—Nik eztot ezer ikusi —erantzun eban Lapikotxu, Esnepelen txalopakoak—. Ipargoitik etorren aizeak lenengo brastadea arpegian emon deuskunean, «ala mutillak» deadar egin dau atzekoak eta asi gara; baña eztogu ezertarako astirik izan. Itxaso guztia itxi dau bereala ta or etorri gara gu, oker, Jaungoikoak daki zelan. Tretzak itxasoan gelditu jakuz. Ara or gure aurtengo irabaziak. Biziagaz etorri gareanean pozik, eta Antiguako Amari eskerrak.
—Bai, bizia da lenengoa —jarraitu eban lenengo berbetan asi zanak—. Gu emen gagoz, estu ibillita bada be; baña Sardinzarrek zer egin daben eztakigu. Getaria edo Donostia artu ezpadau joan zan a.
—Zumayan be sartu zeikean —ziñoan, oraindiño aorik zabaldu ezeban gazte batek.
Eta Mangoliñok ostera:
—Zumaian? Etzara txarra be, Mielga. Ezagun dozu askotan izan etzareana bertan. Ona da, olango ekatxagaz, Zumayako sarrerea.
—Onezkero ba, iñun sartu balitz, albisteak etorri bear eban. Areik e, ondo ibiltekotan, ordubietarako iruretarako jo bear eben legorra.
—Edo ez. Zokora joan badira...
Aoan pipa motza ebala ta amabost egunean kendu gabeko okotz-bizarretatik bera adurra eriola egoan aguratxo batek, tunda zarra txapelean