Edukira joan

Nazio Batuen sorrera gutuna

Wikitekatik

I. KAPITULUA: asmoak eta printzipioak

[aldatu]

1. artikulua. Honako hauek dira Nazio Batuen asmoak:

1. Nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea. (...)

2. Eskubide-berdintasunaren printzipioari eta herrien determinazio librerako eskubideari errespetuan oinarrituriko adiskidetasunezko harremanak sustatzea nazioen artean. (...)

3. Nazioarteko lankidetzan aritzea nazioarteko arazoak konpontzeko, nahiz ekonomikoak, sozialak, nahiz kulturari edo gizarteari dagozkienak. Halaber, nazioarteko lankidetzan aritzea giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak garatzen eta bultzatzen, bereizketarik egin gabe arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioagatik. (...)

2. artikulua. 1. artikuluan adierazitako asmoak gauzatzeko, ondoko printzipioen arabera jokatuko dute Erakundeak eta horko kideek:

1. Kide guztien arteko berdintasun subiranoan oinarrituta dago Erakundea. (...)

3. Erakundeko kideek bide baketsuei jarraituz konponduko dituzte beren arteko nazioarteko gatazkak.

5. Gutun honetakoa betetzeko egindako ekintza guztietan emango diote Erakundeari beharrezko laguntza bertako kideek. (...)

6. Erakundea saiatuko da Nazio Batuen Erakundeko kide ez diren estatuek ere aipaturiko printzipioen arabera joka dezaten, nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko behar den neurrian. 7. Gutun honetako xedapen batek ere ez dio Nazio Batuen Erakundeari baimenik emango estatuen barne-jurisdikzioko arazoetan sartzeko, eta ez ditu behartuko kideak arazo horiek Gutun honen araberako prozeduren bitartez konpontzen; baina ez daude kontraesanean printzipio hau eta VIII. kapituluan agindutako neurri hertsagarrien aplikazioa. (...)

II. KAPITULUA: organoak.

[aldatu]

7.1 artikulua. Honako hauek izango dira Nazio Batuen organo nagusiak: Batzar Nagusia, Segurtasun Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, Administrazio Fiduziariorako Kontseilua, Nazioarteko Justizia Gortea eta Idazkaritza.

(...)

III. KAPITULUA: Batzar Nagusia.

[aldatu]

KIDEAK

[aldatu]

9.1 art. Nazio Batuen Erakundeko kide guztiek osatuko dute Batzar Nagusia.

FUNTZIOAK ETA ESKUDUNTZAK

[aldatu]

10. art. Edozein gai edo arazo eztabaida daiteke Batzar Nagusian, betiere Gutun honen mugen barrukoa bada, edo Gutun honek sortutako organoen botereei eta funtzioei dagokiena; eta, 12. artikuluan xedatutakoa salbu, gai edo arazo horiei buruzko gomendioak eman diezazkieke Nazio Batuen Erakundeko kideei edo Segurtasun Kontseiluari, edo horri eta haiei.

11. art. 1. Nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko lankidetzaren printzipio orokorrak azter ditzake Batzar Nagusiak. (...)

14. art. 12. artikuluan xedatutakoa salbu, Batzar Nagusiak neurriak gomenda ditzake edozein egoeraren irtenbide baketsua aurkitzeko, arazoaren iturria kontuan izan gabe, Batzarraren ustez ongizate orokorra edo nazioen arteko adiskidetasunharremanak kaltetu daitezkeenean; bai eta Nazio Batuen printzipioei eta asmoei buruzko Gutun honetako xedapenak urratzearen ondorioz sorturiko egoeretan ere.

(...)

IV. KAPITULUA: Segurtasun Kontseilua.

[aldatu]

KIDEAK

[aldatu]

23. art. 1. Hamabost kide izango ditu Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Kide iraunkorrak izango dira: Txinako Errepublika, Frantzia, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, Britainia Handiko Erresuma Batua eta Ipar Irlanda, eta Ameriketako Estatu Batuak. Batzar Nagusiak aukeratuko ditu Nazio Batuen Erakundeko kideen artetik beste hamar kide, ez iraunkorrak. (...)

FUNTZIOAK ETA ESKUDUNTZAK

[aldatu]

24. art. 1. Nazio Batuen Erakundeak bizkor eta modu eraginkorrean joka dezan, Erakundeko kideek nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko ardura nagusia ematen diote Segurtasun Kontseiluari, eta aitortzen dute haien izenean jokatzen duela Segurtasun Kontseiluak ardura horren ondoriozko funtzioak betetzean. (...) BOZKETA 27. art. 1. Boto bana izango du Segurtasun Kontseiluko kide bakoitzak. 2. Bederatzi kideren baiezko botoarekin onartuko dira prozedurari dagozkion erabakiak. 3. Bederatzi kideren baiezko botoarekin edo kide iraunkor guztien botoekin onartuko dira gainerako arazo guztiei buruzko erabakiak.

(...)

VII. KAPITULUA: bakea urratzeko arriskua egonez gero, bakea urratuz gero edo erasoaldia izanez gero egin beharrekoa.

39. art. Segurtasun Kontseiluak erabakiko du noiz dagoen bakea urratzeko arriskua, noiz urratu den edo erasoaldirik gertatu den; halaber, gomendioak emango ditu edo zein neurri hartuko den erabakiko du.

40. art. Egoera larritu ez dadin, gomendioak eman baino lehen edo 39. artikuluko neurriak hartu aurretik, Segurtasun Kontseiluak eska diezaieke alderdi interesdunei behin-behineko neurriak betetzeko, beharrezkoak edo gomendagarriak direla uste dutenak. (...)

41. art. Segurtasun Kontseiluak erabaki ahal izango du indar armatua eskatzen ez duten zer neurri hartu, Kontseiluak erabakitakoa bete dadin, eta Nazio Batuen Erakundeko kideei eskatu ahal izango die hartutako neurriak aplika ditzatela; neurri horien artean egon daiteke harreman ekonomikoak eta komunikabideak (trenbideak, itsasokoak, airekoak, postazkoak, telegrafikoak, irratia eta beste komunikabide batzuk) erabat edo partzialki etetea edo harreman diplomatikoak etetea.

42. art. Segurtasun Kontseiluak erabakiko balu 41. artikuluaren araberako neurriak desegokiak izan litezkeela edo garbi geratu dela desegokiak direla, aireko, itsasoko edo lurreko indarren bidez esku har dezake nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko edo ezartzeko. (...)

43. art. Nazio Batuen Erakundeko kide guztiak konprometitzen dira, nazioarekiko bakea eta segurtasuna mantentze aldera, Segurtasun Kontseiluaren esku jartzen indar armatuak, laguntza eta erraztasunak, igarotzeko eskubidea bera ere bai, Kontseiluak hala eskatzen duenean eta itun berezi batek edo gehiagok arauturikoari jarraituz.

(...) 1945

Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 60-64. Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 38.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.