Observations upon the United Provinces of the Netherlands

Wikitekatik

Amsterdameko hirian dago mundu mailan hain famatua den banku honen egoitza; ezagutzen diren egiazko edo irudimenezko bankuen artean handiena da. Hiriko Udaletxe azpian dagoen ganga handi batean kokaturik dago, atez eta sarrailez babesturi k eta bere zainketa eta kontserbaziorako beharrezkoak diren neurri guztiez horniturik. Egia da Bankua ikustera doanak sinetsi egin behar duela, nik uste dudan bezala, lingote eta urre eta zilar barraz osaturiko altxor handia, edo baxeraz eta urrez edo zilarrez beteriko zaku kopuru sinestezina dagoela. Bestalde Banku honen zuzendaritza duten burgumaisuak soilik daude eta ez dago noizean behin dirua sartu edo ateratzeko kontu partikularren jabea den inor, eta ezin da jakin, ez eta asmatu ere, zein den esku-altxorraren eta Bankuaren kredituaren arteko proportzioa. Bankuaren seguritatea ez datza hantxe aurkitzen den urrean eta zilarrean soilik, Hiri osoaren eta Amsterdameko Estatu osoaren kreditua ere kontuan izan behar baita, hauen dirutzak eta errentak zenbait Erresumatakoak bezain handiak baitira, eta bankuak bertan utzitako diru guztiaz erantzun behar baitu derrigorrez. Hiriko merkatarien artean egin ohi diren ordainketa handiak Bankuaren billete bitartez gauzatzen dira eta ez bakarrik Probintzietako beste zenbait merkataritza hiritan, baizik eta baita Munduko beste zenbait merkataritza hiritan ere. Beraz Banku hau kutxa orokorra dela esan daiteke, non bakoitzak bere dirua gordetzen duen, zeren eta ziurtasun osoa dagoela uste baita eta ordaindu nahiz kobratu ahal izateko askoz eskuragarriago baitago bakoitzak duen bere kaxan baino. Han zainpean utzitako zilarragatik interesak ematen ditu Bankuak eta han utzitakoak ordainketak egiteko erabiltzen den moneta arrunta baino gehiago balio du, zeren eta Alemanian nahiz Herbeheretan hoberenak, erabilienak eta ezagunenak diren monetak soilik ekartzen baitira.

Hauxe da Amsterdameko Bankuari sinesgarritasun handia eman dion inguramena, eta honek jende asko bultzatu du dirua hantxe gordetzera, eurekin eraman arren bakoitzaren aberrian gordetzea ezina litzaiekeen dirua arriskutik at utzirik. Eta hau ez dute soilik egin hemen erbesteraturik zirenek, baizik eta baita norberaren herrian bizi den askok ere, hala ekaitzen aurrean horniketa egiten dutenek, nola mundu mailan dirua izateko hau baino leku seguruagorik aurkitu ez dutenek.

William Temple

1687


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Joseba Zuazoren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.