Orrialde:Kresala (1906).djvu/42

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

gañalde guztia itxas egazti zuriz beteten jako, izurdeak azpitik gora ta kaiuak goitik bera, dsist eta dsaust, sartuten dira arrain pilloaren erdian, janalak jaten da iruntsialak iruntsiten; da sare txalopok agertuten dira alderdi guztietatik aldaben giñoan biziro, euren sareakaz arrain dana inguratuteko asmoan. Txaloparen bat bakarra, urrerago egon dalako, besteak bano lenago elduten bada antxobea batu dan tokira, botaten deutsa txalopa orrek, azkar, jira guztian bere sarea gorriari, ta eztago zeresanik, txalopa orrena da irabazi guztia: bi elduten badira batera, biak alkar artu oidabie geienetan da irabazia bientzat izaten da; iru edo lau alkarren urre samarrean badoaz, iru edo laurentzat be bai, batzuetan; baña beste batzuetan barriz, txalopea urrean zalata, bidea eragozten aurrean jarri dalata eztalata, Jaungoikoak daki arrantzaleak euren artean erabilli oi daben aserrea, erriertea, iskanbillea ta deadar garratzak!; ta noizean bein alkarri arraña artzen galerazotea, arrika edo agaka norbaiti burua austea be gertau oi da.

Au gauza okerra da, ezin geinke ukatu, baña zegaitik izaten dan errez ulertu daikegu. Iñoiz, arrain asko dan urtean, antxobea, bokarta edo sardiñatxoa, soloetarako, satsa legez be salduten da, oso merke; baña beste askotan, urri dabillenean, arrain andiagoen janaritzat amoetarako edo tretza lakioetarako bear danean, diru andiak egiten diru, ta, diru premiñan dagoanak, zerbait irabazteagaitik, astakeri andiak dakiz egite.