Lehenengo liburua
I
[aldatu](1094a) Badirudi arte orok eta ikerketa orok –eta, era berean, ekintza orok eta hautapen orok– ongi jakin baterako joera dutela; horregatik esan da ederki ongia gauza guztiek joera duten hori dela. Badirudi, ostera, helburuen artean desberdintasunen bat badagoela, batzuk jarduerak baitira, eta besteak, horiek alde batera utzita, emaitza jakin batzuk. (5) Bestalde, ekintzez gain helburu jakin batzuk dauden kasuetan, emaitzak jarduerak baino hobeak dira berez. Baina ekintzak, arteak eta zientziak asko direnez gero, helburuak ere asko izango dira; medikuntzaren helburua, hain zuzen ere, osasuna da; ontzigintzarena, itsasontzia; estrategiarena, garaipena; eta ekonomiarena, aberastasuna. (10) Hala ere, ahalmen bakar baten menpe dauden horietan guztietan (brida-artea eta zaldi-edergintza hipikaren menpe dauden bezala, eta hori eta gerra-ekintza oro estrategiaren menpe eta, era berean, besteak besteen menpe), horietan guztietan arau-emaile direnen helburuak, berauen menpe dauden guztienak (15) baino nahigarriagoak dira, horiek haiei begira bilatzen baitira. Bestalde, ez du axola ekintzen helburuak jarduerak beraiek diren edo, horiek alde batera utzita, beste zerbait den, aipatutako zientzietan bezala.
II
[aldatu]Beraz, gure ekintzetan harengatik berarengatik nahi izaten dugun helbururen bat baldin badago eta gainerako helburu guztiak helburu harengatik bilatzen baditugu, (20) eta gauza guztiak beste gauza batengatik aukeratzen ez baditugu (horrela amaigabe jarrai bailiteke eta, ondorioz, gogoa, hutsa eta alferrikakoa izan), agerikoa da helburu hori ongia eta onena izango dela. Horrela, bada, ez ote du beraren ezagutzak eragin handia izango gure bizitzan? Eta itu bat duten arkulariek bezala, ez ote dugu gure helburua errazago erdietsiko? Horrela baldin bada, (25) azaletik behintzat ahalegindu behar dugu ulertzen bera zein den eta zein zientziari edo potentziari dagokion. Antza denez, nagusia eta neurri handi batean arau-emailea denari legokioke, eta agerian dago halako zientzia politika dela, horrek agintzen baitu hirietan premiazko zientziak (1094b) zein diren eta bakoitzak zein ikasi behar eta noraino. Gainera, ikusten dugu ahalmenik preziatuenak beraren menpe daudela, estrategia, ekonomia eta erretorika, alegia; eta politika gainerako zientzia praktikoez baliatzen denez (5) eta, gainera, legez zer egin eta zer baztertu behar den erabakitzen duenez, bere helburuak gainerako zientzienak izango ditu; beraz, helburu hori gizakien ongia izango da, pertsona batentzat eta hiriarentzat ongia gauza bera bada ere, agerian dago, jakina, hiriarena lortzea eta babestea handiagoa eta beteagoa dela; izan ere, pertsona bakar batentzat estimagarria da, (10) baina askoz ederragoa eta jainkozkoagoa izango da herriarentzat eta hirientzat. Beraz, ikerketak, nolabaiteko ikerketa politikoa izanik, gai horiek azaltzeko asmoa du.
III
[aldatu]Gai hau bere azpian dagoen materiaren arabera azaldu ahal izango bagenu, gure ikerketaren gaia behar bezala erran ahal izan genezake, zehaztasuna ez baita modu berean bilatu behar arrazoiketa orotan, ezta artisau egindako lanetan ere. Politikak aztertzen dituen zintzotasunak eta zuzentasunak (15) desberdintasun eta ezbai handiak dituzte; beraz, badirudi hitzarmenezkoak direla bakarrik, eta ez naturazkoak. Ongiek ere badute horrelako ezbaia, haiek askori eragin baitizkiote oinazeak; izan ere, batzuk aberastasunaren ondorioz hil ziren, eta beste batzuk, ausardiaren ondorioz. Beraz, horrelako printzipioetatik abiatuta eta halako gaiez aritzean, (20) ontzat hartu beharko dugu egia trakets eta zirriki-marraka adieraztea; bestalde, gauza orokorrez aritu eta printzipio orokor hauetatik abiatuz gero, horrelako ondorioak aterako dira. Era berean, hain zuzen ere, onartu egin behar da hemen esango den guztia, (25) pertsona jantziari baitagokio ezagutza-mota bakoitzean zehaztasunik handiena bilatzea, gaiaren izaerak onartzen duen neurrian. Izan ere, agerian dago limurtzeaz baliatzen den matematikoa ontzat hartzea eta erretoriko bati frogapenak eskatzea antzekoak izan litezkeela.
Gizaki bakoitzak ezagutzen duen gaia bereizten du ederki, eta gai horretan da epaile ona: (1095a) gai jakin batean, gai jakin horretan ikasia dena; eta erabateko moduan, gai guztietan ikasia dena. Hori dela eta, gaztea ez da politikarako dizipulu egokia, ez baitu bizitzaren ekintzetan esperientzarik, eta politikagintza ekintza horietan oinarritzen da, eta horiei buruzkoa da; gainera, bere grinen esanekoa izanik, (5) alferrik eta probetxurik gabe ikasiko du, helburua ez baita ezagutza, ekintza baizik. Bestalde, ez du axola gaztetasuna adinezkoa edo izaerazkoa den, urritasuna ez baitatza denboran, bizimoduan eta gauza bakoitzaren desioa grinen araberakoa izatean baizik; izan ere, gizaki horrentzat ezagutza alferrikakoa da, meneraezinentzat bezala; (10) baina beren gogoak eta ekintzak arrazoiaren arabera bideratzen dituztenentzat, berriz, gauza hauei buruzko ezagutza oso onuragarria izango da.
Dizipuluari buruz esandakoa –nola jaso ikasketak eta zer helburu dugun, alegia–, aurkezpen bezala, nahikotzat hartuko dugu.
IV
[aldatu]Ezagutza orok eta hautapen orok ongi jakin baterako joera dutenez, (15) gaia berrarturik esan dezagun zein ongi den politikak joera duen hori eta ongien artean gauzatu daitekeen gorena zein den. Izenari dagokionez, ia jende guztia dator bat. Izan ere, bai herri xeheak bai dohainduek zoriontasuna deitzen diote, susmatzen baitute ongi bizi eta jokatzea eta zoriontsua izatea gauza bera dela. (20) Baina zoriontasuna zer den zalantza dute, eta herri xeheak eta jakintsuek ez dute berdin azaltzen; izan ere, batzuek plazera gauza nabari eta agerikoren bat dela esaten dute, aberastasuna edo ohorea, alegia, eta besteek, beste zerbait; askotan, pertsona berak ere uste desberdinak ditu: gaixorik badago, osasuna dela, eta behartsua bada, aberastasuna. (25) Beren ezjakiteaz konturatzen direnek, eurek uler ezin dezaketen zerbait handiari buruz hitz egiten dutenei mira egiten diote. Batzuek, berriz, uste dute aipaturiko ongi horietaz gain badagoela berezko ongi bat, aipatutako haiek ongiak izatearen kausa dena. Uste horiek guztiek aztertzea agian izango da alferrikakoa; beraz, nahikoa izango dugu nagusiak (30) edo zentzurik omen dutenak aztertzea.
Baina har dezagun kontuan printzipioetatik abiatzen diren arrazoinamenduak eta printzipioetara zuzentzen direnak desberdinak direla. Platonek ere topo egin zuen aporia horrekin, eta ongi ikertzen aritu zen ea bidea printzipioetatik abiatuta ala printzipioetara zuzenduta doan, (1095b) estadioan bezala: lehiaketaren epaileengandik helmugarantz edo alderantziz. Zalantzarik gabe, ezagungarrien diren gauza horietatik hasi behar da; hala ere, horiek bi zentzutan izaten dira: batzuk, ezagutzen errazak guretzat; besteak, erabat errazak. Horrela, bada, agian hasi beharko dugu ezagutzen errazak ditugunetatik. Horregatik izaten da beharrezkoa gauza on eta zuzenei buruz (5) eta, hitz batean, politikari buruz era egokian ikasi nahi duena usadioek ederki gidatua izatea, abiapuntua zeri-a baita, eta hori nahikoa argi gelditu bada, zergatia ez da beharrezkoa izango. Halako gizaki batek baditu printzipioak edo erraz bereganatuko ditu. Baina bi aukerotako ez bata ez bestea izaten ez duenak entzun ditzala Hesiodoren hitzok: (10)
Gizakirik onena da inoren laguntzarik gabe gauza oro ulertzen duena; ongi aholkatzen duenaren esana egiten duena ere bada zintzoa; baina bere kabuz ulertzen ez duena eta beste bati entzundakoa aditu ezin duena, gizaki hori, ordea, ezgai da. [1]
V
[aldatu]Baina jarrai dezagun besteratu ginen lekutik. (15) Izan ere, ez dirudi zentzugabea herri xeheak eta gogaikarriek uste izateak ongia eta zoriontasuna, bizimoduaren araberakoak izanik, plazera dela, eta horregatik atsegin zaie bizimodu lizuna; bizimodu nagusiak, hain zuzen ere, hiru baitira: oraindik orain esandakoa, politikoa eta, hirugarrenik, begiespenezkoa. Gizaki gehienak erabat esklabo azaltzen dira abereen bizimodua hautatzean, (20) baina horrela hitz egiteko eskubidea badute ardura-kargu bat betetzen duten askok, Sardanapaloren grina berberak dituztelako; dohainduen eta praktikoen ustez, berriz, ongia ohoreak dira, bizitza politikoaren helburua ia-ia hori baita. Hala ere, badirudi ohorea hutsalagoa dela bilatzen ari garen hori baino, ohorea ohoratzen dutenengan ohoratua denarengan baino neurri handiagoan omen dago-eta, (25) eta ongia, kentzen zaila den berezko zerbait dela susmatzen dugu. Gainera, gizakiak ohoreen bila dabiltza, dirudienez, euren buruei sinestarazteko zintzoak direla; behintzat, haiek zentzudunek eta ezagunek ohoratuak izatea bilatzen dute, eta bertutearen kausaz; beraz, agerikoa da gizaki hauen iritziz ere bertutea ongi askoz hobea dela. (30) Agian suposa liteke bizitza politikoaren helburua, batez ere, hori dela; baina agerian dago hau ere nahikoa ez dela, litekeena baita bertutea duena lotan egotea, edo bizialdi osoan ezer ez egitea eta, bestalde, oinaze eta ezbeharrik handienak jasatea; (1096a) baina horrelako bizitza daramana zoriontsua denik ez luke inork esango, tesiari eusteko ez balitz. Baina gauza horiei buruz aski dugu, eguneroko gure eztabaidetan ere nahikoa hitz egin baita gauza horiei buruz. Hirugarren bizimodua begiespenezkoa da, aurrerago aztertuko duguna. (5) Negozio-bizimodua eskerga da, nolabait, eta agerikoa da aberastasuna ez dela bilatzen ari garen ongia, hori beste zerbait lortzeko baita baliagarria. Horregatik har litezke hobeto helburutzat lehen esandakoak, horiek berez nahi izaten baitira; baina agerikoa da haiek ere ez direla, (10) haiei buruz arrazoi asko zabaldu badira ere. Utz ditzagun, orduan.
VI
[aldatu]Agian, hobe izango da ongiaren nozio unibertsala miatzea eta beraren esanahiaz galdetzea, nahiz eta horrelako ikerketa bat zaila izan, formen teoria aldarrikatu dutenak gure lagunak izateagatik. Hala ere, badirudi, egia babesteko behintzat, gure berezko iritziak ere alboratzea hobe eta beharrezkoa dela, (15) filosofo garen aldetik, batik bat: bata eta bestea maitatuak izanik, egia hobestea ukiezina baita. Teoria hau garatu zutenek, hain zuzen ere, ez zuten ideiarik jarri aurrekoa eta ondorengoa deitzen ziren gauzetan; horrexegatik ez zuten ezarri zenbaki-ideiarik. Baina ongia, substantzian eta kualitatean eta erlazioan esaten da; (20) hala ere, berezkoa dena, hots, substantzia, erlazioa baino lehenagokoa da berez (horrek izatearen adarkadura eta akzidentea baitirudi); beraz, batari zein besteari ez lekieke baterako ideia bat ezar.
Bestalde, ongia izana bezainbat zentzutan esaten denez, (substantzian esaten baita, jainkoa eta adimena bezala; (25) eta kualitatean, bertuteak; eta kantitatean, neurria; eta erlazioan, baliagarria dena, eta denboran, aukera egokia; eta lekuan, bizilekua, eta berdin, beste halako zenbaitetan) agerian dago, aidanez, ez dela izango baterako nozio unibertsal eta bakarra, ez bailiteke esan kategoria guztietan, kategoria bakar batean baizik. Baina, bestalde, ideia bakar baten araberako gauzei zientzia bakar bat ere dagokienez, (30) ongi guztiei ere zientzia bakar bat legokieke; hala ere, kategoria bakar baten menpeko ongien zientziak ere asko dira; adibidez, gerran, aukera egokiena estrategia da, eta gaixotasunean, medikuntza; eta elikaduran, medikuntza da neurriarena; eta ariketetan, gimnastika.
Plazaratu liteke gauza bakoitza bere baitan esamoldeak zer esan nahi duen, (35) bere baitako gizakiaren definizioa eta gizakiarena bat eta bera benetan ote den, hots, gizakiarena; (1096b) izanez ere, gizakiaren aldetik, ez dira ezertan desberdinak izango; eta horrela bada, ongiaren aldetik ere ez. Baina, hala ere, ongia ez da ongia neurri handiagoan izango hilezkorra izateagatik, luzaro dirauena egun bat dirauena baino zuriagoa ez bada.
(5) Horri buruz, badirudi pitagorikoek esaten dutena sinesgarriagoa dela, ongien zutabean Bata jartzen dutelarik, eta badirudi, hain zuzen ere, Espeusipok ere jarraitzen diela. Baina utz dezagun gai hori beste eztabaida baterako.
Esandakoa dela eta, desadostasun bat azal liteke, aurreko arrazoiak ongi orori buruz esan ez direlako; (10) aitzitik, berez bilatzen eta lortu nahi direnak espezie bakar baten arabera esaten dira, baina azken horiek sortu, nolabait babestu edo haien kontrakoei aurre egiteko neurriak hartzen dituztenak, ostera, halako haiei begira eta beste modu batez esaten dira. Beraz, agerian dago ongiak bi eratan esan daitezkeela: batzuk, berez; besteak, beste horiei begira. Horrela, bada, (15) ongi baliagarrietan berezko ongiak bereizi ondoren, azter dezagun ea azken horiek ideia bakar baten arabera esaten diren. Baina, zein ongi sailkatu daitezke berezko ongien artean? Banan-banan ere bilatzen ditugun horiek –pentsatzea eta ikustea eta plazer batzuk, eta ohoreak, alegia– ongiak ote dira? Horiek guztiak, hain zuzen ere, beste zerbaiti begira bilatzen baditugu ere, berezko ongien artean sailkatu litezke. Edo, ez ote da ideia berezko ongi bakarra izango? (20) Horrela baldin bada, espeziea funtsik gabe izango da. Baina haiek ere berezko ongien artekoak baldin badira, haietan guztietan ongiaren nozio berbera agertuko da betebeharrez, zuritasunarena elurretan eta berun-karbonatoan bezala. Baina ohore, zuhurtasun eta plazeraren nozioak bestelakoak eta desberdinak dira, ongien aldetik, hain zuzen ere. (25) Beraz, ongia ez da ideia bakar baten araberako ezer.
Baina, nola esaten dira, bada? Halabeharrezko homonimoen antzik, behintzat, ez dute eta. Ongi bakar batetik etortzeagatik edo denak helburu bakar baterako joera izateagatik esango ote dira, ala, neurri handiagoan, analogiaz? Esate baterako, ikusmena gorputzean, adimena ariman, eta, berdin, beste bat, beste halako batean, eta abar. (30) Hala ere, agian utzi beharko dugu gai hori oraingoz, gauza horiek zehatz-mehatz aztertzea filosofiaren beste adar bati bailegokioke; baita berdin ideiari buruz ere: ongi guztiez baterako predikatzen dena nolabaiteko batasuna edo berezko eta bereiziriko zerbait balitz, argi dago, aidanez, gizakiak ez lukeela burutuko ezta erdietsiko ere; baina orain horrelako zerbait bilatzen ari gara.
(35) Baina, agian, pentsa liteke hobe dela ongi hori ezagutzea ongi erdiesgarriak eta burutugarriak lortu ahal izateko, hots, (1097a) eredu hori edukita gure ongiak ere hobeto ezagutuko baititugu, eta horiek ezagutuz gero, lortu egingo ditugu. Arrazoinamenduak nolabaiteko egiantza izango du, baina ez omen zaie zientziei egokitzen, (5) zientzia guztiek ongi jakin baterako joera baitute, eta, beren hutsunea bilatzen dutenean, berezko ongiaren ezaguera alde batera uzten dute. Egia esan, ez da zentzuzkoa artisau guztiek hain garrantsitsua den laguntza jakin eta bilatu ez izatea. Eta ez da erraz ulertzen ehuleak edo zurginak euren arteari begira zein onura lortuko duten berezko ongi hori ezagutzetik, (10) edo berezko ideia behatu duena nola izango den sendagile hobea edo jeneral hobea. Izan ere, sendagileak ez du horrela osasuna aztertzen, gizakiaren osasuna baizik, edo, hobeto esanda, agian honako gizaki honena, gizabanakoak sendatzen baititu. Gauza horiei buruz honaino esandakoa nahikotzat hartuko dugu.
VII
[aldatu](15) Baina har dezagun berriz bilatzen dugun ongia zer ote den, agerian baitago ekintza eta arte bakoitzean gauza berezi bat dela: medikuntzan, hain zuzen ere, gauza bat da, estrategian beste bat, eta beste horrenbeste gainerakoetan. Beraz, zein da bakoitzaren ongia? Ez ote da hori zeinari begira gainerakoak egiten diren? Medikuntzan osasuna, estrategian garaipena, (20) etxegintzan etxea, ekintza bakoitzean gauza jakin bat, eta ekintza eta aukera orotan, helburua, denek horri begira egiten baitituzte gainerakoak. Beraz, ekintza guztien helbururen bat baldin badago, hura izango da ongi burutugarria, eta helburu bat baino gehiago baldin badago, haiek izango dira. Horrela, bada, pixkanaka aurreratuz, arrazoinamendua leku berberara iritsi da. (25) Hala ere, saiatu behar dugu hori gehiago argitzen. Helburuak ugari direla eta horietako batzuk beste batzuetatik aukeratzen ditugula dirudienez –aberastasuna, txirulak eta, oro har, baliabideak, alegia–, argi dago, aidanez, denak ez direla beteak; baina onenak betea den zerbait dirudi; beraz, ongi bete bakarra baldin bada, hori izango da bilatzen duguna, (30) eta ugari baldin badira, haietatik beteena. Baina berez lortu nahi izaten dena, inoiz beste zerbaitengatik lortu nahi izaten dena baino beteagotzat hartzen dugu, eta beste gauza batengatik inoiz aukeratzen ez dena, beste zerbaitengatik aukeratzen direnak baino; beraz, hitz batean, beti berez eta beste zerbaitengatik inoiz aukeratzen ez dena betetzat hartzen dugu. Badirudi zoriontasuna horrelako hori dela batez ere, (1097b) hori berez aukeratzen baitugu beti eta inoiz ez beste zerbaitengatik, eta ohorea, plazera, adimena eta bertute oro, hain zuzen ere, berez aukeratzen ditugu (haietatik atarramendu onik ez atera arren, haietako bakoitza aukeratuko baikenuke), baina zorionari begira ere aukeratzen ditugu, (5) haiei esker zoriontsuak izango garelakoan. Bestalde, haiei begira inork ez du zoriontasuna aukeratzen, ezta, oro har, beste edozeri begira ere.
Badirudi autarkiaren ikuspuntutik begiratuta ere gauza bera gertatzen dela, ongi beteak autarkikoa baitirudi. Baina autarkiko ez diogu esaten berekiko soilik bizitza bakartia bizi izateari, gurasoekin, (10) seme-alabekin, emaztearekin eta, oro har, lagunekin eta hirikideekin bizi izateari baizik, gizakia berez baita izaki politikoa. Dena dela, harreman horietan nolabaiteko muga jarri behar da, guraso, ondorengo eta adiskideen adiskideengana luzatuz, infiniturantz aurreratuko baita. Baina gai hau aurrerago hausnartu behar dugu. Bizitza nahigarria egiten duen eta ezeren falta ez dagoen hori (15) hartzen dugu autarkikotzat; horrelakoa zoriontasuna dela uste dugu, eta, gainera, gauza guztietan nahigarriena dela, gaineratua bada ere; baina argi dago ongirik txikiena gaineratuta nahigarriagoa izango dela, erantsia ongi-joritasun bihurtzen baita, eta ongietan nahigarriagoa dena handiagoa da beti. (20) Beraz, badirudi zoriontasuna zerbait bete eta autarkikoa dela, eginen helburua baita.
Hala ere, badirudi, agian, zoriontasuna onena dena dela esatea denek onarturiko zerbait dela, baina, bestalde, zoriontasuna zer den argiago azaltzea beharrezkoa da. Hori, hain zuzen ere, agian lor liteke gizakiaren eginkizuna zein den ulertuko balitz. (25) Izan ere, txirulariaren eta eskultorearen, edozein artisauren eta, oro har, eginkizun eta zereginen bat dutenen kasuetan ona eta ongia eginkizunean dauden bezala, gizakiari dagokionez ere horrela izango omen da, gizakiak berezko eginkizunen bat benetan badu. Beraz, izango al dute zurginek eta zapatariek berezko eginkizunik eta ekintzarik, baina gizakiak ez, (30) hori, ostera, berez geldia izanik? Eta begiaren eta eskuaren eta oinaren, eta, oro har, gorputz-atal bakoitzaren berezko eginkizun bat omen dagoen bezala, berdin onar ote liteke horietaz guztiez gain gizakiaren eginkizunen bat? Beraz, zein eginkizun, hain zuzen ere, izan liteke hori? Badirudi bizi izatea baterako dutela gizakiek eta landareek, iruditu ere, baina berezkoa ari gara bilatzen. (1098a) Beraz, elikaduraren eta hazkuntzaren inguruko bizitza alde batera utzi behar da. Jarraian zentzumenezko zerbait legoke, baina badirudi hori ere zaldiak, idiak eta animalia orok dutela baterako. Hortaz, azkenik, arrazoimena duenaren praktikoa den zerbait geratzen da; eta horrek, alde batetik, arraziomenari egiten dio esana, eta beste aldetik, arrazoia du beregan eta adimenean dihardu. (5) Eta hori bi eratan esaten denez, jardueran hartu behar da, zentzu horretan nagusiki esaten baita, dirudienez. Orduan, gizakiaren berezko eginkizuna arimaren jarduera baldin bada –arrazoizko jarduera edo ez arrazoirik gabe, alegia– eta, bestalde, eginkizun hau berez gizakiari eta gizaki bikainari dagokiola esaten badugu (zitara-jotzaileari eta zitara-jotzaile bikainari bezala), (10) eta, berdin, edozein kasutan, eginkizunari bertutearen bikaintasuna gehituz (zitara-jotzaileari zitara jotzea baitagokio, zitara-jotzaile bikainari, berriz, bikain jotzea); hori horrela bada, gizakiaren eginkizuna nolabaiteko bizitza dela baieztatzen dugu, bizitza hau arimaren jarduera eta arrazoizko ekintzak delarik, eta gizaki bikainaren eginkizuna gauza horiek ongi eta ederki betetzea; (15) eta eginkizuna oro berez dagokion bertutearen medio betetzen da; eta horrela bada, giza ongia bertutearen araberako arimaren jarduera da. Eta bertuteak batzuk baldin badira, onenaren eta beteenaren araberakoak izango dira. Eta, gainera, bizialdi oso batean, enara batek ez du udaberririk egiten, ezta egun bakar bat ere; eta, horrela, egun bakarrak ere ez du gizakia dohatsu eta zoriontsu egiten, (20) ezta denbora laburrak ere.
Beraz, gera bedi ongia horrela deskribaturik. Lehendabizi, agian, deskribapenaren zirriborroa egin behar da, eta, ondoren, xehetasunez osatu. Badirudi ondo zirriborraturiko gaia edozeinek aurrera eraman eta osa lezakeela, eta honelako gauzetan denbora aurkitzaile edo laguntzaile ona dela. Hori dela eta, arteen aurrerapenak ere sortu dira, (25) falta dena gaineratzea edozeinen esku baitago. Baina aurrez esandakoa ere gogoratu behar da, eta gauza guztietan ez bilatu zehaztasuna modu berdinez, gauza bakoitzean azpiko materiaren arabera eta ikerketarako ahalik eta egokien baizik. Izan ere, zurginak eta geometrialariak era desberdinetan bilatzen dute angelu zuzena: (30) hark bere lanerako baliagarria den neurrian; honek, berriz, zer edo nolakoa den bilatzen du, egiaren aztertzailea baita. Berdin egin behar da gainerako gauzetan, hain zuzen ere, osagarriak lanak baino garrantzitsuagoak izan ez daitezen. Eta gauza guztietan kausa ere ez da berdin eskatu behar; (1098b) aitzitik, kasu batzuetan gertakaria ongi adieraztea nahikoa izango da, printzipioez aritzen denean, alegia; gainera, gertakaria lehena eta prinzipioa da. Eta prinzipioen artean, batzuk indukzioaren bidez behatzen dira, beste batzuk, zentzumenaren bidez, beste batzuk, nolabaiteko ohituraren bidez, eta beste batzuk, bestelako modu batez. (5) Beraz, bakoitzaren natura kontuan hartuz saiatu behar da printzipioetara zuzentzen, eta zorrotz ahalegindu prinzipioak ongi zehatz daitezen, ondorengoari begira eragin handia baitute. Badirudi, hain zuzen ere, prinzipioa osotasunaren erdia baino gehiago dela, eta haren medioz bilatzen diren gauza asko argitu egiten direla.
VIII
[aldatu]Orduan, printzipioa gure premisetatik eta gure ondoriotik ez ezik, (10) hari buruz esandakotik abiatuta ere aztertu behar da, horiek guztiak egiarekin bat etortzen baitira, eta egia, berriz, ez da berehala gezurrarekin bat etortzen. Hortaz, ongiak hiru motatan sailkatuta –kanpokoak deituak, arimarenak eta gorputzarenak, alegia–, ongi garrantzitsuenak eta onenak arimarenak direla esaten dugu; (15) eta gogo-ekintzak eta jarduerak arimari dagozkio gure ustez. Beraz, gure iritzia, bederen, edertzat har liteke, kontuan hartuta iritzi hau antzinakoa eta filosofiari ekin diotenek onartua dela. Bestetik, zuzena da helburua ekintza eta jarduera jakin batzuk direla baieztatzen delako, eta, horrela, hain zuzen ere, arimaren ongiekin gertatzen da eta ez kanpokoekin. (20) Eta zoriontsua ongi bizi eta ongi jokatzea delako iritzia ere badator bat gure arrazoinamenduarekin, bizitza onari, gutxi gorabehera, jokaera ona ere deitzen baitzaio. Halaber, agerikoa da bilaturiko zoriontasunaren inguruko baldintza guztiak ere esandakoan agertzen direla. Izan ere, batzuek uste dute zoriontasuna bertutea dela; beste batzuek, zuhurtzia; beste batzuek, jakituria jakin bat; (25) beste batzuek, gauza horiek edo horietako zenbait, plazerari lotuta edo ez plazerik gabe; beste batzuek, kanpoko ongizatea ere gehitzen dute. Irizi horietako batzuei antzinako askok eusten diete, beste batzuei, gizon ospetsu gutxi batzuek; eta zentzuzkoa da pentsatzea talde bata zein bestea erabat oker ez daudela, haien iritziak, gai bati, gutxienez, edo gai gehienei dagokienez zuzen daudela baizik.
(30) Beraz, gure arrazoinamendua bat dator zoriontasuna bertutea edo bertute jakin bat dela esaten dutenekin, zoriontasunari bertutearen araberako jarduera baitagokio. Hala ere, behar bada izango da diferentzia handia ongi gorena eduki batean, edo erabilera batean, aztura batean edo jarduera batean datzala uste izatean; (1099a) gerta baitaiteke izandako aztura batek ongirik ez gauzatzea –lo dagoenarengan edo beste edonola ezinduta dagoenarengan, esate baterako–; baina jarduerari dagokionez, hori ezinezkoa da, norberak nahitaez jardun eta ongi jardungo baitu. Eta Olinpiadetan gertatzen den legez, hots, koroa ez dutela lortzen ez ederrenek ez indartsuenek, (5) lehiatzen dutenek baizik (horietako batzuek irabazten baitute), berdin bizitzaren gauza onak eta ederrak ere zuzen jokatzen dutenek eskuratzen dituzte; eta horien bizitza berez da atsegina. Izan ere, atsegina hartzea arimari dagokio, eta bakoitzak atsegina du gogokoa duen hori; esate baterako, zaldia zaldizalearentzat, ikuskizuna ikuskizunzalearentzat, eta, berdin, gauza zuzenak zuzentasuna maite duenarentzat, eta, oro har, bertutearen araberako gauzak bertutea maite duenarentzat. (10) Herri xehearentzat atseginak diren gauzak, beraz, elkarren artean lehiatzen dira berez ez direlako atseginak; ederra dena maite dutentzat, ostera, atseginak dira berez atseginak diren gauzak; eta horrelakoak bertutearen araberako ekintzak dira. Horrela, bada, ekintza horiek berez dira atseginak baita zaleentzat ere. (15) Beraz, gizaki horien bizitzak ez du plazera zinginarri gisa behar; aitzitik, plazera bere baitan du. Izan ere, esandakoaz gain, ez da ona ekintza ederrez pozten ez dena, eta inork ez lioke zuzena deituko zuzen jokatzeaz pozten ez denari, ezta eskuzabala ekintza eskuzabalez pozten ez denari ere; (20) eta, berdin, gainerakoetan. Hori horrela bada, bertutearen araberako ekintzak berez izango dira atseginak. Halaber, onak eta ederrak ere izango dira –onak eta ederrak zentzu gorenean, hain zuzen ere–, gizaki bertutetsuak gauza horiei buruz ederki epaitzen baldin badu; eta esan dugun legez epaitzen du. Beraz, gauzarik onena, ederrena eta atseginena zoriontasuna da, jakina, (25) eta hiru gauzok ez daude banandurik Delosko inskripzioan ageri den moduan:
ederrena, zuzenena dena; onena, osasuna izatea;
baina berez atseginena, maite den hori lortzea [2]
gauza horiek guztiak batera aurkitzen baitira jarduera onenetan; (30) eta esaten dugu haiek edo haietako bat –onena dena, alegia–, zoriontasuna dela. Hala ere, esan genuenez, agerikoa da zoriontasunak kanpoko ongien premia ere baduela, ezinezkoa baita –edo ez erraza, behintzat– ongia egitea baliabide–premia izanda; gauza asko, hain zuzen ere, tresnen bidez eginak bailiran, (1099b) lagunen eta aberastasunaren eta botere politikoaren bidez egiten dira; eta zenbait gauzaren gabeziak –jaiotzez noblezia, seme-alaba onak eta edertasuna, alegia– dohatasuna orbantzen du, ez bailitzateke erabat zoriontsua izango itxura higuingarria duena, jaiotzez ziztrina dena, edo bakar-bakarrik dagoena eta seme-alabarik ez duena; (5) eta gutxiago ere, agian, norberaren seme-alabak edo adiskideak erabat gaiztoak balira edo, zintzoak izanik, hilda baleude. Beraz, esan dugunez, badirudi ongizateak halako onuraren premia ere baduela; hori dela eta, batzuek sorte ona hartzen dute zoriontasuntzat; baina beste batzuek, berriz, bertutea.
IX
[aldatu]Hori dela eta, zalantzan dago zoriontasuna zerbait ikasgarria den, ala usadioz edo beste edozein jardutez, eskuragarria, (10) ala jainkozko paturen batez edo halabeharrez agertzen den. Beraz, gizakientzat jainkoen beste dohainen bat ere baldin badago, zentzuzkoa da zoriontasuna jainkoak emanikoa izatea, batez ere gizakien dohainik onena den neurrian. Baina gai hori agian beste ikerketa bati legokioke neurri handiagoan. Hala ere, jainko batek bidalia ez izan arren, (15) ikaste jakin batez edo jardutez agertua baizik, badirudi bertutea dohainik jainkozkoenetan dagoela, agerikoa baita bertutearen saria eta helburua bikainak direla eta, nolabait, jainkozkoak eta dohatsuak. Hori, halaber, askok dute baterako, bertuterako ezinduak ez diren guztiek ikaste jakin batez eta arduraz erdiets baitezakete. (20) Baina zoriontsua horrela izatea halabeharrez izatea baino hobea baldin bada, zentzuzkoa da horrela izatea, gauza naturalek izan litekeen edertasuna nagusia baitute berez, eta, berdin, artez edo edozein kausaz –eta bereziki kausa onenaz– sortzen direnek. Bestetik, gauzarik handiena eta ederrena patuaren esku uztea oso ezegokia litzateke. (25) Gainera, definiziotik abiatuta ere, agerikoa da bilatzen duguna, esan baitugu zoriontasuna bertutearen araberako arimaren jarduera jakin bat dela. Eta gainerako ongietan, batzuk beharrezkoak dira, eta besteak, tresna gisa, lagungarriak eta baliagarriak dira berez.
Bestetik, hori guztia hasieran esandakoarekin ere dator bat, politikaren helburua onena dela ezarri baikenuen; (30) gainera, politika hiritarrei izaera jakin batez hornitzeaz eta ekintza ederrak egiteko gai izan daitezen hiritar zintzoak hezitzeaz arduratzen da oso. Beraz, zentzuzkoa da idia, zaldia edo beste edozein abere zoriontsua ez dela esatea, horietako inor ez baita gai halako jarduera nobleetan parte hartzeko. (1100a) Eta kausa berarengatik umea ere ez da zoriontsua, adinarengatik oraindik ez baita gai halako gauzak egiteko; baina dohatsuak esaten zaie, dohatsuak izango direlakoan. Izan ere, zoriontasunak, esan dugunez, bertute betea eta bizitza betea behar ditu, (5) bizialdian zehar aldaketa asko eta edonolako halabeharrak gertatzen baitira, eta gehien loratzen denari zahartzaroan malura handiak gerta dakizkioke, poema troiarretan Priamori buruz kontatzen den bezalaxe; horrelako halabeharrak pairatu dituena eta errukarri hil dena ez du inork zoriontsutzat hartzen.
X
[aldatu](10) Orduan, bizirik dagoen bitartean, ez ote dugu gizaki bat ere zoriontsutzat hartu beharko, bizitzaren amaiera ikusita baizik, Solonek zioen legez? [3] Hortaz, tesi hori ezarri behar bada, hil arte ez ote da inor zoriontsua izango? Edo hori, behintzat, ez da akaso erabat lekuz kanpokoa, batez ere zoriontasuna jardueren bat dela baieztatzen dugunontzat? Baina hilik dagoena zoriontsua denik esaten ez badugu (15) –eta Solonek ez du hori esan nahi, baizik eta une horretan, ziurtasunez, gizaki bat zoriontsutzat har litekeela, ordurako gaitzik eta zorigaitzik gabe izateagatik–, hori ere, nolabait, bada eztabaidagarria. Izan ere, hildakoarentzat ere gaitz bat eta ongi bat omen daude, bizirik dagoenarentzat bezala; (20) honek ohoreak eta desohoreak eta seme-alaben eta, oro har, ondorengoen arrakastak eta zorigaitzak antzematen ez baditu ere. Baina arrazoinamendu horrek ere badakar zalantza bat, zahartzarora arte dohatsu bizi izan eta antzeko moduan hil denari, bere ondorengoei dagokienez, aldaketa asko gerta baitakizkioke: esate baterako, haietako batzuk, zintzoak izan (25) eta merezi duten bizitza erdiestea, eta beste batzuk, kontrakoa; bestetik, nabaria da gurasoengandik urrundu direnei ere edozer gerta dakiekeela. Hortaz, lekuz kanpokoa litzateke ondorengoekin batera hildakoaren zoria ere aldatuko balitz, oraintxe zoriontsua, oraintxe zorigaitzekoa; baina gurasoek, une batez ere, (30) seme-alaben baldintzez arduratzen ez direla pentsatzea ere bai. Baina aurreneko zalantzara itzuli behar da, hortik abiatuta orain bilatzen ari garen hori ere agian ulertu egingo baita. Esate baterako, helburua ikusi behar baldin bada eta orduantxe banako bakoitza dohatsutzat hartu –dohatsua ez une jakin horretan izateagatik, iraganean izan zelako baizik–, nola ez da lekuz kanpokoa izango norbait zoriontsua izaten denean (35) norbait horren zoriontasunari buruz egia ez esatea, (1100b) bizirik daudenak zoriontsutzat hartu nahi ez izateagatik –bizitza oso aldakorra dela eta zoriontasuna, berriz, erraz inolaz ere aldatzen ez den zerbait egonkorra dela uste izateagatik–, halabeharrak gizakien inguruan etengabe jira-biran ari diren bitartean? Agerikoa baita, halabeharraren gorabeherei jarraitzen badiegu, (5) pertsona berberari zoriontsu baita zorigaitz ere deituko diogula sarritan, gizaki zoriontsua oinarri ustelekoa eta kamaleoi bat bezalakoa azalduz; edo, inolaz ere ez da zuzena halabeharraren gorabeherei jarraitzea? Izan ere, ongia eta gaizkia haietan ez dautza, giza bizitzak haien premia badu ere, esan genuen bezala. (10) Bertutearen araberako jarduerak, berriz, zoriontasunaren jarduera nagusiak dira, eta aurkakoak, aurkakoenak; eta oraintxe eztabaidatu duguna ere gure arrazoinamenduaren testigantza da. Izan ere, inolako giza obratan ez da ematen bertutearen araberako jardueretan ematen den irmotasuna, horiek zientziak ere baino egonkorragoak izaten omen baitira; (15) eta horietan preziatuenak egonkorragoak izaten dira, gizaki dohatsuak –nagusiki eta etengabe dohatsuak direnak, hain zuzen ere– horietan bizi direlako; eta hori da, hain zuzen ere, horiek ahatz ez daitezen eragilea. Beraz, bilatzen ari garen hori zoriontsu denaren baitan egongo da, eta zoriontsua bizialdi osoan izango da, bertutearen araberakoa dena beti edo gehienetan egingo eta behatuko baitu; (20) eta egiatan zintzoa eta akatsgabeko laukia [4] den horrek, behintzat, halabeharraren gorabeherak arras ederki eta erabat egokiro jasango ditu edozein egoeratan. Baina gertakari asko halabeharrez gertatzen direnez eta euren handitasunari eta txikitasunari dagokienez ezberdinak direnez, nabaria da zoriaren onura txikiek eta, berdin, aurkakoek ere ez dutela eragin handirik bizitzan; (25) baina handiek eta askotan gertatzen direnek, berriz, bizitza askoz dohatsuagoa egingo dute (horiek bizitza edertzen baitute berez, eta haien erabilera, ederra eta bertutetsua da); aitzitik, gertaturiko zorigaitzek dohatasuna nahigabetu eta narriatzen dute, atsekabeak ezarri eta jarduera asko galarazten baitituzte. (30) Baina, hala ere, edertasunak egoera horietan ere egiten du dirdira norbaitek sarritan zorigaitz handiak bare jasaten dituenean, ez bihotz-gogortasunaren ondorioz, noblea eta kementsua izateagatik baizik. Eta, esan dugunez, jarduerak bizitzaren jabeak badira, gizaki dohatsua ez da zorigaiztokoa izango, (35) ez baitu inoiz gauza gorrotagarri eta makurrik egingo. (1101a) Izan ere, gure ustez, egiatan zintzoa eta zuhurra denak zoriaren gorabehera guztiak duintasunez jasaten ditu eta bere ahalbideetatik abiatuta beti ahalik eta hoberen jokatzen du, jeneral ona ere gudarako eskura duen armadaz ahalik eta ongien baliatzen den bezalaxe, eta zapatariak eman zaion larruaz oinetakorik ederrenak egiten dituen bezalaxe, (5) eta berdin teknikari guztiak ere. Baina, horrela bada, gizaki zoriontsua ez da inoiz zorigaiztokoa izango; hala ere, ez da dohatsua izango, behintzat, Priamoren zoritxarretan erortzen bada. Baina, ezbairik gabe, ez da aldakorra eta aldagaia izango, ez baita zoriontasunetik erraz urrunduko, (10) halabeharrez gertaturiko zorigaitzek jota ere, horiek handiak eta ugari ez badira, behintzat; bestalde, horrelako zorigaitzen ondoren ez da berriro zoriontsua izango denbora laburrean, denbora luzea pasa ondoren baizik, eta denboraldi horretan gauza handiez eta ederrez jabetzen bada. Beraz, zerk eragozten digu zoriontsua deitzea bertute betearen arabera jokatzen duenari eta kanpoko ongiez behar bezala hornituta dagoenari, (15) ez denboraldi jakin batean, bizialdi osoan baizik? Gehitu behar ote da horrela igaro behar duela bizialdi osoa eta modu berean hil? Guretzat etorkizuna ezkutaturik dagoenez, zoriontasuna helburua eta gauza guztiz betea dela baieztatzen dugu kasu guztietan. Horrela bada, (20) bizidunen artean esandakoa izaten eta izango dutenei dohatsuak deituko diegu, dohatsuak gizakiak diren aldetik. Eta eman ditzagun nahikotzat honaino emandako azalpenak.
XI
[aldatu]Ondokoen eta adiskide guztien halabeharraren gorabeherek hildakoen zoriontasunean inolako eraginik ez dutela esateak badirudi aski gupidagabea eta ohiko iritzien aurkakoa dela. Baina gertaerak ugari eta askotarikoak direnez, (25) eta batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago egokitzen zaizkigunez, badirudi banan-banan bereiztea luzea eta amaigabea izango dela, eta agian izango da nahikoa orokorrean eta zirriborro batez aztertzea. Izan ere, norberaren bizitzarako zorigaitz batzuek zama eta eragina badute, beste batzuek arinagoak diruditen bezala, (30) adiskide guztiekin ere horrelaxe gertatzen da. Baina zorigaitz guztioi dagokienez, bizidunei gertatzetik hildakoei gertatzera alde handia dago, lege-hauste eta zorigaitz ikaragarrioi dagokienez tragedietan antzeztetik aurrean benetan gertatzera dagoena baino alde handiagoa, hain zuzen ere; beraz, ondorioztatu behar da desberdintasun hori badela, edo, hobeto esanda, (35) eztabaidagarria dela hildakoek ongiren batean edo kontrakoetan parte hartzen duten. (1101b) Hortaz, esandakoaren arabera, badirudi zerbait antzematen badute, ongia zein aurkakoa, ahula eta hutsala dela, erabat nahiz haiei dagokienez; eta horrela ez bada, tamaina eta izaera hain dira eskasak, ezen zoriontsuak ez direnak zoriontsuak egin ezin baititu, ezta zoriontsuak direnei dohatasuna kendu ere. (5) Beraz, badirudi hildakoei ere iristen zaiela adiskideen zoriona nolabait, eta berdin zorigaitzak ere; baina haien izaera eta garrantzia hain dira eskasak, ezen ez zoriontsu ez zorigaizto egin ezin baitituzte, ezta honelako beste edozer ere.
XII
[aldatu](10) Zehaztasun horiek eginda, azter dezagun zoriontasuna gauza laudagarrien artean dagoen edo, neurri handiagoan, ohoragarrien artean; izan ere, ohoragarrien artean agerikoa da, behintzat, ahalmena ez dela. Badirudi, hain zuzen ere, laudagarri den guztia nolabaitekoa izateagatik eta beste zerbaitekin nolabaiteko lotura edukitzeagatik laudatzen dela. Izan ere, zuzena eta adoretsua, eta, oro har, (15) zintzoa eta bertutetsua laudatzen ditugu beren ekintza eta lanengatik, eta indartsua eta lasterkaria eta gainerakoak, nolabaiteko izaera berez izateagatik, eta on eta bikain den zerbaitekin nolabaiteko lotura edukitzeagatik. Eta hori jainkoei buruzko laudorioetan ere bada nabaria, laudariook irrigarri baitirudite guri zuzentzen zaizkigunean; eta, esan dugun bezala, (20) hori gertatzen da laudorioak erreferentzia bati begira egiten direlako. Eta laudorioa horrelakoa bada, agerian dago gauza bikainek laudoriorik ez dutela, beste zerbait handiagoa eta hobea baizik; agerikoa denez, jainkoak, hain zuzen ere, dohatsu eta zoriontsutzat hartzen ditugu, eta gizakirik jainkotiarrenak ere dohatsutzat; (25) eta berdin ere ongiei dagokienez, zoriontasuna ez baitu inork zuzena dena bezala laudatzen; aitzitik, zerbait jainkotiarragoa eta hobea den neurrian goraipatzen du. Eta badirudi Eudoxok ere trebeki defendatu zuela plazera ongi nagusietan; beraren ustez, hain zuzen ere, plazera laudatua ez izateak, ongia izanda ere, erakusten du hura gauza laudagarriak baino hobea dela, (30) jainkoa eta ongia bezala, gainerako gauza guztiak bi horiei begira esaten baitira. Beraz, laudorioa bertuteari dagokio, horri esker gizakiak ekintza ederrak egiteko gai baitira. Era berean, goraipamenak obrei dagozkie, bai gorputzarenei bai gogoarenei. Hala ere, gauza horiek zehatz-mehatz aztertzea agian izango da goraipamenak lantzen dituztenen zeregina; (35) baina, esandakoaren arabera, agerikoa dugu (1102a) zoriontasuna gauza ohoragarri eta betea dela. Eta badirudi horrelakoa dela baita prinzipioa izateagatik ere, denok gainerako gauza guztiak horri esker egiten baititugu, eta ongien prinzipioak eta kausak zerbait ohoragarri eta jainkotiartzat hartzen ditugu.
XIII
[aldatu](5) Zoriontasuna bertute betearen araberako arimaren jarduera jakin bat denez, bertuteari buruz ikertu beharko dugu, horrela zoriontasunari dagokiona ere agian hobeto argituko baitugu. Eta badirudi benetako politikariak ere bertutea lantzen duela bereziki, hiritarrak onak eta legeen esanekoak egin nahi baititu (10) (horien eredua legegile kretarrak eta lazedemoniarrak ditugu, eta, izan baldin badira, antzeko beste guztiak). Baina ikerketa hori politikari badagokio, agerikoa da araketa-hasiera gure hautapenaren araberakoa izango dela. Eta bertutea dela eta, agerian dago gizakiena ikertu behar dugula, gizakien ongia (15) eta zoriontasuna ere bilatzen baikenituen. Baina giza bertutea ez diogu esaten gorputzarenari, arimarenari baizik; eta zoriontasuna arimaren jarduera bat dela esaten dugu. Hau horrela bada, agerian dago politikariak nola edo hala arimari dagokiona ezagutu behar duela, begiak sendatzen dituenak (20) gorputz osoa ere ezagutu behar duen bezala, eta batez ere politika medikuntza baino estimagarriagoa eta hobea den neurrian; eta sendagileetan gailenak gorputzari buruzko ezagutzaz gogoz arduratzen dira. Beraz, politikariak ere aztertu behar du arima, baina gauza haiei begira eta bilatzen ari garenerako egokiro den neurrian, (25) arima zehatzago aztertzea aurretik hartu dugun helburua baino neketsuagoa izango baita agian.
Arimaren inguruan tratatu exoterikoetan ere zehaztu dira nahikoa gai jakin batzuk, eta haietaz baliatu behar dugu; adibidez, arimaren alde bat irrazionala dela, eta bestea arrazoiduna (bi alde horiek gorputz-atalak edo edozein gauza zatigarri moduan bereizten ote diren, (30) edo, arrazoimenarako bi alde badira ere, berez bereiztezinak ote diren –zirkunferentziaren alde ganbila eta alde ahurra bezala– jakiteak ez du axola batere oraingo ikerketarako). Batetik, arimaren alde irrazionalak baterakoa eta begetatiboa dirudi, elikatzearen eta haztearen kausa, hain zuzen ere; arimaren halako ahalmena elikatzen diren izaki guztietan onar daiteke, (1102b) enbrioietan eta ahalmen berbera duten izaki osatuetan ere, beste edozein onartzea baino zentzuzkoagoa baita. Beraz, agerian dago ahalmen horren bertutea guztiona dela, eta ez gizatiarra; badirudi, hain zuzen ere, ametsetan alde horrek eta ahalmen horrek jarduten dutela bereziki, (5) eta ametsetan gizaki ona eta gaiztoa inolaz ere bereizten ez direla (hori dela eta esaten da bizialdiaren erdian zoriontsuak eta zorigaiztokoak ezertan bereizten ez direla). Eta hori gertatzea litekeena da, bikaina eta ziztrina esaten den aldetik loaldia arimaren jarduerarik eza baita, salbuespen batez: arimara apurka mugimendu gutxi iristen baldin badira eta, (10) horren ondorioz, gizaki bikainen ametsak arruntenak baino hobeak direnean. Baina horri guztiari buruzkoa aski da; eta arimaren alde elikagarria ere baztertu behar dugu, berez giza bertuterik gabekoa delako.
Bestetik, badirudi arimaren beste izaera bat dagoela, irrazionala izanik, arrazoimenean, nolabait, parte hartzen duena, meneratuen eta meneraezinen arrazoimena (15) –hots, horien arimaren alde arrazoiduna– laudatzen baitugu (zuzenki gauza onenetara ere bultzatzen duelako); baina horien baitan berez arrazoimenaren aurkakoa den zerbait ere agerian azaltzen da, arrazoimenari borroka eta aurre egiten diona. Izan ere, gorputz-atal paralizatuak eskuinera mugitu nahi baditugu ere, (20) kontrako aldera, ezkerretara, besteratzen diren bezalaxe, ariman ere berdin gertatzen da, meneraezinen grinak aurkako muturrerantz besteratzen baitira. Hala ere, gorputzetan besteratzen dena ikusi egiten dugu, baina ariman ez dugu ikusten; hala eta guztiz ere, agian uste izan behar da ariman ere arrazoimenaren aurkako zerbait dagoela, hari aurre eta gogor egiten diona (25) (desberdina zertan den, ez du batere axola). Baina badirudi arrazoimenan alde honek ere parte hartzen duela, esan dugun bezalaxe: meneratuenak, behintzat, arrazoimenari egiten dio esana, eta gainera, neurrizko eta adoretsuarena agian izango da esanekoagoa, bere baitan dena baitator bat arrazoimenarekin. Beraz, badirudi alde irrazionala ere bikoitza dela: batetik, alde begetatiboak ez baitu inolaz ere arrazoimenean parte hartzen, (30) baina, bestetik, desira-aldeak eta, oro har, gogo-aldeak nola edo hala hartzen dute parte, arrazoimenarekiko entzule eta esanekoak diren neurrian (horrela, baita aitak eta adiskideek ere arrazoi dutela diogu, baina ez matematiketan bezala). Eta alde arrazoidunak alde irrazionala nola edo hala limurturik duela adierazten dute jakinarazpenek, gaitzespen orok eta aholkuek. (1103a) Eta horrek ere arrazoia baduela esan behar baldin bada, arrazoiduna ere bikoitza izango da: bata, nagusiki eta bere baitan; bestea, entzuten duen bat, aitaren esanetara bezala. Baita bertutea ere bereizten da desberdintasun horren arabera, haien artean batzuei adimenezkoak eta besteei etikoak esaten baitiegu: (5) jakituria, adimena eta zuhurtasuna adimenezkoak dira; eskuzabaltasuna eta neurritasuna, etikoak. Izan ere, norbaiten aiurriari buruz hitz egiten dugunean ez dugu esaten jakintsua edo azkarra dela, otzana eta neurrizkoa baizik; baina jakintsua bere azturagatik ere laudatzen dugu, eta aztura laudagarriei bertute (10) deitzen diegu.