Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/6

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Fase honen helburu behinena Euskal Errepublikari ateak irekiko dizkien prozesu konstituziogileak abiatzeko baldintza sozial eta kulturalak sortzea da. Txibertatik gaur egun arteko ibilbide historikoari jarraiki, ezker abertzalearen eginbehar nagusia, gaur gaurkoz, ez da arrazoia duela frogatzea edota bere egitasmo estrategikoa hegemoniko bilakatzea, Euskal Herriak Euskal Errepublikarantz doan ibilbide demokratikoa abiatu eta bide horretan urrats determinanteak eman ditzan erdiestea baizik.

Euskal Sozialismoaren eraikuntza prozesu historikoa dela kontuan izanik, etengabe jardun behar dugu baldintza material eta ideologikoak lantzen, E egun baten zain gelditu gabe. Bide horretan, eta bizi dugun testuinguruan, jendarte justu, berdinzale, iraunkor, feminista eta euskaldun baten alde egin dezakegun inbertsio politikorik emankorrena Euskal Errepublikara eramango gaituen dinamika autoeratzailean sakontzea da.

Hori dela eta, burujabetza prozesuaren hezurmamitzea da hain zuzen ponentzia honen lehen aztergaia.

Sorturen praxia eta borroka kultura

Euskal Herria bidegurutzean dago. Globalizazio neoliberala prekarizazio iraunkor eta mugarik gabekoa inposatzen ari da. Espainia eta Frantzia, nazioarteko eragile nagusiekin erabat lerratuta, globalizazio neoliberalaren bultzatzaile eta tresna dira une berean. Ukazioa eta subordinazioa, Estatuongandik ezin dugu besterik espero, ez baitute herrien nortasuna eta burujabetza aitortzeko inolako asmorik. Bide honek ezberdintasunak areagotuko ditu, askatasunak gehiago murriztu eta bizi eta lan baldintzak gehiago makurrarazi.

Badago beste biderik. Hamarkadetako borrokak ireki du eta globalizazio alternatiboak bultzatzeko saioetan kokatzen da. Beste mundu bat posible delakoan, Euskal Herrian ere beste zibilizazio baterako trantsizioa egin nahi dugu. Gure zerumuga ez da tsunami neoliberalak suntsitu ez duenari heltzea. Ez gaude iraganari begira. Gure zerumuga beste zibilizazio bat eraikitzea da. Gure herriaren taupadak bat egiten du mundu osoan zehar alternatibak eraikitzeko borrokan ari diren herrien taupadekin. Tsunami neoliberalari aurre egiteko plan bat behar du herri orok, egitasmo partekatu bat, eta gurea Euskal Errepublika demokratikoki eta behetik gora eraikitzea da.

Ia 60 urteko mobilizazio eta borroka ziklo oparoaren hondarrean argi dugu ezinbestekoa dela bestelako logika, diskurtso eta jardueren araberako ziklo berria irekitzea. Mobilizazio ziklo berria, aurreko zikloaren uzta baliatuz, eta agortutako ereduak gaindituz eta berriak sortuz urratu behar da. Akats estrategiko larria litzateke bidegurutze honen erronkari agortutako tresna, oinarri eta formulen bidez aurre egin dakiokeela pentsatzea, honaino ekarri gaituen bidea errefusatzea bezain larria. Ibilbidearen onenaren balioztapena batetik, eta birziklapena eta berrikuntza bestetik, hauek dira gakoak. Bazter dezagun azaleko sendotasun teoriko autoerreferentea eta jar dezagun erdigunean eraldaketarako gaitasuna, malgutasuna irmotasunaren ezinbesteko osagai eginez. Horretarako, bizi dugun errealitatea aztertzeko gaitasuna eta gure teorizazio prospektiboaren zentraltasuna