Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/13

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

merkantilizazio maila oso handia dela esango dugu eta gizarte horrek dituen erakunde publikoen gaitasuna ongizatea bermatzeko murritza dela esango dugu.

Baina, gure demokrazia liberalak ez dira soilik kapitalistak, patriarkalak ere badira. Geure gizarte patriarkaletan gizonek, bizi ahal izateko, beren lan indarra saldu behar izan dute; emakumeek berriz, gutxieneko bizi baldintzak lortu ahal izateko, alegia, dirusarrerak, eskubideak eta ongizatea lortzeko, merkatuari saldu baino, edo saltzeaz gain, gizon bati eta betirako saldu behar izan zatzaizkio. Gizonak, gizarte liberaletan, merkatuaren eta kontratu sozialaren bidez funtzionatu izan dute, subjektu gisa alegia, emakumeak berriz, kontratu sexualaren bidez, objektu gisa biziraun behar izan dute.

Iraultza industriala eta gero, mobilizazio jarraituari esker, eta bi Mundu Gerrateren ondorioz, emakumeak lan merkatuan sartzen hasiko dira masiboki. Merkantilizazio prozesuan sartzeak independentzia ekonomikoa ahalbidetu izan die emakume askori, gizonekiko independentzia lortze bidean, hau da, desfamiliarizazioa lortze bidean, nahiz eta merkantilizazioak beste esklabutza mota bat sor dezakeen (ikerketa honetan jorratuko ez duguna). Hortaz, familiarizazioaren kontzeptuak emakumeek gizonenganako (haien soldatekiko, eskubideekiko edo kapitalekiko) duten dependentzia neurtzen du, gizarte patriarkalak emakumeei derrigorrez ezarritako dependentzia hori. Hau da, gizarte kapitalistek merkantilizazioa (merkantilizazio mota bat) ezartzen dute, gizarte patriarkal modernoek, familiarizazioa. Biak uztartu beharko dira gizarte patriarkal kapitalistetan. Hortaz, desfamiliarizazioa ere neurtu nahi dugu, hori baita emakumeek gizonenganako duten independentzia maila emango diguna, eta, beraz, ongizate maila, ardatz horri dagokionez.

Hori da ikerketa honetan interesatzen zaigun puntuetako bat: zer nolako desfamiliarizazioa dago EAEn, Europako beste herrialdeekin alderatuta? EAEko demokratizazioa zabaltzeko, emakumeen desfamiliarizazioa merkantilizazio prozesutik at egin beharko litzateke, baina ikusiko dugu EAEko ongizate erregimena dela eta, emakumeen desfamiliarizazioa merkatilizazioaren bidez lortzen dela sarri baina ez kasu guztietan, askotan emakumeen merkantilizazioak ez baitakar emakumeen desfamiliarizazioa, merkantilizazioak ez duelako ongizaterik ziurtatzen (soldata duina, etxebizitza, erabakimena, hezkuntza, osasuna, autonomia, parte-hartzea…) egungo gizarte neoliberaletan.

Demokraziaren kalitatea bere patriarkalizazio mailaren araberakoa da eta ez soilik haren pribatizazio, finantziarizazio eta merkantilizazio mailaren araberakoa. Patriarkalizazioaren aldagai nagusienetakoa familiarizazio maila da, beraz, EAEko patriarkalizazioa aztertu ahal izateko (eta, ondorioz, demokraziaren kalitatea) emakumeen desmerkantilizazio mailaz gain desfamilizarizazio maila ere neurtu behar da, eta desfamiliarizazio horrek emakumeek duten kapital kultural, ekonomiko, sozial eta sinbolikoarekin duen lotura. Desmerkantilizazioak eta desfamiliarizazioak demokratizazioa sustatzen dutela diogu, izan ere, kapitalak berdintzen dituztelako, hots, populazioaren osasuna, hezkuntza, prestigioa, diru-sarrerak eta, oro har, gaitasun publiko-politikoa berdintzen baitituzte (Goikoetxea, 2017b).

Ondorioz, hurrengo aldagai eta kontzeptuak aztertu edo neurtuko ditugu: