Edukira joan

Normaltasuna

Wikitekatik
Normaltasuna  (2022) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Normaltasuna

[aldatu]

Hauxe da, nire iritziz, bukatzear den 2021. urte honetan galdu duguna: normaltasuna. Normaltasunaren anfora hautsi da. Esku artean lehertu zaigu. 2020. urtea shock urtea izan zen, pandemiak inoiz bizi gabeko egoera disruptibo bat ekarri zuen. Halakoetan, erreakzio soziala ez da berehalakoa izaten. Kosta egiten da egoerari neurria hartzen. Doluaren faseak bata bestearen atzetik kateatu behar izaten dira egoera metabolizatzeko, zer gertatu zaigun eta honek guztiak non uzten gaituen ohartzen hasteko sikiera. 2020. urte amaierarako txertoa posiblea zela jakin genuen eta esperantza hedatu zen normaltasunera («normaltasun berria» deitu izan zitzaion, oroitzen?) bueltatuko ote ginen. Normaltasun zaharra posible ez zela eta, are, nahi ere ez genuela esaten genuen, baina uste dut ez genuela esaten genuenaren kontzientzia, ez osoa behintzat.

Bukatzear den urte honetan berbaz nahi ez baina geure barnean uste baino gehiago desio dugun normaltasuna urruntzen ikusi dugu. Uda partean, txertaketa aurreratua zelarik, bosgarren olatua etorri zen eta bigarren uda sasoi ez-normalarekin aurkitu ginen. Udazkenean, biztanleriaren %90 inguru txertatua zelarik, alarma egoerak eta neurri murriztaileak desaktibatu eta egoera pandemikoa bukatu zela adierazi zuten txosten epidemiologiko zenbaitek. Eta hara non, omikron aldaera agertu den, inoizko kutsatze maila altuenak ekarriz eta osasun sistemak kolapsatuz.

Neke pandemikoa deitu izan zaio gizartean antzematen den egoera emozionalari. Baina zer dago neke horren oinarrian? Garbi dago osasun neurri murriztaileek gure bizitza komunitarioa zapuzten dutela eta, izaki sozialak garen neurrian, horrek gure osasun mentala higatzen duela. Zer esanik ez, gure bizi kalitatea asko txartzen da pandemiaren kudeaketa tamalgarriaren ondorioz, kontziliazio arazoak biderkatzen bazaizkigu, lana galtzeko arriskua baldin badugu, gaixotasun kronikoak artatzeko aukerarik ez badugu eta abar. Bestalde, ziurgabetasunak antsietate handia sortzen du, zer gertatuko den ez jakiteak, etorkizun hurbilaren proiekzio argirik egin ezin izateak.

Baina badago beste zerbait ere, eta uste dut hilabete honetan nahikoa argi ikusi dela. Covid agiriaren kontura edo txertatu gabeen eskubideen harira kontrol sozialaren argudioak hartu duen dimentsioak hori iradokitzen dit niri behintzat. Izan ere, hezkuntza sistema publikoak Google Clasroom ikasgeletan sartu duenean ez dugu gure umeen datuak munduko multinazional handienetakoaren eskuetan uzteagatik inolako protestarik entzun. Kontrol soziala? Inoiz baino kontrolatuago gaude sozialki gutako bakoitzak geure borondatez sakelan daramagun telefonoarekin eta, guk geuk, gogo onez, instalatutako hamarnaka aplikazioekin.

Ez, ez gara normaltasunera bueltatuko. Geure bizitzen esfera materiala murriztu beharko dugu, nahi ala ez. Eta horrek pribilegioei uko egitea esan nahi du. “Eskubide” asko hartu ditugu gizarte gisa azken urteetan, komunitatearekiko obligazio asko gainetik kendu ditugun bitartean. Askatasun indibidualaren eta onura kolektiboaren arteko dema izango da, hain zuzen, eztabaida politikoa ardaztuko duena datozen urteetan, eta neoliberalismoak eta eskuin muturrak askatasun indibidualaren aldeko frontea osatu dute. Etsigarria egin zait ikustea ezkerreko hainbat sektore zein erraz labaindu diren marko horretara. Bizitza plataformak Nazio Batuen 2030 agendaren kontrako mobilizazioa deitu zuen irailean. Kasu! Hain zuzen ere, klima larrialdia izango da gizateriak aurre egin beharko dion hurrengo erronka handia. Deshazkunde behartu bat biziko dugu, geure bizimoduei mugak jarri beharko dizkiegu. Izan daiteke beste biziera batzuk sortzeko eta justizia sozialean sakontzeko, edo izan daiteke «sálvese quien pueda» handi bat. Bigarren hautu horrek askatasun indibidualaren bandera astinduko du, lehenaren aldekoek onura kolektiboaren alde sakrifikatzeko prest beharko dute.

Zer da 2021an ikasi duguna? Hezurmuineraino sartu zaigun antropologia neoliberalak oso hauskorrak egin gaituela gizarte eta indibiduo gisa. Eskuinarentzat abantaila itzela.