Edukira joan

Orrialde:Kresala (1906).djvu/20

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

eskea, ta an egoan gizaldreagaz batera sartu ziran eliz barruan.

Ederra da Arranondoko elizea. Kanpotik begiratu ezkero, edozeñek daki godotarren egikerarik onenetakoa dala; barrutik zer egikeratakoa dan ezin ondo igarri leikeo. Txurrigeraren egunetako bost edo sei elizmai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumalditik Done Pedrorena, ezkerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena.

Abadeak, Jesusen elizmai aurrera urtenda, asi ziran Miserere deritxon Dabid Igarlearen arrena esaten, da erri guztia egon zan, ordu erdiren batean, gauza danak aldaikezan Jesus onaren aurrean auspez, eskaririk beroenagaz, itxasotar guztiak osasunez etxeratu eizala eskatuten.

Eskaririk beroenagaz esan dot, bada danok dakigu eskari batetik bestera ezbardintasun andia egoten dana: batzuk guztiz otzak izaten dira, beste batzuk epelak; baña beroak be badira, ta nire iritxiz, itxasoaren erdian da itxasoaren ertzetan egiten diranak bero ta biotzekoenak. Arrisku andiak emoten deutsa biotzari astindurik andiena, ta biotza astindua dagoanean gure aoak gauzarik benetako, egoki ta zintzoenak esaten ditu. Eta noiz eztabil gizona arrisku andietan