Orri hau balidatu da
Orain zaharrak ziren, guztiz erabiliak, «askorako balio izan duten altzari zahar bezalakoak, haien sasoi eta zeregina bete izan dituztenak», eta batzuetan kanporatzen zuten (haien koketkeria zen) halako hasperen sikua, etsipenez, arinduraz beterikoa, karraskots zirudiena.
Udaberriko arratsalde eztitsuetan, elkarrekin joaten ziren paseatzera, «orain gaztaroak bere denbora emana zuela, orain grinak amaituak zirela», paseatzera zihoazen lasaitasunez, «oheratu baino lehen aire hozkirrian apur baten egurastera», kafe etxe batean eseri, tarte batez solasean aritu.