Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/19

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Patriarkatuaren dimentsioak

Patriarkatua sei dimentsiotan banatu izan da (Walby, 1998), baina hemen lau dimentsio aztertuko ditugu: erlazio patriarkalak lan ordainduan, lan ez ordainduan, estatuan eta eremu sozialean. Estatua esatean ongizate erregimena barnebildu dugu eta legeak, justizia aparatua, indar polizialak eta hainbat eremu zehatzetako politika publikoak kanpo utzi ditugu. Azkenik, eremu sozialean ez dugu arlo sozial osoa aztertuko, hau da, ez dugu eremu kultural osoa aintzat hartu, artetik hasi eta jaietaraino. Mugatu egin dugu eta komunikabideetan, alderdi (eta zenbait erakunde) politikoetan, sindikatuetan eta mugimendu sozialetan zentratu gara. Bosgarren eta seigarren dimentsioak, sexualitatea eta emakumeen kontrako gizonen biolentzia zuzena, hurrenez hurren, ez ditugu aztertuko.

Patriarkatuaren dimentsio bakoitzari kapitulu bana eman diogu eta beste maila batean dagoen dimentsio analitiko bat barneratu dugu: biolentzia sinbolikoarena. Erraztasunagatik eta pragmatismoagatik, bigarren kapituluan txertatu dugu biolentzia sinbolikoaren azalpena. Biolentzia sinbolikoaren dimentsio kontzeptuala lan ez ordainduaren kapituluan garatu dugu, baina patriarkatuaren gainontzeko dimentsio guztien argamasa denez, kapitulu guztietan barneratu dugu. Dimentsio guztiek dituzte beste dimentsioak barne, errealitatean batera joan ohi dira, hau da, lan ordainduan ematen den menderakuntza patriarkala ezin da ulertu lan ez ordainduan ematen dena kontuan hartu gabe, baina lan ez ordainduan gertatzen dena ulertzeko biolentzia sinbolikoa zer den ulertu behar da: nola funtzionatzen duen eta zer nolako ondorioak dituen beste ardatzetan, tartean, biolentzia zuzenean; ezin baita ulertu gizonen biolentzia zuzena emakumeen kontra, emakume izateagatik, ez bada emakumeen sozializazioa biolentzia sinboliko patriarkalaren bidez aztertzen, “emakume” kategoria baita hemen gakoa, eta kategoria horren eraketak behar duen biolentzia sinbolikoa. Aldi berean, ezin dira ulertu lan ordaindua, ez ordaindua eta biolentzia ezberdinek eragiten dituzten menderakuntza patriarkalak eta horien birsortzea, erakunde publikoen eta estatuaren egituraketa sexista ulertu gabe. Estatuaren dimentsioa oso zabala da (gure estatu teoria estrategiko-erlazionalaren arabera; ikus Poulantzas 2014, Jessop 2008, Goikoetxea 2017b), ez dira soilik erakunde publikoak edo estatu aparatuak, nahiz eta gu ongizate erregimenean zentratu, desfamiliarizazioa neurtu nahi dugulako.

Biolentzia sinbolikoa

Ez gara kontzientziaren filosofian mugitzen, are gutxiago marko idealista eta esentzialista batean. Gure markoa sistema dualetik abiatzen da (Walby, 1998), abiatu, ez ailegatu. Bestetik, gure posizio teoriko eta filosofikoa materialista eta estrategiko erlazionala da (Poulantzas, 2014, Lefebvre, 1991, Jessop, 2008). Ez gara luzatuko baina ezinbestekoa da ulertzea menderakuntza erlazioak ezin direla ulertu ez bagara (indar batzuen) koakzioaren eta (arrazoi batzuen) konsentimentuaren arteko dikotomiatik ateratzen. Bourdieuk dioen moduan, koakzio mekanikoaren eta borondatezko subordinazioaren eskematik irten behar gara, botere erlazioak ulertzeko eta menderakuntza sistemak aztertzeko. Biolentzia sinbolikoa ez da kontzientzia kognoszenteen logika jarraituz mamitzen, baizik eta pertzepzio, apreziazio eta ekintza