zitzaion; biluzik zeuden paretek bihotza estutzen zioten. Zergatik ez al zuen Gregoriok berdina sentituko, bere logelako antzinako altzarietara ohituta egonda? Ez al zuen bere burua abandonaturik ikusiko gela huts horretan?

– Eta ez al zirudien, orduan, –jarraitu zuen ahots isil-isilez amak, ia ahopeka, Gregoriok entzuteko beldurrez bezala, non zegoen justu ez baitzekien, hitzak ez zituela ulertzen pentsatzen zuen arren ahots-soinuari buruz ez zeukan-eta ziurtasun bera–, ez al zirudien, orduan, altzariak kendu eta baztertzen genuela, bera bakarrik utzita? Nik uste dut onena logela aurreko moduan uztea dela, horrela, Gregoriok, gugana bueltatzen denean, dena berdin aurkitu eta eten hau ahalik eta arinen ahaztu dezan.

Amaren hitz hauek entzunda, Gregoriori iruditu zitzaion, bi hilabete horietan, giza erlazio ezak, bizitza berriak eraginiko monotoniarekin batera, zoratu egin zuela, ezin baitzuen inola ere ez azaldu zergatik desiratzen zuen orduan logela hutsik ikustea.

Gregoriok, benetan, nahi al zuen logela aldatua izatea? Ikusi nahi al zuen familiaren altzariekin beteriko logela eroso hura, desertu bihurtuta, non, oztoporik gabe, benetan, pareta guztietatik igo zitekeen, baina, aldi berean, ahaztuko zukeen gizakia zeneko bizitza?

Logela ia-ia ahaztuta zeukanean, aspalditik entzun ez zuen amaren ahotsak baino ez zuen hunkitu. Ez, ez zen ezer lekuz aldatu behar; denak bere horretan jarraitu behar zuen; altzarien eragin onuragarririk gabe ezin moldatu, eta, hauek ariketak libreki egitea eragozten bazioten ere, hura, edozelan ere, kaltea baino, abantaila moduan kontuan hartu behar zen.

Zoritxarrez, arreba ez zetorren bat iritzi honekin. Gainera, ohituta zegoenez – arrazoiak zituelarik– Gregoriorekin zerikusia zuen guztia, gurasoen aurrean, bere esku hartzera, amaren ideia nahikoa izan zen ez bakarrik kutxa eta mahaia kendu behar zirela behin eta berriz errepikatzeko, baita beste altzairu guztiak kendu behar zirela esateko ere, ezinbestekoa zen sofa kenduta.

Baina guzti horretara ez zuen bakarrik bere umeen moduko setakeriak eta bere buruarekiko konfidantzak bultzatzen; gainera, Gretek jakin bazekien Gregoriok arrastaka eta gora eta behera ibiltzeko leku handia behar izateaz gain, altzariak ez zituela ezertarako ere erabiltzen. Eta, beharbada, bere adineko neskatxen berezko gar horrekin, beti edozein aukeraz baliatzeko desirarekin, isilean, Gregorioren izugarrizko egoera areagotzeko desirak eraman zuen arreba guzti horretara, beragatik egiten zuena baino gehiago lortzeko asmoz. Izan ere, Grete izan ezik, inor ez zen ausartuko Gregorio bakarrik sentiaraziko zuen pareta hutsak zituen logela horretara sartzen.

Amak, beraz, ez zuen Gretek proiektuari amore ematerik lortu. Logela horren ezinegonak ama isilarazi zuen eta, jarraian, arrebari kutxa ateratzen lagundu zion. Beste erremediorik ez balego, Gregorio kutxarik gabe molda zitekeen, baina, mahaiak bere horretan jarraitu behar zuen. Emakumeak logelatik irten ziren, arnasestuka, kutxa zeramatela. Bat-batean, Gregoriok burua kontu handiz sofaren azpitik atera zuen, haiekin berba egiteko asmoz. Tamalez, ama izan zen lehenago bueltatu zena. Grete, bitartean, ondoko gelan, kutxarekin borrokan ziharduen, hau leku batetik bestera astinduz, altzaria mugitzeko asmoz, baina ezin izan zuen lortu. Ama ez zegoen Gregorioren itxurari ohituta; gaixotu ere egin zitekeen bat-batean Gregorio koko itxuraz ikusirik; eta, horregatik, Gregorio, ikaratuta, ahalik eta arinen atzera egin eta, sofaren beste muturreraino mugitu zen; baina, ordurako oso berandu izan zen, izara mugitu egin baitzen amaren arreta sortaraziz. Hau, une batez, geldi-geldirik geratu zen eta Greterengana bueltatu zen.

Gregoriok bere buruari aldaketa ezer apartekorik ez zela behin eta berriz errepikatzen bazion ere, altzari soil batzuk aldatzea baino ez zela, emakumeen joan-etorri eta elkarrizketak egonezin handia sortu zioten. Orduan, burua eta hankak ahal bezain gehien uzkurtzen zituelarik eta sabela lurraren kontra zapaltzen zuelarik, ohartu zen ezingo ziola egoerari gehiago eutsi.

Bere logela husten zioten, berak maite zuen guztia kentzen zioten: jadanik erremintak eta zerra gordetzen zitueneko kutxa ere eraman zuten; mahaia ere mugitu zuten, komertzioko karrera ikasten zuenean eta eskolara joaten zenean ere idazteko erabiltzen zuena. Amaren eta arrebaren asmo oneko jardun hura geldiarazi nahi bazuen, ezin zuen minutu bat ere galdu. Momentu honetan, Gregorio ez zen emakumeen presentziaz jabetzen, hauek, unaturik, isilean lan egiten baitzuten; entzun zitekeen bakarra haien urrats nekatuen oihartzun ahulak ziren.

Eta, horrela, –emakumeak, ondoko gelan, idazmahaian arnasa hartzeko jesartzearekin batera– Gregorio ezkutalekutik irten zen, bere abiadura bizkortuz. Lehendabizi, ez zekien nora joan. Momentu horretan, jadanik biluzik zegoen paretan, larruz bilduriko emakume baten irudiak arreta deitu zion. Arrapaladan bertaraino igo zen eta kristalera eutsi zen, honek bere sabeleko mina arindu zuelarik. Behintzat, berak estaltzen zuen irudia ez zion inork kenduko. Eta burua jangelako aterantz bueltatu zuen, emakumeak ikusteko asmoz.

Egia esan ez zuten atseden handirik hartu. Berriro ere bertan zeuden, Gretek ama besoarekin inguratzen zuelarik, bera helduz.

– Beno, eta, orain, zer eramango dugu? –esan zuen Gretek, ingurua miatuz.

Bitartean, haien begirada paretari loturik jarraitzen zuen Gregoriorenarekin gurutzatzen zen. Gretek egoerari eutsi zion eta amaren aurrean jarri zen, honek Gregorio ikusi ez zedin. Orduan, dardarati hauxe esan zion:

– Etor zaitez, goazen apur batean jangelara.

Gregoriorentzat, Greteren asmoa argi zegoen: ama babestu nahi zuen, eta, ondoren, bera paretatik jaitsi. Baina, ez zuen inola ere lortuko! Gregoriok irudiari eutsita jarraitzen baitzuen, eta ez baitzegoen amore emateko prest. Nahiago zuen Greteren gainera salto egin.

Baina Greteren hitzek ama urduritzea baino ez zuten lortu. Orduan, ama alde batera mugitu egin zen; paretan zegoen orban beltz erraldoia ozta-ozta ikusi, eta, Gregorio zela konturatu baino lehen, hauxe oihukatu zuen:

– Jainko maitea! Jainko maitea!

Eta zerraldo erori zen sofaren gainera, besoak luzaturik. Indar gabe zegoela ematen zuen, geldi-geldirik.

– Kontuz Gregorio! –oihukatu zuen arrebak, begirada sutsuaz, ukabila gora jasotzen zuelarik.

Hauxe izan zen Gretek Gregoriori berba egin zion lehenengo unea metamorfosia gertatu zenetik. Eta arreba ondoko gelara joan zen, ama bere onera bueltatzeko zerbaiten bila.

Gregoriok pozik lagunduko ziokeen amari –irudia babesteko denbora bazegoen–, baina kristalari itsatsirik jarraitzen zuen oraindik, eta bertatik zakarki askatu behar izan zen. Ondoren, birritan pentsatu gabe, ondoko gelara abiatu zen, antzinako legez, arrebari aholkuak eman ahalko bazizkion bezala. Baina, haren atzean geldi egotearekin konformatu behar izan zen.

Arreba, hainbat botilen artean, bila eta bila ari zen; buelta eman zuenean, beldurtu egin zen; botila txiki bat lurrera erori eta apurtu egin zitzaion, eta honek Gregoriori min eman zion, aurpegian likido erregarri bat bota baitzion. Gretek, jarraian, ahal bezain ontzi gehien hartu eta Gregorioren logelan sartu zen, atea hankarekin itxiz. Gregoriok, orduan, bere burua amarengandik banatuta ikusi zuen, hau, bere erruz, hiltzeko zorian egon zitekeelarik. Eta Gregoriok ez zeukan sartzerik arreba kanpora bota gabe, baina amarentzat ezinbestekoa zen arreba ondoan izatea; beraz, itxoitea besterik ez zuen.

Gregorio, urduritasunaren eta aladuren eraginez, sabai, pareta eta altzarietatik igotzen hasi zen, eta, azkenean, batera eta bestera ibili ostean, mahaiaren gainera bota zen, guztiz ahulduta.

Horrela minutu batzuk igaro ziren. Gregorio etzan egin zen nekearen nekez; isiltasuna zen jaun eta jabe; hori, apika, seinale ona zen. Bat-batean, deitu egin zuten. Neskamea, betiko legez, bere sukaldean sartuta zegoen, eta Grete atea zabaltzera joan behar izan zen. Aita zen.

– Zer gertatu da ba? –izan ziren bere lehenengo hitzak.

Greteren itxurak dena zioen. Honek bere aurpegia aitaren bularrean ezkutatu eta ahots isilaz erantzun zuen:

– Ama zorabiatu egin da, baina orain hobeto dago. Gregoriok ihes egin du.

–Banekien –esan zuen aitak–. Abisatu nizuen; baina zuek, emakumeok, inoiz ez duzue kasurik egin nahi.

Gregoriorentzat agerikoa zen aitak Greteren berria txarto ulertu zuela eta aitak, bestalde, bere semeak zerbait txarra egin zuela suposatzen zuen. Gregoriok beharrezkoa zuen, beraz, aita lasaitzea, ez baitzuen ez denborarik, ez baliabiderik gertatutakoa azaltzeko. Horregatik, bere logelako atera joan eta haren kontra estutu zuen gorputza, aitak, sartzen zenean, ulertu zedin bere logelara berehala bueltatzeko asmoa zuela eta aski zuela atea irekitzea, momentuan Gregorio desagertu zedin.

Baina egoera kaskar honen aurrean, aita ez zen hori ulertzeko prest egongo.

– Ah! –oihu egin zuen aitak, sartu zenean, ahots haserre, baita mehatxatzailearekin ere. Gregoriok burua atetik aldendu zuen, eta aitari begiratu zion. Gregorio ez zen aurretik aitaren aurrean horrela inoiz azaldu. Egia da, beste alde batetik, azken aldian, Gregoriok ez zizkiela etxeko gertaerei garrantzirik ematen, lanpetuta baitzebilen alde batetik bestera arrastatzeko asmatutako metodo berriarekin; eta, beraz, aldaketa nabarmenak aurkitzeko prest egon beharko zela.

Baina, guztiaren gainetik, ba al zen gizon hura bere benetako aita? Ba al zen hura, antzina, Gregoriok negozio bidaiak egiten zituenean, ohean arduratuta gelditzen zen gizona? Arratsaldez, Gregorio etxera bueltatzen zenean, txabusina jantzita zuela, besaulkian jesarririk, bere semea alaitsu agurtzen zuena? Igande eta jai egun batzuetan, ama eta Gregoriorekin gutxitan emandako paseoetan, bere jaka zaharraz biltzen zena, makuluaz baliaturik, poliki-poliki eta aldiko pixka bat aurreratzen zuen gizon hura bera ote zen? eta zerbait esan nahi zuen guztietan gelditu eta ondokoak geldiarazten zituen hura bera? Orain, ostera, tente eta zuzen joaten zen, urre koloreko botoiak zituen uniforme urdin batekin jantzita, bankuko ordenantzek eramaten dituztenen modukoa; jakaren lepoaren gainean bere kokospea baino ez zen ikusten; bekain iletsuen azpian, bere begi beltzen begirada bizi eta erneak errespetu handia ematen zuen; bere ile zuria, ordura arte beti korapilaturik zeramana, orain, artesi distiratsu eta ia perfektu batek banantzen zuen.

Urre kolorezko intsigniadun kapela –bankuren batena seguruenik– sofa gainera bota zuen aitak, eta, buelta bat emanik, Gregoriorengana heldu zen, etsai espresioarekin, eskuak galtzen poltsikoan zituela, eta lebitadun uniformearen hegal luzeak atzeraka bilduta. Aitak ez zekien zer egin; eta oinak ezohiko modu batean altxatu zituenean, hauen handitasunak Gregorio harritu egin zuen. Baina, honek ez zuen Gregorio haserretu, berak bere bizitza berriaren hasieratik jakin bazekielako aitarentzat, bere semeari zegokionez, zorroztasunik gogorrena ere gutxi zela. Beraz, aitaren aurrean korrika hasi zen; hau gelditzen zenean Gregorio ere gelditzen zen; eta berriro korrikari ekiten zion aita mugitzen zela ikusi orduko.

Horrela, gelaren inguruan bueltaka ibili ziren, baina ez zen ezer gertatu. Are gehiago, honek, etenaldi ugarien eraginez, ez zuen jazarpen bat ere ematen. Gregorio, momentuz, lurrean gelditu zen, batez ere, aitak pentsa ez zedin paretetatik edo sabaitik ihes egingo zuenik. Gainera, Gregoriok onartu behar izan zuen korrikaldi horiek ezingo zutela gehiago iraun, aitak urrats bat ematen zueneko, berak hamaika mugimendu egin behar baitzituen. Gregorio itotzen hasia zen; bere aurreko bizitzan ere ez zituen birika osasuntsuak eduki.

Pixka batean kulunkatu zen, ihes egiteko ahal bezain indar gehien lortzeko asmoz; begiak ere ezin zituen guztiz irekita eduki; egin zezakeen gauza bakarra ihes egitea zen. Jadanik paretak ere libre zeudela ahaztuta zuen, hauetan altzari arriskutsuak baziren ere.

Orduan, bortizki jaurtitako zerbait bere albora jausi zen biraka: sagar bat zen. Ondoren, beste sagar bat; Gregorio, zeharo ikaraturik, geldi-geldirik geratu zen: alferrikakoa zen korrika egiten jarraitzea, aitak bere aurka egitea erabaki baitzuen; honek poltsikoak frutontziko sagar guztiekin bete zituen eta sagar bat bestearen atzean botatzen zizkion Gregoriori, bete-betean asmatu gabe.

Sagar gorriak lurrean ari ziren biraka, bata bestearekin talkaka. Horietariko batek, trebetasun handiagoz botatakoa, Gregoriori jo zion bizkarrean, baina honek ez zion minik eman. Hurrengoa, ostera, bizkarrari itsatsirik geratu zitzaion. Baina Gregoriok arrastaka jarraitu zuen, lekuz aldatzeak mina arinduko ziolakoan; bertan mugitu ezinik egongo balitz bezala sentitu zen orduan, eta konortea galduz, hankak zabal-zabal eginda, lurrera erori zen.

Gregoriok ikusi zuen azkena bere logelako atea bortizki irekitzen zela izan zen. Lehendabizi, ama irten zen, alkandora jantzita zuela korrika egiten zuelarik –Gretek hau biluztu baitzuen konortea galdu zuenean arnasa hobeto har zezan–, eta honen atzean arreba zetorren, oihuka. Amak aitarengana korrika egiten zuen, bidetik arropa erortzen zitzaiolarik, eta, azkenean, arropekin estropezu egin eta aita besarkatu zuen…

Gregoriok ia ezer ikusten ez zuelarik, amak aitari haien semea barkatzeko eskatu zion.

3. Kapitulua

[aldatu]

Zauri larri horrek, sendatzeko hilabete bat baino gehiago behar izan zuenak –inor ez baitzen bizkarreko sagarra, azalean itsatsirik gelditu zen froga hura kentzen ausartu– amari eta Greteri Gregorio familiakoa zela gogorarazi zien, baita aitari ere. Gregorio, beraz, ez zuten etsai moduan hartu behar; errespetua sor zioten. Hortaz, egoerari eustea besterik ez zuten.

Gregoriori dagokionez, zauriaren ondorioz mugitzeko trebezia galdu bazuen ere eta, edadeko elbarri baten gisa, bere logela gurutzatzeko –paretan ibiltzea pentsatu ere ezin egin– minutu amaigabeak behar bazituen ere, bere egoera kaskarrean, berarentzako nahikoa zen ordaina jaso zuen: arratsalde orotan, jangelako atea irekita egoten zen, eta Gregorio, logelan zegoela, besteentzako ikustezina zen iluntasunean, familia guztia ikus zezakeen argituta zegoen mahaiaren inguruan, eta haien elkarrizketak ere guztien baimenarekin entzun zitzakeela esan daiteke, lehen ez bezala. Argi dago, oraingo elkarrizketa hauek ez zutela zerikusirik antzinako hizketaldi alaiekin, Gregorio – bidaiari zebilela– ostatuetako gela kaxkarretan, ohe arrotzeko izara hezeen gainean bildurik, hamaika aldiz faltan bota zituen horiekin. Orain, gehienetan, gaua isiltasunean igarotzen zen. Afaltzen zeuden bitartean, aitak bere besaulkian lo hartzen zuen, eta, bitartean, ama eta arreba isil-isilik egoten ziren. Ama, argiaren kontra jarrita, denda batentzako arropa zuri fina josten jarduten zuen. Arreba, berriz, saltzaile sartu zen eta gauetan eszenografia eta frantsesa ikasten zituen, etorkizunean lan hobea lortzeko asmoz. Noizbehinka aita esnatu egiten zen eta, lo egin ez balu bezala, amari esaten zion: <<Josi eta josi, ez daukazu beste konturik!>>. Eta, berehalaxe, berriro ere loak hartzen zuen, amak eta arrebak, leher eginik, elkarri irribarre egiten ziotelarik.

Aitak ez zuen bere uniformea, etxean zegoenean ere, kendu nahi; eta txabusinak alfer-alferrik esekitokian jarraitzen zuen bitartean, aita lo seko zegoen; uniformea jantzita egiten zuen lo, beti prestatuta egon nahi izango balu bezala eta etxean ere nagusien agindua entzutea espero bailuen. Ondorioz, uniformea zahartu egin zen, ama eta arreba hau beti garbi egoteaz arduratzen ziren arren. Gregoriok orduak eta orduak ematen zituen uniformeari begira. Hau orbanez beterik zegoen, baina urrezko botoiak beti distiratsu zeuden. Aitarentzat deserosoak baziren ere, lasai hartzen zuen lo.

Hamarretan, ama, aita esnatzen ahalegintzen zen, oheratu eta behar zen moduan lo egin zezan esaten ziolarik goxo-goxo. Izan ere, aitak ondo lo egin beharra zuen, seietan sartzen baitzen lanera. Baina hau, oso burugogorra zenez, ezetz esaten zion amari beti, berak mahaian jarraitu nahi zuela adieraziz, nahiz eta aitak bazekien bertan lo hartuko zuela eta besaulkitik ohera aldaraztea erruz kostatzen zitzaiela. Ama eta arreba saiatzen baziren ere, aitak bere horretan jarraitzen zuen, begiak itxita. Amak zamarra-besotik tiratzen zion, belarrira hitz goxoak xuxurlatzen zizkiola; arrebak lanari uzten ziolarik, ama laguntzera joaten zen. Baina honek ez zuen ezertarako balio, aitak ez baitzuen amore ematerik nahi. Honek begiak irekitzen zituen momentu bakarra amak eta arrebak besapetik heltzen ziotenean zen. Orduan, haiei begira, oihukatzen zuen:

– Hau bizimodua, hau! Neure azken egunotan ere lasai egoterik ez, alajaina!

Eta egundoko pisuak zapalduko balu bezala, nekez baino nekezago altxatzen zen, ama eta arrebaren laguntzaz; ateraino laguntzen ziotenean, keinu egiten zien: haien beharrik ez zuela; eta bakarrik jarraitzen zuen aurrera, baina, lanari utzirik, berriro harengana hurbiltzen ziren Grete eta ama, laguntzen jarraitzeko.

Lanagatik neka-neka egindako familia horretan, nork dedika ziezaiokeen behar-beharrezkoa baino denbora gehiago Gregoriori? Etxean gero eta jende gutxiago gelditzen zen; neskamea kaleratu zuten; lan neketsuenetarako beste bat hartu zuten. Oso emakume altua eta argala zen, buruan ile zuri gutxi zituena, goizez eta arratsaldez une batez etortzen zena. Hortaz, amak jostearekin gutxi ez zuela, gainerako etxeko lanei ere heldu behar izan zien. Ez hori bakarrik, familiakoak ziren hainbat bitxi ere saldu behar izan zituzten, antzina, jai eta bileretara joateko, amak eta arrebak harro erakutsi ohi zituztenak. Salmentan lortutako irabaziei buruz hitz egiten zutelarik, gauetan familian izaten zituzten hizketaldi haietako bati esker jakin zuen Gregoriok hori. Baina familia gehien kezkatzen zuen arazoa etxez aldatu ezina zen, ez baitzegoen Gregorio inola ere ez eramateko modurik. Alabaina, Gregoriok jakin bazekien bera ez zela etxez ezin aldatzearen benetako oztopoa, ondo eraman zitekeelako kutxa batean, arnasa hartzeko zuloak eginda. Familiarentzat eragozpen bakarra bizi zuten egoera kaskarra zen, ezagunek eta senideek ezagutzen ez zutena alegia.

Zorigaitzak jo zituen denak: aitak bankuko langile apalaren gosariaren bila joan behar zuen; ama arrotzentzat arropa josten ari zen; arreba, batera eta bestera, salmahaiaren atzean ematen zuen eguna, bezeroen gutizien menpe. Baina familiak, bizitasuna galdu zuelarik, ezin zion egoera honi aurre egin. Eta Gregoriok bizkarreko zaurian mina berritzen sentitzen zuen ama eta arreba, aita ohera eraman ostean, jangelara itzuli eta, nork bere lana bertan behera utzirik, elkarren ondoan, oso hurbil, jesartzen zirenean. Amak, Gregorioren logela seinalatzen zuelarik, esaten zuen:

– Grete, itxi ate hori!

Eta Gregorio, berriro ere, iluntasunaren menpe murgiltzen zen, bi emakumeak ondoko gelan negar egiten zutelarik, edota, begi lehorrekin mahaiari arretaz begiratzen zioten bitartean.

Gregoriok, bai gauez, bai egunez, ez zuen ia-ia lorik egiten. Gelako atea ireki egingo zela pentsatzen zuen batzuetan, eta ostera ere, lehen bezala, familiako arazoez bera arduratuko zela. Denboraren poderioz, berriz ere, biltegiko zuzendari eta gerentea etorri zitzaizkion burura, eta biltegiko mutil eta ikastunaz, dignitate bako hartaz, beste komertzio batzuetan zituen bizpahiru lagunez, eta herrixka bateko ostatuko zerbitzariaz, eta...

Hauek guztiak aspaldi ahazturiko beste batzuekin nahasten zituen; baina inork ez ziezaiokeen lagundu, ez hari, ez eta etxekoei. Eskuraezinak ziren, eta oroitzapenak burutik kentzea lortzen zuenean lasaitzen zen. Gero, familiaz kezkatzeari ere uko egiten zion, eta, eskaintzen zioten arreta gutxiaren ondorioz, haienganako amorrua baino ez zuen sentitzen. Ez zegoen benetan gogoko zuen ezer; baina, despentsara joan eta, goserik ez bazuen ere, eskubide osoz tokatzen zitzaion guztiaz jabetzen zen. Jadanik arreba ez zen arduratzen haren gustuko jakiak bilatzeaz; lanera joan aurretik, goiz eta arratsaldez, hankarekin, zerbait botatzen zion gela barrura, eta gero, lanetik itzultzean, Gregoriok jakiak probatu bakarrik egin ote zituen –horixe baitzen normalena– begiratu gabe, edota ikutu ere ez zituela egin ikusi baino lehen, hondarrak bildu ohi zituen erratzarekin. Gelaren txukunketa ere, beti gauez egiten zena, presaka egiten zuen. Hormak zikinkeriaz beterik zeuden, eta hautsa eta hondakinak bazterretan pilatzen ari ziren.

Aspaldi, arreba sartzean, Gregorio, hain zuzen ere, zikinago zegoen txokoan baztertzen zen. Baina, orain, asteak eta asteak pasa zitezkeen ere, arreba ez zatekeela gehiago saiatuko; Gregoriok bezain ongi ikusten baitzuen zikina, baina, zirudienez, ez zuen biltzeko asmorik. Irudikortasun guztiz berriarekin, familia guztiarengana hedatu zena, ez zuen onartzen gelaren txukunketaz beste inor ardura zedin. Behin batean, amak Gregorioren logela guztiz txukundu nahi izan zuen; horretarako, ura pertzaka erabili behar izan zuen; Bien bitartean, Gregorio han zetzan, hezetasunaren ondorioz, mugigaitz eta saminduta, sofaren azpian. Baina arreba, lanetik itzultzean, gelan gertatutako aldaketez ohartu orduko, guztiz minduta sentitu zen; jangelan sartu eta, amaren azalpenak aditzeko betarik gabe, negarretan urtu zen, aita eta ama ikaratu egin zituelarik. Aitak amari Gregorioren gelaren ardura osoa arrebari utzi ez ziolako errieta egin zion; arrebak aurrerantzean garbiketarekin jarraitzea ezinezkoa izango zitzaiola adierazi zuen oihuka, haserre baitzegoen. Amak logelara eraman nahi zuen, ez baitzen lasaitzen; arreba, negarzotinka, mahairi ukabilka ari zen, eta Gregorio, amorruaren amorruz, txistuka ari zen, inor ez baitzen gogoratu –egoera mingarri hura ekiditzeko– atea ixteaz.

Baina arreba, nekeak unaturik, Gregorio zaintzeaz gogaiturik baldin bazegoen, ama ez zen zertan ordezkatu behar, Gregoriok ez zuen zertan abandonatuta sentitu: horretarako neskamea zegoen. Zen baino nagusiagoa ematen zuen alargun harentzat, bere gorputz hezurtsuari esker, bizitza honetan ez zuen izan jasan ezinezko egoerarik; ez zuen sentitzen Gregoriorenganako inolako higuinik. Inolako jakin-minik, behin batean Gregorioren logelako atea ireki zuen; hau, ezusteak asaldaturik, inork jarraitzen ez bazuen ere, alde batetik bestera hasi zen korrika; baina, aldagaitz jarraitu zuen, eskuak sabel gainean tolesturik.

Handik aurrera, goiz eta arratsaldero, atea isilka ireki eta zirrikitutik Gregoriori begira gelditzen zen. Hasieran, deitu ere egiten zion, bere ustez hitz goxoz gainera: "Etor zaitez hona, astakirten hori!" esaten zion.

Gregoriok, hau entzunda, ez zion erantzuten; izan ere, mugitu ere egin gabe jarraitzen zuen, atea ireki ere izan ez balitz bezala. Hobe izango zatekeen, alfer-alferrik molestatu ordez, egunero Gregorioren logela garbitzeko agindu izan balitzaio neskameari.

Egun batean, goizean goiz, –udaberriaren berehalako etorrera iragartzen zuela zirudien euriak kristalei bortizki erasotzen zien bitartean– neskameak, betiko legez, molestatu zuen; Gregorio hainbesteraino haserretu zen, non buelta eman eta emakumearengana abiatu zela, erasoko ziola ematen zuelarik. Baina emakumea, ikaratu ordez, atea ondoan zegoen aulkia jaso, eta, han jarri zen zain, eskuetan zuen aulkiarekin Gregoriori bizkarrean joko ziola garbi adieraziz.

– Ez al duzu etorri behar, ala? –esan zuen Gregoriok atzera egin zuela ikustean. Eta mantso-mantso, berriro ere, aulkia bere lekuan utzi zuen.

Gregoriok ia ez zuen jaten. Eramaten zizkioten jakien ondotik pasatzerakoan zerbait probatu, orduak eta orduak ahoan eduki eta, azkenean, bota egiten zuen. Hasieran pentsatu zuen bere gogogabetasuna, dudarik gabe, bere logelaren egoerak murgiltzen zuen malenkoniaren ondorio zela; baina oso azkar ohitu zen honen itxurara. Beste leku baten soberan zeuden gauzak bertan uzteko ohitura hartu zuten, zeinak asko ziren, etxeko logela bat apopiloentzat erabiltzen baitzuten orain. Hiru gizon oso formal hauek –hirurak bizardunak, Gregoriok egun baten ateko zirrikitutik ikusi zuenaren arabera–, bai beraien logela, baita etxe guztia ere, sukaldea batez ere, txukun-txukun mantentzen zuten. Ezin zuten haien begi aurrean ikusi ez balio gabeko trasterik ezta gauza lohirik ere.

Gainera beraien altzari ia guztiak ekarri zituzten, eta horregatik zeuden hainbeste balio gabeko gauza, saldu ezin zitezkeenak, baina bota nahi ez zituztenak. Eta gauza hauek guztiak Gregorioren logelan sartzen zituzten, hautsontzi eta zaborrarekin batera. Neskameak laster batean botatzen zituen erabiliko ez ziren gauzak Gregorioren logelara. Gerta zitekeen neskameak gauza haiek biltzea denbora edukiko zuenean, edota denak kanpora botatzekoa; baina beti gelditzen ziren botatako leku hartan. Gregoriok soilik mugitzen zituen lekuz logelan lekurik gelditzen ez zitzaionean, nahiz eta ahalegin haren ondoren neke-neke eginda amaitzen zuen, denbora luzez mugitzeko indarra galdurik.

Apopiloak batzuetan etxean afaltzen zuten, jantoki-sala nagusian. Egun hauetan logela honetako atea itxita gelditzen zen; baina honek guztiak ez zuen Gregorio larritzen, izan ere atea zabalik egon zen hainbat gauetan logelako lekurik ilunenean gorde zen, familia horretaz ohartu ere egiten ez zelarik.

Baina egun batean neskameak atea erdi irekita utzi zuen, eta hau holaxe gelditu zen gauez apopiloak etxera heldu eta argia piztu zutenean. Mahairatu ziren, aurretik aita, ama eta Gregorioren jarlekuak izandakoetan jesarriz, mahai-zapiak zabaldu zituzten eta sardexka eta aiztoak heldu zituzten. Momentu hartan ama –haragiz beteriko erretilu bat zeramala– agertu zen atean, eta bere ostean arreba patataz beteriko erretilua zeramalarik.

Jaki berotik lurruna irteten zen. Apopiloak erretiluetara hurbildu ziren, zerbitzatu aurretik dastatzeko irrikaz, eta erdian jarrita zegoen gizonak, hiruretatik autoritarioena zirudienak, haragi zati bat zatitu zuen erretiluan bertan nahikoa samur zegoela baieztatzeko asmoz. Bere poztasuna adierazi zuen amaren eta arrebaren lasaitasuna sortuz.

Bitartean, familiak sukaldean afaltzen zirauen. Aita, familiarekin bildu aurretik jantoki-salara sartu, hiru gizonak agurtu eta, txanoa eskuan zuelarik, mahaiaren inguruan buelta eman zuen. Horren ondoren, familia elkarrekin zegoenean, ia-ia isiltasun osoan hasi ziren jaten.

Gregoriori gauza bitxia iruditzen zitzaion beti, afalorduan zeuden hots guztien artean, haginek jakiak mamurtzerakoan egiten zuten hotsa nabaritzea, honek Gregoriori jateko haginak beharrezkoak zirela eta hagin bako masailezurrarekin jatea ezinezkoa zela adierazi nahiko balio bezala. “Hau gosea dudana, hau –zioen bere artean, arduraturik–. Baina ez dira hauek nahi ditudan gauzak… Hauena bai gogoz jatea! Eta ni bien bitartean, gosez hilda!”

Gau hartan bertan –Gregoriok ez zuen gogoratzen biolina entzun zuenik denbora luze hartan– sukaldean haren soinua igarri zuen. Apopiloek amaitu zuten jada afaltzen. Erdian jarrita zegoenak egunkari bat atera zuen eta alboan zeuden beste biei orri bana eman zien, eta hirurak irakurtzen hasi ziren, aulkian etzanda zeudelarik. Biolina aditu zutenean, arreta musikarengan jarri zuten; jaiki egin ziren, eta, behatz-puntetan ibiliz, ate ondoraino joan ziren, bertan mugitu gabe, bata bestearen kontra geldituz. Zalantzarik gabe aitak sukaldetik entzun zituen, hauxe galdetu baitzien:

– Beharbada jaunek ez dute musika atsegin?

Eta gehitu zuen:

– Horrela bada, momentuan eten daiteke.

– Inondik inora ere –esan zuen autoritate handiena zuen gizonak-. Nahiko luke andereñoak hona sartu eta hemen jo? Askoz ere erosoagoa eta atseginagoa izango litzateke.

– Noski baietz! –erantzun zuen aitak, bera biolina joko zuena bailitzan.

Apopiloak jantoki-salara itzuli ziren, eta bertan itxaron zuten. Handik gutxira heldu zen aita atrila eskuetan zuela, honen ondoren ama musika paperekin, eta, azkenik, arreba, biolinarekin. Arrebak dena lasaitasunez prestatu zuen jotzen hasteko. Bitartean, gurasoak ez ziren ausartzen haien besaulkietan jesartzen ere, sekula ez baitzuten apopilorik eduki etxean eta horregatik haienganako adeitasun osoa erakusten zuten. Aita atearen ondoan gelditu zen, eskumako eskua bere trajearen bi botoiren artean sartuta zuelarik; baina amari, apopiloetariko batek besaulkian jesartzea eskaini zion, eta bazter baten jarri zen, ez baitzuen besaulkia gizon hark utzitako lekutik mugitu.

Arreba jotzen hasi zen, eta aitak eta amak, bakoitzak bere lekutik, haren eskuaren mugimendu guztiak jarraitzen zituzten. Gregorio, musikak erakarrita, apur bat aurreratzera ausartu zen, eta bere burua jantoki-salan zegoela konturatu zen. Jada ez zen harritzen besteekiko zuen arreta eskasagatik, eta, lehen, aldiz, arreta hori izan zen hain zuzen berak zuen bertuterik aipagarriena. Hala eta guztiz ere, orain inoiz baino gehiago, berak ezkutatzeko arrazoiak zituen, izan ere, bere logelan zegoen zikinkeria guztia zela eta, edozein mugimendu egiterakoan, bere inguruan hautsa altxatzen zuen, bera ere hautsez beteta zegoen eta berarekin batera bizkarrean eta alboetan litsak, ileak eta jaki hondakinak zeramatzan. Besteenganako axolagabetasuna sekula baino nabarmenagoa zen, aurretik egunean hainbat aldiz alfonbra gainean etzanda marruskatzen zenean baino nabarmenagoa hain zuzen. Eta, halere, zegoen egoeran zegoela ere, ez zuen lotsarik sentitzen jantoki-salako lurrean zehar aurrera egitean.

Egia da inor ere ez zela beraz arduratzen. Familia biolinaren soinuarekin guztiz txundituta zegoen, eta apopiloak, hasieran eskuak poltsikoetan zeuzkatela, atrilaren ondoan kokatu ziren, honetatik nahiko hurbil, guztiek letrak irakurri ahal izateko eta seguruenik arrebari enbarazu egiten ziotelarik. Baina ez ziren luzaro horrela egon eta laster leihoaren ondora joan ziren aurpegiak alboratuta, eta aitak larriturik begiratzen zituela. Izan ere horrek adierazten zuen haiek aparteko musika dibertigarria entzuteko zuten ilusioa apurtu zela, jada nekatzen hasiak zirela eta soilik adeitasuna erakustearren onesten zutela arrebak biolina jotzen jarraitzea. Bereziki hirurak erretzen ari ziren zigarroen kea ahotik edota sudurretik botatzeko moduak urduritasun handia adierazten zuen.

Eta, baina, zeinen ondo jotzen zuen arrebak! Aurpegia alboratuta zuela jarraitzen zuen adi-adi eta tristeki pentagrama irakurtzen. Gregorio apur bat gehiago hurreratu zen eta burua lurrari lotuta mantendu zuen, bere begirakunea bere arrebarenarekin topatzeko ahaleginak eginez.

Piztia izango ote zen, musikak hainbeste txunditzen bazuen?

Bere aurrean sutsuki antsiatutako jaki ezezagun batengana zuzentzen zuen bidea zabaltzen zela zirudien. Bai, arrebarenganaino heltzeko erabakia hartuta zuen, gonatik tira egin eta era hartan bere logelara biolina jotzera joan behar zuela adierazteko, bertan inork ez baitzuen bere musika saritzen eta berak egin nahi zuen hori. Aurrerantzean, ez zion arrebari bere logelatik irteten utziko, berak bizirik zirauen bitartean ez behintzat. Lehenengo aldiz zerbaitetarako balio behar zion bere itxura beldurgarri hark.

Momentu batean ate guztietan egon ahal izatea nahi zuen, eraso nahi zion edonoren gainean salto egiteko prest. Baina ezinbestekoa zen arreba bere ondoan geratu zedin, ez behartuta baizik eta bere borondatez; beharrezkoa zen halaber, bere ondoan jesarri zedin sofan, beregana makurtu zedin, eta orduan aitortuko zion Kontserbatoriora bidaltzeko asmoa eduki zuela, eta aurreko Gabonetan zoritzar hura gertatu izan ez balitz –izan ere, Gabonak igaro ziren jada, ezta?, horrela aitortuko zion guztiei, inoren eragozpenak kontuan hartu gabe. Eta azalpen hau entzuterakoan, arreba, hunkituta, negar batean hasiko zen, eta Gregorio bere sorbalda gainera igoko zen, eta saman musukatuko zuen, dendara zihoanetik biluzik, zinta gabe, eramaten zuen sama hartan.

– Samsa jauna –esan zion aitari hiruretatik agintariena zirudien gizonak. Eta, beste hitz bat gehiago esaten denbora alferrik galdu gabe, aitari erakutsi zion, hatz erakuslea luzatuz, Gregorio, hau geldiro aurrera zihoalarik. Biolinaren soinua momentu hartan isildu zen, eta hiruretatik agintariena zirudienak irribarre egin zien bere lagunei, burua astinduz, eta berriro Gregoriorengana zuzendu zuen bere begirada.

Aita lehenengo eta behin, Gregorio bertatik kanporatu beharrean, apopiloak lasaitzen ahalegindu zen, zeinek ez zeuden batere urduri, eta biolina jostagarriagoa iruditzen zitzaien Gregorioren agerrera. Haiengana lastertu zen, eta, besoak luzatuz, haien logelara bultzatu nahi izan zituen Gregorio bere gorputzarekin ezkutatzen zuelarik. Haiek, orduan, ez zuten haien haserrea disimulatu, nahiz eta ezin zitekeen jakin haserre hori aitaren jokabideagatik zen edota, susmorik txikiena eduki gabe, tankera horretako izaki batekin batera bizi izan zirela jakin izanagatik.

Azalpen eske hasi zitzaizkion aitari, zerura jaso zituzten haien besoak, nork bere bizarretik tira egin zuen keinu urduri batez, eta astiro-astiro atzera egin zuten haien logelaraino.

Bitartean, arrebak lortu zuen bat-bateko eten hari buru egitea. Momentu batez mugitu ezinik gelditu zen, oraindik jotzen ibiliko bailitzan, biolina axolagabetasunez eusten zuela. Eta bat-batean beretik irten zen: instrumentua amari ipini zion besoetan, honek bere besaulkian jarrita jarraitzen zuelarik, bere birikak egiten ari ziren lan neketsuaren erruz ia itota. Arreba alboko gelara abiatu zen, aitak bultzatuta apopiloak orain arinago sartzen ari ziren gela berera. Trebetasun handiz mantak eta burukoak hartu eta lekuz aldatu zituen, eta gizonak haien gelara sartu baino lehenago ere, amaitu zuen haien oheak egiten eta handik irtenda zegoen jada.

Aita hain zuen bere itsukeriak gainduta, ezen ahaztu egin zuen apopiloenganako gutxiengo adeitasuna izatea, eta haiek sutsuki bultzatzen jarraitzen zuen, harik eta atalasera iritsi zirenean hiruretatik agintariena zirudienak, lurraren kontra ostiko bat jo zuen, eta, ahots beldurgarri batekin, aita geldiarazi zuen hitz hauek esanez

– Jakinarazi nahi dizuet –eta hau esatean eskua altxatu eta amaren eta arrebaren begiradarekin bat egin zuen–, jakinarazi nahi dizuet zeuei, familia honetan gertatzen diren gertakari nazkagarriak ikusirik –eta hitz hauek esatearekin batera txistua bota zuen lurrera gogotsu–, momentu honetan bertan alde egingo dudala etxe honetatik. Ez da beharrezkoa esatea deus ere ez dudala ordaindu beharko hemen igaro ditudan egunengatik; arinago aldiz, hausnartu egingo dut zuri kalte-ordainketarik eskatuko dizudanentz, eta ez uste hau egiaztatzea oso zaila izango denik.

Isildu eta bere ingurura begiratu zuen, zerbaiten zain egongo bailitzan. Eta, hain zuzen ere, bere beste bi lagunek berak esandakoa berretsi zuten, hauxe gehituaz:

– Geuk ere momentu honetan bertan alde egingo dugu etxe honetatik.

Honen ostean, hiruretatik agintariena zirudienak maratila heldu zuen eta atea kolpe batez itxi zuen.

Aita, zalantzazko pausoak emanez, eskuen laguntzaz haztamuka, bere besaulkira zuzendu zen, eta bertan bota zen. Bazirudien gabetako bere ohiko loaldia egitera zihoala, baina bere buruaren makurdurak, pisu gabe jausita balego moduan, erakusten zuen ez zegoela lotan.

Denbora guzti horretan, Gregorio isilik geratu zen, apopiloek ezustean hartu zuten leku berean geldirik. Bere planaren porrotak sorturiko tristurak, eta baliteke baita goseak sorturiko ahuleziak ere, ezinezko egiten zuten mugimendurik txikiena ere. Luze barik ekaitz itzel bat gainera etorriko zitzaionaren beldur zen, eta zain zegoen. Ez zen biolinaren zaratarekin ere aztoratu, zeina amaren atzamarren dardararen eraginez bere altzotik lurrera jausi zen.

– Guraso maiteak -esan zuen arrebak, sarrera gisa mahai gainean ukabilkada itzel bat emanez–, honek ezin du horrela jarraitu. Zeuek ulertzen ez baduzue, neu ohartzen naiz horretaz. Munstro honen aurrean, ez dut nire nebaren izena aipatu ere egin nahi; eta, horregatik, hauxe baino ez dut esango: ezinbestekoa da bera gainetik kentzea. Gizalegez posible zirenak eta ez zirenak ere egin ditugu bera zaindu eta jasateko, eta ez dut uste, hau horrela izanik, inoren gaizkirik txikiena ere entzun behar dugunik.

– Mila aldiz duzu arrazoia –esan zuen orduan aitak.

Ama, oraindik arnasestuka zebilela, isilean eztulka hasi zen, eskua bularrean zuela eta begirada zoro antzera galduta zuela.

Arreba berarengana joan zen korrika eta bekokia eutsi zion.

Aita, arrebaren hitzek bere burutapena zehaztera bultzatu zuten. Besaulkian erosoago jesarri zen, oraindik apopiloen janariaren mahaian geratzen ziren plateren artean bere ordenantza burukoarekin jolasten zuen, eta, noizbehinka, Gregoriori begirada bat zuzentzen zion, ikaragaitz.

– Ezinbestekoa da bera gainetik kentzea –errepikatu zion, azkenean, arrebak aitari; izan ere, amak, bere eztula zela eta, ezin zuen ezer ere entzun. Guk egiten dugun lana egiten denean, ez da posible etxean, gainera, gisa honetako atsekabeak bizitzea. Nik neuk ere ezin dut hau gehiago jasan.

Eta negar batean hasi zen bere malkoak amaren gainera jausten zirelarik eta honek, mekanikoki, eskuarekin garbitzen zituelarik.

– Alabatxo –esan zuen orduan aitak errukiz beterik eta argitasun harrigarriz-. Zer egingo diogu ba!

Baina arrebak lepoa jaso besterik ez zuen egin, negar egiten zuen bitartean sentitu zuen harridura, aurreko erabakiaren hain kontrakoa zena, azaleratuz.

– Behintzat berak ulertuko bagintu –esan zuen aitak.

Baina arrebak, etengabe negar eginez, indartsuki eragin zuen eskua, horrela adierazi nahian ez zutela horretan pentsatu ere egin behar.

– Behintzat berak ulertuko bagintu –jarraitu zuen aitak esaten, begiak itxiz, aditzera emanez bera ere ziur zegoela hau ezinezkoa zela–, agian berarekin akordio batera heldu gintezke. Baina egoera honetan…

– Ezinbestekoa da berak hemendik alde egitea –esan zuen arrebak–. Hauxe da bide bakarra, aita. Gregorio dela pentsatzeari hustea besterik ez duzu egin behar. Hori sinistu izana da, hain zuzen, gure zorigaitz honen arrazoia. Zelan izan liteke hau Gregorio? Bera balitz, dagoeneko ulertuko zuen ez dela posible gizaki bizidun batzuk halako zomorro batekin batera bizitzea. Eta berari bururatuko zitzaion alde egitea. Neba galduko genuke, baina bizitzen jarraituko genuke, eta gogoan edukiko genuke. Baina horrela, animalia honek jarraitu egiten gaitu, apopiloak bidali egiten ditu etxetik eta argi eta garbi adierazten du etxe guztiaz jabetu nahi dela eta gu kalean utzi nahi gaituela. Begira, aita –hasi zen bat-batean oihuka–, berriro ere hasi da!

Eta Gregoriori ulertezina iruditu zitzaion beldurra adieraziz, arrebak ama bertan utzita alde egin zuen, besaulkitik urrundu zen, Gregoriorengandik hurbil egotea baino ama sakrifikatzea nahiago zuela adieraziz, eta aitaren atzean babestera joan zen korrika; aita, era berean, bere jokabide honengatik asaldaturik, zutitu egin zen, arrebaren aurrean besoak luzatuz, hau babesteko keinua eginez.

Baina kontua da Gregoriori ez zitzaiola burutik pasa ere egin inor beldurtzea, ez eta gutxiago bere arreba beldurtzea. Egin zuen gauza bakarra izan zen bere logelara bueltatzeko buelta ematea, eta hori izan zen, zalantza barik, besteak izutu zituena, izan ere, minduta zegoenez gero, mugimendu zail hori egiteko burua lurrean jarri eta bertatik altxatu behar zuen. Gelditu egin zen eta bere ingurura so egin zuen. Bazirudien bere asmo ona ulertu zutela: gertatutakoa momentuko ezustea baino ez zen izan.

Orain guztiek begiratzen zuten tristeki eta pentsakor. Ama bere besaulkian zegoen, hankak bata bestearen kontra bere aurrean luzaturik eta begiak nekearen nekez ia itxita zeuzkala. Aita eta arreba bata bestearen ondoan zeuden eserita, eta arrebak aitaren sama inguratzen zuen bere besoarekin.

– Beno, beharbada mugitu naiteke jada –pentsatu zuen Gregoriok, berriro bere ahalegin tamalgarri hari ekinez. Ezin zuen bere arnasotsa geldiarazi, eta noizean behin atseden hartzeko gelditu behar zuen. Baina inork ere ez zuen azkarrarazten; askatasun osoa zuen. Buelta emanda zuenean, atzera bideari ekin zion lerro zuzenean. Harritu egin zen bere logelaraino zegoen distantziaz ohartzean; ezin zuen ulertu, bere egoera ahul hartan, zelan izan zen gai, minutu gutxi batzuk lehenago, ia nabaritu gabe bide berori egiteko. Ahalik eta lasterren narrastea beste ardurarik ez zuela, ez zen konturatu familiako inork ez zuela zirikatzen hitz edo oihuekin.

Atalasera heldu zenean, ordea, atzera begiratu zuen, eta ohartu zen bere atzean denak jarraitzen zuela berdin. Arreba soilik zutitu zen.

Eta bere azken begirada azkenean lo geratu zen bere amari zuzendu zion.

Logelan sartu zeneko, atea zarratu eta txingetaz eta giltzez itxi zutela nabaritu zuen. Honek sortu zuen zarata zakarrak hain beldurtu zuen, ezen hankak ere tolestu egin zitzaizkion. Arreba zen hainbesteko presa zuena. Zutik geratu zen, logelan sartu eta atea ixteko zelatan egongo bailitzan. Gregoriok ez zuen hurbiltzen sumatu.

– Azkenean! –oihu egin zien berak gurasoei, sarrailan giltzari buelta ematen zion bitartean.

– Eta orain? –galdetu zion Gregoriok bere buruari iluntasunean bere ingurura begiratzen zuelarik.

Handik gutxira konturatu zen guztiz ezinezkoa zitzaiola mugitzea. Honek ez zuen harritu: lehen, ostera, ez zitzaion normala iruditzen, ordura arte egin zuen legez, hankatxo mehe haiekin aurrera egiteko gai izatea. Beste guztiari zegokionez, gutxi gora-behera gustura sentitzen zen. Egia zen gorputz osa minduta zuela; baina sentitzen zituen min haiek gero eta ahulagoak ziren, eta pentsatzen zuen, azkenean, amaituko zirela. Jada ez zuen ia sentitzen bizkarrean zeraman sagar usteldua, ezta zuriz estalitako hantura ere. Emozioz eta maitekiro pentsatzen zuen bere senideengan. Bere arreba bera baino ziurrago zegoen desagertu egin behar zenez.

Eta gogoeta eta arduragabetasun lasai hartan egon zen goizaldeko hiruretan elizako erlojuak jo zuen arte. Oraindik gozatu ahal izan zuen egunsenti horren hasiera. Beranduago, berak nahi ez bazuen ere, bere burua guztiz hondoratu zen eta bere muturretik azken arnasa bota zuen.

Hurrengo goizean, neskamea sartu zenean –hain ematen zituen ateekin kolpe gogorrak, ezen heltzen zenean ezinezkoa baitzen ohean atseden hartzea, hainbatetan molde haiek aldatzeko eskatu bazitzaion ere– Gregoriori ohikoa zen bisita egiteko, ez zuen, hasieran, beregan ezer arrarorik hauteman. Suposatu zuen horrela zegoela, geldi-geldi, haserre zegoela adierazteko asmoz, edozein ezagupenerako gai ikusten baitzuen. Halabeharrez, kedarra kentzeko tresna zeraman eskuan, eta honekin, atetik, Gregoriori kilimak egitea nahi izan zuen.

Honekin ezer lortzen ez zuela ikusirik sumindu egin zen, ziztatu egin zuen, eta Gregorio bultzatu ostean, honek mugimendurik txikiena ere egiten ez zuela ikusi ondoren egin zion so, eta, momentuan gertatutakoaz ohartuz, neurri gabe zabaldu zituen begiak eta harridura oihu bat bota zuen. Baina ez zen denbora luzez geldirik egon, eta logelako atea zakarki ireki eta iluntasunean oihu bat bota zuen:

– Ikusi ezazue, lehertu egin da! Hortxe duzue, guztiz lehertuta!

Samsa jaun eta andrea haien ohean eserita jarri ziren. Asko kosta zitzaien izualdiaren ostean erantzutea, eta kosta zitzaien ere neskameak emandako berria ulertzea. Baina hau ulertu zutenean, berehala irten ziren ohetik, bakoitza alde batetik eta biek zorroztasun handia adieraziz. Samsa jaunak sorbalden gainean jarri zuen ohe gainekoa; Samsa andreak bere lo egiteko kamisoia baino ez zuen jantzirik, eta itxura horrekin sartu ziren Gregorioren logelan.

Bien bitartean, apopiloen etorreratik Gretek lo egiten zuen jantoki-salako atea ere zabaldu zen. Grete guztiz jantzita zegoen, gau guztian lorik hartu izan ez balu legez, eta halaxe adierazten zuen, izan ere, bere aurpegiaren zurbiltasunak.

– Hilda? –esan zuen Samsa andreak, neskameari zalantza aurpegiz begiratuz, nahiz eta honetaz ziur egoteko arrazoiak falta ez zitzaizkion.

– Hauxe da esaten nabilena -erantzun zuen neskameak, honen egiatasuna frogatzeko Gregorioren gorpua bultzatzen jarraitzen zuen bitartean.

Samsa andreak neskamea geldiarazteko mugimendu bat egin zuen, baina ez zuen geldiarazi.

– Beno –esan zuen Samsa jaunak–, orain eskerrak eman ahal dizkiogu Jaunari.

Aitaren egin zuen, eta hiru emakumeek gauza bera egin zuten. Gretek ez zion gorpu hari begirik kentzen:

– Ikusi ezazue zeinen argal zegoen –esan zuen–. Egia da aspaldi ez zuela janaririk dastatu ere egiten. Janaria sartzen zen moduan irteten zen gelatik.

Gregorioren gorpuak, izan ere, guztiz zapala eta lehorra zirudien. Orain ohartzen ziren honetaz, jadanik ez zelako bere hankatxoen gainean eusten, eta inork ere ez zuen bera ez zen zerbait begiratzen.

– Grete, etorri zaitez gurekin momentu batez –esan zuen Samsa andreak, tristura adierazten zuen irribarre bat eginez.

Eta Grete, gorpuari begirik kendu gabe, bere gurasoen atzetik joan zen logelara.

Neskameak atea itxi zuen, eta leihoa guztiz zabaldu zuen. Oraindik oso goiz zen, baina aireak bazuen jada, bere freskotasun hartan epeltasun kutsu bat. Martxoa amaitzear zegoen.

Hiru apopiloak haien logelatik irten ziren eta haien gosaria non zegoen begiratu zuten. Ahaztu egin zitzaien.

– Eta gosaria? –galdetu zion neskameari hiruretatik agintariena zirudienak.

Baina neskameak, hatz erakuslea ahoan ipiniz, isilean, jaunak Gregorioren gelara sartzera deitu zituen.

Hara sartu ziren, eta hantxe egon ziren, argiz betetako logela hartan, Gregorioren gorpuaren inguruan, hari mesprezuz begira eta eskuak haien jaka erabilietako poltsikoetan sartuta zeuzkatela.

Orduan logelako atea ireki zen eta Samsa jauna agertu zen, esku bat bere emazteri eta bestea bere alabari lotuta zuela. Guztiek negar egin zuten antza zeukaten, eta Gretek noizbehinka bere aitaren besoaren atzean ezkutatzen zuen aurpegia.

– Alde egin ezazue neure etxetik berehala –esan zuen Samsa jaunak, atea seinalatuz baina emakume biak askatu gabe.

– Zer adierazi nahi duzu horrekin? –galdetu zion hiruretatik agintarienak, zertxobait nahasturik eta uzkurtasun irribarre bat eginik.

Beste biek eskuak atzealdean gurutzatuta zeuzkaten, eta etengabe ari ziren haien eskuak igurzten, irabaziko zuten borroka baten zain egongo balira moduan.

– Adierazi nahi dudana zehatz-mehatz esan dudana da –erantzun zuen Samsa jaunak, emakume biekin batera apopiloarengana hurbilduz.

Hau momentu batez isilik eta lasai gelditu zen, begirada lurretik altxatzen ez zuela, bere pentsamenduak irudimenean antolatzen ari balira.

– Hori horrela bada, bagoaz –esan zuen, azkenean, Samsa jaunari so eginez, bat-bateko indar batek bultzaturik honetarako ere baimena eskatu behar balio legez.

Samsa jaunak begiak asko zabaldu eta burua gora eta behera mugitu beste gauzarik ez zuen egin.

Honen ostean, apopiloa pausu handiak emanez ate ondora zuzendu zen. Bere bi kideek aspalditik entzuten zirauten, eskuak igurtzi gabe, eta orain bere atzetik irten ziren arineketa batean, Samsa jauna haiek baino lehenago ate ondora heldu eta beraien eta haien gidariaren artean jarriko zenaren beldurrez.

Ate ondora iritsi zirenean, nork bere txapela hartu zuen pertxerotik, nork bere aterkia atera zuen aterki-ontzitik, isilean makurtu ziren eta etxetik alde egin zuten.

Ezer frogatzen ez zuen mesfidantzarekin, beranduago ikusiko zen moduan, Samsa jauna eta emakume biak eskailera ondora irten ziren eta, eskudeletik begiratu zuten zelan hiru gizon haiek, astiro baina etengabe, eskaileratan behera egiten zuten, pisu bakoitzean honek egiten zuen bueltan desagertu, eta segundo batzuk beranduago berriro agertzen zirelarik.

Jaisten zihoazen bitartean, Samsa familiak haienganako zuen interesa murriztuz zihoan, eta Samsa jauna eta emakumeak, zama astun bat gainetik kendurik, etxe barruan sartu ziren berriro.

Egun hura atseden hartzen eta osteratxoren bat egiten emango zutela erabaki zuten: ez zuten soilik guztiz irabazirik atseden hau, are gehiago, premiazkoa zen. Mahairatu ziren, beraz, eta hiru eskutitz idatzi zituzten barkamena eskatuz: Samsa jaunak, bere nagusiari; Samsa andreak, dendako jabeari, eta Gretek, bere nagusiari.

Egiteko hauetan buru-belarri sartuta zeudenean, neskamea sartu zen bazihoala esateko, bere goizeko beharra amaitu baitzuen jadanik. Hirurek jarraitu zuten idazten, neskameari jaramon egin gabe, buruarekin baiezko keinu bat egiteaz nahikoa izan zen. Baina, bera ez zihoala ikusirik, burua altxatu zuten, haserre.

– Zer duzu? –galdetu zuen Samsa jaunak.

Neskamea irribarretsu zegoen ate ondoan, familiari berri zoragarri bat jakinarazi behar balio bezala, baina bere jarrerarekin adieraziz haiek galdeketa egin ondoren baino ez zuela egingo. Lumatxoa bere txapelean artez ipinita, eta bere familiarentzat lan egiten hasi zenetik Samsa jaunak gogaitzen zuena, norabide guztietarantz kulunkatuz.

– Ia, ikus dezagun, zer nahi duzu zerorrek? –galdetu zuen Samsa andreak, nor neskameak gehien errespetatzen zuen pertsona baitzen.

– Ba –erantzun zuen honek, eta barreak ez zion jarraitzen uzten-, ba ez zaretela arduratu behar alboko traste hori erditik kentzeaz. Dena dago konponduta.

Samsa andrea eta Grete berriro makurtu ziren haien eskutitzen gainean, idazten jarraitzeko moduan, eta Samsa jaunak, neskamea dena zehatz-mehatz kontatzera zihoala ikusirik, isilarazi egin zuen, eskua beregana indartsuki luzatuz.

Neskameak, ikusi zuenean ez ziotela kontatzeko prest zuena kontatzen utziko, gogoratu zuen presaz zebilela.

– Jainkoak zain zaitzatela! –esan zuen, nabarmenki minduta.

Buelta erdi eman zuen sumindurik, eta jantoki-salatik atera zen ate-kolpe itzela emanez.

– Gaur gabean lanetik bidaliko dut –esan zuen Samsa jaunak.

Baina ez zuen erantzunik jaso, ez bere emaztearena, ezta bere alabarena ere, izan ere neskameak nahasi egin zuen berriro ere berreskuratu zuten lasaitasun hura.

Ama eta alaba altxatu egin ziren eta leihorantz zuzendu ziren, bertan besarkaturik geratu zirelarik. Samsa jaunak bere besaulkia norabide hartarantz mugitu zuen, eta, lasai-lasai haiei so egiten egon zen momentu batez. Honen ostean:

– Beno –esan zuen–, etor zaitezte. Ahaz itzazue behingoz iraganeko kontuak. Eduki nazazue neu ere kontuan.

Emakume biek momentuan esanak egin zituzten, berarengana lastertu ziren, laztandu zuten eta idazten bukatu zuten.

Beranduago, hirurak elkarrekin irten ziren, hileetan egin ez zuten zerbait zelarik, eta tranbiara igo ziren osteratxo bat egiteko asmoz. Haiek ziren zihoazen bidaiari bakarrak. Tranbia eguzkiaren berotasunez beteta zegoen. Haien eserlekuetan etzanda, geroari buruzko kontuei buruz hitz egiten hasi ziren, eta ikusi zuten, gauzak ongi pentsatuta, hau ez zela oso iluna. Izan ere, haien hiru lanpostuak oso onak ziren, eta, batez ere, beranduagoko esperantzak posible egiten zitzaizkien.

Momentuz hobetu behar zena etxez aldatzea zen. Etxe txikiago eta merkeago bat nahi zuten, eta, batez ere, hobeto kokatuta zegoena eta oraingoa, Gregoriok aukeratua zena, baino praktikoagoa.

Eta horrela berbetan ari zirela, ia batera ohartu ziren Samsa jauna eta andrea haien alaba hazi egin zela eta indarrez beteriko neskatxa eder bat zela orain. Hitzik esan barik, begiradaz soilik elkar ulertuz, batak besteari esan zion bazela garaia haien alabarentzat senar bat bilatzeko.

Eta, bidaia bukatu zenean, alaba altxatzen lehenengoa izan zenean, eta bere itxura gaztea agertu zuenean, gurasoen amets eta asmo onak sendotu egin ziren.